Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2012ko uztailaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
3475

AGINDUA, 2012ko uztailaren 18koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko REVIVE (Rehabilitación de Viviendas y Edificios) laguntza-programa arautzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoko eraikin-ondarean esku hartzeko proiektuak lantzeko eta horiek sorrarazitako lanak gauzatzeko.

317/2002 Dekretuak, irailaren 30ekoak, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoak, ezartzen du birgaitzeko jardueren araubide juridikoa, etxebizitzaren sektorea sustatzeko eta bultzatzeko xedea dutenena alegia. Dekretu hori garatzeko eman zen 2007ko maiatzaren 2ko Agindua, birgaitze integratuko area edo bizitegi-area degradatu izendatutako areetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko diru-laguntzak ematea arautzen duena.

Gure hiriak arretaz begiratzen baditugu, agerian geratzen da hori osatzen duten higiezinek urritasun nabariak dituztela, eta, horiek, neurri handi batean, horietan bizi den populazioaren ahultasunaren erakusgarri direla.

Horren ondorioz, hiri-esklusioko esparruak sor daitezke, eta ez populazioko sektore batzuek baliabideak eskuratzeko zailtasunak dituztelako soilik, baita eraikinak baldintza txarretan daudelako eta bizigarritasunaren, irisgarritasunaren eta eraginkortasun energetikoaren ikuspegitik erantzun eskasa ematen dutelako ere.

Ezin diogu uko egin dagoeneko eraikita dauden higiezinetan esku hartzeari, Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean zehaztutako erronkekin bat etorriz. Horren xedea da eraikinak birgaitzeko alorrean gure gain hartutako konpromisoak betetzea, hain zuzen ere.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Etxebizitza Sailburuordetzak 2010-2013 Eraikinak Birgaitzeko eta Hiria Berroneratzeko Plan Estrategikoa (PERH+) landu du, 2010-2013 Etxebizitza eta Hiri Berroneratzea Gida Plana garatzeko. PERH+ planean adierazten da jarduerek bilakaera bat izan behar dutela, mantentzeaz harago, eraikinen multzo osoan modu integralean jarduteko elementu espezifikoak behar direla haien balio-bizitza luzatzeko, erosotasun– eta kalitate-eskakizunetara egokitu behar direla eraikinak, bizigarritasuneko eta irisgarritasuneko gutxieneko baldintzak bete behar direla, eta energia-kontsumoa murriztu, erabiltzaileen bizi-kalitatea eta gizarte-kohesioa hobetzen laguntzeko.

Hori guztia egiten laguntzeko sortu da agindu hau, jabeen komunitateei eta etxebizitzen sustatzaile publikoei zuzendutako diru-laguntzak ezartzen dituena. Diru-laguntza horiek jasotzeko, batez ere etxebizitza-erabilera duten eta blokeak edo etxe-uharteak osatzen dituzten eraikinetan jarduteko proposamenak aurkeztu behar dituzte, betiere, eraikin horiek 1980 baino lehenago eraiki baziren eta hirigintza- eta egitura-egokitzapena badute.

Diru-laguntzen atalean zehazten da zer ehuneko dagokien obra-proiektuak idazteari eta horiek gauzatzeari. Diru-laguntzaren gehienezko muga bat ezartzen da, hain zuzen ere, esku hartzeko proiektuaren esparruan sartzen diren etxebizitzen kopurua 15.000 eurorekin biderkatuta kalkulatzen dena.

Proposamenak hautatzeko lehentasun-ordena ezartzen da; horri dagokionez, etxebizitzen jabeekin adostutako akordio maximoari emango zaio lehentasuna adostutako laguntzak eraginkorrak direla bermatzeko. Zenbait proposamen aukeratzerakoan berdinketa-egoerarik sortzen bada, jardueren onuradun izango diren etxebizitza-kopurua hartuko da kontuan. Atal horretan ere berdinketa mantentzen bada, jardueraren esparruan errentamendu babestuko zenbat etxebizitza sartzen diren hartuko da kontuan. Halere berdinketak jarraitzen badu, egoiliarren batez besteko errenta hartuko da kontuan alderantzizko zentzuan. Horri dagokionez, ez bada errenta aurkezten, ulertuko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko zerga-tipo altuenari dagokion tartekoa dela, interesduna haren diru-sarreren mailagatik aitorpen hori egitetik salbuetsita dagoela egiaztatzen ez bada behintzat. Hala bada, salbuespena ezartzen duen ziurtagirian jasotako kopurua edo aitorpen hori ez egiteko gehienezko kopurua hartuko da kontuan.

Irailaren 30eko 317/2002 Dekretuak, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoak, Lehenengo Xedapen Gehigarrian ezartzen du Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak birgaitzeko programa espezifikoak ezartzeko eskumena duela, agindu bidez, esku-hartzearen ezaugarriek hala eskatzen badute.

Horri jarraiki, eta 607/2009 Dekretuaren, azaroaren 24koaren, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenaren, 4.1. artikuluak egozten didan eskumena erabiliz, 1/1997 Legegintza Dekretuaren, azaroaren 11koaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenaren, VI. Tituluarekin eta VII. Tituluko II. eta III. kapituluekin bat etorriz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzen zaizkien gainerako xedapenei jarraiki, honako hau

EBAZTEN dut:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko REVIVE (Rehabilitación de Viviendas y Edificios) laguntza-programa arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoko eraikin-ondarean esku hartzeko proiektuak lantzeko eta horiek sorrarazitako lanak gauzatzeko.

2.– Esku hartzeko proiektu horietan, batez ere etxebizitza-erabilera duten eta blokeak edo etxe-uharteak osatzen dituzten eraikinetan esku hartzeko jarduerak proposatuko dira, betiere, eraikin horiek 1980 baino lehenago eraiki baziren eta hirigintza- eta egitura-egokitzapena badute abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan xedatutakoari jarraiki.

3.– Laguntza-programa honetan sartzen diren ondare eraikietan esku hartzeko proiektuen xedea izango da eraikita dauden eraikinen irisgarritasuna, bizigarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzea. Jarduerak gauzatzerakoan kontuan hartuko da iraunkortasun-irizpidea, eta jarraian azaltzen diren artikuluetan jasotako baldintzak bete beharko dira.

2. artikulua.– Diru-laguntzak jaso ditzaketen jarduerak.

1.– Agindu honetan jasotzen diren baldintzetan ezarriko da esku hartzeko zer proposamen gauza daitezkeen laguntza-programa honetan sartu ahal izateko. Jarraian aipatzen diren jarduerak bildu beharko dituzte:

a) Eraikinen inguratzailean jardutea –haren eskari termikoa murrizteko– eta ekoizpen termikoko instalazioetan jardutea –horien energia-kontsumoa murrizteko–. Helburua da eraikina eraberritu ostean gutxienez C ziurtagiri energetikoa lortzea urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretuan, eraikin berrien energia-eraginkortasuna ziurtatzeko oinarrizko prozedura ezartzen duenean, xedatutakoari jarraiki. Energia-ekoizpena ahalik eta neurri handienean iturri berriztagarrien bidez ezartzeko ahaleginak egin beharko dira.

b) Aireztatze-sistema hobetzea edo ezartzea barneko airea kalitate onekoa dela, hau da, behar bezala berriztatzen dela, bermatzeko, Eraikuntzaren Kode Teknikoak eraikin berrientzat ezartzen dituen gutxieneko parametroei jarraiki.

c) Eraikinen irisgarritasuna hobetzea; kaletik etxebizitza guztietara mailarik igo gabe iristeko modua eduki behar da.

d) Eraikitako perimetroa handiagotzeko jarduerak, bizigarritasun-baldintzak egokitzeko gauzatzen direnak, 317/2002 Dekretuaren, abenduaren 30ekoaren, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoaren, IV. eranskinari jarraiki.

e) Hartutako neurriek funtzionatzen dutela eta eraginkorrak direla egiaztatzeko monitorizazio-sistemak. Kontsumoen eta giro-baldintzen datuak urrunetik irakurtzeko, biltzeko eta ustiatzeko sistema bat ezarri beharko da, eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila arduratuko da lan horiek urrunetik egiteaz. Agindu honen IV. eranskinean zehaztutako ezaugarriak izango ditu esku-hartzean aurreikusitako monitorizazio-instalazioak.

2.– Eraikinaren egungo egoera dela eta, ez badu aurreko atalean aipatutako jardueretako bat behar aipatutako eskakizunak betetzen dituelako, ez da jarduerarik egin beharrik izango esparru horretan, baina aurkeztutako dokumentazioan egiaztatu beharko da hala dela.

3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Laguntza hauen onuradun izango dira proposatutako esku-hartzeen esparruan sartzen diren jabeen komunitateak diru-laguntzaren xede diren jarduerak gauzatzen badituzte.

Halaber, laguntzak jaso ahal izango dituzte etxebizitzen sustatzaile publikoek, betiere, jardueren esparrua sartzen diren etxebizitzen jabe badira.

2.– Onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.

3.– Zigor– eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden pertsona fisikoek edo juridikoek ezin izango dute laguntza-deialdi honetan parte hartu, ezta hartarako ezgaitzen dituen legezko debeku baten eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenen arteko seigarrenean xedatutakoari jarraiki.

4. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– 1. artikuluan aipatutako taldeak osatzen dituzten jabeen komunitateen ordezkariek aurkeztu beharko dituzte eskabideak, jabetza horizontalari buruzko legeak xedatutakoari jarraiki. Hala eta guztiz ere, III. eranskinean xedatutakoaren arabera, eskabideak aurkezteko ahalmena eman ahal izango zaio hirugarren bati, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 32. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Laguntza jasotzeko eskaera, I. eranskinean jasotako formatuan.

b) Jabeen komunitateen IFKren fotokopia konpultsatua.

c) Administratzailearen edo laguntzen eskabidea aurkezten duen pertsonaren NANaren fotokopia konpultsatua.

d) Higiezinen jabetza-tituluaren fotokopia konpultsatua.

e) Banku-ziurtagiria, jabeen komunitatearen titulartasuneko kontu-zenbakia jasotzen duena, agindu honen II. eranskinari jarraiki (esku hartzeko proposamenean sartzen diren komunitateetako bakoitzak bat).

f) Jabeen batzarrak onartu izanaren ziurtagiria, agindu honen III. eranskinari jarraiki (esku hartzeko proposamenean sartzen diren komunitateetako bakoitzak bat).

g) Proposamenaren edukia; honako hauek jaso beharko ditu:

– Proposamenaren deskribapen- eta justifikazio-memoria eta memoria ekonomikoa; espresuki erantzungo zaie agindu honen bigarren artikuluan aipatutako puntuei. Dagozkien eraikinen argazkiak ere aurkeztu beharko dira.

– Esparruaren kokapen-planoa.

– Proposamenaren finantza-plana.

– Eskatutako esku-hartzeen jardueren programa.

– Esku-hartzean sartzen diren eraikinen ikuskapen teknikoak.

h) Esku-hartzea egokia dela baieztatzen duen udal-txostena.

i) Etxebizitza bakoitzaren eta gune komunen horniduren (energia elektrikoa, gasa, ura, berogailua eta ur bero sanitarioa) kontsumo-datuak, eskabidea aurkeztu aurreko urteari dagozkionak.

j) Foru Ogasunaren ziurtagiria, proposamenaren esparruan sartzen diren etxebizitzetako titular bakoitzaren azkeneko ekitaldi fiskaleko diru-sarrerei buruzkoa.

k) Diru-laguntzak ematen dituen organoak beharrezko irizten dituen gainerako dokumentu guztiak.

3.– Epea.

2012ko urriaren 5a baino lehenago aurkeztu beharko dira eskabideak.

Etxebizitza Sailburuordetzak, aurkeztutako eskaeran hutsegite bat edo zehaztu gabeko zerbait dagoela edo aurkeztu beharreko agiriren bat falta dela atzematen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango dio arazoa konpontzeko edo falta dena aurkezteko, eta hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela adieraziko dio, dagokion ebazpena –Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritako moduan idatzi beharrekoa– eman ondoren.

4.– Eskabideak aurkezteko tokia.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren Erregistro Orokorrean aurkez daitezke eskaerak, bai eta lurralde-ordezkaritzetan ere, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak zehaztutako moduetakoren batean igorri.

5. artikulua.– Aurreikusitako kreditua eta diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Aurreikusitako kreditua.

Aipatutako diru-laguntza horiek emateko, 9.300.000 euroko zenbatekoa erabiliko da guztira, honela xehatuta:

(Ikus .PDF)

2.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1) Proiektuak idazteko.

Dokumentuak idazteko ordainsarien kostu garbiaren % 90 emango da gehienez (zergarik gabe).

2) Lanak gauzatzeko.

Diru-laguntzen xede diren jardueren kontrata-aurrekontuaren % 50 emango da gehienez (zergarik gabe).

Aipatutako ehuneko horien baturak gehienezko muga bat izango du, hain zuzen ere, esku hartzeko proiektuaren esparruan sartzen diren etxebizitzen kopurua 15.000 eurorekin biderkatuta kalkulatzen dena.

6. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Lehiaketa bidez esleituko dira laguntzak aurrekontu-kreditua agortu arte eta honako lehentasun-ordena honi jarraiki:

1.– Esparruko jabekideen artean adostutako akordioaren ehunekoaren eta horiek ordezkatzen duten parte hartzeko kuotaren arabera ordenatuko dira onartutako proposamenak. Horrela, jabekideen eta parte hartzeko kuoten % 100era heltzen den akordioa dutenak hautatuko dira lehenbizi, eta, horrela jarraituko da beherantz. Parte hartzeko kuoten ehunekoari emango zaio jabekideen ehunekoari baino garrantzi gehiago.

Behin % 100eko akordioaren eta parte hartzeko kuoten eskakizuna betetzen duten proposamenak hautatu ostean, saldo erabilgarririk geratzen bada, jabekideen eta parte hartzeko kuoten %100eko konpromisoa lortu ez duten proposamenekin jarraituko da beheraka.

Ez dira inola ere onartuko Jabetza Horizontalari buruzko 1960ko uztailaren 21eko Legeak eta ondorengo aldaketek zehaztutako jabekideen edo parte hartzeko kuoten gutxieneko kopurura heltzen ez den akordioa daukaten proposamenak, egoera horretan jarduerak ez baitira bideragarriak.

2.– Jabekideen arteko akordioaren ehuneko bera duten proposamenen artean, etxebizitza-unitate gehien barne hartzen dituen esku-hartzeari emango zaio lehentasuna.

3.– Akordio-parametro eta etxebizitza-unitate berak dituzten proposamenei dagokienez, errentamendu babestuko etxebizitza gehien barne hartzen dituzten jarduerak hautatuko dira, eta horrela jarraituko da beherantz.

4.– Orain arte aipatutako akordio-parametroetan (etxebizitza-unitateen kopurua eta babestutako errentamenduen kopurua) egoera bera duten proposamenik badago, batez besteko diru-sarrera baxuenak dituzten eskabideak hautatuko dira, eta horrela jarraituko da gorantz.

5.– 4. atalean aipatutako kalkulua gauzatzeko, etxebizitzaren bateko erabiltzaileek ez badute diru-sarreren aitorpena aurkezten, eta, beraz, batez bestekoa kalkulatu ezin bada, ulertuko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko zerga-tipo altuenari dagokion tartekoa dela, interesduna haren diru-sarreren mailagatik aitorpen hori egitetik salbuetsita dagoela egiaztatzen ez bada behintzat. Hala bada, salbuespena ezartzen duen ziurtagirian jasotako kopurua edo aitorpen hori ez egiteko gehienezko kopurua hartuko da kontuan.

7. artikulua.– Eskabideak kudeatzea eta balioestea.

1.– Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan ezarritako laguntzak.

2.– Balioespen-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak esleipen-irizpideen arabera balioesteko. Honako hauek osatuko dute batzorde hori: Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol zuzendariak, batzordeko presidente izango denak, eta zuzendaritza horretako bi teknikarik.

3.– Ebazpen-prozesuan zehar, batzordeak haren zeregina gauzatzeko egokitzat jotzen dituen argibide guztiak eskatu ahal izango dizkie interesdunei.

4.– Batzordeak Etxebizitza Sailburuordetzari igorriko dio ebazpen-proposamena. Honako hauek bilduko dira proposamen horretan: onuradunen lehentasun-zerrenda, laguntzaren xede diren jardunen eta proposatutako diru-laguntzen zenbatekoaren berri emanez, eta, hala badagokio, atzera bota behar dituen eskaeren zerrenda eta eskaerak atzera botatzeko arrazoiak.

8. artikulua.– Ebazpena.

1.– Etxebizitzako sailburuordeak, balioespen-batzordeak egindako proposamena aztertu ondoren, ebazpena eman eta interesdunei jakinaraziko die, hilabete bateko epean aipatutako proposamena egin den egunetik zenbatzen hasita. Ebazpen horretan zehaztuko da laguntzak eman edo ukatu egiten diren, eta, ematen badira, zer zenbateko izango duten, 5. artikuluan xedatutakoari jarraiki kalkulatuta.

2.– Jende guztiak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira laguntzak esleitzeari buruzko ebazpena eta esleipen horren aldaketa posibleei buruzkoa. Halaber, interesdunei jakinaraziko zaie Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeari jarraiki.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, ebazpena jakinarazten den egunetik hasi eta hilabeteko epean.

4.– Esleipen-ebazpena emateko eta jakinarazteko epea igarotakoan, aipatutako jakinarazpena egin ez bada, egindako eskaera atzera bota dela ulertuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako, lege horrek Administrazioari esanbidez ebazteko betebeharra ezartzen badio ere.

5.– Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek ukoa idatziz adierazten ez badute, onartu egiten dutela ulertuko da. Uko eginez gero, libre geratu den diru-laguntza berriz banatu ahal izango da baztertutakoen zerrendan lehenengo postuetan dagoen edo dauden eskatzailearen edo eskatzaileen artean.

6.– Laguntzak emanez gero, obra hori birgaitzeko jarduera babestu gisa aitortuko da ondorio guztietarako, abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuari jarraiki.

9. artikulua.– Jardueren denbora-eremua.

1.– Laguntzaren xede diren jarduerek esku-hartzeko proiektua kontratatuta eduki beharko dute, edo kontratazio-espedientea hasita onuraduna kontratu publikoen araudiaren mendeko erakunde publiko bat bada, laguntza hauen behin-behineko ebazpena jakinarazi eta hilabete bateko epean.

2.– Laguntzaren xede diren jarduerek bukatuta egon behar dute 2014ko abenduaren 31 baino lehenago, eta obren harrera-aktaren edo obrak bukatu direla ziurtatzen duen agiri ofizialaren bidez egiaztatuko da hori.

3.– Behar bezala arrazoitutako egoeretan, aipatutako epe hori gainditu ahal izango da. Horretarako, diru-laguntzaren onuradunak egoera horren eta hori eragin duten arrazoien berri eman beharko dio Etxebizitza Sailburuordetzari, eta horrek lanak gauzatzeko epea luzatzeko baimena eman ahal izango dio, gehienez ere, 2015eko abenduaren 31ra arte.

10. artikulua.– Ordainketa.

1.– Etxebizitzako sailburuordearen ebazpenen bitartez ordainduko da diru-laguntza, zatikatuta, jarraian azaltzen den moduan:

a) Hasierako ordainketa bat egingo da beharrezko obra-proiektuak idazteagatik zerbitzu tekniko profesionalei dagozkien ordainsariak finantzatzeko. Diru-laguntzaren xede den zenbateko osoaren % 24,73koa izango da lehenengo ordainketa hori, eta ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epea igarotakoan egingo da interesdunek laguntzari uko egin ez badiote.

698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenean, xedatutakoari jarraiki, onuradunek aurretiazko ordainketa bermatzeko adinako abala aurkeztu beharko dute. Betebehar horretatik salbuetsita daude toki-korporazioak eta foru-aldundiak, bai eta horien mendeko erakundeak eta organoak ere.

b) Gainerako ordainketak egiteko, Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol Zuzendaritzak, emandako ebazpenari jarraiki, obra-proiektua onartu beharko du, eta udal-zerbitzuek udalaren obra-lizentzia eman beharko dute. Diru-laguntzen gainerakoa zatika emango da egindako ordainketen faktura konpultsatuak aurkeztu ondoren. Funtsak behar bezala erabili direla egiaztatzeko adina xehetasun izan beharko dute fakturek. Diru-laguntzaren % 10 ez da emango obrak amaitu direla egiaztatu arte.

2.– Jarraian azaltzen den irizpidearen arabera kalkulatuko da zer zenbateko dagokion diru-laguntzen lehenengo igorpenari (1.a):

– Diruz lagundutako zenbateko osoa: 15.000 euro proposatutako jarduera-esparruko etxebizitza-unitateen kopuruarekin biderkatuta.

– Lehenengo igorpen gisa diruz lagundutako zenbatekoa: zenbateko osoaren % 24,73.

3.– Edonola ere, obra-ziurtagiriak horiek eman eta hilabete bat pasa aurretik aurkeztu beharko dira.

4.– Honako dokumentu hauek beharko dira egindako ordainketak egiaztatzeko:

– Proiektuak idazteari dagokionez: beharrezko obra-proiektuak idazteagatik zerbitzu tekniko profesionalei dagozkien ordainsarien fakturak.

– Proiektuak gauzatzeari dagokionez: obra-ziurtagiriak, zuzendaritza eskumendunak izenpetuta, eta ziurtagiria eman den unean obra zer egoeratan dagoen erakusten duten argazkiak.

– Diru-laguntza kitatzeko: obren amaierako likidazioa, zuzendaritza eskumendunak izenpetuta, obraren amaierako egoera erakusten duten argazkiak, obren amaierako ziurtagiria eta aginduzko txostena, egindako lanean agindu honetan xedatutako eskakizunak bete direla erakusten duena.

11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan zehaztutako lege-betebeharrak bete beharko dituzte onuradunek, honako zehaztasun hauekin:

a) Helburu bererako beste administrazio edo erakunde batengandik, publikoa edo pribatua izanda ere, diru-laguntzarik edo laguntzarik jasoz gero, Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol zuzendariari jakinaraztea hori lortu dutela, zer erakundek eman duen eta zein den horren zenbatekoa. Halaber, diru-laguntza ematerakoan kontuan hartu den egoera objektibo edo subjektiboren bat aldatu bada, organo horri jakinaraztea.

b) Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol zuzendariari jakinaraztea proiektuaren idazketa kontratatu dela, eta, hori idatzitakoan, horren ale bat igortzea zuzendaritzari, horren jarraipena egin eta onartu ahal izateko, eta agindu honen helburuetara egokitzen dela bermatzeko. Zuzendaritza horrek ezinbestean onartu beharko du obren lizitazioa egin aurretik.

c) Obretan sartzen laguntzea Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrol Zuzendaritzako teknikariei, obren jarraipena egin dezaten eta horien amaierako egiaztapena egiteko.

d) Obra-prozesuan zehar, eta haren aurrekontuaren gain, kontrol- eta monitorizazio-ekipamenduak jartzea, agindu honen IV. eranskinean aipatutako ezaugarriak izango dituztenak.

e) Neurketa- eta monitorizazio-ekipamenduen mantentze-lanak gauzatzea obrak amaitu eta hiru urtez gutxienez.

f) Aurretiazko ordainketetarako bermea eratzea, agindu honen 10.1.a) artikuluan aipatutakoa.

2.– Etxebizitza edo lokal jakin batzuetako bizilagun-elkarteek elementu komunak berriztatzeko lortu badituzte diru-laguntza hauek, ezin izango dute, abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan xedatutakoari jarraiki, inter vivos borondatezko xedapenaren xede izan 5 urteko epean obra-amaierako ziurtagiria ematen denetik aurrera, aurrez jasotako laguntzak itzuli dituztela egiaztatzen ez badute behintzat, horiek itzultzeko unera eguneratuta.

Era berean, eta lehen aipatutako ondorioetarako, etxebizitza osoa haren titularkideetako bati esleitzen bazaio ezkontza-banaketagatik, dibortzioagatik edo izatezko bikotea hautsi izanagatik, eta/edo bizikidetza-unitatea hautsi delako lehen mailako odol-ahaidetasunaren bidez lotutako kideak badira, hori ez da eskualdatzetzat joko.

Laguntzen onuradunak horiek eman direla dioen administrazio-ebazpena aurkeztu beharko du dagokion jabetza-erregistroan, eta hipoteka-legeriari jarraiki dagokion erregistro-idazpena egingo da bertan, administrazio-dokumentu hori aztertu ostean.

12. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira beste herri-administrazio batzuek edo erakunde publikoek edo pribatuek helburu bererako edo helburu osagarri baterako eman ditzaketen laguntzekin, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak jabeen komunitateentzat eman ditzaketenekin izan ezik. Hala eta guztiz ere, bateragarri izango dira eskubide-titular bakoitzak, haren diru-sarreren arabera, banaka eskura dezakeen laguntzarekin, 2006ko abenduaren 26ko Aginduan xedatutakoari jarraiki.

2.– Helburu bererako beste laguntza batzuk ere eman badira, diru-laguntzaren zenbatekoak ez du diruz lagundutako jardueren kostua gaindituko. Hori gertatuz gero, hasteko, agindu honen esparruan emandako laguntza murriztuko da, muga hori ez dadin gainditu.

13. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, kasuren batean, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo diru-laguntzak eskuratzen badira edo helburu bererako emandako beste diru-sarrera edo baliabideren bat eskuratzen bada, emakida-akordioa aldatu egin ahal izango da, betiere diru-laguntza arautzen duen arauak horren onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak mantentzen badira.

2.– Horretarako, Etxebizitzako sailburuordeak aldaketa egiteko ebazpena emango du, eta bertan, hala badagokio, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Diru-laguntza ematea eragin duten baldintzetako bat ez dela bete egiaztatzen bada, diru-laguntza galtzea ekarriko du, eta onuradunak jasotako diru-kopuruak eta dagozkien lege-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, dagozkion prozedura-izapideak bideratu ondoren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bitartez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez.

15. artikulua.– Publizitatea eta hedapena.

1.– Agindu honen babesean diruz lagundutako obretan Eusko Jaurlaritzaren finantziazioa dutela adierazi beharko da.

2.– Datu hori fisikoki adierazita egongo da obrak gauzatu diren eraikinetan. Hori adierazteko, horma-irudiak jarri beharko dira, diru-laguntzaren behin betiko ebazpenarekin batera jakinaraziko den ereduari jarraiki.

3.– Orobat, jarduna beste bitartekoen bidez dibulgatzen edo hedatzen bada, Eusko Jaurlaritzak parte hartu duela adieraziko da.

4.– Artikulu honen xedeetarako, Eusko Jaurlaritzaren Korporazio Identifikazioari buruzko Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoa beteko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta interesdunek aginduaren aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena.– Eraginak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 18a.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

ignacio marÍa arriola lópez.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala