Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

220. zk., 2012ko azaroaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA SAILA
5020

AGINDUA, 2012ko azaroaren 7koa, Kulturako sailburuarena, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekiko mendekotasun organikoa duten fundazio zein elkarteentzako 2012ko diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Irailaren 30eko 164/2008 Dekretuak –uztailaren 13ko 200/2010 Dekretuak aldatu duenak– Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekiko mendekotasun organikoa duten fundazio zein elkarteentzako diru-laguntzak emateko modua arautzen du.

Aipaturiko dekretuaren 5. artikuluan adierazten denez, araututako diru-laguntzen deialdia urtean urteko ekitaldi ekonomikoan egin eta jakinaraziko da Kulturako sailburuaren agindu baten bidez. Deialdian honako hauek zehaztuko dira: diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko zuzkidura, aurkeztutako programak edo jarduerak egikaritzeko epea, eskaerak aurkezteko tokia eta epea, erakunde eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa, eta, azkenik, kasuan kasu esleitutako diru-laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Aipatutako dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, agindu honen bidez gorago aipatutako kontu horiek guztiak zehaztuko dira, bertan ezarritako diru-laguntzen deialdia 2012ko ekitaldian aplikatzeko.

Halaber, eta kudeaketako irizpide gisa, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien (IKT) erabilera sustatu nahi da, laguntzak kudeatzeko prozesuen izapideak telematikoki egiteko.

Horri jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea hauxe da: Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekiko mendekotasun organikoa duten fundazio zein elkarteentzako 2012ko diru-laguntzetara biltzeko dei egitea. Diru-laguntza horiek emateko modua irailaren 30eko 164/2008 Dekretuak –uztailaren 13ko 200/2010 Dekretuak aldatu duenak– arautzen du.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

2012ko ekitaldirako, Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak finantzatzeko guztizko aurrekontu-zuzkidura ehun eta laurogeita sei mila euro (186.000) da.

3. artikulua.– Programak edo jarduerak egikaritzeko epea.

Agindu honen babesean diru-laguntza jasotzeko aurkezten diren programak edo jarduerak 2012ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin beharko dira nahitaez.

4. artikulua.– Eskaerak eta justifikazioak aurkezteko epea.

1.– Eskaerak. Hilabete bat, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Justifikazioak: bi hilabete, diruz lagundutako programa edo jarduera amaitzen den egunetik hasita, eta, dena den, 2013ko otsailaren 28an beranduenez.

5. artikulua.– Eskaerak eta justifikazioak aurkezteko lekua eta modua, baita kasu bakoitzeko dokumentazioa ere.

1.– Izapidetze presentziala:

a) Eskaerak eta justifikazioak honako leku hauetan aurkez daitezke:

a.1.– Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Erregistroa: Donostia kalea 1 - Lakua I, 2. solairua - 01010 Vitoria-Gasteiz.

a.2.– Eusko Jaurlaritzako Erregistro Orokor Nagusia: Donostia kalea 1 - 01010 Gasteiz.

a.3.– Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitza ofizialeko Erregistro Laguntzailea: Kale Nagusia, 85 – 48001 Bilbao.

a.4.– Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitza ofizialeko Erregistro Laguntzailea: Andia kalea, 13 - 20004 Donostia.

a.5.– Herritarren Arretarako Bulegoak.

a.6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren beste erregistro orokor nagusi eta laguntzaileak (72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa; EHAA, 102. zk., 2008ko maiatzaren 30ekoa).

b) Eskaerak eta justifikazioak entrega daitezke, bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusita dagoen prozeduraren bat erabiliz:

b.1.– Eskaerak: Eredu normalizatua erabili behar da, eta bertako atal guztiak bete (I. eranskina); horrekin batera dokumentazio osagarria aurkeztu behar da (II. eranskina).

b.2.– Justifikazioak: Eredu normalizatua erabili behar da, eta bertako atal guztiak bete (III. eranskina); horrekin batera dokumentazio osagarria aurkeztu behar da (IV. eta V. eranskinak).

c) Eskaera edo justifikazioa posta-bulego batean aurkeztu nahi izanez gero, kartazal irekian aurkeztu behar da, posta-funtzionarioak data eta zigilua jar diezazkion inprimakiari.

2.– Izapidetze elektronikoa:

Laguntza hauen izapideetan (eskaerak zein justifikazioak aurkezteko) baliabide elektronikoak erabiltzeko modua honako dekretu eta ebazpen hauetan arautu da: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; 72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrerari, antolaketari eta funtzionamenduari buruzkoa, eta azkenik 2006 otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariarena, e-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– ezartzen duen dokumentua onartzen duena (2006ko martxoaren 3ko EHAA, 44. zk.).

3.– Izapideak bertatik bertara zein telematikoki aurkeztuz gero:

a) Laguntza-eskaerak agindu honen I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio eta justifikazioak III. eranskinean argitaratutako ereduari. Eskaerak eta horien dokumentazio osagarria (II. eranskina) zein justifikazioak eta horien dokumentazio osagarria (IV. eta V. eranskinak) Kultura Saileko Zerbitzu zuzendariari bidali behar zaizkio.

b) Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkez ditzakete laguntza-eskaerak eta justifikazioak eta haiei lotutako dokumentazioa. Orobat, laguntza-eskaeren eta justifikazioen aurkezpenaren ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarri den bezala.

c) Eskakizunak eta eskaturiko dokumentazioa egiaztatzeko modua, eskaera aurkezteko zein justifikazioa egiteko, VI. eta VII. eranskinetan argitaratzen diren jarraibideetan zein euskadi.net webguneko kultura-arloan eskuduna den egoitza elektronikoan zehaztuta dago.

d) Eskaeretan, aukera dago eskatzaileak berariazko baimena eman dezan dokumentazioaren zati bat laguntza kudeatzen duen organoak lortu edo egiaztatu dezan, herri-administrazioei dagozkien egiaztatze-, kontrol-, eta ikuskatze-eskumenak aparte utzi gabe.

e) Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen 71 bis artikuluan ezarritakoaren arabera, eskaera-formularioak zein, hala badagokio, justifikaziokoak biltzen duten zer egiaztagiri/dokumetazio ordeztu ahalko diren erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak izenpeturiko erantzukizunpeko adierazpen batekin, non ordezkariak bere erantzukizunpean adieraziko baitu diru-laguntza baliatzeko ezarritako eskakizunak betetzen dituela edo, kasuan kasu, esleituriko diru-laguntzaren bigarren zatia jasotzeko, hori egiaztatzen duen dokumentazioa badaukala eta, eskaerari dagokionez, konpromisoa hartzen du beteko duela diru-laguntza baliatzeari dagokion denboraldian.

e.1.– Erantzukizunpeko adierazpenean berariaz eta modu argi eta zehatzean azaltzen dira eskakizunak.

e.2.– Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, gerta daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak aparte utzi gabe.

Gainera, gorago azaldutakoa adierazteko ematen duen ebazpenean Administrazio Publikoak ezarri ahal izango du interesdunak diru-laguntza itzuli behar duela, bidezkoa izanez gero.

4.– Eskaera aurkezteko bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeak ez du ekarriko berekin prozedurako hurrengo izapideetan ere nahitaez bitarteko horiek erabili behar izatea. Gainera, erakunde interesdunak jakinarazpenak bitarteko telematikoz egiteko emandako adostasuna baliogabetu ahal izango du; hori egin nahi izanez gero, organo eskudunari adierazi beharko dio eta aurrerantzean jakinarazpenak non jaso nahi dituen zehaztu beharko du, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak ezarritakoarekin bat etorriz, hurrenez hurren.

6. artikulua.– Eskaera zuzentzea eta justifikazioari buruzko dokumentazio osagarria edota argigarria eskatzea.

1.– Eskaera:

a) Eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertuta Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzak eskaeraren izapidea onartzeko eskaturiko dokumentuak falta direla edo horietan akats formalak daudela ikusten badu, eta balioesteko alegaturiko dokumentazioan akatsak ikusten badira, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean, izapidetze presentzialari zein telematikoari dagokionez, akatsa zuzendu edo dagozkion dokumentuak aurkezteko, betiere adierazita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu duen urtarrilaren 13ko 4/1999 42.1 eta 71.1 artikuluei jarraikiz adierazitako epea igarota hori egiten ez badu, bere eskarian atzera egiten duela hartuko dela kontuan, organo eskudunaren aldez aurreko ebazpenaren ondoren.

b) Dena den, atzera egiteko esanbidezko ebazpena gehienez hilabeteko epean jakinaraziko da aurreko paragrafoan ezarritako hamar egun balioduneko epea amaitu eta biharamunetik hasita.

2.– Justifikazioa.

a) Justifikatzeko aurkezturiko dokumentazioaz aparteko dokumentazio osagarri edota argigarria eskatzen bada, Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzak dokumentazio hori igortzeko hamar egun balioduneko epea emango du, izapidetze presentzialerako zein telematikorako, dagokion jakinarazpenean adierazita lehen aipaturiko epe hori igaro eta dokumentazioa igortzen ez bada, erakundea uztailaren 13ko 200/2010 Dekretuak aldatu zuen irailaren 30eko 164/2008 Dekretuaren 15. artikuluak aipatzen dituen ez-betetzeetako batean eroriko litzatekeela.

a.1.– Hori gertatu dela egiaztatzen bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera eta bertan agindutakoa bete ondoren, Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzari ezin eskatu izango zaio ordaintzeko diru-laguntza, eta, behar den kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-kopuruak eta haien legezko korrituak.

a.2.– Aurreko paragrafoan adierazitako itzulketaz gainera, balizko zehapen-prozedura ireki daiteke ikusten bada Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren laguntza eta diru-laguntzei buruzko xedapenak urratu direla, lehen aipaturiko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera.

3.– Aurreko idatzi-zatietan adierazitako epea erakunde interesdunak dagokion jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasiko da zenbatzen.

7. artikulua.– Jakinarazpenak egitea izapidetze presentzial eta telematikoan.

1.– Izapideak bertaratuta eginez gero, jakinarazpena erakunde interesdunak, edo haren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak, posta zerbitzuaren hartu-agiria sinatzen denean egintzat joko da, eta kasu bakoitzean ezarritako epea jakinarazpeneko egintza jaso eta biharamunetik hasiko da zenbatzen.

2.– Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 27.3 artikuluan xedaturikoari jarraikiz, baliozkoak izango dira, bitarteko elektronikoak erabiliz egindako komunikazioetan bi baldintza hauek betetzen badira: nonbaiten jasota geratzea komunikazioa bidali eta hartu izana, zein egunetan bidali eta hartu den, eta edukia bera, osorik; eta nork bidali duen eta norentzat den ere zuzen identifikatu beharko da.

Horretaz gain, administrazio elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30.2 artikuluan aipatutakoarekin jarraituz, jakinarazpen-sisteman, bi gauza hauek noiz gertatu diren egiaztatzeko modua egon behar du, data eta ordua jarrita: jakinarazi nahi den egintza noiz jarri den interesdunaren eskuetan; eta interesduna noiz sartu den edukira. Sartzen den momentutik aurrera pentsatuko da jakinarazpena eginda dagoela. Jakin baldin badakigu iritsi zaiola jakinarazpena, baina hamar egun natural geroago oraindik ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea eginda dagoela ulertuko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

8. artikulua.– Diru-laguntzaren likidazioa.

1.– Irizpideak.

a) Justifikazioko zenbatekoa eskaerarekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontua baino gehiago izateak ez du emango eskubiderik hasieran onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa gehitzeko.

b) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada, emate-ebazpena aldatuko da, eta gauza bera gertatuko da estatuko zein nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzekin bat eginez gero, jasotako guztirako diru-kopurua diru-laguntzaren xede izan den jardueren kostua baino gehiago izanez gero ere. Halako kasuetan erakunde onuradunak jasotako diru-kopuruak itzuli beharko ditu.

b.1.– Emateko ebazpenen aldaketa posibleak modu proportzionalean egingo dira eta aurkeztutako eta behin betikoz egindako proiektuen azken kopuruari erantzungo diote, baita aurreikusitako eta azkenean egikarituriko egikaritzapen-aurrekontuari ere.

b.2.– Diruz lagundutako proiektuaren edo jardueraren egikaritzapenean aldaketa partzialak izanez gero, itzuli beharreko diru-kopurua proportzionaltasun-printzipioaren arabera finkatuko da, eta hartan eragin handirik ez izatea kontuan hartuta eta erakunde onuradunek egiaztatuta konpromisoak gogobetetzera argi eta garbi bideraturiko jarduna nagusituko dela.

b.2.1.– Hori dela-eta, diru-laguntzaren xedea bete arren horretarako aurreikusitako egikaritzapen-aurrekontuaren eta benetan erabilitako diru-kopuruaren artean aldea gertatzen bada, honako hauek gertatu beharko dira diru-laguntzaren zenbatekoa ez txikitzeko:

b.2.1.1.– Egikaritzapenak eragindako gastuaren eta hasierako aurrekontuaren arteko aldea % 15 baino gehiago ez izatea.

b.2.1.2.– Behin betiko diru-laguntza ez izatea egikaritzapen-gastuaren % 70 baino gehiago.

b.2.1.3.– Gainfinantzaketarik ez gertatzea.

b.2.2.– Bestela, bidezko likidazioa egingo da eta emandako diru-laguntzatik bete ez den alderdiari dagokion zenbatekoa kenduko da.

2.– Prozedura.

Diru-laguntza justifikatzeko bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren, dena delako arrazoiarengatik bigarren zatiaren ordainketa gutxitu behar izatekotan edo hura ezeztatu behar izatekotan, eta, hala badagokio, jasotakoa, osorik nahiz haren zati bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar izanez gero, Kulturako sailburuak likidazio-ebazpen indibidualizatua emango du. Halaber, bidezkoa izanez gero, diru-itzulketa egin ahal izateko bi hilabeteko epea emango du ebazpenaren jakinarazpen-idazkia jasotzen denetik. Ebazpen honek administrazio-bidea agortu du, eta haren aurka honako bi errekurtsoak jar daitezke: hautazko berraztertzeko errekurtsoa ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, jakinarazpenaren dataren biharamunetik bi hilabete pasatu baino lehen.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan arautu ez diren alderdiei dagokienez, diru-laguntzen arloko gaietan Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onetsi duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilean ezarritakoari jarraituko zaio, eta prozedurari dagozkion gaietan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean ezarritakoari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, erakunde interesdunek berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 7a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala