Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

220. zk., 2012ko azaroaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA SAILA
5019

AGINDUA, 2012ko urriaren 18koa, Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren 2013. urteko ediziorako proiektuak aurkezteko deia egiten diena Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du gazte-politikaren alorrean. Azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, «Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko harremanei buruzkoak», bestalde, gazteen alorreko ekintza zuzenak garatzeko eskumena, besteak beste, esleitu zien Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunei bere 7. artikuluan.

Lege-esparru horretatik abiatuta, eta jardun-arlo horretan inplikaturiko erakundeen eskumenak errespetatuta, Eusko Jaurlaritzak auzolandegiak antolatzeko programa bat kudeatu ohi du, Kultura Sailaren bitartez.

Ondorioz,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren 2013. urteko ediziorako proiektuak aurkez ditzaten Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei egiten zaien deialdia. Deialdia arautzen duten oinarriak agindu honen eranskinean daude jasota.

2. artikulua.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

3. artikulua.– Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 18a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN «AUZOLANDEGIAK» PROGRAMAREN 2013. URTEKO EDIZIORAKO PROIEKTUAK AURKEZ DITZATEN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERAKUNDE PUBLIKOEI ETA IRABAZI-ASMORIK GABEKO ERAKUNDE PRIBATUEI EGITEN ZAIEN DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren 2013. urteko ediziorako proiektuak aurkez ditzaten Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei egiten zaien deialdiaren arauak ezartzea.

Bigarrena.– Definizioa.

1.– Hona auzolandegitzat zer hartzen den: hainbat jatorritako gazteek beren borondatez eta eskuzabaltasunez konpromisoa hartzen dute gizarte proiekzioko egitasmo bat eta jarduera osagarriak garatzeko, denbora-tarte jakin batean, eta egitasmo horren bitartez, besteak beste, elkarbizitza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea eta kulturartekotasuna sustatzen dira.

2.– «Auzolandegiak» programarekin elkarlanean jarduteko interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek beren gizarte proiekzioko lan-egitasmoa aurkeztu ahal izango dute.

3.– Ezingo dute agindu honetako diru-laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakunde publikoek eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen indarrez jarritako isunen ondorioz debekua dutenek ere.

Hirugarrena.– Proiektuen tipologia.

1.– Erakunde publikoek eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek edozein tipologia edo modalitatetako proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte, boluntarioek auzolandegietan egin beharreko lan-arloari dagokionez (ingurumena, arkeologia, berreraikitzea, gizarte-lana, antzerkia, artea, ondarea berreskuratzea...).

2.– Erakunde interesatuek kontuan hartu beharko dute auzolandegien xedea dela hainbat jatorri eta kulturatako gazteen arteko elkarbizitza eta kultur trukea bultzatzea, auzolandegia hartuko duen komunitatearen onerako izango den boluntario-lanaren bidez, hau da, ondasun edo zerbitzu publiko izango den gizarte proiekzioko lan baten bidez.

Laugarrena.– Proiektuen baldintzak.

Hauek dira proiektuetan kontuan hartuko diren baldintzak:

a) Auzolandegiak, ahal dela, uztail-abuztuan egingo dira. Alabaina, aurreko eta ondoko hiletara ere luzatzea aztertuko du Gazteria Zuzendaritzak, erakunde interesatuek aurkezten dituzten proiektuen eskaintza ikusita. Aldi horren barruan, nahi duten denbora-tarte zehatza aukeratu ahal izango dute erakunde interesatuek auzolandegiak egiteko.

b) Ahal dela, auzolandegiak bi txandatan egingo dira, eta txanda bakoitzak hamabost egun hartuko ditu.

c) Proiektuak planteatzen direnean bermatu beharko da boluntarioek eskaintzen diren txanda guztietan izango dutela lana.

d) Auzolandegietako txanda bakoitza 20 bat gazterentzat antolatuko da.

e) Proiektuak erakundearen onarpena duela egiaztatzeko, erakunde publiko edo pribatuaren organo eskudunak agiri bat aurkeztu beharko du, non proiektua burutzeko konpromisoa eta agindu hau betetzekoa agertuko duen.

f) Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzari eranskin honetako 9. oinarrian adierazitako dokumentazioa bidali izana.

Bosgarrena.– Hautaketa Batzordea.

1.– Aurkeztutako eskariak aztertu, balioetsi eta hautatzeko, hautaketa-batzordea osatuko da. Hauek izango dira hautaketa-batzordeko kideak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, xedatzen duenari jarraiki:

– Lehendakaria: Néstor Arana Arabaolaza, Gazteriarako Zuzendaritzako Gazteria arduraduna. Ordezkoa: Arantza Urizar Sarasua, Gazteriarako Zuzendaritzako teknikaria.

– Bokala:, Agurtzane Iriondo Goti Gazteriarako Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa: Javier Gutiérrez Páramo, Gazteriarako Zuzendaritzako teknikaria.

– Bokala: Bakarne Zuazua Astarloa, Gazteriarako Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa: Lourdes Ramírez de Ocáriz, Gazteriarako Zuzendaritzako teknikaria.

2.– Eskarien azterketa eta ebazpen-proposamena: hurrengo oinarrian aipatzen diren balorazio-irizpideak kontuan hartuta, Hautaketa Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Gazteria zuzendariari. Gainera, beharrezko iritzitako argibide eta dokumentazio oro eskatu ahal izango die proiektuak aurkeztutako erakundeei, betiere, aldez aurretik jakinarazita eta 10. oinarrian finkatutako epea emanda. Bestalde, Hautaketa Batzordea proiektua aurkeztutako erakundeekin ados jarri ahalko da aurkeztu dituzten datak aldatzeko, «Auzolandegiak» programaren eskaintza egokitze aldera.

Seigarrena.– Proiektuak balioesteko irizpideak.

Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da, eta, beraz, proiektuak hautatzeko, aurkeztutako guztien arteko alderaketa egingo da, beherago zehaztutako balioespen-irizpideak aintzat hartuta. Gutxienez, sei proiektu hautatuko dira, eta horretarako, beharrezkoa izango da proiektuak gutxienez 40 puntu lortzea. Hona hemen Hautaketa Batzordeak kontuan hartuko dituen balioespen-irizpideak:

a) proiektuen gizarte-interesa: 40 puntu gehienez.

b) lana iraunkorra izatea: 40 puntu gehienez.

c) ostatuko instalazioen baldintzak. Sukalde egokia eta janari-biltegia egotea baloratuko da: 10 puntu gehienez.

d) eskaintzak Euskadiko Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeen arteko orekari eustea: 5 puntu gehienez.

e) gai aldetik eskaintza orekatua eta askotarikoa izatea: 5 puntu gehienez.

Zazpigarrena.– Erakundeen konpromisoak.

Hautatutako proiektuak aurkeztu dituzten erakundeek honako prestazio hauek emateko konpromisoa hartuko dute eta Euskadiko Autonomia Erkidegoak ez die, trukean, inolako diru-ordainketarik egingo:

a) Auzolandegiko lan eta jarduerak egiteko beharrezkoak diren materialak, bai eta bertako lurra eta instalazioak parte-hartzaileen beharrizanetara egokitzeko beharrezkoak direnak ere.

b) Auzolandegiko lanen zuzendaritza teknikoetarako eta auzolandegiko lanak abian jartzeko beharrezkoak diren langileak, antolatzaileen gidaritzapean. Langile horiek auzolandegia hasi aurretik zuzendaritza eta animazio taldearekin biltzeko modua izan behar dute, udalerri edo komunitatean dauden baliabideak jakinarazteko eta horietarako sarbidea eman eta aldez aurretik programa eta jarduera osagarriak antolatzeko.

c) Parte-hartzaileei ostatu emateko lokal edo instalazioak, behar bezalako higienea, osasungarritasuna eta segurtasuna bermatuko dituztenak, auzolandegiko lanak egiteko egokiak. Gutxienez, honakoak:

– Bi gune lo egiteko, oheak elkarren gainekoak edo ez.

– Gune bat, auzolandegiko zuzendaritza eta animazio taldearentzat.

– Gune bat, jolas-jarduerak egiteko materiala gordetzeko.

– Dutxak eta komunak, gazteen ostatu-lekuan edo handik gertu.

– Jarduera-areto bat.

– Jangela bat.

Instalazioen deskribapenean zehaztu behar da ea ahalmen urritasunik duten pertsonentzako egokituta dauden ala ez, eta eraikuntza-oztoporik egonez gero, horien zerrenda jaso.

Ahal dela, auzolandegiko taldearentzat bakarrik erreserbatzea ostatu-lekua, auzolandegiak diraun bitartean. Osterantzean, horren berri eman behar zaio lehenbailehen Gazteria Zuzendaritzari.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean egin beharreko jarduera soziokultural edo aisialdikoen jardunaldi bat, gutxienez, ziurtatzen duten elementu material eta pertsonalak.

e) Gazte boluntarioak garraiatzeko modua, lantokia ostatua duten lekutik urruti baldin badago.

f) Beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak, parte-hartzaileek lanean osasun fisikoan eta bizian inolako arriskurik izan ez dezaten.

g) Ostatu-lekuan garbiketa egiteko materiala.

h) Auzolandegia egingo den tokiko eta inguruko kultur alderdiak erakustea, programak bilatzen duen kulturarteko ikasketaren helburua egoki bete dadin.

i) Behin auzolandegia bukatu eta gero, egindako lanaren gaineko dokumentazio grafikoa ere bilduko duen txosten bat aurkeztea.

j) Auzolandegiko parte-hartzaileei hasierako harrera eta bukaerako agurra egitea.

k) Aurrekoak gorabehera, erakundeak komenigarritzat iritzitako beste elementu edo prestakuntza batzuk ere eskaini ahalko ditu, aldez aurretik Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzako arduradun antolatzaileen baimena eskuratu eta gero.

Zortzigarrena.– Proiektuak aurkezteko epea.

1.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek eta irabazi-asmorik gabeko pribatuek agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera aurkeztu ahal izango dute auzolandegi-proiektua.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak adierazitako tokietan aurkeztu ahalko dira, alegia, besteak beste hauek:

Gazteria Zuzendaritza:

Donostia kalea 1, O eraikina, 3. solairua.

01010 Vitoria-Gasteiz. Telefonoa: 945 01 95 01 - 945 01 95 36.

Bizkaiko Lurralde Zerbitzua:

Kale Nagusia, 85.

48011 Bilbao. Telefonoa: 944 03 16 53.

Gipuzkoako Lurralde Zerbitzua:

Andia kalea, 13.

20004 Donostia Telefonoa: 943 02 29 64.

Bederatzigarrena.– Aurkeztu beharreko agiriak.

Erakunde interesdunek honako agiriak bidali behar dituzte:

a) Auzolandegiaren proiektu teknikoa, honakoak xehe-xehe jasoko dituena: egin beharreko lanak, lekua eta egunak, eta proiektuaren helburu zehatza ulertzen lagundu dezaketen beste edozein alderdi. Gainera, ostatu-lekuko instalazioen deskribapen zehatza jaso beharko da, eta, hala badagokio, baita sukaldearena eta haren ekipamenduarena ere, eta janari-biltegiarena ere bai. Bai proiektu teknikoaren deskribapena bai instalazioena material grafikoaz lagunduta aurkeztu beharko da.

b) Proiektuak duen interes sozialaren, kulturalaren eta historikoaren justifikazioa.

c) Proiektuak erakundearen onarpena duela egiaztatzeko, erakunde publiko edo pribatuaren organo eskudunak agiri bat aurkeztu beharko du, non proiektua burutzeko konpromisoa eta agindu hau betetzekoa agertuko duen.

d) Auzolandegian egin beharreko jarduera eta proposamen zerrenda, ingurumariak kultura aldetik dituen baliabideak erakusteko.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakunde eskatzaileak ez duela zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik, k asuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zigor Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen indarrez jarritako isunen ondorioz debekua dutenek ere.

Hamargarrena.– Akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

Hamaikagarrena.– Ebazpena.

1.– Hautaketa Batzordearen proposamena ikusita, «Auzolandegiak» programarako proiektuen onarpenari buruzko Ebazpena emango du Gazteria zuzendariak, hilabeteko epean, proiektuak aurkezteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

2.– Ebazpena interesa duten erakunde guztiei jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3.– Deialdi-aginduaren ebazpena eman ondoren, Kultura Sailak hitzarmen bana sinatuko du 2013ko auzolandegien eskaintzarako onarturiko proiektuak aurkeztu dituzten erakunde publiko eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuekin.

Hamabigarrena.– Jarduera bertan behera uztea.

Gazteria Zuzendaritzak, ikuspuntu teknikoaren aldetik edo egokitasunaren aldetik beharrezkoa dela deritzonean, bertan behera utzi ahal izango du Euskadiko Autonomia Erkidegoan egin beharreko auzolandegi bat. Gertaera horrek ez du zertan ekarri inolako kalte-ordainik proiektua aurkeztu duen erakunde kolaboratzailearentzat.

Hamahirugarrena.– Ekintzak jakinaraztea.

1.– Onartutako proiektuak aurkeztu dituzten erakunde publiko eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek «Auzolandegia» programarekin eta, bereziki, haiekin elkarlanean garatuko den auzolandegiarekin loturiko edozein zabalkunde- edo komunikazio-ekintza egin behar dutenean –zabaltzeko edo komunikatzeko bidea edozein dela ere–, aldez aurretik horren jakitun ipini behar dute Gazteria Zuzendaritza, ekintzaren deialdia edo, hala badagokio ekintza bera, burutu baino lehen.

Hamalaugarrena.– Datu-pertsonalen erabilera.

Onartutako proiektuak aurkeztu dituzten erakunde publiko edo irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek datu pertsonalak babesteko araudian xedatutakoa bete dadila begiratuko dute.


Azterketa dokumentala