237. zk., 2012ko abenduaren 10a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (191 KB - 3 orri.)
- EPUB (98 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
5468
AGINDUA, 2012ko azaroaren 28koa, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, otsailaren 10eko 31/2004 Dekretuaren bidez onartutako Bingo-jokoaren Araudia garatzen duena.
Jokoa arautzen duen azaroaren 8ko 4/1991 Legearen bidez, jokoaren arloan erregelamenduak egiteko ahala eskuratu du Eusko Jaurlaritzak, eta, ahal hori baliatuz, aipatutako legean ezarritakoa garatzeko edo betearazteko xedapenak eman ditzake.
Erregelamenduak egiteko ahal hori gauzatuz, onartu egin zen Bingo-jokoaren Araudia onartzen duen otsailaren 10eko 31/2004 Dekretua; haren Azken Xedapenetako Lehenengoak baimena ematen dio jokoaren arloan eskumena duen saileko titularrari, bingo-jokoaren modalitate desberdinetan erabili beharreko joko-txartelen ereduak eta ageriko balioa ezartzeko eta modalitate bakoitzaren joko-arauen betebeharrak eta ezaugarriak finkatzeko.
Agindu honek txartel birtual bidezko bingo-jokoa ere garatzen du, aukera hori aurreikusten baita azaroaren 26ko 277/1996 Dekretuaren bidez onartutako Joko Katalogoaren 3. artikuluko 2. paragrafoan nahiz 2004tik indarrean den Bingo-jokoaren Araudiko 25. artikuluan. Modalitate horretan, bingo-joko tradizionalaren aldaera batzuk sartu dira. Aldaera horiek, funtsezko arauetatik aldentzen ez badira ere, sariak emateko egitura desberdina dute, jokalarien interesa piztea helburu hartuta.
Hori guztia Bingo-jokoaren Araudiaren 45. artikulua eta hurrengoak garatzeko onartzen da. Araudiko artikulu horrek bingo eratorria arautzen du, bingo-jokoaren modalitate gisa.
Azkenik, agindu honek aldaketa bat dakar interkonektatutako bingo pilatuaren arauetara, hain zuzen ere sariaren zenbatekoari eta saria eskuratzea ahalbidetzen duen bolaren hurrenkera-zenbakiari dagokienez. Aldaketa horren helburua da jokoa erakargarriago egitea erabiltzaileentzat eta, gainera, interkonektatutako bingo pilatuaren erakunde ustiatzaileari berari aukera ematea sari horren gehienezko zenbatekoa nahiz sari hori eskuratzeko gehienezko bola-kopurua finkatzeko.
Hori guztia kontuan hartuz, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Bingo-jokoaren Araudiko 25., 30. eta 37. artikuluetan ezarritakoa garatzea, honako alderdi hauei dagokienez: joko-txartelen ageriko balioa, interkonektatutako bingo pilatua, eta txartel birtual bidezko bingo-jokoaren jarduera.
2. artikulua.– Txartel fisikoen ageriko balioa.
Bingo-jokoan, txartel fisikoen ageriko balioa ez da 2 eurotik beherakoa izango.
3. artikulua.– Interkonektatutako bingo pilatuaren zenbatekoa.
1.– Interkonektatutako bingo pilatuari dagokion zenbatekoa, bingo-joko tradizionalera bideratutako sarien ehunekotik eratorriko da, partida bakoitzean. Era horretan, gehienez ere, 3.000 euro pilatuko dira, edo, bestela, interkonektatutako bingo pilatuaren erakunde ustiatzaileak zehaztutako zenbatekoa; erakunde horrek, zenbatekoa indarrean jarri baino gutxienez 5 egun natural lehenago, haren berri jakinarazi beharko dio jokoaren arloan eskumena duen zuzendaritzari. Zenbatekoa finkatu ondoren, gutxienez hiru hilabetez egongo da indarrean.
2.– Behin interkonektatutako bingo pilatuaren sariaren gehienezko zenbatekora helduta, sarirako ezarritako kentze-ehunekoa interkonektatutako bingo pilatuaren erreserbarako gordeko da, eta sari hori ematen denean, kentze-ehunekoa eguneroko zenbatekoari gehituko zaio.
3.– Interkonektatutako bingo pilatuaren erakunde ustiatzaileak zehaztuko du zein den, bolak ateratzeko hurrenkeraren arabera, interkonektatutako bingo pilatuaren saria lortzeko gehienezko bola-kopurua, eta, indarrean jarri baino 10 egun lehenago, kopuru horren berri jakinarazi beharko dio jokoaren arloan eskumena duen zuzendaritzari.
Bolak ateratzeko hurrenkera-zenbakia bozgorailuetatik emango da aditzera, eta joko-aretoetako panel eta monitoreetan erakutsiko zaie erabiltzaileei.
Bolak ateratzeko hurrenkera-zenbakia zehazten ez bada, 42. bola izango da saria emango duena.
4.– Sariaren gehienezko kopurura heltzen denean, egun bakoitzeko bola bat gehiago izango da, saria lortu arte.
4. artikulua.– Txartel birtual bidezko bingo-jokoa.
1.– Bingo tradizionalean, txartel fisikoekin eta birtualekin aritu daiteke, biekin batera zein ez.
2.– Bingoan txartel birtualekin jokatzeko, terminal-sistema guztiz automatizatu bat erabiltzen da, txartel fisikoekin jokatzeko aukera ere ematen duena. Txartel-mota biekin batera arituz gero, bietan bildutako diru-zenbatekoak batuko dira, bingoaren kategoria guztietako sariak zehazteko.
3.– Txartel birtualekin jokatuz gero, kudeaketa-sistemak era automatikoan adieraziko du txartel bakoitzean zer zenbaki asmatu den eta sariaren irabazlea zein den, erabiltzaileak ezertxo ere egin gabe. Hala ere, erabiltzaileak, saria jasotzeko eskubidea izateko, ozenki adierazi beharko ditu lerroa edo bingoa hitzak, kasuan kasu.
4.– Partida batean, txartel birtualen ageriko balioaren gaineko apustua zatitu ahal izango da, eta zatiketa horretatik aterako den balioa txikiagoa izango da txartel fisikoaren ageriko balioa baino.
5.– Partida batean, txartel fisiko eta birtualak batera erabiltzen badira eta apustu desberdinak egiten badira, txartel birtualaren saria txartel horren gainean egindako apustu-zatiaren proportzioan kalkulatuko da. Baina partida batean txartel birtualak bakarrik erabiltzen badira eta txartel guztietan apustu-zati berarekin jokatzen bada, sariaren zenbateko osoa eskuratuko da.
6.– Txartel fisikoekin bakarrik jokatuz gero, apustua ezin izango da zatitu, eta txartelaren ageriko balio osoa jokatuko da.
7.– Bingoan txartel birtualekin bakarrik jokatuz gero, areto bakoitzean sari bereziak ezarri ahal izango dira, hala nola, jokatutakoa itzultzea, lerro edo bingo bereziak, betiere ateratako bola-zenbaki bat aintzat hartuta. Kasu horretan, joko-mota hori bingo eratorriaren modalitatean sartuko da, bingo eratorri zuzenaren bertsioan, Bingo-jokoaren Araudiaren 46. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
8.– Aretoetan sari bereziak ezartzeko, jokoaren alorrean eskumena duen zuzendaritzaren baimena eskuratu beharra dago. Zuzendaritza horrek, gainera, muga kuantitatiboak ezar ditzake. Baimen hori lortzeko, bingo-aretoaren titularrak eskabide bat aurkeztuko du, idatziz, bai eta, harekin batera, betekizunen gaineko azalpen-memoria eta ziurtagiria ere. Eskabidea aurkeztu eta 5 egun naturaleko epean administrazioak berariazko erantzunik eman ez badu, onartu egin dela ulertuko da.
9.– Soberakinak, baldin eta partida batean jokatzen ari den txartelak duen ageriko balioaren gehienezko balioaren % 100etik beherako apustuetatik badatoz, hurrengo partidaren sariari gehituko zaizkio, edo interkonektatutako bingo pilatuari, kasuan kasu.
10.– Bingo-jokoa txartel birtualekin bakarrik egiten bada, Bingo-jokoaren 2004ko Araudiaren 45. artikuluan eta hurrengoetan bingo eratorriari buruz xedatutakoa aplikatuko da.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Txartel birtual bidezko bingo-jokoan aplikagarriak izango dira –ordezkoak izanik– bingo elektronikorako ezarritako arauak, betiere agindu honetan xedatutakoari aurka egiten ez badiote.
Bigarrena.– 1.– Txartel birtual bidezko bingo-jokoaren jarduera martxan jartzeko, jokoaren arloan eskumena duen zuzendaritzaren baimena eskuratu beharko da, eta, horretarako, aurretik, sistema homologatu beharko du zuzendaritza horrek. Sistemaren maila teknikoak, gutxienez, bingo tradizionalaren fidagarritasuna, segurtasuna eta gardentasuna izan beharko du.
2.– Sistemak aukera eskainiko die kontrol administratiboaz eta fiskalaz arduratzen diren administrazioei, eragiketa guztiak erregistratu eta monitorizatu ditzaten.
3.– Jokoaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrari ahalmena ematen zaio, txartel birtual bidezko jokoa garatzeko arau teknikoak eman ditzan.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Agindu hau indarrean jartzean interkonektatutako bingo pilatuaren sarirako ematen den zenbatekoa emateko, aurreko araudian ezarritakoa hartuko da aintzat, edo, bestela, saria 3.000 euroko zenbatekoetan zatituko da, soberakinaren zenbatekoa osatu arte. Interkonektatutako bingo pilatuaren erakunde ustiatzaileak erabakiko du bi aukera horietatik zein nahiago duen, baina hiru egun natural lehenago aukeratutakoaren berri eman beharko dio jokoaren arloan eskumena duen zuzendaritzari.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 28a.
Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.