Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

220. zk., 2012ko azaroaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
5017

AGINDUA, 2012ko urriaren 31koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, paperezko udal-mapa toponimikoak egiteko diru-laguntzak arautzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalei paperean udal-mapa toponimikoak egiteko diru-laguntzak emateko da agindu hau. Lan horiei esker, toponimia berrikusi ahal izaten da, eta jende artean erraz zabaltzeko modukoa eta herritar guztientzat erakargarria den produktu bat sortu, hainbat lan-arlotarako balio duena eta lurralde osoan aplika daitekeena.

Hori dela eta, Gobernu Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 26. artikuluak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen du agindu horrek), hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da honako lan hauek egiteko soldatak ordaintzeko diru-laguntzak arautzea:

Papereko udal-mapa toponimikoa, 1/30.000 eskalakoa edo zehatzagoa. Eskaria udal batek egiten badu, mapak udal-lurralde osoa bildu beharko du, edo, 3. artikuluan zehazturik dagoen beste erakunderen batek eskatzen badu diru-laguntza, ordezkatzen duen lurralde osoa bildu beharko du. Azken kasu horretan, erakundearen azalera osoa 300 km2-koa edo handiagoa denean, eskala 1/45.000 edo zehaztasun handiagokoa izango da.

Lanerako oinarri modura, erakunde eskari egileak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren leku-izenak erabiliko ditu. Leku-izen horiek eskuratzeko, idatziz eskatu beharko dio.

Lurralde Antolamenduko Zuzendaritzako Kartografia Zerbitzuak emango du gutxieneko oinarri teknikoen plegua, azken berrikuspenaren arabera eguneratua, eta orri horren arabera egin beharko dira lanak.

2.– Agindu honetan jasota datorren araubidearen itzalpean, lan hauek jaso dezakete diru-laguntza: 8. artikuluko kontratazio-baldintzak bete behar dituzte, eta agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren hasitakoak behar dute izan. 6.3 artikuluan jartzen duenaren arabera, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunetik hara, bi urtetik gorako antzinatasuna duten mapak berritzeko edo eguneratzeko lanak ere lagundu daitezke diruz. Epe hori aurreko lanaren faktura-egunetik aurrera hasiko da zenbatzen.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

213.750 euro erabiliko ditugu diru-laguntza hauek ordaintzeko.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan zehazturik dauden baldintzak, eskakizunak eta prozedurak betez gero, diru-laguntza honetako onuradunak izan daitezke Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalak, partzuergoak, mankomunitateak eta udal-elkarteak.

2.– Diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, ordaindu behar badira, ordaindu ahal izateko, beste baldintza hau ere bete beharko da: lehenagotik, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak emandako mota bereko diru-laguntza edo laguntzen kopururen bat itzultzeke edo zehapenen bat betetzeke baldin badago, ezinbestekoa izango da prozedura hori ebatzita uztea.

3.– Diru-laguntzak eskuratzeko, erakunde eskari-egileek ezin dute, zigor-arloan edo administrazio-arloan zehaturik egoteagatik, diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galduta eduki, edo, legezko debekuren baten pean egoteagatik, halakoak jasotzeko gaitasun gabe egon.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta bete beharreko agiriak.

1.– Diru-laguntza eskatzeko aurkeztu beharreko agirien zerrenda duzue jarraian. Alkateek edo mankomunitateetako, udal-elkarteetako edo partzuergoetako lehendakariek aurkeztu behar dituzte agiri horiek, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Zuzenean zerbitzuko herritarrei laguntzeko guneetan (telefonoa: 012; edo webgunean: www.euskadi.net) zein Lurralde Antolamenduko Zuzendaritzan, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako bideetako edozein erabiliz. Hona hemen agiri horiek:

a) Eskabidea bera. Mapa zein eskalatakoa izango den ere zehaztu behar da, 1.1 artikuluaren arabera.

b) Beste erakunderen batean gauza bera egiteko diru-laguntzarik eskatu bada, edo jaso bada, laguntza horiek zenbatekoak diren egiaztatzeko agiriak. Beste diru-laguntzarik ez bada ez eskatu, ez jaso, adierazpen batean hala adierazi, sinatu, eta eskabideari erantsi.

c) Laguntza eskatzen duen erakundeak adierazpen bat aurkeztu beharko du, esateko ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zehazpen penal edo administratiborik eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere ez duela.

2.– Lurralde Antolamenduko Zuzendaritzak ikusten baldin badu eskabidean badela akatsen bat edo zehatz-zehatza ez den zer edo zer, eskari-egileari jakinaraziko dio eta 10 egun emango dizkio zuzendu beharrekoa zuzentzeko. Epe hori zuzenketarik egin gabe igaroz gero, eskabideari uko egin diola ulertuko da, horretarako behar den ebazpena eman ondoren (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluak xedatzen duenaren arabera emandako ebazpena).

5 artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Formula hau erabiliko da diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa zehazteko:

Kontu egin «H» gehieneko diru-laguntza dela, eurotan; eta «S» dena delako herriaren, partzuergoaren edo udal-elkartearen azalera, kilometro koadrotan.

H = 10.000, baldin eta «S» 30 km2-koa edo txikiagoa bada.

H = 9.000 + 100 x S /3, baldin eta «S» 30 eta 90 Km2 bitartekoa bada.

H = 12.000, baldin eta «S» 90 km2-koa edo handiagoa bada.

Diru-laguntza ez da inoiz 12.000 euro baino gehiagokoa izango.

2.– Lehengo mapak berritu edo eguneratzeko lanak badira, beste muga bat ere badago, agindu honen itzalpean ordaindutako diru-laguntzek inoiz ere gainditu ezin dutena: fakturan jasota dauden lanak burutzeko soldaten kostu garbiaren % 70 (soldata garbia: BEZa eta gainerako zergak kenduta).

Erakunde eskatzaileak lehen aldiz egiten duenean, gehieneko muga % 85ekoa izango da.

3.– Agindu honetako 6. artikuluan jasota datorren hainbanatze-irizpidea dela-eta, baliteke, azkenean, artikulu honetako formula horiek aplikatuz lortzen direnak baino kopuru txikiagoak ordaintzea.

6. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.

Diru-laguntza esleitzeko, 7. artikuluko kudeaketa-organoak irizpide hauek izango ditu kontuan:

1.– Mapa estreinakoz egin behar duten erakundeen eskabideak hartuko dira lehenengo aintzat.

2.– Eskabide horiei dagozkien diru-laguntzak 5.1) artikuluan jarrita dagoen bezala kalkulatu, eta ateratzen den kopurua 2. artikuluan jasota datorren gehienezko kopurua baino handiagoa baldin bada, bakoitzari zenbat eman jakiteko, gehienezko kopuru hori hainbanatu egin beharko da.

3.– Aitzitik, lehentasunezko eskabide horiei erantzun, eta oraindik dirurik sobran baldin badago, berritzeko edo eguneratzeko eskabideak hartuko dira segidan aintzakotzat. Horretarako, 1.2 artikuluan jasota dagoen antzinatasun-irizpidea bete beharko dute, eta zaharrenetik berrienera banatuko da dirua, harik eta, amaitzen bada, dirua amaitu arte.

7. artikulua.– Prozeduren kudeaketa eta ebazpena.

1.– Lurralde Antolamenduko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusten diren prozedurak kudeatzeko lanak egitea.

2.– Lurralde Antolamenduko zuzendariak eta zuzendaritza horretako bi teknikarik egingo dute diru-laguntzak emateko dena delako proposamena (teknikari horiek zuzendariak izendatuko ditu). Gero, proposamen hori Lurralde Plangintzaren eta Uren sailburuordearen eskuetan utziko dute, eta hark ebatziko du dena delako diru-laguntza eman edo ez, eta, ematekotan, zenbatekoa izango den. Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera, gehienez hiru hilabeteko epea izango du ebazpen hori emateko.

3.– Diru-laguntza eskatu duten erakundeei ebazpenaren berri banan-banan eman behar zaie. Horrek ez du esan nahi Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar ez denik, denok izan dezagun ebazpenaren berri.

4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean jartzen duenaren arabera.

5.– Epe hori amaitu eta oraindik ez bada ezer jakinarazi, erantzuna ezezkoa dela ulertuko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44. artikuluan zehazturik dauden ondorioetarako. Horrek ez du esan nahi, ordea, lege horretan hala jartzen baitu, administrazioak berariaz ebatzi beharrik ez duenik.

8. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko ebazpenaren edukia.

Diru-laguntzak esleitzeko ebazpenean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 51.7 artikuluan aipatzen diren xehetasun guztiak eman beharko dira. Dekretu horren bidez, hain zuzen ere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zen. Hona hemen xehetasun horiek:

1.– Diru-laguntzen kontzeptuak eta zenbatekoak.

2.– Gehienezko epeak, hauek hain zuzen ere:

a) Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak diru-laguntzaren esleipen-ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, laguntza jasotzen duen erakundeak gehienez ere hiru hilabeteko epea izango du diruz lagundutako lanak kontratatzeko.

b) Lanak esleitzen zaizkien taldeekin hitzartzen diren kontratuetan, beren beregiz jasota utzi beharko da gehienez ere noiz arteko epea dagoen lanak idazteko. Aholkularitza-enpresekin kontratua sinatzen denetik aurrera hasiko dira zenbatzen epe horiek (kontratu horien kopia bat Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamenduko Zuzendaritzara bidali beharko da). Gehienenezko epe hori hamabi hilabetekoa izango da.

c) Badago epe hori luzatzeko aukera, Lurralde Antolamenduko zuzendariaren ebazpen bidez. Horretarako, erakunde onuradunak luzapen-eskabide bat aurkeztu beharko du, lanak garaiz egin ezinik dabiltzala igarri bezain azkar, eta, hori bai, epea amaitu baino lehen, beti. Eskabide horrekin batera, txosten batean jasota, luzapena zergatik eskatzen duten azaldu beharko dute, eta dena delako agiria aurkezteko zein epe proposatzen duten ere azaldu beharko dute.

d) Epea luzatzea erabakitzekotan, galdu duten bezainbeste denboraz luzatuko zaie, non eta onuradunak ez duen gutxiago luzatzeko eskatu.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

1.– Emandako diru-laguntza dena batera ordainduko da. Ordainduko da, hain zuzen ere, jaso behar duen erakundeak adierazten duenean, agiriak aurkeztuz, egin egin dituela diruz lagundutako lanak, eta zehazten duenean benetan zenbat ordaindu duen.

2.– Diruz lagundutako lanak egin egin dituela egiaztatzeko, erakunde onuradunak agiri hauek bidali beharko ditu Lurralde Antolamenduko Zuzendaritzara, lanak guztiz amaitzen dituenetik gehienez hilabeteko epean, eta Kartografia Zerbitzuak emandako oinarri teknikoen plegu eguneratua beteta:

a) Maparen 100 ale, paperean, eta euskarri digitala, inprentarako prest dagoen materiala duela.

b) Mapa web bidez zabaltzeko fitxategi konprimitua, PDF formatuan, eta maparen irudi geoerreferentziatua, paperean, pleguan zehaztutako formatuetan.

c) Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren toponimiaren datu-basea, berrikusita.

d) Mapa egiteko erabilitako geografia-informazioa duten fitxategi digitalak, oinarri teknikoen pleguan finkatutako formatuen eta datuen ereduaren arabera.

3.– Agiri horiekin batera, diruz lagundutako lanak egiteko benetako gastua egiaztatzeko fakturak ere aurkeztu beharko ditu.

4.– Berritutako edo eguneratutako lanen kasuan, ordaindutako kopuruak ezin du, inoiz ere, handiagoa izan, diruz lagundutako lanak egiteko ordaindutako soldaten ordain egiaztatu garbiaren % 70 baino (BEZa eta gainerako zergak kenduta).

Lehen aldiko lanetarako, gehieneko muga kostu garbiaren % 85ekoa izango da.

5.– Laguntza ordaindu baino lehen, diruz lagundutako lanak baldintza teknikoen pleguaren arabera behar bezala egin ote dituzten ikusi beharko da (plegu hori ebazpenaren baitan egongo da). Hori horrela bada, erakunde onuradunak artikulu honetako orain arteko paragrafoetan zehazturik dauden agiriak aurkezten dituenetik, gehienez ere hiru hilabeteko epea egongo da ordainketa egiteko.

10. artikulua.– Informazioaren berri ematea.

Bai Eusko Jaurlaritzak bai erakunde onuradunek nahi duten moduan zabaldu ahal izango dute diru-laguntza honen haritik sortutako informazio guztia.

11. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetako diru-laguntza jaso izanagatik ere, beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako beste edozein ere jaso daiteke, bateragarriak baitira. Onuradunen batek diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, beste diru-laguntza hori soldaten zenbatekotik kenduko da, hau da, edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu berbererako emandako laguntza horren zenbatekoa kendu, eta geratzen den kopurua erabiliko da 5. artikuluko ehunekoak aplikatzeko oinarri modura.

12. Artikulua.– Diru-laguntza jasotzen duten entitateen betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek betebehar hauek izango dituzte, beti:

a) Emandako diru-laguntza onartu egin behar dute. Diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Justu ematen zaien horretarako erabili beharko dute diru-laguntza.

c) Onuradunak bere gain hartuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.2 artikuluan ezartzen diren betebeharrak, eta, bereziki, Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, aginduta dituzten zereginak betetzearren, xedapen honen kontura jasotako laguntzei buruz argibiderik eskatzen badiote, eman egin beharko die.

d) Lanak egiteko eta entregatzeko orduan, hau da, 8. artikuluko 2. ataleko a eta b idatzi-zatietako aginduak betetzeko orduan, gutxienez baldintza teknikoen plegua bete beharko dute. Plegu hori Lurralde Antolamenduko Zuzendaritzak banatzen du, diru-laguntza eman izanaren ebazpenarekin batera.

e) Papereko mapetan eta euskarri digitalean, berariaz adierazi behar da hura Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak diruz lagundu duela, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunari buruzko araudian xedatutakoaren arabera (Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretua, EHAAren 205. zenbakian argitaratua).

13. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan izan behar diren baldintzak edonola aldatuz gero, baina xedea beteta dagoela ulertuz gero, edo aldi berean beste edozein erakunde publiko edo pribaturen batetik diru-laguntzarik lortuz gero, diru-laguntzak emateko ebazpena ere alda daiteke. Ondorio horietarako, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitzeko.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetatik zer edo zer bete gabe geratu dela agertzen bada, besteak beste lanak ez badu baldintza teknikoen plegua betetzen, dirulaguntza-eskubiderik gabe geratuko dira, eta jasota duten dirua eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotenari jarraituz.

15. artikulua.– Errekurtsoak.

Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean; halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– 2. artikuluan zehazturik dagoen kopuru hori ez da aldaezina: alda daiteke, eskatu diren diru-laguntza guztien zenbateko osoa kontuan hartuta, edo Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren beste dirulaguntza-programa batzuetatik agortu gabe geratu diren kopuruen arabera. Hala bada, ezer ebatzi baino lehenago, zer gertatu den jakinarazi beharko da, Lurralde Antolamendu eta Uren sailburuordearen ebazpen bidez.

Bigarrena.– Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluak dioena kontuan hartuta (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura espedienteak aurretiaz nola izapidetu arautzen du agindu horrek), agindu honetako diru-laguntzak ebazteko, derrigorra da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010. urterako aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa edukitzea.

Azken XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honetan ezarri ez diren prozedurazko alderdi guztietarako, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakora joko da (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen testua).

Bigarrena.– Lurralde Antolamenduko zuzendariak badu nahikoa ahalmen agindu hau garatzeko eta betearazteko beharrezko jarraibideak emateko.

Hirugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 31.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

maría del pilar unzalu pérez de eulate.


Azterketa dokumentala