Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2012ko ekainaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
2803

AGINDUA, 2012ko ekainaren 6koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena; honen bidez, ikasturte hasierako esleipen-prozesua arautzeko da, behin betiko destinorik ez duten edo betetzen ez duten karrerako irakasle funtzionarioei edo lan legepeko irakasle finkoei dagokienez.

Ikasturte-hasierako esleipena urtero burutzen diren planifikazio eta langileen prozesua batzuen azken urratsa da, eta eskola-elkarte osoari eragiten dio.

Hain zuzen, planifikazioa ikasleak matrikulatzen direnean hasten da. Haien datuekin eta antolaketa-irizpideak aplikatuta, hezkuntza-zerbitzu egokia emateko behar diren lanpostuak zehazten dira. Bestetik, langile-zerrendek gorabeherak izaten dituzte, sisteman altak eta bajak izaten direlako, eta destino-aldaketak edo aldi baterako hutsegiteak daudelako.

Lanpostu gehienek horiek betetzen dituzten behin betiko titular bat dute. Beste batzuek, berriz, ez dute titularrik edo, baldin badute, hutsik egongo dira ikasturtean zehar, pertsona horrek ez duelako beteko. Esleipenean, azken lanpostu horiek eskaintzen dira.

Prozesua honetan behin betiko destinorik ez duten edo, baldin badute, beteko ez duten irakasle-kidegoetako karrerako funtzionarioek hartzen dute parte, baita lanpostua kendua izan zaien lan legepeko irakasle finkoek ere. Geroago, irakasleen kidegoetan sartzeko edo hasteko prozesuetako praktikaldia egin behar duten pertsonek eta irakasleen ordezkogaien zerrendetako kideek ere hartuko dute parte.

Agindu honekin, ikasturte-hasierako esleipena arautu nahi da, karrerako langile funtzionarioei eta lan legepeko irakasle finkoei dagokienez. Gainerako pertsonen parte-hartzea berariazko araudi baten bidez zehaztuko da.

Esleipena langileen arteko norgehiagoka-prozesu bat da; bertan nork bere aukerak balia ditzake. Bestalde, prozesu horrekin lortu nahi da, batetik, ikastetxeak egonkorrak izatea, eta, bestetik, irakasleak nor bere espezialitatearen arabera banatzea, kalitatezko hezkuntza-sistema lortzeko.

Orokorrean, pertsona bakoitzak prozesuan parte hartzen duen irakasle-kidegoko espezialitate propioetako lanpostuak eskura ditzake. Baina, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako lanpostuei dagokienez, badago salbuespen bat: Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko espezialitateetakoak izan arren, behin betiko destinoa duten maisu-maistrei, edo behin betiko azken destinoa ezaugarri horietako lanpostuetan izan duten edo kendu zaien maisu-maistrei eskainiko zaizkie lehenbizi. Horrela, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren lehen xedapen iragankorreko aurreikuspenak jasotzen dira.

Lanpostuak eskuratzeko, espezialitatea izateak lehentasuna du. Hala ere, zenbait kasutan irakasleen titulazioari dagozkion lanpostuak esleitzea salbuespen gisa gertatzen da.

Hizkuntza-eskakizunari dagokionez, antolakuntza hobetzearren eta dauden baliabideak optimizatzearren, lanpostuak banatzeko, parte-hartzaileek egiaztatu duten hizkuntza-eskakizunaren arabera egitea gomendatzen da. Nolanahi ere, espezialitate jakin batzuen konfigurazioak eta ezaugarriek berezitasun batzuk sartzea eskatzen dute, irizpide hori aplikatzearen ondorioak neurrizkoak izan daitezen.

Prozesuak hainbat fase ditu, kontuan izan behar diren lehentasunen arabera, hau da, parte-hartze taldeetan banatzea eta espezialitatea izatea, zerbitzua ematen duten ikastetxearekiko pertsonek duten harremana edo esleipen-eremuaren arabera definituak.

Parte-hartze eremuei dagokienez, erreferentziako ikastetxean hasten da parte-hartzaileak hautatzen, eta, gero, eremu zabalagoetara igarotzen da apurka-apurka; honela, lanpostua lehenengoan lortzen duenak ez du hurrengoetan parte hartu beharrik.

Beraz, erreferentziako ikastetxean esleitzea prozesuaren atal garrantzitsu bat da, izan ere, klaustro egonkorragoak lortzea eta behin betiko lan-ekipoak eratzea ahalbidetzen du. Horregatik, arauak egonkortasun-baldintzak ezartzen ditu eremu horretan hautatzeari uko egin nahi dietenentzat.

Taldeak antolatzeko, arloa arautzeko erabili izan diren eta talde horien guztien artean aplikatzekoak diren irizpideak sartu dira.

Bestalde, zehaztu behar da agindu honetan ezartzen den prozesuak aldaketa bat ekarriko duela orain arte pertsona interesdunek ezagututakoarekin alderatuz; izan ere, aurreko urteetan, ikasturte hasierako esleipen-prozesuari dagokion atal hau ekitaldi publiko batera deituz egiten zen, eta, hemendik aurrera, bide telematiko eta informatikoen bidez izapidetuko eta ebatziko da.

Hala ere, 2010-2011 ikasturtearen hasieran, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila gisa horretako bitartekoak erabiltzen hasi zen talde jakin batean lanpostuak esleitzeko.

2011-2012 ikasturtean, jarduteko era hori hautapen-prozesuetan hautatutako pertsonei eta hautagaien zerrendan daudenei zabaldu zitzaien, hezkuntzako maila guztietan. Gainera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko ekainaren 22ko Aginduak, karrerako irakasle funtzionarioei edo lan legepeko irakasle finkoei buruzkoak, aurreikusten zuen prozesuaren atal hori izapidetzeko, horrelako bitartekoak ezartzea apurka-apurka.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ohartarazten du pertsona interesdunen kultura-aldaketa ekarriko duela honek guztiak, baina, aurreko ikasturteetako esperientziari jarraikiz, sistema batetik besterakoa era ordenatuan egingo da, eta ez du tresna berria ezagutzetik eratorritakoa bestelako zailtasunik izango. Horrela, eta aurretik jardun duen bezala, esleipenaren ezaugarriak zabaltzeko eta sortzen diren arazoak konpontzeko beraren esku dauden bitartekoak ahalik eta gehien erabiltzeko asmoa adierazten du.

Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren 13. artikuluan xedatutakoari jarraituz eman da. Akordioa uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuaren bidez onartu zen, eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren (apirilaren 12ko 7/2007 Legea) 37. artikuluan aurreikusitako negoziazioaren ondorio da. Artikulu horrek honela dio: «Ikasturte-hasierako esleipena, hezkuntza-maila guztietan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren agindu bidez arautuko da, aurrez Plangintza Batzorde Teknikoan negoziatuta».

Kontuan hartu dira, gainera, Administrazio Publikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoak (martxoaren 9ko EHAA).

Horren ondorioz, honako hau

XEDATZen DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan ikasturte hasierako esleipen-prozesua arautzea da, karrerako irakasle funtzionarioei eta lan-legepeko irakasle finkoei dagokienez, betiere behin betiko destinorik ez dutenean edo prozesuaren ikasturtean betetzen ez dutenean.

2. artikulua.– Prozesua irekitzea eta egutegia.

Agindu honetan araututako prozesua urtero irekiko da Langileria Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez, eta ekainaren bigarren hamabostaldian jarriko da jendaurrean, bai Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net), bai lurralde-ordezkaritzetako iragarki-oholetan, eta bertan zehaztuko da prozesuaren egutegia.

3. artikulua.– Lanpostuak.

1.– Prozesu honetan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasle-lanpostuak esleituko dira, esleitzeko unean existitzen direnak, betetzeke daudenak edo titularrek edo eskubide onena dutenek beteko ez dituztenak, eta egoera horrek ikasturte osoa iraungo duela aurreikusten bada; bestalde, artikulu honen 6. atalean aipatzen den zerrendan egon beharko dira.

2.– Prozesu honetan barne hartutako lanpostuak zehazteko, dagokion ikasturterako lanpostu-zerrendak onartu gabe badaude prozesua garatzen den egunetan, onartutako azken lanpostu-zerrendak izango dira kontuan, ikasturte berrirako matrikulazioaren, eta taldeak konfiguratzeko eta lanpostu-zerrendak prestatzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urtero onartzen eta argitaratzen dituen irizpideak aplikatzearen ondorioz izan daitezkeen aldaketekin.

Bereziki, hauek izango dira kontuan:

a) Lanpostu bat eratzeko espezialitateak elkartu behar badira, koherentziako eta curriculum-antzekotasuneko irizpideak aplikatu beharko dira.

b) Zenbait ikasgai barne hartzen dituzten lanpostuak ikasgai nagusiaren arabera esleituko dira. Ikasgai nagusia ordu kopuru handiena duena izango da, ikasgaietakoren bat atzerriko hizkuntza bat ez bada behintzat; kasu horretan, horixe izango da ikasgai nagusia.

3.– Lanpostu ibiltariak eta bereziak baldintza horiek ez betetzen dituzten gainerako lanpostuak bezalaxe esleituko dira. Agindu honen 25. eta 26. artikuluetan aipatzen diren eskaera generikoetan zein nahitaezko eskaerak sortzean izango dira kontuan.

4.– Prozesu honetan, lanaldi murriztuko lanpostuak ez dira esleituko.

5.– Zenbait lanpostu ezaugarri bereziko lanpostu gisa kalifikatu ahal izango da berariaz, bere osaeraren edo berau burutzeko berezitasunak kontuan hartuz.

Lanpostu bereziak eskaera zehatz gisa eskatzen direnean baino ez dira kontuan izango, eta, ondorioz, ez dira kontuan izango eskaera generikoak garatzean eta nahitaezko eskaerak sortzean.

Dena den, III. eranskineko espezialitateetan aurreikusi gabeko lanpostuak, edo II. eranskineko d) atalean jaso ez den tipologiako ikastetxeetako lanpostuak esleitu behar badira, ezaugarri bereziak dituzten lanpostutzat joko dira Horien eskaera-kodeak eta ezaugarriak Langileria Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez argitaratuko dira, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian eta lurralde-ordezkaritzetako iragarki-oholetan jarriko dira jendaurrean.

6.– Prozesu honetako lanpostuak lehenago jarriko dira jendaurrean Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian eta lurralde-ordezkaritzetako iragarki-oholetan, bere ezaugarriak jasoko dituen zerrenda baten bidez, ezaugarri bereziko lanpostuaren kalifikazioa barne hartzen duen, hala behar bada.

Argitaratzeko egunak prozesuak deitzen duen Langileria Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez ezarriko eta jakinaraziko dira.

Lanpostuak interesdunei jakinarazteko bestelako modu batzuk ere erabil daitezke.

4. artikulua.– Parte-hartzaileak.

1.– Prozesu honetan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko karrerako irakasle funtzionarioek edo lan-legepeko langile finkoek hartuko dute parte, nahitaez, inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Behin betiko destinorik gabe zerbitzua ematen egotea, edo behin betiko destinoa edozein arrazoirengatik ez betetzea, nahikoa ordu ez egotea barne. Atal honetan sartuko dira, besteak beste, destinoaren zain dauden pertsonak, eta ikastetxe publikoetan irakasle-zerbitzua ematen hasten direnak, dagokion ikasturte-hasieratik hasita.

b) Zerbitzu aktibora itzultzea eskatzea, dagokion ikasturte-hasieratik hasita.

2.– 7.2 artikuluan adierazitako esleipen-talde bakoitza definitzen duen egoeran daudenek dagozkien fase guztietan parte hartu beharko dute. Bestela, hezkuntza-administrazioak ofizioz esleituko die lanpostu bat, dagokien fasean.

3.– Prozesu honetan ez dute parte hartuko espresuki lekualdatutako pertsonek, esleipenaren ikasturterako behin betiko destinoko lanpostuaren espezialitatean eta hizkuntza-eskakizunean nahikoa ordu badago, eta lanpostua bete beharko dute. Hala ere, ez da aurrekoa kontuan hartuko ordu horiek egoeraren araberako premien ondoriozkoak ez badira, hala nola egoeraren batengatik pertsona bat ikasturte baterako ordezkatzea.

4.– Ikasturterako egindako plangintzaren arabera, ikastetxe jakin batean behin betiko destinoa duten langile guztientzat ordurik ez badago, esleipenean zer pertsonak parte hartuko duten zehazteko, lanpostu-zerrendetan aldaketak izateagatik erasandako irakasleak zehazteko prozesua arautzen duten arauak aplikatuko dira.

5. artikulua.– Lanpostuak esleitzeko baldintza orokorrak.

1.– Lanpostu bat eslei diezaioten, parte-hartzaileak baldintza orokor hauek bete beharko ditu:

a) Lanpostuari dagokion irakasle-kidegokoa izatea.

Hala ere, Bigarren Hezkuntzako espezialitateetako lanpostuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan soilik daudenean, maisu-maistren kidegoko pertsonei esleitu ahal izango zaizkie, ezaugarri horiek dituzten behin betiko lanpostuetan destinoa duten edo lanpostu horietan destinoa kendu zaien pertsonak.

b) Lanpostuari dagokion espezialitatearen titular izatea, edo habilitazioa izatea.

Espezialitate bat baino gehiagotatik lor daitezkeen lanpostuak espezialitate horietako edozein dutenei esleituko zaizkie. Honi dagokionez, «Kultura klasikoa», «Curriculum aniztasuna», «Hizkuntza indartzeko irakasleak», Helduen Hezkuntzako komunikazioa, gizarte ezagutza eta ezagutza zientifiko-teknologikoa arloetako lanpostuak, eta zereginak ikasteko gelak, esleipena egiterako unean indarrean den araudiak ezartzen dituen espezialitateetako titularrei esleitu ahal izango zaizkie.

Emango den ikasgaiari dagokion espezialitatea edo habilitazioa dutenei esleituko zaizkie maisu-maistren lanpostu-zerrendetako Helduen Hezkuntzako lanpostuak. Horretarako, HHE Irakaskuntzak Lehen Hezkuntzari dagokiola ulertuko da.

2007tik aurrera deitutako hautaketa-prozesuetako praktikaldia gainditu eta lekualdatze-lehiaketan behin betiko destinorik lortu ez duten pertsonei, oposizioan gainditu zuten espezialitateko lanpostu bat esleituko zaie; beraz, espezialitate askotatik hel daitezkeen postuez edo HHE postuez horretarako xedatutakoa ez zaie aplikatuko.

Oro har xedatutakoaz gain, titulu akademikoak izateak ahalbidetuko du lanpostu bat parte-hartzaile bati izendatzea, esleipen-eremuan bere espezialitateko inongo lanposturik ez dagoenean.

Titulu akademiko eta espezialitateen arteko korrespondentzia Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleak ordezkatzeko izangaiak kudeatzeko araudian orokorrean 1 kidetasunarekin ezarritakoa izango da.

Azkenik, lurralde historikoan ez bada bere espezialitateko edo habilitazioko lanposturik, maisu-maistren kidegoan parte hartzen dutenek espezialitate hauetako lanpostuak hautatuko dituzte: HHE Hasierako Irakaskuntza (HHH), Lehen Hezkuntza (LH).

c) Lanpostuak eskatutako euskarazko hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea.

2.– Ikasgai edo espezialitate bat atzerriko hizkuntzan ematea eskatzen duen lanpostu bat betetzeko, baldintza orokorrak betetzeaz gain, atzerriko hizkuntzan eskolak emateko ezarritako espezialitate edo titulazio-baldintzak egiaztatu beharko dira.

3.– Atzerriko bi hizkuntza ematea eskatzen duen lanpostu bat betetzeko, baldintza orokorrak betetzeaz gain, gutxienez hizkuntzen erreferentziako esparru komun europarraren B2 maila gainditu izana egiaztatu beharko da, ordu kopuru txikiena duen hizkuntzari dagokionez.

6. artikulua.– Hizkuntza-eskakizunari buruzko berariazko xedapenak

2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatu duten pertsonek 2. hizkuntza-eskakizuneko eta derrigorrezkotasun-data beteko lanpostuak eskuratuko dituzte. Hala ere, 1. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuetara sartu ahal izango da kasu hauetan:

a) Erreferentziako ikastetxean, horrelako lanposturik ez badago, b), c) eta d) taldeetako pertsonak.

b) Lurralde historikoan ezaugarri horietako lanposturik ez badago.

c) Lanbide heziketako espezialitateetan 2. hizkuntza-eskakizuna amaitua duten oso lanpostu gutxi badago lurralde historikoan, 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatua dutenekin alderatuz, horiek espezialitate horretako 1. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuetara sartu ahal izango dira Langileria Kudeatzeko zuzendaria ezarriko du gisa horretako desoreka zein espezialitatetan gertatzen den, baita aukera egin dezaketen pertsona kopurua ere; horretarako aintzat hartuko da aipatu espezialitateko eta lurralde horretan dauden 1. hizkuntza-eskakizuneko lanpostu-kopuruaren eta 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatu gabe duten karrerako funtzionarioen kopuruaren arteko aldea. Gai horiek zehazteko ebazpena Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian eta lurralde-ordezkaritzetako iragarki-oholetan argitaratuz jakinaraziko da.

II. KAPITULUA
ESLEIPEN-PROZESUAREN GARAPENA
1. ATALA
XEDAPEN OROKORRAK

7. artikulua.– Prozesuaren egitura eta esleipen taldeak.

1.– Ikasturte-hasierako esleipen-prozesua fase-segida ordenatu bat da; faseok esleipen-taldeen eta garatzen diren esparruaren arabera definituak dira.

2.– Parte-hartzaileak esleipen-talde hauetan bilduko dira:

a) Haien lanpostua eraldatzeagatik behin betiko destinoa hizkuntza-eskakizuna betea duten lanpostuetan izan eta egiaztatu ez duten pertsonak.

b) Esleipen-prozesua burutzen den ikasturterako nahikoa ordu ez duen behin betiko destinoko lanpostua duten pertsonak.

c) Lanpostu-zerrendetan aldaketek erasandako pertsonak zehazteko prozesuetan espresuki lekualdatutzat jo diren pertsonak.

d) Lanpostu-zerrendetan aldaketek erasandako pertsonak zehazteko prozesuetan behin betiko destinoa espresuki kendu zaien pertsonak.

e) Epaia betetzeagatik behin betiko destinoa galdu duten pertsonak.

f) Lanpostu huts bat betetzeko zerbitzu-eginkizun bat eman zaien pertsonak.

g) Destinoaren zain dauden, edo behin-behineko destinoa duten beste pertsona batzuk.

2. ATALA
ESLEIPEN-EREMUAK

8. artikulua.– Esleipena ebaztea.

1.– Lanpostuak esparru hauetan esleituko dira, parte-hartzaileek talde bakoitzean duten parte-hartzearen arabera:

a) erreferentziako ikastetxea, talde guztientzat, arrazoiren bat tarteko erreferentziako ikastetxerik ez duten horientzat izan ezik.

b) herria, g) taldeko pertsonentzat, kanpoko lanpostuetan atxikita egoteagatik behin betiko destinoa galdu dutenak eta euskal hezkuntza-administrazioko kudeaketa-esparrura itzultzen diren edo itzuli diren.

c) eskola-barrutia, a), b), c) eta d) taldeentzat.

d) lurralde historikoa, talde guztientzat.

2.– Esparruren batean lanpostua eskuratu duten pertsonek ez dute hurrengo esparruan edo esparruetan parte hartuko, eta, beraz, parte hartu ez duten esparruei dagokienez egin ahal izan diren eskabideak ez dira kontuan hartuko. Aitzitik, esparru batean lanpostua lortzen ez dutenek gainontzeko esparruetan parte hartzen jarraituko dute, egin dituzten eskabideen arabera.

9. artikulua.– Erreferentziako ikastetxea.

Parte-hartzaile bakoitzaren erreferentziako ikastetxea prozesuari dagokion aurreko ikasturteko otsailaren lehen lanegunetik ekainaren azken lanegunera zerbitzua eman zuen ikastetxea da, salbuespen hauekin:

1.– a), b), c) eta d) taldeak:

Talde horietako pertsonek, aurreko ikasturtean euren behin betiko destinoko ikastetxeaz besteko batean zerbitzua eskaini zutenek edo kenduaren izaera lortu zutenek, eskatu ahal izango dute erreferentziako ikastetxetzat behin betiko destinoko ikastetxea edo izaera hori lortu zutenekoa hartzea, hurrenez hurren.

2.– Ikastetxeak aldatzea:

Aurreko ikasturtean fusionatu diren ikastetxeetan zerbitzua eman duten pertsonek fusioaren ondoriozko ikastetxe berrian izango dute erreferentzia.

Ikastetxeak zatitu egin badira, ondoriozko ikastetxe guztietan gordeko dute erreferentzia.

3.– Behin betiko lanposturik gabe eta egoera berezietan dauden pertsonak:

a) Iralen egon diren pertsonek programa horretara joan zireneko ikastetxean izango dute erreferentzia.

b) Adin txikiko seme edo alaba edo ahaideak zaintzeagatiko eszedentziatik lanera itzultzen diren pertsonek egoera horretara joan zireneko ikastetxean izango dute erreferentzia, salbuespen batekin: behin betiko lanpostua izatekotan, lanpostu-erreserbagatik zegokien epea baino luzeagoa ez igarotzea.

c) Zerbitzu berezietatik lanera itzultzen diren pertsonek, edo liberazio sindikala amaitzeagatik ikastetxe publikoetan irakasle-lanpostuetara zerbitzua benetan ematera itzultzen direnek egoera horietara joan zireneko ikastetxean izango dute erreferentzia.

4.– Zerbitzu eginkizunetan daudenak:

Esleipen-prozesuan aipatu ikasturterako zerbitzu eginkizun bat esleitu zaienen erreferentziako ikastetxea, aurreko ikasturtean egoera horretan egon ez badira, zerbitzu-eginkizunetako lanpostua bete dutena izango da, behin betiko destinoa ikastetxe horretan badute soilik.

Aurreko ikasturtean zerbitzu eginkizunean izan direnen erreferentziako ikastetxea zerbitzu-eginkizunetako lanpostua bete dutena izango da, behin betiko destinoa ikastetxe horretan badute edo esleipen-prozesu honetan aipatu ikasturtean zerbitzu eginkizunetan segitzen badute soilik.

10. artikulua.– Herria.

Esparru horretan parte hartzen duen pertsona bakoitzaren herria behin betiko azken destinoa izan zuen ikastetxea dagoenekoa izango da.

11. artikulua.– Eskola-barrutia.

Esparru horretan parte hartzen duen pertsona bakoitzaren eskola-barrutia erreferentziako ikastetxea dagoenekoa izango da.

12. artikulua.– Lurralde historikoa.

1.– Esparru horretan parte hartzen duen pertsona bakoitzaren lurralde historikoa erreferentziako ikastetxea dagoenekoa izango da.

2.– Erreferentziako ikastetxerik ez badute, lurralde historikoa honela zehaztuko da:

a) Prozesuan ikastetxe publikoetan irakaskuntzako lanpostuetan zerbitzua ematera itzultzen diren pertso ek esparru horretan zerbitzua emateari utzi ziotenean zeuden lurralde historikoan hartuko dute n parte.

b) Itzultzen diren pertsonek itzultzea emateko ebazpenean ageri den lurralde historikoan hartuko dute parte.

c) Zerbitzu eginkizuna lortzen dutenek edo egoera horri amaiera eman diotenek aurreko ikasturtean zerbitzua bete duten lurralde historikoan parte hartuko dute.

13. artikulua.– Esleipenaren esparruko uko egiteak.

1.– Erreferentziako ikastetxean hautatzeari uko egin ahal izango diete gutxienez azken bi ikasturteak haien igaro dituztenek.

Herrian edo barrutian hautatzeari uko egin ahal izango diete esparru horietan parte hartzeko eskubidea dutenek.

2.– Esleipen-esparru bati uko egiten dionak bere taldeari dagokion hurrengo esparruan parte hartuko du.

14. artikulua.– Lurralde historikoa aldatzeko eskaera.

Edozein parte-hartzailek eska dezake lanpostuak haien erreferentziako ikastetxearena ez den lurralde historikoaren esparru geografikoan hautatzea.

Horretarako, aurreko artikuluen arabera dagozkion esleipen-esparruetan parte hartzeari uko egin beharko dio, erreferentziako ikastetxea barne, eta horretarako eskatutako baldintzak bete beharko ditu.

Langileria Kudeatzeko zuzendariak zehaztuko eta jakinaraziko du eskaera hori egiteko epea eta era, eta eskaerok ebazteko, kontuan izango da espezialitateko lanposturik badagoen, eta joan nahi duen lurraldean zenbat pertsona dauden.

3. atala
ESLEIPEN-FASEAK

15. artikulua.– Maisu-maistren kidegorako esleipen-faseak.

Maisu-maistren kidegorako esleipena segidako fase ordenatu hauen bidez egingo da:

1.– a) taldea, behin betiko destinoa duten ikastetxean.

2.– b) taldea, behin betiko destinoa duten ikastetxean.

3.– d) taldea, behin betiko azken destinoa izan zuten ikastetxean.

4.– a), b) eta d) taldeak, elkarrekin, erreferentziako ikastetxean, behin betiko destinoa ez den beste bat bada.

5.– e) taldea, erreferentziako ikastetxean.

6.– a), b) eta d) taldeak, denak batera, erreferentziako ikastetxearen barrutian.

7.– a), b), d) eta e) taldeak, denak batera, erreferentziako ikastetxea dagoen lurralde historikoan.

8.– f) taldea, erreferentziako ikastetxean.

9.– g) taldea, erreferentziako ikastetxean.

10.– f) taldea, erreferentziako ikastetxea dagoen lurralde historikoan.

11.– Kanpoko lanpostuetako atxikipenetatik behin-behineko destinoarekin datozen pertsonak behin betiko azken destinoa izan zuten herrian.

12.– g) taldea, erreferentziako ikastetxea dagoen lurralde historikoan.

16. artikulua.– Gainerako kidegoetarako esleipen-faseak.

Gainerako kidegoetarako esleipena ondorengo fase-zerrenda ordenatu eta jarraia izango da:

1.– a) taldea, behin betiko destinoa duten ikastetxean, duten espezialitateko lanpostuetarako.

2.– b) taldea, behin betiko destinoa duten ikastetxean, duten espezialitateko lanpostuetarako.

3.– c) taldea, behin betiko destinoa duten ikastetxean, duten espezialitateko lanpostuetarako.

4.– a) taldea, behin betiko destinoa duten ikastetxean, titulazio akademikoari dagozkion lanpostuetarako.

5.– b) taldea, behin betiko destinoa duten ikastetxean, titulazio akademikoari dagozkion lanpostuetarako.

6.– c) taldea, behin betiko destinoa duten ikastetxean, titulazio akademikoari dagozkion lanpostuetarako.

7.– a), b), c) eta d) taldeak, denak batera, erreferentziako ikastetxean, baldin eta behin betiko destinoa duten edo izan zuten ikastetxea ez bada, duten espezialitateko lanpostuetarako.

8.– a), b), c) eta d) taldeak, denak batera, erreferentziako ikastetxean, baldin eta behin betiko destinoa duten edo izan zuten ikastetxea ez bada, titulazio akademikoari dagozkion lanpostuetarako.

9.– e) taldea, erreferentziako ikastetxean, duten espezialitateko lanpostuetarako.

10.– e) taldea, erreferentziako ikastetxean, titulazio akademikoari dagozkien lanpostuetarako.

11.– a), b), c) eta d) taldeak, denak batera, erreferentziako ikastetxea dagoen barrutian, duten espezialitateko lanpostuetarako.

12.– a), b), c) eta d) taldeak, denak batera, erreferentziako ikastetxea dagoen barrutian, titulazio akademikoari dagozkion lanpostuetarako.

13.– a), b), c) eta d) taldeak, denak batera, erreferentziako ikastetxea dagoen lurralde historikoan, duten espezialitateko lanpostuetarako.

14.– a), b), c) eta d) taldeak, denak batera, erreferentziako ikastetxea dagoen lurralde historikoan, titulazio akademikoari dagozkion lanpostuetarako.

15.– f) taldea, erreferentziako ikastetxean, duten espezialitateko lanpostuetarako.

16.– f) taldea, erreferentziako ikastetxean, titulazio akademikoari dagozkien lanpostuetarako.

17.– g) taldea, erreferentziako ikastetxean, duten espezialitateko lanpostuetarako.

18.– g) taldea, erreferentziako ikastetxean, titulazio akademikoari dagozkien lanpostuetarako.

19.– f) taldea, erreferentziako ikastetxea dagoen lurralde historikoan, duten espezialitateko lanpostuetarako.

20.– f) taldea, erreferentziako ikastetxea dagoen lurralde historikoan, titulazio akademikoari dagozkion lanpostuetarako.

21.– Destinoaren zain dauden eta kanpoko lanpostuetako atxikipenetatik datozen pertsonak hautatzea, duten espezialitateko lanpostuetarako, behin betiko azken destinoa izan zuten herrian.

22.– Destinoaren zain dauden eta kanpoko lanpostuetako atxikipenetatik datozen pertsonak hautatzea, titulazio akademikoari dagozkion lanpostuetarako, behin betiko azken destinoa izan zuten herrian.

23.– g) taldea, erreferentziako ikastetxea dagoen lurralde historikoan, duten espezialitateko lanpostuetarako.

24.– g) taldea, erreferentziako ikastetxea dagoen lurralde historikoan, titulazio akademikoari dagozkion lanpostuetarako.

4. ATALA
LEHENTASUNA TALDE BAKOITZAREN BARRUAN

17. artikulua.– Maisu-maistren kidegoan, talde bakoitzaren barruan ordenatzea.

1.– Parte-hartzaileak erreferentziako ikastetxean etengabeko antzinatasun handiena lehenetsita ordenatuko dira talde bakoitzaren barruan, salbuespen hauekin: behin betiko destinoa erreferentziako ikastetxean izatea, edo bertan kentzea behin betiko azken destinoa. Kasu horietan, ikastetxe horretan behin betiko izendapenez etengabeko antzinatasun handiena lehenetsita ordenatuko dira, eta kenduaren izaeran betetako zerbitzu-denbora gehituko zaio horri, egoera horretan dauden pertsonen kasuan.

Berdinketa badago, maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzu-denbora luzeena izango da kontuan.

2.– Gainerako esparruetan, parte-hartzaileak maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzu-denbora luzeena lehenetsita ordenatuko dira talde bakoitzaren barruan.

Berdinketa badago, maisu-maistren kidegoko irakaskuntza-postuetan emandako zerbitzu-denbora luzeena izango da kontuan, eta berdinketak jarraituz gero, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-postu publikoetan emandako zerbitzu-denbora luzeena.

3.– Ikastoletako edo ikastetxe publifikatuetako pertsonek parte hartzen badute, haiei buruzko berezitasun hauek hartuko dira kontuan:

a) Antzinatasuna ikastetxean, behin betiko izendapenez: apirilaren 16ko 81/1996 Dekretuaren 39. artikuluan xedatua aplikatuko da.

b) Maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzu-denbora: Ikastola, ikastetxe publiko edo publifikatuetan lan-kontratu mugagabearekin eman duten zerbitzu-denbora zenbatuko zaie.

c) Azken irizpide hori aplikatzean berdinketa badago, pertsona erasanak maisu-maistren kidegoko irakaskuntza-postuetan, ikastetxe publiko edo publifikatuetan, emandako zerbitzu-denbora luzeenaren arabera ordenatuko dira.

18. artikulua.– Gainerako kidegoetan, talde bakoitzaren barruan ordenatzea.

1.– Erreferentzia-esparruan, parte-hartzaileak irizpide hauen arabera ordenatuko dira talde bakoitzaren barruan:

a) Katedradunen kidegoetako pertsonek, antzinako katedradun numerarioen, edo irakasle numerarioen eta irakaskuntza bateratuetako psikologoen kidegoetarako berariazko lekualdatze-lehiaketetan lortutako lanpostuan oraindik behin betiko destinoa badute, lehentasuna izango dute aukera hori duten gainerako pertsonekiko. Bat baino gehiago badaude, b) eta c) hizkietan adierazitako irizpideak aplikatuko dira.

b) Gainerako langileentzat, erreferentziako ikastetxean parte hartzen duen kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako etengabeko zerbitzu-denbora gehi parte hartzen duen kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzu-denbora izango da eskubiderik hoberena.

c) Berdinketa badago, erreferentziako ikastetxean parte hartzen duen kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako etengabeko zerbitzu-denbora luzeena izango da kontuan. Berdinketa badago, parte hartzen duen kidegoan dagozkion lanpostuetan, ikastetxe publiko edo publifikatuetan, emandako zerbitzu-denbora luzeena izango da kontuan.

2.– Gainerako esparruetan, parte-hartzaileak parte hartzen duten kidegoko karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzu-denbora luzeena lehenetsita ordenatuko dira talde bakoitzaren barruan.

Berdinketa badago, parte hartzen duten kidegoko irakaskuntza-postuetan emandako zerbitzu-denbora luzeena izango da kontuan, eta berdinketak jarraituz gero, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-postu publikoetan emandako zerbitzu-denbora luzeena.

III. KAPITULUA
NAHITAEZKO ESKABIDEAK ETA ESKARIAK

19. artikulua.– Eskabideak.

1.– Prozesuan, Irakaslegunean dagoen eskabide elektronikoa betez parte hartuko da; http://www.irakasle.net helbidetik sartzen da. Parte-hartzaileak irakasleen posta elektronikoaren erabiltzailea eta pasahitza erabiliz sartuko dira Irakaslegunera (irakasle.net), edo, halakorik ezean, NAN-zenbakia eta gune horretara sartzeko pasahitza erabiliz. Sartzeko pasahitza ahaztuz gero, aipatu helbidean hori berreskuratzeko bidea aurki daiteke.

Aplikazioan lehen aldiz sartzean, eskabideari alta emango zaio, eta parte-hartzaile bakoitzak haren nortasun-datuak eta prozesuan parte hartzeko datuak kontsulta ditzake.

2.– Langileriaren Kudeaketako zuzendariak ezarriko ditu eskabide-epeak deialdiaren ebazpenean. Era berean, prozesuaren fase bakoitzean eskabidea egiteko epeak egun horietan bertan batera irekitzea erabaki dezake.

3.– Eskabideak sartzeko puntuak gaituko dira, berariaz xede horretarako egongo diren ordenagailuen bidez. Ordenagailuak non dauden ebazpen berean ezarriko da.

20. artikulua.– Nahitaezko eskabideak.

Prozesuan nahitaez parte hartu behar duen pertsona batek eskabiderik aurkezten ez badu, ofizioz sortuko zaio nahitaezko eskabide bat.

21. artikulua.– Lanpostuak eskatzeko erak.

1.– Eskabidean, interesdunak parte hartu ahal duen esleipen-esparru bakoitzeko atal bat dago.

Erreferentziako ikastetxeari dagokion atalak eskabidea egiteko 15 lerro ditu; herriari dagokionak, 30; barrutiari dagokionak, 150, eta lurralde historikoari dagokionak, 300.

I. eranskinean jasotzen da eskabide-lerroaren eredua. Lerro horietako bakoitzean, zein lanpostutarako aukera izan nahi den idatziko da, bi era hauetako bati jarraikiz idatzi ere

a) Eskaera zehatza, argitaratutako zerrendan lanpostuak zer ordena-zenbaki duen adierazten bada. Lanpostu bakarra da.

b) Eskaera generikoa, lanpostuen ezaugarri definitzaileei buruzko eremu bat edo batzuk betetzen badira (lurralde historikoa, barrutia, udalerria, ikastetxea, espezialitatea, hizkuntza-eskakizuna, derrigorrezkotasuna, ibiltaritza, berezia). Eskaera hauen bidez, erabilitako eremuari edo eremuei dagozkien lanpostu guztiak eskatzen dira, eskatzaileak horiek eskuratzeko baldintzak betetzen baditu.

2.– Lerro bakoitzaren hasieran agertzen den eskaera-zenbakiak zehazten du lerro horietako bakoitzak aipatzen duen lanpostuaren edo lanpostuak zer ordenatan hartuko diren kontuan.

22. artikulua.– Uko egiteko aukerak.

Esleipen-esparruei uko egiteko aukerak eskabide elektronikoan berean egin beharko dira, horretarako berariaz ezarritako laukitxoetan.

23. artikulua.– Eskabideak aldatzea eta ixtea.

1.– Eskabidearen alta eman ondoren, irekita egongo da eta edozein unetan aldatu ahal izango da, aurkezteko epea zabalik den artean. Sartutako datuak zirriborro-formatuan inprima daitezke.

2.– Eskabidea pertsonak berak hala nahita itxiko da, eskabidearen epearen barruan, edo automatikoki, epea amaitutakoan. Horrela, ordura arte grabatu dena hartuko da kontuan.

3.– Eskabidea itxi ondoren, ezingo da inolako aldaketarik egin, eta parte-hartzaile bakoitzak inprimaki bat eskuratu ahal izango du erregistratutako aukera eta eskaerekin.

24. artikulua.– Baliozkotzeak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, sartutako datuak egiaztatuko ditu sistemak, eta, hala badagokio, parte-hartzaileek lanpostuak lortzeko baldintzaren bat betetzen ez badute, eskaera horiek ez ditu onartuko.

Elementu inkoherenteak dituzten eskaerak, edo deitu ez diren lanpostuei buruzkoak ere ez dira onartuko.

Behin-behineko ebazpena argitaratzen den unetik aurrera, parte hartzeko benetako baldintzak jasotzen dituen inprimaki bat eskuratu ahal izango da, hots, zer eskaera eta aukera onartu diren eta zein baztertu diren. Eskabidea ezingo da aldatu eskaerak baliogabetu izanaren ondorioz.

25. artikulua.– Eskaera generikoak garatzea.

1.– Eskaera generikoak modu informatikoan garatuko dira barne hartzen duten lanpostu multzoan, eta, hortaz, horiek guztiak hartuko ditu eskabideak.

2.– Garapen horrek kontuan izan behar ditu parte-hartzaileak prozesuan parte hartzeko dituen baldintza eta aukera guztiak, zer lanpostu eskura ditzakeen zehazteko. Titulu akademiko bat izate hutsaren ondoriozko espezialitateak ez dira aintzat hartuko.

3.– Irizpide horiek kontuan izanda, lanpostuaren ordena-zenbakia ez den zutabe bati dagokion laukitxoa betetzeak esan nahi du horren eskuinaldeko zutabe guztiek aipatzen dituzten edozein aukera betetzen duten lanpostuak eskatzea, praktikaldirako ezin hauta daitezkeen lanpostuak edo ezaugarri berezietakoak izan ezik. Zutabe bat baino gehiagotako laukitxoak betetzen badira, erabilitako zutabeetan adierazitakoak ez diren aukerak ez dira kontuan izango.

4.– Eskaera generiko batean sartzen diren lanpostuak, honela ordenatuko dira:

a) II. eranskinean ezarritako lurralde historikoa-barrutia-udalerria-ikastetxea ordenaren arabera.

b) ikastetxe bakoitzaren barruan, III. eranskineko espezialitateen ordenaren arabera.

c) espezialitate bakoitzean, 2. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak 1. hizkuntza-eskakizunekoak baino lehen.

d) hizkuntza-eskakizun bakoitzean, derrigorrezkotasun beteak atzeratuak baino lehen.

e) derrigorrezkotasun bakoitzean, ez-ibiltariak ibiltariak baino lehen esleituko dira.

g) azkenik, lanpostu ez-bereziak bereziak baino lehen.

5. Eskaera-lerro bat garatu ondorengo lanpostuak deskribatutako irizpideen arabera ordenatuko dira, eta lanpostu guztiak hurrengo eskaera-lerroari dagokion lanpostuaren edo lanpostuen aurreko ordena-zenbakian jarriko dira.

26. artikulua.– Nahitaezko eskaerak sortzea.

1.– Prozesuan nahitaez parte hartu behar duen pertsona batek 5. artikuluak lanpostua lortzeko aipatzen dituen baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak agortu ez baditu esleipen-esparru bakoitzean, sistema informatikoak gehienezko eskaera-mugaraino osatuko du eskabidea. Titulu akademiko bat izate hutsaren ondoriozko espezialitateak ez dira aintzat hartuko.

2.– Horretarako, eskaera generikoen garapenerako finkatutako irizpide berberak jarraituko dira.

3.– Sorrera honen ondoriozko lanpostuak deskribatutako irizpideen arabera ordenatuko dira, eta lanpostu guztiak hurrengo eskaera-lerroari dagokion lanpostuaren edo lanpostuen aurreko ordena-zenbakian jarriko dira.

27. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Parte-hartzaileen datu pertsonalak agindu honetan araututako prozesua kudeatzeko bakar-bakarrik erabiliko dira, eta, horretarako, datu pertsonalen fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileriaren Kudeaketa zuzendaria da fitxategi honen arduraduna, eta beraren aurrean atzitzeko, aldatzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dira (Donostia 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Parte-hartzaileek onartzen dute izaera pertsonaleko norberaren datuak agindu honetan zehaztutako eran eta helbururako tratatuak izan daitezen, baita Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian, irakaslegunean eta Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako iragarki-oholetan argitaratzea ere, baina prozesua honi dagozkion izapideei dagokienez soilik betiere. Halaber, baimena ematen diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari haren artxiboetan beraiei buruzko bestelako informazioa ere erabiltzeko, baldin eta prozesurako aproposa bada.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak izapidetze osoan zehar zainduko du Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Izaera Pertsonaleko Datuen Fitxategien eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoa.

IV. KAPITULUA
ESLEITZEA, ERAGINAK ETA IZENDAPENAK

28. artikulua.– Esleipena ebaztea.

Prozesua fase guztiak amaitutakoan ebatzi eta erabakiko da, Langileria Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez, eta lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan jarriko dira jendaurrean.

29. artikulua.– Eraginak eta izendapenak.

1.– Ezin izango zaio uko egin esleitutako lanpostua betetzeari.

2.– Behin betiko destinoa duten pertsonak zerbitzu-eginkizunetarako izendatuko dira; gainerakoak, berriz, behin-behineko destinorako, zer egoera duten ikusitakoan.

3.– Esleitutako lanposturako izendapenak ikasturtea hasten den urteko irailaren 1ean izango du eragina, eta hurrengo urteko abuztuaren 31n amaituko da, titularra duten lanpostuetan izan ezik, hura egun hori baino lehenago itzultzen bada; kasu horretan, izendapena lanera itzultzeko bezperan amaituko da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Lan-legepeko irakasle finkoak.

1.– Agindu hau aplikatzeko, irakasle funtzionarioen kidegoak aipatzean, funtzionario-kidegoari esleitutako antzeko funtzioak betetzen dituzten langile finkoak ere sartzen dira, kontrakorik aurreikusten ez bada.

2.– Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan eskolak ematen dituzten lan-legepeko irakasle finkoen kasuan, lanpostu-zerrenda onartu eta argitaratzeagatik behin betiko esleituta zeukan lanpostua kendu bada, pertsona erasanak agindu honetan araututako esleipen-prozesuan parte hartuko du, 7.2 artikuluaren d) letran aipatutako pertsona kenduen taldean.

Agindu honetan araututako prozesuan esleitzen zaion lanpostua behin betiko kokapenekotzat joko da, baldin eta lanpostu-zerrendan argitaratu bada, titularrik ez badu eta pertsona erasanak espezialitatearen eta euskarazko hizkuntza-eskakizunaren baldintzak betetzen baditu.

3.– Beste hezkuntza-maila batzuetan eskolak ematen dituzten lan-legepeko irakasle finkoen kasuan, lanpostu-zerrenda onartu eta argitaratzeagatik behin betiko esleituta zeukan lanpostua kendu bada, pertsona erasana beste ikastetxe batera lekualdatuko da eta beste lanpostu bat esleituko zaio, behin betiko bete dezan.

Lekualdatzea agindu honetan araututako esleipen-prozesuaren aurretik egingo da, eta egoera aztertu ondoren, hutsik dauden lanpostu guztiak kontuan izango dira, pertsona erasanari ahalik eta kalte gutxien eragiteko. Lekualdatzearen xede den lanpostua desagertutzat joko da.

Bigarrena.– Irakaskuntza Ertainetako Institutu Teknikoetako irakasle-kidegoa eta «Jarduerak» espezialitateko langileak.

Irakaskuntza Ertainetako Institutu Teknikoetako irakasle-kidegoaren eta «Jarduerak» espezialitateko langileen kasuan, lanpostu-zerrenda onartu eta argitaratzeagatik behin betiko esleituta zeukan lanpostua kendu bada, pertsona erasana beste ikastetxe batera lekualdatuko da eta beste lanpostu bat esleituko zaio, behin betiko bete dezan.

Lekualdatzea agindu honetan araututako esleipen-prozesuaren aurretik egingo da, eta egoera aztertu ondoren, hutsik dauden lanpostu guztiak kontuan izango dira, lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatuta erabili direnak izan ezik, pertsona erasanari ahalik eta kalte gutxien eragiteko. Lekualdatzearen xede den lanpostua desagertutzat joko da.

Hirugarrena.– Beste lurralde historiko batean esleitzea.

Lanpostu bat ezin bada eskatzen den lurralde historikoan esleitu, jarduera-baldintzak bete arren horrek eragiten dion pertsonari lanpostu bat izendatuko dio hezkuntza administrazioak, Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, inguruabarrak kontuan izanik, pertsona horrentzat ahalik eta kalte gutxien eragiteko gisan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabeturik geratzen da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2011ko ekainaren 22ko Agindua, ikasturte hasierako esleipen-prozesua arautzeko dena, behin betiko destinorik ez duten edo betetzen ez duten karrerako irakasle funtzionarioei edo lan legepeko irakasle finkoei dagokienez.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean berean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 6a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala