171. zk., 2012ko irailaren 3a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (168 KB - 3 orri.)
- EPUB (98 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3963
ERABAKIA, 2012ko uztailaren 19koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena, Vitoria-Gasteizko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolaren arautegia onartzeko dena.
2012ko otsailaren 23ko Erabakiaren bidez, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak ikastegietarako arautegi markoa onetsi zuen, Gobernu Kontseiluaren 2011ko ekainaren 23an onetsitako garapen-arautegia berrikusteko egutegia beteaz.
Arautegi marko hori oinarrizko arautegi gisa eratu da. Beraz, sailek horren gaineko alderdien inguruan arautu beharrekoaz erabaki dezakete, modu horretara, zeinek bere antolamendu autonomia bermatuz.
Ikastegien arautegi markoaren bigarren xedapen iragankorrak sei hileren epea ematen zuen, indarrean sartu zen egunetik hasita, ikastegiek bertan adierazitakora ekarri eta molda zitzaten tokian tokiko arautegiak.
Gasteizko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolak, arautegi honen babesera etorrita, onartu egin zuen ikastegi batzarrak 2012ko ekainaren 22an egindako bileran bertako arautegiaren arautegi marko berrirako egokitzapena.
Hori guztia kontuan hartuta, eta ikusita idazkari nagusiaren proposamena, Gobernu Kontseiluak honako hau
ERABAKITZEN DU:
Lehenengoa.– Gasteizko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolaren arautegia onartzea.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Hirugarrena.– Gasteizko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolaren arautegia argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Leioa, 2012ko uztailaren 19a.
Errektorea,
Iñaki Goirizelaia Ordorika.
Idazkari nagusia,
Eva Ferreira García.
ERANSKINA
GASTEIZKO ENPRESA IKASKETAN UNIBERTSITATE ESKOLAREN ARAUTEGIA
1. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 9.2 artikuluaren zehaztapena.
2.– Ikastegiko Batzarrak 15 kide hautetsi izango ditu era honetara banatuta sektoreen arabera:
Unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzaileak: 9.
Gainerako irakasle eta ikertzaileak: 1.
Ikasleak: 3.
Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 2.
2. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 14.1 artikuluaren zehaztapena.
1.– Euskarako Batzordea eratuko da, parte hartze, kontsulta eta aholkurako organoa izango dena. Batzordeko burua zuzendaria izango da edo hark bere ordez izendatutakoa, administrazio eta zerbitzuetako pertsonaleko kide bat eta ikasle bat, Batzarrak izendatuak estamentu bakoitzaren proposamenez, eta ikasturtez ikasturte berrituko da.
3. artikulua.– Berdintasuneko Batzordea. Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 5.2.l) artikuluaren zehaztapena.
5.– Eginkizunak: 2.– Hauek dira ikastegiaren eginkizuna: l) Ikastegian genero berdintasuna lortzeko neurriak hartzea. Berdintasun Batzordea eratu bitartean, arlo honetako eginkizunak indarreko berdintasun planari jarraituz beteko dira, bai eta ezar daitekeen gainontzeko araudiari jarraituz ere, administrazio eta zerbitzuetako kide bat batzarrak aukeratua.
4. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 10.2.b) artikuluaren zehaztapena.
2.– Ikastegiko Batzarren eginkizuna da ikastegiko arlo akademikoan eragina duten oinarrizko erabakiak hartzea, eta, bereziki, ikastegiko zuzendaria aukeratzea.
5. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluaren zehaztapena
Ikastegiko zuzendaria hautatzeko, botoa aldez aurretik ematea onartuko da, Hauteskundeei buruzko arautegi orokorreko 7. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.
6. artikulua.– Zuzendaria aukeratzeko hautagai-zerrendak. UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 18.4 artikuluaren zehaztapena.
4.– Ikastegiko zuzendariaren kargurako hautagai zerrendari gobernu taldearen egitura eta programa erantsi behar zaizkio.
7. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 19.2 artikuluaren zehaztapena.
2.– Botoa eskuordetu egin daiteke, hauteskundeetan izan ezik. Botoa eskuordetuko duenak horren berri eman beharko die organoko kide guztiei bozketa baino lehen, eta botoa eskuordetuta daukanak botoa eskuordetuta daukala erakusten duen agiri sinatua aurkeztu behar du botazio egunean.
Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Organoak eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko eskuordetutako botoak.
Organoko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsi behar zaio.
8. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 24.4 artikuluaren zehaztapena.
4.– Errektoreak izendatutakoan hasiko da ikastegiko zuzendaria bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtekoa izango da, eta karguan elkarren segidako bi agintaldi bete ditzake.
9. artikulua.– Epaimahaiak.
Beharrezkoa izanez gero epaimahaia eratzea 1., 2., 3. edo 4. deialdirako, 5. eta 6. deialdietako epaimahaiak arituko dira, ikasleen ebaluazioari buruzko arautegiak dioen moduan.
10. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.
2.– Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena astebetean gauzatuko da, idazkariak jakinarazi duenetik kontatzen hasita.
11. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.
3.– Ikastegiko Batzarraren bilerarako deia behin eginda, edozein kide hautetsik, 48 orduko epean, eskari arrazoitua egin ahal izango du, ikastegiko idazkaritzan, bere ordezkoa joateko bilerara. Zuzendaritza taldeak ebatziko du eskaria, azaldutako arrazoiak kontuan hartuta. Ordezkoa onartzearen alde agertuz gero, batzordekidearen ordezkoa zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsia izango da.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Ikastegien Oinarrizko Arautegiko bigarren xedapen iragankorrari jarraituz, Ikastegiko Batzarrak egungo osaera bera izango du batzordea berritu arte; izan ere, egungo batzarra 2011ko maiatzaren 18an aukeratu zen UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrari jarraituz.