84. zk., 2012ko apirilaren 30a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (229 KB - 7 orri.)
- EPUB (201 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
1935
AGINDUA, 2012ko apirilaren 17koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2012ko udan atzerrian ingelesezko, frantsesezko eta alemanezko ikastaroak egin nahi dituzten unibertsitateko eta goi-mailako beste ikasketa batzuetako ikasleentzat laguntzak eskatzeko deialdia egiten duena.
Gaur egun, hezkuntza-sistemen oinarrizko helburuetako bat da beste hizkuntza batzuk ikastea; izan ere, atzerriko hizkuntzak ikastea funtsezkoa da ikasleen osoko prestakuntzarako, eta komunikazioa eta joan-etorri libreak sustatzen ditu gainera. Horren haritik, Bolognako prozesuak bultzatutako aldaketen eremuan, goi-mailako hezkuntzaren Europako esparruaren giltzarri da, hain zuzen ere, unibertsitateko ikasleen mugikortasuna; eta, mugikortasun hori gauzatzeko, hizkuntzaren alorreko aldez aurreko prestakuntza behar da gehienetan.
Hizkuntzak ikasteko prozesu horietan jatorrizko herrialdeetan egin ohi diren egonaldiak ikasketen osagarri garrantzitsu dira, eta ikasitakoa finkatzea helburu duten udako ikastaroak gero eta hedatuago daude. Baina, egonaldi horien kostua ordaintzeko zailtasunak dituzte familia askok. Horregatik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, aukera-berdintasuna bermatzea helburu hartuta, diru-laguntzak deitzea egoki dela iritzi dio. Diru-laguntza orokorren deialdietako bekadun diren unibertsitateko ikasleentzako deialdia da, atzerriko herrialderen batean egonaldi bat eginez hango hizkuntzari buruzko ezaupide handiagoak lortu nahi baldin badituzte.
Deialdi horren edizioak aztertuta, argi eta garbi ikusten da programa horretan parte hartzeko eskabideen kopuruak etengabe gora egin duela. Administrazioaren baliabide ekonomikoak mugatuak direnez, eskaeren gorakadaren ondorioa izan da eskabide asko diru-laguntzarik gabe geratzen direla, laguntzak eskuratzeko beharrezkoa den ordena-zenbakira ez direlako iritsi. Egoera hori neurri batean arintzea eta laguntza gehiago ematea helburu hartuta, oraingo deialdian laguntzaren zenbatekoa aldatzea erabaki da.
Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta diru-laguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan adierazitakoa, eta azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, diru-laguntzei buruzkoa (oinarrizko araudia osatzen dute lege horiek), bai eta abenduaren 23ko 6/2011 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituena,
eBAZTEN dut:
Artikulu bakarra.– 1.– 429 diru-laguntza deitzea, 2012ko udan atzerrian ingelesezko, frantsesezko edota alemanezko ikastaro bat egiteko, hizkuntza horiek ofizialak edo koofizialak diren Europar Batasuneko herrialderen batean. Diru-laguntza horiek dira 2011-2012 ikasturtean unibertsitateko ikasketak edo goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko Eusko Jaurlaritzak egindako deialdian (EHAAren 134. alea, 2011ko uztailaren 14koa) edonolako diru-laguntzak lortu dituzten ikasleentzat, eguneroko garraioari dagokion osagaia izan ezik, eranskinean jasotako oinarrien arabera.
2.– 514.800 euro bideratuko dira helburu horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 2012ko Aurrekontu Orokorretan horretarako finkatutako aurrekontu-kredituaren arabera.
3.– Zenbateko hori handiagotu ahal izango da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren programak gauzatu ostean agortu gabeko aurrekonturik badago, betiere diru-laguntzak emateko prozedura ebatzi baino lehenago. Horren berri emango du Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak, ebazpen baten bitartez.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Unibertsitateetako zuzendariari baimena ematen zaio agindu honetan xedatutakoa betearazteko beharrezko jarraibide zehatzak eman ditzan.
Bigarrena.– Agindu honek administrazio-bidea agortzen duenez, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Sailean, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
Hirugarrena.– Agindu honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko apirilaren 17a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
2012KO UDAN ATZERRIAN INGELESEZKO, FRANTSESEZKO ETA ALEMANEZKO IKASTAROAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA EGITEN DUEN AGINDUAREN ERANSKINA
OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea eta izaera.
1.– Deialdi honen xedea da diru-laguntzak ematea 2012ko udan atzerrian ingelesezko, frantsesezko edota alemanezko ikastaro bat egiteko, hizkuntza horiek ofizialak edo koofizialak diren Europar Batasuneko herrialderen batean. Diru-laguntza horiek dira 2011-2012 ikasturtean unibertsitateko ikasketak edota goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko Eusko Jaurlaritzak egindako deialdian (EHAAren 134. alea, 2011ko uztailaren 14koa) edonolako diru-laguntzak lortu dituzten ikasleentzat, eguneroko garraioari dagokion laguntza izan ezik.
2.– Beka horiek diru-laguntzak dira. Agindu honetan araubide juridikoari buruz xedatzen ez diren alderdietan, lege hau aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua (bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak emandako laguntzen eta diru-laguntzen araubideari eta arau-hausteen eta zigorren erregimenari buruzko xedapenak) eta azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, diru-laguntzei buruzkoa.
2. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Diru-laguntza 1.200 eurokoa izango da. Sortutako edo egiaztatutako gastuen zenbatekoa txikiagoa bada, diferentzia hori murriztuko zaio diru-laguntzari.
3. artikulua.– Betekizuna.
Diru-laguntza horietako bat jasotzeko aukera izateko, edonolako diru-laguntzaren bat lortutako ikasleak izan behar dute, eguneroko garraioa izan ezik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2011ko ekainaren 28ko Aginduan xedatutakoaren arabera. Agindu horren bidez, hain zuzen, 2011-2012 ikasturtean unibertsitateko ikasketak edota goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko beken deialdia egin zuen (EHAAren 134. alea, 2011ko uztailaren 14koa).
4. artikulua.– Hizkuntza-ikastaroaren ezaugarriak.
Laguntza jaso ahal izateko, honako baldintza hauek bete behar ditu atzerrian egin behar den hizkuntza-ikastaroak:
a) Ingelesa, frantsesa edo alemana ikasteko xedea izatea, eta ikasi beharreko hizkuntza hori ofiziala den herrialde batean gauzatzea.
b) Ikastaroa Europar Batasuneko herrialde batean egitea.
c) 2012ko udan egitea. Ikastaroa ezin da hasi 2012ko ekainaren 1a baino lehen, ez eta irailaren 14tik aurrera ere.
d) Hiru aste jarraitukoa izatea gutxienez, eta astean hamabost ikastordu edukitzea gutxienez.
5. artikulua.– Bateragarritasuna beste beka eta laguntza batzuekin.
Laguntza hau bateraezina da erakunde publikoek edo pribatuek helburu berarentzat emandako beste beka edo laguntza batzuekin.
6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Diru-laguntzaren eskatzaileek eskaera-eredua bete beharko dute, webgune honetan dagoena: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net. Eredu horretan jasoko da Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50. artikuluaren 6. atalean aipatzen den ardurapeko adierazpena. Testu Bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuaren bidez onartu zen; eta, diru-laguntzen gaiari dagokionez, abenduaren 23ko 5/2010 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituenak, aldaketak eragin dizkio.
2.– Eskabidea bete ondoren, inprimatu egin beharko da, eta, data eta sinadura jarri ostean, aurkeztu (apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duenean, adierazitako edozein erregistrotan), deialdian eskabideak aurkezteko ezarritako epean. Eskaerak, halaber, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38. artikuluan adierazitako lekuetan aurkeztu ahal izango dira.
3.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
7. artikulua.– Izapidetzea eta hautapen-batzordea.
1.– Eskabideen izapideak egiteaz arduratuko da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Unibertsitate Zuzendaritza.
2.– Hautapen-batzorde bat eratuko da, espedienteak aztertzeko eta ebazpen-proposamenak egiteko. Unibertsitateen Arloko arduraduna izango da batzordeburu, eta bokale izango dira Unibertsitate Zuzendaritzara atxikitako bi teknikari, zuzendariak izendatuak.
3.– Norgehiagoka-prozedura bidez emango dira diru-laguntza horiek. Beraz, beka jasotzeko, ez da nahikoa izango eranskin honen 3. artikuluan jasotako baldintza betetzea. Horrez gainera, ordena-zenbaki jakin bat eskuratu beharko da, eskabidea koka dadin emandako diru-laguntza guztien artean. Eskabide bakoitzaren tokia zehazteko, honako irizpide hauen arabera ordenatuko dira deialdian ezarritako baldintza betetzen duten eskabideak:
a) Familiaren per capita errentaren arabera ordenatuko dira eskabideak, txikienetik handienera. Per capita errenta kalkulatzeko, 2011-2012 ikasturtean eskatzaileari unibertsitate-ikasketak egiteko diru-laguntza emateko kontuan hartutako diru-sarrera zenbakarriak zatituko dira haren familiako kide zenbakarrien kopuruaren artean.
b) Lehentasuna izango dute aurreko urteetan diru-laguntzarik lortu ez dutenek. Beraz, aurrez diru-laguntzarik jaso ez dutenen eskabideen atzetik jarriko dira aurreko deialdietan diru-laguntzak jaso dituztenak, per capita errentaren arabera ordenatuta.
c) Balizko berdinketak ebazteko, lehentasuna emango zaie maila altuagoko ikasturteetakoei, eta, berdinduta jarraitzen badute, zozketa bidez ebatziko da.
4.– Horretarako sortutako hautapen-batzordeak onartu beharko du aurreko irizpideei jarraiki ordenatutako eskabideen zerrenda, eta Unibertsitateetako zuzendariari igorriko dio ebazpen-proposamena, hiru zerrendaz osatuko dena. Lehenengo zerrendan jasoko dira esleipendun izan behar duten eskabideak, haien ordena-zenbakiari jarraiki. Bigarren zerrendan jasoko dira deialdi honetan ezarritako baldintza betetzen ez dutenak. Eta hirugarren zerrendan jasoko dira, deialdi honetako baldintza betetzen badute ere, laguntza jasotzeko eduki beharreko ordena-zenbakira heltzen ez direnak. Hirugarren zerrenda horrekin, eta haren lehentasun-ordenari jarraiki, ordezkoen zerrenda osatuko da, eta zerrenda horretan jasotakoek ordezkatuko dituzte edozein arrazoi dela eta azkenean diru-laguntza jaso ezin duten pertsonak.
5.– Unibertsitateetako zuzendariak onetsitako ebazpen-proposamena Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren webgunean argitaratuko da: www.hezkuntza.ejgv. euskadi.net. Proposamen horretan jasoko dira aurreko atalean zehaztutako hiru zerrendak, eta 15 egun naturaleko epea zabalduko da, eskatzaileek uko egiteko (lehenengo zerrendan egonez gero) edota alegazioak egiteko (bigarren eta hirugarren zerrendetan egonez gero). Epe horretan uko egiten dutenak ez dira hizkuntzetako bekaduntzat hartuko deialdi honen hurrengo edizioetan.
6.– Epe hori amaituta, alegazioak aztertu eta uko egiteak onartu ostean, itxaron-zerrendako eskatzaileei dei egingo zaie, esleipendunek uko eginda hutsik geratu diren diru-laguntzetarako. Emandako diru-laguntza berri horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren webgunearen bidez soilik jakinaraziko dira (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net).
7.– Amaitzeko, Unibertsitateetako zuzendariak prozeduraren ebazpena emango du. Ebazpen horretan eskatzaile esleipendunen behin betiko zerrenda jasoko da, bai eta diru-laguntzarik lortu ez duten eskatzaileen behin betiko zerrenda ere, 3. artikuluan xedatutako betekizuna betetzen ez dutelako edota 7.3 artikuluan zehaztutako baldintza betetzen ez dutelako. Eskatzaile bakoitzari helaraziko zaio erabakia, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren webgunean ere argitaratuko da (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net).
8. artikulua.– Prozedura ebaztea eta errekurtsoak.
1.– Deialdi honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko, sei hilabeteko epea dago, gehienez ere, eskabideak aurkeztutako egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren, interesdunei ez bazaie ebazpenik jakinarazi, beka-eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44.1 artikuluan arautzen dituen eraginetarako.
2.– Prozedura-ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, hilabeteko epean, aurreko atalean aipatutako jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
9. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.
1.– Diru-laguntzak emateko ebazpena jakinarazi ostean, bi ordainketa egingo dira beka horiek emateko. Lehenengo ordainketan diru-laguntzaren % 75 emango da (900 euro) eta hilabeteko epean egingo da ordainketa hori, ebazpena esleipendunei jakinarazitako egunetik zenbatzen hasita. Bigarren ordainketan gainerako % 25 (300 euro) emango da, hizkuntza-ikastaroa egin izana eta ikastaro hori deialdi honetan eskatutako baldintzen araberakoa dela egiaztatu ostean.
2.– Agindu honetako diru-laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik ordainduko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat izapidetzen ari badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, 50.4 artikuluan xedatutakoari jarraiki.
10. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Bekadunen betebeharrak honako hauek dira:
a) Ezarritako xederako erabiltzea diru-laguntza; bekaren xedea da, hain zuzen ere, egonaldi bat gauzatzea deialdian ezarritako baldintzetan, hizkuntzari, tokiari, iraupenari eta epeari erreparatuta. Horretarako, onuradun orok 2012ko urriaren 15a baino lehenago aurkeztu beharko du, 6.2 artikuluan aipatutako erregistroetan, dagokion hizkuntza-ikastaroa egin izanaren egiaztagiria. Irakaskuntza-zentroaren jatorrizko ziurtagiria aurkeztu beharko du, eta ziurtagiri horretan adierazi beharko da zenbat iraun duen ikastaroak, eta zenbat ikastordu izan dituen astean.
b) Diru-laguntza ematea bideratu zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko frogaketa-jardueren mende egotea, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak diru-laguntzen nondik norakoak fiskalizatzean eskatutako informazio guztia ematea.
11. artikulua.– Diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzea eta laguntza hori itzultzea.
1.– Azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, diru-laguntzei buruzkoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, 53. artikuluan xedatutakoa betetzeko, Unibertsitateetako zuzendariak, espedienteko interesdunari entzun ondoren, emandako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela aitortuko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta dagozkien interesak itzuli behar dituela, honako kasu hauetan:
– Diru-laguntza jasotzearren datuak ezkutatu edo faltsutu badira.
– 2011-2012 ikasturtean unibertsitateko ikasketak edo goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko matrikula deuseztatu bada.
– Ez bada behar bezala egiaztatu ikastaroa egin dela, edo deialdi honetan ikastaroari buruz jasotako baldintzak bete ez badira.
– Diru-laguntza horrekin bateragarria ez den laguntzaren bat jaso bada, xede bererako.
2.– Izapidetutako espedientea dela eta, jasotako zenbatekoak itzuli behar badira, eta, hala badagokio, bai eta horren legezko interesak ere, ebazpen bat emango da, itzultze hori egin ahal izateko beharrezko informazioa jasoko duena. Itzuli beharra adierazten duen erabakia jakinarazi eta bi hilabeteko epean itzuli beharko dira zenbatekoak. Kontuan hartuko da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluan jasotakoa. Dekretu horrek arautzen du, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak bermatzeko eta itzultzeko araubide orokorra, eta diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde lankideek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen ditu.
3.– Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Ekonomia eta Ogasun Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidez ekin dezan, indarrean dauden xedapenen arabera.
12. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.
Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, datu pertsonalak babesteari buruzkoak, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legeak, jabetza publikoko datu pertsonalen fitxategiei buruzkoak eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzen duenak, xedatutakoari jarraiki, Unibertsitate Zuzendaritzaren 2. zenbakidun fitxategian, Unibertsitateko Bekak izenekoan, gordeko dira deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak. Fitxategi hori kontuan hartzen du 2010eko urriaren 4ko aginduak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarenak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituenak.
Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Unibertsitate Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara, hain zuzen: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Halaber, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Unibertsitate Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.