Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2012ko abenduaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
5332

EBAZPENA, 2012ko azaroaren 13koa, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen zuzendariarena, Iruña Okako Urkidetza estatuko gaikuntza duen Toki Administrazioko funtzio­narioentzat gordetako Idazkaritza-Kontuhartzailetzako lanpostu bat sortzeko eta mantentzeko beharretik salbuesten duena.

2011ko abenduaren 1ean, Iruña Okako Urkidetzaren Gobernu Batzordeak Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritza honi eskatu zion Estatuko gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak sortzeko eta mantentzeko beharretik salbuestea. Eskaera hori 2012ko ekainaren 13an jaso zen Zuzendaritza horretan.

Nabarmentzekoa da Jurisprudentziak, Auzitegi Gorenaren 1999ko apirilaren 30eko epaiak, besteak beste, partzuergoei toki-erakunde izaera ematen diela, baldin eta tokiko eskumenak diren zerbitzuak emateko eratuta badaude; hori dela eta, Estatuko gaikuntzako funtzionarioei gordetako lanpostuak izan behar dituzte, toki-erakunde guztietan beharrezkoak direlako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Epaiak, 2008ko urriaren 13koak (340/2007 zenbakidun administrazioarekiko auzi-errekurtsoa) erabaki zuen Ur Partzuergo batek –Araban dagoenak eta Iruña Okako Urkidetzaren antzeko ezaugarriak dituenak– elkarte bidezko eta borondatezko udalaz gaindiko erakundearen izaera duela nahitaez, zeren eta erakunde publikoa baita, udalen, erakunde txikien, koadrilen, eta Arabako Foru Aldundiaren elkartea den aldetik, eta alde batera utzita mankomunitatearen ohiko forma hartu duen edo ez (Araban, forma hori Zerbitzu Anaiarteak da, azaroaren 20ko 62/1989 Foru Arauan, Arabako eta Kontzejuen Zerbitzu Anaiarteen Eraketa-prozedurari, Lege Erregimenari eta Funtzionamenduari buruzkoan, jasoa).

Hori dela eta, eta Partzuergoaren Estatutuek bermaturik, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Epaiak gaineratzen du Partzuergoek Estatuko gaikuntza duen idazkari bat izan behar dutela; izan ere, toki-entitateen baitan jarduten badute –eta hala egiten dute–, eta udalek sortzen dituzten tipologia bereko, legezkotasun maila bereko, eta balio bereko arau juridikoak sortzen badituzte, nahitaez izan beharko dituzte toki entitateek dituzten baliabide berak, aholkularitza-funtzio berak eta fede publikoko funtzio berak; zeren, bestela, desoreka eragingo litzateke, eta horrek erakunde hibridoak sortuko lituzke, erdipribatuak eta ia-ia legez kanpoko eta legitimitaterik gabeko funtzionamendu-erregimendunak.

Laburbilduz, Toki-korporazio guztietan badira nahitaezko funtzio publikoak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen Bigarren Xedapen Osagarriaren lehenengo atalak aipatzen dituenak, eta funtzio horiexek gordetzen dira gaikuntza nazionaleko funtzionarioen administrazio-erantzukizunerako; horren ondorioz, Partzuergoan, mota horretako funtzionarioek egin behar dituzte funtzio publiko horiek.

Baina, Toki Administrazioko gaikuntza nazionaleko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 4. artikuluak, bigarren paragrafoan, oinarrizko arau-izaeraz ezartzen du autonomia-erkidegoen organo eskudunek Mankomunitateak eta hiribilduen edo lurren komunitateak salbuetsi ditzaketela estatu-mailako gaikuntza duten funtzionarioei gordetako lanpostuak sortzeko duten beharretik, betiere zerbitzuen edo baliabideen bolumena lanpostu horiek mantentzeko nahikoa ez denean; izan ere, artikulu horrek, 2. zenbakiaren bidetik, hain zuzen, eskatzen du Partzuergoei aplikatzeko Udalen manko­munitateentzat edo hiribilduen edo lurren komunitateentzat aurreikusitakoa.

Lanpostuaren sailkapenari gagozkiola, apirilaren 12ko 7/2007 Legearen Bigarren Xedapen Osagarriaren arabera, autonomia-erkidegoei dagokie Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatuta dauden lanpostuak sortzeko, sailkatzeko edo kentzeko eskumena, betiere, legez ezarrita dauden oinarrizko irizpideei jarraituz.

Ildo beretik, 1732/1994 Errege Dekretuaren 2. artikuluak jasotzen du autonomia-erkidegoei dagokiela, beren lurralde-eremuaren baitan, Estatuko gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioei gordetako lanpostuak sailkatzeko arauak eta irizpideak ezartzeko eskumena, betiere biztanleriaren eta Toki Erakundeetako aurrekontuen arabera.

Gainera, Jurisprudentziak argitu du 1732/1994 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren lanpostuak sailkatzeko biztanleei eta aurrekontuei buruzko baldintzen interpretazioa; hain zuzen, Zaragozako Administrazioarekiko Auzien 1. zenbakiko Auzitegiak 2002ko urriaren 4an hartutako epaiak, Aragoiko Justizia Auzitegi Nagusiak 2003ko ekainaren 9an berretsiak, argitu du. Epaiaren arabera, legelariak 2. artikulu hori oso-osorik aplikatu nahi izan balie 6. artikuluan aurreikusten diren entitateei (eskualdeei, metropolialdeei, mankomunitateei eta landa- eta hiri-komunitateei), besterik gabe, 2. artikuluan sartuko zituzkeen. Aipatutako jurisprudentziak, ordea, ulertu du horrelako entitateak sailkatu behar direla 2. artikuluko entitate motaren batean, baina ez udalak sailkatzeko erabili diren irizpide berberei jarraiki, Udalak ez baitira Errege Dekretuaren 6. artikuluak aurreikusten dituen entitateen parekideak, eta, beraz, udaletan lanpostu horiek sailkatzeko balio duten irizpideek ez dute zertan balio izan beste erakundeetakoak sailkatzeko. Era berean, epaiak eransten du, udaletan ez bezala, erakunde horietan biztanleria ez dela osagai erabakigarria, baizik eta kudeatzen den aurrekontua eta beren gain hartzen dituzten eskumenak. Irizpide horiek Toki-Jaurbideari buruzko indarrean dauden lege xedapenak biltzen dituen Testu Bateratuak, apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuak onartuak, 159.1 artikuluan aurreikusten ditu.

Aurrekoa esanda, horretarakoxe bideratu da Iruña Okako Urkidetzaren salbuesteko eskabideari buruzko prozedura. Eskaera honako hauetan oinarrituta dago: Urkidetzak ez du behar besteko errekurtso ekonomikorik (Urkidetzak eskaeran 2010. eta 2011. urteetarako emaitzen kontua atxikitzen ditu; horien arabera, Urkidetzaren diru sarrerak 156.116,27 euro, 2011 urterako; eta 183.753,91 euro, 2010. urterako, izan ziren); haren lan bolumenak ez du eskatzen halako posturik; eta maila honetako funtzionarioentzat gordetako lanpostu baten sorrerak Urkidetzaren langile-gastuak behar ez bezala kargatuko lituzke.

Esan beharrean dago espedientea bideratu dela uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluari jarraituz. Horri buruz, 2012ko ekainaren 18an, Arabako Foru Aldundiari eskatu zitzaion aginduzko txostena eman zezala Iruña Okako Urkidetzaren eskaera zela eta; 2012ko azaoaren 6an Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzak Toki Administrazioaren diputatuaren urriaren 4ko 253/2012 Foru Agindua jaso du. Foru Aginduan Arabako Foru Aldundiak eskatutako salbuespenari buruz aldeko txostena eman du, baina uko egin dio Urkidetzak egindako proposamenari; alegia, salbuespena onartzen bada, Arabako Foru Aldundiak Estatuko gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat legez gordetako eginkizunak bere gain hartzeari, Toki-Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 26.3 artikuluak aurreikusten duen arabera, Aldundiak plantillan ez baitauka Idazkaritza edo Idazkaritza-Kontuhartzailetza azpieskalei atxikitako funtzionariorik.

Azken inguruabar horri dagokionez, eta Arabako Foru Aldundiak esan ondoren ezin duela laguntza teknikoa eman, Urkidetzan lanpostuaren eginkizunak beteko dira Urkidetza osatzen duten udalerrietako Estatuko gaikuntza duten funtzionarioez; 1732/1994 Errege Dekretuaren 4. artikuluari jarraituz.

Artikulu horren arabera, salbuesten denerako, salbuetsitako lanpostuaren eginkizunak hiru bidetatik eman ditzakete: aurrena, Erakundea osatzen duten udalerrietako Estatuko gaikuntza duten funtzionarioez; hurrena, Aldundien laguntza teknikoaz; eta, azkena, eginkizun pilaketaz, hau da, Partzuergoan sartutako udalen batean (edo horien elkarte batean) mota honetako funtzionarioentzat gordetako lanpostua betetzen ari den Estatuko gaikuntza duen funtzionario bati eginkizunak pilatuz, 1732/1994 Errege Dekretuaren 31.2 artikuluari jarraituz.

Dena den, Urkidetzak pilaketaren aukera baliatuko balu, eta baztertuko balu lehengo aukera (erantsitako eginkizunak bat egitea izendaturiko funtzionarioak elkartutako udalerriaren udalean betetzen duen lanpostu nagusiak berez dituen eginkizunekin), Foru Aldundiak eman beharko du pilaketarako baimena, 1732/1994 Errege Dekretuaren Bosgarren Xedapen Gehigarrian ezarritakoari jarraituz.

Aurrekoarekin bat etorriz, eta Auzitegi Gorenaren 2012ko apirilaren 25eko epaia ikusita, zeinak esaten duen salbuespena emateko beharrezkoa dela, alde batetik, idazkaritza lanpostuari eusteko udalerrien artean elkartea sortu ezin izatea, eta, bestetik, tokiko erakundeetako zerbitzuen edo errekurtsoen bolumena nahikoa ez izatea; badago arrazoirik Estatuko gaikuntzadunentzat gordetako lanpostua mantentzetik salbuesteko, eta, hala ere, funtzionario-maila honentzat gordetako eginkizunak adierazi den bezala bete beharrari uko ez egiteko.

Iruña Okako Urkidetzak aurkeztutako eskaera aztertu ondoren; Arabako Foru Aldundiak eginiko aldeko txostenarekin bat; Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen Bigarren Xedapen Osagarriari jarraituz; 1732/1994 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluarekin bat etorriz; baita Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 26. artikuluaren arabera ere, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Iruña Okako Urkidetza salbuestea estatuko gaikuntza duen Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako Idazkaritza-Kontuhartzailetzako lanpostu bat sortzeko eta man­tentzeko beharretik.

Bigarrena.– Urkidetza osatzen duten erakundeetako funtzionario baten bitartez beteko dira lanpostuari dagozkion eginkizunak; funtzionario horrek estatuko gaikuntza izan beharko du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honek ez du bide administratiboa agortzen eta beraren aurka gorako errekurtsoa jarri ahal zaio Araubide Juridikoaren sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita, bat etorriz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin, eta uko egin barik errekurtsoa aurkezteko xedez zuzenbidean onartutako edozein bideri.

Bigarrena.– Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, ukitutako Herri Administrazioek ez dute ebazpen honen aurka administrazioarekiko errekurtsorik jartzerik izango. Hala ere, ebazpen hau errekurritu daiteke Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean, 29/1998 Legearen 45. eta hurrengo artikuluen arabera. Halaber, aurretiaz eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzari eskatu ahalko diote ebazpen hori deuseztatu edo atzera bota dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluan ezartzen denaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 13a.

Administrazio erregistroen eta Toki Araubidearen zuzendaria,

JOSÉ RAIMUNDO CUESTA GRAÑA.


Azterketa dokumentala