Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2012ko ekainaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2806

EBAZPENA, 2012ko maiatzaren 21ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Akademia Antolakuntzako errektoreordearena, honako hau argitaratzekoa: Graduko ikasketetan kredituak transferitu eta onartzeko arautegia, 2012ko maiatzaren 16ko Gobernu kontseiluan onartua.

Unibertsitateak, bere ahalmenaz baliatuta, arau eta prozedurak ezarri behar ditu bere gestioaren arlo desberdinetako zereginak tramitatu ahal izateko.

Honekin batera doan proposamena Akademia Antolakuntzako eta Doktoregoko Batzordeak onetsi zuen 2012ko maiatzaren 3an, eta Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2012ko maiatzaren 16an.

Aipaturiko guztia kontuan hartuta, eta otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, 10.2 artikuluan dioena betetzeko (2004-03-12ko EHAA), honako hau

Ebatzi dut:

Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, Graduko ikasketetan kredituak transferitu eta onartzeko arautegia, 2012ko maiatzaren 16ko Gobernu kontseiluan onartua.

Leioa, 2012ko maiatzaren 21a.

EE (2011ko otsailaren 25eko Ebazpena, 2011-03-17ko EHAA).

Akademia Antolakuntzako Errektoreordea,

JAVIER GIL GOIKOURIA.

GRADUKO IKASKETETAN KREDITUAK TRANSFERITZEKO ETA AITORTZEKO ARAUTEGIA

Arrazoien azalpena:

1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua zehazten duenak, kredituak aitortzeko eta transferitzeko sistema berri bat ezarri zuen, eta unibertsitateei horri buruzko araudia prestatzea eta argitaratzea eskatu zien, ikasleen mugikortasunaren mesedetan. Agindu hori betetzeko, UPV/EHUk graduko ikasketetan kredituak aitortzeko eta transferitzeko indarreko araudia onartu zuen 2010eko ekainaren 24ko Gobernu Kontseiluan (EHAAn 2010eko uztailaren 28an argitaratua).

Gero, uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuak aldatu egin zuen, partzialki, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua, eta egindako aldaketa batzuek unibertsitateko ikasketetako kredituen aitorpenari eragin zioten. 6. eta 13. artikuluen berridazketan ageri dira jasota.

2011ko martxoaren 12an 4/2011 Lege Organikoa (martxoaren 11koa) argitaratu zuten, Ekonomia Jasangarriaren Legearen osagarria, gai horri buruzko berrikuntzak ekarri zituena. Halaber, orain dela gutxi argitaratu dute azaroaren 14ko 1618/2011 Errege Dekretua, goi mailako hezkuntzako ikasketen aitorpenari buruzkoa.

Hori guztia dela-eta, beharrezkoa da graduko ikasketetan kredituak aitortzeko eta transferitzeko indarreko araudia berraztertzea eta egungo testuingurura egokitzea, eta horregatik idatzi da dokumentu hau.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Ondorengo arauak orokorrak dira, eta UPV/EHUko ikastegietan edo UPV/EHUri atxikitako ikastegietan graduko ikasketa ofizialak egiteko eskatutako kredituen aitorpen- eta transferentzia-eskariei aplikatuko zaizkie.

2. artikulua.– Eskumena.

1.– Gai honetan, UPV/EHUko organo hauek dute eskumena: errektorea edo hark eskuordeturiko errektoreordea, eta ikastegiko Akademia Batzordea.

2.– Errektoreari edo hark eskuordeturiko errektoreordeari dagokio kredituen aitorpen eta transferentziarako ekintzak koordinatzea eta bultzatzea eta administrazio-bideko errekurtsoak ebaztea.

3.– Ikastegietako akademia-batzordeei dagokienez, batzorde bakoitzak bere ikastegian ikasketak baliozkotzeko aurkeztutako eskaerak ebatziko ditu, aldez aurretik zerikusia duten sailen txostena jasota. Sailek txostenak egiteko sistema egokia arautuko dute, araudian ezarritako baldintzak eta epeak aintzat hartuta.

II. KAPITULUA
KREDITUAK AITORTZEA

3. artikulua.– Definizioa.

Kredituak aitortzea ikasle batek ikasketa ofizialetan (amaituak edo amaitu gabeak) eskuratutako kredituak onartzea da. Ikasketa horiek uneko ikasketen bestelakoak izango dira, eta UPV/EHUn edo beste unibertsitate batean (Estatukoa edo atzerrikoa) eginak. Aitortutako kredituak UPV/EHUn matrikulatutako titulu ofiziala lortzeko egindako kreditutzat hartuko dira.

Halaber, bestelako goi mailako ikasketa ofizialetan edo beste titulu batzuk lortzeko aukera eskaintzen duten unibertsitate-ikasketetan egindako kredituak ere aitor daitezke.

Egiaztatutako lan-esperientzia eta esperientzia profesionala ere kreditu gisa aitortu ahalko da titulu ofiziala eskuratzeko, betiere esperientzia horrek zerikusia badu tituluari berezkoak zaizkion gaitasunekin.

Ez dira inolaz ere aitortuko gradu-amaierako lanei dagozkien kredituak.

4. artikulua.– Eragina.

Kredituak aitortzeak eragin hau izango du: ikasleak aitortu gabeko kredituak baizik ez ditu egin beharko, tituluaren kreditu guztiak bete arte.

5. artikulua.– Helburua.

1. artikuluan ezarritakoa abiapuntu hartuta eta hurrengo artikuluetan kasu bakoitzerako zehaztutako baldintzak aintzat hartuta, honako hauek aitor daitezke:

a) Ikasleak unibertsitateko ikasketa ofizialetan lortutako kredituak.

b) Goi hezkuntzako espainiar titulu ofizial hauek eskuratzeko egin beharreko ikasketak:

1.– Goi mailako irakaskuntza artistikoetako tituluak.

2.– Arte plastikoetako eta diseinuko goi mailako teknikarien tituluak.

3.– Lanbide Heziketako goi mailako teknikarien tituluak.

4.– Goi mailako kirol-teknikarien tituluak.

c) Titulu ez-ofizialak eskuratzeko aukera eskaintzen duten unibertsitate-ikasketetan egindako kredituak.

d) Egiaztatutako lan-esperientzia eta esperientzia profesionala.

e) Curriculumari ez dagozkion kanpo-praktika akademikoak, kasuan kasuko ikasketa-planak hala aurreikusten duenean.

f) Kultura- eta kirol-ekintzak, ikasleak ordezkatzeko lana eta elkartasuneko zein lankidetzako jarduerak.

6. artikulua.– Irizpide orokorrak.

Kredituak aitortzeko, honako irizpide orokor hauek erabili behar dira:

1.– Oro har, aitortzeko unitatea irakasgaia izango da; nolanahi ere, hautazkoak aitortzean, kreditu kopuru jakin bat aitortu ahalko da, gainditutako kredituei lotutako gaitasun eta ezagutzen arabera eta gauzatutako gainerako jardueren arabera. Hori dela-eta, ikasleak nahitaez aurkeztu beharko du UPV/EHUn egiten ari den tituluan kredituak aitor diezazkiotela eskatzeko argudiatutako gaitasunei buruzko nahikoa informazio. Halaber, sailek kredituen aitorpen-eskaerei buruz egiten dituzten txostenetan, lortutako gaitasunen eta edukien antzekotasuna aipatu beharko dute.

2.– UPV/EHUko ikastegiek akademia-batzordeek proposaturiko aitorpen automatikorako taulak onetsiko dituzte, hala egiterik dagoenean. Taula horiek etengabe eguneratuko dira, bertan aldaketak eginez aldaketa horiek sortzen joan ahala, horretarako ezarritako prozedurari jarraituz. Ikastegietan derrigor argitaratu beharko dira aitorpen automatikorako hasierako taulak, baita taula horien ondorengo eguneratzeak ere.

3.– Hitzarmen espezifikoen bidez araututako unibertsitateen arteko baterako ikasketen kasuan, mugikortasunerako nahiz baterako ikasketetarako hitzarmenak izan, horietan ezarritako arauak beteko dira, UPV/EHUren arautegiaren kontrakoak izan ezean.

7. artikulua.– Ikasleak unibertsitateko ikasketa ofizialetan lortutako kredituak.

1.– Oinarrizko prestakuntzan gainditutako kredituak:

a) Jakintza arlo bereko ikasketetako oinarrizko prestakuntzako 36 kreditu aitortuko dira, gutxienez.

b) Eskuratu nahi den graduko tituluaren jakintza arloko oinarrizko prestakuntzako beste gai batzuetan lortutako kredituak ere aitortuko dira.

2.– Nahitaezko irakasgaietan gainditutako kredituak:

Tituluko nahitaezko irakasgai espezifikoetako kredituak aitortuko dira, titulu berriaren ikasketa-planeko irakasgaien gaitasun eta ezagutzekin bat badatoz.

1. eta 2. ataletan aipatutako kasuetan, egokitzapena irizpide hauen arabera balioetsiko da:

a) Lanbide arautuetarako sarrera izateagatik Gobernuak zehaztutako baliozkotze-baldintzak dituzten ikasketetan, dagokion ministerioaren aginduak zehaztutako irakasgai edo moduluetako kredituak aitortuko dira.

b) Titulu guztietan aitortuko dira antzeko gaitasun mota zein maila ematen duten ikasketak, baita izaera zein hedadura kontuan hartuta gutxienez edukien % 75ean bat datozen ikasketak ere. Antzekotasuna ez da derrigor irakasgai bakoitzean aurkitu behar; aitzitik, moduluka aurki daiteke –edo, halakorik ezean, antzekoak izan eta elkarri egokitzeagatik aitorpenerako aukera ematen duten irakasgai multzoetan–. Era berean, ez da beharrezkoa izango irakasgai horiek izaera bera izatea (oinarrizkoak, nahitaezkoak edo hautazkoak).

3.– Hautazko irakasgaietako kredituak: tituluak ematen duenaren antzeko gaitasun mota zein maila duten irakasgaietako kredituak aitortuko dira, edukien arteko egokitzapenaren beharrik izan gabe.

4.– Kanpoko praktiketako kredituak: kanpoko praktiketako kredituak aitortu ahal izango dira, praktika horiek tituluak eskatzen duen kreditu-balio bera edo handiagoa badute eta haien ezaugarriak zein izaera tituluak eskatzen dituenaren antzekoak badira.

8. artikulua.– Ikasleak goi mailako beste ikasketa ofizial batzuetan lortutako kredituak.

Kredituak aitortzeko, honako irizpide orokor hauek erabili behar dira:

1.– Oro har, ikasketa osoak bakarrik aitortu ahalko dira; nolanahi ere, honako hauek ere aitortu ahalko dira, ECTS kredituetan ofizialki egiaztatuz gero: goi mailako ikasketa artistikoko espainiar titulu ofizialak eskuratzeko gainditutako ikasketa-aldiak eta Lanbide Heziketako goi teknikarien edo kirol-irakaskuntzako goi teknikarien titulu ofizial bateko espezializazio-ikastaroak.

2.– Atzerriko tituluak ere aitortu ahalko dira, baldin eta homologatuta badaude goi mailako hezkuntzako titulu ofizialen batekin.

3.– Ikasketak aitortzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: graduko tituluko irakasgaien eta goi teknikarien tituluko modulu edo irakasgaien arteko egokitzapena, gaitasunei, ezagutzei eta ikaskuntzako emaitzei dagokienez.

Aitorpena lanbide arautu batean jarduteko aukera ematen duten ikasketak egiteko eskatuz gero, egiaztatu egin beharko da alegatutako ikasketek bete egiten dituztela beharrezko gaitasun profesionala bermatzen duen ikasketa-planeko baldintzak.

4.– Unibertsitateak eta dagokion hezkuntza-agintaritzak hitzartuta harreman zuzena badago alegatutako tituluaren eta egin nahi den graduko unibertsitate-tituluaren artean, kredituak hitzarmen horretan ezarritakoaren arabera aitortuko dira; hitzarmenean gutxieneko ECTS kopuruaren aitorpena bermatuko da.

5.– Aitortutako ikasketek ezingo dute gainditu egin nahi den tituluko ikasketa-planeko kredituen % 60.

9. artikulua.– Titulu ez-ofizialak eskuratzeko aukera eskaintzen duten unibertsitate-ikasketetan egindako kredituak eta egiaztatutako lan-esperientzia nahiz esperientzia profesionala.

1.– Barneratutako gaitasun eta ezagutzen arteko egokitzapena aintzat hartuta, aitorgarriak izan daitezke titulu ez-ofizialak eskuratzeko aukera eskaintzen duten unibertsitate-ikasketetan egindako kredituak, baita egiaztatutako lan-esperientzia nahiz esperientzia profesionala ere, baldin eta esperientzia horrek zerikusia badu egin nahi den tituluaren berezko gaitasunekin.

2.– Lan-esperientzia edo esperientzia profesionala eta unibertsitate-ikasketa ez-ofiziala aintzat hartuta aitortutako kreditu kopurua ezingo da ikasketa-planeko kreditu guztien % 15 baino handiagoa izan. Kreditu horiek aitortuz gero, ez da kalifikaziorik erantsiko, hortaz, ez dira kontuan hartuko espedientearen baremaziorako.

Hala eta guztiz ere, berezko tituluetako kredituen aitorpenak aipatutako kopurua gainditu ahalko du, salbuespen gisa, titulu hori desagertu egin bada eta haren ordez titulu ofizial bat jarri badute. Horretarako, aitorpen horrek jasota egon beharko du ikaslea egiten ari den UPV/EHUko tituluaren ikasketa-planeko memoria egiaztatuan.

10. artikulua.– Curriculumari ez dagozkion kanpo-praktika akademikoak.

UPV/EHUko tituluaren ikasketa-planean aurreikusita egonez gero, ikasleak curriculumetik kanpo egindako praktikak hautazko kreditu gisa aitortu ahalko dira.

Praktika horien aitorpena araudi honetan ezarritakoaren arabera egingo da, curriculumari ez dagozkion kanpo-praktiken araudian edo hezkuntza-lankidetzarako programetan agindutakoarekin bat eginda.

Curriculumari ez dagozkion kanpo-praktika akademikoen kredituak aitortzeko, 25 orduren truke ECTS kreditu bat emango da.

11. artikulua.– Kultur eta kirol-ekintzak, elkartasuneko eta lankidetzako jarduerak eta ikasleen ordezkaritza.

1.– UPV/EHUn matrikulatutako ikasleek unibertsitateko kultur eta kirol-ekintzetan, elkartasuneko eta lankidetzako jardueretan eta ikasleen ordezkaritzan aritzeagatik kredituak aitortzea eskatu ahal izango dute. Unibertsitatean ikasten aritu diren bitartean gauzatutako ekintzak izan beharko dute, eta gehienez ere ikasketa-planeko 6 kreditu eskatu ahal izango dituzte horien truke, LOUko 46.2.i) artikuluaren arabera.

I. eranskinean jasota daude jardueren zerrenda eta bakoitzagatik urtean lor daitekeen gehieneko kreditu kopurua. Dena den, jarduera batengatik behin bakarrik aitortu ahalko dira kredituak.

2.– Ikasleak ordezkatzen aritzeagatik kredituak eskuratzeko, ikasleak egindako lanen memoria bat aurkeztu beharko du, Ikasleen Errektoreordetzak ezarritako ereduaren arabera, eta beharrezkoa izango da kasuan kasuko kide anitzeko organoaren bileren % 75era joan izana gutxienez. Ikaslea Klaustroko kidea bada, ikasleak organo horren bilera guztietara joan beharko du. Ikasleen Kontseiluaren eta Campuseko Ikasle Kontseiluen kasuan, dagokion kontseiluko idazkariak ziurtagiri bat bidaliko dio Ikasleen Errektoreordetzari, Kontseiluaren buruaren onespenaz, organo horren bilera bakoitzera joandako pertsonen zerrendarekin.

Taldeetako ordezkariek euren ikastegian aurkeztu beharko dute memoria, kredituak eskuratzeko (ikastegi bakoitzak diseinatuko du bere eredua).

3.– Kirol-ekintzengatik kredituak aitortzeko, interesdunek UPV/EHUko Kirol Zerbitzuaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Kirol Zerbitzuak dokumentu honen II. eranskinean zehaztutako baliokidetasunak izango ditu kontuan.

4.– Prestakuntzarako kultur ekintzengatik kredituak emateko, honako hauek hartuko dira aintzat:

a) Unibertsitateko udako ikastaroak eta UPV/EHUko ikastegi edo sailek antolatutako ikastaro, mintegi, biltzar eta halakoak, baldin eta eskaria egiten zaion ikastegiak ontzat ematen baditu. Egindako 25 orduko kreditu bat emango da. Era berean, unibertsitateko errektoreordetzek antolatutako jarduerak ere onartuko dira. Unibertsitateko ikastegi guztietarako balioko dute, eta 25 orduko kreditu bat emango da.

b) Kontuan hartuko dira, halaber, beste unibertsitate batzuetako udako ikastaroak, eta 50 orduren truke kreditu bat emango da.

5.– Elkartasuneko eta lankidetzako jarduerengatik kredituak emateko, honako hauek hartuko dira aintzat:

a) UPV/EHUko Gizarte Erantzukizun eta Unibertsitate Hedakuntzako Errektoreordetzak (edo haren ordez diharduenak) kudeatu edo babestutako boluntariotza- edo lankidetza-jardueretan parte hartzea. Kreditu bat emango da 30 orduko.

b) «Ezgaitasunak dituzten ikasleei lagun egiteko programan» edo UPV/EHUko Ikasleen Errektoreordetzak kudeatu edo babestutako antzeko programetan parte hartzea. Kreditu bat emango da 30 orduko.

c) Unibertsitateko ikastegiek edo UPV/EHUko Ikasleen Errektoreordetzak ikasle berrien begirale izan eta haiei lagun egiteko antolatutako ekintzetan parte hartzea. 3 kreditu emango dira gehienez.

6.– Ikastegiko idazkari akademikoak, ikasleak aurkeztutako dokumentazioa ikusita, hautazko kredituak aitortzeko erabakia emango du, kreditu horiek ikaslearen espedientean sar daitezen. Horretarako, ikasleak prezio publikoak ordaindu beharko ditu aurretik.

7.– Unibertsitateen Lege Organikoko 46.2.i. artikuluaren bidetik ikasleari aurreko beste ikasketa batzuetan kredituak aitortu bazaizkio UPV/EHUn edo beste unibertsitateren batean, ikasten ari den tituluan ere eskatu ahal izango du aitorpena.

12. artikulua.– Mugikortasun-programetan kredituak aitortzeko irizpideak.

Irizpide orokorra izango da ikasleei mugikortasun-programa baten barruko unibertsitateetan gainditu dituzten kreditu guztiak aitortzea. Ikasturte bakoitzean gehienez ere 60 ECTS aitortuko zaizkie. Mugikortasun-programa baten barruko ikasketatzat hartuko dira UPV/EHUren eta beste unibertsitate batzuen arteko hitzarmen instituzionalen babesean egiten direnak, bai esparru orokor baten barruan –adibidez, Erasmus, Sicue edo beste programa batzuek ezartzen dutena–, bai unibertsitateen arteko hitzarmen espezifikoen esparruan -adibidez, titulazio bikoitzetarako 1393/2007 EDk eskatzen dituen hitzarmen espezifikoen esparruan.

Aitorpena egiteko, irizpide espezifikoak hartuko dira kontuan, eta UPV/EHUk unibertsitateen arteko lankidetza-programetarako edo mugikortasun-programetarako onartua duen arautegian ezarritako izapideak egingo dira. Edonola ere, dokumentu original batean argi eta garbi adierazi beharko da ikasleak zer irakasgai egin behar dituen harrera-unibertsitatean bere tituluko kredituak aitortzerik egon dadin.

13. artikulua.– Atzerriko ikasketengatik kredituak aitortzeko irizpideak.

1.– Atzerriko goi mailako titulu baten ikasketa-planean gainditutako irakasgaiak aitortzerik izango da, baldin eta horiekin lortutako gaitasunak eta horien edukia zein eskola-orduak graduko titulu ofizial baten ikasketa-planeko irakasgai baten edo gehiagoren baliokideak badira.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako ikasketa partzialengatiko aitorpena honako kasu hauetan eska daiteke:

a) Atzerriko sistema batean egindako ikasketak amaitu gabe utzi eta ondorioz kasuan kasuko titulua lortu ez denean.

b) Ikasketak amaituta atzerriko titulua lortu, eta ikasleak titulu hori Espainiako unibertsitate-titulu ofizial batekin homologatzeko eskaerarik egin ez duenean.

c) Atzerriko tituluaren homologazioa eskatu, eta homologazio horri uko egin zaionean, betiere uko egiteko arrazoia goi mailako atzerriko tituluak homologatzeko eta baliozkotzeko erari buruzko otsailaren 20ko 285/2004 Errege Dekretuaren 5. artikuluan jasotzen direnetako bat izan ez bada.

d) Ikasketak amaituta atzerriko titulu bat lortu, eta titulu horren edo graduaren homologazioa lortu denean, egindako irakasgaiengatiko kredituak aitortzerik egongo da, horiek homologatutakoaz bestelako titulu bati aplikatzen bazaizkio.

3.– Espedienteko batez besteko nota kalkulatze aldera, aitortutako kredituen balioa atzerriko ikastegiko kalifikazioari dagokiona izango da puntutan. Horretarako, dagozkien baliokidetzak ezarri beharko dira atzerriko ikastegian lortutako zenbakizko kalifikazio edo kalifikazio kualitatiboen eta irailaren 5eko 1125/2003 EDn ezarritako kalifikazioen artean (1125/2003 EDren bidez, Europako kreditu-sistema eta unibertsitateko titulu ofizialetako kalifikazio-sistema ezartzen dira, baita Estatu osoan izango duten balioa ere).

4.– Izapideak egiteko, kredituak aitortu aurretik, UPV/EHUk gaztelania hizkuntza ofizialtzat ez duten estatuetako herritar diren ikasleentzat egoki iritzitako hizkuntza-probak ezar ditzake. Ikastegi bakoitzak izango du proba horiek ezartzeko eskumena.

14. artikulua.– 1393/2007 EDren aurretik araututako ikasketak aitortzea.

1393/2007 EDren aurretik araututako ikasketei (diplomak, ingeniaritza teknikoak edo arkitektura teknikoak eta lizentziak, ingeniaritzak edo arkitektura) arautegi honetan graduko ikasketetarako ezarritako irizpide berak ezarriko zaizkie kredituak aitortzeko, berezitasun hauek aintzat hartuta:

1.– Irakasgaien kreditu-balioa kalkulatzeko, Unibertsitatearen Erreformarako Legearen UEL kredituak ECTS kredituen baliokidetzat hartuko dira, eta kredituak baino lehenagoko tituluetan urte osoko irakasgaien asteko orduak 3 ECTSren balioa izango du.

2.– UPV/EHUko Akademia Antolakuntzako eta Doktoregoko Batzordeak, ikastegiek hala proposatuta, graduko ikasketa eta master berrien eta UPV/EHUko lehengo tituluen arteko baliokidetza automatikoen taula onar dezake, eta zehaztu egin beharko du diplomadunek, arkitekto teknikoek, ingeniari teknikoek, lizentziadunek, ingeniariek edo arkitektoek zer gaitasun eskuratu zituzten titulu zaharretan eta zer irakasgai egin beharko dituzten graduko titulu edo master berriak lortzeko. Edonola ere, bi tituluak ikasketa-adar berekoak badira, adar horretako oinarrizko irakasgai guztiak aitortuko dira, kontuan hartuta lortutako tituluak ikasketa-adarreko oinarrizko gaitasunak ematen dituela.

III. KAPITULUA
UPV/EHUN KREDITUAK AITORTZEKO PROZEDURAK

15. artikulua.– Izapideak.

Mugikortasuneko kredituen kasuan izan ezik (horiek arautegi espezifikoan xedatutakoaren mende daude), beste ikasketa edo ekintza batzuetan lortutako kredituak aitortzeko izapide hauek egingo dira:

1.– Ikasleek kredituak aitortzeko eskaera eta beharrezko dokumentazioa aurkeztuko dituzte, ikasturtea ofizialki hasten denetik hilabeteko apean, matrikulatuta dauden ikastegiko idazkaritzan.

Gradua amaituko dutenek kultura- eta kirol-ekintzen truke, ikasleak ordezkatzeko lanen truke edo elkartasuneko nahiz lankidetzako jardueren truke kredituak aitortzea eskatu nahi badute, ikastegi bakoitzak horretarako ezarritako epean aurkeztu ahalko dituzte eskaerak.

2.– Eskatutako kreditu-aitorpena ofizialki onetsitako onarpen automatikorako tauletan badago, aitorpena automatikoki aplikatuko da.

3.– Ikastegian aurreko hiru ikasturteetan aurrekaririk egon bada –hau da, eskatutako aitorpena lehenago ere egin izan bada–, ikastegiko Akademia Batzordeak onartuko egingo du eskaera, inolako txostenik egiteko beharrik gabe, eta aitorpen hori aitorpen automatikorako tauletan sartuko du.

4.– Kredituen aitorpena ez badago aurreko ataletan adierazitako kasuen artean, aitorpen-eskaerari dagozkion gaitasun eta edukiekin loturiko irakasgaiak emateaz arduratzen diren sailetara igorriko da eskaera. Ikasleak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, sailek txosten bat prestatuko dute, egindako kredituen bidez eskuratutako gaitasun eta edukiek aitortu nahi diren kredituen baitako gaitasun eta edukiekin zer-nolako baliokidetza daukaten zehazteko. Txostena Saileko Kontseiluak horretarako ezarritako sistemaren arabera egingo da, hamabost eguneko epean. Txosten horiek aztertu ondoren, ikastegiko Akademia Batzordeak eskaerak ebatziko ditu.

5.– Graduko ikasketetako ikasketa-plan bera UPV/EHUko ikastegi batean baino gehiagotan eskaintzen bada, kredituen aitorpena automatikoa izango da, eta ofizioz aplikatuko da.

16. artikulua.– Baldintzak eta aitorpen-eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Kredituen aitorpena eskatzeko, nahitaezkoa da dagokion ikastegian eta ikasketa-planean matrikulaturik egotea; beraz, ikasleak ikastegi eta ikasketa-plan horretan plaza eduki beharko du, horretarako ezarritako prozeduraren arabera; alabaina, atzerriko unibertsitate-ikasketen aitorpenen kasuan, ez da beharrezkoa izango aurretik matrikulaturik egotea eskaera egin ahal izateko.

Aitorpen-eskaerarekin batera, interesdunak aitortu nahi dituen ikasketak edo jarduerak egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko ditu, zehazki, honako hauek:

1.– Unibertsitateko ikasketa ofizialetarako:

a) Estatuan egindako unibertsitateko ikasketetarako:

– Ikaslearen ziurtagiri akademikoa (gainditutako irakasgaiak eta lortutako kalifikazioak adierazita), egindako ikasketak egiaztatzen dituena.

– Aitortu nahi den irakasgai bakoitzaren irakaskuntza-plana edo irakaskuntza-programa. Bertan, bereziki adierazi beharko dira eskuratutako gaitasunak, landutako edukiak, gauzatutako jarduerak eta ECTS kredituen balioa. Hori egiaztatzeko, kasuan kasuko programak aurkeztuko dira. Programa horiek ikaslearen jatorrizko ikastegiaren zigilua izan beharko dute.

b) Atzerrian egindako unibertsitateko ikasketa partzialetarako, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira, behar bezala legeztatuta eta zinpeko itzultzaile batek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetara itzulita:

– Baliozkotu nahi diren ikasketen maila eta ezaugarriak egiaztatzeko ziurtagiri ofiziala; bertan, gainditutako irakasgaiak eta lortutako puntuazioak ere jasoko dira.

– Ikasketa-plana edo egindako irakasgaien taula. Horri buruzko ziurtagiria dagokion ikastegiak egingo du, eta bertan idatziko da baliozkotu nahi den titulazioa lortzeko zer irakasgai eskatzen diren.

– Aitortu nahi den irakasgai bakoitzaren irakaskuntza-plana edo irakaskuntza-programa. Bertan, bereziki adierazi beharko dira eskuratutako gaitasunak, landutako edukiak, gauzatutako jarduerak eta ECTS kredituen balioa. Dagokion ikastegiak behar bezala legeztatu beharko du aipatutako guztia jasotzen duen agiri hori.

2.– 5. artikuluko b) atalean adierazitako goi hezkuntzako espainiar titulu ofizialak lortzeko ikasketetarako, aitortu nahi diren ikasketen ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da. Horretarako, aginte eskudunek emandako goi hezkuntzako titulu ofiziala aurkeztu beharko da, edo horren ordezko ziurtagiria.

3.– Titulu ez-ofizialak eskuratzeko aukera eskaintzen duten unibertsitate-ikasketetan egindako kredituetarako, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

– Ikaslearen ziurtagiri akademikoa (gainditutako irakasgaiak eta lortutako kalifikazioak adierazita), egindako ikasketak egiaztatzen dituena.

– Aitortu nahi den irakasgai bakoitzaren irakaskuntza-plana edo irakaskuntza-programa. Bertan, bereziki adierazi beharko dira eskuratutako gaitasunak, landutako edukiak, gauzatutako jarduerak eta ECTS kredituen balioa. Hori egiaztatzeko, kasuan kasuko programak aurkeztuko dira. Programa horiek ikaslearen jatorrizko ikastegiaren zigilua izan beharko dute.

4.– Lan-esperientziarako eta esperientzia profesionalerako, hura egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da, eskatzaileari dagokion UPV/EHUko ikastegiak horretarako ezarritakoaren arabera.

5.– Curriculumari ez dagozkion kanpo-praktiketarako, ikasleak egindako praktiken ebaluazio-txostena aurkeztu beharko da, UPV/EHUko Kanpo Praktiken Araudian ezarritakoaren arabera.

6.– Kultura– eta kirol-ekintzetarako, ikasleak ordezkatzeko lanetarako eta elkartasuneko zein lankidetzako jardueretarako, egiaztagiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Ikasleak ordezkatzeko lanen truke kredituak aitortzeko, gauzatutako jarduera justifikatzeko memoria. Taldeetako ordezkariek euren ikastegian aurkeztu beharko dute memoria, kredituak eskuratzeko (ikastegi bakoitzak diseinatuko du bere eredua).

– Kirol-ekintzen truke kredituak aitortzeko, interesdunek UPV/EHUko Kirol Zerbitzuaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Kirol Zerbitzuak dokumentu honen II. eranskinean zehaztutako baliokidetasunak izango ditu kontuan.

– Prestakuntzarako kultura-jarduerak aitortzeko, jarduera antolatu duen erakundearen ziurtagiri bat. Bertan, argi eta garbi adierazi beharko dira jarduera bera eta, gutxienez, haren iraupena eta epea.

17. artikulua.– Ebazpena.

Erabakiak hartzeko eta jakinarazteko, gehienez hiru hilabete izango dira, ikasleak bere ikastegiko idazkaritzan aitorpen-eskaera aurkeztu eta hurrengo egunetik hasita.

Aitorpen-eskaera ebatzi duen Akademia Batzordearen erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da errektorearen aurrean, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean.

Gehienezko epea igaro ostean ez bada berariazko jakinarazpenik egin, eskatzaileak administrazio-isiltasun bidez ukatutzat joko du.

Aldekoak ez diren txosten eta erabakiek, aitorpen-eskaerari uko egiten diotenek, arrazoituak izan beharko dute.

Kredituak aitortzeko eskaerari buruzko erabakiak honako alderdi hauek jasoko ditu, gutxienez:

1.– Aitortuko diren kredituen kopurua, kreditu horiek zer irakasgaitakoak diren adierazita.

2.– Aitortuko zaizkion ikasketa-planeko irakasgaiak.

3.– Eskaerari uko egiten bazaio, aitortuko ez diren kredituen kopurua, kreditu horiek zer irakasgaitakoak diren adierazita; halaber, uko egiteko arrazoi esplizituak azalduko dira.

4.– Artikulu honetan adierazitakoaren arabera errekurtsoa jartzeko aukeraren jakinarazpena.

18. artikulua.– Aitortutako kredituak ikaslearen espedientean idatziz jasotzea.

1.– Ikasleak aitorpenaren bidez gainditzen dituen kredituak onartutakotzat jo, eta hala jasoko dira bere espedientean; hala, idatziz jasoko dira ikasketak gainditzeagatik egindakotzat jotako ikasketa-planeko irakasgaiak eta onartutako kredituei dagozkien irakasgaiak. Hitzez hitz idatziz jasoko da jatorriko espedienteko irakasgaien tipologia, kredituen kopurua eta lortutako kalifikazioa, eta ikasketak zer unibertsitatetan egin diren adieraziko da. Inskripzio hori Tituluaren Europako Gehigarrian jasoko da.

2.– Aitortutako kredituak idatziz jaso aurretik, ikasleek dagokien tasa ordaindu dutela egiaztatu beharko dute.

3.– Mugikortasun-programen barruko ikasketen aitorpenen kasuan, ikasleei dagozkien kredituak onartuko zaizkie, eta haien espedientean idatziz jasoko dira unibertsitate hartzailean egin dituzten irakasgaiak, lehenengo atalean adierazitako moduan.

IV. KAPITULUA
KREDITUAK TRANSFERITZEA

19. artikulua.– Definizioa.

Kredituak transferitzea ikasleak UPV/EHUn edo beste unibertsitate batean lehendik egindako ikasketa ofizialetan lortutako kredituak, titulu ofizial bat lortzea ekarri ez dutenak, ikaslearen espedientean sartzea da.

20. artikulua.– Eragina.

Ikasleak egindako ikasketen agiri akademiko ofizialetan jasoko dira UPV/EHUn edo beste unibertsitate batean ikasleak lehendik egindako ikasketa ofizialetan lortutako kredituak, titulu ofizial bat lortzea ekarri ez dutenak.

21. artikulua.– Helburua.

UPV/EHUko edo beste unibertsitate bateko ikasketen lekualdatze-kasuetan egingo da, edo ikasleak bukatzeke utzitako unibertsitate-ikasketa egiaztatuez bestelako ikasketei ekiten dien kasuetan.

22. artikulua.– Izapideak.

Kreditu-transferentzia ofizioz egingo da, ikasleak ikasketa-lekualdatzeagatiko matrikula egiten duenean; haren espedientean jasoko dira UPV/EHUn edo beste unibertsitate batean lehendik egindako ikasketa ofizialetan lortutako kreditu guztiak, titulu ofizial bat lortzea ekarri ez dutenak.

Transferituriko kredituak ikaslearen espedientean idatziz jasoko dira 16. artikuluko lehenengo paragrafoan ezarritako moduan.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Graduko planak desagertzea.

Graduko tituluek UPV/EHUren ikasketa-eskaintzaren barruan egoten jarraituko dute, tituluaren ezarpena eskatzean adierazitako baldintzak eta konpromisoak betetzen diren bitartean, tituluak onarpen ofiziala izaten jarraitzen duen bitartean eta gizartearen zein ikasleen aldetik benetako eskaera dagoen bitartean.

Titulu bat desagerrarazteko, Ikastegiko Batzarrak, Akademia Antolakuntzako eta Doktoregoko Batzordeak, Gobernu Kontseiluak eta Gizarte Kontseiluak eskaera hori justifikatzeko memoria bat prestatu eta izapidetu beharko dute.

Oro har, ikasketa-plana apurka-apurka desagertuko da, mailaz maila. Desagertutako maila bakoitzaren irakasgaietarako ez da irakaskuntzarik izango, baina ikasleek azterketa egiteko lau deialdi izango dituzte hurrengo bi ikasturteetan. Ikasleek goian aipatutako deialdiak azterketa gainditu gabe agortu badituzte, ikasketekin jarraitu nahi dutenek ikasketa-plan berrian sartu beharko dute, dagokien egokitzapenaren edo kasuan kasuko aitorpenaren ondotik.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– 1393/2007 EDren aurreko titulazioak baliozkotzea.

Graduko ikasketak baino lehenagoko planak indarrean dauden bitartean, haiek baliozkotzeko prozesuek ere indarrean jarraituko dute, aplika dakiekeen arautegiak xedatutako moduan.

Era berean, ikasketa horiei dagokien araudia aplikatuko zaie aukera askeko kredituak aitortzeko; halakorik izan ezean, aukera askeko kredituei buruz indarrean egon zen azken araudia aplikatuko zaie.

Bigarrena.– 1393/2007 EDren aurreko ikasketa-planak egokitzea.

Graduko ikasketen aurreko planak indarrean dauden bitartean, aurretik araututako ikasketak egiten ari diren ikasleek, ikasketa horiek desagertu aurretik eta matrikula egiterakoan, ikasten ari diren titulazioa ordeztuko duen graduko titulura aldatzea eska dezakete, egokitzapen automatikorako prozedurari helduz. Egungo UPV/EHUko tituluak ordeztuko dituzten graduko ikasketa-plan berrien proposamenetan ageriko da jasota egokitzapen-prozesu hori, 1393/2007 EDren I. eranskineko 10. atalean ezarritakoarekin bat.

Oro har, 1393/2007 EDren aurreko ikasketa-planak apurka-apurka desagertuko dira, mailaz maila. Maila bakoitza desagertuta, hurrengo bi ikasturteetan azterketetarako lau deialdi egingo dira. Ikasleek goian aipatutako deialdiak azterketa gainditu gabe agortu badituzte, ikasketekin jarraitu nahi dutenek ikasketa-plan berrian sartu beharko dute, dagokien egokitzapenaren edo kasuan kasuko aitorpenaren ondotik.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi honek baliorik gabe uzten ditu bere kontra doazen maila bereko edo beheragoko arau guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

I. ERANSKINA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA

Kirol-ekintzak

Kirol-ekintzen bidez aukera askeko kredituak amortizatu ahal izango dira, UPV/EHUko Kirol Zerbitzuaren eskaintzan aukera hori zehaztuta dagoen kasuetan. Eskaintza urriaren 1ean argitaratuko da urtero, eta ikasturte bereko otsailean argitaratuko denarekin osatuko da.

Kirol ikastaroak

a) Kirol Zerbitzuak antolatu dituen edo zerbitzu horren aldeko txostena jaso duten ikastaroetan parte hartzen duten ikasleek hiru kreditu amortizatu ahal izango dituzte, gehienez, ikasturte bakoitzean. Kreditu bat emango zaie 25 orduko praktikagatik.

Kirol-ikastarotzat hartuko dira kirol baten teknikei buruzko ezagutza teoriko eta praktikoak irakasteko programatzen direnak.

Ikastaro hauek gehienez ere astean bi ordukoak izango dira, bi egunetan banatuak.

Eskariak. Kredituak eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa da izena ematerakoan kredituak eskatzeko orria betetzea, bestela ikasleak ezin izango baitu bukaeran jaso k) atalean aipatutako ziurtagiria. Inprimakiok UPV/EHUko Kirol Zerbitzuan jaso eta aurkeztu beharko dira.

Naturan egindako jarduerak

b) Ingurumenaren zaintzarekin eta ezagutzarekin zerikusia duten jardueretan eta hari lotutako kiroletan parte hartzeagatik, ikasleek bi kreditu lortu ahal izango dituzte, gehienera, ikasturte bakoitzean. Jardueretan emandako 25 orduko kreditu bat emango zaio.

Eskariak. Kredituak eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa da izena ematerakoan kredituak eskatzeko orria betetzea, bestela ikasleak ezin izango baitu bukaeran jaso k) atalean aipatutako ziurtagiria. Inprimakiok UPV/EHUko Kirol Zerbitzuan jaso eta aurkeztu beharko dira.

Lehiaketak

c) Campusetako txapelketetan parte hartzen duten ikasleek ikasturte bakoitzean kreditu bat lortuko dute 10 jardunaldi edo gehiagotako txapelketetan parte hartzeagatik.

d) Unibertsitate arteko estatuko txapelketetako finaletan parte hartzeagatik, kreditu bat lortuko da. Gainera, urrezko, zilarrezko edo brontzezko domina eskuratuz gero, ikasleek beste bi kreditu lortuko dituzte.

e) Kirol Kontseilu Gorenak edo UPV/EHUk nazioarteko unibertsitate-txapelketetan parte hartzeko aukeratzen dituzten ikasleek hiru kreditu eskuratu ahal izango dituzte.

f) UPV/EHUk antolatu edo gestionatutako taldeetako ikasleek eta unibertsitatearekin lankidetza-hitzarmena izenpetuta duten klubetakoek hurren aipatzen diren kredituak lortu ahal izango dituzte ikasturte bakoitzean liga federatuetan parte hartzeagatik:

Probintzia eta autonomia mailako ligak: kreditu bat; estatuko ligak (tarteko kategoriak): bi kreditu; estatuko 1. eta 2. kategoria gorenak (ez-profesionalak): hiru kreditu.

g) Goi mailako edo errendimendu handiko kirolariek (uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretua) hiru kreditu amortizatu ahal izango dituzte ikasturte bakoitzeko. Era berean, hiru kreditu eskuratu ahal izango dituzte eliteko kirola sustatzen duten Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako fundazioek proposatzen dituzten kirolariek.

h) Aurreko ataletan jasota ez dauden kiroletan jarduteagatik kredituak eskuratzeko, interesdunek ikasturtean egindako kirol-ekintzaren memoria aurkeztu beharko dute, kasuan kasuko federazioaren bermearekin. Gehienez hiru kreditu eskuratu ahal izango dituzte ikasturte bakoitzeko.

Prestakuntza-ikastaroak

i) Ikasleek bi kreditu lortu ahal izango dituzte, gehienera, ikasturte bakoitzean, honako hauek eginda: Kirol Zerbitzuak kirol baten teknikak lantzeko antolatutako ikastaroak eta kirolari buruzko bestelako ikastaro, mintegi edo hitzaldiak, edo Eusko Jaurlaritzan edota Kirol Kontseilu Gorenean erregistratutako kirol federazioekin hitzartutakoak, edo federaziook bermatu edo onetsitakoak. Kreditu bat amortizatuko da prestakuntzako 25 orduko.

Laguntzaileak

j) Kirol Zerbitzuaren jardueretan laguntzen duten ikasleek beren ikasketa-planeko bi kreditu amortizatu ahal izango dituzte, gehienera. Kreditu bat amortizatuko zaie 25 orduko laguntzagatik.

Ziurtagiriak

k) Puntu honen arabera ikasturte bakoitzean egiten diren kirol-jardueretarako, irailaren 30a baino lehen eskatu beharko da ziurtagiria; beraz, ikasleek egun hori baino lehenago joan beharko dute Kirol Zerbitzura eskaera egitera. Kirol Zerbitzuak jarduera horietan parte hartzen duten ikasleen jarraipena egingo du, eta ziurtagiria emango die, burututako jarduera eta horregatik lortutako kredituak adierazita.


Azterketa dokumentala