220. zk., 2012ko azaroaren 14a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (199 KB - 6 orri.)
- EPUB (101 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
5009
AGINDUA, 2012ko urriaren 19koa, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Arabako Probintzia Auzitegiko eta Vitoria-Gasteizko bulego judizialeko Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra eta Vitoria-Gasteizko bulego judizialeko Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala sortzeko dena.
Gizarteak Justizia Administrazioari arinago, kalitate handiagoarekin eta eraginkortasun gehiagorekin jarduteko egiten dion eskaerari erantzuteko, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak antolamendua berregituratu eta bulego judizial berria sortu zuen. Bulego judizial berriak birmoldaketa instrumentala ekarri du, eta epaile eta epaitegien jarduera jurisdikzionalari euskarria eta laguntza eskaintzen die. Bi unitate-motaz osatuta dago: alde batetik, epaitegiei Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesalak (ZULUP) daude, eta, bestetik, Zerbitzu Erkide Prozesalak. Lehendabizikoek zuzenean epaile eta magistratuei laguntzen diete dagozkien zereginak, organo judizialaren parte direnak, betetzeko. Bigarrengoak, aldiz, ez dira organo judizial zehatzetan txertatzen eta lege prozesalak aplikatzearen ondoriozko kudeaketa- eta jarduera-zeregin zentralizatuez arduratzen dira.
Botere Judizialaren Lege Organikoak, gainera, 436. eta 438. artikuluetan onartu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumena duela bulego judizialaren dimentsioa eta antolamendua zehazteko nahiz Euskadiko barruti judizialetako zerbitzu erkide prozesalak diseinatu, sortu eta antolatzeko. Eskumen horiek baliatuta, Eusko Jaurlaritzak Gobernu Kontseiluaren 2008ko uztailaren 29ko bileran onetsi zuen Euskadiko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskalen Antolamendu Plana (2008-2010), Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aldeko txostena eskuratu ondoren. Halaber, Eusko Jaurlaritzak, elkarrizketa sozialaren eremuan, eta bulego judizial berria ezartzeko prozesua zein baldintzetan garatuko den zehazteko, abuztuaren 31ko 223/2010 Dekretua onartu zuen. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko Funtzionarioak Euskal Administrazio Orokorreko Funtzionarioekin nola parekatu arautzeko eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren eta CC.OO., ELA, CSI/CSIF, LAB eta UGT sindikatuen artean Bulego Judizial eta Fiskala ezartzeko IV. Akordioa onartu zen.
Amurrio, Azpeitia, Balmaseda, Bergara, Durango, Eibar, Gernika, Getxo, Tolosa eta Irungo barruti judizial txikien bulegoak zabaldu dira jada, eta, orain, Vitoria-Gasteizko bulego judiziala eta Arabako Probintzia Auzitegikoa ezarri behar dira.
Vitoria-Gasteizko bulego judizialerako, Euskadiko Justizia Administrazioko Bulego Judizialen eta Fiskalen Antolamendu Planak hiru Zerbitzu Erkide Prozesal mota aurreikusi zituen: Prozedura Antolatzeko Zerbitzu Erkide Prozesala, Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala eta Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra. Arabako Probintzia Auzitegiaren kasuan, Zerbitzu Erkide Prozesal bakarra zehazten zen, mistoa, alegia, prozedura antolatzekoa eta betearazpenekoa; eta Vitoria-Gasteizko Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrak ere arreta emango ziona. Baina Instantziako Epaitegiak sortzea aurreikusten denez, eta horrek ZULUPen dimentsio eta osaeran, –eta, ondorioz, Prozedura Antolatzeko Zerbitzu Erkide Prozesalean– izango duen eragina kontuan hartuta, bidezkotzat jo da Prozedura Antolatzeko Zerbitzu Erkide Prozesalaren sorrera atzeratzea, Vitoria-Gasteizko barruti judizialean.
Botere Judizialaren Lege Organikoko 438. artikulua betez, idazkari judizial batek jardungo du zuzendari gisa zerbitzu erkide prozesal bakoitzean eta funtzionalki haren mende egongo dira zerbitzuko lanpostuetan lanean ari diren gainontzeko idazkari judizialak eta langileak.
Era berean, destinoa Zerbitzu Erkide Prozesal Orokor eta Betearazpenekoan duten Justizia Administrazioko langileak Justizia Administrazioko langileen arloko eskumen transferituen ardura duen EAEko Administrazio Orokorreko zuzendariaren mende daude organikoki.
Idazkari Judizialen Kidegoaren Araudi Organikoa onartu zuen abenduaren 30eko 1608/2005 Errege Dekretuko 8. artikuluak ezartzen du idazkari judizialena dela langileak antolatu, kudeatu, ikuskatu eta zuzentzeko eskumena, eta, zeregin horiek betetzeko, alderdi tekniko-prozesalei begira gobernu-idazkariak prozeduran jarduteko onartzen dituen protokoloak bete behar dituztela; protokolo horiek probintziako idazkari koordinatzaileak proposatuko ditu. Jarduera tekniko-prozesalen protokoloek, mota berbereko zerbitzu orokor prozesaletan homogeneotasunez jarduteko irizpide orokorrak ezartzen dituzte, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak horretarako onartzen dituen irizpideak aplikatuz. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu erkide prozesalen diseinu eta antolamendura egokituko dira prozeduran jarduteko protokoloak, bai eta lanpostuen zerrendaren eremuan lanpostu bakoitzari ezartzen zaizkion zereginetara ere.
ZULUPei dagokienez, Botere Judizialaren Lege Organikoko 437. artikuluak aurreikusten du eratuta dauden epaitegi edo auzitegietako sala edo sekzio adina zuzeneko laguntza emateko unitate prozesal egongo direla eta prozeduran jarduteko protokoloen esparruan garatuko dela horien antolamendua, Idazkari Judizialen Kidegoaren Araudi Organikoko 8. artikuluak adierazitako eran.
Zerbitzu Erkide Prozesal Orokor eta Betearazpenekoaren jardueretan euskararen erabilera sustatzeko helburuz, bultzatuko dira zerbitzu erkideak bi hizkuntza koofizialetan emateko lagungarriak diren ekimenak, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoko 435. artikuluari eta ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuari jarraituz (174/2010 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzari buruzkoa).
Botere Judizialaren Lege Organikoko 435. artikuluarekin bat etorriz, Bulego Judizialak arintasuna, eraginkortasuna, efizientzia, lanaren arrazionalizazioa, kudeaketa arduratsua eta administrazioen arteko koordinazio eta lankidetza erabiliko ditu funtzionatzeko irizpidetzat, herritarrek hurbileko eta kalitatezko zerbitzua izan dezaten. Ondorioz, kalitatezko kudeaketa-sistema egituratua lortzeko funtsezkoa da Zerbitzu Erkide Prozesal Orokor eta Betearazpenekoak goian adierazitako irizpideak kontuan hartuz antolatzea, irizpide horiek laguntzen baitute Bulego Judizialaren ezarpena eta Herritarrek Justiziaren aurrean dituzten Eskubideen Gutunetik eratorritako konpromisoak betetzea bezalako antolamendu-erreformak behar bezala gauzatzen. Beraz, Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra eta Betearazpenekoa antolatzeko garaian garrantzia handia emango zaio kalitatea kudeatzeko sistemaren aplikazioari. Sistema hori bulego judizialaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzak diseinatu eta koordinatuko du bulego judizial berriaren ezarpenean inplikatuta dauden gainontzeko eragileekin eta batez ere idazkari judizialekin eta Justizia Administrazioko langileekin lankidetza estuan.
Bestalde, aipatutako 435. artikuluak ezartzen dituen jardun-irizpideak lortzen laguntzeko eta Jarduketa judizialen alderdi osagarriei buruzko 1/2005 Erregelamendua onartu zuen Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak 2005eko irailaren 15ean hartutako Erabakiarekin nahiz bertako 106. artikuluarekin bat etorriz (zerbitzu komunak behar bezala koordinatzeko jarraipen-batzordeak eratzeko aukera aurreikusten du artikulu horrek), Koordinatu eta Hobetzeko Batzorde bat ezartzea komeni dela ikusi da. Kide hauek izango ditu batzorde horrek: Arabako Probintzia Auzitegiko lehendakaria, Vitoria-Gasteizko barruti judizialeko epaile dekanoa, probintziako idazkari koordinatzailea, Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorraren eta Zerbitzu Erkide Prozesal Betearazpenekoaren idazkari zuzendariak, ZULUPen ordezkari izango den idazkari judiziala (jurisdikzio bakoitzeko bat), Justizia Administrazioko langileen ordezkari bat, eta justiziaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailburuordetzaren ordezkari bat.
Justizia Administrazioko langileen lanpostu-zerrendan, Vitoria-Gasteizko bulego judizialari eta Arabako Probintzia Auzitegiari esleitutako langileei dagokienez, zerbitzu erkide prozesaletako eta ZULUPetako lanpostuak azaltzen direnez, bidezkotzat jo da lanpostuen zerrenda bereiz onartzea dekretu baten bidez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren lanpostu-zerrenda onartzeko erabilitako tresna juridiko berbera erabiliz.
Azkenik, Euskadiko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskaletako Antolamendu Planak aurreikusten du ebazpen bidez zehaztuko direla bulego judizial bakoitzeko antolamendu xehatua eta zerbitzu orokorren funtzionamenduko oinarrizko arauak.
Horiek horrela, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuarekin eta Euskadiko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskaletako Antolamendu Planarekin bat etorriz, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak txostena egin ondoren, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Sala, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritza eta erakunde sindikal garrantzitsuenak jakinaren gainean jarri ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Arabako Probintzia Auzitegiko eta Vitoria-Gasteizko bulego judizialeko Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra eta Vitoria-Gasteizko bulego judizialeko Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala eratutzat ematea. Zerbitzu horiek ez daude beste inolako organo judizialen barruan, eta prozesu-legeak aplikatzeak eragiten dituen jarduerak kudeatu eta sostengatzeko lanak zentralizatzen dituzte, organo judizialei, profesionalei eta Justizia Administrazioa erabiltzen duten herritarrei zerbitzu arin eta eraginkorragoa emateko.
2. artikulua.– Arabako Probintzia Auzitegiko eta Vitoria-Gasteizko bulego judizialeko Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra.
1.– Arabako Probintzia Auzitegiko eta Vitoria-Gasteizko bulego judizialeko Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra.
a) Arabako Probintzia Auzitegiko eta Vitoria-Gasteizko bulego judizialeko ZULUPak.
b) Betearazteko Zerbitzu Erkide Prozesala.
c) Partez lagunduko du, zenbait zerbitzu emanez Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearen Arabako Zuzendariordetzari eta Arabako bulego fiskalari (Vitoria-Gasteizko egoitzetan).
2.– Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrak hiru atal ditu:
a) Komunikazio- eta Betearazpen-egintzak.
b) Erregistro eta Banaketaren atala.
c) Beste zerbitzu batzuen atala.
3.– Atalak zenbait ekipotan antola daitezke, eta ekipoak, berriz, lan-taldetan.
4.– Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrak jardun-arlo hauetako zerbitzuak emango ditu:
a) Komunikazio- eta Betearazpen-egintzak.
b) Erregistroa eta banaketa.
c) Epaiketetako espedienteak lurraldeko artxibategian gordetzea, eta konbikzioko efektuak eta piezak gordetzea.
d) Herritarrei eta profesionalei informazioa eta arreta ematea.
e) Posta eta paketeak.
f) Erreprografia.
g) Aretoari laguntza ematea.
h) Epaile Dekanoari laguntza ematea.
i) Bideokonferentzia pasiboak kudeatzea.
j) Apud-acta ahalordea eratzea.
k) Epaimahaikidegaien zerrenden lanketa.
3. artikulua.– Vitoria-Gasteizko bulego judizialeko Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala.
1.– Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalak zerbitzu emango die Vitoria-Gasteizko bulego judizialeko ZULUPei.
2.– Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalak jarraian adierazten diren ZULUP hauek guztiek emandako epaien, autoen, dekretu irmo eta behin betikoen betearazpenarekin loturiko zerbitzuak emango ditu: Lehen Auzialdia, Familia, Merkataritza arloa, Lan arloa, Administrazioarekiko Auziak, Instrukzioa, Zigor arloa eta Emakumeen aurkako indarkeria.
3.– Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalak bi atal ditu: 1. atala: Zibila-Lan arloa-Administrazioarekiko Auziak; 2. atala: Zigor arloa.
4.– Atalak zenbait ekipotan antola daitezke, eta ekipoak, berriz, lan-taldetan.
4. artikulua.– Antolaketa.
1.– Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrak eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalak idazkari judizial bana izango dute zuzendari-lanak egiteko.
2.– Idazkari koordinatzaileen proposamenak kontuan hartuta gobernu-idazkariak une bakoitzean jarduera-arlo bakoitzerako onartzen dituen jarduera-protokoloetan ezartzen dena errespetatu eta bete beharko du Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorraren eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalaren antolamenduak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bateratzeko onesten dituen irizpide orokorrak aplikatuz. Nolanahi ere, jarduteko protokoloak egokituko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ezarritako zerbitzu erkide prozesalen diseinu eta antolamendura eta lanpostuen zerrendaren eremuan lanpostu bakoitzari ezarritako zereginetara.
5. artikulua.– Langileen mendekotasun funtzional eta organikoa.
Destinoa Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrean eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalean duten Justizia Administrazioko langileak dagokion zerbitzu erkideko idazkari judizial zuzendariaren mende daude funtzionalki, eta, organikoki, berriz, Justizia Administrazioko langileen arloko eskumen transferituen ardura duen Eusko Jaurlaritzako zuzendariaren mende.
6. artikulua.– Euskararen erabilera sustatzea.
1.– Zerbitzu prozesal erkideen jardueretan euskararen erabilera sustatuko da, zerbitzu erkideak bi hizkuntza koofizialetan ematen laguntzen duten ekimenen bidez.
2.– Herritarrek eta erabiltzaileek, ahoz nahiz idatziz, euskaraz nahiz gaztelaniaz egin ahal izango dute zerbitzu erkide prozesalekin. Bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztutako dokumentu guztiek erabateko balioa eta eraginkortasuna dute.
7. artikulua.– Kalitatea kudeatzeko sistema.
1.– Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorraren eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalaren antolaketa kalitatea kudeatzeko sistemari lotuta egongo da. Sistema hori Bulego Judizialaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak diseinatu eta koordinatuko du bulego judizial berriaren ezarpenean inplikatuta dauden gainontzeko eragileekin, eta, batez ere, idazkari judizialekin eta Justizia Administrazioko langileekin lankidetza estuan.
2.– Kalitatea kudeatzeko sistemak plangintza, helburuen betetze-mailaren neurketa, disfuntzioen analisia, eta neurri zuzentzaileak sustatuko ditu, bi zerbitzu erkide prozesalak etengabe hobetzen joan daitezen.
8. artikulua.– Koordinatzeko eta Hobetzeko Batzordea.
1.– Koordinatzeko eta Hobetzeko Batzorde bat ezarri da, kide hauez osatua dagoena: Probintzia Auzitegiko lehendakaria, barruti judizialeko epaile dekanoa, probintziako idazkari koordinatzailea, Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorraren eta Zerbitzu Erkide Prozesal Betearazpenekoaren idazkari zuzendariak, ZULUPen ordezkari izango den idazkari judiziala (jurisdikzio bakoitzeko bat), Justizia Administrazioko langileen ordezkari bat, eta justiziaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailburuordetzaren ordezkari bat.
2.– Koordinatzeko eta Hobetzeko Batzordea lankidetza-tresna gisa eratu da, eta helburu du bulego judizialean sartutako alderdi garrantzitsuenen arteko jarduera koordinatu bat bultzatzea, eta hartara, zerbitzu erkide prozesalen etengabeko hobekuntza ahalbidetzea.
3.– Koordinatzeko eta Hobetzeko Batzordearen bileretan parte hartzeak ez dakar diru-konpentsaziorik.
AZKEN XEDAPENA
Lehenengoa.– Arabako Probintzia Auzitegiko eta Vitoria-Gasteizko bulego judizialeko Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorraren eta Vitoria-Gasteizko bulego judizialeko Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalaren antolamendu zehatza eta funtzionamendu arauak zehazteko, ebazpena emango du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean bulego judizial eta fiskalaren arloan eskumena duen zuzendariak.
Bigarrena.– Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala martxan jartzeko data zehatza ezartzeko, ebazpena emango du Eusko Jaurlaritzako bulego judizial eta fiskalaren arloan eskumena duen zuzendariak, behin Arabako Probintzia Auzitegiko eta Vitoria-Gasteizko bulego judizialeko langileak egokitzeko prozesua amaitu ondoren.
Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 19a.
Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.