Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2012ko azaroaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
4902

4/2012 FORU DEKRETU-ARAUA, abuztuaren 28koa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta Tabako Laboreen gaineko Zerga Berezia aldatzen dituena.

Duela gutxi xedapen bat onartu eta argitaratu da estatuan: uztailaren 13ko 20/2012 Errege Dekretu Legea, aurrekontu egonkortasuna bermatu eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzkoa, eta xedapen horrek aldaketak eragin ditu lurralde erkideko Balio Erantsiaren gaineko Zergan eta Tabako Laboreen gaineko Zergan.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokionez, aldaketarik handiena da zerga tasak igotzea, 2012ko irailaren 1etik aurrera: tasa orokorra % 18tik % 21era eta tasa murriztua % 8tik % 10era. Aldi berean, horrek berarekin dakar baliokidetasun errekarguaren araubide bereziko tasak nahiz nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide bereziko konpentsazioak igotzea.

Era berean, tasa murriztutik kanpo geratzen dira ondasun entrega eta zerbitzu prestazio batzuk, eta tasa orokorrari lotuta geratzen dira, hala nola: loreak; antzerki, zirku eta beste ikuskizun batzuetako sarrerak; pertsona fisikoak diren artistek emandako zerbitzuak; hileta zerbitzuak; ile apaindegikoak; eta telebista digitalekoak.

Tabako Laboreen gaineko Zergari dagokionez, zenbait aldaketa 2012ko uztailaren 15etik aurrerako ondorioekin onartu zirenez, Gipuzkoako zerga araudira beste foru dekretu-arau baten bitartez ekarriko dira. Baina horietaz gain, bada neurri bat 2012ko irailaren 1etik aurrerako ondorioekin. Honela, zigarretetarako tasa proportzionala murriztu egiten da, Balio Erantsiaren gaineko Zerga igo den zatian, Europako araudia betetze aldera.

Maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Ekonomia Ituna onartzen duenak, 26. eta 33. artikuluetan hurrenez hurren jasotzen duenez, Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta zerga bereziak tributu itunduak dira. Bertan xedatutakoaren arabera, lurralde historikoetako erakunde eskudunek Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen edukizko eta formazko arau berberak aplikatu behar dituzte.

Foru Aldundi hau ados egon ez arren, uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuan sartu diren aipatu aldaketak Gipuzkoako zerga araudira ekartzen dira, legeak hala behartuta.

Xedapen hau emateko premiaren arrazoia zuzenbide aplikagarriaren segurtasun juridikoa eman beharra da.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du presazko arrazoiak daudenean Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela; xedapen berezi horiek foru dekretu-arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.

Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta osorik bozkatu behar dira berehala, berretsiak izateko.

Horiek horrela, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Balio Erantsiaren gaineko Zerga aldatzea.

2012ko irailaren 1etik aurrerako ondorioekin, xedapen hauek aldatzen dira Gipuzkoako zerga araudia Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legera egokitzen duen abenduaren 29ko 102/1992 Foru Dekretuan:

Bat.– Honela idatzita geratzen da 8. artikuluaren bigarren apartatuko 1. zenbakia:

«1.a Eraikin bat eraiki edo birgaitzeko xedez egiten diren obra exekuzioak, foru dekretu honen 6. artikuluan xedatzen den eran, erabilitako materialen zati bat obra egiten duen enpresariak jartzen duenean, baldin eta material horien kostua oinarri ezargarriaren 100eko 40tik gorakoa bada».

Bi.– Honela idatzita geratzen da 90. artikuluaren lehen apartatua:

«Bat.– 100eko 21eko tasan exijituko da zerga, hurrengo artikuluan xedatutakoa izan ezik».

Hiru.– Honela idatzita geratzen da 91. artikulua:

«91. artikulua.– Zerga tasa murriztuak.

Bat.– 100eko 10eko zerga tasa ondorengo eragiketei aplikatuko zaie:

1.– Jarraian aipatzen diren ondasun entregak, Batasun barruko eskurapenak edo inportazioak:

1.a Beren ezaugarri, aplikazio, osagai, prestakuntza eta kontserbazio egoeragatik gizakien edo animalien elikadurarako normalean eta behar bezala erabil daitezkeen substantziak edo ekoizkinak, beren jatorria edozein izanda ere, Elikagai Kodean eta bere garapenerako emandako xedapenetan ezarritakoaren arabera, alkoholkiak ezik.

Edari alkoholikotzat hartzen dira gizakiaren kontsumorako egokia diren eta alkohol etilikoa duten likido guztiak.

Zenbaki honen ondorioetarako, ez dira elikagaitzat joko ez tabakoa eta ez entrega, Batasun barruko eskurapena edo inportazioa egitean duten egoera berean daudenean gizakiek edo animaliek kontsumitzeko egokiak ez diren substantziak.

2.a Animaliak, landareak eta aurreko zenbakian aipatzen diren produktuak lortzeko normalean eta era egokian erabil daitezkeen gainerako ekoizkinak, zuzenean edo bestelako jatorria dutenekin nahastuta erabil daitezkeenak.

Zenbaki honen barruan sartzen dira gizakiek edo animaliek kontsumitu aurretik gizentzen diren animaliak eta euren animalia ugaltzaileak nahiz aurreko paragrafoan aipatu direnenak.

3.a Ezaugarri objektiboak, ontziraketa, aurkezpena eta kontserbazio egoera direlaeta neka-zaritza, abeltzaintza edo baso jardueretan zuzenean, normalean eta behar bezala erabil daitezkeen ondasun hauek: haziak eta soilik landare edo animali jatorria duten landare zein animalien ugalketarako materialak; ongarriak, hondakin organikoak, zuzentzaileak eta emendamenduak, belarrilkariak, erabilera fitosanitario edo abeltzaintza erabilera duten plagizidak; akoltxatu eran, tunelean edo berotegian egindako laborantzarako plastikoak; eta bildu aurretik frutak babesteko paperezko poltsak.

4.a Gizakientzako edo animalientzako elikagaietarako nahiz ureztatze lanetarako egokiak diren urak, egoera solidoan badaude ere.

5.a Animalientzako medikamentuak, bai eta horiek lortzeko ohikotasunez eta egokitasunez erabil daitezkeen sustantzia sendagarriak ere.

6.a Aparatuak eta osagarriak, betaurreko graduatuak eta lentilak barne, baldin eta beren ezaugarri objektiboengatik, funtsean edo nagusiki, gizakiaren edo animalien urritasun fisikoak, mugikortasuna eta komunikazioa mugatzen dutenak barne, gainditzeko erabil badaitezke.

Osasun produktuak, materialak, ekipoak eta tresnak, baldin eta, objektiboki hartuta, gizakiaren edo animalien gaixotasunak edo minak prebenitu, diagnostikatu, tratatu, arindu edo sendatzeko soilik erabil badaitezke.

Ez dira sartu zenbaki honetan ez kosmetikoak eta ez norberaren higienerako produktuak, salbu konpresak, tanpoiak eta slip-babesgarriak.

7.a Etxebizitza gisa erabil daitezkeen eraikinak edo eraikin zatiak, garaje plazak barne, bi unitate gehienez, eta haiekin batera eskualdatzen diren bertako eranskinak.

Foru dekretu honi dagokionez, saltokiak ez dira etxebizitzen eranskintzat joko, etxebizitza izateko eraikinekin edo eraikin zatiekin eskualdatu arren.

Ez dira joko etxebizitza gisa erabiltzeko egokitzat eraistekoak diren eraikinak, hain zuzen ere, foru dekretu honen 20.bat artikuluko 22. zenbakiaren A) paragrafoko c) letran aipatutakoak.

8.a Lore eta landare biziak lortzeko erabil daitezkeen haziak, bulboak, kimuak eta landare jatorri soileko bestelako produktuak.

2.– Zerbitzu prestazio hauek:

1.a Bidaiarien eta beren ekipaien garraioak.

2.a Ostalaritza, kanpamendu eta bainuetxe zerbitzuak, jatetxe zerbitzuak eta, oro har, momentuan kontsumitzeko diren janarien eta edarien hornidura, hartzaileak aurretik eskatuta prestatzen badira ere.

Aurreko paragrafoan xedatutik kanpo geratzen dira ostalaritzako zerbitzu mistoak eta ikuskizun, dantzaleku, dantza areto eta barbakoa zerbitzuak edo antzeko beste batzuk.

3.a Nekazaritza, baso edo abeltzaintza ustiapenen titularrei egiten zaizkien honako hauek, ustiapen horiek garatzeko beharrezkoak direnean: landatzea, ereitea, txertatzea, ongarria botatzea, laboratzea eta uzta biltzea; ekoizkinak enbalatu eta egokitzea, haiek lehortzea, garbitzea, azala kentzea, zatitzea, ziloratzea, biltegiratzea eta desinfektatzea barne; animaliak hazi, zaindu eta gizentzea; laborantza lurrak nibelatu, berdindu edo mailakatzea; laguntza teknikoa ematea; kaltegarriak diren landare eta animaliak desagerrarazi eta sail eta eremu landatuak fumigatzea; drainatzeak egitea; zuhaitzak moztu, entresaka egin, ezpaldu eta azalgabetzea eta basoak garbitzea; eta albaitaritza zerbitzuak ematea.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa ez zaie inolaz ere aplikagarria gertatuko ondasunen erabilera, gozamen edo errentamendu lagapenei.

Zerga tasa hau aplikatuko da, halaber, nekazaritza kooperatibek euren jarduera kooperatibizatuaren ondorioz eta beren xede soziala betez beren bazkideei egindako zerbitzu prestazioetan, komunean duten makineria bazkideek erabiltzea ere barne.

4.a Bide publiko, parke eta lorategi publikoetako garbiketa zerbitzuak.

5.a Hondakinak bildu, biltegiratu, garraiatu, balorizatu edo deuseztatzeko zerbitzuak; estolderia publikoen garbiketa eta arratoi hilketa, eta hondakin uren bilketa edo tratamendua.

Aurreko paragrafoan sartzen dira hondakinen bilketan erabiltzen diren ontzi normalizatuak laga, instalatu eta mantentzeko zerbitzuak.

Zenbaki honetan sartzen dira barruko uretara edo itsasora egindako isuriak bildu eta tratatzeko zerbitzuak ere.

6.a Liburutegi, agiritegi eta dokumentazio zentro eta museo, arte galeria eta pinakoteketako sarrera.

7.a Foru dekretu honen 20. artikuluko lehen apartatuaren 8. zenbakian aipatzen diren zerbitzu prestazioak, betiere prezeptu horretan xedatutakoagatik salbuetsita ez daudenean eta artikulu honetako bi.2 apartatuaren 3. zenbakian ezarrita dagoen zerga tasa aplikaziozkoa ez zaienean.

8.a Amateur mailako kirol ikuskizunak.

9.a Merkataritza izaerako erakusketak eta feriak.

10.a Etxebizitza gisa erabiltzen diren eraikinak edo eraikin zatiak eraberritzeko eta konpontzeko obra exekuzioak, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Hartzailea pertsona fisikoa izatea, enpresari edo profesional gisa ez jardutea, eta obrak egiten diren etxebizitza bere erabilera partikularrerako erabiltzea.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa xedatuta ere, lan horiek zenbaki honetan ere sartuko dira haien hartzailea jabe komunitate bat denean.

b) Obrak egiten diren etxebizitzaren eraikuntza edo birgaiketa obra horiek hasi baino gutxienez bi urte lehenago amaitzea.

c) Obrak egiten dituen pertsonak ez jartzea obrak exekutatzeko materialik, edo materialak jarrita ere, horien kostuak eragiketaren oinarri ezargarriaren 100eko 40 ez gainditzea.

11.a Etxebizitzetara soilik bideratutako eraikinak edo eraikinen zatiak erosteko aukera duten errentamenduak, garaje plazak barne, gehienez ere bi unitate, eta horiekin batera errentan hartzen diren bertako eranskinak.

12.a Eraikinak, higiezin multzoak edo arkitektonikoki haietatik bereizitako sektoreak txandaka aprobetxatzeko eskubideen lagapena, baldin eta higiezinak, gutxienez, hamar bizitegi baditu, zerbitzu horien araudi erregulatzailean ezarritakoaren arabera.

3.– Eragiketa hauek:

1.a Obra exekuzioak, materialak jarriz edo jarri gabe, sustatzailearen eta kontratistaren artean zuzenean formalizatutako kontratuen ondorio direnean, baldin eta horien xede nagusia etxebizitzarako erabiliko diren eraikinak edo horien zatiak, lokal, eranskin, garaje, instalazio eta bertan kokatzen diren zerbitzu osagarriak barne, eraiki edo birgaitzea bada.

Eraikinak batez ere etxebizitzarako erabiltzen direla joko da horietan eraikitako azaleraren gutxienez 100eko 50ek erabilera hori duenean.

2.a Sukalde eta bainugelako armairuak nahiz hormaratutako armairuak saltzea eta instalatzea aurreko 1. zenbakian aipatu diren eraikinetan, baldin eta eraikin horien eraikuntza edo birgaikuntza sustatu duenarekin zuzenean formalizatutako kontratuen ondorioz egiten bada.

3.a Materialak jarrita nahiz jarri gabe egiten diren obra exekuzioak, aurreko 1. zenbakian aipatutako eraikinetako edo horien zatietako jabe-komunitateen eta kontratistaren artean zuzenean formalizatutako kontratuen ondorio direnean eta beren xedea eraikin horietan garajeak eraikitzea denean, baldin eta obra exekuzioak komunitate horien elementu komunak diren terreno edo lokaletan egiten badira eta jabe bakoitzari bi garaje plaza baino gehiago esleitzen ez bazaizkio.

Bi.– Eragiketa hauei 100eko 4ko tasa aplikatuko zaie:

1.– Jarraian aipatzen diren ondasun entregak, Batasun barruko eskurapenak edo inportazioak:

1.a Produktu hauek:

a) Ogi arrunta, bai eta ogi arruntaren masa izoztua eta ogi arrunt izoztua ere, bakarrik ogi arrunta egiteko erabiltzen direnean.

b) Ogia egiteko irina.

c) Edozein animali espezieren ondoko esne motak: naturala, ziurtatua, pasteurizatua, kontzentratua, gaingabetua, esterilizatua, UHT esnea, lurrindua eta esne hautsa.

d) Gaztak.

e) Arrautzak.

f) Fruta, berdura, barazki, lekale, tuberkulu eta zereal naturalak, baldin eta Elikadura Kodearen eta hori garatzeko xedapenen arabera janari naturalen baldintza betetzen badute.

2.a Soilik edo nagusiki publizitaterik ez duten liburu, egunkari eta aldizkariak, eta horiekin batera prezio bakarrean saltzen diren elementu osagarriak.

Zenbaki honetan sartuko dira berehalako emaitza liburu, egunkari edo aldizkari bat pleguan edo jarraian lortzea edo horien fotolito bat eskuratzea edo lanen xedea ondasun horiek koadernatzea duten obra exekuzioak.

Ondorio horietarako, elementu osagarritzat hartuko dira izaera gehigarria duten zinta magnetofonikoak, diskoak, bideokasetak eta bestelako soinu edo bideomagnetikazko euskarri batzuk, baldin eta liburu, egunkari eta aldizkari haiekin batera unitate funtzionala osatzen badute, haien edukia hobetuta edo osatuta, eta haiekin batera saltzen badira, betiere salbuespen hauek kontuan harturik:

a) Musika lanak bakarrik barne hartzen dituzten diskoak eta zinta magnetofonikoak, merkatuko balioa handiagoa badute horiekin batera doan liburu, egunkari edo aldizkariaren balioa baino.

b) Pelikula zinematografikoak, fikziozko edo musikazko telebistako saio edo serieak barne hartzen dituzten bideokasetak eta bestelako euskarri soinudun edo bideomagnetikoak, merkatuko balioa handiagoa badute horiekin batera doan liburu, egunkari edo aldizkariaren balioa baino.

c) Edozein bitarteko erabiliz aurreko letretan aipatutako euskarrietan grabatutako produktu informatikoak, batez ere aparte merkatuan saltzen diren programa edo aplikazioak jasotzen dituztenean.

Liburu, egunkari eta aldizkariek nagusiki publizitatea dutela ulertuko da, argitaratzaileari ematen dizkioten sarreren 100eko 75etik gora kontzeptu horregatik lortzen denean.

Zenbaki honetan sartuko dira bildumak, partiturak, mapak eta marrazketa koadernoak, artikulu eta aparatu elektronikoak izan ezik.

3.a Gizakientzako medikamentuak, bai eta sustantzia sendagarriak, sendagaiak eta horiek lortzeko ohikotasunez eta egokitasunez erabil daitezkeen tarteko produktuak ere.

4.a Mugikortasun mugatua duten pertsonentzat martxoaren 2ko 339/1990 Errege Dekretu Legegileak, Trafikoari, Motorrezko Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua onartzen duenak, I. eranskinaren 20. zenbakian aipatzen dituen ibilgailuak, betiere, abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak, Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra onartzen duenak, II.A eranskinean jasotako idazkeraren arabera, eta minusbaliatuek soilik erabiltzekoak diren gurpildun aulkiak.

Gurpildun aulkietan dauden minusbaliatuak garraiatzeko autotaxi edo autoturismo berezi gisa zuzenean nahiz aurrez egokituta erabiltzen diren ibilgailuak eta, orobat, aurrez egokituta nahiz egokitu gabe, gurpildun aulkietan dauden minusbaliatuak nahiz mugikortasun mugatua dutenak ohikotasunez garraiatzeko ibilgailu motordunak, gidaria zeinahi dutela ere.

Aurreko paragrafoan aipatutako ibilgailuei zerga tasa murriztua aplikatzeko, ezinbestekoa izango da eskuratzailearen eskubidea aldez aurretik aitortzea, eta eskuratzaileak ibilgailua zertarako erabiliko den justifikatzea.

Foru dekretu honen ondorioetarako, 100eko 33ko edo hortik gorako desgaitasun maila dutenak hartuko dira pertsona desgaitutzat. Gipuzkoako Foru Aldundiaren organo eskudunak, Adineko pertsonen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak edo Autonomia Erkidegoko organo eskudunak emandako ziurtagiria edo ebazpena aurkeztuta frogatu beharko da desgaitasun maila.

5.a Minusbaliatuentzako protesiak, ortesiak eta ezarpenak.

6.a Administrazioak erregimen bereziko babes ofizialekoak edo sustapen publikokoak kalifikatzen dituen etxebizitzak eta horiekin batera eskualdatzen diren eraikin bereko garaje eta eranskinak, salmenta sustatzaileek egiten dutenean. Ondorio horietarako, garaje plazen kopurua ezingo da bitik gorakoa izan.

Etxebizitzak errentan ematen dituzten entitateentzat Sozietateen gaineko Zergan aurreikusten den araubide berezia aplikatzen duten entitateek eskuratutako etxebizitzak, baldin eta horien geroko errentamendutik lortzen diren errentei Sozietateen gaineko Zergaren araubide berezian etxebizitzen errentamendutik eratorritako errentetarako ezarrita dagoen hobaria aplikagarria bazaie. Ondorio horietarako, entitate eskuratzaileak eragiketaren sortzapena gertatu aurretik jakinaraziko dio zirkunstantzia hori subjektu pasiboari, erregelamenduz ezartzen den eran.

2.– Zerbitzu prestazio hauek:

1.a Artikulu honetako bi.1 apartatuaren 4. zenbakiko lehen paragrafoan aipatu diren ibilgailuen eta gurpildun aulkien konponketa zerbitzuak eta prezeptu bereko bigarren paragrafoan minusbaliatuen garraiorako aipatu diren autotaxi eta autoturismoak nahiz ibilgailu motordunak egokitzeko zerbitzuak, gidaria zeinahi dutela ere.

2.a Etxebizitza gisa bakarrik erabiltzekoak diren eraikinak edo eraikin zatiak erosteko aukera duten errentamenduak, garaje-plazak barne, gehienez ere bi unitate, eta horiekin batera errentan ematen diren bertako eranskinak, baldin eta etxebizitzen kalifikazio administratiboa babes ofizialekoa bada, izan araubide berezikoak izan sustapen publikokoak.

3.a Abenduaren 14ko 39/2006 Legeak, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoak, 15. artikuluaren 1. apartatuko b), c), d) eta e) letretan aipatzen dituen zerbitzuak –telelaguntza, etxez etxeko laguntza, eguneko eta gaueko zentroak, eta egoitza arreta–, baldin eta horiek ematen badira zentro edo egoitzetan hitzartutako plazen bitartez edo enpresei esleitutako lehiaketa administratiboetan ezarritako prezioen bidez, edo, tartean, zerbitzu horiei lotutako prestazio ekonomiko bat badago prezioaren 100eko 75etik gora. Bi kasuetan, aipatutako legean xedatutakoa aplikatuta beti.

Zenbaki honetan ezarritakoa ez zaie aplikatuko foru dekretu honen 20. artikuluko bat apartatuaren 8. zenbakian jasotakoagatik salbuetsita dauden zerbitzuei.

Hiru.– Artikulu honen Bat.1 eta Bi.1 apartatuetan xedatutakoa obra exekuzioetan ere aplikatuko da, betiere foru dekretu honen 11. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zerbitzu prestazioak direnean eta haien berehalako helburua, entrega egitean, atal horietan aurreikusitako tasa murriztuetako bat aplikagarria duten ondasunetakoren bat lortzea denean.

Aurreko paragrafoan esandakoa ez da obra exekuzioetan aplikatuko horien helburua artikulu honen bat. 3 apartatuan aipatzen den babes ofizialeko etxebizitzak -erregimen berezikoak edo sustapen publikokoak- eraikitzea edo birgaitzea denean».

Lau.– Honela idatzita geratzen da 130. artikuluaren bosgarren apartatua:

«Bost.– Artikulu honen hirugarren apartatuan aipatzen den oroharreko prezioaren konpentsazioa apartatu horretan adierazten diren produktu edo zerbitzuen salmenta prezioari portzentaje hauen artean dagokiona aplikatzetik aterako da:

1.a 100eko 12, nekazaritza edo baso ustialekuetan lortutako produktu naturalak entregatzen direnean eta ustialeku horietako zerbitzu osagarriak egiten direnean.

2.a 100eko 10,5, abeltzaintza edo arrantza ustialekuetan lortutako produktu naturalak entregatzen direnean eta ustialeku horietako zerbitzu osagarriak egiten direnean.

Prezio horiek kalkulatzeko, eragiketa horiek kargatzen dituzten zeharkako zergak ez dira konputatuko, eta horien gastu gehigarri eta osagarriak ere, hau da, eskuratzaileari aparte kargatzen zaizkion komisio, enbalaje, garraio sari, garraio, aseguru nahiz finantza gastuak, ez dira kontuan hartuko.

Diru kontraprestaziorik gabeko eragiketetan, aipatu portzentajeak entregatutako produktuek edo egindako zerbitzuek merkatuan duten balioari aplikatuko zaizkio.

Eragiketa bakoitzean aplikatu beharreko portzentajea konpentsazioa jasotzeko eskubidea sortzen den unean indarrean dagoena izango da».

Bost.– Honela idatzita geratzen da 135. artikuluaren lehen apartatua:

«Bat.– Artelan, zaharkin edo bilduma-gaitzat hartzen diren ondasun higigarriak edo ondasun erabiliak birsaltzen dituzten subjektu pasiboek kapitulu honetan jasotako araubide berezia aplikatuko diete ondasun entrega hauei:

1.a Birsaltzaileak honako hauei eskuratutako ondasun erabilien, artelanen, zaharkinen eta bilduma-gaien entregak:

a) Enpresari edo profesional izaera ez duen pertsona bati.

b) Ondasunaren igorpen edo garraioaren abiapuntuko estatu kidean zergaren frankizia araubideaz baliatu den enpresari bati edo profesional bati, betiere ondasun hori enpresari edo profesionalarentzat inbertsio ondasuntzat hartzen bada.

c) Enpresari bati edo profesional bati, zergatik salbuetsitako entrega bat dela medio, foru dekretu honetako 20. artikuluaren lehen apartatuko 24. eta 25. zenbakietan xedatutakoa aplikatuta.

d) Bere entregari ondasun erabilien, artelanen, zaharkinen eta bilduma-gaien araubide berezia aplikatu dion beste subjektu pasibo birsaltzaile bati.

2.a Subjektu pasibo birsaltzaileak berak inportatutako artelan, zaharkin eta bilduma-gaien entregak.

3.a Artelanen entregak, haien egile edo eskubidedunak diren enpresari edo profesionalei eskuratuak direnean».

Sei.– Honela idatzita geratzen da 161. artikulua:

«161. artikulua.– Tasak.

Baliokidetasun errekarguaren tasak honako hauek izango dira:

1.a Orokorrean, 100eko 5,2.

2.a Foru dekretu honek 91. artikuluko lehen apartatuan ezarritako zerga tasa aplikagarria zaien ondasunen salmentan, 100eko 1,4.

3.a Foru dekretu honen 91. artikuluko bigarren apartatuan aurreikusitako zerga tasa aplikagarria zaien ondasunen salmentan, 100eko 0,50.

4.a Tabako Laboreen gaineko Zerga Berezira bildutako ondasunen salmentan, 100eko 1,75».

Zazpi.– Hamaikagarren xedapen iragankorra gehitzen da, honako hau dioena:

«Hamaikagarren xedapen iragankorra. Ondasun erabili, artelan, zaharkin eta bilduma-gaien araubide berezia.

Foru dekretu honen 136.Bat.5 artikuluan aipatutako ondasun erabilien edo ondasun higigarrien birsaltzaile diren subjektu pasiboek ondasun erabilien, artelanen, zaharkinen eta bilduma-gaien araubide berezia aplikatu ahal izango diete artelanen entregei, horiek foru dekretuak 136. artikuluan aipatutako birsaltzaileez besteko enpresari edo profesionalei eskuratuak badira, eskurapen horri zergaren tasa murriztu bat aplikagarria izan zaionean».

2. artikulua.– Zerga bereziak aldatzea.

2012ko irailaren 1etik aurrerako ondorioekin, honela idatzita geratzen da Gipuzkoako zerga araudia Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legean xedatutakora egokitzen duen martxoaren 3ko 20/1998 Foru Dekretuko 60. artikuluaren 2. epigrafea:

«2. epigrafea.– Zigarretak: hurrengo paragrafoa aplikaziozkoa den kasuak kenduta, zigarretak tasa hauek aplikatuta zergapetuko dira aldi berean:

a) Tasa proportzionala: 100eko 53,1.

b) Berariazko tasa: 19,1 euro 1.000 zigarretako.

Aurreko a) eta b) letretako tasak aplikatuta ateratzen diren kuoten batura tasa bakarraren zenbatekoa baino txikiagoa denean, zigarretak 119,1 euroko tasa bakarrarekin zergapetuko dira 1.000 zigarretako».

AMAIERAKO XEDAPENA

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean, bere xedapenetan espresuki jasotzen diren ondorioak eragotzi gabe.

Donostia-San Sebastián, 2012ko abuztuaren 28an.

Diputatu nagusia,

Martin Garitano Larrañaga.

Ogasun eta Finantza Departamentuko Foru diputatua,

Helena Franco Ibarzabal.


Azterketa dokumentala