132. zk., 2012ko uztailaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (332 KB - 18 orri.)
- EPUB (444 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
3078
AGINDUA, 2012ko ekainaren 27koa, Osasun eta Kontsumoko sailburuarena, GIB/hiesa prebenitzea eta kontrolatzea xede duten eta Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten ekimen sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako diru-laguntzak deitzen dituena.
Irabazi-asmorik gabeko erakundeek GIB/hiesaren alorrean gauzatutako jarduerak, herri-administrazioen jarduerekin batera, funtsezko tresna izan dira infekzio hori kutsatzea saihesteko eta birusa duten pertsonen egoera hobetzeko lanean.
Testuinguru horretan, Osasun eta Kontsumo Sailak aurrekontu-sail bat prestatzen du irabazi-asmorik gabeko erakundeei diru-laguntzak emateko, GIBek sorrarazitako infekzioa kontrolatzea eta prebenitzea xede duten proiektuak gauza ditzaten.
Deialdi honetan, programa honekin lotutako izapide guztiak modu telematikoan gauzatzeko aukera eman nahi diegu erakunde horiei, eta horretarako prozedura bat gaituko dugu honako hauei jarraikiz: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuari, administrazio elektronikoari buruzkoari; abenduaren 19ko 59/2003 Legeari, sinadura elektronikoari buruzkoari (abenduaren 28ko 56/2007 Legeak aldatu zuen hori, informazioaren gizarteari bultzada emateko neurriei buruzkoak); ekainaren 22ko 11/2007 Legeari, herritarrak zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoz sartzeari buruzkoari, eta hori garatzen duen azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuari; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuari, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoari; Informatika eta Telekomunikazio zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenari, –PLATEA– e-administraziorako plataforma teknologikoa ezartzen duen dokumentua onartzen duenari.
Beraz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Esparrua eta xedea.
1.– Ekimen sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako diru-laguntzak deitzen dira 2012. urtean zehar GIB kutsatzea prebenitzea eta kontrolatzea xede duten jarduerak gauza ditzaten herritarren artean, oro har, eta kutsatzeko arrisku gehien duten kolektiboen artean, bai eta GIB/hies duten pertsonekin osasun-hezkuntzako eta laguntzako jarduerak egin ditzaten ere, Euskal Autonomia Erkidegoan.
2.– Laguntza hauen xedea da erakunde horiek 2012. urtean zehar egingo dituzten jarduerak finantzatzea; honako helburu hauek izango dituzte jarduera horiek:
a) Kutsatzeko arrisku gehien duten kolektiboekin prebentzioaren alorrean esku-hartzeko estrategiak aplikatzea, hala nola, gizonekin sexu-harremanak dituzten gizonekin, pertsona etorkinekin, prostituzioan jarduten duten pertsonekin eta drogak bide parenteraletik kontsumitzen dituzten pertsonekin.
b) Diagnosi-berandutzeak murriztea; horretarako, diagnosi goiztiarra sustatzeko eta GIB probak egiteko programak bultzatuko dira.
c) Emozio-laguntzako taldeak sortzea GIBekin kutsatuta dauden pertsonentzat eta senideentzat edo lagun minentzat.
d) Proiektu berritzaileak gauzatzea prebentzioko beharrei erantzun emateko eta GIB/hiesa duten pertsonen bizi-kalitatea eta gizarteratzea hobetzeko.
2. artikulua.– Zenbatekoa.
Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa 300.000 eurokoa (hirurehun mila) izango da gehienez.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Irabazi-asmorik gabeko erakundeak izan daitezke onuradun, baldin eta 2012. urtean zehar GIB kutsatzea prebenitzea eta kontrolatzea xede duten jarduerak gauzatzeko asmoa badute eta gauzatzen badituzte herritarren artean, oro har, eta kutsatzeko arrisku gehien duten kolektiboen artean, edo GIB/hies duten pertsonekin osasun-hezkuntzako eta laguntzako jarduerak egiteko asmoa badute eta egiten badituzte, Euskal Autonomia Erkidegoan.
Erakunde onuradunek egoitza edo ordezkaritza bat eduki beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoan.
4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundutako programarekin zuzenean eta modu objektiboan lotuta dauden jarduerei dagozkien gastuak izan daitezke diru-laguntzaren xede; behar bezala zehaztuko dira erakundeak aurkeztuko duen proiektuan, eta fakturen bidez egiaztatuko. Diru-laguntza eman baino lehenago sortutako gastuak ere izan daitezke, betiere, 2012koak badira.
2.– Gehienez ere, emandako diru-laguntzaren % 50 erabili ahal izango da gastu orokorretarako, dietek, garraioak, ostatu-hartzeak eta aurreikusitako jarduerak gauzatzeko ekipamenduak eragin ditzaketenak barne.
5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Honako hauek arautzen dituzte izapide elektronikoak: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, administrazio elektronikoari buruzkoak; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoak; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarenak, PLATEA e-administraziorako plataforma teknologikoa ezartzen duen dokumentua onartzen duenak.
3.– euskadi.net egoitza elektronikoan aurki ditzakezue izapideak egiteko argibideak, bertatik bertara edo modu elektronikoan, bai eta eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako eredu guztiak ere, honako helbide honetan zehazki:
http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-ckproc03/eu/contenidos/informacion/procedimiento_administrativo/eu_proz/herritarrak_prozedurak_laguntzak.html
6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Saileko Osasun Publikoko zuzendariari zuzendu behar zaio eskabidea (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
2.– Honako toki hauetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak zuzenean: Hiesaren eta sexu-transmisiozko gaixotasunen planaren bulegoetan (Nafarroako etorb. 14, 8. Groseko anbulatorioa. 20013 Donostia-San Sebastián); Herritarren Arretarako Bulegoetan (Zuzenean); Eusko Jaurlaritzaren Osasuneko lurralde-ordezkaritzetan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean. Eskaera-orri normalizatua erabili behar da, eta behar bezala bete. Arau honen I. eranskinean jasotzen da eskabide-eredua, eta 5. artikuluan aipatutako euskadi.net egoitza elektronikoan ere eskuragarri egongo da.
Halaber, bitarteko elektronikoz ere aurkez daitezke eskabideak, aipatutako euskadi.net egoitza horren bidez.
3.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.
7. artikulua.– Betebeharrak/baldintzak egiaztatzea.
1.– Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.3 artikuluaren 2. paragrafoak xedatzen duenari jarraikiz.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.1.bis artikuluan xedatutakoa betetzeko, honako betebehar hauek egiaztatu beharko dira erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:
a) Beste edozein administraziok edo erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman behar da.
b) Egiaztatu behar da erakundeak ez daukala abian itzultze- edo zehapen-prozedurarik, edo horiek amaituta dituela; hortaz, diru-laguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dute itzultze- edo zehapen-prozedurek.
c) Erakunde eskatzaileak egiztatu behar du ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.
d) Erakundeak legez eratuta egon behar du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion Erregistro Orokorrean behar bezala izena emanda.
Erakunde eskatzaileak edo horren ordezkari gisa jarduten duen pertsonak haren erantzukizunpean adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean jasotako datuak, indarrean dagoen legediak eskubidea jasotzeko ezarritako eskakizunak betetzen dituela eta hori egiaztatzen duten dokumentuak dauzkala, eta, diru-laguntza emanez gero, horri dagokion denboraldian zehar horiek betetzen jarraituko duela.
Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, gerta daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboen kaltetan izan gabe.
Halaber, gorabehera horien berri jasotzen duen herri-administrazioak, hala badagokio, dirua itzultzera behar dezake interesduna ebazpen baten bidez, eta denbora jakin batean zehar xede bera duen beste prozedura bat eskatzeko debekua ezar diezaioke; hori guztia, aplikatzekoak diren arauetan ezarrita dagoen moduan.
3.– Lehen aipatutako euskadi.net egoitza elektronikoan zehaztuko da nola egiaztatu behar diren gainerako eskakizunak.
8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Agindu honen I. eranskinean jasotako inprimaki normalizatuan bete beharko da eskabidea (erantzukizunpeko adierazpena barne hartzen du). 5. artikuluan aipatutako euskadi.net egoitza elektronikoan ere eskuragarri dago inprimaki hori.
2.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Aurkezten den proiektuak GIB/hiesaren esparruan zer garrantzi duen azaldu behar da memoria batean, eta honako hauek jasoko ditu memoriak: xedeak, nori zuzenduta dagoen, hautespen-irizpideak, materiala eta metodoak, aurreikusitako emaitzak eta horiek balioesteko parametroak, nor diren proiektuaren arduradunak eta eskatzaileen ustez interesgarri den beste edozein informazio.
b) Diru-laguntza eskuratuz gero, horren xede izango diren eta 2012an zehar gauzatuko diren programen eta jardueren aurrekontu xehatua, II. eranskinean beteta.
c) Programa horiek finantzatzeko plana. Zehazki adieraziko da zein izango diren finantziazio-iturriak (izena emateko kuotak, eman diren edo ebazpenaren zain dauden beste laguntza publiko edo pribatu batzuk, etab.). Beste finantziazio-iturriren bat lortuz gero horren berri emateko konpromisoa ere adierazi behar da.
d) Hirugarren interesdunaren datuen alta egiteko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia, edo, hala badagokio, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskabidearena, aurrez aurkeztu ez bada behintzat. Inprimaki hori eskuragarri dago euskadi.net egoitzan: http://www.euskadi.net/r33-2288/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html
3.– Eskabidea bitarteko elektronikoz aurkezten duten erakundeek.pdf formatuan eskaneatuta aurkeztu ahal izango dituzte dokumentuak.
9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.
Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, 71.1 artikuluari jarraikiz, ikusten bada aurkeztutako eskabideak ez dituela betetzen aurreko artikuluetan xedatutako eskakizunak, hamar egun balioduneko epea emango zaio erakunde eskatzaileari akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Jakinaraziko zaio hori egiten ez badu, eskabidea bertan behera uzten duela ulertuko dela; Osasuneko sailburuordeak ebazpen bat eman beharko du aurrez aipatutako lege horren 42. artikuluan aurreikusitako moduan.
10. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztutako agiriak balioestea.
1.– Laguntzak esleitzeko prozesuan, agindu honen 13.1 artikuluan aurreikusten den batzordeak balioetsiko ditu proiektuak.
2.– 12. artikuluan jasotako irizpideen arabera balioetsiko dira, eta behar hainbat txosten eta argibide bilduko dira horretarako.
3.– Honako hauek adierazi beharko ditu batzordeak balioespenari jarraikiz egingo duen proposamenean:
a) Diru-laguntza zer erakunderi eta programei ematea proposatzen den; zerrenda batean jasoko dira horiek.
b) Proposatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa, zenbateko horren zer zati emango zaion diru-laguntza jasoko duen proiektu bakoitzari eta hori nola banatzen den programa osatzen duten sailen artean.
4.– Proiektu bat diru-laguntza jasotzeko modukoa dela irizten bada, aurkeztutako aurrekontua hartuko da kontuan laguntzaren zenbatekoa zehazteko, bai eta beste finantziazio-iturririk badagoen edo ez ere. Aurrekontu horretan aurreikusitako defizitaren % 100era heldu daiteke laguntza. Erakundeak proiektu hori gauzatzeko beste laguntzarik badu, erakunde desberdinengandik helburu bererako eskuratuko dituen laguntzen guztirako zenbatekoak ez du gaindituko proiektuaren kostu osoa.
11. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.
Agindu honetan ezarritako araubidearen babesean emandako laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako emandako beste laguntza batzuekin.
Proiektu bera gauzatzeko zenbait finantzaketa-iturrik emandako laguntzen zenbatekoak proiektuaren beraren kostua gainditzen badu, gehiegizko zenbateko hori kenduko zaio agindu honen babesean emandako diru-laguntzaren zenbatekoari, guztirako zenbatekoa proiektuaren kostuarekin berdindu arte.
12. artikulua.– Proiektuak balioesteko irizpideak.
Hona hemen eskaeren artean lehentasunak ezartzeko erabiliko diren balioespen-irizpideak eta horien haztapena: gehieneko puntuazioa 100 da, eta gutxienekoa, 50 (puntu gutxiago dituzten jarduerek ezin izango dute laguntzarik jaso). Halaber, a), b) eta f) ataletan adierazitako puntuazioaren erdia gutxienez lortzen duten eskaerek eta guztien artean 22,5 puntu jasotzen dituztenek bakarrik jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak.
a) Diseinuaren kalitate teknikoa; erlazio koherentea eduki behar dute kontuan hartuko diren faktoreek, lortu nahi diren helburu espezifikoek, helburuak erdiesteko aurreikusitako jarduerek eta helburu horien lorpen-maila ebaluatzeko irizpideek: 20 puntu gehienez.
b) Zuzenean edo zeharka onuradun izango diren pertsona hartzaileen edo onuradunen kopurua. Jarduerak populazioaren zer zati estaltzen duen: 10 puntu gehienez.
c) Jarduera ekimen sozialeko beste erakunde batzuekin, beste federazio eta/edo beste erakunde batzuekin koordinatuta eta lankidetzan gauzatzea, hots, sare-lana sustatzea: 5 puntu gehienez.
d) Proposatutako jarduera berritzailea izatea, edo proiektu batean aurreko urtearekiko hobekuntza berritzaileak sartzea: 5 puntu gehienez.
e) Erakundearen ibilbidea eta esperientzia, eta proposatutako jardueraren edo proiektuaren jarraitutasuna: 20 puntu gehienez.
f) Jardueraren xede diren egoeraren eta helburuen egokitasuna eta garrantzia, 1.1 artikuluan zehaztutako jarduera-ildoei dagokienez: 15 puntu gehienez.
g) Jardueraren diseinuan eta bilakaeran arreta berezia jartzea landu nahi den egoera horren eraginpean dauden pertsonen desberdintasun sozioekonomikoetan eta genero-desberdintasunetan: 10 puntu gehienez.
h) Jardueraren diseinuan eta bilakaeran ekintza boluntarioko berezko balio erantsiak gehitzea, elkar laguntzea sustatzea, eta esku-hartzearen hartzaile diren pertsonek horren diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan parte hartzea: 10 puntu gehienez.
i) Koordinazioa ezartzea eta sinergia aurreikustea jardueraren eta osasun-arloan eta/edo arlo soziosanitarioan indarrean dauden laguntzen, zerbitzuen, jardueren eta politika publikoen artean: 5 puntu gehienez.
13. artikulua.– Eskabideen prozedura eta balioespena.
1.– Aurkeztutako eskabideak balioesteko, dagokion balioespen-batzordea eratuko da, honako hauek osatuko dutena: Osasuneko sailburuordeak -batzordeko presidente izango da, Osasun Publikoko zuzendariak, Droga-mendekotasuneko zuzendariak, Hiesaren prebentzioko planaren arduradunak, eta Osasun eta Kontsumo Saileko lurralde-ordezkaritzetan Osasun Publikoko zuzendariorde diren pertsonek. Presidenteak izendatuko du kide anitzeko organoko idazkaria batzordea osatzen duten kideen artean.
2.– Ahaleginak egingo dira balioespen-batzorde horretako osaera paritarioa izan dadin, Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7. artikuluari jarraikiz. Artikulu horrek xedatzen du agintari publikoek behar diren neurriak hartu behar dituztela erabakiak hartzeko esparruetan gizonen eta emakumeen presentzia orekatua egon dadin.
3.– Une eta modu egokian aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta ebaluatuko ditu balioespen-batzordeak eskabideak.
4.– Osasun Publikoko Zuzendaritzak, laguntzak kudeatzen dituen organo den heinean, eta balioespen-batzordeak, beharrezko irizten badute, informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeki ulertu ahal izateko.
5.– Balioespen-batzordeak erabakiko du jarduera bakoitzari zenbateko diru-laguntza eman diezaioketen gehienez, eta jarduerari puntuazio jakin bat emango dio agindu honetan jasotako balioespen-irizpideen arabera. Laguntzetarako aurreikusitako aurrekontu-kreditua ez bada nahikoa gutxieneko puntuazioa gainditu duten jarduera guztiei diru-laguntza emateko, puntuazio handiena lortu duten jarduerek jasoko dute laguntza aurrekontu-kreditua agortu arte.
6.– Lehiaketaren bidez emango dira agindu honetan araututako diru-laguntzak. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauen Legearen Testu Bateginaren 51.4 artikuluari jarraikiz, lehiaketatzat joko da aurkeztutako eskabideak erkatuz diru-laguntzak emateko prozedura. Diru-laguntzak arautzen dituzten arauetan aurrez ezarritako balioespen-irizpideen arabera, eskabideen lehentasun-ordena ezarriko da, eta aipatutako irizpideen arabera balioespen handiena jaso dutenei esleituko zaizkie laguntzak.
14. artikulua.– Lehiaketa ebaztea.
1.– Osasuneko sailburuordeak emango du ebazpena, balioespen-batzordearen proposamenari jarraikiz, azaroaren 30 baino lehenago. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ebazpen hori, erakunde interesdunek horren berri izan dezaten, eta horren aurka egiteko eta deialdian xedatutako moduan ordainketa egiteko epea hasiko da. Halere, banaka ere eman daiteke ebazpenaren berri.
2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osasun eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, aipatutako 30/1992 Lege horren 114. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoari jarraikiz (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen 30/1992 Legea).
15. artikulua.– Isiltasunaren bidez ezestea.
Agindu honetan araututako laguntzak ebazteko aurreko artikuluan ezarritako epe hori igaro bada, eta ez bada ebazpenik eman espresuki, eskabideak ezetsi egin direla ulertuko da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, 44.1. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, administrazioak espresuki ebazteko betebeharra badu ere.
16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Hain zuzen, diru-laguntzak esleitzeko ebazpena EHAAn argitaratu eta hamar egun balioduneko epean erakundeek ez badiote horri espresuki uko egiten, laguntza onartzen dutela ulertuko da.
b) Laguntza eman den helbururako erabili beharko dute.
c) Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, erakunde eskatzaileek haien zerga-betebeharrak bete beharko dituzte, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz, eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ere bete beharko dituzte.
d) Diru-laguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaitu egin beharko dira itzultze– edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko diru-laguntzen esparruan hasitako eta izapideetan dauden prozedurak alegia.
e) Eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, horiek hobeki gauza ditzaten deialdi honetan araututako diru-laguntzen gaineko eginkizun guztiak.
f) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartu den edozein egoera, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, hala jakinarazi beharko diote Osasun eta Kontsumo Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzari.
2.– Hautatutako erakundeek agindu honen bidez finantzatutako programak edo jarduerak argitaratzen badituzte, honako testu hau jaso beharko dute espresuki: «Osakidetzaren Hiesa Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Planaren testuinguruan Osasun eta Kontsumo Sailak diruz lagundua».
3.– Proiektuaren baitan informazio-materiala sortu behar badute erakundeek, idatzizkoa edo ikus-entzunezkoa, Osasun eta Kontsumo Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzari aurkeztu beharko diote argitaratu baino lehen, eta horrek onartu egin beharko du.
17. artikulua.– Datuak babestea.
«Diru-laguntzen erakunde jasotzaileak» izeneko fitxategian sartuko dira agindu honetan araututako diru-laguntzak eskatzerakoan emandako datu guztiak, Osasun eta Kontsumoko sailburuaren 2011ko abenduaren 22ko Aginduan, Osasun eta Kontsumo Sailaren eta Kontsumobide Kontsumoaren Euskal Institutuaren datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituenean, ezartzen den moduan; Datu pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren mende gelditzen da hori. Fitxategi horretako datuak ez zaizkie hirugarren pertsonei edo erakundeei emango, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak erakunde eskatzaileen diru-laguntzak kudeatzeko soilik erabiliko dira. Nahi izanez gero, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabil ditzake nahi duenak, legean xedatutakoarekin bat etorriz; horretarako, idazki bat igorri beharko dio Osasun eta Kontsumo Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzari.
18. artikulua.– Laguntza justifikatzea.
Onuradunek diru-laguntzaren xede zen helburua bete dutela egiaztatzeko eta jasotako funtsak nola aplikatu dituzten justifikatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute erakundeek Osasun eta Kontsumo Sailaren Osasun Publikoko Zuzendaritzan 2012ko abenduaren 10a baino lehenago:
a) Txosten teknikoa, aurreikusitako helburuak zer neurritan bete diren eta helburu horietako bakoitzaren betetze-mailaren gaineko ebaluazioa azalduko duena.
b) 2012ko urteko gastuen memoria edo justifikazio-kontua. Zer dokumentu aurkezten diren eta horiek zer zenbateko duten adierazi behar da. Diru-laguntza emateko ebazpenean zehaztutako gastu-kontzeptuen arabera taldekatu behar dira horiek aginduren III. Eranskinean jasotako ereduaren arabera. 5. artikuluan aipatutako egoitza elektronikoan ere eskuragarri dago eredu hori.
c) Gastuak diru-laguntzaren xedea betetzeko erabili direla egiaztatzeko, fakturak aurkeztu beharko dira, edo egiaztapen-balioa duten gainerako dokumentu baliokideak, zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan balioa dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak.
d) Jarduera edo zerbitzua gauzatu dutela edo diru-laguntzaren xede zen helburua bete dutela egiaztatzen duen beste edozein agiri.
Eskabidea bitarteko elektronikoz aurkezten duten erakundeek.pdf formatuan aurkeztu ahal izango dituzte dokumentuak.
19. artikulua.– Egiaztapenerako aurkeztutako dokumentuetako akatsak zuzentzea.
Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluari jarraikiz, egiaztapenerako aurkeztutako dokumentuetan akatsen bat badago, edo dokumenturen bat falta bada, hamar egun balioduneko epea emango zaio erakundeari, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, akatsa konpon dezan edo eskatzen dioten dokumentua aurkez dezan. Ez badu eskakizun hori epe eta modu egokian betetzen, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko.
20. artikulua.– Ordaintzeko era.
Honela ordainduko da agindu honen babesean emandako diru-laguntzari dagokion zenbatekoa:
a) Diru-laguntzaren % 80 ordainduko da hasierako ordainketa batean, behin ebazpena onartu eta argitaratu ostean, eta erakunde onuradunak emandako diru-laguntzari uko egiteko epean horrelakorik egin ez badu.
b) Gainerakoa kobratzeko (emandako zenbatekoaren % 20), diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du erakunde onuradunak, 18. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Diru-laguntza eman zeneko ekitalditik kanpo gauzatzen bada bigarren ordainketa hori, organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du erakundeak bere betebeharrak bete dituela erakundeari dagozkion foru-ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren aurrean.
21. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, baina haren xedea mantentzen dela ulertzen bada, eta, hala badagokio, beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskuratzen badira beste erakunde publiko edo pribatu batengandik, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Osasun Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitzeko.
22. artikulua.– Ez-betetzeak.
Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta obligazioak ezartzen dituenean, xedatutakoari jarraikiz, erakunde onuradunak ez baditu betetzen agindu honetan jasotako eskakizunak eta xedeak, edo jarraian jasotzen den ez-betetzeetako bat gauzatzen badu, laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela aitortuko da, dagozkion prozedura-izapideak egin ostean, eta, hala badagokio, ordurako jaso dituen zenbatekoak eta horien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari, egin beharreko gainerako ekintzen kaltetan izan gabe.
Diru horiek diru publikotzat joko dira ondorio guztietarako.
Osasun eta Kontsumo Saileko Osasuneko sailburuordeak izango du ez-betetzeagatiko espedientea hasteko eta ebazteko eskumena.
Ez-betetzeei dagozkien egoera espezifikoak dira, beste batzuen artean, honako hauek:
a) Laguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.
b) Diru-laguntzaren xede gisa proposatutako jarduerak ez gauzatzea.
c) Ez betetzea diru-laguntzaren xede zen helburua.
d) Diru-laguntzaren emate-erabakian ezarritako baldintzak ez betetzea.
e) Gastuak ez egiaztatzea agindu honetan xedatutako moduan eta epean.
f) Ezarritako kontrol-jarduerei uko egitea edo haiek oztopatzea.
g) Jarduerak behar baino finantziazio handiagoa lortzea eragingo luketen beste laguntza batzuk lortuz gero Osasun eta Kontsumo Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzari ez jakinaraztea.
23. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuaren jarraipena.
Osasun eta Kontsumo Sailak komenigarri irizten dituen alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu lege honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Halaber, publikoki erabili ahal izango ditu, uneoro, emandako diru-laguntzen bidez gauzatutako programen eta jardueren edukiak eta emaitzak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa ezar dakioke Osasun eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.
Bigarrena.– Agindu honetan azaltzen ez den guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatutakoa aplikatuko da urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean emandako idazketaren arabera.
Hirugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 27a.
Osasun eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.