195. zk., 2012ko urriaren 5a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (438 KB - 24 orri.)
- EPUB (297 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
4410
AGINDUA, 2012ko urriaren 3koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuena; honen bidez, gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzeko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezartzen dira.
Nazioarteko krisi ekonomikoaren ondorioz, Euskadiko biztanleria aktiboaren langabeziak gora egin du nabarmen, gazteengan bereziki. Izan ere, langabezia zein lan-ezegonkortasuna eta enplegu-kolokatasuna gazteak ari dira jasaten, nagusiki. Gazteen langabezia-tasaren igoera horrek eragin negatiboa du gazteen bizi-proiektuan, eta galera ekonomiko handiak dakartza gizarte osoarentzat, atzeratu egiten baitu produkzio-sarearen berrikuntza eta berrindartze ekonomikoa.
Batzordearen, Kontseiluaren, Ekonomia eta Gizarte Lantaldearen eta Eskualdeetako Lantaldearen 2011ko abenduko baterako komunikazioaren bidez («Youth Opportunities Initiative»), jardun ausartagoak eskatu zitzaizkien gobernuei, bai lan-merkaturako eskumen garrantzitsuen inguruko prestakuntzan, bai gazteen langabeziaren fenomenoari aurre egitera zuzenduta egongo ziren eta eskolaren eta lan-munduaren arteko trantsizioa erraztuko zuten (eta, horretarako, lehen lan-esperientzia lantokiko prestakuntzaren bitartez lortzeko aukera bultzatuko zuten) ekimen berrien garapenean.
Era berean, Gizarte Elkarrizketarako Mahaiak adostutako Langabeziaren aurkako 2012ko Planak irmo sustatzen du hezkuntza-sistemak eta lan-sistemak bultzatutako lanbide-heziketako sistema integratu baten sorrera, eta, bere neurrien artean, Prestakuntza eta Ikaskuntza Kontratuaren bidez prestakuntza-prozesuak eta enpresetako lana konbinatzeko aukera hartzen du kontuan, lanbide-heziketako eredu berri bat esperimentatzeko eta kualifikaziorik gabeko gazte langabeei lanbide-gaitasun egiaztatuak emateko.
Bestalde, ongizate-estatuari eusteko beharrezko baldintza den enpresen lehiakortasuna enpresa horien giza kapitalaren araberakoa izango da gero eta neurri handiagoan, eta etorkizunean gero eta erlazio estuagoa ezarriko da enpleguaren eta kualifikazioaren artean.
Testuinguru horretan, lanarekin txandakatutako prestakuntza ikastetxeko prestakuntza eta lantokiko prestakuntza lotzeko aukera ematen duen estrategia bihurtu da. Estrategia horrek, gainera, produkzio-sistemak behar dituen jakintza teorikoak eta praktikoak hobeto bateratzen ditu, eta prestakuntzarako eta lanerako aukerak eskaintzen dizkie gazteei, baina enpresei ere produkzio-sistemaren langile-premiak betetzeko beharrezkoak diren langileak (beharrezkoak diren kualifikazioekin) bermatzen dizkie epe laburrean eta luzean.
Euskadik esperientzia luzea du lanbide-heziketaren arloan eta lanbide-heziketako zentroen eta enpresen arteko prestakuntzaren arloko lankidetzan, eta aitzindaria da Estatuan gizarte-eragile guztiek integrazio horren alde egindako apustuan.
1990. urtean, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Legea onartu zen; handik aurrera, hezkuntza-sistemaren lanbide-heziketari buruzko arauetan lanbide-heziketako tituluak lortzeko nahitaezko modulu gisa txertatu da lantokiko prestakuntza, eta eredu bera aplikatzen da enplegurako lanbide-heziketari dagozkion profesionaltasun-ziurtagirietan.
Halaber, hezkuntza-sistemaren lanbide-heziketaren eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoak Ikasi eta Lan proiektua jarri zuen abian 2007an. Proiektu horren barruan, prestakuntza ikastetxeetan ematen zen goizean, eta lantokietan arratsaldean, eta alderdiek lanaldi erdiko lan-kontratu mugagabe ordaindu bat sinatzen zuten.
Bestalde, enpleguari buruzko abenduaren 16ko 56/2003 Legearen 25.1.d) artikuluan ezartzen denez, enplegu-politika aktiboen eremuetako bat osatzen dute enplegu- eta prestakuntza-aukerek. Artikulu horretan adierazten denez, lan bat ingurune erreal batean egitea dakarten eta lan-kualifikaziora eta lan-munduan txertatzera zuzendutako lanbide-prestakuntza edo lanbide-esperientzia eskuratzea ahalbidetzen duten ekintzak eta neurriak dira aukera horiek.
Enpleguari buruzko legearen 17. artikuluak ezartzen duenez, enplegu-zerbitzu publikoen eskumenetako bat enplegu-politikako plan propioak lantzea da, Enplegu Politikako Urteko Planaren helburuei jarraiki eta Espainiako Enplegu Estrategiarekin bat etorriz.
Enplegurako lanbide-prestakuntzaren eremuan, estatu espainolean lantegi-eskolen, ikas-ekinezko prestakuntzako ikastegien eta enplegu-tailerren bitartez garatutako prestakuntza- eta enplegu-programa publikoak lagungarriak izan dira kualifikazio-maila txikiko kolektiboak lan-merkatuan txertatzeko bide gisa. Dena dela, prestakuntza- eta kualifikazio-zeregin hori ez da produkzio-jarduerari lotuta egon. Izan ere, ez da enpresaren eremuan garatu, administrazio publikoen eta irabazi-asmorik gabeko erakundeen eremuan baizik.
Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 11.2 artikuluan araututako prestakuntzarako kontratuaren figuraren bitartez azken urteotan garatutako esperientzia izan da enpresan egindako lanarekin txandakatutako prestakuntzatik hurbilen egon dena. Hala ere, ebaluatzen zaila den urruneko prestakuntza baten bitartez garatu da esperientzia hori funtsean, eta jasotako prestakuntzaren eta lan-jardunaren arteko erlazioa ez da enpleguarekin txandakatutako prestakuntzak behar duena bezain estua eta koordinatua izan.
Egungo prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuaren erregulazio berriak enplegu-aukerak hobetzea du helburu, eta, horretarako, pertsonen kualifikazio-maila igotzea, enpresa bateko lan ordaindua eta lanbide-kualifikazioa eskuratzea ahalbidetuko duen prestakuntza konbinatzearen bidez.
Kontratu berri hori lan-eskubide eta gizarte-babeserako eskubide osoekin eratzen da, Gizarte Segurantzaren babes-ekintzak kontingentzia, egoera babesgarri eta prestazio guztiak (langabezia barne) hartzen baititu. Esperientzia hori oso neurri txikian garatu da 2011. urtearen amaieratik aurrera, eta neurriak langile gazteen kualifikazio-helburuen lorpenean eta gure enpresen produktibitatearen eta kokapenaren hobekuntzan izango duen benetako eragina ebaluatu ahal izango da datozen urteetan.
Prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuaren erregulazio berri horri eta enplegu-politika aktiboen arloko eskumenak bere gain hartu izanari esker jar daiteke abian agindu honetan arautzen den prestakuntza eta lana enpleguarekin txandakatzeko gazteentzako Hezibi Programa, lehendakariak 2011. urtean iragarritako Enplegurako Konpromisoan eta Gizarte Elkarrizketarako mahaian adostutako Langabeziaren aurkako 2012ko Planean, 2011-2013ko Lanbide Heziketako III. Euskal Planean eta 2011-2014ko Enpleguaren Euskal Estrategian bildutako helburuei eta konpromisoei jarraiki.
Hori guztia kontuan izanda, honako hau
XEDATZEN DUGU:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea honako hau da:
1.– HEZIBI Prestakuntza eta Lan Programa sortzea, eta, ildo horretan, txandakatzean oinarritutako eta lanbide-heziketako ikasleei eta langabezian dauden gazteei zuzendutako lanbide-heziketako eredu bat garatzea, enpresako lan-jarduera ordainduarekin txandakatuta profesionaltasun-ziurtagiri bat edo hasierako lanbide-heziketako titulu bat lortzearen bidez gazte horien lanbide-gaitasunak hobetzeko, eta, era horretan, enpresen premiak eta langileek eskuratutako gaitasunak egokitzen laguntzeko.
2.– Garatu beharreko prestakuntza-jarduera, horren egiaztapena, prestakuntza-zentroen eta enpresen zeregina, programaren finantzaketa eta horren babesean egindako prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuei dagozkien diru-laguntzak arautzea.
2. artikulua.– HEZIBI Prestakuntza eta Lan Programaren hartzaileak.
Lan-merkatuaren erreformarako presako neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratu bat sinatzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonei zuzenduta dago programa hau.
Programaren helburua lanbide-heziketako titulu bat lortzea denean, ikasleek lanbide-heziketako ziklo batean matrikulatuta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta egon beharko dute aldez aurretik. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeak zentroen parte-hartzea, lanbide-heziketako ikasleek programan sartzeko aukera eta programa garatzeko baldintzak arautuko ditu.
Programaren helburua profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzea denean, berriz, ikasleek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta egon beharko dute aldez aurretik.
3. artikulua.– Enpresa parte-hartzaileak eta baztertze-kasuak.
1.– Proiektu honetan parte hartzen duten enpresek, pertsona fisikoek edo juridikoek Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lantokiak izan beharko dituzte, eta horietan lan egin beharko dute ikasleek, programa honen babesean.
2.– Kontratuaren aurreikusitako hasieraren aurreko hiru urteetan laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak egin izanagatik epai irmoaren bidez kondenatutako enpresek, pertsona fisikoek edo juridikoek edo arlo horretan oso arau-hauste administratibo larria egin izanagatik irmoki zehatutakoek ezin izango dute proiektu honetan parte hartu, ezta diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dieten zigor- edo administrazio-arloko zehapena jaso dutenek edo horretarako gaitasunik gabe uzten dituen lege-debekua dutenek ere (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraiki sexu-diskriminazioa egin izanak eragindako lege-debekua barne).
3.– Nolanahi ere, negoziazio kolektiboaren eremuan kontratu mota horretarako ezarritako mugak hartuko dira kontuan.
4. artikulua.– Prestakuntza-zentroak.
1.– Prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuari datxekion prestakuntza martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak aldatutako lanbide-heziketaren eta kualifikazioen ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarrian aipatutako eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lanbide-heziketako zentro batek emango du zuzenean.
2.– Prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuari datxekion prestakuntza emateko, lanbide-heziketako irakaskuntzak emateko baimenduta edo profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera zuzendutako prestakuntza emateko edota profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera zuzendutako enplegurako prestakuntzaren urteko programazioan parte hartzeko egiaztatuta egon beharko dute prestakuntza-zentroek, horretarako aplikatu beharreko araudiari jarraiki.
3.– Prestakuntza-zentroek kalitate-estandarretan oinarritutako kudeaketa-sistemak ezarri beharko dituzte programa honen babesean garatutako prestakuntza-ekintza guztiak kudeatzeko. Halaber, programen ebaluazioak egin beharko dituzte, agindu hau garatzen duten xedapenetan ezartzen diren baldintzetan.
4.– Prestakuntza-zentroek, gainera, genero-ikuspegia txertatu beharko dute programa honen babesean garatzen diren prestakuntza-ekintzen kudeaketan.
5.– Era berean, enpresek, bakarka edo xede horretarako taldekatuta, prestakuntza lanarekin txandakatzeko proiektuak sortu eta eskatu ahal izango dituzte zuzenean, betiere dagokion profesionaltasun-ziurtagiriaren eskakizunekin bat datozen instalazioak, ekipamenduak eta irakasleak dituztenean eta prestakuntza emateko erakunde gisa egiazta daitezkeenean, eta zentroetan lanbide-heziketaren eta kualifikazioen ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarrian aipatutako prestakuntzaldi osagarriak egiteko beharra aparte utzi gabe.
5. artikulua.– Kontratazioa.
1.– Kontratazioaren modalitatea martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 11. artikuluaren bigarren atalean araututako prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratua izango da.
2.– Kontratuaren iraupena kontratu-modalitate honetarako finkatutako marjinen barruan ezarriko da, enpresako lanarekin txandakatuta ematen den prestakuntza-zikloari edo profesionaltasun-ziurtagiriari datxezkion lanbide-gaitasunak lortzeko beharrezkoa den denboraren arabera.
3.– Programari lotutako kontratuaren iraupena amaitu ondoren, ezin izango da berriz parte hartu programan, 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiri bat lortu duten parte-hartzaileen kasuan izan ezik.
6. artikulua.– Eskola-errendimendu txikia, eta ikasle-langileak ereduari uko egitea.
1.– Prestakuntza-zentroaren edo enpresaren ustez ikasle-langilearen errendimendua antolamendu-eredu berriaren arabera lanbide-heziketako titulu bati lotutako ikasketak gainditzeko egokia ez bada eta hori dioen txosten bat egiten badu, ikasleak prestakuntza-zikloa egiten jarraituko du, antolamendu-eredu arruntaren arabera.
2.– Ikasle-langileak uko egiten badio lanbide-heziketako titulu bati lotutako ikasketak antolamendu-eredu berriaren arabera egiteari, prestakuntza-zikloa egiten jarraituko du, baina antolamendu-eredu arruntaren arabera.
3.– Lan-kontratua ikasle-langilearen borondateaz bestelako edozein arrazoirengatik azkentzen bada, prestakuntza-zentroak, Hezkuntza Sailarekin edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, beste enpresa bat bilatuko du, ahal bezain laster prestakuntza-prozesua amaitu arte iraungo duen beste lan-kontratu bat egin dadin.
Hori ezinezkoa bada, ikasle-langileak bere prestakuntza-prozesuarekin jarraitu ahal izango du zentroan, prozesua amaitu arte edo egiaztapen partzial metagarri bat lortu arte.
7. artikulua.– Garatu beharreko prestakuntza-jarduera.
1.– HEZIBI Prestakuntza eta Lan Programari datxekion prestakuntza-jarduerak ikasle-langileen lanbide-kualifikazioa du helburu, betiere enpresako lan-jarduera ordainduarekin txandakatuta, eta beharrezkoa izango da lanbide-heziketako titulu bat edo profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzeko.
2.– Prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratu bat izenpetzen duten ikasle-langileek Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren gaitasun-atalei eta betetzen duten lanpostuari lotutako hasierako edo enplegurako lanbide-heziketa jaso beharko dute.
3.– Kontratatutako pertsonek ez dute egin behar izango lantokiko prestakuntza praktikoko modulua profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, edota lantokiko prestakuntzako modulua lanbide-heziketako tituluen kasuan, prestakuntza lanarekin txandakatzean egin dela ulertzen baita. Hori dela-eta, beharrezkoa izango da enpresan lan-jardueratzat hartutako ordu kopurua gutxienez ikaslea txandakatze-erregimenean egiten ari den lanbide-heziketako tituluan edo profesionaltasun-ziurtagirian ezarritakoa izatea.
4.– Prestakuntza-jardueren artean, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotu gabeko prestakuntza osagarria txertatu ahal izango da, langileen premiei zein enpresen premiei erantzuteko. Bereziki, dagokion prestakuntza-programan alor horri dagokionez jasotako prestakuntza nahikoa ez dela irizten zaionean, bete beharreko lanaren ezaugarrietara egokitutako prestakuntza-modulu bat programatu ahal izango da laneko arriskuei aurrea hartzeko.
5.– Prestakuntza-proiektu osoa 2. mailako profesionaltasun-ziurtagirirako prestakuntza jasotzeko baldintza betetzen ez duten langileen prestakuntzara zuzenduta badago, prestakuntzari probetxu ateratzeko nahikoak izango diren prestakuntza- edo lanbide-jakintzak egiaztatzeko prestakuntza txertatu beharko da kontratuari datxekion prestakuntzan, kontratuaren indarraldiaren lehen urtean, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko baldintza gisa, abenduaren 10eko 1675/2010 Errege Dekretuak aldatzen duen eta profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 5. artikuluaren 5. ataleko c) paragrafoan ezarritakoari jarraiki. Prestakuntza hori, nolanahi ere, proiektuaren xede den 2. mailako ziurtagiriaren prestakuntza-edukiei dagokiena baino lehen emango da, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua lortzeko prestakuntza edota 2. mailako ziurtagiriaren lanbide-arlo eta lanbide-eremu bereko 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prestakuntza izan daiteke.
6.– Aurreko atalean ezarritakoa aparte utzi gabe, prestakuntza-zentroan ikasten emandako denbora eta enpresan lanean emandakoa hartuko dira kontuan prestakuntza-jardueraren iraupenean, eta, guztira, gutxienez, kontratuan jasotako kualifikazioa lortzeko beharrezkoa izango da. Nolanahi ere, lanbide-heziketako tituluei edo profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien irakaskuntzak osatzen dituzten moduluetako bakoitzerako dagokion araudian ezartzen den lotutako prestakuntzaren iraupena errespetatuko da.
8. artikulua.– Prestakuntza-proiektuak sortzea eta onartzea.
1.– Prestakuntza-zentroek dinamizatuko dute prestakuntza lanarekin txandakatzeko proiektuak sortzeko aukera, dagokion lanbide-heziketako tituluari edo profesionaltasun-ziurtagiriari lotutako okupazioan edo okupazioetan kontratatzeko ahalmena duten enpresen artean.
2.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, beren eskumenen eremuan, prestakuntza-zentroek edo enpresek prestakuntza lanarekin txandakatzeko proiektuak aurkeztu ahal izateko epeak eta formulak ezarriko dituzte. Halaber, eskaini beharreko profesionaltasun-ziurtagiriak eta lanbide-heziketako tituluak finkatuko dituzte sortutako proiektuen artean, eta horiek emateko zentroak eta enpresak onartuko dituzte.
9. artikulua.– Prestakuntza emateko modalitatea.
Prestakuntza-jarduera, oro har, presentziala izango da.
Hala ere, kontratazioa egiten duen enpresak eta prestakuntza-zentroak egokiagotzat hartzen badute eta prestakuntza-jardueran eraginik ez badu, salbuespen gisa, modalitate mistoan egin ahal izango dira prestakuntza-proiektuak, eta modalitate presentziala eta urruneko prestakuntza edo lineako prestakuntza konbinatu ahal izango dira.
10. artikulua.– Tutoretzak.
1.– Enpresako tutorea. Enpresaburuak lan-jardueraren garapenaz arduratu beharko du. Ildo horretan, berak hartuko du bere gain funtzio hori lanbide-jarduera enpresan egiten duenean, edota tutore bat izendatuko du plantillaren artean. Nolanahi ere, bi kasuetan, tutoretza-funtzioa betetzen duen pertsonak profesionaltasun-ziurtagiriari dagozkion preskripzioetan prestakuntza-proiektuaren xede den lanbide-heziketako tituluko edo profesionaltasun-ziurtagiriko lanbide-kualifikaziorako eskatzen den lanbide-esperientzia izan beharko du.
Tutoreak prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratua izenpetu duen langilearen lan-jardueraren jarraipenaz eta prestakuntza-zentroarekiko koordinazio eta komunikazioaz arduratu beharko du. Tutore horrek lanpostuan egindako jardunari buruzko txosten bat egin beharko du langilearen lan-jarduera amaitzean, prestakuntza-moduluen ebaluazioetan kontuan hartu ahal izan dadin.
Hezkuntza- eta lan-arloko administrazioek, gizarte-eragileekin lankidetzan, enpresako tutoreen prestakuntza egokia bermatzeko beharrezkoak diren mekanismoak ezarriko dituzte.
2.– Prestakuntza-zentroko tutorea. Prestakuntza-zentroak prestakuntza-jardueren programazioaz eta jarraipenaz eta prestakuntza-moduluen ebaluazioaren koordinazioaz arduratuko den tutore bat izendatuko du prestakuntza-zikloan edo profesionaltasun-ziurtagirian jardun dezaketen irakasleen artean. Prestakuntza-zentroko tutoreak, halaber, enpresako tutorearekiko solaskide-lana beteko du kontratuan ezarritako prestakuntza- eta lan-jarduera garatzeko, eta bere funtzioa behar bezala beteko duela bermatzeko behar den arduraldia eskainiko dio zeregin horri.
11. artikulua.– Prestakuntza-jarduerarako akordioa prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuan.
Prestakuntza lanarekin txandakatzeko programa honetan prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuak egiten dituzten enpresek akordio bat izenpetu beharko dute prestakuntza ematen duen zentroarekin eta langilearekin. Horretarako, agindu honen III. eranskina erabiliko da lan-kontratuaren eranskin gisa. Eranskin horretan, honako alderdi hauek jaso eta adostuko dira gutxienez:
a) Prestakuntza-zentroaren ordezkariaren, enpresaren ordezkariaren eta akordioa izenpetzen duen langilearen identifikazioa.
b) Enpresako tutorearen eta prestakuntza-zentroko tutorearen identifikazioa.
c) Kontratuaren xede den profesionaltasun-ziurtagiriaren edo lanbide-heziketako tituluaren, eta, jasota dagoenean, langilearen premiei lotutako prestakuntza osagarriaren azalpen xehatua.
d) Prestakuntza-modalitatearen aipamena: presentziala, edo, salbuespen gisa, mistoa.
e) Langileak enpresako lan-jardueran eta prestakuntza-zentroko prestakuntza-jardueran izango dituen ordutegiak, egutegia, lanaldia eta programazioa, prestakuntza txandakatua kontratuaren aldi osoan ziurtatzeko.
f) Enpresan diharduen langileari eskubidez dagokion oporraldia eta prestakuntza-zentroko eskolarik gabeko aldiak uztartzeko irizpideak.
g) 7.5 artikuluan adierazitako kasuan, lehen urtean eman beharreko aldez aurreko prestakuntzaren aipamena (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua edo 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria).
Akordio hori enpresako langileen legezko ordezkariei helaraziko zaie.
Akordioari lotutako programazioa lantzea prestakuntza-zentroaren edo, hala badagokio, proiektua sustatzen duen enpresaren ardura izango da. Programazio horretan, esanbidez adierazi beharko dira prestakuntza-zentroan eta enpresan garatu beharreko prestakuntza-jarduerak eta bietan garatutakoak ebaluatzeko irizpideak. Halaber, irakaskuntza osagarriei lotutako jarduerak eta horiek ebaluatzeko irizpideak islatuko dira.
12. artikulua.– Lortutako kualifikazioaren egiaztapena.
Txandakatutako prestakuntza horren bitartez eskuratutako lanbide-kualifikazioa edo lanbide-gaitasuna Lanbide Heziketaren eta Kualifikazioen ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan aurreikusitako baldintzetan egiaztatu beharko da. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak edo Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak programaren bidez lortutako lanbide-heziketako titulua edo profesionaltasun-ziurtagiria, edota, hala badagokio, egiaztapen partzial metagarria emango du.
13. artikulua.– Finantzaketa eta baliabide ekonomikoak.
1.– Agindu honetan jasotakoa betetzea helburu duten baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira.
2.– Lanbide-heziketako tituluei lotutako prestakuntza Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak finantzatuko du.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak dagokion profesionaltasun-ziurtagiriari lotutako prestakuntzaren kostua finantzatuko du, indarrean dauden programazio-ildoen bidez onartutako urteko programazioari jarraiki.
Enpleguarekin txandakatutako eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzera bideratutako prestakuntza-proiektu bat onartuz gero, 3.000 euroko diru-laguntza emango zaio prestakuntza-zentroari ziurtagiria emateko. Era horretan, prestakuntza-proiektuaren onuradunak garatutako bitartekotza, kudeaketa eta tutoretzako jarduerak finantzatuko dira.
Proiektu bat onartzeko, ezinbestekoa izango da prestakuntza-ekintza egiten duten ikasle guztiak kontratatzeko adina enpresa egotea, prestakuntza-zentroak taldea bitan banatzeko eta prestakuntza talde bereizietan emateko edukiera duenean izan ezik (talde batek prestakuntza arrunta egingo du, eta besteak enpleguarekin txandakatuta). Kasu horretan, prestakuntza enpleguarekin txandakatuta jasoko duen taldea bost lagunek osatuko dute gutxienez, eta zentroak 3.000 euro gehigarri jasotzeko eskubidea izango du, taldeen bereizketa horrek dakartzan gastuei aurre egiteko.
4.– Enpresek programa honen babesean izenpetutako prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuetan betetzen duten prestakuntza-lana finantzatuko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak; horretarako, 2.000 euro emango ditu kontratuaren urte bakoitzeko. Prestakuntza-programaren iraupena urtebetetik gorakoa bada, zenbateko hori proportzioan igoko da, iraupenaren arabera. Era berean, proportzioan murriztuko da zenbateko hori, kontratua agindu honen 16. artikuluan azaldutako arrazoietako edozeinengatik amaitzen bada.
5.– Programa finantzatzeko zuzkidura ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan edo aurrekontu-izaerako lege-mailako arauetan esleituko da. Aurrekontu-ekitaldi baten barruan emango diren laguntzen bolumen osoak ez du gaindituko adierazitako diru-kopurua. Halaber, indarrean dagoen legeriaren araberako aurrekontu-aldaketak onartzen badira, laguntzen bolumen osoak ezin izango du horrela eguneratutako kopurua gainditu.
Programa honen esparruan egindako prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuetarako diru-laguntza, eta Hezibi programaren barruan enpleguarekin txandakatuta profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko proiektuen kostu gehigarria finantzatzera bideratutako urteko zuzkidura argitaratuko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Lanbideren Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpen bidez, eta diru-laguntzak eskatzeko irekitako aurkezpen-epea adieraziko du.
6.– Laguntzetarako aurrekontuan helburua betetzeko behar besteko krediturik ez badago, laguntzak ez dira onartuko, eta, hartara, Agindu honek eta garapen-arauek beste laguntza batzuk emateko duten eraginkortasuna baliogabetuta geratuko da. Horregatik guztiagatik, Agindu hau indarrean dagoen bitartean ekitaldi ekonomiko batean laguntzak emateko ezarritako kreditua agortuz gero, Lanbideko zuzendari nagusiak egoera horren berri emango du ebazpen administratiboaren bidez, eta, ebazpen horretan, kreditua noiz agortu den azaldu beharko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
14. artikulua.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-proiektuen eskaerak aurkeztea. Prozedura eta ebazpena.
1.– Profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzera zuzendutako prestakuntza-ekintzei dagokienez, 4. artikuluan adierazitako enpresek edo prestakuntza-zentroek prestakuntza-ekintza horiek enpleguarekin txandakatutako prestakuntza-proiektuetan eraldatzeko edo horietara jotzeko eskaerak aurkeztuko dituzte, agindu honetan xedatutakoaren babesean.
Eskaerak eskabide normalizatuan aurkeztuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu nagusietako erregistroan (Jose Atxotegi kalea, 1, 01009, Vitoria-Gasteiz). Eskabidea, halaber, interneteko www.lanbide.net web-orrian deskargatu ahal izango da. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
Eskaera-eredua agindu honen I. eranskinean txertatu da. Eredu hori aldatu ahal izango da prestakuntza enpleguarekin txandakatzeko Hezibi programa finantzatzeko urteko zuzkiduraren berri ematen duen Lanbideren Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpena argitaratzean.
Nolanahi ere, enpleguarekin txandakatzeko prestakuntzari lotutako informazio guztia eta proposatzen diren prestakuntza- eta lan-egutegiak bilduko ditu eskaerak, eta enpresa parte-hartzaileek kontratatzeko hartutako konpromisoa erantsiko zaio, II. eranskinari jarraiki.
Eskaerak eskatutako betekizunak betetzen ez baditu, eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, hutsegitea edo akatsa zuzentzeko. Zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazkuntzari jarraiki) aurreikusitako ondorioak izango ditu horrek.
2.– Enpleguarekin txandakatutako prestakuntza-proiektuetan eraldatzen diren edo horietara jotzen duten, eta profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzera bideratuta dauden prestakuntza-ekintza arruntetarako agindu honetan aurreikusitako diru-laguntza gehigarriaren emakida izapidetzeko, ondoren deskribatuko dugun prozedurari jarraituko zaio.
Agindu honen baldintzak betetzen dituzten eskaerak espedientea osatu ahala ebatziko dira, profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-proiektuak onartzeko baliabide ekonomikoak agortu arte.
Eskaerak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura duen organoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegurako Prestakuntza Zuzendaritza da. Enplegurako Prestakuntzako zuzendariaren kargua duen pertsonak ebazpen-proposamen bat emango du, eta ebazteko eskumena duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiari helaraziko dio.
Prozeduraren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera kontatzen hasita. Epe hori igaro eta esanbidezko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaera baietsitzat hartu ahal izango da.
Ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren aurrean hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jarri ahal izango da Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita.
3.– Onarpenaren ebazpena eman ondoren, titulartasun publikoko zentroekin kudeatzeko gomendioa eta arau honetara eta horren araberako finantzaketara egokitutako profesionaltasun-ziurtagiriak emateko zentro pribatuekin egindako hitzarmenak zabaltzearen bidez gauzatu ahal izango dira proiektu horiek.
4.– Profesionaltasun-ziurtagiriari lotutako prestakuntza-ekintza emateko emandako diru-laguntzaren diru-laguntza gehigarria emakidaren ondoren ordainduko da ordainketa bakar batean, enpleguarekin txandakatutako prestakuntza-proiektua onartzen den ekitaldi arruntean programa honetara zuzendutako aurrekontu-zuzkiduraren kontura.
Ordainketa egin aurretik, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatuko duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko dituzte zentro eta erakunde onuradunek, betiere arloan indarrean dagoen araudiari jarraiki beharrezkoa bada.
5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenen jakinarazpen indibidualizatua eta esanbidezkoa aparte utzi gabe, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez deialdi honen babesean emandako laguntzen onuradun izan diren erakundeen zerrenda argitaratuko da EHAAn.
15. artikulua.– Lanbide-heziketako titulu bat lortzeko prestakuntza-proiektuen eskaerak aurkeztea.
1.– 4. artikuluan kontuan hartutako prestakuntza-zentroek agindu honetan xedatutakoari jarraiki aurkeztuko dituzte prestakuntza-proiektuak baimentzeko eskaerak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean, lanbide-heziketako tituluak direnean, eta hark eskaerak baimendu edo ezetsiko ditu.
2.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak epeak ezarriko ditu zentro horiek lanbide-heziketako tituluak lortzeko prestakuntza-proiektuak aurkez ditzaten, eta horien inguruko ebazpena emango du, ikasturteko hezkuntza-eskaintzaren plangintzaren esparruan.
3.– Eskaerek, nolanahi ere, honako dokumentazio hau jasoko dute:
a) Tituluaren edo ziurtagiriaren izena, lanbide-profila eta osatzen duten prestakuntza-moduluak eta gaitasun-atalak.
b) Prestakuntza-programa, enpresaren edo langilearen premiei lotutako prestakuntza osagarria barnean hartuta, hori jasota dagoenean.
c) Enpresa laguntzaileak.
d) Ikasleen zerrenda.
e) Zentroetako eta enpresa laguntzaileetako tutoreen zerrenda.
4.– Proiektuak onartu ondoren, jakinarazpena igorriko zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, enpresek kontrataziorako eskatutako diru-laguntzaren emakidarako.
16. artikulua.– Programa honen esparruan prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuak egiten dituzten enpresentzako diru-laguntza.
1.– Agindu honetan araututako prestakuntza lanarekin txandakatzeko programaren esparruan prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuak egiten dituzten enpresek 2.000 euroko diru-laguntza eskatu ahal izango dute kontratuaren urte bakoitzeko. Prestakuntza-programaren iraupena urtebetetik gorakoa bada, zenbateko hori proportzioan igoko da, iraupenaren arabera. Era berean, zenbateko hori proportzioan murriztuko da 6. atalean azaldutako kasuen arabera.
2.– Pertsona fisiko edo juridikoek aukera izango dute artikulu honetan ezarritako laguntzen onuradun izateko, Administrazio Publikoek eta haien mendeko pertsona juridiko publikoek izan ezik, betiere nagusiki kapital publikoaren partaidetza badute.
3.– Diru-laguntzarako eskaerak aurkezteko gehieneko epea hilabetekoa izango da, lan-harremana hasten denetik aurrera kontatzen hasita.
4.– Eskaerak agindu honen IV. eranskin gisa jasotako eskabide normalizatuan aurkeztuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu nagusietako erregistroan (Jose Atxotegi kalea, 1, 01009, Vitoria-Gasteiz). Eskabidea, halaber, interneteko www.lanbide.net web-orrian deskargatu ahal izango da. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Hirugarren interesdunaren datu-altako fitxa, eskatzaileak sinatua eta dagokion banku-erakundeak sinatua eta zigilatua.
b) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, Nortasun Agiri Nazionalaren kopia; gainerako kasuetan, Identifikazio Fiskaleko Txartelarena.
c) Diru-laguntzaren xede den lan-kontratuaren kopia.
d) Pertsona edo erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatuko duten ziurtagiri eguneratuak.
Eskaerak eskatutako betekizunak betetzen ez baditu, eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, hutsegitea edo akatsa zuzentzeko. Zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazkuntzari jarraiki) aurreikusitako ondorioak izango ditu horrek.
5.– Diru-laguntza espedientea osatu ahala emango dira horretarako zuzendutako baliabide ekonomikoak agortu arte, agindu honetan araututako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.
Eskaerak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura duen organoa Enplegurako Prestakuntza Zuzendaritza da.
Prozeduraren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera kontatzen hasita. Epe hori igaro eta esanbidezko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaera baietsitzat hartu ahal izango da.
Ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren aurrean hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jarri ahal izango da Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita.
Diru-laguntza emakidaren ondoren ordainduko da (% 30 kontratua hasten den urtean, eta gainerako % 70 hurrengo ekitaldian, kontratuaren azken hilabetean).
6.– Lan-kontratuagatiko diru-laguntza osorik kobratzeko eskubidea izateko, beharrezkoa izango da ikasle-langilea prestakuntza jasotzera joan izana eta prestakuntzari probetxu atera izana, honako irizpide hauen arabera:
a) Prestakuntza-zentroaren ustez ikasle-langilearen errendimendua eredu berriaren arabera ikasketak gainditzeko egokia ez bada, txosten bat egingo du, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari helaraziko die. Lanbide-heziketako titulu bati lotutako prestakuntzaren edota profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prestakuntzaren kasuan, Lanbideri baino ez dio jakinaraziko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enpresa kontratatzaileari jakinaraziko dio, eta, eskaera egin aurretik, ikasle-langileak programan emandako denborari dagokion diru-laguntza ordainduko du.
b) Ikasle-langileak uko egiten badio lanbide-heziketako ikasketak antolamendu-eredu horren arabera jarraitzeari, ikastetxeak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emango die horren berri; eta lan-kontratua ikasle-langileari egozteko moduko arrazoiren batengatik azkentzen bada, diru-laguntza likidatuko da enpresan baja ematen den egunean, enpresak aldez aurretik eskaera egin ondoren.
c) Lan-kontratua enpresari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik azkentzen bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea azkenduko da, eta ikasle-langileari eskatuko zaio jasotako diru-kopuru osoa itzul dezan 21. artikuluan aurreikusitako prozeduraren bitartez.
Lan-kontratua Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 51. artikuluan aurreikusitako arrazoiengatik azkentzen bada, diru-laguntza lortzeko aukera galduko da, eta ez da eskatuko jasotako diru-kopuruak itzultzea.
d) Programaren barruan enpresa epai irmoaren bidez kondenatzen badute laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delitua egin izanagatik, zehapen irmoa ezartzen badiote arlo horretan oso arau-hauste administratibo larria egin izanagatik, zigor- edo administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zehazpena ezartzen badiote, edota horretarako gaitasunik gabe uzten duen lege-debekua ezartzen badiote (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraiki sexu-diskriminazioa egin izanak eragindako lege-debekua barne), diru-laguntza jasotzeko eskubide osoa azkenduko da, eta jasotako diru-kopurua itzul dezan eskatuko zaio 21. artikuluan aurreikusitako prozeduraren bitartez.
17. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintza orokorrak.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko eta ordaintzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Zentro eta erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak arlo horretan indarrean dagoen araudiari jarraiki betetzen dituztela egiaztatzea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen eta diru-laguntzen esparruan hasitako edozein itzultze-prozedura edo zehapen-prozedura amaituta egotea.
c) Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zehapenik jaso ez izana, eta horretarako gaitasunik gabe uzten duen lege-debekurik jaso ez izana (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraiki sexu-diskriminazioa egin izanak eragindako lege-debekua barne).
d) Oro har, gastuak justifikazio-memoria edo justifikazio-kontu sinplifikatu batean jasoko dira, eta egindako gastuak xehatuko dira bertan.
18. artikulua.– Prestakuntza-zentroen eta enpresen betebeharrak.
1.– Laguntzen onuradun diren prestakuntza-zentroek eta enpresek, nolanahi ere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku-hartze organoek, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jardunak onartuko dituzte, eta lokaletarako eta instalazioetarako sarbidea eta prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenekiko eta elkarrizketatu beharreko gainerako pertsonekiko harremana erraztuko dute.
Kontrol-jarduerak onartzeko betebehar orokor horren esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:
● Finantzatutako ekimena egikaritzeari edo ekimenaren bideragarritasunari lotutako edozein informazio ematea, eta prestakuntza-programaren eta horren ebaluazioaren inguruan eskatzen zaion jarraipen-dokumentazioa betetzea eta bidaltzea.
● Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetan diru-laguntzak edo laguntzak eskatu edo eskuratu dituela, programan diruz lagundutako jarduera osoa edo jardueraren zati bat eraginpean hartzen denean.
● Diruz lagundutako jardueraren xedea edo izaera funtsean aldatzen duen edozein gorabeherarako baimena eskatzea, eta diru-laguntza emateko kontuan hartu den edozein alderdiren aldaketa jakinaraztea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintza garatzen den bitartean horren jarraipenaz gain, auditoria- eta ikuskapen-plan bat ezarri ahal izango du arau honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, baita diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintza errealak egiaztatzeko ere, Ekonomia eta Ogasun Sailak arlo horretan dituen eskumenak aparte utzi gabe.
Enpresek araudi honen arabera diruz lagundutako kontratazioak egin behar direla jakinarazi beharko diete langileen ordezkariei, baita kontratazio horiei dagozkien baldintza eta eskakizunak ere.
19. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da eta diru-laguntzen onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzei eutsiko zaie, betiere aldaketa behar bezala haztatuta eta prestakuntza-programaren garapenean duen eragina kontuan hartuta. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultze-prozedurari hasiera emango zaio.
20. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honetan programako prestakuntza-proiektuak egiteko deskribatutako laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin; nolanahi ere, hainbat finantzaketa-iturritatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu diru-laguntzaren xede diren prestakuntza-ekintzen benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da. Edonola ere, 18. artikuluan adierazitako komunikazio-betebeharrak bete beharko dira.
Agindu honetan deskribatutako kontrataziorako laguntzak bateragarriak izango dira erakunde honek edo beste erakunde publiko batzuek kontratazio beragatik ematen dituzten beste diru-laguntza batzuekin, Gizarte Segurantzarako kotizazioei lotutakoak barne; nolanahi ere, finantzaketa-iturri horietatik lortutako laguntzen guztizko zenbatekoak ez du gaindituko langilearen soldata-kostua.
21. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako diru-laguntzak itzultzea.
1.– Jasotako diru-laguntzak osorik edo horien zati bat itzuli egin beharko da honako kasu hauetan:
● Jarduera egin izana eta laguntza emateko bete beharreko baldintzak eta betekizunak bete izana justifikatzeko betebeharra ez betetzea.
● Diru-laguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.
● Jarraipen- eta kontrol-jardunak ez onartzea edo oztopatzea.
● Diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruzko datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.
● Agindu honetan finkatutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.
2.– Itzultzeko prozedurari Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emango dio hasiera, eta laguntzaren onuradunari jakinaraziko dio, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, alegazioak edo egokitzat jotzen dituen egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio; hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren berme eta itzulketen erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.
3.– Alegazioak aurkezteko epea amaitu eta alegaziorik aurkeztu ez bada, edo atzera bota badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
4.– Ebazpenean baldintzak urratu direla adierazten bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko da eta, hala badagokio, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari kasuan-kasuan dagokion zenbatekoak itzultzeko betebeharra ezarriko da. Zenbateko horiek itzultzeko, Ebazpenaren jakinarazpena egiten denetik bi hilabeteko epea utziko da. Epe hori borondatezko aldiko epetzat hartuko da.
Borondatezko aldian itzultzen ez bada, dagozkion izapideei hasiera emango zaie premiamendu-bidetik berreskuratzeko.
22. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.
Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere fitxategi automatizatuetan sartuko ditu deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betez lortutako datu pertsonalak.
Halaber, interesdunek Legean aurreikusitako datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte; horretarako, idazki bat bidali beharko dute hori jakinaraziz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009, Vitoria-Gasteiz).
23. artikulua.– Jarraipena eta ebaluazioa.
1.– Lanbide-heziketaren arloan eskumenak dituzten sailek proiektuen jarraipena eta ebaluazioa egingo dute.
Zentroek proiektuetan matrikulatutako ikasleei buruzko informazioa jaso beharko dute Memoria batean, eta prestakuntza bertan behera uzten duten ikasleen eta arrakastaz amaitzen dutenen berri adierazi beharko da bertan. Bereziki, honako hauek kontuan hartuta: parte hartzen duten ikasleen adierazleak, sexuaren arabera bereiziak, lanbide-eremuak, sexuaren arabera bereiziak, lanpostuan jarraitzeko aukera, ikasleen lan-munduratzea sexua eta eremua, eta abar. Ildo horretan, proiektua amaitu eta bi urtera enpresan proiektuaren lanbide-eremuko funtzioak betetzen jarraitzen duten ikasleen jarraipena egingo dute. Informazio hori zentroan gordeko da, eta administrazioarentzat eskuragarri egongo da.
Hezkuntza Ikuskaritzak prestakuntza-programen garapenaren jarraipena eta ikuskapena egingo du.
2.– Agindu honen babesean egindako lan-kontratuen prestakuntza-helburua bermatzeko, programaren jarraipena eta ebaluazioa egiteaz arduratuko den hiru alderdiko batzorde paritario bat sortuko da. Otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, batzorde hori osatzean kontuan hartu beharko da emakumeen eta gizonen ordezkaritzak orekatua izan behar duela, agindu honen babesean egindako lan-kontratuen prestakuntza-helburua bermatzeko trebakuntza, gaitasuna eta prestaketa egokia duten pertsonen artean. Zehazki, hezkuntzaren eta enpleguaren arloan eskumena duten sailek eta ordezkaritzarik handiena duten gizarte-eragileek –Gizarte Elkarrizketarako mahaiaren akordioak sinatu zituztenek– osatuko dute batzorde hori.
Batzordeak etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo du, programaren garapenari buruzko urteko txosten bat egingo du gutxienez, eta Lanbideren Administrazio Kontseiluari, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluari eta Gizarte Elkarrizketarako Mahaiari helaraziko die txosten hori.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eskubidea.
1.– Agindu honetan ezarritakoaren ondorioz pertsona fisikoek edo pertsona juridikoen ordez-kariek Administrazio Publikoarekin dituzten harremanetan, harremanak, ahoz nahiz idatziz, euskaraz eta gaztelaniaz ezartzeko eta erantzuna hizkuntza berean jasotzeko eskubidea bermatuko da.
2.– Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeari dagokionez, programaren jarraipena eta ebaluazioa egiteaz arduratutako hiru alderdiko batzorde paritarioko kideek euskara eta gaztelania erabili ahal izango dute bileretan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko aukera bermatuko da deialdietan, gai-zerrendetan, aktetan eta/edo beste idazkietan.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuaren konturako zuzkidura ekonomikoa eta 2012rako eskaerak aurkezteko epea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2012ko ekitaldiaren konturako programa finantzatzeko bideratutako baliabide ekonomikoak 1.000.000 eurora iritsi dira; horietatik, 300.000 euro 2012ko ordainketa-kredituaren kontura izango dira, eta 700.000 euro 2013ko konpromiso-kredituaren kontura.
2012an eskaerak aurkezteko aldia honako hau izango da:
● Prestakuntza-proiektuen eskaera aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi, eta 2012ko urriaren 19an amaituko da. Prestakuntza-proiektuak hasteko mugako eguna 2012ko urriaren 31 izango da.
● Programa honen esparruan egindako kontratuei dagokien diru-laguntzaren eskaerak aurkezteko epea 2012ko azaroaren 15ean amaituko da, eta ezein kasutan ezin izango da gainditu hilabeteko epea, lan-harremanaren hasieratik aurrera kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraiki.
Bigarrena.– Aplikazio-ahalmenak.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari eta Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeari ahalmena ematen zaie beren eskumenen eremuan agindu hau aplikatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartzeko.
Hirugarrena.– Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 3a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.