Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2012ko azaroaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
4908

AGINDUA, 2012ko urriaren 24koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Haur Hezkuntza (2. zikloa), Lehen Hezkuntza eta DBH (1. eta 2. zikloak) egiten ari diren ikasleak garraiatzeko banan banako diru-laguntzetarako deialdia egiten duena. 2012-2013 ikasturtea.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikasleak garraiatzeko zerbitzua antolatzen du ikasturte oro, irakaskuntzaren zerbitzu osagarri modura.

Zerbitzu horrek zenbait ibilbide barne hartzen ditu; honako hauek hartzen dira kontuan ibilbide horiek zehazterakoan: ikastetxera dagoen distantzia, ibilbide hori egiteko behar den denbora eta ikasle kopurua.

Zenbait ikasle ez dira egokitzen aipaturiko ibilbide horien ezaugarrietara; horregatik, beharrezkoa da egunero ikastetxera joan ahal izateko alternatiba bat bilatzea. Bada, alternatiba hori, ikasleak garraiatzeko banan banako diru-laguntzetarako deialdiaren bidez, joan-etorri horien kostua ordaintzea da.

Horretarako da, beraz, banan banako diru-laguntzetarako deialdia.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Ikastetxe publikoetan 2012-2013 ikasturtean Haur Hezkuntzan (2. zikloa), Lehen Hezkuntzan eta DBHn (1. eta 2. zikloak) matrikulatutako ikasleak garraiatzeko banan banako diru-laguntzetarako deialdia egitea.

2. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Laguntza horiek kudeatzeko organo eskuduna Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritza da.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Aurreko artikuluan adierazitako xedea betetzeko diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako beren beregi ezarritako aurrekontu-kredituak erabiliko dira. Deialdi honetarako, zehazki, 1.234.800 euro erabiliko dira. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan emango diren laguntzek, guztira, ezingo dute aipatuta zenbatekoa edo zenbateko horren eguneraketa gainditu, indarreko legerian jasotako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketen araubidearekin bat etorrita, eta, hala dagokionean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programak gauzatu ondoren gerta litezkeen aurrekontu agortu gabeen arabera. Horren berri Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.

2.– Esleitutako kreditua agortuz gero, sailburuordetza eskudunak ebazpen administratiboa emango du. Ebazpen horretan aipatutako kreditua zer egunetan agortu den zehaztuko da, eta EHAAn argitaratu beharko da.

4. artikulua.– Betebeharrak.

1.– Haur Hezkuntza (2. zikloa), Lehen Hezkuntza eta DBH (1. zikloa) egiten ari diren ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte deialdi honetaz baliatu ahal izateko:

a) 2012-2013 ikasturterako ikastetxe publiko batean matrikulatuta egotea edo, salbuespen gisa, ikastetxe itundu batean matrikulatuta egotea, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hala aginduta, honako kasu hauetan:

a.1.– Ikastetxe publiko batean matrikulatuta dauden ikasleak. Eragin-eremuaren arabera etxetik hurbilen duten ikastetxera joan beharko dute, eta lekurik ez badago, plaza libreak dituen eta aldi berean beren etxetik hurbilen dagoen ikastetxera joan beharko dute.

a.2.– Ikastetxe itundu batean eskolatuta dauden ikasleak. Salbuespen gisa, etxetik hurbilen duten ikastetxe itunduan egon beharko dute eskolatuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hala aginduta, ikasle horien bizilekuaren eragin-eremuan ez dago-eta beren hezkuntza-mailako ikastetxe publikorik. Horretarako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren txostena beharko da. Salbuespen gisa, ikastetxe itundu batean eskolatuta egon beharko dute, eskolatze-batzordeak hala eskatuta; kasu horretan ere txostena beharko da.

b) Doako garraiorik edo entitate publikoek edo pribatuek erabat ordaindutako garraiorik ez izatea.

c) Ikastetxea 2 km edo gehiagotara egotea. Etxetik ikastetxera dagoen tartearen arabera egingo da distantziaren kalkulua. Etxetik ikastetxera -edo ikastetxetik gertuen dagoen geltokira- dagoen tartearen arabera egingo da distantziaren kalkulua.

2.– DBHko 2. zikloko ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte deialdi honetaz baliatu ahal izateko:

a) 2012-2013 ikasturterako ikastetxe publiko batean matrikulatuta egotea edo, salbuespen gisa, ikastetxe itundu batean matrikulatuta egotea, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hala aginduta, honako kasu hauetan:

a.1.– Ikastetxe publiko batean matrikulatuta dauden ikasleak. Eragin-eremuaren arabera etxetik hurbilen duten ikastetxera joan beharko dute, eta lekurik ez badago, plaza libreak dituen eta aldi berean beren etxetik hurbilen dagoen ikastetxera joan beharko dute.

a.2.– Ikastetxe itundu batean eskolatuta dauden ikasleak. Salbuespen gisa, etxetik hurbilen duten ikastetxe itunduan egon beharko dute eskolatuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hala aginduta, ikasle horien bizilekuaren eragin-eremuan ez dago-eta beren hezkuntza-mailako ikastetxe publikorik. Horretarako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren txostena beharko da. Salbuespen gisa, ikastetxe itundu batean eskolatuta egon beharko dute, eskolatze-batzordeak hala eskatuta; kasu horretan ere txostena beharko da.

b) 2012ko abenduaren 31n 18 urte baino gehiago ez izatea.

c) Doako garraiorik edo entitate publikoek edo pribatuek erabat ordaindutako garraiorik ez izatea.

d) Ikastetxea 4 km edo gehiagotara egotea. Etxetik ikastetxera -edo ikastetxetik gertuen dagoen geltokira- dagoen tartearen arabera egingo da distantziaren kalkulua.

3.– Ezingo dira deialdira aurkeztu diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenak, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

5. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta bateragarritasuna.

1.– Ikaslearen etxetik ikastetxera joateko garraio-zerbitzu publikoren bat edo tren-baliabideren bat (autobusa, tranbia, metroa, trena) egonez gero, horixe ordaintzeko izango da diru-laguntza.

2.– Ikaslearen etxetik ikastetxera zerbitzu publikorik eta/edo tren-baliabiderik egon ezean, diru-laguntza kalkulatzeko, 0,29 euro kilometroko ordainduko da eta, ibilbide hori motoan eginez gero, 0,15 euro kilometroko.

3.– Laguntza horiekin batera beste era bateko diru-laguntza edo laguntzak, –publikoak zein pribatuak–, eskuratu ahal izango dira. Deialdi honetan aurreikusitako helbururako beste laguntzaren bat jasoko balu onuradunak, horren zenbatekoa kendu egingo litzaioke laguntzari.

6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskariak www.hezkuntza.ej-gv.euskadi.net webgunean eskuragarri dauden inprimaki ofizialetan beteko dira.

2.– Ikaslearen legezko ordezkariak eskabideak behar bezala bete beharko ditu, I. eranskineko ereduari jarraituz, eta ikaslearen ikastetxeko zuzendariaren aurrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan jasotako lekuren batean aurkeztu beharko ditu hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.– Ikastetxeek diru-laguntza hauetaz baliatu nahi duten ikasleen zerrendaren proposamena aurkeztuko dute, II. eranskinean ematen den ereduaren arabera beteta. Eskabide horiek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako lekuetako batean aurkez daitezke. Laguntzak dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzara bidaltzeko epea 10 egun naturalekoa izango da, 6.2 puntuan ezarritako eskari-epea amaitu eta biharamunetik hasita.

4.– Epe horretatik kanpo ere laguntzak eskatu ahal izango dituzte 6,2 paragrafoan ezarritako muga-dataren ondoren matrikulatzen diren ikasleek.

Eskabideak aurkezteko prozedura eskabide arruntak izapidetzeko prozedura bera izango da. Edonola ere, 2013ko apirilaren 30aren ondoren egindako eskabiderik ez da onartuko.

5.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena eskola-garraioa izango da, eta haren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi horren arduraduna Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritza izango da. Aurka egin, sartu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

7. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzei dagokie aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

8. artikulua.– Diru-laguntzak ebaztea, jakinaraztea eta argitaratzea.

1.– Aurkeztutako eskabideak jasota, Hezkuntzako lurralde-ordezkariak behin-behineko ebazpenaren proposamena aurkeztuko du, eta proposamen hori Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzara bidaliko da.

2.– Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak emango du behin-behineko ebazpena, eta ebazpen hori afektatuei jakinarazteko aginduko du, ebazpena Euskadi.net webgunearen iragarki-taulan argitaratuta. Ebazpen horretan aipatu beharko da nor dituen kideak eta zenbatekoak diren onartutako laguntzak, edo, ukatuz gero, zergatik ukatu diren.

Jakinarazpen horri esker, beren interesak defendatzeko alegazioak eta agiriak aurkeztu ahal izango ditu afektatuak, jakinarazpena egin eta 15 egun naturaleko epean, eta 3. eta 4. ataletan aurreikusitako izapideak emango dira jakitera.

3.– Behin-behineko ebazpenaren kontrako alegazioak aurkezteko epea bukaturik, ebazpen hori behin betikotzat joko da, alegaziorik jaso ez duten eskariekiko. Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak bihurtuko ditu behin-behineko ebazpenak behin betiko, eta Euskadi-net webguneko iragarki-taulan argitaratuta jakinaraziko da.

Behin-behineko ebazpenaren kontra alegaziorik aurkeztu bada, eta beharrezko egiaztapenak eta izapideak egin ondoren, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak behin betiko ebazpena emango du, 8.2 artikuluan agertzen diren datuak aipatuta, eta ebazpena Euskadi.net webgunearen iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da.

4.– Behin betiko jakinarazpenak ebazpenaren testu osoa jaso beharko du, bai eta laguntza jaso eta jasoko ez duten eskatzaileen zerrendak ere, laguntza ez jasotzeko arrazoiak azalduta. Horretarako ezarritako epean ebazpen adierazirik argitaratzen ez bada, eskabidea baietsi egin dela ulertu behar da.

5.– Behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, behin betiko ebazpena euskadi.net webguneko iragarki-taulan argitaratu edo behin-behineko ebazpena behin betiko bihurtu eta hurrengo egunetik hasita.

6.– Behin betik ebazpena eta laguntzen jakinarazpena sei hileko epean emango da, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, agindu honetako 6.4 puntuan jasotako kasuetan izan ezik (kasu horietan, 2012-2013 ikasturtea bukatu aurretik ebatziko dira).

7.– Baldintza guztiak betetzen dituzten eskari guztiei behar besteko krediturik ez badago, eskabidearen aurkezte-egunaren arabera ezarriko da hurrenkera.

9. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Izendatu diren diru-laguntzen ordainketa aldi batean egingo da, deialdiari ebazpena eman ondoren. Ikasle onuradunek ikasketak egiten dituzten zentroetara bidaliko da diru-zenbateko osoa. Zentroek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren aurrean justifikatu beharko du zentroak ordaindu izana, ordezkaritzak emandako aginduei jarraituz.

2.– Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

10. artikulua.– Diru-laguntzen kontrola.

Ondorio hauetarako, Lurralde Ordezkaritzek egokitzat jotako agiriak aurkez ditzatela eskatu ahal izango diete onuradunei.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren fiskalizazio-eginkizunak betez informaziorik eskatuz gero, diru-laguntzen onuradunek eman egin beharko diete informazio hori.

Onuraduna zentrora joaten ez bada edo zentroan baja ematen badu, ikastetxeek Eusko Jaurlaritzako Diruzaintzari itzuli beharko diote emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, ordainketa eginda badago, zenbateko osoa edo justifikatu gabeko zatia itzul dezala eskatuko diote ikasleari.

Itzultzeko espedienterik zabaltzen bada, abenduaren 27ko 698/1991 Dekretuko Bigarren Tituluari jarraituko zaio; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du dekretu horrek.

Halaber, 2012-2013 ikasturtea amaitu baino lehen, diru-laguntzen zenbatekoa egunero edo astero ikastetxera joan beharrak sortu dituen gastuak ordaintzeko erabili direla justifikatu dezatela eskatuko zaie ikasle onuradunei.

Justifikazio-agiri horiek (txartelak, fakturak, aitorpen arduratsua ibilgailu partikularra erabiltzen bada, etab.) ikastetxean artxibatuko dira, behar izanez gero konprobatu ahal izateko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Agindu honetan arautzen ez direnetarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak –urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuak– xedatutakoa aplikatuko da horren osagarri.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egoki egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean kontatzen hasita, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epearen barruan.

Bigarrena.– Agindu honek EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 24a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala