Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2012ko ekainaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
2804

107/2012 DEKRETUA, ekainaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzekoa eta biktima horiei ordainak ematekoa.

Eusko Legebiltzarrak, osoko bilkuran, Legez besteko 61/2011 Proposamena onartu zuen, 2011ko martxoaren 31n, motibazio politikoko indarkeriatestuinguruan giza eskubideen urraketak eta beste sufrimendu bidegabe batzuk jasan zituzten biktimei buruz. Aipatutako proposamen horretan, biktimok aintzat hartzea eta biktimon sufrimendua arintzeko neurriak eta ekintzak abiarazteko eskatu zion Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari. Biktimei kaltea konpontzeko eta duintasuna bihurtzeko asmo hori Euskal Autonomia Erkidegoaren ezaugarri da, eta maiz gelditu da agerian azken urteotan, gai horri buruzko hainbat maila eta helburutako arauak onartuta.

Dekretu hau onartuta, Eusko Jaurlaritzak aitortzen du bidegabea dela biktima haien sufrimendua, alegia, EAEn 1960 eta 1978 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeriaegoeran eta giza eskubideen urraketen ondorioz jasandakoa, eta beharrezkoa dela, halaber, biktimok erakundeen aldetik jasan duten ahanztura amaitzea. Dekretu honen bidez, halaber, Eusko Jaurlaritzak adierazten du asmo irmoa duela sufrimendu hori arintzen laguntzeko, eta, horretarako, ordainak emateko neurri batzuk ezartzen dituela. Muga bat jartzen du, kasu batzuk ez baitira kontuan hartuko: kaltea jasan zuena momentu horretan indarkerian bazebilen, edo pertsona horren heriotza edo lesioak indarkeriazko ekintza hori saihestera edo horren aurka egitera zuzentzen ziren ekintzek eragin bazituzten.

Ildo horretan, giza eskubideen babesaren alorreko nazioarteko itunek eta akordioek, hala nola Nazio Batuen Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak zein Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenak bide handia egin dute, beste batzuek bezala, joan den mendean pertsonaren funtsezko eskubide batzuen definizioan eta babesean. Eskubideon artean, bizitzeko eta osotasun fisiko eta moralerako eskubidea dago, argi eta garbi. Eskubide horiek izaera ia absolutua dute, eta, egun, pertsonaren babesaren funtsezko edukiaren muintzat hartzen dira; oinarrizko zati komun demokratikoa osatzen dute, berenez, eta gure gizartearen babesesparru eztabaidaezin eta intenporala.

Ildo berean, ezinbestekoa da oinarrizko eskubideei buruzko korpus juridikoa aipatzea; horiek, Konstituzioaren 10.2 artikuluaren bidetik, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren eta Espainiak gai horiez berez berretsi dituen nazioarteko hitzarmenen eta akordioen arabera interpretatu behar dira, eta, beraz, Espainiako herritarren esparru babeslean eragiten dute. Aginte publikoek babestu behar dituzte, gainera, eskubideok, eta, hor, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak moldatutako eskubideon babeseko doktrinagarapena dago barne, eta, zehazki, pertsonen bizitzeko eskubidea eta osotasuna babestera zuzendutako jurisprudentzia.

Eta estatuko legediari dagokionez, 2007ko abenduaren 26an, 52/2007 Legea onartu zuen, zeinaren bidez gerra zibilaren eta diktaduraren garaian jazarpena edo indarkeria jasan zutenen eskubideak aitortzen eta zabaltzen eta haien aldeko neurriak ezartzen baitira. Oroimen Historikoaren Lege modura da ezaguna, eta, 10. artikuluan, aitortzen du kalteordaina jasotzeko eskubidea izango dutela askatasuna eta eskubide demokratikoak defendatzen eta errebindikatzen hil zirenek. Laugarren xedapen gehigarriak, orobat, estatuko gobernuari ahalmena ematen dio, 6 hilabetean, erregedekretu bidez zehazteko gertakari, gorabehera eta baldintza haietan beretan desgaitasunak eragiten dituzten lesioak jasan zituztenen alde eman beharreko aparteko kalteordainen irismena, baldintzak eta prozedura zehazteko. Azken batean, antzeko gorabeheretan lesio larriak jaso zituztenei ere kalte-ordainak emateko aukera da zabaltzen dena.

Alde horretatik, 52/2007 Legeak eta lege horren erregelamenduak beste kalte-ordain edo ordain ekonomiko batzuk ere habilitatzen ditu, gizarte-babeseko sistema publikoetakoren baten kontura. Eta ulertu behar da, ondorio horietarako, autonomia-erkidegoek edo toki-erakundeek 1803/2008 Errege Dekretu horretako 12. eta 17. artikuluetan xedaturikoaren arabera ordaintzen dituzten kalte-ordainak ere gizarte-babeseko sistema publiko horien barruan daudela. Beraz, araugintzabloke honen ondorio gisa, autonomiaerkidego honek eskumena du kalteordainen sistema bat egiteko autonomia-erkidegorako, estatuko sistema osatzearren, eta horixe da dekretu honek egiten duena.

Gure kasuan, Gernikako Estatutuak ere, 9.2.a) artikuluan, ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko herriaginteek herritarren oinarrizko eskubideen eta betebeharren erabilpen egokia zaintzeko eta bermatzeko betebeharra dutela, Konstituzioko 9.2 artikuluan jartzen duen bezalaxe. Eta, era berean, haren 2.d) paragrafoaren arabera, aipatu aginteek gizakien eta giza taldeen askatasuna eta berdintasuna zinezko eta benetako izan daitezen baldintzak eragitera eta oztopoak desagerraraztera bideratutako neurri oro hartuko dute. Agindu horrek pertsonaren eta, azken batean, gure gizartearen babeserako babes eta konpontzeesparru ezbairik gabe intenporal bat gaitzen du beste behin ere.

Horregatik guztiagatik, eta aurreikuspenon zuzeneko aplikazioan, gobernu honek egoki ikusi du Eusko Legebiltzarraren 2011ko martxoaren 31ko Osoko Bilkuraren Legez Besteko 61/2011 Proposamena betetzea, Euskal Autonomia Erkidegoan giza eskubideen urraketen biktima izandako pertsonen eskubideak berrezartzeko dekretu honen bidez. Gertakari haiek zigorgabetasun osoz gertatu ziren, eta asmo politiko garbi batekin; behin eta berriro, 1960 eta 1978 bitartean. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak, bere eskumenen barruan, urrats bat egitea erabaki du, helburu bakar batekin: urraketon biktima izan ziren pertsona zehatzei eragindako kaltea eta sufrimendua arintzea.

Eskumen horiek, Eusko Jaurlaritzak dauzkan eskukmenen barruan, Justizia eta Herri Administrazio Sailari dagozkio, hark sustatu behar baititu giza eskubideak, halaxe baitago ezarrita 4/2009 Dekretuaren 9.f) artikuluan (maiatzaren 8koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortzen, ezabatzen eta aldatzen dituena, eta haien egitekoak eta jardunarloak finkatzen dituena). Eta, sail horren organigramaren barruan, Giza Eskubideen Zuzendaritzari dagozkio, 472/2009 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera (abuztuaren 28koa, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena). Bereziki, 14. artikulu horretako d) lerrokadan datorrena, hau da, 52/2007 Legean jasota datozen aurreikuspenak Euskal Autonomia Erkidegoan betetzea.

Dekretu honek aitortzako eta kalteak konpontzeko diskurtso publikoan egin nahi die leku, bada, giza eskubideen urraketen biktima horiei. Urte askotako isiltasun horregatik, hain zuzen, handitu da biktimen sufrimendua, eta, gainera, konfiantza galdu dute erakunde publikoetan, bai biktimek berek, bai haien senitartekoek, bai gainerako kaltetuek. Horregatik da beharrezkoa eta presazkoa konfiantza hori lehenbailehen lehengoratzea. Dekretu honek berarekin batera dakar, horrenbestez, biktima horien existentziaren aitormen ofiziala.

Arrazoi horiek direla-eta, garbi dago dekretu honek ez duela inolako aitzakiarik, giza eskubideen urraketen biktima horiei funtsezko eskubideak eta betebeharrak aitortu nahi baitizkie, zer diren aitortuz eta ordaina emanez. Eta esan nahi du, era berean, publikoki adierazten dugula badakigula izan badirela eta badakigula zer-nolako bidegabekeriak jasan dituzten. Aitormen publiko hori denok garbi-garbi ikusten ditugun oinarri etiko eta moraletan oinarrituta dago, eta ziur gaude egin dezakegun ekarpenik onenetako bat dela, euskal herritarrok bihar-etzi bake-bakean eta oparo bizi gaitezen, denon irrika denez. Horixe da, halaber, indarkeriari zilegitasun guztia kentzeko jokabiderik onena, inork ez dezan, euskal gizartean, zigorgabetasunezko denboraldietan oinarrituta, indarkeria zuritu.

Hori guztia kontuan hartuta, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak proposatuta, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legearen 11. eta 12. artikuluetan ezartzen diren kontsulta-organoen nahitaezko txostenei eta irizpenei jarraikiz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2012ko ekainaren 12ko saioan, eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Helburua eta irismena.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan 1960ko urtarrilaren 1etik 1978ko abenduaren 28ra bitartean bizi izandako motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan inor biktima deklaratzeko prozedura eta baldintzak zehaztea eta, halaber, giza eskubideak urratu zizkiotela-eta pairatu duten sufrimendu bidegabearengatik ordaina ematea da dekretu honen xedea.

2.– Adierazpen eta ordain-emate honen irismenaren motiboa da biktima horien sufrimenduak eragindako bidegabekeriaren aitormena, Eusko Jaurlaritzaren eskumenen barruan.

2.– artikulua.– Terminoak eta definizioak.

1.– Dekretu honen helburuetarako, denboratarte horretan gertatukoa hartuko da motibazio politikoko indarkeriatzat, baldintza hauek betetzen badira:

Indarkeria funtzionarioek erabili bazuten, pertsonen eskubideak baliatzearen aurka.

Gizartean eragiteko asmoarekin egin bazen.

Zigorgabetasuntestuinguru batean egin bazen, eta horrek gertakariak ikertzea edo biktimak aitortzea nahiz haiei egindako kaltea konpontzea zaildu bazuen.

2.– Dekretu honen helburuetarako, honako hauek ulertzen dira giza eskubideen urraketaren ondoriozko sufrimendu bidegabetzat: pertsonen bizitzaren edo osotasunaren aurkako bortxakeria gogorra eragin duten eta, ondorioz, dena delako pertsona horri heriotza nahiz lesio larri eta iraunkorrak eragin dizkioten ekintza guztiak.

3.– Bizitzaren aurkako indarkeria larria eragin duten sufrimendutzat eta aldi berean giza eskubideen urreketaren ondoriozkotzat joko dira egiaztatu egiten diren sufrimenduak, nahiz eta bere garaian ez ziren horrelakotzat jo, betiere ere gertatutako heriotzak bizitzeko eskubidea urratu badu, izan ere, 1978ko Konstituzioan aitortzen da eskubide hori.

4.– Lesio larri iraunkortzat jotzen dira, berriz, jasan dituenari ondorio hauek eragin dizkiotenak: baliaezintasun handia; ezintasun iraunkorra (maila guztietan), edo baliaezintasunik gabeko lesio iraunkorra. Lesio horiek mailakatzeko, Gizarte Segurantzan indarrean dauden xedapenak erabiliko dira.

5.– Inola ere ez dira kontuan hartuko eragindakoa indarkeriako jarduerak burutzen ari zeneko kasuak, nahiz eta heriotza edo lesioak indarkeriaekintza hori saihestera edo horren aurka egitera zuzentzen ziren ekintzek eragin bazituzten ere.

3. artikulua.– Nori aplikatuko zaion.

1.– Giza eskubideen urraketa jasan duten biktimen deklarazioaren onuradunak izango dira ordaina jasotzeko jarrita dauden baldintzak egiaztatzen dituztenak.

2.– Berebat, baldin eta kaltetua gertakariak igaro eta gero hil egin bazen, honako hauek izan daitezke biktimaaitorpenaren onuradun, baita zuzenean lesioekin lotutako kausengatik hil ez izan arren ere: ezkontidea edo biktimarekin antzeko lotura afektiboa zeukan pertsona; biktimaren senitartekoak, dekretu honetan jasotako ordenaren eta baldintzen arabera.

4. artikulua.– Non aplikatuko den.

Dekretu honetan aurreikusitako neurriak aplikatuko dira gertaerak egungo Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean izan direnean edo, lurralde horretatik kanpo gertatu arren, kaltetua Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean helbideraturik dagoenean.

5. artikulua.– Jarduteko printzipioak.

1.– Printzipio hauek ditu oinarrioinarrian dekretu honek: funtsezko giza eskubideen babesa; biktimei tratamendua eta ordaina ematea; eta, erakundeen aldetik, biktimak aitortzeko, biktimon ohorea berrezartzeko eta haiei ordain morala emateko politika publikoak sustatzea.

2.– Dekretu hau aplikatzeko irizpide orokorra izango da administrazioak lagundu egin beharko duela, eskari-egileek aitormen- eta ordain-prozedurara iritsiko direla bermatzeko, alferreko tramiteekin gauzak zaildu gabe.

3.– Giza eskubideen urraketek eragin dituzten sufrimendu bidegabeak direla-eta, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak egia ezagutzera ematen lagunduko du, eta hartu beharreko neurriak hartuko ditu izapideetan sor daitezkeen oztopoak kentzeko, era horretara, interesdunak beren eskubideez bete-betean baliatzerakoan edo bidezko dituzten interesak errespetatzerakoan, eragozpenik, zailtasunik edo atzerapenik izan ez dadin. Hartu beharreko neurriak hartuko dituzte, beraz, prozedurak izapidetzerakoan okerrik ez izateko eta daudenak kentzeko.

6. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Batzorde bat sortzen da, dekretu honen babesean aurkeztutako eskaerak izapidetzeko eta baloratzeko. Dekretu honetan ezarritakoaren arabera izendatuko dituzte hango kideak, eta haiek legezkotasunaren, independentziaren, konfidentzialtasunaren, elkarlanaren eta eraginkortasunaren printzipioen pean jardungo dute.

2.– Honako hauek izango dira Batzordeko kide:

a) Giza Eskubideen zuzendaria, eta bera izango da, gainera, buru.

b) Gaian adituak diren bi pertsona, Giza Eskubideen Zuzendaritzak izendatuak.

c) Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak izendatutako pertsona bat.

d) Giza Eskubideen Zuzendaritzak izendatutako bi aditu. Legebiltzarreko «Motibazio politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketak eta bestelako sufrimendu bidegabeak jasan dituzten biktimei buruzko» lan-taldeko kideek proposatuko dituzte, edo, bestela, mandatu hori duen Legebiltzarreko organoak.

e) Gizarte zibila ordezkatzen duen pertsona bat, Giza Eskubideen Zuzendaritzak izendatua.

3.– Justizia eta Herri Administrazio Sailak izendatuko du Batzordeko idazkari teknikoa. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko langilea izan beharko du, eta hizpidea izango du baina botorik ez.

4.– Batzorderako izendapenak iraungo die dekretu honen itzalpean aurkezturiko eskabideak tramitatzeko eta baloratzeko behar bezain beste. Batzordeko kideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko goi-karguak edo aldi baterako langileak badira, eta kargua utzi beharra baldin badute edo lana amaitzen bazaie, momentu horretan Batzordeko postua ere utzi egin beharko dute. Batzordeko idazkari teknikoak, berriz, izendatu zuen sailburuak kargua uzten duenean, berak ere idazkaritza utzi egin beharko du, automatikoki.

5.– Batzordeak gutxienez hilean behin egingo du ohiko bilera, eta, lehenengo bileran, urteko bileren egutegia zehaztuko du. Salbuespenez, Batzordearen buruaren ekimenez bil daiteke Batzordea, edo zazpi kideetatik lauk eskatzen dutenean; hartarako deialdia gutxienez bost egun lehenago egin beharko da. Edonola ere, legez osatuta geratzeko, gutxienez, kide guztien erdiak eta lehendakaritzan daudenen eta idazkaritza teknikoan daudenen erdiak egon beharko dute bertan.

6.– Bileran diren kideen botoen gehiengoz hartuko dira Batzordearen akordioak; botoetan berdinketa gertatuz gero, Batzordearen buruaren kalitatezko botoak erabakiko du. Batzordeko kideek eska dezakete aktan jasotzeko botoa akordioaren aurka eman dutela edo aldeko botoa emateko arrazoia. Era berean, kideren bat ez denean ados gehiengoaren akordioarekin, idatziz azal dezake bere boto partikularra, akordioa onartu denetik bi eguneko epearen barruan, eta hura ere testu onartuari erantsiko zaio.

7.– Balorazio Batzordeak bere funtzionamendu-arauak osa ditzake, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 22,2. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

8.– Batzordeak txosten bat idatziko du urtero, eta bere lanaren emaitzak azalduko ditu han.

9.– Sei hiletik sei hilera, Balorazio Batzordeak bere jardunaren berri emango du Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordearen aurrean.

10.– Dekretu hau indarrean jartzen denetik, Balorazio Batzordea gehienez ere hilabeteko epean eratuko da, Batzordearen buruak eskaturik, eta Giza Eskubideen Zuzendaritzari atxikita egongo da organikoki, baina ez da haren egitura hierarkikoaren parte izango, bere independentzia bermatzeko. Giza Eskubideen Zuzendaritzak, berriz, lan egiteko behar dituen baliabide eta langileak jarri beharko dizkio.

11.– Balorazio Batzordeko kideek Euskal Autonomia Erkidegoan ofizial diren bi hizkuntzetatik edozein erabili ahalko dute bileretan. Orobat, bileren deialdietan, gai-zerrendan, aktetan eta Balorazio Batzordeak egiten dituen idazkietan bermatuk oda Euskal Autonomia Erkidegoko bi hzikuntza ofizialak erabiliko direla.

7. artikulua.– Batzordeko burua.

Eginkizun hauek ditu buruak:

a) Batzordearen jarduera zuzentzea, sustatzea eta koordinatzea.

b) Bilkuretako buru izatea, eztabaidak bideratzea eta eztabaida horiek etetea, bidezko arrazoirik badu.

c) Batzordearen ordezkari izatea.

d) Ohiko bilkuretarako eta bilkura berezietarako deia egitea eta gai-zerrenda finkatzea; horretarako kontuan izango ditu gainerako kideek behar besteko denboraz aurkeztutako eskaerak, aurkeztu badituzte.

e) Batzordeak hartzen dituen akordioen aktak eta egiaztagiriak bisatzea, eta Justizia eta Herri Administrazio Sailera helaraztea.

f) Batzordearen buruari dagozkion gainerako funtzioak betetzea.

8. artikulua.– Batzordeko Idazkaritza Teknikoa.

Hauek dira Idazkaritza Teknikoaren eginkizunak:

a) Batzordearen buruak agindu dituen bileren deialdiak egitea, eta kide guztiei deia bidaltzea.

b) Kideek egindako komunikazioak eta, beraz, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo ezagutu beharrekoak dituzten bestelako idazkiak jasotzea.

c) Batzordeak aztertu behar dituen gaien txostena prestatzea, eta Batzordearen bileren aktak idaztea eta baimentzea.

d) Aurkeztutako eskabideak tramitatzeko eta baloratzeko beharrezko agiriak eta frogak eskatzea eta jasotzea.

e) Batzordearen dokumentazioa zaintzea eta batzordearen espedienteak egitea.

f) Emandako aholku, irizpen eta erabakien ziurtagiriak egitea

g) Batzordearen idazkaritzari dagozkion funtzio guztiak betetzea.

9. artikulua.– Prozedura.

1.– Sufrimendu bidegabea jasandako biktima izendatzeko prozedura Giza Eskubideen Zuzendaritzak tramitatuko du, Balorazio Batzordearen aurrean. Izapide hori administrazio-prozedurei buruzko lege-xedapenen arabera egin beharko da (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidegoaren azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritakoaren arabera).

2.– Kaltea jasan duenak eskatuta abiaraziko da prozedura, edo kaltea jasan duena hil egin bada, haren onuradunek eskatuta, eta arau honi erantsita doan eredu ofiziala erabiliz. Gerta liteke eredu berria ateratzea Balorazio Batzordeak. Eskabideak aurkezteaz bat, kasuan kasu bete beharreko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu behar dira, bai eta dekretu honen 11. eta 12. artikuluetan jasotako baldintzak bete direla egiaztatzekoak ere.

3.– Eskabidean, halaber, heriotza edo lesio larri eta iraunkorrak zer-nola gertatu diren azaltzeko deskribapena ere aurkeztu behar da. Deskribapen horretan Dekretu honen aplikazio-eremuan jasotako gertakari horren ezaugarriak azaldu behar dira. Gertakaria edozein proba motaren bidez ziurtatu daiteke, eta, bereziki, sufrimendu bidegabearen biktima izatea frogatzeko baliagarri jotzen den edozein txosten eta agiri aurkeztuz; baina, gutxien-gutxienez, dekretu honetako 11. eta 12. artikuluetan adierazitako dokumentazioa behintzat aurkeztu behar da.

4.– Eskabideak Justizia eta Herri Administrazio Saileko Giza Eskubideen Zuzendaritzari helarazi behar zaizkio, organo horren edozein erregistrotan aurkeztuta, Dekretu honek indarra hartzen duenetik hasi eta 18 hilabeteko epean. Halere, aukera egongo da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak horretarako zehazten dituen erregistro eta bulegoetan aurkezteko eskabideak.

5.– Eskabidea bera eta aurkeztu beharreko dokumentazioa jasotakoan, Balorazio Batzordeak agiriotan adierazitako egintza edo datuak benetakoak direla egiaztatzeko egin beharrekoa egingo du ofizioz. Horretarako, heriotza edo lesioa eragin duten gertakariak argitu aldera eta kausazko lotura zehazten lagundu aldera, gerta liteke bestelako aurrekariak, datuak edo txostenak biltzea, Eusko Jaurlaritzaren mendeko sail eta organismoetatik edota horiek jasota dauzkaten bestelako erregistroetatik.

6.– Edonola ere, beharrezkoa iruditzen bazaio, Batzordeak aukeran izango du honakoren bat egitea:

a) Eskatzaileari entzun, eta hark aurkeztu dituen agirien eta frogen gainean informazio gehiago eskatu. Horretarako, eskatzaileari dei egingo zaio, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren batean, edo bere lurralde-ordezkaritzaren edo bulegoren batean, hizketan egiteko, bere bizilekutik hurbilen dagoen egoitza zein den kontuan hartuta. Batzordeko idazkariak elkarrizketa horren akta egingo du, eta, eskatzailea ados bada, ikus-entzunezko bitartekoez ere graba daiteke bere adierazpena.

b) Espedienteak izapidetzeko beharrezkoak izan daitezkeen aurrekariak, datuak edo txostenak eskatu beste herri-administrazio batzuei eta erakunde edo organo pribatuei nahiz publikoei, betiere, datu pertsonalen babeserako indarreko legeriak finkatzen dituen mugen barruan.

c) Lekukoen edo, beren ezagutza zuzenagatik edo gaian duten esperientziagatik, aurkeztutako eskaera argitzeko informazio garrantzitsua eskain dezaketen testiguen testigantzak edo txostenak eskatu; kasu horretan ere, testigantzok grabatu egingo dira hizlaria ados egonez gero.

d) Gertakari horiek hobeki argitzeko eta aurkeztutako eskaera hobeki ebazteko beharrezko jotzen dituen urrats guztiak egin.

e) Batzordeak, lesioen nolakotasuna aztertzeko, beste administrazio eskudun batzuek egindako minusbaliotasun-aitorpena ere aplika dezake, irizpide orientagarri gisa erabiltzeko.

7.– Beharrezkoa denean eskatzaileek instrukzio-egintzetan parte hartzea, interesdunei ahalik eta erosoen gertatzeko moduan bideratu beharko da parte-hartze hori, baita eskatzaileen laneko edo lanbideko eginbeharrak, erantzukizun pertsonalak edo familiarrak ahalik eta gutxien oztopatzeko moduan ere. Interesdunek, hala badagokio, lege-aholkulari baten laguntza izan dezakete, beren interesen defentsarako egoki iruditzen zaienean.

8.– Balorazio Batzordeari dagokio, eta ez beste inori, eskabidea aztertzea eta sufrimendu bidegabe izendatzeko proposamena erabakitzea, ondo arrazoituta eta askatasunez. Eskubideak aitortzeko eskabideak izapidetik kanpo uztea ere erabaki ahalko du, irudituz gero nabarmena dela eskabideak ez duela fundamenturik.

9.– Horretarako, eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa eta frogak aztertuko ditu, eta osotasunean balioetsiko. Aurkeztutako eskabide bakoitzeko, ondo arrazoitutako txosten bana prestatutako du Batzordeak, aurkeztutako dokumentazioa eta frogak aztertu ondoren. Biktimari giza eskubideak urratu zizkion gertakariaren laburpena ere jaso beharko du txostenean. Batzordearen iritziz eskatzaileak diruzko konpentsazioa jaso behar badu, konpentsazio-proposamena ere txosten horretan bertan azalduko du.

10.– Txostena Justizia eta Herri Administrazio sailburuari jakinarazten zaionean, sailburuak eskatzailea biktima izendatzeko edo ez izendatzeko ebazpena eman beharko du, eta ebazpenean bertan adieraziko zaio eskatzaileari konpentsazioa jasotzeko eskubidea izango duen ala, alderantziz, eskabidea ezetsi egin zaion.

11.– Ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean jakinarazi behar zaio interesdunari, eskabideari dena delako erregistroan sarrera eman zitzaion egunetik aurrera kontatuta.

12.– Epe horretan ebazpenik izan ezean, eskabideak administrazioaren isilbidez ezetsitzat jo direla pentsatu beharko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

10. artikulua.– Konpentsazio ekonomikoak.

1.– Dekretu honetan aurreikusitakoen arabera giza eskubideen urraketen biktima direla aitortu zaienak konpentsazioa jasotzeko eskubidea izango dute jasandako kalteengatik, artikulu honetan ezartzen diren arauen arabera.

2.– Justizia eta Herri Administrazio Sailaren biktima-aitorpen ofizialak ordaina jasotzeko eskubidearen aitorpena dakar berekin. Behin bakarrik emango dira dekretu honen babespean onartutako konpentsazioak.

3.– Inolaz ere ez dira onartuko kontzeptu desberdinak metatzen dituzten eskabideak, eta dekretu honetan espresuki aurreikusitako kasuetako batekin lotu beharko du espresuki eskatzaileak bere egoera. Biktima-aitormena eskatzeko eskaeran bertan adieraziko da eskatzen den konpentsazioa, dekretu honen eranskinean jasotako ereduan aurreikusten den bezala.

4.– Aitortutako konpentsazioen ordainketa diru-emate bakarrean egingo da, konpentsazioa aitortu ondoren. Heriotzagatik onartutako konpentsazioen kasuan, onuradunetatik edozeini ordaindu ondoren, administrazioa libre geratuko da konpentsazioa jasotzeko eskubidea daukan beste edozeinekiko obligazioetatik; aparte doaz onuradunek beren artean abiarazi nahi dituzten egintzak.

5.– Eskubideen urraketek eragindako kalteen heinekoa da ordainaren zenbatekoa, honako baremo hauen arabera:

a) Heriotzagatik: 135.000 euro.

b) Baliaezintasun handiagatik: 390.000 euro.

c) Ezintasun iraunkor absolutuagatik: 95.000 euro.

d) Ezintasun iraunkor osoagatik: 45.000 euro.

e) Ezintasun iraunkor partzialagatik: 35.000 euro.

f) Balioezintasunik gabeko lesio iraunkorrengatik, apirilaren 18ko TAS/1040/2005 Aginduan ezarritako kopuruen arabera.

6.– Oro har, dekretu honetan ezarritako konpentsazioak ez dira bateragarriak biktimek gertakari berengatik jaso dituzten edo jaso ditzaketen beste laguntza batzuekin. Halere, gertakari berarengatik dagoeneko jaso bada hemen aurreikusitako ordain ekonomikoa baino txikiagoren bat, biktimak badu jasotako kopuruaren (behar bezala eguneratua) eta hemen aurreikusitakoaren arteko aldea jasotzeko eskubidea.

11. artikulua. Heriotzagatiko konpentsazioa.

1.– Baldin eta norbaiten giza eskubideak urratzeak haren heriotza izan badu ondorio zuzena, honako hauek izan daitezke biktima-aitorpenaren onuradun, hurrenkera baztertzailean:

a) Hildakoaren ezkontidea edo hildakoarekin antzeko afektibotasun-harreman batean bizi zela egiaztatzen duen pertsona. Baldin eta hildakoa jarraian bizi izan bazen lehenik ezkontidearekin eta ondoren, antzeko afektibotasun-harreman bat egiaztatzen duen pertsona batekin, kalte-ordaina proportzionalki banatuko da beren artean, kausatzailearekin bizi izan diren denboraren proportzio zuzenean.

b) Seme-alabak: kalte-ordaina osorik jasoko dute, zenduak ezkontiderik ez bazuen edo berekin inor bizi ez bazuen. Ezkontiderik edo bizikiderik eduki baldin bazuen, orduan seme-alaben eta ezkontide edo bizikideen artean banatuko litzateke, erdibana.

c) Baldin eta ez bada ez ezkontiderik, ez antzeko afektibotasun-harremaneko bizikidetza egiaztatzen duenik, ez seme-alabarik, gurasoek jasoko dute kalte-ordaina.

d) Baldin eta ez bada gurasorik ere, hildakoaren neba-arreben artean banatuko da kalte-ordaina zati berdinetan.

e) Baldin eta ez bada neba-arrebarik, baina bai bilobak, haien artean banatuko da kalte-ordaina zati berdinetan.

2.– Eskabidea egiteko, 9. artikuluan adierazitakoa bete beharko dute eskatzaileek, eta biktimaren heriotza-egiaztagiria aurkeztu, bai eta honako beste agiri hauek ere, bien arteko loturaren arabera:

a) Legez banandu gabeko ezkontidea edo banantzeko edo ezkontza ezereztatzeko prozesuan ez dagoen ezkontidea bada, familia-liburuaren kopia edo ezkontzaren inskripzio-ziurtagiri literala, biktima hil ondoren Erregistro Zibilak emana; eta interesdunaren adierazpena, zeinean azaltzen duen ez dagoela banatzeko edo ezkontza ezerezteko prozesurik abian.

b) Eskatzailea hildakoarekin bizi zena baldin bada, udaletxeak ematen duen elkarbizitza-agiria edo heriotza gertatu aurreko bi urteetan elkarrekin bizi zirela egiaztatzeko notarioak emandako akta aurkeztu beharko du; edo, bien umerik bada, familia-liburuaren kopia edo jaiotza-agiri literalak, Erregistro Zibilak emanak. Halaber, ezkontzakoaren pareko afektibotasun-harremana egiaztatu beharrez, izatezko bikotearen agiri publikoa edo bestelako agiria aurkeztu beharko du, eta gero Balorazio Batzordeak aztertuko du onartzeko modukoa den ala ez.

c) Hildakoaren seme-alabak baldin badira, familia-liburuaren kopia edo jaiotza-agiri literalak aurkeztu beharko dira, Erregistro Zibilak emanak.

d) Eskatzaileak gurasoak, bilobak edo anai-arrebak baldin badira, kalte-ordainaren eragilearekin ahaidetasuna zutela erakusteko agiriak aurkeztu beharko dituzte: familia-liburuaren kopia, edo jaiotzako edo ezkontzako ziurtagiri literalak, Erregistro Zibilak emanak.

e) Onuradunen arteko lehentasuna zehazteko edo eskubide bera daukaten onuradunak zehazteko, honen aurreko d) hizkian sartzen direnek beren eskabidean adierazi beharko dute ez daukatela kalte-ordaina jasotzeko eskubide handiagoa daukan inoren berririk, eta eskubide berdina izan dezaketen hartzaileen berri baldin badute, haien izen-abizenak eman beharko dituzte.

12. artikulua.– Lesio larri eta iraunkorrengatiko konpentsazioa.

1.– Interesdunek 9. artikuluan xedatutakoaren arabera taxutu behar dute eskabidea, minusbaliotasun handia edo ezintasun iraunkorra ziurtatzen duten ebazpenak ere aurkeztuz edo, bestela, ezintasunik eragiten ez duten minusbaliotasunen maila edo lesio iraunkorrak egiaztatzen dituzten agiriak.

2.– Dekretu honetako 10.5 artikuluko b), c), d), e) eta f) paragrafoen kasuan, baldin eta kaltetua gertakaria izan eta gerora hil bazen, aurreko artikuluan deskribatutako pertsonak izango dira biktima-aitorpenaren onuradun. Halakoetan, aurreko paragrafoan zehaztutako dokumentuez gain, biktimaren heriotza-agiria ere aurkeztu beharko da, bai eta Dekretu honetako 11.2 artikuluan adierazitako agiriak ere, hildakoarekin zeukan ahaidetasunaren arabera.

3.– Azkeneko kasu horretan, dagokion lesio larri eta iraunkorrerako aurreikusitako zenbatekoaren % 65 ordainduko zaio onuradunari, dekretu honen 10.5 artikuluko a) paragrafoan heriotzetarako aurreikusitako kalte-ordainaren gehienezko mugarekin.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Giza Eskubideen Zuzendaritzari beti utzi beharko dio berak aurkeztutako datu eta agiriak egiaztatzen, eta eskatzen zaion informazioa eman beharko dio, espedientea behar bezala kontrolatzeko eta osatzeko.

2.– Helburu berdinerako beste edozein herri-administraziok laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eman baldin badio, horren berri eman beharko du.

3.– Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztapenen mende eta Ekonomi Kontroleko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren mende jarri beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren laguntzei dagokienez, eta, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere jarri beharko du.

14. artikulua.– Baldintzak eta betekizunak ez betetzea.

Onuradunak ez baditu betetzen Dekretu honetan jarritako baldintzak, edo datu faltsuak aurkezten baditu, konpentsazioa galduko du. Horren aurretik, konpentsazioa galarazteko abiarazteko espedientea izapidetuko da, interesdunari hitz egiteko aukera emango zaio, eta jasotako dirua Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzularaziko zaio; gainera, dagozkion interes legalak ezarriko zaizkio, kasu horretan egoki diren beste egintzak baztertu gabe. Hori guztia abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak xedatzen dutenaren arabera.

15. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dekretu honetan jasotako laguntzak finantzatzeko, ekitaldi bakoitzerako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako jarritako ordainketa-kredituak erabiliko dira.

2.– Hori horrela izanik ere, kopurua gaurkotu ahalko da, laguntza hauen sekzioko bestelako laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe geratu diren beste aurrekontu-erabilgarritasunaren arabera, zeinak onar daitezkeen aurrekontu-aldaketen araubidearen bidez edo aplikatzekoak diren kreditu-loturen bidez ezartzen baitira.

Urte batean horretarako jarritako aurrekontu-zuzkidura bukatu dela-eta, eskabideren bati ondo erantzun ezina sortuko balitz, eskumena daukan organoak administrazio-ebazpena emango luke, eskabidea hurrengo ekitaldirako pasatzeko.

4.– Deialdi honetarako jarritako dirua agortuko balitz edo gehituko balitz, bi kasuetan, behar bezala zabalduko da horren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu hau garatzeko eta betetzeko behar adina arau emateko baimena ematen zaio Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari.

DISPOSICIÓN FINAL

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko ekainaren 12an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala