Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

152. zk., 2012ko abuztuaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
3604

119/2012 DEKRETUA, uztailaren 3koa, Energia berriztagarrietako goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Ekonomia iraunkorraren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia iraunkorraren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak –Lanbide-heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak–, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena sustatzeko eta bizkortzeko.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan.

7. artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, lanbide-konpetentzia, konpetentzia pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere lanbide-heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta hiritartasun demokratikoa egikaritzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.

Martxoaren 18ko 385/2011 Errege Dekretuak energia berriztagarrietako goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu.

Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen aurrez aipatutako 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendua eta araudia ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

Azaldutako aurrekarien arabera, Dekretu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegorako ezartzea Energia berriztagarrietako industrialeko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma, betiere Energia berriztagarrietako goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen martxoaren 18ko 385/2011 Errege Dekretuaren babesean.

Energia Berriztagarrietako goi-mailako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

Honako dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Gobernu Kontseiluak 2012ko uztailaren 3an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRA

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-esparrua.

1.– Dekretu honek Energia berriztagarrietako goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.

2.– Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

3.– Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

II. KAPITULUA
TITULUAREN IDENTIFIKAZIOA ETA LANBIDE PROFILA

2. artikulua.– Tituluaren identifikazioa.

Energia berriztagarrietako goi-mailako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

– Izendapena: Energia berriztagarriak.

– Maila: Goi-mailako Lanbide Heziketa.

– Iraupena: 2.000 ordu.

– Lanbide-arloa: Energia eta ura.

Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: CINE-5b.

Goi-mailako hezkuntzako kualifikazioen Espainiako esparruan duen maila: 1. maila, goi-mailako teknikaria.

3. artikulua.– Lanbide-profila.

Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.

1.– Titulu honen konpetentzia orokorra da energia eolikoko parkeak eta instalazioak maneiatzeko eta mantentzeko muntaia-lanak, zerbitzuan jartzeko lanak eta kudeaketa-lanak koordinatzea, instalazioak sustatzea, proiektuak garatzea, eguzki-instalazio fotovoltaikoak muntatzea eta mantentzea, muntaia- eta mantentze-lanak kudeatzea eta gainbegiratzea, eta azpiestazio elektrikoak maneiatzea eta horien lehen mailako mantentzea egitea.

2.– Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

a) Parke eolikoen muntaketa antolatzea, baliabideak, beharrezko denborak eta betearazteko kontrol sistemak definituta.

b) Parke eolikoen zerbitzua, eragiketa eta mantentzea kudeatzea, proiektuetan eta beste dokumentu tekniko batzuetan jasotako informazio teknikoaren interpretazioa iturria izaki.

c) Parke eolikoak kudeatzeko urrutiko aginteko sistemetan eragitea, funtzionamendua atmosfera egoerara eta sareren beharretara egokituta.

d) Tokiko eragiketa egin eta parke eolikoak mantentzea, araututako segurtasuneko eta arrisku prebentzioko protokoloak jarraituta.

e) Parke eolikoak muntatu, mantendu eta eragiteko kudeaketarako beharrezko txostenak eta agiri teknikoak egitea.

f) Laneko arriskuen eta egoera ebaluatzea.

g) Azpiestazio elektrikoen muntaketa antolatzea, ikuskapen planak eta irizpideak landuz.

h) Tokiko eragiketa egin eta azpiestazio elektrikoak lehen mailan mantentzea, araututako segurtasuneko eta arrisku prebentzioko protokoloak jarraituta.

i) Eguzki instalazio fotovoltaiko mota desberdinen proiektuen garapena kudeatzea, beharrezko kalkuluak eginez eta dokumentazio teknikoa landuz.

j) Eguzki instalazio fotovoltaikoen eragiketa eta mantentzea kudeatzea, proiektuetan eta beste dokumentu tekniko batzuetan jasotako informazio teknikoaren interpretazioa iturria izaki.

k) Eguzki instalazio fotovoltaikoen muntaketa lanak antolatzea, ikuskapen planak eta irizpideak landuz.

l) Parke eolikoen, eguzki instalazio fotovoltaikoen eta aurreko instalazioen azpiestazio elektrikoen muntaketa prozesuei lotutako administrazio izapideak eta dokumentazioa kudeatzea.

m) Energia geotermikoaren, mareomotrizaren, bioerregaien, biomasaren, hidrogenoaren eta bestelako energia berriztagarrien aprobetxamendua lortzeko teknologien garapena ebaluatzea, zentral elektrikoetan izandako ezarpena azatertuz.

n) Lan-egoera berrietara egokitzea eta, horretarako, lanbide-inguruneari dagozkion ezagutza zientifikoak, teknikoak eta teknologikoak eguneratuta mantentzea, norberaren prestakuntza kudeatzea, bizitza osoan ikasteko dauden baliabideak kudeatzea, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea.

ñ) Egoerak, arazoak edo kontingentziak ekimenez eta autonomiaz ebaztea norberaren eskumenen esparruan, betiere sormenez, berrikuntzaz eta norberaren lanean eta taldeko kideen lanean hobetzeko izpirituaz.

o) Lan-taldeak arduraz antolatu eta koordinatzea, eta haien garapena ikuskatzea, harreman arinak izanez, lidergoa bere gain hartuz eta sortzen diren talde-gatazketarako konponbideak ekarriz.

p) Parekoekin, goragokoekin, bezeroekin eta norberaren erantzukizunpeko pertsonekin komunikatzea eta haiei informazio eta ezagupen egokiak ematea, komunikazio-bide eraginkorrak erabilita, eta, horretarako, norberaren lan-esparruan esku hartzen duten pertsonen autonomia eta eskumena errespetatzea.

q) Norberaren lanean eta taldeko lanean ingurune seguruak sortzea, eta, horretarako, laneko eta ingurumeneko arriskuen prebentzioko prozedurak gainbegiratzea eta aplikatzea, araudiak ezarritakoaren eta enpresaren helburuen arabera.

r) Kalitate-kudeaketako, irisgarritasun unibertsaleko eta guztiontzako diseinuko prozedurak gainbegiratzea eta aplikatzea produkzio-prozesuetako edo zerbitzugintzako lanbide-jardueretan.

s) Enpresa txiki bat sortzeko eta funtzionatzeko oinarrizko kudeaketa egitea eta norberaren lanbide-jardueran ekimenez jardutea, betiere gizarte-erantzukizuna kontuan izanik.

t) Nork bere eskubideak baliatzea eta lanbide-jardueraren ondoriozko betebeharrak betetzea, indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera, eta, horretarako, bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte-hartze aktiboa izatea.

3.– Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:

– Osatutako lanbide-kualifikazioak:

a) Parke eolikoak muntatzeko eta mantentzeko lanak kudeatzea ENA 193_3 (urriaren 27ko 1228/2006 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

UC0615_3: energia eolikoko instalazioak muntatzeko proiektuak garatzea.

UC0616_3: energia eolikoko instalazioak zerbitzuan jartzeko eta jarduteko lanak kudeatzea.

UC0617_3: energia eolikoko instalazioen mantentze-lanak kudeatzea.

UC0618_2: parke eolikoetako lanbide-arriskuak prebenitzea eta larrialdi-kasuetan jardutea.

UC0619_2: energia eolikoko instalazioak muntatzea eta mantentzea.

b) Eguzki-instalazio fotovoltaikoen antolamendua eta proiektuak ENA 263_3 (abuztuaren 24ko 1114/2007 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

UC0842_3: eguzki-instalazioetarako proiektuak bideragarriak diren erabakitzea.

UC0843_3: eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuak garatzea.

UC0844_3: eguzki instalazio fotovoltaikoen muntaia antolatu eta kontrolatzea.

UC0845_3: eguzki instalazio fotovoltaikoen mantentzea antolatu eta kontrolatzea.

c) Azpiestazio elektrikoen muntaketa, eragiketa eta mantentzea kudeatzea. ENA 474_3 (maiatzaren 28ko 716/2010 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

UC1531_3: azpiestazio elektrikoen muntaia kudeatu eta gainbegiratzea.

UC1532_3: azpiestazio elektrikoen jarduna eta mantentze-lanak kudeatu eta gainbegiratzea.

UC1533_2: tokian jardutea eta azpiestazio elektrikoetako lehen mailako mantentzea egitea.

UC1530_2: goi-tentsioko instalazio elektrikoetako arriskuak prebenitzea.

4. artikulua.– Lanbide-ingurunea.

1.– Lanbide-irudi honek energia eolikoko instalazioak eta energia elektrikoa produzitzeko eguzki-instalazio fotovoltaikoak sustatzera, muntatzera, ustiatzera eta mantentzera zuzentzen diren enpresetan egiten du lan, baita energia elektrikoa sortzearekin, garraiatzearekin eta banatzearekin lotzen diren enpresetan, goi-tentsioko instalazioak dituzten enpresetan, eta azpiestazio elektrikoak muntatzeko eta mantentzeko lanak egiten dituzten industria-enpresetan ere.

2.– Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:

Instalazio eolikoak maneiatzeko eta mantentzeko lanak kudeatzeko teknikaria.

Parke eolikoen muntaiaren arduraduna.

Aire sorgailuen muntaiaren arduraduna.

Aire sorgailuen muntatzaile edo espezialista.

Parke eolikoak mantentzeko espezialista.

Eguzki-instalazioen sustatzailea.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoen proiektugilea.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoak muntatzearen arduraduna.

Eguzki instalazio fotovoltaikoak mantentzearen arduraduna.

Eguzki-zentral fotovoltaiko txikiak ustiatzearen eta mantentzearen arduraduna.

Eguzki-instalazio fotovoltaikoen muntatzaile operadorea.

Instalazio eoliko eta fotovoltaikoetako azpiestazio elektrikoak muntatzearen arduraduna.

Instalazio eoliko eta fotovoltaikoetako azpiestazio elektrikoak mantentzearen arduraduna.

Instalazio eoliko eta fotovoltaikoetako azpiestazio elektrikoen operadore mantentzailea.

III. KAPITULUA
HEZIKETA ZIKLOAREN IRAKASKUNTZAK, ESPAZIOAK ETA EKIPAMENDUAK, ETA IRAKASLEAK

5. artikulua.– Heziketa-zikloaren irakaskuntzak.

Heziketa-zikloaren irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:

1.– Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

a) Aire sorgailuen eta parke eolikoen konposizioa eta funtzionamendua identifikatzea, eta tresneria, horien zatiak eta funtsezko parametroak zehaztea, muntaia antolatzeko.

b) Parke eolikoak zerbitzuan jartzeko, maneiatzeko eta mantentzeko prozesuak eta prozedurak definitzea, eta horien gauzatzea antolatu eta kontrolatzeko beharrezko faseak, eragiketak eta baliabideak ezaugarritzea.

c) Parke eolikoak muntatzeko eta mantentzeko zereginak egitea, aurreikusitako muntatzeko eta mantentzeko prozesuak eta programak kudeatzen laguntzeko.

d) Aire sorgailuen eta parke eolikoen portaera simulatzea, eta, horretarako, informatika-aplikazioak erabiltzea funtzionamendu-puntu egokia doitzeko, betiere segurtasuneko, eragimeneko eta hornikuntzaren kalitateko irizpideen arabera.

e) Aire sorgailuetan bertan jarduteko edo teleaginte bidez jarduteko prozesuak deskribatzea, eta parke eolikoak maneiatzeko zereginak eta beharrezko baliabideak ezaugarritzea.

f) Parke eolikoetan esku hartzen duten instalazioak eta tresneriak identifikatzea eta ezaugarritzea, horiekin jarduteko edo horiek mantentzeko lanak egiteko.

g) Tokian bertan eta parke eolikoetako kontrol-zentroetan, funtzionamendua doitzeko zereginak egitea, gehieneko eragimen eta segurtasuneko parametroen arabera.

h) Parke eolikoak muntatzeko eta mantentzeko lanak kudeatzearen eta gainbegiratzearen prozedurak finkatzea, eta txostenak eta dokumentazio teknikoa lantzea.

i) Aire sorgailuak eta parke eolikoak muntatzean, maneiatzean eta mantentzean prebentzio-neurriak aplikatzea, eta, horretarako, arloko araudia eta arrisku-egoerak ezagutzea.

j) Azpiestazio elektrikoak muntatzeko eta abian jartzeko prozesua ezagutzea, eta prozesu horren faseak, eragiketak eta beharrezko baliabideak ezagutzea, prozesua antolatzeko eta kontrolatzeko.

k) Azpiestazio elektrikoa osatzen duten zatiak eta tresneriak identifikatzea, instalazioak muntatzeko, tokian maneiatzeko edo mantentzeko.

l) Eguzki-instalazio fotovoltaikoen kalkuluak egitea, txosten teknikoak lantzea, planoak egitea eta aurrekontuak egitea, instalazioak konfiguratzeko.

m) Eguzki-instalazio fotovoltaikoetan esku hartzen duten instalazioak eta tresneriak identifikatzea, horiek muntatzeko, maneiatzeko edo mantentzeko.

n) Eguzki-instalazio fotovoltaikoetako sistemak eta elementuak muntatzeko teknikak ezagutzea, horiek gainbegiratzeko eta kontrolatzeko.

ñ) Eguzki-instalazio fotovoltaikoen motak ezagutzea, horien izapideak eta legeztatzea kudeatzeko.

o) Energia berriztagarrien teknikak eta sistemak identifikatzea, instalazio konbentzionaletan aplikatzera begira.

p) Sektorearen bilakaera zientifikoarekin, teknologikoarekin eta antolamendukoarekin lotutako ikaskuntza-aukerak eta baliabideak, eta informazio- eta komunikazio-teknologiak aztertu eta erabiltzea; eguneratzeko espirituari eusteko, eta lanaren eta norberaren egoera berrietara egokitzeko.

q) Sormena eta berrikuntza-espiritua garatzea, lanaren antolamenduan eta prozesuetan, eta norberaren bizitzan sortzen diren aupadei erantzuteko.

r) Erabakiak oinarrituta hartzea, inplikatutako aldagaik aztertuta, hainbat esparrutako jakintzak bilduta, eta horietan erratzeko arriskuak eta aukera onartuta; mota orotako egoerei, arazoei eta gorabeherei aurrea hartu eta horiek ebazteko.

s) Talde-laneko testuinguruetan lidergo, motibazio, ikuskapen eta komunikazioko teknikak garatzea, lan-taldeen antolamendua eta koordinazioa errazteko.

t) Komunikazio-estrategiak eta -teknikak aplikatzea, zabaldu beharreko edukietara, helburura eta hartzaileen ezaugarrietara egokituta; komunikazio-prozesuetan eraginkortasuna ziurtatzeko.

u) Laneko arriskuen prebentzioko eta ingurumen-babeseko egoerak ebaluatzea, eta prebentzio-neurri pertsonalak eta kolektiboak proposatu eta aplikatzea, lan-prozesuetan aplikatu beharreko araudiaren arabera; ingurune seguruak ziurtatzeko.

v) Irisgarritasun unibertsalari eta guztientzako diseinuari erantzuteko beharrezko lanbide-ekintzak identifikatu eta proposatzea.

w) Ikasteko prozesuan egindako lanetan eta jardueretan kalitate-parametroak identifikatu eta aplikatzea, ebaluazioaren eta kalitatearen kultura balioesteko, eta kalitate-kudeaketako prozedurak hobetzeko gai izateko.

x) Kultura ekintzailearekin, enpresakoarekin eta lanbide-ekimenekoarekin lotutako prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bati ekiteko.

y) Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan izanda, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

2.– Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

a) Zentraletako sistema elektrikoak.

b) Azpiesatazio elkektrikoak.

c) Telekontrola eta automatismoak.

d) Arrisku elektrikoen prebentzioa.

e) Energia berriztagarrien sistemak.

f) Eguzki-instalazio fotovoltaikoen konfigurazioa.

g) Eguzki-instalazio fotovoltaikoen muntaia kudeatzea.

h) Parke eolikoen muntaia kudeatzea.

i) Parke eolikoak maneiatzea eta mantentzea.

j) Energia berriztagarrien proiektua.

k) Ingeles teknikoa.

l) Laneko prestakuntza eta orientabidea.

m) Enpresa eta ekimen sortzailea.

n) Lantokiko prestakuntza.

I. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

3.– Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.

4.– Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 13 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

5.– Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

6. artikulua.– Espazioak eta ekipamenduak.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

7. artikulua.– Irakasleak.

1.– Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.

2.– Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.

3.– Irakasle espezialistek dekretu honen IV. eranskinean zehaztutako lanbide-moduluak irakasteko eskumena izango dute.

4.– Irakasle espezialistek otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 12. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete behar dituzte irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena.

5.– Gainera, lanbide-moduluaren barnean sartutako prozesuen beharrei erantzuten zaiela bermatzeko, irakasle espezialistek, izendapen bakoitzaren hasieran, dagokien lan-esparruan ezagututako lanbide-esperientzia egiaztatu beharko dute, behar bezala eguneratua. Izan ere, izendapenaren aurre-aurreko lau urteetan gutxienez bi urteko lanbide-jarduna frogatu beharko dute.

6.– Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean ematen dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez –ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak–.

IV. KAPITULUA
BESTE IKASKETA BATZUETARAKO SARBIDEAK ETA LOTURA. BALIOZKOTZEAK, SALBUESPENAK ETA EGOKITASUNAK. BALIOKIDETASUNAK, ETA ONDORIO AKADEMIKOAK ETA PROFESIONALAK. URRUTIKO ESKAINTZA ETA BESTELAKO MODALITATEAK

8. artikulua.– Heziketa-ziklo honetan sartzeko lehentasunak, egindako Batxilergoko modalitateei eta gaiei dagokienez.

Heziketa-ziklo honetan sartzeko lehentasuna izango dute Zientzia eta Teknologiako Batxilergoko modalitatea egin duten ikasleek.

9. artikulua.– Beste ikasketa batzuetarako sarbideak eta lotura.

Energia berriztagarrietako goi-mailako teknikariaren titulua edukitzeak aukera ematen du:

1.– Goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

2.– Graduko unibertsitate-tituluetara bideratzen duten irakaskuntzetara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

3.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko du Energia berriztagarrietako goi-mailako teknikariaren titulua dutenen eta horiekin lotzen diren graduko unibertsitate-titulua dutenen arteko baliozkotze-erregimena. Baliozkotzeko erregimena errazteko, 120 ECTS kreditu esleitu dira dekretu honetan ezarritako irakaskuntzetan, heziketa-zikloko lanbide-moduluen artean.

10. artikulua.– Baliozkotzeak, salbuespenak eta egokitasunak.

1.– Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean «Laneko prestakuntza eta orientabidea» modulua edo «Enpresa eta ekimen sortzailea» modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

3.– Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:

– Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.

– Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute –prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da–.

4.– Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 40.5 artikuluan xedatutakoaren indarrez.

5.– Energia berriztagarrietako goi-mailako teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna –horiek baliozkotzeko edo salbuesteko– eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna –horiek egiaztatzeko– VI. eranskinean jasotzen da.

11. artikulua.– Urrutiko eskaintza eta bestelako modalitateak.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.

1.– Dekretu honetan «Laneko prestakuntza eta orientabidea» lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

2.– Dekretu ezarritako prestakuntzak, zikloko modulu guztietakoak, beharrezko gaitasuna ematen du tentsio handiko konmutazio ekipoetako hexafloruroa berreskuratzeko", Floro gasak eta horietan oinarritutako ekipoak merkaturatu eta manipulatzea eta beroriek erabiltzen dituzten profesionalen ziurtagiriak arautzeko ekainaren 16ko 795/2010 Errege Dekretuan agertu bezala.

Bigarrena.– Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko uztailaren 3an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala