Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2012ko uztailaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
3471

AGINDUA, 2012ko uztailaren 24koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, euskal unibertsitate sistemako ikertaldeen jarduerak bultzatzeko diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Deialdi hau bat dator Euskal Autonomia Erkidegoan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza arloan indarrean dauden arauekin, eta helburu du kalitatezko ikerketa sustatzea, izan ere jarduera horiek nazioartean egiten dira, emaitzak argitaratzen dira eragin zientifiko eta teknologiko handiko foroetan, eta, bestalde, lagungarri dira Euskadiko eta Europako gizarteak XXI. mendean dituzten arazo sozial, ekonomiko eta teknologikoak konpontzeko. Deialdi honen helburua da, orobat, ikertaldeak zatikatzeko joera haustea. Horrela, talde horiek euskal ikerkuntzak Europako Ikerketa Eremuan dituen erronkei aurre egiteko behar besteko tamaina eta masa kritikoa lortuko dute, arlo desberdinetako adituen arteko batasuna sustatuz, aditu horiek prestakuntza handia baitute, eta ikerketa-proiektuetan, ezagutza-transferentzian eta graduondoko prestakuntza-programetan buru-belarri baitihardute.

Programa honen bidez lagundu egin nahi zaie euskal unibertsitate-sistemako ikertaldeei. Horretarako, finantziazio osagarria eskaintzea aurreikusten da, beste deialdietako finantziazioaz gain, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikertaldeak aintzatestea ere. Deialdi honekin, 2007an hasitako jardunbide bati jarraipena eman nahi zaio, zuzenduta dagoena unibertsitateko ikertaldeak sendotzera, eta, azken finean, ezagutza, berrikuntza eta ikerkuntzaren emaitzen transferentzia bultzatzera, horrek ahalbidetuko baitigu Europako Ikerketa Eremuan guztiz txertatzea, bai eta talde horiek ikerkuntzan duten prestakuntza indartzera ere.

Deialdi hau administrazio publikoetako diru-laguntzen jarduna arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezartzen den moduan; legegintzako dekretu horrek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen du. Nolanahi ere, agindu honetan finkatutako irizpideen arabera banatuko dira erabilkizun dauden diru-baliabideak.

Azkenik, Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzekoak, eskumenak ematen dizkio sail honi zientzia-politikaren arloan, bai eta ikerketa teorikoa eta aplikatua bultzatzeko eta koordinatzeko arloetan ere.

Esandako guztiagatik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko den gastu espedientearen aurreratutako tramitazioa arautzen duen Ekonomia eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta,

Adierazitakoaren ondotik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen helburua oinarriak ezartzea da, bai eta ikerketa-proiektuak egiten dituzten euskal unibertsitate sistemako ikertaldeen jarduerak bultzatzeko diru-laguntzen deialdia egitea ere, baldin eta ikerketa-proiektuak eremu hauetan egiten badituzte:

a) Saiakuntza-zientziak.

b) Zientzia teknikoak.

c) Medikuntza-zientziak.

d) Ekonomia- eta enpresa-zientziak.

e) Gizarte- eta zuzenbide-zientziak.

f) Giza-zientziak.

Hori guztia, ikerkuntza ahalbidetu eta bultzatze aldera, eta egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateetako sail eta unibertsitate-institutuetako taldeek egindako ikerketaren kalitate zientifikoa, eragin soziala eta nazioarteko oihartzuna areagotze aldera.

2.– Ebaluazio positiboa gainditu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren ezagutza-ikertaldetzat onartu ahal izango da, edo izendapen horri eutsi.

Aurreko deialdietan jasotako ikertaldeek, ebaluaziorik egiten ez badute edo ebaluazioa gainditzen ez badute, Eusko Jaurlaritzaren ikertaldeen aintzatespena galduko dute, salbu eta A motako taldeen aintzatespena jasoa bazuten, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen 2010eko apirilaren 22ko Ebazpena betez (2010-05-6ko EHAA).

3.– Diru-laguntzak aurrekontuen erabilgarritasunaren arabera emango dira, eta sei urterako (2013-2018) edo hiru urterako (2013-2015) izango dira, 5. artikuluan xedatuta dagoen bezala.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetako dirulaguntza-programaren guztizko zenbatekoa, 2013. urteko aurrekontu-ekitaldia eta 2014, 2015, 2016, 2017, 2018 eta 2019rako konpromiso-kredituak kontuan hartuta, 26.000.000 euro da, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura. Honakoa izango da funtsen banaketa, urteka:

(Ikus .PDF)

2.– Zenbateko hori legerian aurreikusitako kreditu-loturen edo aurrekontu-aldaketen arabera aldatu ahal izango da. Aurrekontu-aldaketen ondorioz aurreko paragrafoan aipatutako kopurua gehitzea gertatzen bada, hori jendaurrean jakinarazi beharko da Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bitartez.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Laguntza hauen onuradun izango dira egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateak, betiere horietara atxikita baldin badaude ikertaldeetako ikertzaile nagusiak.

2.– Erakunde onuradunek, laguntza jasotzen duten aldian, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ezin izango dira onuradun izan diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko bide penaletik edo administratibotik zigortuak edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenak, ezta sexu-diskriminazioaren ondorioz zigortuak izan direnak ere, otsailaren 18ko 4/2005 Legearen –Gizonen eta Emakumeen Berdintasunaren aldekoaren– azken xedapenetatik seigarrenaren arabera.

b) Euskal Autonomia Erkidegoaren arlo publikokoak ez diren erakunde onuradunek zerga-eginbeharrak beteta izan beharko dituzte eta hala egiaztatu beharko dute, hala xedatzen baitu Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduak (urriaren 15eko EHAA, 208. zk.). Organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; horretarako ez du haien baimenik behar izango, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

4. artikulua.– Ikertaldeak.

Laguntza horiek jasotzeko, ikertaldeek eta taldekideek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Taldeek honako kide hauek izango dituzte:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateekin estatutuz edo kontratuz lotuta dauden irakasleak edo ikertzaileak, baldin eta doktore titulua badute, bai eta Fundación Vasca para la Ciencia/Ikerbasque (Research Professor edo Research Fellow) fundazioaren bidez kontratatutako ikertzaileak ere, baldin eta destinoa egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duen unibertsitateren batean badute. Osakidetzaren sare publikoko ospitaleetara atxikitako ikertzaileek talde horietan parte hartzeko baldintzei dagokienez, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateek eta Osakidetzak ospitale horientzat elkarren artean sinatutako hitzarmenetan jasotzen denari begiratuko zaio.

Ikertaldeko ikertzaile nagusia kolektibo horretako kide bat izan behar da, kontratu iraunkorra eta arduraldi osoa edo parekatua duena.

b) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateekin estatutuz edo kontratuz lotuta dauden irakasleak edo ikertzaileak, doktore titulua ez dutenak, bai eta prestakuntza jasotzen ari diren ikertzaileak ere, baldin eta bekaldiko doktoregai moduan atxikita badaude.

2.– Taldekiderik gehienek lan-ibilbide bateratua egina izango dute 2006. urtetik eskaria egin den egunera arte, eta erakutsi beharko dute euren ikerlerroen kohesioa eta bateratasuna, dela elkarrekin egindako zientzia-argitalpenen bidez, dela elkarrekin egindako proiektuen bidez, dela teknologia eta ezagutza gizartera zabaltzeko egindako jardueren bidez.

3.– Taldeak ekoizpen hau izan behar du gutxienez:

a) Bi zientzia-argitalpen ekoitzita eduki beharko ditu doktore bakoitzeko, 2006. urtetik laguntza-eskaria egiten den egunera arte.

Lankidetzan argitaratutakoak behin baino ez dira zenbatuko. Horretarako, zientzia-argitalpentzat joko dira liburuak, liburu kapituluak, reviewak, ebaluazioa egiten zaien argitalpen elektronikoak eta zientzia-aldizkarietako artikuluak. Liburuei eta liburuko kapituluei dagokienez, ISBN dutenak baino ez dira hartuko kontuan. Berrikuspenetan, argitalpen elektronikoetan eta zientzia-aldizkarietako artikuluetan, kanpo-ebaluazioa jasotzen dutenak eta Web of Science, ISI edo Scopus direlakoetan indexatuta daudenak baino ez dira zenbatuko.

b) Bi doktore-tesi bukatuta eta defendatuta eduki beharko ditu, 2006. urtetik laguntza-eskaria egiten den egunera arte.

Ikertzaile nagusia 2012ko abenduaren 31n 41 urtetik beherakoa duen taldeak Taldekideen multzoak, 2006. urtetik eskaria egiten den egunera arte, gutxienez amaitutako eta defendatutako bi doktore-tesi izan behar ditu, edo, bestela, gutxienez bi doktore-tesi zuzentzen arituko da, doktore-tesiaren proiektua 2006 baino lehenago inskribaturik daukala. Bi baldintza horiek konbinatu egin daitezke (amaitutako tesiak eta inskribatutako tesiak).

c) Ikerketa-proiektu bat izan beharko du jardunean, lehiaketarako diren deialdietan, 2010-2012 epealdian.

4.– Ikertaldeak kanpoko laguntzaileak eduki ahalko ditu, proposaturiko helburuekin koherenteak diren ibilbideak dituztela egiaztatuz gero. Laguntzaile horiek ez dira zenbatuko 3. atalean aipatutako ekoizpenari begira. Kanpoko laguntzaileak irakasle bisitariak edota eskaria egin duen erakundekoak ez diren ikertzaileak izan daitezke.

5.– Administrazio-laguntzarako langileak eta ikertzaile ez diren ikerketa-laguntzarako teknikariak ez dira taldekide moduan zenbatuko.

6.– Ikertaldeak ikertzaile nagusi bakarra izango du.

Laguntza exekutatzen den bitartean (2013-2018) ikertzaile nagusiaren titulartasunean aldaketak egingo direla aurreikusiz gero, aldaketa horiek jaso eta justifikatu beharko dira, taldearen jarduera-programan.

7.– Ikertzaile bakoitzak deialdi honetako eskabide batean baino ezingo du parte hartu.

8.– Ez dute deialdi honetan parte hartuko eskariak aurkezteko epea amaitzen den egunean 2013-2015eko urteetako honako laguntza hau jaso duten ikertaldeek eta ikertaldeetako kideek: Euskal unibertsitate-sistemako ikertaldeen jarduerei 2010-2015eko urteetan diruz laguntzeko deialdiaren onuradunen zerrenda argitara ematen duen Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen 2010eko apirilaren 22ko Ebazpena betez onartutako laguntza.

9.– Eskaria egiten duen taldeko kideak unibertsitate desberdinetakoak izan daitezke, baina taldea, administrazio-ondorioetarako, ikertzaile nagusia atxikita dagoen unibertsitateari lotuta egongo da.

10.– Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez duten ikertaldeak.

5. artikulua.– Diru-laguntza exekutatzeko aldia.

1.– Exekutatzeko aldia hirutik sei urtera bitartekoa izango da, laguntzak emateko ebazpenean ezartzen denaren arabera. 2013ko urtarrilaren 1ean hasi, eta, betiere, 2018ko abenduaren 31n amaituko da.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak.

1.– Honako hauek jaso dezakete diru-laguntza:

a) Ikertzaileen kontratazioa, alegia, doktore titulua duten ikertzaileak edo prestakuntza hartzen ari diren ikertzaileak. Azken kasu horretan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legean araututako doktorego aurreko kontratu baten bidez egin ahal izango da kontratua.

b) Ikerketa-laguntzarako langileen kontratazioa- Langile horiek goi-mailako titulazioa, lanbide-heziketa edo beste titulazioren bat izan dezakete.

c) Tresneria txikia erostea, zientifikoa nahiz bibliografikoa. Tresneria horren unitate bakoitzak 18.000 eurotik behera balio behar du, BEZik gabe. Proiektuaren kontura erositako material inbentariagarria erakunde onuradunaren inbentario orokorrean jaso beharko da. Informatikako eta bulegoko tresneria erosteko ez da diru-laguntzarik emango.

d) Jarduera-programa betearazteko egin behar diren beste gastu arrunt batzuk. Atal honek barruan hartzen ditu material suntsikorra, ikertaldea nazioarteko bihurtzeko sartu diren sustapen-jarduerak, prestakuntzako eta ikerketaren zabalkundeko jarduerak, espedizioak edo landa-lanak, azpikontratazioak, ikerketa-zerbitzu orokorrak eta taldearen ikerketa-helburuekin zerikusia duen beste edozein gastu, baldin eta lan-planean sartu badira.

2.– Ez dute diru-laguntzarik jasoko estatutuz edo kontratuz erakunde onuradunekoak diren langile finkoen ordainsariek.

7. artikulua.– Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

1.– Unibertsitateek ikertalde bakoitzari buruzko ondorengo informazioa bidali beharko dute eredu normalizatuan:

a) Eskaera-inprimakia:

– Erakunde eskatzailearen datu orokorrak.

– Ikertaldearen datu orokorrak.

– Finantziazioa zer gaitarako eskatzen den eta finantziazioa zenbatekoa den.

– Helburuak, lan-plana, laguntza exekutatzeko gehienezko epea nahitaez hartu beharko duena (2013-2018), eta lan-programaren kronograma; mugarri nagusiak eta eskatutako aurrekontuaren justifikazioa.

– Taldearen zientzia-jardueraren oroitidazkia (2006tik laguntza eskatzen den egunera arte): zientzia-ekoizpena, trebakuntza-ahalmena, ikerketaren finantziazio-iturriak eta jakintza-transferentziarako jarduerak.

Ikertalde bakoitzari buruzko inprimakia erakunde eskatzaileko Ikerketako errektoreordeak edo horren baliokideak eta taldekide bakoitzak izenpetuta aurkeztu beharko da.

b) Taldeko ikertzaile nagusiaren curriculuma. Taldeko ikertzaile nagusiaren curriculuma aurkeztu beharko da unibertsitate edo ikerketa gaietan eskuduntza duen edozein administrazioren formatu normalizatuan.

Gainerako taldekideen zientzia-ekarpen nagusiak jaso beharko dira eskaera-inprimakian, taldearen zientzia-jardueraren oroitidazkian. Zientzia Politikako Zuzendaritzak edozein taldekideri eskatu ahal izango dio dokumentazio gehigarria ekar dezan.

c) 4.3 artikuluan aipatutako gutxieneko ekoizpenaren baldintzak bete direla egiaztatzen duten agirien kopia.

d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. paragrafoan aipatutako erantzukizunezko deklarazioa. Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen testu bategin hura. Deklarazio horren barruan honako puntu hauek sartuko dira:

– Erakunde eskatzaileak halako administrazio edo erakunde publiko zein pribaturi eskatu izana eta, kasua balitz, haiengandik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabideak.

– Erakunde eskatzailea itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean badago edo egon bada.

– Erakunde eskatzaileak ez du diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik jaso, eta ez dauka horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

2.– Ikertalde bakoitzak bide telematikoz bete beharko du eskabide-orria, http://www.ikerketa-taldeak.net aplikazioa erabilita. Horretarako, taldeko ikertzaile nagusiak alta eman beharko du erabiltzaile moduan, eta aplikazio horretan ematen zaizkion jarraibideak bete. Aurreko deialdiren batean (2007-2012 edo 2010-2015) parte hartutako taldeen kasuan, ikertzaile nagusiak berreskuratu ahal izango du aurreko eskabide-orrian emandako informazioa.

Eskabide-orria bete eta datu guztiak eman ondoren, inprimatu beharko da eskabide-orria, eta taldekide guztiek sinatu beharko dute azkenean sortzen den inprimakia, eta aurkeztu beharreko gainerako agiriekin batera aurkeztu, unibertsitateko Ikerketa Errektoreordetzan, unibertsitateak ezartzen duen epean. Azkenean, unibertsitateak formalizatu eta aurkeztuko du eskabide-orria, artikulu honetako hurrengo ataletan ezarritako eran.

3.– Unibertsitateek eskatzeko ofizio bat bidaliko dute, taldeak zenbakiturik dituen zerrenda barne duela. Talde horietan ikertzaile nagusien izena aipatuko da. Gainera, aurreko atalean aipatutako inprimakiak eta nahitaez aurkeztu beharreko agiriak ere aurkeztu beharko dira. Ofizioak data agertuko du, eta unibertsitate eskatzailearen legezko ordezkariak izenpetu beharko du.

4.– Unibertsitateek zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan jasotako edozein bide erabilita aurkeztu beharko ditu eskabide-orriak, honako helbide honetan:

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila

Zientzia Politikako Zuzendaritza

Erreferentzia: Euskal unibertsitate-sistemako ikertaldeak

Donostia kalea, 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Posta-bulegoetan aurkeztuz gero, gutunazal irekian eraman beharko dira, eskabide-orriko goiburuan azal dadin zein egunetan eta zein ordutan onartu diren bulego horietan.

Eskaera toki hauetan ere aurkeztu ahal izango da, baita informazioa eskatu ere: Zuzenean herritarrei arreta emateko bulegoetan: Bizkaia (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao), Gipuzkoa (Andia 13, 20003 Donostia-San Sebastián), eta Araba (Ramiro Maeztu 10 beh., 01008 Vitoria-Gasteiz).

Aurkeztu ahal izango dira, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehaztutako edozein bulegotan.

Ikertzaile nagusia Euskal Herriko Unibertsitatekoa izanez gero, erregistro-bulego hauetan formalizatu ahal izango da eskaera: Arabako 01 erregistro-bulegoa (Arabako Campuseko Errektoreordetza, Izardui komandantea 2, 01005 Vitoria-Gasteiz), Gipuzkoako 02 erregistro-bulegoa (Ignacio Mª Barriola gelategia, Elhuyar plaza 1, 20018 Donostia-San Sebastián), Bizkaiko 03 erregistro-bulegoa (Errektoretza, Sarriena z/g, 48940 Leioa) eta Bizkaiko 84 erregistro-bulegoa (Larrako Etxea, Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, 48015 Bilbao).

5.– Eskabide-orria eta betetzeko jarraibidea hemen kontsultatu ahal izango da: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren webgunean (http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net?Unibertsitate eta Ikerketa), http://www.ikerketa-taldeak.net webgunean eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzan.

8. artikulua.– Eskabide-orriak aurkezteko epealdia.

Eskabide-orriak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik irailaren 20ra artekoa izango da. Epe horrek hilabetetik gora iraungo du beti.

Eskabide-orriak aurkezteko epea bukaturik, ezin izango da eskabide-orria aldatu.

9. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio izapidetzea; horren barruan eskaerak jasotzea, era guztietako kontsultak eta jakinarazpena sartzen dira.

10. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntza-eskabidea guztiz betetzen ez bada edo arauzko agiriak aurkezten ez badira, 10 eguneko epean hutsak bete ditzala edo arauzko agiriak aurkez ditzala eskatuko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzak unibertsitate eskatzailearen legezko ordezkariari; orobat ohartaraziko dio, hala egin ezean, bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

2.– Eskabide-zerrendak eta zuzentzeko hutsak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren webgunean (http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net?Unibertsitate eta Ikerketa?Ikerketa eta Graduatu-ondokoak) argitaratuta jakinaraziko da zuzentzeko errekerimendua. Zerrenda hori Eusko Jaurlaritzaren atari elektronikoan ediktu bat txertatuz ere emango da jakitera, baina epeak zenbatzeko orduan, http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net webgunean egiten den argitalpenak baizik ez du baliorik izango.

3.– 2. atalean xedatutakoa gorabehera, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak eskabide-argitalpenei buruzko oharrak bidali ahal izango dizkie sinatzaileei eta ikertaldeetako ikertzaile nagusiei, bai SMS mezuen bidez, bai posta elektroniko bidez. Nolanahi ere, abisu horiek ez dira benetako jakinarazpentzat hartuko.

11. artikulua.– Ebaluazioa.

1.– Ebaluazioak aztertuko ditu batez ere I+G+B lanak, taldearen produktibitatea eta 2006. urtetik eskaera-eguneraino egindako jarduerak, bai eta hurrengo sei urteko helburuen berritasuna eta jardueren bikaintasuna eta bideragarritasuna ere.

Ebaluazioan bereziki kontuan hartuko da, irizpide guztien zehar-lerro gisa, taldearen ikerketa-jardueren nazioartekotze-maila eta taldearen neurria edo kide-kopurua.

Ebaluazio-irizpideak aplikatzerakoan, kontuan hartuko dira zientzia-eremu bakoitzaren berezitasunak.

2.– Ebaluazioa egiteko, adituen panelak sortuko dira eskabideak sailkatzen diren eremuetarako. Honakoak dira eremuak: (a) saiakuntza-zientzietakoa, (b) teknika-zientzietakoa, (c) medikuntza-zientzietakoa, (d) ekonomia- eta enpresa-zientzietakoa, (e) gizarte- eta zuzenbide-zientzietakoa eta(f) giza zientzietakoa. Saiakuntza-zientzien kasuan, bi panel sortuko dira, bat Fisika, Kimika eta Matematika arloetarako, eta bestea, ordea, gainerako arloetarako. Panel horiek osatuko dira kanpoko adituz eta zientzia, teknologia eta berrikuntza arloko euskal sistematik kanpoko adituz, eta horiek arduratuko dira taldeen proposamenen ebaluazio zientifiko-teknikoa egiteaz.

3.– Zehazki, ondoko irizpide-bloke hauek balioztatuko dira.

a) Oinarrizko irizpideen blokea (100etik 50).

– Zientzia-ekoizpenaren bikaintasun-maila eta ekoizpena, taldearen neurriarekiko eta lortutako baliabideekiko. Kontuan hartuko dira, bestalde, argitalpenak (liburuak, liburu kapituluak, reviewak, ebaluazioa izan duten argitalpen elektronikoak eta zientzia-aldizkarietako artikuluak), zientziazko hitzaldiak edo zientzia-eremu bakoitzean garrantzitsua den beste edozein adierazle. Argitalpenak balioztatuko dira zientzia-eremu bakoitzerako dauden zientzia-zerrendak eta -ranking-ak eta zitazio-adierazleak kontuan izanik. Gehienez ere 35 puntu lor daitezke irizpide honetan.

– Ikertaldearen gaitasuna ikertzaileak trebatzeko. Balioztatuko dira bekadun eta doktoretza aurreko eta ondorengo kontratudun kopurua, ikertzaileek zuzendutako tesiak eta nazioarteko tesiak, taldeko ikertzaileek zuzendutako graduondoko eta masterrak edo taldearen ikerlerroari lotutako eta helburu horretara bultzatutako doktoretzak, bai eta prestakuntzako beste jarduera batzuk ere. Gehienez ere 15 puntu lor daitezke irizpide honetan.

Hori guztia 2006tik laguntza eskatzen den egunera arte.

Oinarrizko irizpideen blokean gutxienez % 60eko atalasea ez gainditzeak eskabideari ezetza ematea dakar.

b) Finantziazioari eta jakintza-transferentziari buruzko irizpideen blokea (100etik 20 puntu).

– Ikerketa-proiektuetarako lehiaketa-deialdien bidez finantziazioa lortu izana eta lortutako kopurua, estatuan, Europan, autonomia-erkidegoan edo beste tokiren batean, eta finantziazio-maila, eta, bereziki, proiektuetan aitzindari izatea.

– Taldearen ikerketaren emaitzak, patente-eskariekin eta erabilgarritasun-ereduekin neurtuta, bai eta ikerketa-emaitzekin zerikusia duten spin-off enpresen sorrera ere. Patenteen ustiapen-maila irizpide honetan sartzen da.

– Herri-administrazioekin edo enpresekin, ikerketarako edo jakintza-transferentziarako, kontratu edo hitzarmen bidez gauzatutako jakintza transferitzeko ekintzak, betiere unibertsitateetako, institutuetako, ikertegietako eta ikerketa kudeatzeko bestelako bulegoen edo kidekoen bitartez bideraturik badaude. Puntu honetan ez dira zenbatuko txostenak, aholkuak, arkitektura edo ingeniaritzako oinarrizko proiektuak eta abar, euren eremuko jakintzaren hobekuntza esanguratsurik ekartzen ez badute.

Hori guztia 2006tik laguntza eskatzen den egunera arte.

c) Helburuei eta lan-planari buruzko irizpideen blokea (100etik 20 puntu).

– Taldearen helburuak sei urtera. Helburuen gardentasuna, definizioan, zientzia-kalitatean eta berritasunean.

– Helburuen koherentzia proposatutako lan-planarekin.

– Lan-planaren definizioa eta logika. Laguntza kudeatzeko planak ezusteko emaitzen eta aurreikusi gabeko beste egoera batzuen aurrean dituen alternatiben proposamena.

– Aurreikusitako finantza-baliabideak ezarritako eta eskatutako helburuetara egokitzea. Eskatutako aurrekontuaren errealismoa.

Hori guztia 2013tik 2018ra bitartean.

d) Irizpide osagarrien blokea (100etik 10).

– Taldearen osaera, egitura, diziplinartekotasuna eta koherentzia, proposatutako helburuak direla-eta, eta ikertaldearen barruko genero-oreka lortzeko aurreikusitako ekintzak.

– Emaitzen zientzia-zabalkundea. Taldearen ikerketa-jarduera jakinarazi, zabaldu edo irakasteko egitaraua edo ekintzak.

4.– Adituen panelak proposamenaren balorazio arrazoitu bat eman beharko du, talde bakoitzarentzat, bai eta azken puntuazio bat ere. Balorazioa koherentea izango da irizpide bakoitzean emandako kalifikazioarekin.

5.– Ebaluazio-prozesuak hala eskatzen badu, eskatu ahal izango da Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bien arteko itzulpena, eta ikerketa-proiektua itzultzaile espezializatuek egin beharko dute.

Salbuespenezko kasuetan, ingelesez idatzitako proposamenak onartuko dira.

12. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Adituen panelek egindako ebaluazioaren emaitzak Hautaketa Batzordeari helaraziko zaizkio. Batzorde horrek kide hauek izango ditu: Zientzia Politikarako zuzendaria (batzordeburua), Unibertsitateetako zuzendaria eta Zientzia Politikako Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena.

2.– Hautaketa Batzordeak deialdiko irizpideak behar bezala aplikatzen direla zainduko du, eta kasuan kasuko gaietako adituen txosten teknikoak bateratuko ditu.

3.– Kasu bakoitzean, Hautaketa Batzordeak zehaztuko du onartutako aurrekontua, eta kontuan hartuko ditu 6. artikuluan ezarritako kontzeptuak; bestalde, honelaxe zehaztuko da: eskabidean planteatu eta behar bezala egiaztatutako beharren eta adituen gomendioen arabera. Aurrekontu horrek ezin gaindituko du taldeak A taldeentzat 2006tik kanpoko ebaluazioarekin egindako ikerketa-proiektuen bidez lortu duen finantziazioaren % 50 edo B taldeentzat lortutako % 25.

4.– Hautaketa Batzordeak ebazpen-proposamena idatziko du. Ebazpen horretan zehaztuko du zein talde diren A motakoak (sei urte) eta zein B motakoak (hiru urte), eta zer diru-laguntza dagokion talde bakoitzari, urteka eta kontzeptuka zehaztuta. Behar izanez gero, zehaztuko du, baita ere, zer talderi ukatu zaien eskaria, eta zergatik.

5.– A motako taldearen kategoriakoak izango dira 75 eta 100 puntu bitartean lortu dituzten ikertaldeak. B motako taldearen kategoriakoak izango dira 50 eta 74 puntu bitartean lortu dituzten ikertaldeak.

6.– A motako taldeko ikertaldeek sei urteko aldirako lortu ahal izango dute diru-laguntza, eta B taldekoek hiru urterako.

7.– Talde bakoitzari dagokion diru-laguntza lehiaketa-prozeduraz zehaztuko da. Horretarako, eskabideen lehentasun-hurrenkera ezarriko da oinarrizko irizpideen blokearen % 60 edo gehiago lortu duten eskabide guztien artean, eta guztizko kopuruaren % 50. Balorazio altuena lortu dutenei baino ez zaie esleituko laguntza, agindu honen 2. artikuluan finkatu den aurrekontu-kreditua agortu arte.

13. artikulua.– Bateragarritasuna.

1.– Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak dira ikertze berbera finantzatzea xede duen beste edozeinekin, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateek ikertaldeei ematen dizkieten diru-laguntza orokorrekin izan ezik.

2.– Jaso beharreko laguntzaren kopuruak ezin gaindituko du diru-laguntza jaso dezaketen azalpenek, banan-banan hartuta, sortutako gastua guztira. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emandako diru-laguntzak kopuru hori gainditzen badu, gastu hori ez gainditzeko behar den kopurua murriztuko da.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hautaketa Batzordeak hala proposatu ondoren, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenez emango dira laguntzak.

2.– Ebazpen horrek, erakunde onuradunei atxikitako talde bakoitzari dagokionez, honako hauek jasoko ditu:

a) Talde eskatzailearen identifikazioa.

b) Ebaluazioaren emaitza: A motako edo B motako taldetzat onartzea, edo, behar izanez gero, ezestea eta beraren arrazoia.

c) Emandako kopuru osoa, eta kontzeptu eta urte-sarikako xehetasuna.

3.– Laguntza baiesten edo ezesten duen ebazpena Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren webgunean (http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net?Unibertsitate eta Ikerketa?Ikerketa eta Graduatu-ondokoak) argitaratuta jakinaraziko da, agindua argitaratu eta sei hilabeteko epean. Ebazpen hori Eusko Jaurlaritzaren atari elektronikoan ediktu bat txertatuz ere emango da jakitera, baina epeak zenbatzeko orduan, http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net webgunean egiten den argitalpenak baizik ez du baliorik izango.

4.– Ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net webgunean argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean.

5.– 3. atalean xedatutakoa gorabehera, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak eskabide-argitalpenei buruzko oharrak bidali ahal izango dizkie sinatzaileei eta ikertaldeetako ikertzaile nagusiei, bai SMS mezuen bidez, bai posta elektroniko bidez. Nolanahi ere, abisu horiek ez dira benetako jakinarazpentzat hartuko.

6.– Jende guztiak jakin dezan, laguntzei buruz ebazten dena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, 2013ko lehenengo seihilekoan.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen eta beraiei atxikitako ikertaldeen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Onartu egin beharko dute emandako diru-laguntza.

a) Diru-laguntza onartzeko, eredu normalizatu bat egin beharko da, eta horren barruan, zinpeko adierazpen bat eramango du, adierazten duena taldeko inork ere ez duela jasotzen diru-laguntza orokorrik, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duen unibertsitateren batek ikertaldeentzako ematen duenik. Talde bakoitzaren onarpen-inprimakia ikertzaile nagusiak eta erakunde onuraduneko Ikerketako errektoreordeak edo horren baliokideak izenpetuta aurkeztu beharko da, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzara bidaliko da, hilabeteko epean, deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Aurkezteko modua eta lekua: 7. artikuluaren 4. atalean jasota daude.

Ikertaldeek ez badute onarpen-agiria epe horretan aurkezten, iritziko zaio laguntzari uko egiten diotela.

b) Onarpen-agiriak ofizio bati erantsita bidaliko dira eta jaso beharko ditu taldeen zerrenda, zenbakia ipinita, eta taldearen ikertzaile nagusiaren izena. Ofizio hori aurkeztu beharko da erakunde onuradunaren legezko ordezkariak izenpetuta eta data jarrita.

2.– Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako.

3.– Deialdi honi esker sorten diren argitalpen eta bestelako emaitzetan, ikertaldeak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren laguntza jaso duela aipatu beharko da, haren erreferentzia adierazita.

4.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzari baimena eskatu beharko zaio, aurreikusitako jarduera-planaren betearazpenean eragina izango duen edozein aldaketa egiteko.

5.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen dieten informazioa, deialdi honen kontura eskuratutako diru-laguntzen gainekoa, eman beharko diete.

16. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

1.– Urtero, erakunde onuradunak jarduera-planaren jarraipen ekonomikoari buruzko txosten partzial bat aurkeztuko du, eta Zientzia Politikako Zuzendaritzara hurrengo urteko martxoaren 31 baino lehen bidaliko. Txosten hori erakunde onuradunaren kudeatzailearen edo kontabilitate-zerbitzuburuaren ziurtagiria izango da, ziurtatuko duena emandako laguntzarekin egin den gastua atalka, eta bakoitzaren zenbatekoa jarrita.

2.– Erakunde onuradunak, hirugarren urteko, hau da, 2015eko urteko txosten ekonomikoa ez ezik, 2013-2015 aldirako gastuen ziurtagiria ere aurkeztuko du, B motako ikertaldeentzat.

3.– Erakunde onuradunak, seigarren urteko, hau da, 2018ko urteko txosten ekonomikoa ez ezik, 2013-2018 aldirako gastuen ziurtagiria ere aurkeztuko du, A motako ikertaldeentzat.

4.– Urteko txosten ekonomikoen ebaluazioak baldintzatu egin dezake proposatutako laguntzekin jarraitzea, edota ekar dezake laguntzak ezeztatzeko eta jasotako kopuruak itzultzeko espedientea, planetik nabarmen desbideratuz gero.

5.– Jatorrizko fakturak erakunde onuradunean artxibatu beharko dira lehenago esan den justifikazio-epearen amaieratik gutxienez bost urtez, eta eskura egongo dira Zientzia Politikako Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Kontroleko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten duten edozein egiaztapenerako.

6.– Finantziazioaren bosgarren sei hilabetekoa igaro ondoren, eta 2015eko urriaren 15 baino lehenago, beren-beregi emango den inprimaki batean jaso beharko da zer neurritaraino lortu diren proposatutako helburuak, zer emaitza erdietsi diren ikerketa-proiektuen, transferentziako eta prestakuntzako ekintzen bidez eta lortu diren kanpoko diru-laguntzak baliatuz. Txostena, ikertzaile nagusiak eta Ikerketako errektoreordeak edo horren parekoak izenpetuta, Zientzia Politikako Zuzendaritzara bidaliko du erakunde onuradunak. Txosten hori erdiko txostena izango da A mota taldeetarako eta azken txostena B mota taldeetarako.

7.– Erdiko txosten tekniko horien ebaluazioak A motako taldeen azken hiru urte-sarietarako onartutako diru-laguntza baldintzatuko du: % 25 ere murriztu daitezke urte-sariok.

8.– A motako ikertaldeek azken txosten teknikoa bidaliko dute, betearazpen-aldi osorako, finantzazioko hamabigarren seihilekoan, eta 2018ko urriaren 15a baino lehenago. Txostena, ikertzaile nagusiak eta Ikerketako errektoreordeak edo horren parekoak izenpetuta, Zientzia Politikako Zuzendaritzara bidaliko du erakunde onuradunak.

9.– Ikertaldearen osaeran edo taldearen helburu orokorretan aldaketak gertatzen badira, ikertzaile nagusiak Zientzia Politikako Zuzendaritzari eskatu beharko dio horretarako baimena, eta hark, hala badagokio, erabakiko du, dagokion espedientea egin ondoren, proposatzen diren aldaketek hitz emandako diru-laguntzak aldatu edo ezeztatzea merezi duten.

10.– Onuradunek eskatzen zaien informazio guztia eman eta Zientzia Politikako Zuzendaritzak edo, indarrean dagoen araudiaren arabera, eskumena duten beste organo batzuek eskatzen dituzten ikuskaritzak, egiaztapenak eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte.

17. artikulua.– Ordainketa.

1.– Erakunde onuradunentzako 2013. urteko laguntzaren kopurua bi alditan ordainduko da: lehenengoa, kopuru osoaren % 50, agindu honen 15. artikuluan azaltzen den onarpen-prozedura betetakoan. Bigarrena, gainerako % 50a, 2014an, 16.1 artikuluan jasotako jarduera-planaren jarraipen ekonomikoari buruzko txostena ebaluatu ondoren.

2.– Ondorengo urteetan ordainketa bi alditan egingo da. Lehenengoa, uneko urteari dagokion zenbatekoaren % 50, aurreko urteko bigarren ordainketarekin batera ordainduko da, eta gainerako % 50a, aurreko paragrafoan aipatu bezala, Zientzia Politikako Zuzendaritzak ebaluazio-txostena egiten duenean.

18. artikulua.– Ez betetzea eta itzultzea.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen den azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), ezin izango da laguntzaren edo dirulaguntzaren ordainketa galdatu, eta aurretik zerbait ordaindu bazaie, bidezkoa izango da, batetik, jasotako zenbatekoak itzularaztea, eta, bestetik, laguntza edo dirulaguntza ordaindu zenetik aurrera sortuko ziren legezko korrituak galdatzea, baldin eta honakorik gertatzen bada:

a) Onuradunek, guztiz edo zati batean, bete gabe utzi badituzte deialdi honetako oinarriak, diru-laguntzei buruzko araudi orokorrekoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean erabakitako baldintzak.

b) Diru-laguntza emateko eskatzen diren datuak ezkutatu edo aldatzen badituzte edo eskatutako informazioa iruzurrez manipulatzen badute.

c) Egintza proposatutako helburuekin edo ezarritako epeekin bat etorri gabe garatzen badute, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimenik gabe.

d) Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, diruz lagundutako egintzen segimendua egiterakoan, gastua proposatutakoarekin eta esleitutakoarekin bat ez datorrela egiaztatzen badu.

2.– Baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak aldatzen badira edo beste administrazioren baten edo beste entitate pribatu nahiz publikoren baten laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira edo helburu bererako beste diru-iturri edo baliabide batzuk jasotzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin daiteke, betiere, diru-laguntzei buruzko arauan entitate onuradun izateko ezarritako gutxienezko betekizunak konplituz gero.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren (1992ko otsailaren 7ko EHAA) Bigarren Tituluak arautzen du diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorra, laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, dagokionean, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak eta horien interesak itzuli beharra; eta ezarritakoaren arabera, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenez deklaratuko da, dagozkion prozedura-izapideak hezurmamitu ondoren; horrez gain, dagozkion gainerako ekintzak ere bidera daitezke.

4.– Diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

19. artikulua.– Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Ikerketa» izeneko fitxategi batean sartuko dira (fitxategi hori 2010eko urriaren 4ko Aginduan araututa dago, 2010eko azaroaren 5eko EHAA), diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi honen organo arduraduna Zientzia Politikarako Zuzendaritza da. Aurka egin, sartu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ekonomia eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu hau garatzeko eta gauzatzeko behar diren hainbat xedapen egiteko ahalmena izango du Zientzia Politikarako zuzendariak.

Bigarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi– errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hirugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 24a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala