119. zk., 2012ko ekainaren 19a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (189 KB - 3 orri.)
- EPUB (204 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
2809
AGINDUA, 2012ko maiatzaren 3koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, «Soinuenea Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.
«Soinuenea Fundazioaren» eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da. Hona hemen
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2012ko urtarrilaren 17an, Justizia eta Herri Administrazio Sailean sartu zen Juan María Beltrán Argiñenak eratutako Soinuenea Fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskaera. Eskariari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoa bildu zen fundazioaren helburuak zilegi eta guztiontzako onuragarri direla egiaztatzeko, eta 2012ko otsailaren 6an, fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman zuen.
Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera:
«Fundazioaren helburua herri-musika sustatzea eta zabaltzea da, nagusiki euskal herri musika. Hau, bere modalitate ezberdinetan eta herri-musikaren inguruan ikerketa, trebakuntza, bilketa, kontserbatzioa, zabalkundea eta antzeko gainerako jardueren bitartez».
Laugarrena.– Fundazioaren estatutuen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioaren helbidea hau izango da: Tornola kalea 6, Oiartzun (Gipuzkoa). Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko du, bereziki, bere jarduna.
Bosgarrena.– Hasierako dotazioa 15.000 eurokoa da. Dotazio hori, fundatzaileak eman du doako inbentarioan zehaztutako bilduma erabiltzeko ekarpena eginez; bilduma hori, eratzeko eskritura publikoan dagoen perituaren txostenean balioesten da, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.4 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako –ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren bidez onartua–.
Seigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.
Zazpigarrena.– Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira:
(Ikus .PDF)
Guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio Fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala agintzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan, eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 4. artikuluan.
Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espedientea. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Aplikagarriak diren legeetan eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.
Ikusirik aipatutako arauak eta, oro har, kasu honetan aplika daitezkeen gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Honako eraketa hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, egun honetan eta erregistro-zenbaki honekin: F-329, Oiartzungo (Gipuzkoa) Soinuenea Fundazioa erakundea eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horretako kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte euren karguak, 2011ko abenduaren 22an, Fermín Lizarazu Aramayo Euskal Autonomia Erkidegoko Notarioen Elkargoko notarioaren aurrean (4047 protokolo-zenbakia), egiletsitako eskritura publikoan xedatu bezala.
Bigarrena.– Fundazio hori, bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 3. sekzioan inskribatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 3a.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
Idoia Mendia Cueva.