237. zk., 2012ko abenduaren 10a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (206 KB - 4 orri.)
- EPUB (97 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
ARARTEKOA
5466
EBAZPENA, 2012ko azaroaren 16koa. Honen bidez, Ararteko erakundearen datu-fitxategi berriak sortzen dira.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko (DBLO) 20. artikuluan xedatutakoaren arabera, herri-administrazioaren titulartasunekoak diren eta datu pertsonalak dauzkaten fitxategiak Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokien aldizkari ofizialean argitaratutako xedapen orokorraren bitartez soilik sortu, aldatu edo ezabatu ahalko dira. 1720/2007 ED Araudiko 54. artikuluan biltzen da xedapen horren oinarrizko edukia.
Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen (DBEAL) 18. artikuluak Datuak Babesteko Erregistroa sortzen du era lege horren aplikazio esparruaren barruko fitxategiak bertan inskribatu behar direla xedatzen du.
Eusko Legebiltzarraren 2/2004 Legea garatzen duen urriaren 18ko 308/2005 Dekretuaren 2. artikuluak xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek Datuak Babesteko Euskal Bulegoari (DBEB) jakinaraziko diote datu pertsonalen fitxategiak sortu, aldatueta ezabatzen direnean, Datuak Babesteko Erregistroan inskribatzeko, eta hori DBEBko zuzendariaren 2005eko uztailaren 21eko Erabakiaren bidez (2005eko abuztuaren 31ko 165 zenbakiko EHAA) onetsitako eredu normalizatuaren bitartez xedapena edo erabakia jakinaraziz egingo da.
2009ko abenduaren 9ko Ebazpenaren bitartez Ararteko erakundean dauden datu pertsonalen fitxategiak ezabatu eta sortzeari buruzkoa (abenduaren 29ko 249 zenbakiko EHAA) honako fitxategi hauek sortu ziren: agirien sarreren eta irteeren erregistroaren fitxategia; kexen kudeaketaren fitxategia; giza baliabideen kudeaketaren fitxategia; kontabilitate eta kudeaketa ekonomikoko fitxategia; erakunde harremanen eta jardueren dibulgazio eta jakinarazpenari buruzko fitxategia; beken deialdietako parte-hartzaileen fitxategia; eta liburutegiaren kudeaketaren fitxategia.
Ararteko erakundeak, bere eginkizunak zuzen burutzeko eta datuak babestearen arloan indarrean dagoen araudia betez, beharrezko jotzen du fitxategi berriak sortzea.
Azaldutakoaren ondorioz eta dagozkion eskumenen arabera, Arartekoak azaroaren 16an ondorengo erabakia hartu du:
Lehenengoa.– Fitxategi berriak sortzea.
Ararteko erakundearen ardurapeko datu pertsonalen fitxategi hauek sortu dira:
1.– Gizarte-sareen eta posta elektronikoaren erabiltzaileen fitxategia.
2.– Pertsonen datuen fitxategia.
Bigarrena.– Datuak Babesteko Euskal Bulegoan inskribatzea.
Erabaki hau Datuak Babesteko Euskal Bulegoari jakinaraziko zaio horretarako ezarritako prozedura normalizatuaren bidez, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Datuak Babesteko Erregistroan inskribatzeko.
Hirugarrena.– Segurtasun neurriak.
DBLOren Garapen Araudia onesten duen 1720/2007 Errege Dekretua aplikatuz, fitxategi bakoitzaren segurtasun neurrien mailak oinarrizkoa, ertaina ala altua izan behar duen adierazten da eta horiek bakoitzarentzako zehazten diren xedapen orokor eta jarraibideen arabera arautuko dira eta, nolanahi ere, kasuan kasu aplikatu behar diren eta mailaz goragokoak diren lege eta araudien menpe egongo dira.
Laugarrena.– Fitxategien titulartasuna.
Fitxategien titulartasuna Ararteko erakundeari dagokio eta hark hartuko du fitxategien helburua, edukia eta tratamenduaren erabileraren inguruko erabakia. Fitxategiek kontuan hartzen dituzte Ararteko erakundearen funtzionamendu eta antolamendu exijentziak, eta dagozkion eskumenen kudeaketa ahalbidetzen duten instrumentuak dira.
Bosgarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Seigarrena.– Indarrean jartzea.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 16a.
Arartekoa,
IÑIGO LAMARCA ITURBE.
ERANSKINA
FITXATEGI SORTU BERRIAK
Fitxategia: gizarte-sareen eta posta elektronikoaren erabiltzaileak.
a) Fitxategiaren helburua eta horrentzat aurrez ikusitako erabilerak: gizarte-sareetan izena ematen duten edo oraingo eta geroko bitarteko elektronikoen bidez komunikatzen diren erabiltzaileak.
b) Honako pertsona edo kolektibo hauen datu pertsonalak lortu nahi dira edo datu pertsonalak ematera behartuta daude: herritarrak, oro har.
c) Datu pertsonalak biltzeko prozedura: fitxa edo paperezko formularioaren bidez edo web bitartez. Datuak erabiltzaileek berek emango dituzte.
d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta bertan jasotako datu pertsonal moten azalpena:
– Identifikatzeko datuak: izen-abizenak, NAN, posta-helbidea eta posta elektronikoa, telefono zenbakia, fax zenbakia, sinadura elektronikoa.
– Ezaugarri pertsonalekin lotutako datuak: sexua, herritartasuna, ama-hizkuntza.
– Gizarte egoerari buruzko datuak: klub edo elkarte batekoa izatea.
e) Datu pertsonalen lagapena eta, kasuan kasu, beste herrialde batzuetara aurrez ikusitako datu transferentziak: ez da aurreikusten datuak besteri uztea.
f) Ondorengo organoa izango da fitxategiaren arduraduna: Ararteko erakundea.
g) Datuak ikusi, zuzendu, baliogabetu eta datuei aurka egiteko eskubideak honako zerbitzu edo unitate hauen aurrean buru daitezke: Ararteko erakundea, Idazkaritza Nagusia, Prado kalea 9, 01005 Vitoria-Gasteiz.
h) Segurtasun neurriak, exijitzen den maila adieraziz: fitxategiak oinarrizko segurtasun neurriak exijitzen ditu.
Fitxategia: pertsonen datu-basea.
a) Fitxategiaren helburua eta horrentzat aurrez ikusitako erabilerak: Ararteko erakundearen aplikazioetan erregistratuta dauden pertsonen datu-basea.
b) Honako pertsona edo kolektibo hauen datu pertsonalak lortu nahi dira edo datu pertsonalak ematera behartuta daude: interesa duten pertsonak edo haien legezko ordezkariak. Pertsona horiek aplikazioetan sartzeko formularioen bitartez, web orrialde, gizarte-sare, paperezko formulario eta edonork Ararteko erakundearekin harremanetan jartzeko erabiltzen duen edozein bitartekoz erregistratuko dira. Herri-administrazioak. Hedabideak. Jendearentzat eskuragarri dauden iturriak.
c) Datu pertsonalak biltzeko prozedura: fitxa, paperezko formulario edo web bitartez.
d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta bertan jasotako datu pertsonal moten azalpena:
– Babes bereziko datuak: ideologia, sindikatu afiliazioa, erlijioa.
– Beste babes bereziko datu batzuk: osasuna, arraza- edo etnia-jatorria, bizitza sexuala.
– Identifikatzeko datuak: izen-abizenak, NAN, posta-helbidea eta helbide elektronikoa, telefono zenbakia, fax zenbakia, sinadura elektronikoa.
– Ezaugarri pertsonalen datuak: herritartasuna, familiaren datuak, egoera zibila, sexua, ama-hizkuntza.
– Gizarte egoerari buruzko datuak: klub edo elkarte batekoak izatea.
e) Datu pertsonalen lagapena eta, kasuan kasu, beste herrialde batzuetara aurrez ikusitako datu transferentziak: ez dira aurreikusten.
f) Ondorengo organoa izango da fitxategiaren arduraduna: Ararteko erakundea.
g) Datuak ikusi, zuzendu, baliogabetu eta datuei aurka egiteko eskubideak honako zerbitzu edo unitate hauen aurrean buru daitezke: Ararteko erakundea, Idazkaritza Nagusia, Prado kalea 9, 01005 Vitoria-Gasteiz.
h) Segurtasun-neurriak: handiak.