Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

152. zk., 2012ko abuztuaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3609

900/2012 EBAZPENA, uztailaren 12koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, bilera zientifiko eta prestakuntza-jardueretarako laguntzak deitzen dituena Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Ente Publikoko osasun-zerbitzuetako erakunde publikoetan.

Osasun-arloan egin beharreko ikerketa- eta prestakuntza-lana zabala eta anitza da oso, eta horrexegatik, beharrezkoa da zientzia-arloko informazioa eta ezagupenak elkarrekin trukatzea, bai eta harreman hori garatzea eta hobetzea ere. Horretarako, bilera zientifikoak antolatzea oso bide egokia da.

Osasun Sailak du bere gain hartuta, Osasun Antolamenduko Zuzendaritzaren bitartez, osasun-arloko ikerketa eta langileen prestakuntza sustatzeko eskumena; betebehar hori hezurmamitzeko, dagokion aurrekontu-atala du prest, hirugarrenei egindako transferentzien bitartez, kongresu eta bilera zientifikoak antolatzen laguntzeko. Diru-transferentzia horiek egiteko prozedura ahalik eta eragingarriena izan dadin, Osakidetzak kudeatu izan ditu orain arte, Osasun Saila lagun duela, ente publikoari atxikitako osasun-zentroei eman beharreko laguntzak.

Aurten ere, 2012. urtean, ildo berari jarraituz, hau ebatzi da.

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Deialdia egitea eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Ente Publikoko zerbitzu-erakundeetan (I. eranskinean jasoak) bilera zientifikoak eta prestakuntza-jarduerak antolatzeko diru-laguntzak arautuko dituzten oinarri orokorrak onartzea.

Bigarrena: eskabidea egiteko eredu normalizatuak onartzea: II. eta III. eranskinak

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen honetan aurrez zehaztu ez diren gaiak direla-eta, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa beteko da, alegia, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoa.

Bigarrena.- Ebazpen honen eta berori garatuko duten behin betikoen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epearen barruan, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, hala ezartzen baitute lege eta dekretu hauek: 1992ko azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, 1999ko urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuak, ekainaren 26ko Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legeak eta azaroaren 11ko Osakidetzaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen 255/1997 Dekretuak. Izan ere, arau horien arabera:

Giza Baliabideetako Dibisioko zuzendariak emandako ebazpenen aurka, Osakidetzako zuzendari nagusiari jarri ahalko zaio gora jotzeko errekurtsoa (Araba kalea, 45; PK: 01006, Vitoria-Gasteiz).

Zuzendari nagusiak emandako ebazpenen aurka, Osakidetzako Administrazio Kontseiluari aurkez dakioke gora jotzeko errekurtsoa (Araba kalea, 45; PK: 01006, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.- Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 12a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JULIÁN PÉREZ GIL.

I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA ZUZENBIDE PRIBATUKO ENTE PUBLIKOKO ZERBITZU-ERAKUNDEETAN BILERA ZIENTIFIKOAK ETA PRESTAKUNTZA-JARDUERAK ANTOLATZEKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI OROKORRAK

1.- Xedea.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeei zuzendutako diru-laguntzak arautu eta horietarako deialdia egitea da ebazpen honen helburua. Euskal Autonomia Erkidegoan 2012. urtean egingo diren bilera zientifiko eta prestakuntza-jarduerak antolatzearen ondoriozko gastuak finantzatzeko izango dira laguntza hauek. Bi modalitate izango dira:

a) Bilera zientifikoak, hau da, kongresu, sinposium, jardunaldi eta antzeko jarduerak.

b) Prestakuntza jarduerak: ikastaroak, tailerrak eta mintegiak.

2.- Baliabide ekonomikoak.

Baliabide ekonomikoen zenbatekoa 90.000 eurokoa izango da. Kopuru hori aldatu egin liteke, eskatutako laguntzak guztira zenbatekoak diren ikusita, eta, Osakidetzak beste programa batzuk burututakoan diru-kopururik ahitu gabe geratuz gero, erabilgarri dagoen diruaren arabera.

Oro har, zenbateko horren erdia bilera zientifikoen diru-laguntzarako izango da, eta beste erdia, berriz, prestakuntza-jarduerak antolatzeko.. Banaketa hori, alda daiteke, ordea, modalitate bakoitzean aurkeztu diren eskeren arabera, edo beste bide batzuetatik jasotako dirulaguntzarik balego.

3.- Diruz lagunduko diren gastuak.

3.1.- Diru-laguntza bakar-bakarrik izango da bilera edo prestakuntza-jardueraren izaera zientifikoarekin zuzenean lotuta dauden gastuak ordaintzeko.

3.2.- Diruz lagunduko ez diren kontzeptuak:

- Ekintza sozialei lotutako gastuak: sukaldaritza, ornamentazioa, kortesia-opariak edo antzeko gastuak.

- Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko pertsonak bileretara edo prestakuntza-jardueretara joan izanak eragindako gastuak.

Zerbitzu-erakunde eskatzaileak aurreko gasturen bat sarrera eta gastuen aurrekontuan sartuko balu, aurrekontu hori doitu, eta aipatutako gastuak ez lirateke kontuan hartuko.

4.- Diru-hornidura eta laguntzen bateragarritasuna.

4.1.- Laguntzen zenbatekoa zehazteko, sarrera eta gastuen aurrekontua hartuko da aintzat, eta, egonez gero, bestelako finantza-iturriak ere bai.

Emandako diru-laguntzak ez du inoiz gaindituko eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuan jasotako defizita, edo, hala badagokio, 3.2. oinarrian ezarritakoaren arabera egindako doiketaren ondoriozko defizita.

Baliabideak mugatuak direnez, banaketa bidezkoa lortze aldera, diru-laguntza horien gehienezko eta gutxienezko kopuruak ezartzen dira:

- Bilera zientifikoetan: gehienez 5.000 euro, eta, gutxienez 100 euro. Nolanahi ere, eskatutako zenbatekoa gutxieneko zenbateko hori baino txikiagoa bada, eskatutako hori emango da.

- Prestakuntza-ekintzetan: gehienez, 4.000 euro, eta gutxienez, 100 euro. Nolanahi ere, eskatutako zenbatekoa gutxieneko zenbateko hori baino txikiagoa bada, eskatutako hori emango da.

Salbuespen gisa, gehieneko muga horiek gainditu daitezke baldin eta esleitutako zenbateko osotik nahikoa soberakin gelditzen bada.

4.2.– Laguntzen bateragarritasuna.

Diru-laguntza hauek bateragarri izango dira beste edozein eratako diru-laguntzekin.

Ekintza antolatzeko lortutako sarreren guztizkoak, erakunde publiko eta pribatuek emandako diru-laguntzak barne, ezingo du inolaz ere gainditu bilera zientifikoaren edo prestakuntza-jardueraren gastuen guztizkoa.

Laguntza jasotzen duen erakunde onuradunak, ahalik eta lasterren, Osakidetzako Giza Baliabideetako Dibisioari (Prestakuntza Zerbitzu Korporatiboa) xede bererako beste laguntzarik jaso duen jakinarazi beharko dio.

5.– Eskabideak.

5.1.- Ebazpen honen II. eranskinean (bilkura zientifikoak) eta III. eranskinean (prestakuntza-ekintzak) ageri den eredu normalizatuaren arabera egingo dira ebazpen honetako laguntzak jasotzeko eskaerak.

Eskabide-eredua eskura egongo da intranet korporatiboan: www.osakidetza.net helbide elektronikoan, web-orri horretan dagoen baliabide telematikoen bitartez bidaltzeko.

Eskatzaileek, eskaera telematikoki bidali ondoren, kopia bat inprimatu behar dute. Kopia hori Osakidetzako zerbitzu-erakunde eskatzailearen gerentziak sinatu eta zigilatu behar du eta, dagokion dokumentazioarekin batera, Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan erregistratu behar da, deialdial ezarritako epean. Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan ezartzen diren modu eta lekuetan ere aurkeztu ahal izango da.

Laguntza-eskaera dagokion Gerentziak sinaduraz baimendu beharko du eta hori ezinbesteko baldintza izango da eskaera onartu ahal izateko.

5.2.- Eskaerak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako dibisioari zuzendu eta bidaliko zaizkio (Prestakuntzako Zerbitzu Korporatiboa, Araba kalea, 45; 01006, Vitoria-Gasteiz).

5.3.- Dirulaguntza-eskaera modalitate baterako iristen bada, eta besteari badagokio, ofizioz bideratuko da modalitate egokira, eta, dokumentazioa behar bada, bilera zientifikoa edo prestakuntza jarduera antolatzeko ardura duenari eskatuko zaio.

5.4.- Hainbat edizio duten prestakuntza-jarduerei dagokienez, eskabide bakarra aurkeztu behar da, eta bertan zehaztu zenbat edizio eta noiz egin diren. Era berean, saio horien guztien gastuen zenbatekoa jaso behar da gastuen atalean. Ondorio horietarako, jarduera bera data diferenteetan antolatzea izango da edizioa.

5.5.- Eskaerarekin batera (II. edo III. eranskina) ondoko dokumentazioa aurkeztu behar da.

5.5.1.- Bai bileren kasuan, bai prestakuntza-jardueren kasuan:

a) Sarrera eta gastuen aurrekontu zehatza. Ez dira aurrekontu horretan sartuko ekintza sozialen inguruko gastuak eta Osakidetzako pertsonak bilkura edo prestakuntza-ekintzetara joateak sortutako gastuak.

Bilera edo prestakuntza-jarduera Osakidetzako zerbitzu-erakunde baten eta beste entitate baten artean antolatzen bada, Osakidetzako zerbitzu-erakunde horrek bereak bakarrik diren sarrera eta gastuen aurrekontu xehea aurkeztu beharko du.

b) Aurretiazko programa, honakoak jasoko dituena: ekintza zientifikoen edo prestakuntza-ekintzaren edukiaren deskribapen zehatza, eta txostengile edo irakasle nagusienen zerrenda, bakoitzaren prestakuntza edo ibilbide zientifiko eta profesionalaren azalpen labur bat jasoko duena.

5.5.2.- Aurrekoez gain, bilkura zientifikoei dagokienez:

c) Memoria, honako hauek jasoko dituena:

- Bileraren bidez lortu nahi diren helburuak.

- Halaber, memoria horretan adieraziko da helburu horiek loturarik baduten edo ez Euskadin kronikotasunaren erronkari aurre egiteko erabiltzen den estrategiarekin eta Osasun Saileko eta Osakidetzako lehentasunezko arloekin, baita zerbitzu-erakundeen plan eta programa espezifikoekin ere. Hala badagokio, bilera antolatu duen unitatearen edo zerbitzuaren plan eta helburu espezifikoekin duten erlazioa ere aipatuko da memorian.

- Bestalde, programatutako edukien eta parte hartuko duten irakasleen egokitasuna arrazoitu beharko da, bileraren helburuei begira.

- Azkenik, bileraren helburuak eta kosteak proportzionalak diren argudiatu behar da.

5.5.3.- Eta prestakuntza-jardueren kasuan:

d) Memoria, prestakuntza-ekintzaren helburu orokorrak eta espezifikoak adierazten dituena, eta ondoko azalpen guztiak jasotzen dituena: helburu horiek loturarik baduten Euskadin kronikotasunaren erronkari aurre egiteko erabiltzen den estrategiarekin eta Osasun Saileko eta Osakidetzako lehentasunezko arloekin, baita zerbitzu-erakundeen plan eta programa espezifikoekin ere; hala badagokio, aipatu helburu horiek bilera antolatu duen unitatearen edo zerbitzuaren plan eta helburu espezifikoekin duten erlazioa; jardueraren egokitasuna, prestakuntza-ekintzaren edukiak zein prestakuntza-beharrei erantzuten dien eta behar hauek nola antzeman diren (azterlanak, profesionalen iritzia...); unitate edo zerbitzu sustatzailearen zein hobekuntza-arlotan eragingo duen prestakuntza-jarduerak; irakasteko metodologia; azken ebaluazio-sistemak; bileraren antolaketa eta logistika, ondokoak zehaztuz: egutegia, baliabide materialak (material inprimatua, gardenkiak, diapositibak, etab), eta ikasleak hautatzeko irizpideak.

5.6.- Eskabideak eta beharrezko dokumentazioa aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2012ko irailaren 30ean bukatuko da.

6.- Eskabidea bertan behera uztea.

Diru-laguntza eskaera eragin duen bilera zientifikoa edo prestakuntza-jarduera bertan behera geldituko balitz, zerbitzu-erakunde eskatzaileak lehenbailehen aurkeztu beharko du laguntza-eskaria bertan behera uzteko dokumentu formala, dagokion gerentziak sinatuta eta zigilatuta ondoko helbidean: Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritza -Prestakuntzako Zerbitzu Korporatiboa-, Araba kalea 45, 01006, Vitoria-Gasteiz.

7.- Eskabidea argitzeko errekerimendua.

Aurkeztutako dokumentazioaren inguruan argibiderik behar izanez gero, bilera zientifikoaren edo prestakuntza-jardueraren antolaketa-arduradunari eskatuko zaio zuzenean.

8.- Eskabidearen hutsak zuzentzea.

Diru-laguntzen eskabideak behar bezala bete ez badira edo laguntza-modalitate bakoitzerako eskatzen diren agiriak erantsi ez badira, erakunde eskatzaileari hamar laneguneko epea emango zaio hutsak zuzendu edo agiriak aurkezteko, eta, adierazko zaio, horrela egiten ez badu, bere eskabidea baliogabetutzat joko dela. Administrazioak, bere aldetik, eskabideari buruzko ebazpena eman eta jakinarazi beharko dio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

9.– Eskabideak ebaluatzea.

Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, Erakundeko zuzendari nagusiak izendatutako Balorazio Batzorde bat eratuko da.

Batzorde hori honako hauek osatuko dute: Giza Baliabideetako Dibisioa Kudeatu, Antolatu eta Garatzeko zuzendariordea epaimahaiburu lanetan eta lau kide gehiago eta Prestakuntza Arloko teknikari arduradun bat idazkari lanetan.

Batzorde horrek eskabideen balorazio egokirako beharrezko jotzen dituen aholkuak eskatu ahal izango ditu.

Batzordeak, laguntza-modalitate bakoitzerako aurreikusitako balorazio-irizpideak eta ponderazioak aplikatuz, egin diren eskaerak aztertu eta dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Dibisioko zuzendariari.

10.- Balorazio- eta ponderazio-irizpideak.

Ondoren azalduta datozen irizpide eta ponderazio hauek aintzakotzat hartuta egin beharko da balorazio-lan hori:

1) Bilkura zientifikoei dagokienez:

a) Bileraren helburuek erlaziorik ba ote duten Euskadin kronikotasunaren erronkari aurre egiteko erabiltzen den estrategiarekin eta Osasun Saileko eta Osakidetzako lehentasunezko arloekin, baita zerbitzu-erakundeen plan eta programa espezifikoekin ere. 50 puntu gehienez, era honetan baloratuta:

- Kronikotasun-estrategiekin eta Osasun Sailaren eta Osakidetzaren gainerako lehentasun-arloekin erlazionatutakoak: 50 puntu.

- Orokorrean, zerbitzu-erakundeetako plan eta programa espezifikoekin erlazionatutakoak: 35 puntu.

- Bilera antolatu duen unitatearen edo zerbitzuaren pan eta helburu espezifikoekin erla­zionatutakoak: 20 puntu.

- Erlazionatu gabeak: 0 puntu.

Irizpide hori aurkeztutako memoriaren bitartez baloratuko da.

b) Programazioaren koherentzia eta proportzionaltasuna bileraren helburuekin: 40 puntu, gehienez. Irizpide hori memoriaren eta aurretiazko programaren bitartez baloratuko da era honetan:

- Edukien koherentzia eta proportzionaltasuna bileraren helburuekin: 25 puntu, gehienez.

- Irakasleen egokitasuna, bileraren helburuei begira: 15 puntu, gehienez.

c) Ekintzaren zabalkudea: 5 puntu, gehienez

- Partaide-kopurua. 3 puntu gehienez, era honetan baloratuta:

- 500dik gora: 3 puntu.

- 500 bitartean: 2 puntu.

- Bileran landutako jardunak ea hedatu edo argitaratu litezkeen. 2 puntu gehienez, era honetan baloratuta:

- Bai. 2 puntu.

- Ez: 0 puntu.

d) Kosteen proportzionaltasuna bileraren helburuekin: 5 puntu, gehienez

- Proportzionatuak: 5 puntu.

- Proportziorik gabeak: 0 puntu.

2) Prestakuntza-jarduerei dagokienez:

a) Prestakuntza-ekintzaren helburuek erlaziorik ba ote duten Euskadin kronikotasunaren erronkari aurre egiteko erabiltzen den estrategiarekin eta Osasun Saileko eta Osakidetzako lehentasunezko arloekin, baita zerbitzu-erakundeen plan eta programa espezifikoekin ere: 40 puntu, gehienez.

- Kronikotasun-estrategiekin eta Osasun Sailaren eta Osakidetzaren gainerako lehentasun-arloekin erlazionatutakoak: 40 puntu.

- Orokorrean, zerbitzu-erakundeetako plan eta programa espezifikoekin erlazionatutakoak: 30 puntu.

- Prestakuntza-ekintza antolatu duen unitatearen edo zerbitzuaren pan eta helburu espezifikoekin erlazionatutakoak: 20 puntu.

- Erlazionatu gabeak: 0 puntu.

b) Prestakuntza-jardueraren egokitasuna: prestakuntza-jardueraren helburuak betez gero, lanbidearen inguruan atzemandako premiak hobetzen diren ala ez baloratuko da. Gehienez, 20 puntu.

- Egokitasun handia: 20 puntu.

- Egokitasun nahikoa: 10 puntu.

- Egokitasun txikia: 5 puntu.

- Egokitasunik ez: 0 puntu.

c) Irakasteko metodologia: 20 puntu, gehienez, era honetan baloratua:

- Ikasgelaz kanpoko dedikazio osagarria eskatzen du: 20 puntu.

- Teoriko-praktikoa: 15 puntu.

- Ikasleekiko elkarreragina eskatzen du: 10 puntu.

- Azalpen teorikoa: 5 puntu.

d) Ebaluazioa: 15 puntu, gehienez, era honetan baloratuta:

- Jarraipen-ebaluazioa: 15 puntu.

- Aprobetxamenduaren ebaluazioa: 10 puntu.

- Ikasleei inkesta, duten iritzii/gogobetetasunari buruzkoa: 5 puntu.

- Bertaratze-ehunekoa: 2 puntu.

e) Antolamendua eta logistika: Honako hau baloratuko da: giza baliabideak eta baliabide materialak, prestakuntza emateko egutegia eta ikasleak aukeratzeko irizpideak prestakuntza-ekintzara nola egokitzen diren eta zenbateraino diren proportzionalak. Gehienez, 5 puntu.

- Oso proportzionatuak: 5 puntu.

- Nahiko proportzionatuak: 2 puntu.

- Proportzio gutxikoak: 0 puntu.

Irizpide horiek memoriaren eta aurretiazko programaren bitartez baloratuko dira.

Memorian, programan edo eskabidean aipatu ez diren ebaluatu beharreko alderdi guztiek «zero puntuko» balorazia jasoko dute.

Ebazpen honetan azaldutako baldintza guztiak betetzeak ez du esan nahi besterik gabe laguntza jasotzeko eskubidea lortuko denik.

11.- Ebazpena.

11.1.- Deialdia Giza Baliabideetako Dibisioko zuzendariak ebatziko du, Balorazio Batzordearen proposamena aintzat hartuta, eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

11.2.- Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta, gehienez ere, sei hilabeteko epean ebatziko da deialdia. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik ematen ez bada, ebatzi gabeko eskaerak ezetsi egin direla ulertu beharko da, halaxe ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan, ahaztu gabe lege berak Administrazioari berariaz ebatzi behar duela ere agintzen diola.

Laguntza ukatzen den kasuetan, eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa hilabeteko epean erretiratu ahal izango da esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, interesdunak aldez aurretik hala eskatuta, baldin eta horren aurka errekurtsorik aurkeztu ez bada. Errekurtsorik aurkeztu bada, ezesteko ebazpenaren jakinarazpena egiten denetik aurrera hasiko da epea.

12.- Ordainketa.

Esleitutako diru-laguntzari dagokion kopurua, banku-transferentziaren bitartez, dagokion zerbitzu-erakundearen aurrekontuan sartuko da.

13.- Onuradunen betebeharrak.

Diruz lagundutako bilkura edo prestakuntza-ekintza amaitu eta lau hilabeteko epean, laguntza jaso duen zerbitzu-erakundeak, SAP Gizabide «prestakuntza-modulua»-n, bilkura edo prestakuntza-ekintzarako sortu den eremuaren barruan, zehazki, «Oharrak» izeneko atalean, bere azken balantze ekonomikoa sartu behar du.

Gastuak besterik ez dagoenez, diruz lagundutako modalitatean balantze ekonomikorik adierazi behar ez bada, nahikoa da gastuak SAP Gizabide moduluko «Irakaskuntza-kosteak» atalean mekanizatzea.

Betebehar hori konplitzen ez bada, zerbitzu-erakundea zigortua izango da; alegia, hurrengo deialdian parte hartzerik ez du izango dagokion unitate edo zerbitzuak.

14.– Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada gerora, betiere, laguntzaren xedea beteta dagoela, eta, hala dagokionean, beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik beste laguntzarik jasotzen bada batera, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Giza Baliabideetako Dibisioko Zuzendaritzak dagokion kitapen-ebazpena emango du, esleitutako laguntzen kopuruak berriz doitu eta egokitzeko.

15.- Ez-betetzeak.

Onuradunak ez baditu ebazpen honetan ezarritako xedeak eta baldintzak betetzen, laguntza jasotzeko eskubidea gal liteke, eta, hala dagokionean, onuradunaren aurka egin litezkeen gainerako jardunez gain, jaso duen diru-kopurua ere itzuli egin beharko du, dirua jaso zuenetik sortutako interes eta guzti.

Aipatutako diru-kopuru horiek denak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala