Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2012ko ekainaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2783

ERABAKIA, 2012ko maiatzaren 16koa, Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen funtzionamendurako oinarrizko arautegia onartzeko dena.

Estatutuen 148. eta 149. artikuluetan edukitakoari begiratu eta, 2006. urtean hauen funtzionamenduaren oinarrizko arautegia onartu zenetik erakunde hauen funtzionamenduan izandako esperientziatik abiatuta, une egokia da oraingoa arautegi honen aldatzeko eta bertan, arautegi honen aplikazio eremuaren barruan, egitura mota honen aukera berriei tokia egiteko. Azken finean, arautegi hau baliatu nahi da gure unibertsitatean nortasun juridikorik gabe sortzen ari diren egituretarako oso baliabide erabilgarria izan daitekeela pentsatzen baita, nahiz eta, hasiera batean, oso irudi zehatzak arautzen zituen, funtsean unibertsitate katedrak.

Arautegi honetara sartu nahi duten erakundeen aniztasuna ikusita, beharrezko da, halaber, funtzionamendua erraztu eta horretarako malgutasun handia ematea, arautegi honetan sartutako egitura eta erakunde mota guztietan; honetara, beste alde batetik, aurreko arautegiaren babespean sortutakoen antzeko egituretara jotzeko bidea ere eskainiz.

«UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen funtzionamendurako oinarrizko arautegia» 2012ko bileran aurkeztu zitzaion UPV/EHUko Gobernu Kontseiluari, eta ez da jaso inolako zuzenketa proposamenik.

Hori guztia kontuan hartuta, eta idazkari nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak honakoa

ERABAKI DU

Lehenengoa.– Onartzea UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen funtzionamendurako oinarrizko arautegia.

Bigarrena.– Agindua ematea arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Leioa, 2012ko maiatzaren 16a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.

UPV/EHUK SORTU ETA NORTASUN JURIDIKORIK EZ DUTEN EGITURA ETA ERAKUNDEEN FUNTZIONAMENDURAKO OINARRIZKO ARAUTEGIA
ZIOEN AZALPENA

UPV/EHUk hainbat egitura dauka bere baitan, direla campusak, ikastegiak, ikerkuntzarako unibertsitate institutuak eta doktorego eskolak, besteak beste.

Hala eta guztiz ere, ez dira horiek UPV/EHUren egitura eratzen duten bakarrak, aurrekoez batera, eta zerbitzuen eta gainerako administrazio eta zerbitzu atalen aurka joan gabe, 10. artikuluko f letrak ezartzen duenez, beste hauek ere egon daitezke: «Indarrean egongo den legeria eta Estatutuok aplikatuta sortu ahal izango diren bestelako egitura edo erakundeak». Horrenbestez, estatutuen V. tituluko VII kapituluak xedatzen du zein diren nortasun juridiko independentea izan dezaketen «UPV/EHUko edo UPV/EHUri atxikitako gainerako gune, egitura edo erakundeak» (148. artikulua).

Estatutuen 148. eta 149. artikuluetan edukitakoari begiratuk eta, 2006. urtean hauen funtzionamenduaren oinarrizko arautegia onartu zenetik erakunde hauen funtzionamenduan izandako esperientziatik abiatuta, une egokia da oraingoa arautegi honen aldatzeko eta bertan, arautegi honen aplikazio eremuaren barruan, egitura mota honen aukera berriei tokia egiteko. Azken finean, arautegi hau baliatu nahi da gure unibertsitatean nortasun juridikorik gabe sortzen ari diren egituretarako oso baliabide erabilgarria izan daitekeela pentsatzen baita, nahiz eta, hasiera batean, oso irudi zehatzak arautzen zituen, funtsean unibertsitate katedrak.

Arautegi honetara sartu nahi duten erakundeen aniztasuna ikusita, beharrezko da, halaber, funtzionamendua erraztu eta horretarako malgutasun handia ematea, arautegi honetan sartutako egitura eta erakunde mota guztietan; honetara, beste alde batetik, aurreko arautegiaren babespean sortutakoen antzeko egituretara jotzeko bidea ere eskainiz.

I. KAPITULUA
ERAKUNDEA ERATU, ALDATU ETA EZABATZEKO PROZEDURA ETA BERTARA SARTU ETA PARTE HARTZEKO ERAK.

1. artikulua.– Sorrera, aldaketa eta ezabapena.

1.– Estatutuen 148. artikuluak jasotzen duenez, gobernu kontseiluari dagokio nortasun juridikorik gabeko egiturak eta erakundeak sortu, aldatu eta ezabatzea, gaiarekin lotuta dauden ikastegi, sail eta unibertsitateko ikerketa institutuak entzundakoan eta, aurretiaz, honako hauen aldeko txostena jasotakoan:

– Graduko edo gradu ondoko batzordearena, irakaskuntza jarduerak helburu direnean.

– Ikerkuntza, Garapen eta Berrikuntza Batzordearena, jarduera nagusia ikerkuntza denean.

– Irakaskuntza helbururik ez eta jarduera nagusia ikerkuntza eta arte sorkuntza ez denean, izango duten jarduera nagusiaren arloan eskumena duen errektoreordetzak informatu beharko du haiek sortu, aldatu edo ezabatzeaz.

2.– Nortasun juridikorik gabeko egitura mistoak beste erakunde edo pribatuekin batera sortu ahal izateko, eraketarako komenio bat osatu beharko da aldez aurretiko betebehar gisa.

3.– Espedientea arloan eskumena duen errektoreordetzak bultzatuko du, edo, jarduerak errektoreordetza bakarraren eskumen esklusibokoak ez badira, unibertsitate hedakuntza arloa bere gain hartzen duenak, kasuan kasu ukitutako gainontzeko errektoreordetzen txostenak ere bil daitezkeelarik. Txosten hauekin batera, gerentziarena ere jaso beharko da beharrezko giza baliabide eta bitarteko materialei buruz.

4.– Estatutuen 149.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, sorrerarako proposamenaren barruan, kasu guztietan oro, justifikazio oroitidazkia ere agertuko da, unibertsitate institutuei UPV/EHUren estatutuen 145.3 artikuluan eskatzen zaienaren modukoa. Oroitidazki hau idazterakoan, aintzat hartu beharko da hurrengo artikuluan xedaturikoa.

5.– Sortzeko erabakiarekin batera, kasuan kasuko egitura edo erakundearen hasierako oinarrizko funtzionamendua kanpoko diruaz edota UPV/EHUren aurrekontuez finantzatzeko konpromisoa ere aurkeztu beharko da.

6.– Funtzionamenduari dagokionean, egitura arloko ardura duen errektoreordetzari adskribituko zaio, sorrera ekimena izan duen berberari.

7.– Kentzeko edo aldatzeko proposamenarekin batera, hartutako erabakia justifikatzen duen txostena aurkeztu beharko da, arrazoiak emanda eta ukitutako konpromisoak nola bermatuko diren zehaztuta, bai eta, langileak eta ondasunak zeri atxikiko ere.

2. artikulua.– Eraketarako justifikazio oroitidazkiaren edo komenioaren egukia.

1.– Justifikatzeko oroitidazkian honako artikulu honetan xedaturiko edukia jasoko da, sortuko den egituraren berezkotasunetara moldatuz. Ondoko hauek dira jaso beharreko alderdiak:

a) Xedeak, haren premia eta gizartearentzat duen garrantzia.

b) Izen ofiziala eta egoitza.

c) Landuko liratekeen ikerketa lerroak, eta egingo liratekeen irakaslanak eta unibertsitate hedakuntzarako jarduerak.

d) Beharrezkoak diren langileen eta baliabideen balioespen ekonomikoa, horiek non jarriko diren kontuan harturik, eta diru sarreren eta funtzionamendu gastuen kalkulua.

e) Barne funtzionamendurako arautegia.

2.– Eratzeko proposamenaren helburua egitura mistoa denean, arautegi honen 1.2 artikuluak aipatzen den eraketa komenioak hartuko du osorik edo zatika justifikazio oroitidazkiaren tokia, hartan aurreko paragrafoaren letra guztiak edo batzuk hartzen dituen heinean. Honez gainera, komenioak zehaztu beharko ditu:

a) Komenioaren iraupena eta iraungitze erregimena.

b) Erakunde sinatzaileei dagozkien eskumenak, hirugarrenekiko erantzukizunaren inguruan.

c) Aldeen finantza konpromisoak.

d) Komenioaren erakunde sinatzaileen arteko koordinazio sistema, zeinek bere gordetzen dituen kontrol eta egiaztatze ahalmenak zehaztuz.

Irakaskuntzaren arloko jarduerak beteko badira, bermatu egingo da akademia gestioko arautegia eta ikasleen eskubideak bete egingo direla, eta errespetatu egingo direla UPV/EHUk ikuskatzeko daukan ahalmena eta aldezlearen eskumenak.

3.– Kasu guztietan oro, oroitidazkiaren barruan agertutako barne arautegian edo, egitura mistoen kasuetan, komenioan bertan aurreikusi beharko dira sortutako erakundera sartu eta parte hartzeko erak, bere gobernu organoak eta funtzionamendu erregimena. Honela izanik ere, bai barne arautegia bai komenioa lotuko ahal izango zaizkio, osorik edo atalka, honako arautegi honen II. kapituluan antolakuntzari eta funtzionamenduari buruz xedaturiko arautegiari eta hura arau osagarri izanen da barneko arautegiak aurreikusten ez zaionerako.

4.– Idazkaritza nagusiak, ordezkaritzaz, jaso beharreko txostenak jaso ostean, barne arautegiak aldatuko ditu, gobernu kontseiluari egituraren beraren organoek eskatu ez duten arren edo, ukituta dagoela uste duen beste egitura batek espresuki eskatuta. Onarpen horren berri emango zaio gobernu kontseiluari.

3. artikulua.– Egiturara sartu eta parte hartzeko erak.

1.– Barne arautegiak, dela arautegi medio edo dela eratzeko komenioa bera medio, ezarriko du UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeetan nola sartu eta parte hartu.

2.– Nolanahi ere, errektoregoari dagokio, unibertsitate komunitateko kideek UPV/EHUk nortasun juridikorik gabe sortutako egitura eta erakundeetan edozein unetan parte hartzeko baimena ematea. Baimen hori aldian-aldian berritu beharko da, eta, horretarako, hiru urtean behin, kasuan kasuko egituran modu iraunkorrez diharduten unibertsitateko kideen zerrenda gaurkotuko da, arloan eskumena duen UPV/EHUko Zuzendaritza Kontseiluko kideari jakinarazita.

3.– Unibertsitateko kideak ez direnen parte hartze iraunkorra barne arautegiak xedatukoaren arabera arautuko da, eta, edonola ere, urtero gaurkotu beharko da, zuzentzeko eta koordinatzeko arduradunak arloan eskumena duen zuzendaritza taldeko kideari jakinarazita.

II. KAPITULUA
NORTASUN JURIDIKORIK GABEKO ERAKUNDEEN ANTOLAKUNTZA ETA FUNTZIONAMENDU ERREGIMENA

4. artikulua.– Antolakuntza eta funtzionamendu arautegia.

UPV/EHUren estatutuen 148.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, nortasun juridikorik gabeko egitura eta erakundeak estatutuetan xedaturikoetara, zein bere barne erregimeneko arauetara eta indarrean liratekeen gainerako xedapenetara lotuko dira. Arau osagarri moduan, kasuan kasuko barne arautegian edo, honelakoetan, eraketa komenioan aurreikusi ez diren gaietan guztietan aplikatu eta aplikagarri izango da honako kapitulu honetan aurreikusitako antolakuntza eta funtzionamendu arautegia.

5. artikulua.– Gobernu organoak.

1.– UPV/EHUk nortasun juridikorik gabe sortutako erakundeak zuzendaritza edo koordinaziorako pertsona bakarreko organoa eta organo bildua izango ditu, azken honetan, unibertsitate komunitateari dagozkion lankideen parte hartzea beti ere bermatuz.

2.– Pertsona anitzeko organoak proposaturik, UPV/EHUko errektoregoak izendatuko du zuzendaritza edo koordinazioa bere gain hartuko duena.

3.– Organo bilduaren osaera eta funtzionamenduari dagokionean, ikerkuntzarako Unibertsitate Institutuetako Zuzendaritza Kontseiluari dagozkion arauak baliatuko dira, aplikagarri diren heinean.

4.– Kasuan kasuko egitura edo erakundearen gobernu organoek jardueren plana eta oroitidazkia osatu beharko dituzte urteko, hala balegokio, ekonomi txostena bertan dela, arloko eskumena duen errektore taldeko kideari igorriko zaiona, bai eta, beharko balitz, jardunari dagokion campuseko errektoreordetzari ere. Dokumentuon laborazio eta igorpena zuzendaritza edo koordinazioa bere gain hartuko dituenaren eginkizuna izango da.

III. KAPITULUA
BIZITZA AKADEMIKOAN PARTE HARTZEAZ

6. artikulua.– Bizitza akademikoan parte hartzea.

1.– UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeek jorratuko dituzten irakaslanak, ikerkuntza edo unibertsitate hedakuntzako jarduerak sorrera hitzarmenak eta artikulu honek jasotakoaren arabera arautuko dira.

2.– Nortasun juridikorik gabeko egitura eta erakundeak elkarren arteko lankide zein ikastegi, ikerkuntzarako unibertsitate institutu eta doktorego eskolen laguntzaile izango ahal dira arlo akademikoan. Era berean, beste unibertsitate batzuekin edo UPV/EHUrenaz besteko nortasun juridikoa duten erakundeekiko lankidetzarako komeniorik sinatzeko proposamena egingo ahal dute, tokian tokiko campuseko batzarrari igorriko zaiolarik, baldin eta komenioa campusera mugatzen bada. Edozein modutan, tituluren bat, ofizial edo berezko izanik ere, lortzera bideratutako irakaskuntza antolatzeko ardura ikastegi, sail, ikerkuntzarako unibertsitate institutu eta doktorego eskolei dagokie.

3.– Nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeek irakats jarduera espezializatuak jorra ditzakete UPV/EHUko akademi gestiorako arautegi esparruan, baita UPV/EHUren bidez irakats jarduera joriek antolatzeko deialdi orokor irekietan parte hartu ere.

4.– Ikerkuntza helburu harturik, UPV/EHUk nortasun juridikorik gabe sortutako egitura eta erakundeak ikerketa talde gisa hartuko ahal dira, halakorik ezartzen duten deialdien arabera, bai eta prestakuntza bidean dauden ikertzaileak adskribitu eta lortutako emaitzak, ikerkuntzarako errektoreordeak zehaztutakoaren arabera, arauzko bideetatik transferitu ere.

5.– Horretarako ezarritako arautegi esparruan, UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeek unibertsitate hedakuntzarako jarduerak antola ditzakete.

IV. KAPITULUA
EKONOMI ETA GESTIO ERREGIMENA

7. artikulua.– Ekonomi eta gestio erregimena.

1.– UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeek autonomiaz gestionatuko dituzte beren baliabideak, UPV/EHUk aurrekontuak betetzeko duen arautegi esparruan eta aipatu arautegiko diru sarreren eta gastuen aurrekontuak horri buruz xedatutakoarekin bat etorrita.

2.– Irakasleen ekimenak bideratzeko eta ikerketen emaitzak transferitzeko, eta lanak onartzeko eta kontratuak egiteko prozedurari buruzko unibertsitate arautegiarekiko errespetu osoz, nortasun juridikorik gabeko egitura eta erakundeek kontratuak egin ditzakete pertsona, unibertsitate edo erakunde publiko eta pribatuekin lan zientifiko, tekniko edo artistikoak gauzatzeko, bai eta espezializazio ikasketak edo prestakuntzako jarduera espezifikoak burutzeko ere. Kasu horietan, egituraren edo erakundearen kide anitzeko organoak izango du eskumena UPV/EHUren estatutuen 97. artikuluak eta LOUren 83. artikuluak xedatutakoa garatzearren onartutako unibertsitate araudiak eskatzen dituen baimenak emate aldera.

3.– Langileen kontratazioek oro, bai irakasleen bai administrazio eta zerbitzuetako langileen kontratazioek, UPV/EHUn horrelako kontratazioetarako dauden baldintza eta prozedurak bete beharko dituzte. Halaber, gerentziari, campuseko gerenteordetza bide dela, eman beharko zaio, bestalde, irakaslan, ikerketa edo zerbitzu jarduerak antolatzeko autonomoekin egindako kontratuen berri.

4.– UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeak sortzeko komenioek haien ezaugarrietara egokitutako berariazko ekonomi eta gestio arauak ezar ditzakete. Edozein kasutan ere, UPV/EHUko langileentzako lansariak unibertsitatearen nominaren bitartez ordaindu beharko dira, eta, interesdunak ordainsaria jasotzeko, gai honetan aplika litezkeen arautegietan jasotakoa errespetatu beharko da.

5.– UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeak haren begiradapean egongo dira uneoro, eta eskatzen zaien behar adina informazio eman beharko diote.

8. artikulua.– Irudi korporatiboa.

UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen jarduera orotan agertuko da unibertsitatearenak direla, eta haren irudi korporatiboa errespetatuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Unibertsitateko ikerkuntza institutuen oinarrizko arautegiaren hirugarren xedapen gehigarriak xedatutakoa betez, eta ikerkuntza, garapen eta berrikuntza batzordeak egindako aldeko txostena ikusita, arautegi honetan jasotakoa aplika dakieke, baita ere, haien sorrera-proposamena gizarte kontseiluak onartu dien unibertsitateko ikerketa institutuei. Horiek, barne-ondorioetarako, nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundetzat joko dira, eta haien arautegi proiektu bidez arautuko dira aplika dakiokeen orotan. Dena dela, unibertsitateko ikerketa institutua izenaren erabilera Euskal Autonomia Erkidegoak behin betiko onartu ondoren erabili ahal izango da eta ez bestela.

Bigarrena.– Honako arautegi honetan xedaturikoak ez du aldatzen egun eratutako egituren erregimena.

UPV/EHUren Prestakuntza eta Ikerkuntzarako Unitateak (UFI) unibertsitatearen nortasun juridikorik gabeko egiturak dira, salbu eta unibertsitate institutu bakarrak edo BERC bakarrak osatzen badu. Nolanahi ere, PIU-ak «UPV/EHUren prestakuntza eta ikerkuntzarako unitateak sortzeko markoak» arautuko ditu, Gobernu Kontseiluak onetsitakoak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Honako arautegi honek indarrik gabe uzten du UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta entitateen funtzionamendurako oinarrizko arautegia, Gobernu Kontseiluak 2006.eko uztailaren 20an onartua (2006.eko urriaren 10eko EHAA, 194. zenbakia).

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau EHAAn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala