90. zk., 2012ko maiatzaren 9a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (416 KB - 3 orri.)
- EPUB (352 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
2058
AGINDUA, 2012ko martxoaren 30ekoa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena. Agindu honen bidez erabaki da ondoren zehaztuko diren Repelegako langileen etxe multzoei zabaltzea Birgaitze Integratuko Areentzako oro har finkatuta dagoen finantzaketa kualifikatua.
GERTAKARIAK
1.– Portugaleteko Udalak idatzi bat bidali zuen Birgaitze Integratuko Areentzako jarrita dauden diru-laguntzak eskatzeko «Villanueva» eta «El Progreso» Etxebizitza Merkeen Sozietate Kooperatiboetarako eta «Babcock & Wilcox Herria» eremurako. Idazkiarekin batera, hauek bidali zituen: eremuaren mugaketa-planoa, deskribapen eta justifikazio memoria, azterlan urbanistikoa, ekonomia eta finantza azterlana eta jarduketa-programa.
2.– Espedientean jasotzen diren agirietan, hau da, Portugaleteko Udalak aurkeztutako mugaketa planoan, inguruaren begizko ikuskapenean eta udalerriko Plan Orokorrean eremu horren jardute-esparrua mugatzen da, eta hori Agindu honekin batera doan planoan zehazten da.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Etxebizitza, Herrilan eta Garraioetako sailburua da espediente hau ebazteko organo aginpideduna, azaroaren 15eko Eusko Jaurlaritzaren 373/2005 Dekretuaren 10. artikuluan eta abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ohartemandakoaren arabera.
2.– Abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren arabera, Saileko buruak Birgaitze Integratuko Areentzako finkatuta dauden diru-laguntzak eman ahal izango dizkie –horretarako agindua emanda– aipatutako dekretuaren 9.2 artikuluan definitutako eremuei, salbu area horiek kudeatu eta burutzeko Birgaitze Plan Berezia idatzi behar denean.
3.– Kasu honetan bete egiten dira 317/2002 Dekretuaren 9.2 artikuluan finkatutako baldintzak, hau da, degradazio ekonomiko-soziala eta hirigintza-arkitektonikoa. Ondorioz, Area Degradatutzat hartu dira Repelegako langileen etxe multzoak, Lurraldearen Antolamendurako Arduradunak 2000ko azaroaren 9an emandako txostenaren arabera.
XEDATZEN DUT:
Baimentzea, ondare eraikiari dagokionez, abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan ezarritako Birgaitze Integratuko Areentzako diru-laguntzak ematea «Villanueva» eta «El Progreso» Etxebizitza Merkeen Sozietate Kooperatiboetan eta «Babcock & Wilcox Herria» eremuan burutuko diren babespeko birgaitze jarduketei.
Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 30a.
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,
Ignacio maría ARRIOLA LÓPEZ.