166. zk., 2012ko abuztuaren 27a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (981 KB - 52 orri.)
- EPUB (1162 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
3875
EBAZPENA, 2012koaren uztailaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistemaren esparruko eta eskaintza-prestakuntzaren arloko 2012ko diru-laguntzetarako deialdia argitaratzen duena, lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak egiteko. Deialdia Lanbideren Administrazio Kontseiluaren 2012ko uztailaren 16ko Erabakiaren bidez onartu zen.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2012ko uztailaren 16ko bileran hartutako Erabakiaren bidez, lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak egiteko enplegurako lanbide-heziketako azpisistemaren esparruko eta eskaintza-prestakuntzaren arloko 2012ko diru-laguntzen deialdia onartu du, eta, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian xedaturikoarekin bat etorriz, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio argitaratzea.
Adierazitako guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Enplegurako lanbide-heziketaren azpisistemaren esparruko eta eskaintza-prestakuntzaren arloko 2012ko diru-laguntzetarako deialdia argitaratzea, lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak egiteko. Deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren 2012ko uztailaren 16ko Erabakiaren bidez onartu zen, eranskin gisa jasoa ebazpen honetan.
Bigarrena.– Jakinarazi laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiak ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
Hirugarrena.– Jakinarazi deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Akordioaren aurka berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dela organo horretan bertan, hilabeteko epean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dela Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegian, bi hilabeteko epean, argitalpen horren biharamunetik zenbatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 26a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JAVIER RAMOS SALAZAR.
ERANSKINA
2012KO URTERAKO DIRU-LAGUNTZETARAKO DEIALDIA EGITEN DA, HONEN BIDEZ, ENPLEGURAKO LANBIDE-HEZIKETAREN AZPISISTEMAREN ESPARRUAN ETA ESKAINTZA-PRESTAKUNTZAREN ARLOAN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANGABEEI LEHENTASUNEZ ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZA-EKINTZAK EGITEKO
Enpleguari buruzko abenduaren 16ko 56/2003 Legearen 26. artikuluak Enplegurako Lanbide Heziketaren legezko esparrua ezartzen du, eta, adierazten duenez, enplegurako prestakuntza-azpisistemaren prestakuntza-ekintzak lanbide-gaitasunak eta lanbide-kualifikazioak eskuratzera, hobetzera eta eguneratzera zuzenduta daude, eta, horretarako, biztanleria aktiboaren bizitza osoko prestakuntza bultzatu eta pertsonen, enpresen, lurraldeen eta produkzio-sektoreen premiak kontuan hartuko dira.
Halaber, Enpleguari buruzko Legeak, otsailaren 18ko 3/2011 Errege Lege Dekretuaren bidez gaineratutako 19 quater artikuluan, langabeei zuzendutako Enplegu Zerbitzu Publikoen zerbitzu-katalogoaren barruan sartzen ditu «enplegurako lanbide-heziketako ekintzen eskaintza –Profesionaltasun Ziurtagirien Katalogoaren bidezko egiaztapen ofizialarekin, Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotuta daudenean–, eta egindako prestakuntzaren inguruko lanekoak ez diren praktiken sustapena».
Enplegurako lanbide-heziketako azpisistema arautzen duen martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuak azpisistemaren helburuak lortzeko beharrezkoak diren prestakuntza-programazioko eta prestakuntza-eskaintzako bideak ezartzen ditu, eta helburu horiei lotu gabeko profesionaltasun-ziurtagiriak eta prestakuntza-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza garatzeko (eta, era horretan, lan-merkatuaren eta produkzio-sektoreen premia aldakorretara egokitzeko) premia jasotzen du.
Enplegurako lanbide-heziketako ekintzak langabezian dauden langileei enplegagarritasuna sustatzeko eskain dakizkiekeen zerbitzu nagusietako bat dira. Izan ere, lanbide jakin bat garatzera bideratutako kualifikazioa hobetzeko aukera ematen dute, lanbide-arlo jakin baten jakintza bereziki lantzen dute, eta sektore eta jarduera ekonomiko guztiei aplikatzeko moduko tresnak eta gaitasunak eskaintzen dituzte. Ildo horretan, enplegurako lanbide-heziketa, oro har, enplegu-politika aktiboen tresnarik biribilena da, eta era orokorrean eta bateratuan hartzen ditu kontuan orientazio- eta aholkularitza-lana, prestakuntza-ekintza egiteko lana (alderdi teorikoa eta praktikoa kontuan hartuta), lanekoak ez diren lanbide-praktikak, kontratazio-konpromisoen eskaintza, eta, batez ere, lanbide-heziketako azpisistema honetan langabeekin eta landunekin garatzen den prestakuntza- eta lanbide-ibilbidearen dimentsioa.
Europar Batasunean, Etengabeko Ikaskuntza enplegu-estrategiaren oinarrizko zutabetzat hartzen da jakintzan oinarritutako ekonomia batean, globalizazio ekonomikoaren ondoriozko aldaketa ekonomikoei eta sozialei erantzuteko, enplegua sendotzeko eta erreforma ekonomikoan eta gizarte-kohesioan laguntzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak, uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuan emandako idazketan, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari esleitzen dio, enplegu-politikari lotutako funtzioen barnean, enplegurako lanbide-heziketako azpisistemaren gaineko eskumen osoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak pertsonen bizitza osoko etengabeko ikaskuntzari dagokionez dituen eskumenak bazter utzi gabe.
Bestalde, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, beste zenbait funtzioren artean, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa, dagozkien diru-laguntzetarako deialdien onespena eta izapidea barne, Organismo Autonomoko Estatutuetako 3.b) artikuluan ezarrita dagoenez, 82/2008 Dekretuak onartuta. Enplegurako prestakuntzaren barruan, eskaintza-prestakuntzari dagokionez, lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak daude.
3/2011 Legearen 8. artikuluan xedatutakoari jarraiki, Lanbideren Administrazio Kontseiluari dagokio enplegu eta prestakuntzaren arloko laguntzetarako deialdiak egitea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, bere funtzioak betez eta lan-merkatuaren lan-sarean ikusitako premiak kontuan hartuta, Euskadiko lurralde-eremuan garatu beharreko prestakuntza-ekintzen plangintza egin du prestakuntza-espezialitateen arabera, langabeen ezaugarrietara eta produkzio-sektoreen premietara egokitzeko lehentasunez. Prestakuntza-ekintzen plangintza horretan oinarrituta, egin beharreko ekintzen programazio-eskaintza finkatu da, eta, horrekin batera, programatu beharreko prestakuntza-espezialitateak, prestakuntza-moduluak eta prestakuntza-orduak, ikastaroen kopurua eta lurralde-banaketa, deialdi honen I. eranskinaren (Profesionaltasun Ziurtagiriak) eta II. eranskinaren (izaera orokorreko espezialitateak) arabera.
Hori guztia dela-eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendari Nagusia egindako proposamena aztertu ondoren, Administrazio Kontseiluak, 2012ko uztailaren 16an egindako bileran, 2012ko urterako diru-laguntzetarako deialdia onartu du. Honen bidez, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistemaren esparruan eta eskaintza-prestakuntzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei lehentasunez zuzendutako prestakuntza-ekintzak egiteko, hurrengo baldintzetan:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistemaren esparruan eskaintza-prestakuntzaren arloko 2012ko diru-laguntzetarako deialdia arautzea da, lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak (martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuan eta martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduan arautuak) egiteko.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honen xede diren prestakuntza-ekintzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 25.000.000 eurora iristen dira; horietako 13.750.000 euro 2012ko ordainketa-kredituaren konturakoak dira, eta beste 11.250.000 euro, berriz, 2013ko konpromiso-kredituaren konturakoak.
3. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko jarduna.
1.– 10. artikuluan aurreikusitako hartzaileei zuzenduta dauden eta programatu beharreko eta Deialdi honen I. eranskinean (Profesionaltasun Ziurtagiriak) eta II. eranskinean (izaera orokorreko espezialitateak) jasotako prestakuntza-eskaintzaren barruko espezialitateei lotuta dauden prestakuntza-ekintzak egikaritzeak jaso ahal izango du diru-laguntza. Eranskin horretan, gainera, prestakuntza-moduluak eta prestakuntza-orduak, prestakuntza-ekintzen kopurua eta horien lurralde-banaketa daude zehaztuta.
Ezin izango da eskatu I. eta II. eranskinetan ez dagoen espezialitaterik.
2.– Prestakuntza-espezialitateen programazioari dagokionez, ibilbide osoak programa daitezke –espezialitatearen ordu guztiak barnean hartzen direnean–, edota ibilbide partzialak programa daitezke –prestakuntza-espezialitateen fitxategian ezarritakoak baino ordu gutxiago programatzen direnean–. Espezialitate modulatuen kasuan, ibilbide partzialak baino ez dira programatuko espezialitateko prestakuntza-modulu bat edo gehiago osatzen direnean.
3.– Prestakuntza-ekintzak 2012ko ekitaldian hasi beharko dira, deialdi honen ebazpena ematen denetik aurrera, eta 2013ko uztailaren 31 baino lehen amaituta egongo dira.
4. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak: egikaritzeko betekizunak eta baldintzak.
1.– Kalitatea bermatzeko metodologikoki onargarriak diren ordutegiei jarraituta emango da prestakuntza. Parte-hartzaileek egunean 8 prestakuntza-ordu jaso ahal izango dituzte gehienez. Nolanahi ere, iraupen hori duten ekintzak salbuespen-kasuetan baino ez dira baimenduko. Egunean gehienez ere 5 orduko iraupena izango dute honako arlo hauek: Administrazioa eta Kudeaketa (ADG), Merkataritza eta Marketina (COM), Arte Grafikoak (ARG), Informatika eta Komunikazioa (IFC), Gizarte eta Kultura Zerbitzuak (SSC), Irudi Pertsonala (IMP) eta Segurtasuna eta Ingurumena (SEA).
2.– Prestakuntza ematen duten zentroek edo erakundeek goizeko ordutegian, arratsaldekoan edota banatuan (goizez eta arratsaldez) programatu ahal izango dituzte ekintzak. Goizez edo arratsaldez programatuz gero, ikasgela horietan deialdi horretako prestakuntza-ekintza bakarra aurreikusi ahal izango da goiz osoan edo arratsalde osoan. Goizeko ordutegian ekintza bat egin ahal izango da, eta arratsaldeko ordutegian beste bat. Prestakuntza-ekintza goizez eta arratsaldez ematen bada, gutxienez ordu eta erdiko eta gehienez bi ordu eta erdiko atsedena egin beharko da, ekintza egiten duten ikasle guztiek atseden hori malgutzeko eskatzen dutenean izan ezik.
5. artikulua.– Diru-laguntzaren onuradunak.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendekoak ez diren Zentro Pribatuek edo Publikoek eskuratu ahal izango dituzte deialdi honetan aurreikusitako laguntzak.
Halaber, enplegurako lanbide-heziketa beren kabuz edo mendeko zentro eta erakundeen bitartez ematen duten enpresa-erakundeek eta sindikatuek eskuratu ahal izango dituzte diru-laguntzak. Bi kasuetan, behar bezala inskribatuta edo egiaztatuta egon beharko dute Enplegurako Prestakuntza Zentro eta Erakundeen Estatuko Erregistroan edo aldez aurretik egiaztatu beharko dute, Erantzukizun Aitorpen bidez, prestakuntza-zentroak edo -erakundeak betetzen dituela I. eranskinean aipatzen diren eta xede diren Profesionaltasun Ziurtagiri guztiak arautzen dituen Errege Dekretuan eskatzen diren baldintzak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan hurrengo atalen esaten den moduan.
2.– I. eranskinean (Profesionaltasun Ziurtagiriak) bildutako espezialitateak eskatu ahal izango dituzte dagozkion Profesionaltasun Ziurtagiriak arautzen dituzten Errege Dekretuetan biltzen diren prestatzaileen, espazioen, instalazioen eta ekipamenduen inguruko aginduak betetzen dituzten prestakuntza-zentroek:
– Enplegurako Prestakuntza Zentro eta Erakundeen Estatuko Erregistroan egiaztatutako prestakuntza-zentroek, inskribatuta dauden lurralde-eremuan.
– Deialdi hau EHAAn argitaratzen denean Enplegurako Prestakuntza Zentro eta Erakundeen Estatuko Erregistroan egiaztatuta ez dauden prestakuntza-zentroek Erantzukizun Aitorpena aurkeztu beharko dute, prestakuntza-zentroak edo -erakundeak ematen dituen eta xede diren Profesionaltasun Ziurtagiriak arautzen dituen Errege Dekretuan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen Aitorpena, alegia. Prestakuntza Zentroaren instalazioak kokatuta dauden lurralde-eremuan soilik parte hartu ahal izango dute. Erantzukizun-aitorpen hori faltsutzeak dagozkion legezko eta administrazioko erantzukizunak eragingo ditu.
Deialdi hau EHAAn argitaratzen denean Enplegurako Prestakuntza Zentro eta Erakundeen Estatuko Erregistroan inskribatuta dauden prestakuntza-zentroek soilik eskatu ahal izango dituzte II. eranskinean (izaera orokorreko espezialitateak) bildutako espezialitateak. Inskribatzeko aukeratutako lurralde-eremuan programatutako prestakuntza-ekintzak soilik eskatu ahal izango dituzte.
6. artikulua.– Diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa.
Prestakuntza-ekintza bakoitzeko eman beharreko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko, ekintzaren ordu kopurua ikasle kopuruarekin eta honako modulu hauen zenbatekoarekin biderkatu behar da, prestakuntza-mailaren arabera:
(Ikus .PDF)
«Oinarrizko mailako» modulua zeharkako irakasgaiak edo generikoak ematen direnean aplikatzen da, eta oinarrizko gaitasunak eta kualifikazioak garatzeko trebatzen du.
«Goi-mailako» modulua, berriz, prestakuntzak espezializazioa eskatzen duten irakasgaiak biltzen dituenean edota programazio- edo zuzendaritza-gaitasunak garatzeko trebatzen duenean aplikatzen da.
7. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.
1.– Deialdi honetako diru-laguntzak lortzeko eskaerak Ebazpen honen II. eranskin gisa argitaratzen den ereduan formalizatuko dira. Interesdunak diruz laguntzeko eskatutako prestakuntza-ekintza beste eskaera aurkeztuko dira.
Interesdunak eskabidearen kopia nahi izanez gero, bi aletan aurkeztu beharko du.
2.– Eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan aurkeztuko dira (Jose Atxotegi kalea, 1) Arabako lurralde-eremuan, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegu Bulegoetan, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde-eremuetan. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
3.– Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Entitate edo erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatuko duten ziurtagiri eguneratuak.
b) Erakundearen identifikazio fiskaleko txartela.
c) Eskaera sinatzen duten pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritzaren dokumentu bidezko egiaztapena.
d) Erakunde bakoitzak eskatutako prestakuntza-ekintza guztien laburpen-orria. Orri horretan, zentro bakoitzaren prestakuntza-gaitasunik handiena ziurtatuko da, eta gaitasun hori zentroak hartutako konpromisoaren arabera urte batean emango dituen guztizko orduek finkatuko dute, IV. eranskinari jarraiki. Horretarako, kontuan hartuko dira deialdi honen 4. artikuluan jasotako irizpideak, eta prestakuntza-ekintzak hasteko aurreikusitako data 2012ko irailaren bigarren hamabostaldia izango da; nolanahi ere, aurreikuspen horren aurretik edo ondoren hasi ahal izango dira.
e) Lanekoak ez diren lanbide-praktikak enpresetan egiteko konpromisoa egiaztatzen duen dokumentazioa, hala badagokio, V. eranskinaren arabera. Praktikak egiteko konpromisoa banaka aurkeztuko da eskatutako prestakuntza-ekintza bakoitzean.
f) Kontratatzeko konpromisoa egiaztatzen duen dokumentazioa, hala badagokio, VI. erans-kinaren arabera. Kontratatzeko konpromisoa banaka aurkeztuko da eskatutako prestakuntza-ekintza bakoitzean.
g) Hala badagokio, zentroa desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasun unibertsalera egokituta dagoela egiaztatuko duen dokumentazioa. Hainbat espezialitatetan ez da aurkeztuko, hau da, zerrendatutako okupazioen edo lanpostuen araudian espezialitate horiek betetzeko muga psiko-fisikorik ez egotea eskatzen denetan, hala nola Segurtasun Pribatuko Zaintzailearen espezialitateak eta Salgaien eta Bidaiarien Errepideko Garraioarekin lotutakoak.
h) Prestakuntza Zentroak edo Erakundeak duen kalitate-ziurtagiria egiaztatzeko dokumentazioa, hala badagokio.
i) Hirugarren Interesdunaren Datuen Alta Dokumentua, interesdunak eta dagokion banku-erakundeak behar bezala betea.
j) Deialdi hau EHAAn argitaratzen den unean Enplegurako Prestakuntza Zentro eta Erakundeen Estatuko Erregistroan egiaztatuta ez dauden prestakuntza-zentroek Erantzukizun Aitorpena (VII. eranskina) aurkeztu beharko dute, prestakuntza-zentroak edo -erakundeak ematen dituen eta xede diren Profesionaltasun Ziurtagiriak arautzen dituen Errege Dekretuan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen Aitorpena, alegia. Horrez gain, Instalazioen plano xehatua aurkeztuko da, teknikari elkargokide batek sinatua.
4.– Eskaerak eskatutako betekizunak betetzen ez baditu, interesdunari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, hutsegitea edo akatsa zuzentzeko. Zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan aurreikusitako ondorioak izango ditu horrek.
5.– Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.
8. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka-erregimenean izapidetuko da.
2.– Eskaerak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura duen organoa Enplegurako Prestakuntza Zuzendaritza da.
3.– Hurrengo artikuluan aurreikusiko diren balioespen-irizpideei jarraiki, eskaerak kide anitzeko organo batek ebaluatuko ditu. Hona hemen organo hori osatuko duten kideak:
– Presidentea: Enplegurako Lanbide Heziketaren Arloko arduraduna edo hark eskuordetzen duen pertsona.
– Organokideak: Enplegurako Lanbide Heziketaren Arloko arduradunak izendatutako lau teknikari; horietako batek idazkari-lanetan jardungo du.
4.– Enplegurako Prestakuntzako zuzendariak, kide anitzeko organoaren ebaluazioaren emaitzazko balioespenean oinarrituta, ebazpen-proposamen bat landuko du, eta deialdi hau ebazteko eskumena duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio.
Ebazpena Lanbideren Zerbitzu Zentralen iragarki-taulan (Jose Atxotegi kalea, 1, Vitoria-Gasteiz) eta www.lanbide.net web-orrian argitaratuko da; nolanahi ere, interesdun bakoitzari komunikazioak bidaliko zaizkio, eta lortutako diru-laguntzak EHAAn argitaratuko dira.
5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta esanbidezko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaera ezetsitzat hartu ahal izango da.
Ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabete bateko epean, jakinarazpena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, edota zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
9. artikulua.– Diru-laguntza balioesteko eta esleitzeko irizpideak.
1.– Eskaerak honako irizpide hauei jarraiki balioetsiko dira:
A) Zentroaren egokitze-maila irisgarritasun unibertsalera: puntu 1.
1) Enplegurako eskaintza-prestakuntza Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren kudeaketa-eremuan ematen duten zentro eta erakundeen inskripzioa eta, hala badagokio, egiaztapena arautzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2010eko uztailaren 29ko Ebazpenari jarraiki, Euskal Autonomia Erkidegoko kudeaketa-eremuan langabeentzako eskaintza-prestakuntza emateko inskribatuta eta/edo egiaztatuta dauden prestakuntza-zentro eta -erakundeek ez dute aurkeztu beharko irisgarritasun unibertsalera egokituta daudela egiaztatuko duen dokumentazioa, une hartan egiaztatuko baita hori. Era berean, ez da beharrezkoa izango eskatzen ez den espezialitateen kasuan, Agindu honetako 7. artikuluaren 3.g) idatz-zatian aipatu diren kasuetan, alegia. Idatz-zati honetan, zentroek puntu 1 lortuko dute.
2) Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren ebazpenaren aurreko araudian oinarrituta egiaztatu eta/edo inskribatu ziren Prestakuntza Zentro eta/edo Erakundeek eta deialdian Erantzukizun Aitorpen bidez parte hartu duten Zentroek, betiere irisgarritasun unibertsalaren betetzearen inguruko teknikari elkargokidearen ziurtagiria aurkezten badute, puntu 1 jasoko dute atal honetan.
3) Adierazitako ziurtagiria aurkeztu ezean, 0 puntu jasoko dira atal honetan.
B) Zentroaren Kalitate Ziurtagiria: 2 puntu gehienez.
1) ISO 9001 Ziurtagiria duela egiaztatzen duen prestakuntza-zentro edo -erakundeak puntu 1 jasoko du.
2) EFQM Europako Bikaintasunaren Ziurtagiria duela egiaztatzen duen prestakuntza-zentro edo -erakundeak puntu 1 jasoko du.
3) ISO 9001 Ziurtagiria eta EFQM Europako Bikaintasunaren Ziurtagiria dituela egiaztatzen duen prestakuntza-zentro edo -erakundeak 2 puntu jasoko ditu.
4) Adierazitako ziurtagirietako bakar bat ere egiaztatzen ez duten prestakuntza-zentro eta -erakundeek 0 puntu jasoko dute.
C) Instalazio eta ekipoen mantentzea eta eguneratzea 2010eko eta 2011ko ekitaldietan, zentroa irisgarritasun unibertsalera egokitzeko esku-hartzeak salbuetsita: 2 puntu gehienez.
Zentroek egindako hobekuntzen memoria laburtua aurkeztu beharko dute, eraginpean hartutako prestakuntza-espezialitateak eta prestakuntza-sailak adierazita eta fakturen fotokopiak erantsita. Irizpide horren balioespena xede diren espezialitateen instalazio eta ekipoen kasuan egingo da.
1) Instalazio berriak edo instalazioen erabateko eraberritzea: puntu 1.
2) Instalazioen eraberritze partziala: 0,5 puntu.
3) Instalazioen mantentzea: 0,1 puntu.
4) Altzarien eta tresneriaren erabateko eraberritzea: 0,3 puntu.
5) Altzarien eta tresneriaren eraberritze partziala: 0,1 puntu.
6) Ekipoen eta makineriaren erabateko eraberritzea: 0,7 puntu.
7) Ekipoen eta makineriaren eraberritze partziala: 0,3 puntu.
D) Prestakuntza ematen duten esperientzia: 1,5 puntu gehienez.
1) Zentroak prestakuntza-espezialitatea azken hiru urteetan eman badu: 1,5 puntu.
2) Zentroak prestakuntza-espezialitatea azken hiru urteetako bitan eman badu: puntu 1.
3) Zentroak prestakuntza-espezialitatea azken hiru urteetako batean eman badu: 0,5 puntu.
4) Zentroak prestakuntza-espezialitatea azken hiru urteetan eman ez badu: 0 puntu.
E) Prestakuntza ematen duen esperientzia (Profesionaltasun Ziurtagirietako (I. eranskina) ikastaroetan soilik balioetsi ahal izango da): 1,5 puntu gehienez.
Martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuaren babeseko programazioetan edo abenduaren 23ko 395/2007 Dekretuaren babesekoetan ikastaroak eman izana balioetsiko da, betiere ikastaro horiek xede den Profesionaltasun Ziurtagiriaren lanbide-arlo berean biltzen badira.
1) Zentroak prestakuntza-ekintzak eman baditu azken hiru urteetan: 1,5 puntu.
2) Zentroak prestakuntza-ekintzak eman baditu azken hiru urteetako bitan: puntu 1.
3) Zentroak prestakuntza-ekintzak eman baditu azken hiru urteetako batean: 0,5 puntu.
4) Zentroak ez baditu prestakuntza-ekintzak eman azken hiru urteetan: 0 puntu.
F) Prestakuntza-ekintzen kalitatea: 4 puntu gehienez.
Baremoa: Baremoa ezarri behar zaion espezialitatean ebaluatu diren 2011ko Deialdiko ikastaroen «Laburpen Adierazleen» batez bestekoa aplikatuko da.
55,20tik beherako puntuazioa: 0 puntu.
55,21etik 69,00ra bitarteko puntuazioa: 0,5 puntu.
69,01etik 75,90era bitarteko puntuazioa: puntu 1.
75,91tik 80,90era bitarteko puntuazioa: 1,5 puntu.
80,91tik 85,80ra bitarteko puntuazioa: 2 puntu.
85,81etik 90,70era bitarteko puntuazioa: 2,5 puntu.
90,71tik 95,60ra bitarteko puntuazioa: 3 puntu.
95,61etik 103,50era bitarteko puntuazioa: 3,5 puntu.
103,50etik gorako puntuazioa: 4 puntu.
Eskatutako espezialitatea aurreko urtean eman ez duten zentroek 2 puntu jasoko dituzte.
G) 2012ko ekitaldian Profesionaltasun Ziurtagiriak (II. eranskina) lortzera bideratuta ez dauden espezialitateetan lanekoak ez diren praktikak egiteko konpromisoa: 3 puntu gehienez.
Prestakuntza-zentro eta -erakundeek 0,3 puntu jasoko dituzte konpromisopean hartutako praktika bakoitzeko.
Osasunaren arloan, gidabaimena lortzeko espezialitateetako eta erabiltzaile-mailako informatikako espezialitateko ikasleek ez dute praktikarik egingo enpresetan, prestakuntza-edukietan bildutako nahitaezkoak izan ezik.
Lantokian, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko espezialitateen inguruko lanbide-praktikak deialdi honen 13. artikuluan aurreikusitakoaren arabera egingo dira.
H) 2011ko prestakuntza-ekintzetan egindako lanekoak ez diren praktikak.
2011ko programazioko eskaeran konpromisopean hartutako lanekoak ez diren praktiken % 80 baino gehiago egin izana: puntu 1.
2011ko programazioko eskaeran konpromisopean hartu gabeko prestakuntza-ekintzetan lanekoak ez diren gutxienez 8 praktika egin izana: puntu 1.
I) Kontratatzeko konpromisoa: 4 puntu gehienez.
Ikasle bat kontratatzeko konpromisoa: 2 puntu.
Bi ikasle kontratatzeko konpromisoa: 4 puntu.
Prestakuntza-ekintzaren diru-laguntza likidatzeko unean, bidezko kontratuak aurkeztuko dira, prestakuntza-zentroak edo prestakuntza-erakundeak kontratazio horretan izan duen bitartekotza adierazteko egindako erantzukizun-aitorpenarekin batera.
Kontratuak edozein kontratazio-modalitatetan egin ahal izango dira, eta gutxienez 6 hilabeteko iraupena izango dute lanaldi-erdian, eta 3 hilabetekoa lanaldi osoan. Nolanahi ere, jasotako prestakuntzaren eta kontratuaren xede den lanaren arteko lotura errespetatu beharko da.
Kontratazio-konpromisoa ez betetzearen ondoriozko zigorra prestakuntza-ekintza likidatzeko unean aplikatuko da. Zehazki, bi ikasleren zenbatekoa deskontatuko da diru-laguntzatik ikasle bat kontratatzeko konpromisoa betetzen ez denean, eta lau ikasleren zenbatekoa bi ikasle kontratatzeko konpromisoa betetzen ez denean.
2.– Aurreko balioespen-irizpideak aplikatuta eskaera bakoitzari esleitutako puntuazioa lortu ondoren, hautaketa eremu geografikoen eta espezialitate bakoitzaren arabera egingo da, honako esleipen-irizpide hauei jarraiki:
a) Azken puntuazioaren balio absolutuarekin ordenatuko dira eskaerak, puntuaziorik handienetik txikienera, onartu beharreko prestakuntza-ekintzen espezialitate eta eremuaren arabera, esleitutako aurrekontua amaitu arte.
b) Zentro edo erakunde bakoitzari esleitutako prestakuntzek zentroaren ahalmena gainditzen badute, lortutako puntuazio-ordenaren arabera dagokien zentroei esleituko zaizkie ikastaroak.
c) Balioespen-irizpideak aplikatu ondoren hainbat eskaerak puntuazio bera lortzen badute, espezialitate horretarako eskainitako gehienez ikastaro bat emango zaio erakunde eskatzaile bakoitzari, honako arau hauei jarraiki:
1) 2011 urteko deialdian espezialitate horren «Laburpen Adierazlean» zuzeneko puntuaziorik handiena lortu duen zentroak.
2) Prestakuntza-espezialitatea azken hiru urteetan eman duen zentroa/erakundea (halakorik ezean, azken hiru urteetako bitan eman duena, eta, halakorik ezean, azken hiru urteetako batean eman duena).
3) Dagokion lurralde-eremu eta jardun-esparruaren barruan espezialitatean antzinatasunik handiena duen zentroa/erakundea.
4) Zentro laguntzaile gisa erregistratuta edo egiaztatuta antzinatasunik handiena duen zentroa/erakundea.
5) Berdinketak jarraituz gero, eskaerak zer ordenatan aurkeztu ziren hartuko da kontuan.
Prozedura horri jarraitu ondoren oraindik esleitu beharreko prestakuntza-ekintzak geratzen badira, c) idatzi-zatian deskribatutako prozesua egingo da berriz, ekintza guztiak esleitu arte.
10. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.
1.– Arau honetan aurreikusitako prestakuntza-ekimenetan parte hartu ahal izango dutenak honako hauek dira:
a) Lehentasunez, eta prestakuntza hasten duten pertsonen guztizkoaren gutxienez 100eko 60ko parte-hartzearekin, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta dauden langabeak.
b) Lehentasunik gabe eta prestakuntza hasten duten pertsonen guztizkoaren gehienez 100eko 40ko parte-hartzearekin, lana izanik ere prestakuntza eskatzen duten langileak.
2.– Eskaintzen diren prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi dutenek parte hartzeko betekizunak bete beharko dituzte, eta, prestakuntzaren hasieran, langabe gisa inskribatuta egon beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, edota, lana duten langileen kasuan, bidezko eskaera aurkeztu beharko dute. Nekazaritzako Erregimen Berezian altan dauden langileak langile okupatutzat hartuko dira.
Prestakuntza-ekintzak www.lanbide.net web-orrian argitaratuko dira, eta eskatzaileek inskribatzeko bete beharreko aldia eta parte hartzeko betekizunak ezarriko dira. Gainera, prestakuntza-ekintza bakoitzaren deskribapena eta ezaugarriak agertuko dira.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lehen hautaketa bat egingo du artikulu honen lehen idatz-zatian aurreikusitako pertsonen artean. Parte-hartzaileak hautatzean, hautaketa-proba bat egingo da beharrezkoa den prestakuntza-ekintzetan. Era horretan, ekintzaren probetxua ziurtatuko da, eta kualifikaziora bideratutako ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoak diren aldez aurreko jakintzen benetako maila finkatuko da.
4.– Prestakuntza-ekintzan parte hartzeko betekizunak betetzen dituzten eta hautaketa-proba gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasun bat ezarriko da, 2011-2014ko Euskal Enplegu Estrategiari eta 2012-2014ko Espainiako Enplegu Estrategiari jarraikiz:
● Lehenik eta behin, eta lehentasun-maila berean, lan-merkatuan txertatzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak: 30 urtera bitarteko gazteak, eta, bereziki, prestakuntza-defizita dutenak; emakumeak, langabeen kolektiboan duten proportzio berean; luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasuna duten pertsonak; langabezia-babesa amaitzen duten pertsonak berriz kualifikatzeko programan (Prepara Plana) parte hartzeagatik laguntza ekonomikoak jasotzen dituztenak; Gizarteratzeko Errenta Aktiboa (GEA) eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen duten langabeak; eta genero-indarkeriaren biktimak.
● Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.
● Kontratua eteteko Enplegu Erregulazioko Espediente batekin dauden langabeak, ordutegiari dagokionez prestakuntza-ekintzara joateko aukera badute.
Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, betiere langabeen edota lana izanik ere ikastaroan parte hartzeko betekizunak betetzen dituzten pertsonen eskaerak badaude.
11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenen betebeharrak eta ikasleak kanporatzeko prozedura.
1.– Parte-hartzaileek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta probetxua atera beharko diete.
2.– Honako hauek izango dira ikasleak kanporatzeko arrazoiak:
a) Hilean hirutan baino gehiagotan ekintzara arrazoirik gabe ez joatea.
b) Prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25ean ez joatea, arrazoia edozein izanik ere. Parte-hartzailea prestakuntza-ekintza hasi ondoren sartu bada, joan gabeko denbora ikaslea ekintzan sartzen denetik ekintza amaitu arte geratzen diren orduak kontuan hartuta kalkulatuko da.
c) Prestakuntza ematen duen zentroak edo erakundeak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ikusitako probetxurik eza edo portaera desegokia.
3.– Ikasle bat kanporatzeko jarraitu beharreko prozedura honako hau izango da:
a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo prestakuntza-zentroak kanporatzeko arrazoiren bat ikusi eta, kasu horretan, idazki bidez jakinarazi eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baietsi ondoren, Enplegurako Prestakuntzako zuzendariak kanporatzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du, eta dagokion ikasleari jakinaraziko zaio erabaki hori. Prozedura hasteko erabaki horretan, kanporatzeko proposamena eragin duten gertakariak adieraziko dira, eta ikasleak bost egun naturaleko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak 15 eguneko epean ebatziko du prozedura. Inguruabarrak direla-eta beharrezkoa bada, prestakuntza-ekintzaren garapen egokia bermatuko duten behin-behineko neurriak bildu ahal izango dira kanporatzea hasteko erabakian. Neurri horien artean, ikaslearen behin-behineko kanporatzea dago (erabakia jakinarazten denetik prozedura ebatzi arteko egunetan, hain zuzen ere).
b) Emandako ebazpenaren aurka berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian bi hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.
12. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak egikaritzea eta lortutako gaitasunak egiaztatzea.
1.– Diru-laguntzaren onuradunak Deialdi honetan ezarritakoari jarraiki eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hasiera jakinarazteko moduari, ondorengo aldaketa orori, prestakuntza-ekintza bakoitzaren amaierari eta parte-hartzaileen asistentziaren kontrolari dagokienez ematen dituen ereduen arabera egikaritu beharko ditu prestakuntza-ekintzak. Oro har, eta kontrako agindurik ematen ez bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari zuzendutako komunikazio oro 7 egun naturaleko epean egin beharko da.
2.– Prestakuntza-ekintza hasten denetik iraupenaren % 25era iritsi arte sartu edo ordezkatu ahal izango dira ikasleak.
Prestakuntza-ekintzaren iraupenaren lehen laurdenaren barruan ikasle batzuek ekintza bertan behera uzten badute, beste batzuk sartu ahal izango dira horien ordez. Horrela, beraz, ekintza hasi duten parte-hartzaileen guztizkoa ekintzaren ehuneko 25 bete ondoren zenbatuko da. Une horretan bertan bete beharko da ezarritako ehunekoa (langabeak % 60 gutxienez, eta lana dutenak gehienez % 40).
Hala ere, ikasleek prestakuntza-ekintza iraupenaren % 25eko hasierako aldi horretan utzi ondoren ordezkatzen ez badira eta prestakuntza-ekintzan jarraitzen duten langabeen ehunekoa % 60 baino txikiagoa bada, ekintzarekin normal jarraitu ahal izango da, eta ez da ekintza deuseztatzeko arrazoia izango.
Hasita dauden prestakuntza-ekintzetan hasten diren ikasleek ikastaroa probetxuz eta garapen normala eragotzi gabe egiteko gaitasuna bermatuko duen maila izan beharko dute. Ildo horretan, eta prestakuntza-ekintzaren probetxua eta garapen normala bermatzeko, parte-hartzaileak hautatzeko prozesuan parte-hartzaileek prestakuntza-ekintza behar bezala egiteko gutxieneko maila dutela bermatuko duten irizpideak ezarri beharko dira.
3.– Prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten langabeei dagokienez, prestakuntza emateko ardura duten zentro eta erakundeek berehala jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileek prestakuntza-ekintzari uko egiten badiote, joaten ez badira edo bertan behera uzten badute, eta arrazoiak adierazi beharko dituzte.
4.– Prestakuntza profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratuta ez dagoenean, parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiri edo diploma bat emango zaio, prestakuntzaren ebaluazio positiboa lortu badu. Horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduak erabiliko dira, eta, eredu horietan, ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, modalitatea, iraupena eta emateko aldia jasoko dira gutxienez.
5.– Prestakuntza profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko bada, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, ikaslearen ebaluazioa moduluei jarraiki egingo da ikaskuntzaren emaitzak egiaztatzeko eta, horrenbestez, lanbide-gaitasunak lortu dituela egiaztatzeko. Modulua eman ostean, Ebaluazio Akta egingo da parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin. Ikastaroa amaitzean, ebaluazio positiboa lortu duten parte-hartzaileei diplomarekin batera Profesionaltasun Ziurtagiria lortzeko eskaera bana emango zaie. Gaitasun-atalen arabera egiten diren eta osorik ematen ez diren prestakuntza-ekintzen kasuan, gainditutako gaitasun-atalen egiaztapen partzialaren eskaera emango zaie ebaluazioa gainditzen duten ikasleei. Ikasleak ikastaroa ebaluazio positiboarekin gainditzen ez badu, asistentzia-ziurtagiria emango zaio.
6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako diplomen erregistroa eramango du.
7.– Prestakuntza-zentroek zuzenean egikarituko dituzte prestakuntza-ekintzak, hirugarrenekin azpikontratatu gabe. Horretarako, onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko.
13. artikulua.– Lanekoak ez diren lanbide-praktikak.
1.– Prestakuntza profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratuta ez dagoenean, lanekoak ez diren lanbide-praktiken iraupena prestakuntza-ekintzaren % 75 izango da gehienez, eta inoiz ez dira 120 ordu baino gehiago izango.
2.– Prestakuntza-ekintza profesionaltasun-ziurtagiria lortzera bideratuta dagoenean, prestakuntza-zentro eta -erakundeek lantokian eta egindako espezialitateari lotutako okupazioetan prestakuntza praktikoaren modulua egiteko aukera aurreikusi beharko dute ikastaroetan parte hartzen duten ikasleen % 100arentzat, okupazio horretan gutxienez hiru hilabeteko lan-esperientzia egiaztatzen duten ikasleak salbuetsita, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 5.bis artikuluari jarraikiz (artikulu hori abenduaren 10eko 1675/2010 Errege Dekretuaren bidez txertatuta dago).
3.– Lanbide-praktikak, ahal bada, gainerako prestakuntza-moduluak egin ondoren eta modulu horiek ebaluazio positiboarekin gainditu ondoren egingo dira, eta ikastaroa amaitu eta 2 hilabeteko epean hasi beharko dira. Salbuespen gisa, eta betiere justifikatuta badago, praktikak eta moduluak batera egin ahal izango dira. Praktikak prestakuntza-ekintzaren barruan hasi dituzten eta azken ebaluazio negatibo bat izan duten ikasleek praktikekin jarraitu ahal izango dute. Prestakuntza-ekintza bertan behera uzteak hari lotutako lanekoa ez den lanbide-praktikaren amaiera ekarriko du.
4.– Profesionaltasun-ziurtagiria osorik ematen ez bada, Lanekoak ez diren Praktikak egin ahal izango dira, ez, ordea, Lantokiko Prestakuntza Modulua.
5.– Prestakuntza-zentroek dinamizatuta enpresen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren artean egindako hitzarmen edo akordioen bitartez antolatuko dira lanekoak ez diren praktikak.
14. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo du zuzenean. Horretarako, bisitaldiak egingo dira prestakuntza-ekintza egingo den zentrora, eta ezarritako betekizunak betetzen direla edo, hala badagokio, irregulartasunak daudela jasoaraziko da; azken kasu horretan, irregulartasunak esanbidez adieraziko dira, zuzen daitezen.
Lanbide partetik gutxienez bi bisitaldi egingo dira ikastarora:
● Hasieran. Bisitaldi horretan, prestakuntza ematen duen zentroaren baldintzak egiaztatuko ditu, ikastaroari buruzko datu guztien berri emango die ikasleei, eta ikasleen zalantzei eta kontsultei erantzungo die.
● Ikastaroaren amaieran: zentroaren baldintzak egiaztatuko ditu, ikasleei azken inkesta egingo die eta ikastaroaren balioespen orokorra egiteko eskatuko die.
Bisitaldien kopurua handiagoa ere izan daiteke, ikastaroen iraupena kontuan hartuta edota arazo edo akatsen bat konpontzeko beharrezkoa izanez gero.
Ikastaroa ematen duen zentroak, ikastaroaren lehenengo hilabetea igaro aurretik: Lanbideri honako hau igorriko dio:
● Ikastaroaren funtzionamenduari buruzko txostena, homologazio-baldintzez gain Ikastaroaren Hasierako Jakinarazpenean bildutakoa betetzen dela egiaztatuz.
● Ikasleei aplikatutako kalitateari buruzko inkestak, ikasleek egiten dituzten oharrekin batera.
15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.
395/2007 Errege Dekretuan eta TAS 718/2008 Aginduan prestakuntza-ekintzen ebaluazioari eta prestakuntza-eskaintzaren kalitatearen sustapen eta bermeari dagokienez xedatutakoari jarraiki, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen babesean emandako prestakuntza-ekintza guztien ebaluazioa egingo du, eta, horretarako, ebaluazio-sistema misto bat erabiliko du. Ebaluazio-sistema misto horrek bi iturri desberdinetatik jasoko du informazioa:
A) Ikasleek betetako galdesortetatik lortutako batez besteko emaitzak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdesortak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean (2009ko ekainaren 11ko BOE) agindutakoari jarraiki.
B) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak prestakuntza-ekintzaren amaieran egindako bisitaldian emandako puntuazioa, «prestakuntza-zentro edo -erakundeak emandako prestakuntzaren ebaluazioa» ereduari jarraiki.
Nolanahi ere, emandako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko, laburpen-adierazle bat landu beharko da prestakuntza-zentro edo -erakundeak emandako prestakuntza-ekintza bakoitzerako. Laburpen-adierazle horrek adierazitako bi informazio-iturrietatik lortutako emaitzak haztatuko ditu honako formula honi jarraiki:
A = Ikasleek betetako galdera-sortetatik lortutako batez besteko puntuazioa, 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenaren arabera.
B = Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak emandako guztizko puntuazioa, IX. eranski-nean jasotako ereduaren arabera.
Halaber, kontuan hartu ahal izango dira, hala badagokio, beste informazio-iturri batzuk, hala nola prestakuntza-zentro edo -erakundeei kalitatea ebaluatzeko agindutako ekintzetatik lortutako emaitzak.
16. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.
Emandako diru-laguntza bi ordainketatan ordainduko da:
● % 55eko lehen ordainketa diruz lagundutako prestakuntza-ekintza hasi ondoren egingo da.
● Bigarren ordainketa, gainerakoa, % 45ra bitarte, prestakuntza-ekintza amaitu ondoren egingo da, ekintza justifikatuta eta likidatuta dagoenean.
Ordainketa aurreratua Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen berme eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-erregimenari lotuta dago.
Ordainketa bakoitzaren aurretik, Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatuko duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko dituzte zentro eta erakunde onuradunek.
17. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta likidazioa.
1.– Justifikatzeko epea.
Onuradunak diruz lagundutako prestakuntza-ekintza egin duela justifikatu behar du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, baita ekintza hori garatzean izandako gastuak ere, ekintza amaitu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean.
Finkatutako epea igaro eta aurreko paragrafoan aipatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, organo eskudunak 15 eguneko epe luzaezinean aurkezteko errekerimendua egingo dio onuradunari. Bigarren epe hori bukatu eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, itzultze-prozedurari hasiera emango zaio, eta kobratu gabeko diru-laguntzaren zatia jasotzeko eskubidea galtzeaz gain, lehen ordainketan jasotakoa itzuli ere egin beharko da.
2.– Diruz lagun daitekeen aldia.
Diru-laguntza jasotzeko moduko gastutzat hartu eta onartu ahal izango dira bai prestakuntza-ekintza ematen den bitartean egindakoak, baita prestakuntza-ekintza hasi aurreko hilabetean eta amaitu osteko hilabetean egindakoak ere.
Prestakuntza-ekintza hasi aurretik egindako gastu egotzien kasuan, ez dira izango, inola ere, diru-laguntza emateko ebazpena onartu zen eguna baino lehen egindakoak.
3.– Diru-laguntzaren justifikazioan konputa daitezkeen ikasleak.
Prestakuntza amaitu duten parte-hartzaileen eta egindako irakaskuntza-orduen arabera egingo da diru-laguntzen likidazioa, ezarritako modulu ekonomikoak kontuan hartuta. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa.
Prestakuntza egikaritu ostean diru-laguntza zehazteko, bertaratze bidezko ekintzen kasuan ikasle batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren ehuneko 75ean, gutxienez, joan bada.
Prestakuntza-ekintzaren iraupenaren lehen laurdenean langileren batek ekintza uzten badu, beste langile batzuei parte hartzeko aukera emango zaie. Aipatutako epearen ondoren gertatzen badira uzteak, baina betiere ikastaroaren orduen ehuneko 25, gutxienez, egin badute, ekintza hasi duten parte-hartzaileen ehuneko 15era bitarteko desbideratzeak onartuko dira ekintza bakoitzeko.
Langabeen kasuan, prestakuntza-ekintza amaitu dutela ulertuko da baldin eta lana aurkitu dutelako ekintza utzi behar badute, betiere prestakuntza-jardueraren ehuneko 25, gutxienez, egin badute.
4.– Justifikazio-kontua auditorearen txostena aurkeztuta.
Onuradunak diruz lagundutako prestakuntza-jarduera egin duela justifikatu behar du, baita jarduera horrek sortutako gastu guztiak ere, eta horretarako justifikazio-kontua aurkeztu behar du, auditoria-txosten eta guzti, betiere diruz lagun daitezkeen kostuen arabera eta artikulu honetan ezarritako egozte-irizpideen arabera.
Auditoria-txostenean honako alderdi hauek egiaztatu behar dira: aitortutako gastuak egozgarriak direla, fakturen edo froga-balio baliokideko kontabilitate-dokumentuen bidez frogatuta daudela, onuradunak gastua prestakuntza-ekintzarekin lotzen duen zigilu-marka ezarri diola eta diruz lagundutako aldiaren barruan ordainduta daudela, ordainketa egin izana egiaztagiriaren bidez frogatuta. Horri dagokionez, zigilu-markak honako hauek adieraziko ditu: zer prestakuntza-ekintza justifikatzeko aurkeztu diren jatorrizko frogagiriak eta frogagiriaren zenbatekoa osorik edo partzialki egozten zaion diru-laguntzari. Azken kasu horretan, egotzitako zenbateko zehatza adierazi beharko da.
Kontuen auditorea onuradunak izendatu eta kontratatuko du askatasun osoz, Kontabilitate eta Kontu Auditoriako Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean jardule gisa erregistratutako profesionalen artean, merkatu libreko batez bestekoa eta sektoreko lehiako batez bestekoa gainditzen ez duten ordainsarien arabera.
Justifikazio-kontuarekin aurkezten den auditorearen txostena egiteagatiko kostua diruz lagun daitekeen gastutzat hartuko da, eta artikulu honen 25. puntuan xedatutakoaren arabera justifikatuko da.
5.– Justifikazioan erabili beharreko dokumentuak.
Prestakuntza-ekintza bakoitza justifikatzeko honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
– «Gastuen aitorpena eta prestakuntza-ekintzaren azken likidazioa». Deialdi honen VIII. eranskina.
– «Gastuen frogagiri-zerrenda». Deialdi honen IX. eranskina.
– «Amortizazio-koadroa». Deialdi honen X. eranskina.
– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak.
– Diru-laguntza bat baino gehiago aldi berean jasotzen ez dela egiaztatzen duen aitorpena.
– BEZaren urteko aitorpena (390. eredua), baldin eta beharrezkoa bada.
– Prestakuntza-ekintzaren auditoria-txostena.
6.– ?Aitortu beharreko gastuak.
Diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak eta justifikazio-epea amaitu aurretik ordaindu direnak.
Diruz lagun daitezkeen gastutzat aurkezten diren ondasun edo zerbitzuen eskuratze-kostua ezin izango da merkatu-balioa baino handiagoa izan, inola ere, eta bereziki hartzailearen eta ordaintzailearen artean lotura dagoenean.
Diru-laguntzen onuradunek horiek sortutako gastu guztiak aitortu beharko dituzte. Likidazioa aurkeztu ondoren, ez dira onartuko hasieran sartu ez diren gastuen frogagiriak.
Oro har, onuradunak zenbait hornitzaileren hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen aplikazioa bermatzeko, betiere ondasun edo zerbitzu horiek kostuak egozteko aldian eskuratu behar badira eta 18.000 eurotik gorako gastua bada.
7.– Gastuen justifikazioa.
Gastuak fakturen bidez eta merkataritza-trafiko juridikoan froga-balio baliokidea edo administrazio-eraginkortasuna duten bestelako dokumentuen bidez egiaztatuko dira. Diru-laguntzen onuradunek prestakuntza-ekintzaren kostuaren justifikazioan egozten diren gastuen eta ordainketen frogagiriak izango dituzte.
Faktura osoa prestakuntza-ekintza bati egozten bazaio, prestakuntza-ekintzari dagokion identifikatzailea jasoko da horretan. Partzialki egozten bada, erantsitako idazki batean zer elementu egozten diren eta horien prezioak zehaztuko dira.
Fakturek egindako eragiketaren deskribapen osoa eta xehatua jaso beharko dute, eta Fakturaziorako betebeharren araudia onartu eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araudia aldatzen duen azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuaren (azaroaren 29ko BOEa) baldintzetara egokituko dira.
Fakturaren kontzeptua berez azaltzen ez den kasuetan, dagozkion entrega-albaranen kopia konpultsatua erantsiko da.
Gastu-frogagiri gisa aurkezten diren dokumentuetan ez da aldaketarik ez zirriborrorik egingo. Zerbait argitu nahi bada, idazki bat erantsiko zaie frogagiriei.
Likidazioarekin batera aurkezten diren idazki guztiek diru-laguntzaren onuradunak sinatuta eta zigilatuta egon beharko dute.
8.– Kontabilitatea.
Onuradunak kontabilitate-sistema bereizia edo kontabilitate-kode egokia izango du eragiketarekin lotutako transakzio guztietarako, kontabilitate-arau nazionalak aparte utzi gabe.
Halaber, onuradunak «Gastuen frogagiri-zerrendan» aurkeztutako gastu eta ordainketen frogagiriak gorde beharko ditu, aplikatzekoak diren egiaztapenak eta kontrolak egin ahal izateko justifikazioa aurkeztu eta hurrengo bost urteetan. Aipatutako epea igaro gabe jarduera bertan behera uztea edo desegitea erabakitzen duten erakundeek dagokien dokumentazioaren kopia bidali beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren organo eskudunari.
9.– Gastuak egoztea.
Loturiko kostuak diruz lagundutako jarduerari egotziko dizkio onuradunak, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauen arabera proportzionalki dagokion zenbatekoan eta, nolanahi ere, gastu horiek jarduera egin den aldiari dagozkion neurrian.
Gastuak prestakuntza-ekintza baterako baino gehiagorako komunak badira, prestakuntza-ekintza bakoitzari proportzionalki egotziko zaizkio, erabilitako irizpideak eta gastu horien egozpena egiteko egindako kalkuluak azalduta.
10.– Azpikontratazioa.
Lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzen egikaritzea ezin izango da hirugarrenekin azpikontratatu. Horretarako, onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko.
11.– Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ).
BEZa diruz lagun daitekeen gastua izango da baldin eta onuradunak benetan eta behin betiko jasaten badu. BEZ berreskuragarria ez da diruz lagunduko. Baldintza hori egiaztatzeko, azken ekitaldiari dagokion 390 eredua (BEZaren urteko aitorpenaren laburpena) aurkeztuko da, eta, eredu horretan, hala badagokio, Zerga Administrazioak aplikatuko duen kenkari-ehunekoa (hainbanakoa) agertuko da.
BEZari lotuta ez dauden edo guztiz salbuetsita dauden erakundeek Zerga Administrazioak egindako ziurtagiri eguneratuaren bidez egiaztatuko dute egoera hori.
12.– Diruz lagundu ezin diren gastuak.
Diruz lagundu ezin diren gastuak izango dira diru-laguntzaren xede den jarduerarekin zuzeneko lotura ez duten guztiak, eta gainera:
a) Onuradunak benetan eta behin betiko jasaten ez dituen zergak, hots, edozein bidetatik ezin jasanarazi, berreskuratu edo konpentsa daitezkeenak.
b) Maileguek edo kredituek sortutako gastuak eta kontu korronteak ireki eta mantentzekoak.
c) Interes, errekargu eta zehapen administratibo eta penalak.
d) Prozedura judizialen gastuak.
e) Banku-kontuen interes zordunak.
f) Altzariak, tresneria, ibilgailuak, azpiegiturak, ondasun higiezinak eta lursailak erostea.
13.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
A) Prestakuntza-jardueraren zuzeneko kostuak.
1) Barneko eta kanpoko prestatzaileen ordainsariak.
1.1.– Atal honen barruan, gastutzat hartzen dira prestatzaileen ordainsariak, honako hauek barnean hartuta: kontratu finkoa edo behin-behinekoa duten irakasleen edota kanpoko irakaskuntza-zerbitzuaren soldatak edo zerbitzu-sariak; prestakuntza-zentro eta -erakundearen konturako Gizarte Segurantzako gastuak, besteren konturako irakasleak kontratatzen dituenean; eta prestaketari, eskolak emateari, tutoretzari eta ebaluazioari lotutako kostuak, prestatzaileei egotziak.
Halaber, gastutzat hartzen dira prestatzaileen mantenua, ostatua eta joan-etorriak.
Atal honetan sartuko dira prestakuntza-ekintzaren hasiera komunikatzeko dokumentuan eta, hala badagokio, aurreragoko aldaketetan dauden irakasleen gastuak soil-soilik.
Atal honetan aurreikusitako barneko eta kanpoko prestatzaileen ordainsarien kontzeptu gisa egotz daitezkeen zuzeneko kostu guztien batura likidatu beharreko diru-laguntzaren guztizko kostuen ehuneko 35 izango da, gutxienez. Ehuneko horretara iristen ez bada, aldea ezin izango da egotzi zuzeneko gastu, lotutako gastu edo bestelako gastu gisa, artikulu honen 13.C.1 apartatuan ezarritako ebaluaketa eta prestakuntza-kalitatearen kontrolaren gastuak izan ezik.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, salbuespen gisa, ordutegi berean eta prestakuntza-ekintza bererako bi prestatzailek edo gehiagok aldi berean parte hartzeko baimena eman dezake, talde berezietako ikasle taldeentzat. Kasu horietan, bi prestatzaileren edo gehiagoren gastuak aldi berean egotz daitezke, arrazoi pedagogikoengatik beharrezkotzat jotzen bada ikasleek aprobetxamendu hobea izan dezaten.
1.2.– Diruz lagundutako prestakuntza ematen duten irakasleen arabera, kasu hauek bereiz daitezke:
a) Besteren konturako langile gisa kontratatutako prestatzaileak:
Soldataren egozpena ehuneko 100ekoa denean, honako hauek aurkeztu beharko dira kostu egotzia justifikatzeko: nominaren fotokopia konpultsatua, horren ordainketa-frogagiria eta lanaren xedea (dagokion prestakuntza-ekintza ematea) jasotzen duen lan-kontratua. Prestakuntza-ekintza soilik emateko kontratua egin ez bada, nominaren egozpen guztia justifikatu beharko da.
Prestakuntza-ekintzari egotzi beharreko kantitatea prestatzaileak emandako ordu kopuruarekiko proportzionala izango da, eskolak zuzenean emateko kontzeptuan zein prestakuntzako, tutoretzako edo ikasleak ebaluatzeko gastuen kontzeptuan izan (gehienez ehuneko 20ko mugarekin), eta jarduera horiek behar bezala egiaztatuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan. Ordu kopuru egotziak ezin izango du lanaldia baino handiagoa izan, inola ere.
Prestakuntza-ekintzak emateagatiko ordainsaria nominan bereizten ez bada eta nomina horretan beste ordainsari-kontzeptu batzuk ere sartzen badira, egozpenaren justifikazio-kalkulua erantsiko da, irizpide gisa lan egindako ordu guztiekiko prestakuntza-ekintzaren orduak erabilita.
Prestakuntzako, tutoretzako eta ebaluazioko jarduerak gastu egozgarriak izango dira, betiere prestakuntza-ekintzak hasi aurretik jakinarazten badira eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak esanbidez baimentzen baditu.
Egotzi beharreko orduko kostu gordina formula honen bidez kalkulatuko da:
(Ikus .PDF)
Egotzi beharreko kostua: emandako ordu kopurua x prestatzailearen orduko kostua.
Soldata-masan honako kontzeptu hauek sartzen dira: urteko ordainsari gordina (aparteko ordainsariak barne) gehi enpresaren konturako Gizarte Segurantzako kostua eta pentsio-planetarako ekarpenak.
Enpresaren konturako Gizarte Segurantzako kostuaren atalean, erakunde onuradunaren eta besteren kontura kontratatutako irakasleen konturako Gizarte Segurantzako gastuak sartuko dira.
Kostu egotzia justifikatzeko, Gizarte Segurantzako kotizazio-buletinak (TC-1 eta TC-2) eta horiek ordaindu izanaren frogagiriak aurkeztu behar dira.
b) Prestakuntza-zentroko edo -erakundeko prestatzaile titularrak:
Kasu honetan, prestakuntza-ekintzari irakaskuntza-kostuak egozten dizkion errenta-esleipeneko erregimenean dagoen pertsona fisiko bat edo nortasun juridikorik gabeko erakunde bat da diru-laguntzaren onuraduna.
Kostu egotzia justifikatzeko, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira: azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuan jasotako baldintzen arabera egindako jatorrizko faktura, profesionalari egindako atxikipena eta ordainketa-frogagiria barnean hartuta; Langile Autonomoen Araubide Berezirako kotizazio-ordainagiriak; eta zentroko titularraren zinpeko aitorpena, emandako prestakuntza eta egindako jarduerak, emandako ordu kopurua, orduko kostua eta jaso beharreko zenbatekoa adierazita.
c) Kanpoko irakaskuntza-zerbitzua:
Kanpoko irakaskuntza-zerbitzua zera da, eman behar den irakasgaian espezializatutako erakunde batekin prestakuntza-ekintzaren irakaskuntza guztia edo zati bat kontratatzea. Kontratua norberaren konturako langileak diren prestatzaile profesionalekin egin daiteke.
Zerbitzua fakturen eta dagokion ordainketa-frogagiriaren bidez justifikatuko da.
Nolanahi ere, fakturan prestakuntza-ekintzaren izena, egindako jarduera, emandako ordu kopurua, orduko kostua eta guztizko zenbatekoa deskribatu behar dira.
Kanpoko irakaskuntza-zerbitzuaren guztizko zenbatekoak ezin izango du gainditu prestakuntza-ekintza ematearen zuzeneko kostuen ehuneko 80, diruz lagun daitekeen kostuaren kontzeptu honi egotzita (prestatzaileen ordainsaria).
Zerbitzua jarduera profesional batean norberaren kontura zerbitzuak ematen dituen langile batekin kontratatzen bada, profesionalak egindako atxikipena eta ordainketa-frogagiria jasotzen dituen fakturaren bidez justifikatuko da egotzi beharreko kostua.
2) Prestakuntzan erabilitako instalazioak eta tresneria, ikasgelak, tailerrak eta gainerako azalerak amortizatzeko gastuak.
Atal honetan instalazioak, tresneria eta tresnak, eta software informatikoa amortizatzeko gastuak sartzen dira, betiere horien balio-bizitza urteko ekitaldi batetik gorakoa bada. Era berean, prestakuntzan erabilitako ikasgelak, tailerrak eta gainerako azalerak amortizatzeko gastuak sartzen dira.
Amortizazioa oro har onartutako kontabilitate-arauei jarraituz egingo da eta, horretarako, Sozietateen gaineko Zergarako ezarritako amortizazioko zerga-tauletara egokitutako amortizazio-metodo bat aplikatzea onar daiteke.
Gastu horietan sartutako elementu bakoitza likidazioarekin batera justifikatuko da, Deialdi honen X. eranskinean dagoen «Amortizazio-koadroa» eredua aurkeztuta.
Atal honetan agertu beharreko gehieneko zifrak ezin izango du gainditu prestakuntza-ekintzarako onartutako guztizko kostuen ehuneko 10a.
Amortizazio-gastuek bat etorri beharko dute diru-laguntzaren onuradunaren kontabilitatean erregistratutako ondasun amortizagarriekin.
Ez da egotziko diru-laguntza edo laguntza publikoen bidez eskuratutako ondasunak amortizatzeko gasturik.
Diruz lagundutako amortizazio-gastuak diruz lagun daitekeen aldiari buruzkoak izango dira soilik.
3) Ikasmaterial eta baliabide didaktikoen eta ondasun kontsumigarrien gastuak.
Atal honetan ikasleak behin erabil ditzakeen testu eta ikasmaterialen gastuak eta prestakuntza-jardueretan erabilitako lan-material suntsikorrenak sartzen dira.
Dokumentazio hau aurkeztuta justifikatu behar dira:
a) Azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuan eskatutako baldintzen araberako fakturak, eta dagokien ordainketa-frogagiria.
b) Ikasleei banan-banan emandako erabilera bakarreko materiala jaso izanaren agiri zehaztua, ikasleek sinatua, betiere material horren kostua egotzi bada.
Lan-material suntsikorren kasuan, prestakuntzaren xedea betetzeko garatutako jarduerekin bat etorrita erabili behar dira.
4) Finantza-errentamenduen eta alokairuen gastuak.
Gastu horien barruan sartzen dira prestakuntza-ekintzaren jardueran instalazio, makina eta tresnen alokairuari, leasing-ari eta renting-ari egotzi behar zaizkien edo horien ondoriozko gastuak.
Gastuen kontzeptu bakoitza justifikatzeko, fakturak eta alokairu-kontratuak aurkeztuko dira, azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuan eskatutako baldintzen arabera, baita horiei dagokien ordainketa-frogagiria ere.
Instalazio eta tresnen alokairuak eragindako gastuak prestakuntza-ekintza bati ehuneko 100ean egozten bazaizkio edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-zentro eta -erakundeari emandako prestakuntza-ekintzen artetik hainbaten artean banatzen badira, behar bezala justifikatu beharko da instalazioak prestakuntza-ekintza horiek emateko baino ez direla erabiltzen.
Finantza-errentamenduaren kasuan (leasinga edota rentinga) hilabeteko kuotaren zatia lagun daiteke diruz, finantza-kostuak baztertuta.
5) Parte-hartzaileen istripu-aseguruaren gastuak.
Kontzeptu honetan sartzen dira ikasle parte-hartzaileen istripu-aseguruen gastuak, ase-guratutako ikasle guztien polizen edo primen zenbatekoa ere bilduta prestakuntza-ekintzetara joatearen ondorioz gerta daitezkeen istripuengatik eta, hala badagokio, lanez kanpoko lanbide-praktikak egiteko fasea ere sartzen da. Eskolak emateko lekura egindako joan-etorriak («in itinere») sartzen dira, baina prestakuntza-ekintza emateko aldira mugatuta.
Aseguru-poliza prestakuntza-ekintza bakoitzerako edo aldi berean zenbait prestakuntza-ekintzatarako sina daiteke. Kasu batean zein bestean, polizan zehatz adierazi behar dira hasiera-eguna eta mugaeguna, prestakuntza-ekintza identifikatzeko zenbakia, ikasle parte-hartzaile aseguratuen kopurua eta kontratatutako estaldurak.
Kontratuen estaldurak prestakuntza-ekintza gainditzen badu, kostu egotzia nola zehaztu den behar bezala justifikatuko da, ikasle parte-hartzaileei dagokienez.
Prestakuntza-ekintzaren hasierako eta amaierako datak aldatzen badira, poliza data berrietara egokitu beharko da.
Gastu hori justifikatzeko sinatutako aseguru-poliza aurkeztu behar da, ordaindutako prima behar bezala identifikatuta, baita dagokion ordainketa-frogagiria ere.
6) Landunen garraio-, mantenu- eta ostatu-gastuak.
Parte hartzen duten landunen garraio-, mantenu- eta ostatu-gastuak ez dira diruz laguntzeko modukotzat hartzen lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintza horietan.
7) Publizitate-gastuak.
Atal honetan sartzen dira prestakuntza-ekintzetako jarduerak eta zerbitzuak komunikazio-sistemen bidez hedatzearen eta sustatzearen ondorioz sortutako publizitate-gastuak.
Fakturen eta dagokion ordainketa-frogagiriaren bidez justifikatuko dira, eta egindako publizitatearen kopia erantsiko da paperean edo euskarri digitalean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa esanbidez jasota. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa agertzen ez bada, gastu hori ezin izango da egotzi.
B) Prestakuntza-jarduerari lotutako kostuak.
1) Laguntzeko langileen kostuak.
Prestakuntza-ekintza prestatzeko, kudeatzeko eta egikaritzeko behar diren zuzendaritzako eta administrazioko langileen gastuak sartzen dira kontzeptu honetan. Bereziki, ikasleak hautatzeko gastuak eta kontabilitateko eta auditoriako txostenak egitearen ondorioz sortuak sartzen dira, txosten hori diru-laguntzaren onuradunarentzat nahitaezkoa ez denean. Gainera, hala badagokio, prestakuntza-zentroek eta -erakundeek egindako lanekoak ez diren lanbide-praktiken administrazio-kudeaketaren ondorioz sortutako langile-kostuak egotz daitezke.
Gastu hori 13. puntuan barneko eta kanpoko prestatzaileen ordainsarietarako definitutako irizpide eta jarraibideen arabera justifikatuko da.
Gastuak prestakuntza-ekintzaren arabera banakatuta aurkeztuko dira.
Ikasleak hautatzeko gastuak behar bezala arrazoitu beharko dira.
2) Finantza-gastuak.
Atal honetan sartzen dira diruz lagundutako jarduerarekin zuzenean lotutako finantza-gastuak, jarduera hori behar bezala prestatzeko edo egikaritzeko ezinbestekoak badira.
Hala badagokio, banku-bermea eratzeagatik sortutako komisioak, interesak eta gainerako gastuak ere sartzen dira, eta, horiek justifikatzeko, berme hori eratzeko dokumentuak eta horri lotutako gastuen dokumentuak aurkeztu beharko dira.
Finantza-transakzioen gastuak, komisioak eta kanbio-galerak, eta banku-kontuak irekitzeko eta mantentzeko gastuak ez dira diruz lagunduko.
Maileguek eta kredituek eragindako gastuak ez dira finantza-gastutzat hartuko.
3) Lotutako beste kostu batzuk.
Epigrafe honetan honako hauek sartzen dira: argia, ura, berokuntza, mezularitza, posta, garbiketa, zaintza eta lehenago zehaztu gabeko beste kostu batzuk, prestakuntza-ekintza egikaritzeari lotuta badaude.
Aurreko horietaz gain, telefonoko eta komunikazioetako gastuak (faxa, Internet konexioa) eta prestakuntzako instalazio eta ekipamenduen mantentze-lanak ere sartzen dira.
Bereziki, irakasmateriala editatzeko eta inprimatzeko eta irakasmateriala itzultzeko kostuak egotz daitezke.
Gastu horiek justifikatzeko, faktura eta dagokion ordainketa-frogagiria aurkeztu behar dira.
Erakunde onuradunak gastuak egozteko erabilitako irizpideak eta egindako kalkuluak aurkeztu beharko ditu gastuak justifikatzeko dokumentazioarekin batera.
4) Lotutako kostuen muga.
Prestakuntza-jarduerari lotutako kostuen baturak ezin izango du gainditu prestakuntza-ekintzarako onartutako kostuen ehuneko 20a.
C) Diruz lagun daitezkeen beste kostu batzuk.
1) Prestakuntzaren ebaluazioa eta kalitate-kontrola egiteko kostuak.
Prestakuntzaren ebaluazioa egiteko eta kalitatea kontrolatzeko ekintzen ondorioz sortutako langileen barneko eta kanpoko kostuak sartzen dira.
Onuradunek onartutako diru-laguntzaren ehuneko 5, gehienez, bidera dezakete egiten duten prestakuntza ebaluatzeko eta kalitatea kontrolatzeko jardueretara.
Prestakuntza ebaluatzeko eta kalitatea kontrolatzeko ekintzatzat joko dira irakasle eta ikasleentzako inkestak, hobekuntza-esparruen identifikazioa eta hobekuntza-planen prestaketa.
Kontzeptu hori prestakuntza-ekintzaren eskaera egitean zehaztu beharko da, horren gastuen justifikazioa onartzeko.
Irakaskuntzaren kalitate-kontroleko funtzioak irakasleak ez diren langileek egin ditzakete.
Ebaluazio- eta kontrol-kostu horiek 13. puntuan barneko eta kanpoko prestatzaileen ordain-sarietarako definitutako irizpide eta jarraibideen arabera justifikatuko dira.
Eremu horretan egindako jardun oro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren teknikariei aurkeztu beharko zaie.
2) Auditoria-txostenak eragindako gastuak.
Auditoria-txostena egitearen ondorioz sortutako barne- eta kanpo-kostuak sartzen dira.
Auditoria-txostenaren kostuak prestakuntza-jarduera egikaritzeko onartutako diru-laguntzaren ehuneko 3 izango dira, gehienez.
Auditoriaren kostua justifikatzeko, faktura eta dagokion ordainketa-frogagiria aurkeztu beharko dira. Gastua prestakuntza-ekintza bakoitzeko banakatuko da eta parte-hartzaile kopuruaren arabera egotziko da.
14.– Aitortutako gastuen ordainketaren justifikazioa.
Prestakuntza-ekintzen onuradunak aitortutako gastuen ordainketak justifikatu beharko ditu, eta horien justifikazioa ordainketa motaren arabera egin beharko da.
Inoiz ez dira onartuko langileentzako eskudiruzko ordainketak, ez zuzeneko kostuetan (irakaskuntzan eta prestakuntzan), ez lotutako kostuetan (administrazioan, garbiketan eta beste zerbitzu batzuetan), dieta-gastu eta garraio- eta lokomozio-gastuetarako izan ezik.
Eskudiruzko ordainketak hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako ordainagiriaren bidez egiaztatuko dira eta, ordainagiri horretan, zenbatekoa jasotzen duen enpresak ondo identifikatuta agertu behar du, baita kitatzen duen gastu-dokumentuen zenbakia eta jaulkipen-data ere. Ordainketa egiaztatzeko gastuaren dokumentu berean idatzitako jaso izanaren agiria erabiltzen bada, hornitzailearen sinadura eta zigilua eta ordainketa-zigilua izan beharko ditu.
Ordainketa txeke izendunaren bidez egiten bada, kargua egiaztatzen duen banku-laburpenaren bidez egiaztatuko da.
Zor-agiri, kanbio-letra edo antzekoen bidez ordaintzen bada, dagokion dokumentuaren kopiaren eta kargua egiaztatzen duen banku-laburpenaren bidez egiaztatuko da.
Banku-transferentziaren edo kontuko diru-sarreren bidez ordaintzen bada, transferentzia-aginduaren bidez egiaztatuko da, agindu-emailea eta onuraduna argi identifikatuta edo, horrelakorik ezean, kargua egiaztatzen duen banku-laburpenaren bidez.
Banku-helbideratze bidez ordaintzen bada, kitatutako gastu-dokumentuak egiaztatzen dituen kontuko zordunketaren bidez egiaztatuko da.
Nomina eta fakturen guztizko zenbatekoaren ordainketa-frogagiriak aurkeztu behar dira, horien zenbateko osoa edo zati bat prestakuntza-ekintzari egozten zaion kontuan izan gabe.
15.– Ez-betetzeak eta justifikazio osatugabea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onuradunak aurkeztutako justifikazioan zuzen daitezkeen akatsak daudela ikusten badu, onuradunari jakinaraziko dio, eta hamar eguneko epea emango dio horiek zuzentzeko.
Emandako epea igaro eta eskatutako zuzenketarik egiten ez bada, 22. artikuluan aurreikusitako laguntza osoa edo zati bat itzultzeko prozedurari ekin ahal izango zaio.
18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintza orokorrak.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko eta ordaintzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) zentro eta erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela ziurtatzen duten agiriak, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Sailak zentzu horretan ezartzen duenaren arabera.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen eta diru-laguntzen esparruan hasitako edozein itzultze-prozedura edo zehapen-prozedura amaituta egotea.
c) Penal eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik jaso ez izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik jaso ez izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barnean hartuta.
19. artikulua.– Jarraipena eta kontrola: zentro, entitate eta erakunde onuradunen betebeharrak
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan orokorrean ezartzen direnak izango dira onuradunaren betebeharrak, eta bereziki honako hauek:
1.– Laguntzen onuradunek onartu egingo dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduerak, eta lokal eta instalazioetarako sarbidea ahalbidetuko dute, baita prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi diren gainerako pertsonekin harremanetan jartzeko modua ere.
Kontrol-jarduerak onartzeko betebehar orokor horren esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:
● Finantzatutako ekimena egikaritzeari edo ekimenaren bideragarritasunari lotutako edozein informazio ematea, baita eskatzen zaion jarraipen-dokumentazioa betetzea eta bidaltzea ere.
● Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetan diru-laguntzak edo laguntzak eskatu edo eskuratu direla, deialdi honetan diruz lagundutako jarduera osoa edo jardueraren zati bat eraginpean hartzen denean.
● Diruz lagundutako jardueraren xedea edo izaera funtsean aldatzen duen edozein gorabehera jakinaraztea, eta diru-laguntza emateko kontuan hartu den edozein alderdiren aldaketak jakinaraztea.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzak garatzen diren bitartean horien jarraipena ezartzeaz gain, auditorien eta ikuskapenen plan bat ezar dezake, deialdian zehaztutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, baita diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintza errealak egiaztatzeko ere.
20. artikulua.– Diru-laguntzaren aldaketa.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da, betiere diru-laguntzen onuradun izateko deialdi honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betez gero. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultze-prozedurari hasiera emango zaio.
21. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetako laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin; nolanahi ere, hainbat finantzaketa-iturritatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu diru-laguntzaren xede diren prestakuntza-ekintzen benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da.
22. artikulua.– Diru-laguntzak itzultzea.
1.– Jasotako diru-laguntzak osorik edo horien zati bat itzuli egin beharko da honako kasu hauetan:
● Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatzeko betebeharra ez betetzea.
● Diru-laguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.
● Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.
● Diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruzko datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.
● Agindu honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.
2.–?Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hasiko du itzultze-prozedura, eta laguntzaren onuradunari jakinaraziko zaio. Ez-betetzea eragin duten gertaerak jakinaraziko zaizkio eta hamabost eguneko epea utziko zaio egoki iritzitako alegazioak egiteko eta justifikazio-dokumentuak aurkezteko.
3.– Alegazioak aurkezteko epea amaitu eta alegaziorik aurkeztu ez bada, edo atzera bota badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari orokorrak ebazpena emango du. Itzultze-prozedura ebazteko gehienez ere hamabi hilabeteko epea izango da.
4.– Ebazpenean baldintzak urratu direla adierazten bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko da eta, hala badagokio, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari kasuan-kasuan dagokion zenbatekoak itzultzeko betebeharra ezarriko da. Zenbateko horiek itzultzeko, Ebazpenaren jakinarazpena egiten denetik bi hilabeteko epea utziko da. Epe hori izango da borondatezko aldiaren epea.
Borondatezko aldian itzultzen ez bada, dagozkion izapideei hasiera emango zaie premiamendu-bidetik berreskuratzeko.
23. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.
Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere fitxategi automatizatuetan sartuko ditu deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betez lortutako datu pertsonalak.
Halaber, interesdunek Legean aurreikusitako datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte; horretarako, idazki bat bidali beharko dute hori jakinaraziz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, Vitoria-Gasteiz).