Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2012ko abenduaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
5374

EBAZPENA, 2008ko martxoaren 10ekoa, Ingurumen sailburuordearena, Larrabe Oilotegia SAT enpresari ingurumeneko baimen bateratua ematen diona, Gamiz-Fikako udalerrian (Bizkaia) arrautzak ekoiztu eta merkaturatzeko jarduera burutu dezan.

AURREKARIAK

2006ko abenduaren 29an, Larrabe Oilotegia SAT enpresak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari ingurumeneko baimen bateratua ematea eskatu zion, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2006 Legeak xedatutakoaren arabera, Gamiz-Fikako (Bizkaia) udalerrian arrautzak ekoiztu eta merkaturatzeko jarduerarako. Eskaerarekin batera ondorengo agiri teknikoak erantsi ziren:

● «Proiektu Teknikoa. Ingurumeneko baimen bateratua. Avícola Larrabe Oilotegia SAT» (2006).

● «Laburpen ez-teknikoa. Ingurumeneko baimen bateratua. Avícola Larrabe Oilotegia SAT» (2006).

Erreferentzia-baimena eskatzeko orduan, Larrabe Oilotegia SAT enpresak, besteak beste, jarduerarako baimena zuen, 1998ko uztailaren 30ekoa, eta ondorengo aldaketak zituen. Baimen hori arrautzak ekoiztu eta merkaturatzeko jarduerarako eman zen.

Beranduago, 2006ko azaroaren 30ean, xede dugun proiektuaren eta Gamiz-Fikako hirigintza-plangintzaren arteko bateragarritasunari buruzko udal txostena bidali zen.

2007ko urtarrilaren 30ean, Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak prozeduran parte hartzen duten hainbat organori txostenak eskatu zizkion, Ingurumen Organoak proiektua jendaurrean jartzeko agindu zezan. Zehazki, Gamiz-Fikako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari egin zitzaien kontsulta.

2007ko martxoaren 19an eta irailaren 4an Ingurumen Organoak agiri osagarriak eskatu zizkion sustatzaileari; espedientea 2007ko azaroaren 6an osatu zen.

Aurkeztutako agiriak nahikoa zirela egiaztatu ondoren, Ingurumen sailburuordeak 2007ko azaroaren 14an emandako Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen 30 egun balioduneko epean, Larrabe Oilotegia SAT enpresak sustatutako proiektua, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian nahiz Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2007ko abenduaren 3an. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi egunkaritan argitaratu zen 2007ko abenduaren 2an, eta proiektuak hartuko duen eremuaren ondoko auzokide bakoitzari jakinarazpena bidali zitzaion.

Jendaurrean jartzeko izapidetze-epea bete ondoren, alegazio-idazkirik aurkeztu ez zela egiaztatu da.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoa betez, 2008ko urtarrilaren 14an Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Gamiz-Fikako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, espedientean ageri den emaitza jasoz.

2008ko urtarrilaren 17an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, espediente osoa Larrabe Oilotegia SAT enpresaren esku utzi zen, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak egindako Ebazpen Proposamena gehituz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea; eta hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila altua helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu eta burutzeko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, baimen honetan sartzen dira ekoizpen-elementu eta -lerro guztiak; 16/2002 Legearen 1. eranskinean aipatzen ez diren arren, lege hori aplikatu beharreko esparruko jardueren instalazioetan gauzatzen dira eta jarduera horrekin zerikusia dute.

16/2002 Legearen 9. artikuluak ezartzen duena betez, ingurumeneko baimen bateratua behar dute 1. eranskinean aipatzen diren jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko. 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua, berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena emateko parte hartuko duten Herri Administrazio desberdinen artean koordinatuta izango den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzearren. Era berean, indarrean dagoen araudiaren araberako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Larrabe Oilotegia SAT enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: Ur-jabari Publikora isurtzeko baimena, inskripzioa Hondakin Arriskutsuen Ekoizle Txikien erregistroan, inskripzioa Industria-hondakin Geldoak Ekoizteko erregistroan, eta ingurumen-izaerako beste zehaztapenen artean, atmosferaren kutsadurari dagozkion baimenak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dute, aginduzko txostenak igorriz.

16/2002 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozedurak jarduera sailkatuetarako udal-lizentziaren prozedura ordezkatzen du, jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretuan aurreikusten zena; ez du ordezkatzen, ordea, udal-agintaritzak emango duen behin betiko ebazpena. Ondorio horietarako, ingurumeneko baimen bateratua udal-agintarientzat loteslea izango da, baldin eta lizentzia ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko bada; baita aipatu arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko aipamena egiten bada ere. 29. artikulu horretan aipatzen denez, goiko guztiak ez ditu kaltetuko autonomia-erkidego bakoitzean jarduera sailkatuei aplikatzekoak diren gainerako arauak. Transkribatutako aginduak aplikatuz, Larrabe Oilotegia SAT enpresari dagokion ingurumeneko baimen bateratuaren prozedurak barne hartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapideak; horiez gain, espedientean sartu dira Gamiz-Fikako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak.

Azkenik, instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien balioak eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko ustiapenerako ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehazte aldera, Ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira: teknika onenen erabilera eta abeltzaintzako ustiapenen arau teknikoak, arau higieniko-sanitario eta ingurumenekoak ezartzen dituen uztailaren 6ko 141/2004 Dekretu bidez finkatutako neurriak eta baldintzak; 1429/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, gizakien kontsumorako ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuen arloan erkidego-araudia aplikatzeko baldintzak arautzen dituena, eta 782/1998 Errege Dekretua, apirilaren 30ekoa, Ontzien eta Ontzien Hondakinen apirilaren 24ko 11/1997 Legea garatu eta gauzatzeko Araudia onartzen duena.

Zehazki, Europako Batzordearen 2003ko uztaileko «Reference Document on Best Available Techniques for intensive rearing of poultry and pigs» BREF agiriaren edukia hartu da kontuan.

Espedienteko txostenak aztertu ondoren, ebazpen-proposamena sinatu eta Larrabe Oilotegia SAT enpresak sustatutako proiektuak bete beharreko baldintzak ezarri ziren.

Goian adierazitako izapideak amaitu dira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da, eta organo hau da ingurumeneko baimen bateratu hau emateko eskuduna, aipatutako araudiaren 13. artikuluan eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ondorengo araudia ikusi da: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak 2008ko urtarrilaren 17an emandako ebazpen-proposamena; otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurumena Babesteari buruzkoa; 16/2002 Legea, uztailaren 1ekoa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoa; Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua, maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak aldatu zuena; irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretua, Legea burutzeko araudia onartzen duena; urriaren 25eko 340/2005 Dekretua, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duena; azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, eta aplika daitekeen gainerako araudia.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Helbide soziala Gamiz-Fikako (Bizkaia) udalerriko Elejalde auzoa, z/g duen eta IFK: G-48517262 zenbakia duen Larrabe Oilotegia SAT enpresari Ingurumeneko Baimen Bateratua ematea, arrautzak ekoiztu eta merkaturatzeko jarduerarako, eta ebazpen honen bigarren atalean zehaztutako baldintzak jarraituz.

Jarduera 9.3.a) kategorian sartuta dago. Kategoria hori, arrautzatarako oiloen kasuan, 40.000 plaza baino gehiago dituzten eskortako haztegien hazkuntza intentsibora zuzendutako instalazioei dagokie, eta hegaztiak ekoizteko beste moduei haren kopuru baliokidea dagokie, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinaren barruan.

Larrabe Oilotegia SAT Elejalde auzoa z/g helbidean dago, Gamiz-Fikako udalerrian (Bizkaia).

Instalazioaren produkzio-ahalmena, ukuiluratzeko edukiera alegia, 196.000 arrautzatarako oilokoa da 2005 urteko datuen arabera eta 175.000 hegaztik betetzen dute instalazioa. Hori horrela, 7.245 tona pentsu kontsumitu dira eta urtean 7.200 tona simaur sortu dira.

Jarraian adierazi da ekoizpen-lerro bakoitzak duen ekoizpen-gaitasuna (ekoizpen-lerroak instalazioko nabeak dira):

(Ikus .PDF)

Larrabe Oilotegia SAT enpresan arrautzak ekoiztu eta merkaturatzeko bi prozesu nagusi daude: arrautzen produkzioari berari dagokiona eta arrautzen sailkapen eta kontserbazioari dagokiona.

Produkzio-prozesua materia osagarriak (kaiolak, haizagailuak, edontziak, etab.) jasotzearekin hasten da eta ondoren, arrautzatarako oiloak jasotzen dira, homologatutako hornitzaileen kamioietan ekarritakoak.

Instalazioan baterian jarritako kaioletan uzten dira hegaztiak, argi eta aireztapen artifizialak dituzten pabilioietan, eta hiltzean edo ustiapen-denbora amaitzean ordezkatu egiten dira. Hegaztiak elikatzeko pentsua erabiltzen da.

Pentsuak zisterna-kamioietan iristen dira Larrabe Oilotegia SAT enpresaren instalazioetara eta hodi amaigabe baten bidez deskargatzen dira nabe bakoitzaren zuloetan. Pentsuaren zuloetatik pentsua nabe bakoitzaren barruko toberetara hornitzen da sistema automatiko eta programatuaren bidez. Ondoren, toberek pentsua automatikoki banatzen dute janontzietan (prozesua guztiz hermetikoa da).

Oiloei ura emateko, edontzi automatikoen sistema eta bilketa-kanaleta sistema erabiltzen dira, uraren kontsumoa neurri handian aprobetxatzea ahalbidetzen duena. Kontsumitutako ura putzu batetik eta udal-saretik bildutako uretatik dator. Erabili aurretik, ura gatzgabetu eta kloratu egiten da.

Hegaztiak ustiatzeko epean zehar (12 hilabete), simaurra produzitzen da eta bateriako kaiola-sistematik jasotzen da uhal garraiatzaileen bidez ukuiluratze-instalazioetatik zuzenean simaurra erretiratuko duen kamioiraino, kanpoan kudeatu dadin.

Isurtzeei dagokienez, isurtze barreiatuak aipatzekoak dira, bereziki amoniako eta metanoarenak, hain zuzen ere, hegaztien ukuiluratzeari eta simaurra aldi baterako biltegiratzeari lotutakoak.

Urtean behin Larrabe Oilotegia SAT enpresak gutxienez 30 egun irauten dituen geldialdi bat egiten du (saneamendu-hustualdia), eta aldi horretan ukuiluratze-nabeak hustu eta instalazioak garbitzen dira. Garbiketa-eragiketa hauetan isurketa bat egiten da.

Sailkapen- eta biltegiratze-prozesua ontziak, enbalajeak, tinta, zigiluak, etiketak, granja beraren arrautzak eta beste granja batzuetako arrautzak, garbiketarako materiala eta abarrak jasotzearekin abiatzen da eta horiek guztiak enpresaren lokaletan kokatutako gune desberdinetan biltegiratzen dira.

Bi motako uhal garraiatzaileak daude:

● Kaiola-uhalak: errun ondoren, arrautza nabeetan jasotzen dute eta beste uhal batzuetan uzten dute.

● Aurresailkapenerako uhalak: arrautza paketatze-gunera eramaten duten uhal metalikoak dira.

Aurresailkapenerako uhaletan begi bistara zikinak dauden edo kolore zurbila eta itxura txarra duten arrautzak eskuz baztertzen dira. Elikagaigintzara bideratzen dira. Puskatutako arrautzak erretiratzen dira, halaber, baina horiek hondakintzat jotzen dira.

Begiratzeko kamera bat dago, arrautzaren azalean nola barrualdean egon daitezkeen akatsak eta aurreko etapetan antzeman ez direnak detektatu ahal izateko.

Sailkatzeko makinan arrautzaren inprimaketa gauzatzen duen inprimagailua dago. Inprimaketa pisuaren arabera sailkatu aurretik edo/eta sailkapenaren ondotik egin daiteke, baina beti ontziratu aurretik.

Ontziratzeko etapan aldez aurretik pisuaren arabera sailkatutako arrautzak ontziratzeko prozesua gauzatzen da, eta formatu eta marka desberdinetan ontziratu daitezke.

Behin ontziratu ondoren, eskuz paketatzen da kartoizko kutxetan. Arrautzak ontziratu eta paketatu ondoren, bukatutako produktuaren biltegira pasatzen dira.

Fase honetan plastikoak, ontziak, eta abar bezalako hondakinak sortzen dira.

Larrabe Oilotegia SAT enpresak arrautzak banatzen ditu, halaber.

Larrabe Oilotegia SAT enpresan energia hornitzeko iturriak gasolioa (urteko kontsumoa: 25.000 litro inguru) eta energia elektrikoa dira (urteko kontsumoa: 399.058 KWh inguru). Gasolioa 2 m3-ko edukiera duen biltegi batean gordetzen da.

2006ko datuen arabera, Larrabe Oilotegia SAT enpresak urtean 15.078 m3 ur inguru kontsumitzen ditu (223 m3 udal saretik, eta 14.855 m3 bilketako urak dira); horietatik 223 m3 Atxispe errekastora isurtzen dira. Larrabe Oilotegia SAT enpresako ur sanitarioak eta garbiketako urak dira.

Euri-uren kopuru bat teilatuetatik teilatuen erreten horizontaletara jasotzen dira eta ondoren, lurreraino iristen den zorroteneraino. Azken helmuga ibilgua da. Gainerako euri-uren kasuan, prozesu estankoan (nabe itxiak eta sailkapenerako gune itxia) eta gune garbian daudenez, garbiak dira ere.

Larrabe Oilotegia SAT enpresaren produkzio-prozesuak Txitategiko Hegaztien eta Zerrien Hazkuntza Intentsiboan Teknika Onenen Erabilera jasotzen duen Europako BREF agiriko («Reference document on Best Available Techniques on Intensive Rearing of Poultry & Pigs» 2003ko uztaila) teknikarik onenetako batzuk erabiltzen ditu.

Zehazki, aipatu dokumentuan teknika erabilgarri onenen erabilera (TEO) gisa har daitezkeen neurriak ditu instalazioak, besteak beste:

● Instalazioan nekazaritzako jardunbide egokiak ezartzea (ur-kontsumoa, energia-kontsumoa, kontsumitutako pentsua, simaur-irteera eta hondakin-ekoizpena, eta abarren erregistroa).

● Hainbat nutrizio-tekniken ezarpen partziala, hala nola ekoizpenaren azken faseetako elikaduran proteina-kantitatea aldatzea.

● Ganaduaren diseinu eta bizitokiari dagokionez, oiloen bizitoki-sistema bateriako kaiolak dira eta simaurra uhal garraiatzaileen bidez erretiratzen da.

Halaber, Larrabe Oilotegia SAT enpresak biltegiratzeen ondorioz sortutako isurtzeen Teknika Onenen Erabilera jasotzen duen Europako BREF agiriko («Reference document on Best Available Techniques for emissions from storage» 2006ko uztaila) teknikarik onenetako batzuk erabiltzen ditu. Zehazki, aipatu dokumentuan teknika erabilgarri onenen erabilera (TEO) gisa har daitezkeen neurriak ditu instalazioak, besteak beste:

● Biltegiratze itxia edo estalia siloetan.

● Errodadura-azaleren eta nabeen arteko zolatzea.

● Aire libreko azaleren mantentzea eta garbiketa.

Bigarrena.– Larrabe Oilotegia SAT enpresak Gamiz-Fikako udalerrian arrautzak ekoiztu eta merkaturatzeko, ondorengo baldintzak eta eskakizunak ezartzea.

E) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako titulua duen pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Larrabe Oilotegia SAT enpresak aldaketa horien berri emango du.

F) Neurri babesle eta zuzentzaileak, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusita bezala burutuko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz:

F.1.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

F.1.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

F.1.1.1.– Baldintza orokorrak.

Larrabe Oilotegia SAT enpresaren instalazioa ustiatzean atmosferara egingo diren isurketak murriztuko dira eta ebazpen honetan ezarritako aginduak beteko dira.

F.1.1.2.– Fokuak eta isurtze barreiatuak identifikatzea. Katalogazioa.

Arrautzak ekoiztu eta merkaturatzeko instalazioan isurtze barreiatuak gertatzen dira, hegaztiak ukuiluratzeko nabeetan, simaurra garraiatzen duten uhaletan geratzen den simaurretik eta pentsuak siloetan biltegiratzean.

Ukuiluratzeko edukieraren arabera kalkulatuta (196.000 hegazti), eta EPER Espainiako IPPC Zuzentarauarekin lotutako abeltzaintza-sektoreko gasen isurtzeen kalkulu-taulak, eta Eusko Jaurlaritzak emandako airera egindako isurketak neurtzeko, balioesteko eta kalkulatzeko gida teknikoak kalkulatzeko faktoreak erabilita, Larrabe Oilotegia SAT enpresaren instalazioak honako isurtze barreiatu hauek sortzen ditu: 17.156 kg metano (CH4)/urte, 6.703 kg amoniako (NH3)/urte, 1.498 kg oxido nitroso (N2O)/urte eta 17.640 kg partikula eseki (PM10)/urte.

Horrez gain, arrautzak ekoiztu eta merkaturatzeko instalazioak honako foku ez-sistematiko hau du:

(Ikus .PDF)

1-D fokurako foku mota adieraziko da, atmosferaren esparruan indarrean dagoen araudiko zenbakizko sailkapenaren bitartez; era berean, ordubete baino gehiago irauten duten noizean behinkako isurtzeak urtean bitan bakarrik gertatzen direla justifikatuko da.

Gainera, honako informazio hau aurkeztuko da:

● Zorutik tximiniaren ahorainoko altuera.

● Tximiniaren barne-diametroa.

Pentsuak garraiatu eta biltegiratzeko prozesuan hautsa biltzearen ondorioz atmosferarako isurtze-fokuren bat egonez gero, atmosferara kutsatzaileak igortzen dituen isurtze-foku gisa legeztatuko da.

F.1.1.3.– Isurtzeak murrizteko neurriak eta isurtzeko muga-balioak.

Instalazioa ustiatzeko orduan, teknikoki zein ekonomikoki bideragarria den guztietan, isurtzeak murrizteko honako neurri hauek ezarriko dira:

● Erruteko hegaztien bizitzaren faseetan nutrizio-teknikak aplikatu beharko dira.

○ Nitrogeno-iraizteari aplikatutako nutrizio-teknikak: pentsuetan proteina gordina adierazten duten honako maila hauek lortu beharko dira:

(Ikus .PDF)

○ Nutrizio-teknikak aplikatuko dira fosforo-iraizketan: pentsuen guztizko fosforoari dagokionez, honako maila adierazgarri hauek lortu behar dira:

(Ikus .PDF)

● Hegaztiak ukuiluratzeko sistemaren mantentzea egin behar da.

○ Baterian jarritako kaiolen sistema; simaurra eramateko simaur-uhalak erabiltzen dira.

F.1.2.– Ibilgura isurtzeko baldintzak.

F.1.2.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: Ur sanitarioak eta garbiketa-urak.

Jarduera-taldea: 17 (zooteknia).

Mota-taldea-EJSN: 3. mota – 17. taldea (zooteknia) – CNAE 0.1.24 (Hegazti-hazkuntza).

(Ikus .PDF)

F.1.2.2.– Gehienez isur daitezkeen emari eta bolumenak.

a) 1. isurketa: Hondakin-urak eta industria-urak.

(Ikus .PDF)

F.1.2.3.– Isurtzeko muga-balioak.

Ibilgurako isurien ohiko kutsadura-parametroak ondoren zerrendatutakoak izango dira soil-soilik, bakoitzerako zehazten diren gehienezko balioekin:

a) 1. isurketa: ur sanitarioak eta garbiketa-urak.

(Ikus .PDF)

Tenperatura: beheko ibilguan 3 şC-rainoko igoera.

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurtzeko muga-balioak lortzeko.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Aitzitik, titularrak kasuan kasu tratamendu egokia egin beharko du, isurketaren ondorioz aipatutako kalitate-helburuak urratzen ez direla ziurtatzeko.

Baimen honek baldintza honetan berariaz aipatutako substantzien isurketak bakarrik barne hartzen ditu eta, batez ere, Uraren abuztuaren 2ko 29/1985 Legeko Atariko, I, IV, V, VI eta VIII. tituluak garatzen dituen Jabari Publikoko Urguneen Erregelamendua onartzen duen apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua aldatzen duen maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarriak aipatzen dituen substantzia arriskutsuak.

F.1.2.4.– Araztu eta husteko instalazioak.

Sustatzailearen proposamenaren arabera 2007 amaieran ezartzea aurreikusitako arazketa-instalazioek edo hondakin-urak zuzentzeko neurriek honako jarduera hauek barne hartuko dituzte funtsean:

Larrabe Oilotegia SAT enpresak ezarriko duen arazketa-sistemak hobi integrala edukiko du, errendimendu handiko material iragazlea duen iragazki biologiko perkolatzaile batekin. Hobi integralean ondorengo prozesuak gauzatzen dira:

● Arbastatze primarioa: substantzia solidoen lehen bereizketa egiten da arbastadura bidez.

● Arazketa fisikoa: likidoa bi etapako dekantagailu-digestoretik igarotzen da. Bertan geratzen dira solido eta materia organikoko partikula jalkinak. Halaber, bertan geratzen dira flotazio bidez bereizitako koipeak.

● Arazketa biologiko artifiziala: bakterio-ohantzeko uraren arazketa, betegarri sintetikoa duen iragazki biologiko baten bitartez.

Arazketa-sistemara ur sanitarioen sarrerako emariak (puntako emaria, eguneko batez besteko emaria eta urteko gehienezko emaria) adierazi beharko dira batetik, eta garbiketarako urenak (arrautzak sailkatu eta kontserbatzeko gunearena eta nabeen garbiketarena), bestetik.

Mikroorganismo aerobioek beharrezkoa duten aireztapena konbekzio natural bidez lortzen da. Bi aireztapen-tximiniak ziurtatzen dute aireztapena: masa iragazlearen gainaldean dago bat eta behealdean bestea.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Larrabe Oilotegia SAT enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazketako instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Aurkeztutako agirien arabera, isuri aurretik isurketak kontrolatzeko kutxeta bat jarriko da, isurketen lagin esanguratsuak lortzeko behar dituen ezaugarri guztiekin. Kutxeta ikuskatu ahal izateko sarbide zuzena ahalbidetzen duten lekuan kokatuko da, hala dagokionean.

F.1.2.5.– Isurien kontrol-kanona.

Uraren Legearen Testu Bateginaren 113. artikulua eta Jabari Publikoko Urguneen Erregelamenduaren (606/2003 Errege Dekretua) 291. artikulua aplikatuz, honakoa da isurien kontrol-kanona:

(IKK): Isurien kontrol-kanona = B × Pu.

Pu = Po × Km.

Km = K2 × K3 x K4.

Honela ulertuta:

B = Isurketa baimenduaren bolumena (m3/urte).

Pu = Isurketaren kontroleko prezio unitarioa.

Pb = Oinarrizko prezioa m3-ko isurketaren izaeraren arabera.

Km = Isurketaren maiorazioko edo minorazioko koefizientea.

K2 = Isurketaren ezaugarrien araberako koefizientea.

K3 = Isurketaren kutsadura-mailaren araberako koefizientea.

K4 = Ingurune hartzailearen ingurumen-kalitatearen araberako koefizientea.

1. isurketa: ur sanitarioak eta garbiketa-urak.

(Ikus .PDF)

Km = 1,18 × 0,5 × 1,25 = 0,7375.

Pu = 0,03005 × 0,7375 = 0,022162 euro/m3.

Isurien kontrol-kanona = 1.368,75 m3/urte x 0, 022162 euro/m3 = 30,33 euro/urte.

Zenbateko hori ez da aldatuko isurtzeko baimena edo isurien kontrol-kanonaren kalkulua osatzen duten faktoreetako bat aldatzen ez den artean.

Urte natural bakoitza amaitu ondoren, titularrari urte horri dagokion likidazioa bidaliko zaio.

F.1.2.6.– Nekazaritza-jardueratik datozen nitratoek uretan eragindako kutsadura.

Larrabe Oilotegia SAT enpresaren instalazioak Gamiz-Fikako udalerrian daude eta udalerria ez dago nekazaritza-jardueratik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuan dauden gune gisa izendatuta, hain zuzen ere, nekazaritza-jardueratik eratorritako nitratoekin kutsatzeko arriskuan dauden guneak izendatzeko arauak finkatzen dituen abenduaren 22ko 390/1998 Dekretuaren arabera.

Larrabe Oilotegia SAT enpresak jarduerak sortutako simaurrak simaurra garraiatzeko uhaletan gordeko ditu, hormigoizko zola gaineko ukuiluratze-instalazio iraunkorren barruan. Hustuketa, aldiz, simaurra erretiratzeko kamioi baten bidez egingo da beharrezkoa de maiztasunarekin, kanpora isurketak gertatzeko arriskurik egon ez dadin.

Era berean, simaur bidez ongarritzen badute, nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko Arriskuan dauden Inguruak izendatzeko arauak finkatzen dituen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza-lanetan jardunbide egokietarako kodea onartzen duen abenduaren 22ko 390/1998 Dekretuaren I. eranskinean ezarritako baldintzen arabera egingo dute lan hori. Halaber, abeltzaintzako ustiapenen arau teknikoak, arau higieniko-sanitario eta ingurumenekoak ezartzen dituen uztailaren 6ko 141/2004 Dekretuaren I. eranskineko 3. kapituluko 6. puntuan ezarritako ongarri gisa simaurrak eta pixorrak erabiltzeko baldintzak ere hartuko dira kontuan.

Larrabe Oilotegia SAT enpresaren simaur-ekoizpen zenbatetsia 7.200 t/urtean da.

F.1.3.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortzen diren hondakin guztiak hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta aplikatzekoa den berariazko gainerako araudian xedatutakoari jarraituz kudeatuko dira; hala badagokio, hondakinak karakterizatu egin beharko dira euren izaera zehaztu eta helburu egokiena erabakitzeko.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro baliotu egin behar da eta horretarako balioztagune baimendu batera eraman behar dira. Hondakinak ezabatu ahal izango dira, baldin eta horiek baliotzea teknika, ekonomia edota ingurumen aldetik bideragarria ez dela behar bezala egiaztatzen bada. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira baliotzeko beste modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Baimendutako zabortegian ezabatzea aurreikusita dagoen hondakinen karakterizazioa, 2002ko abenduaren 19ko Kontseiluaren 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz gauzatuko da. Erabaki horren bidez, hondakinak zabortegian hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dira. Bestela, erabaki hori garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan onartutako jarraibideekin bat etorriz gauzatuko da.

Hondakinak biltzeko eremuek lurzoru estankoa izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hondakina hautsa bada, euri-urarekin kontakturik izan dezan edo haizeak arrasta dezan saihestuko da; behar izanez gero, estali egingo da.

Hondakinek desagertu, galdu edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Gamiz-Fikako Udalean.

F.1.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak honako hauek dira:

● 1. prozesua: «Zerbitzu orokorrak».

○ 1. hondakina: «Plastikozko ontziak».

– Identifikazioa: G 48517262/48040838/1/1.

– Hondakinaren kodea: Q5/R13/S36/C23-24-41/H5/A102(4)/B0019.

– EHZ: 150110.

– Urtean sortutako kantitatea: 60 kg.

○ 2. hondakina: «Fluoreszenteak eta kontsumo baxuko bonbillak».

– Identifikazioa: G 48517262/48040838/1/2.

– Hondakinaren kodea: Q6/R13/S40/C16/H6/A102(4)/B0019.

– EHZ: 200121.

– Urtean sortutako kantitatea: 100 kg.

○ 3. hondakina: «Bateriak».

– Identifikazioa: G 48517262/48040838/1/3.

– Hondakinaren kodea: Q6/R4/S37/C18-23/H8/A841/B0019.

– EHZ: 160601.

– Urtean sortutako kantitatea: 120 kg.

○ 4. hondakina: «Olio-iragazkiak».

– Identifikazioa: G 48517262/48040838/1/4.

– Hondakinaren kodea: Q5/D9/S36/C51/H5/A841/B0019.

– EHZ: 160107.

– Urtean sortutako kantitatea: 180 kg.

○ 5. hondakina: «Multzo elektrogenoaren mantentze-lanetarako olioa».

– Identifikazioa: G 48517262/48040838/1/5.

– Hondakinaren kodea: Q7/R13/L8/C51/H5-6/A102(4)/B0019.

– EHZ: 130208.

– Urtean sortutako kantitatea: 25 kg.

○ 6. hondakina: «Ekipamendu elektrikoak eta elektronikoak».

– Identifikazioa: G 48517262/48040838/1/6.

– Hondakinaren kodea: Q6/R13/S40/C6-16-18/H6-14/A102(4)/B0019.

– EHZ: 160213.

– Urtean sortutako kantitatea: 25 kg.

○ 7. hondakina: «Pilak».

– Identifikazioa: G 48517262/48040838/1/7.

– Hondakinaren kodea: Q6/R13/S37/C22/H6/A102(4)/B0019.

– EHZ: 200133.

– Urtean sortutako kantitatea: 1kg.

a) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

b) Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

c) Aurreko atalean aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa izango da.

d) Hondakin arriskutsuak gordetzeko denbora ezingo da 6 hilabetetik gorakoa izan.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua Ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, araudian ezarritako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren zati bat garraiolariari emango zaio, zamarekin batera jatorritik helmugaraino eraman dezan. Larrabe Oilotegia SAT enpresak artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, bost urtean gutxienez.

g) Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

h) Larrabe Oilotegia SAT enpresak ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari, jarraituz kudeatu beharko du bere enpresan erabilitako olioa.

i) Ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan aurreikusitako baimendutako kudeaketa bateraturako sistema bat ezartzen ez den bitartean, irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenean, begiesten diren aurreikuspenak bete beharko ditu Larrabe Oilotegia SAT enpresak.

j) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak, horien artean hodi fluoreszenteak, otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan, tresna elektriko zein elektronikoei eta horien hondakinen kudeaketari buruzkoan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

k) Larrabe Oilotegia SAT enpresak poliklorobifeniloak eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen 1999ko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuaren baldintzak eta errege dekretu hori aldatzen duen 2006ko otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

l) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko ekainaren 29ko 2037/2000 EE Arautegian ozono-geruza agortzen duten substantzia batzuk zehazten eta arautzen dira. Larrabe Oilotegia SAT enpresak era horretako substantziarik badu, substantzia horiek bildu eta suntsitu egingo dira aldeek erabakitako bide teknikoak erabiliz edota ingurumen-ikuspuntutik onar daitekeen suntsiketarako beste edozein bide erabiliz; hondakin horiek birziklatu edo birsortu egingo dira bestela, aparailuak aztertu eta mantentzeko lanen aurretik nahiz desmuntatu eta suntsitu baino lehen.

m) Erregistro bat edukiko du, hondakin arriskutsuei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, jasotzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa betez, eta uztailaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bidezko aldaketan ezarritakoa betez. Sei hilean behin, Ingurumen Sailburuordetzari kontrolerako erregistro horren kopia bidaliko dio.

n) Aurreko g) eta h) (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta n) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-L03 Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

o) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Larrabe Oilotegia SAT enpresak amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeko 1991ko otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun eta osasun arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

F.1.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:

(Ikus .PDF)

Sustatzaileak aurreko taula osatzeko behar diren datuak eman beharko ditu.

a) F.1.3 atalean bereiztearen eta hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoen inguruan xedatutakoari jarraituz, nahasketak izeneko hondakinak ezingo du baliotu daitekeen hondakin-frakziorik izan. Horri dagokionez, egungo egoeran Euskal Autonomia Erkideagoan baliotu daitezkeen hondakin-frakzioak hauek dira: papera eta kartoia, zura, plastikoak, metal ferrikoak eta metal ez-ferrikoak.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztagune baimendu batera.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua baliotzea denean, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, hondakinak hustu aurretik, baimendutako kudeatzaile batek onartzen dituela dioen agiria izan beharko dute, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Agiri horren kopia bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara, proposatutako kudeaketa egokia dela eta ebazpen honetan ezarritako oinarrizko printzipioak betetzen direla egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua Ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Larrabe Oilotegia SAT enpresak artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, bost urtean gutxienez.

e) Halaber, hondakin geldo eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuarekin bat etorriz, hondakin ez-arriskutsuak zabortegi baimendu batera eraman aurretik, jarraipenerako eta kontrolerako dagokion agiria bete beharko da. Agiri horiek bost urtez gorde beharko dira.

f) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtero, Ingurumen Sailburuordetzari bidaliko zaio kontrolerako erregistro horren kopia.

g) Aurreko d) eta e) (kudeatzaileak EAEn daudenean), eta g) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-L03 Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

F.1.3.3.– Animalia-azpiproduktuak ezabatzea.

Larrabe Oilotegia SAT enpresaren instalazioetan 18 t/urteko animalia hil inguru sortzen dira. Hondakin horiek hilotzak erretiratzeko baimendutako zerbitzu batek biltzen ditu eta arrisku-material espezifikoko (AME) tratamenduko instalazio batera bidaltzen dituzte.

Oilo-zirinari dagokionean, Larrabe Oilotegia SAT enpresaren instalazioetan 7.200 tona simaur sortzen da urtean. Simaurra husteko sistemak uhal garraiatzaileak erabiltzen ditu simaurra ukuiluratze-instalazioetatik kamioira eramateko, kanpo-kudeaketa egiteko.

Edozein modutan, animalia hilak eraman edo desagerrarazteko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko urriaren 3ko 1774/2002 Araudian (EB) xedatutakoari jarraituko zaio.

F.1.3.4.– Ontziak eta ontzi-hondarrak.

Larrabe Oilotegia SAT enpresa produktu ontziratuak merkaturatzeaz arduratzen da; horregatik, hondakin bihurtu ondoren ontziak kudeatzeko biltegiratze eta itzultzeko sistema ezarri behar du edo, bestela, salbuetsia geratu behar du honako modu hauetan:

● Merkaturatu diren ontziak kudeaketa-sistema bateratu batean sartzea. Gutxienez kontsumitzaileek etxean kontsumitzeko diren produktuen ontziak atxikiko dira kudeaketa-sistema bateratura.

● Ontzien Legearen Lehen Xedapen Gehigarrira lotzea kudeaketa-sistema bateratu batean sartu ez diren industria-ontziak zein ontzi komertzialak.

Larrabe Oilotegia SAT enpresa Kudeaketa Sistema Integratu batera atxikita dago.

Larrabe Oilotegia SAT enpresak urtero aitortu beharko ditu merkaturatutako ontzien kopurua, kudeatzeko entregatutakoak eta bere jabetzakoak diren itzultzeko ontzien kopurua, bakarka edo bere ontziak atxiki dituen kudeaketa-sistema integratuaren bitartez.

Arauen arabera (782/1998 ED, 3. artikulua) finkatutakoak baino ontzi gehiago jartzen baditu merkatuan, Larrabe Oilotegia SAT enpresak Ontzien Prebentziorako Enpresa Plan bat osatu beharko du. Bestela, Larrabe Oilotegia SAT enpresa sartuta dagoen Arloko Elkarteak edo ontziak atxikiak daudeneko Kudeaketa Sistemak sustatutako ontzien prebentziorako Arloko Plan batean jasotako neurriak bereak balira bezala hartu beharko ditu.

F.1.4.– Zaratari buruzko baldintzak.

Jarraian adierazitako zarata-mailak ez gainditzeko neurriak instalatuko dira:

a) Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 40 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 08:00ak eta 22:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 45 dB (A) ere gehienezko balioetan.

b) Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 30 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 22:00ak eta 08:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 35 dB (A) ere gehienezko balioetan.

c) Era berean, zarata ezin da 60 dB (A) baino handiagoa izan, Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, industria-eremuaren kanpoko itxituran.

d) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

F.1.5.– Usainei buruzko baldintzak.

Mugakideei usainengatik kalteak ez eragiteko behar diren neurriak hartuko dituzte.

BREF agirian usain-isurtzeak murrizteko ematen diren gomendioak jarraituz, faseen araberako elikadura-teknika nutrizionalak eta proteina gutxiko dietak osatzeko teknikak aplikatuko dira, F.1.1.3 puntuan adierazten den moduan. Isurketak murrizteko neurriak eta isurtzeko muga-balioak.

F.1.6.– Animalien osasuna eta ongizatearekin lotutako baldintzak.

Larrabe Oilotegia SAT enpresak arrautzatarako oiloak babesteko gutxieneko arauak ezartzen dituen urtarrilaren 11ko 3/2002 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko du.

F.1.7.– Programa Sanitarioarekin lotutako baldintzak.

Instalazio, tresna eta ekipo guztiak aldizka garbituko dira. Beharrezkoa denean, instalazioan desinfektazio-lanak, arratoi-garbiketa eta intsektuak hiltzeko lanak egingo dira.

Ustiapenetan osasun-programa bat garatuko da, kasuan kasu espezien gaixotasun nagusiei aurre egiteko. Albaitariaren kontrolpean egingo da beti eta indarrean dauden osasun-araudiak beteko dituzte.

G) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta ondoko atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

G.1.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Kanpoan egiten den kontrol bakoitza, laginak hartzea zein ondorengo analisia, «Erakunde Laguntzaile» batek (Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 255. artikulua) egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurketa-puntu bakoitzeko lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

Isurketen kontrolen emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira laginak hartzen direnetik hilabete bateko (1) epean.

c) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti. «Baimendutako Erakundeak» egindako urteroko laginketa kutsatzaile gehien isurtzen den aldian egingo da.

d) Isurketak baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, F.1.2.3 atalean adierazitako parametro guztientzat ezarritako mugak betetzen badituzte.

e) Isurketan lehen aipatutako maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen gai arriskutsuak dauden dioen adierazpen bat igorriko du titularrak urtero. Adierazpen horretan produkzio-prozesuan manipulatu diren substantzia guztiak adierazi behar dira, nahiz eta isurketan ez detektatu.

G.2.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko:

(Ikus .PDF)

Atmosferara egindako isurtze barreiatuen balioespenak nabeen arabera bereizi beharko dira. Aztertutako ekitaldian nabe bakoitzaren okupazioaren arabera kalkulatuko dira eta EPER Espainiako IPPC Zuzentarauarekin lotuta abeltzaintza-arloko gasen isurketen kalkulu-taulen kalkulu-faktoreak, eta Eusko Jaurlaritzak argitaratutako airera egindako isurketak neurtu, balioetsi eta kalkulatzeko gida teknikoak erabiliko dira, honako egitura hau kontuan hartuta:

(Ikus .PDF)

G.3.– Zarataren kontrola.

Jarduera garatzen den lur zatiko kanpoko baldintza akustikoak hiru urtean behin kontrolatuko dira, batez ere zarata etxe barruetara sartzeko arriskurik handiena dagoen aldeetan. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera erabakiko da aurrerantzean neurketak urtero egin ala ez.

Sustatzaileak neurketen proposamen zehatz bat landu beharko du eta neurketa-metodo zehatzak adierazi bertan. Proposamen hori Ebazpen honetako G. atalean aipatzen den Ingurumena Zaintzeko Programako testu bateginarekin batera aurkeztuko da.

G.4.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, beti martxoaren 30a baino lehen, ingurumenean aditua den erakunde aske batek egindako txostenarekin batera. Txosten horretan adieraziko dira neurri zuzentzaileen funtzionamendua, eta prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak. Emaitzen analisia ere adieraziko da, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, horien ustezko arrazoiak eta konponbideak, eta baita laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez baldin badira.

G.5.– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Programa horrek hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko guneen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

H) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta jardunerako baldintzak.

H.1.– Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez (saneamendu-hustualdia adibidez), botako diren kutsagarriak eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du enpresak, eta dagokionean, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere bai.

H.2.– Jarduera uztea.

Arrautzak ekoiztu eta merkaturatzeko instalazioaren ustiapena etetean, kutsadura eragiteko arrisku oro saihesteko neurriak eta kasuan kasu ezar daitekeen araudiaren arabera kokalekua baldintza egokietan uzteko neurriak ezarriko dira.

H.3.– Ezohiko jardunean aplikatzeko prebentziozko neurriak eta jarduketak.

Dokumentazioan jasotako proposamenaren ez-ohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriei eta jarduneko baldintzei kalterik egin gabe, IBB lortzeko ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei dagokienez. Isuri-ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen isuri-ihesak antzemateko neurriak edo gainbetetzerako alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa mota), eta lurzoruaren gaineko isuriak biltzeko sistemak.

b) Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

c) Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

d) Besteak beste, erregaiak, desinfektatzaileak, sodio hipokloritoa, efluenteen arazketako etorkizuneko hondakinak, eta orokorrean, fabrikan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa dezake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

f) Hautsezko produktuak biltegiratzeko silo estaliak izango dira.

g) Larrialdi-egoera sortzen denean, berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar beste material eduki behar da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako inguruneak isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.

h) Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko protokolo edo agiri bidezko prozedura; eraginkortasunean eragin dezaketen produktuen jarioak ez dira tratamenduko instalaziora eramango.

i) Andel edo putzuen hondoan pilatzen diren solidoak ez dira ibilgura hustuko aldizkako garbitze-lanetan zehar; behar bezala kudeatuko dira edo zabortegi baimendura eramango dira.

j) Arazte-prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak aldizka aterako dira instalazioa behar bezala ibil dadin. Behar izanez gero, gordailu iragazgaitzetan eta hondoan hustubiderik ez dutenetan gordeko dira.

k) Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoko ura kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

l) Hobi septikoaren sistemak eta iragazki biologikoak garbitze- eta mantentze-lan egokia izango dute errendimendu ona ziurtatzeko. Aldizka enpresa espezializatu batek erretiratuko ditu pilatutako solido eta lohiak, eta iragazki biologikoaren ohantzea garbituko du, garbiketan arrastatutako solidoak ibilgura hustea saihestuz.

m) Urtean behin instalazio horien garbiketaren eta mantentze-lanen fakturaren kopia bat bidaliko da.

n) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

o) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isurketak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko. Kasu horretan, honako baldintza hauek azpimarratu behar dira:

Estazioan erroilu erako edo gai pikortatuzko, edo antzeko berariazko gai xurgatzailea egongo da, ustekabeko jario edo ihesetan berehala aplikatu ahal izateko.

Gainera, ebazpen honen F.1.3 atalean ezarritako jarduketez gain, hausturen, ustekabeko gainezkaldien eta abarren ondorioz gerta daitezkeen isuriei eusteko, gasolioa biltegiratzeko eta manipulatzeko instalazioak modu egokian isolatuko dira.

Araztegia ustiatzeko enpresa espezializatu batek egindako protokolo edo eskuliburu bat izango da nahitaez, eta ekipo elektromekaniko, zunda, mintz, dosifikatu eta kontrolatzeko tresna, eta abarren azterketa eta mantentze-lanak finkatuko dira bertan.

Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

Hondakin-ura ezingo da «by pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

p) Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ezohiko gertaeraren baten aurrean (besteak beste, ustekabeko isurketak, isurtzeko muga-balioak gainditzea eta ustekabeko isuri bat gertatzea), sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari.

q) Gorabehera edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiak eta Udalari ere jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara, eta bertan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

● Gertakari-mota.

● Gertakaria non, zergatik eta zein ordutan gertatu den.

● Iraupena.

● Ustekabeko isuria izanez gero, emaria eta isuritako gaiak.

● Mailak gainditu badira, isurtzeei buruzko datuak.

● Eragindako kalteen balioespena.

● Hartutako neurri zuzentzaileak.

● Prebentziozko neurriak berriro gerta ez dadin.

● Prebentziozko neurriak eraginkortasunez aplikatzeko ezarritako epeak.

r) Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko da. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

I) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

J) Urtean behin Larrabe Oilotegia SAT enpresak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dizkio atmosferara botatako kutsagarriei, uretara egindako isurketei eta sortu dituen hondakinei buruzko datuak, E-PRTR-Euskadi botatako eta eskualdatutako kutsagarrien Europako Inbentarioa landu eta eguneratzeko, E-E-PRTR Araudiko eta ingurumeneko baimen bateratuetako isurketen gaineko informazioa ematea arautzen duen apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuari jarraituz.

Informazio hori ekitaldi horren hurrengo martxoaren 31 baino lehen bidali beharko da. Informazioa Ingurumenari buruzko Adierazpenaren (IA) bidez gauzatuko da, hori baita kanpoko erakundeek eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak ingurumen-informazioa batak besteari elektronikoki emateko ardatza.

Informazio-trukaketa horren funtsa Ingurumenari buruzko Adierazpenari (IA) dagozkion ingurumeneko datu teknikoak eta prozedurakoak sartzean datza, IKS-L03 Sistemako erakundeentzako bertsioaren bidez (www.eper-euskadi.net web-orrian eskura daiteke). Datu horiek guztiek Ingurumenean Eragina duten Jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa osatuko dute, Europako Ingurumen Agentziaren Erregistrora (Europako E-PRTR Erregistroa) egiten diren informazio-bidalketen oinarri dena.

Halaber, ebazpen honetan aurreikusitako gainerako informazio-trukeak aipatutako Ingurumenari buruzko Adierazpenaren bidez gauzatuko dira, ahal izanez gero.

Informazio hori agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

K) Ingurumeneko baimen bateratu honen mendeko instalazioan egindako aldaketek bat etorri beharko dute kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak 10.3 artikuluan ezarritako komunikazio-erregimenarekin. Hori horrela, ingurumeneko beste baimen bateratu bat beharko da aldaketak funtsezkoak direnean.

Hirugarrena.– Ebazpen hau eraginkorra izan dadin, aurretik Ingurumen Sailburuordetzari agiri bidez egiaztatu beharko zaio ebazpen honetako bigarren ataleko puntu hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla: F.1.1.1 (1-D foku sistematikoarekin lotuta eskatutako dokumentazioa aurkeztea); F1.1.3 (Isurtzeak murrizteko neurriak betetzen direla ziurtatzen duen agiria); F1.2.4 (Arazketa-sistemaren neurriak betetzen direla ziurtatzea eta eskatutako dokumentazio osagarria aurkeztea); F1.3.1.e) (Hondakin arriskutsuak onartzeko agiriak); F.1.3.1.m) (Hondakin arriskutsuen erregistro-eredua); F1.3.2 (Hondakin ez-arriskutsuen taula betetzeko beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztea); F1.3.2.d) (Hondakin ez-arriskutsuak onartzeko agiriak); F.1.3.1.f) (Hondakin ez-arriskutsuen erregistro-ereduak); G.2 (Jarduera-adierazleen kontrola; G.5 (Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina); H.3.g) (Larrialdietan berehala eta eraginkortasunez esku hartzeko beharrezkoa den materiala dagoela ziurtatzea); H.3.r) (Instalazioak suteen kontrako babesari buruz indarrean dagoen araudiak ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzea).

Halaber, baimen hau indarrean jarri aurretik, ingurumen organo honi atxikitako zerbitzu teknikoen ikuskaritza-bisitan egiaztatu beharko da instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera eta Ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki eta hornitu direla. Horretarako, aipatutako ikuskapen-bisitaren aurretik, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu beharko du baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duen agiria, teknikari aditu batek eginda.

Goiko baldintza horiek guztiak betetzeko 6 hilabeteko epea ezarri da, ingurumeneko baimen bateratua eraginkorra dela adierazteko Ingurumen Sailburuordetzak emandako ebazpen hau jakinarazten den biharamunetik kontatzen hasita.

Adierazitako baldintzak betetzen direla ziurtatzean, ebazpena emango da eta, horren bitartez, ingurumeneko baimen bateratua eraginkortzat aitortuko da.

Laugarrena.– Ingurumeneko baimen bateratu hau 8 urteko epean egongo da indarrean, aurreko atalean ezarritakoaren arabera ondorioak dauzkan egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota, baimena berritu egin beharko da eta, hala badagokio, jarraian datozen aldietarako eguneratu.

Ingurumeneko baimen bateratua amaitu baino hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskaera egin beharko du, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Edonola ere, ingurumeneko baimen bateratua ofizioz aldatu ahal izango da uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikuluan ezarritako kasuak aintzat hartuta.

Seigarrena.– Larrabe Oilotegia SAT enpresak Ebazpen honen xede den arrautzak ekoiztu eta merkaturatzeari dagokionez egindako edozein titulartasun aldaketa jakinarazi beharko du, Ingurumen Sailburuordetzak onar dezan.

Zazpigarrena.– Baimen honek balioa galduko du kausa hauek gertatzen direnean:

● Epearen barruan ez egiaztatzea Ebazpen honetako Hirugarren atalean ingurumeneko baimen bateratuak ondorioak izan ditzan ezarritako baldintzak betetzen direla, interesdunak, behar bezala justifikatuta, epea luzatzeko eskatzen ez badu.

● Larrabe Oilotegia SAT enpresaren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

● Baimena indarrean jartzen dela adierazten duen ebazpenean xedatutakoak.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Larrabe Oilotegia SAT enpresari, Gamiz-Fikako Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Bederatzigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamargarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunean kontatzen hasita, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluarekin eta ondorengoekin bat etorriz (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

Vitoria-Gasteiz, 2008ko martxoaren 10a.

Ingurumeneko sailburuordea,

IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.


Azterketa dokumentala