Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2012ko apirilaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
1930

48/2012 DEKRETUA, apirilaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta erakunde autonomoetako itzulpen-zerbitzuak zentralizatzeko agindua ematen duena.

Administrazio publikoaren ardura diren interes publikoen, eta, ondorioz, baliabide publikoen kudeaketak eragiten du administrazioak hainbat printzipio bete behar izatea, besteak beste, eraginkortasunarena eta efizientziarena.

Horrela, bada, 1978ko Konstituzioan, aurrekontu-legerian edo funtzio publikoaren legerian zein beste arau ugaritan, administrazio publikoari jarduera eraginkortasunaren parametroen baitan burutzea eskatzen zaio, alegia, jarduera horren emaitza aurrez ezarritako helburua izatea, bai eta efizientziaren baitan ere, helburu hori ahalik eta kostu txikienarekin lor dadin.

Administrazio honen zerbitzu publikoen eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko, Funtzio Publikoko Sailburuordetzak «Kudeaketa optimizatzeko proiektua: hobekuntza-arloak eta jarduera-ildoak» izeneko proiektua sustatu zuen 2010aren amaieran.

Proiektu horren baitan, hainbat gomendio eta jarduera-ildo sortu dira, besteak beste, «zenbait kolektibo kritikotan efizientzia hobetzea», eta, horren barruan, «zeharkako sostengu-zerbitzuen zentralizazioari» buruzko estrategia. Sail edo erakunde autonomo bakoitzean funtzio berak burutzeko hainbat pertsona izendatuta egoteak komenigarri egiten du eraginkortasun eta efizientzia handiagoa eragiten duten beste antolamendu-formula batzuk ezartzea; horrela, zentralizazioak lan-kargen banaketa hobetuko luke, zerbitzuaren efizientzia eta kalitatea areagotuta.

Zentraliza daitezkeen zeharkako zerbitzuen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sail eta erakunde autonomoetako itzulpen-zerbitzuak aipatzen dira; zeharkako funtzio berak hainbat administrazio-unitatetan dauden pertsonek garatzen dituzte, eta lanpostuak unitate bakarrean zentralizatzeak nabarmen hobetuko du zerbitzua bera eta zerbitzua ematen duten pertsonen lan-kargen banaketa.

Era berean, sail eta erakunde autonomoentzako solaskide eta itzulpen-zerbitzuen organo hornitzaile bakarra eratzen denez, itzulpen-zerbitzuen zentralizazioak aukera ematen du zenbait prozedura ezartzeko itzulpen profesionalaren erabilera arautzeko eta idazketa elebiduna eta, oro har, euskararen erabilera sustatzeko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta erakunde autonomoetan, eta euskara zerbitzuko eta lanerako hizkuntza izan dadin, kalitatezko zerbitzua kaltetu gabe.

Bestalde, argi dago itzulpen-zerbitzuen zentralizazioa ahalik eta egokien eta modurik koherenteenean txertatu behar dela administrazio honen euskararen erabileraren normalizaziorako politika orokorrean; izan ere, itzulpenaren helburua, azken batean, euskararen erabilera normalizatzen laguntzea da. Hori dela eta, proiektu hau berariaz aztertu dute orokorrean hizkuntza-politikaren ardura duten organoek eta, bereziki, euskararen erabilera sustatzeko planen ardura duten organoek. Denak azaldu dira zerbitzuen zentralizazioaren alde, dekretu honetan xedatutako eran eginez gero.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea euskaratik eta euskararako lege– eta administrazio-itzulpenen inguruko eskumenak dituen erakunde autonomoa denez, itzulpen-zerbitzuak zentralizatzeko proposamena IVAPeko zuzendariak eta Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak onartu dute.

Proposamenak jasotzen dituen alderdiak aintzat hartuta, eta kontuan izanik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren hainbat saili eta erakunde autonomori eragiten dietela, dekretu mailako arau baten bitartez gauzatu behar da proiektua.

Ondorioz, Euskadiko Aholku-batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak proposaturik, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko apirilaren 3an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskarara itzulpenak egiteko dauden itzulpen-zerbitzuak zentralizatzea.

2. artikulua.– Itzulpen-zerbitzuen zentralizazioa egiteko, erabat integratuko dira Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Itzultzaile Zerbitzu Ofizialean gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sailei eta haren erakunde autonomoei atxikita dauden «Itzultzailea» izeneko (lanpostuaren kodea: 510610) funtzionario-izaeradun lanpostu guztiak, eta organikoki eta funtzionalki IVAPen mendean egongo dira.

3. artikulua.– Dekretu honetan ezarritako zentralizazioaren ondorioz, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen kontratazio-organoari esleituko zaio –erakunde autonomo horren barruan baitago Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen itzulpen-beharrizanei erantzuteko behar diren zerbitzu-kontratuak formalizatzeko eskumen esklusiboa.

4. artikulua.– Lege– eta administrazio-dokumentuak euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskarara itzultzeko orduan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen esparruan, honako era honetara banatuko dira funtzioak:

1.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak modu zentralizatuan emango ditu, berak zuzenean zein hirugarrenen bitartez, sailek eta haiei atxikitako administrazio-organismoek esleituta dituzten eginkizunak eta dagozkien eskumenak betetzeko orduan beharrezko dituzten itzulpen-zerbitzu guztiak.

2.– Sailen eta haiei atxikitako erakunde autonomoen eginkizuna da:

a) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialarekin koordinatzea esleituta dituzten zerbitzuek dauzkaten itzulpen-beharrizan guztiak.

b) Sailek eta haiei atxikitako erakunde autonomoek antzematen dituzten beharrak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialari helaraztea, beharrezkoak diren itzulpenak egin daitezen; hala dagokionean, itzultzera bidalitako testua eta itzulpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzekoak direla adierazi beharko da.

c) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialari laguntza ematea, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala arautzen duen otsailaren 29ko 38/2000 Dekretuaren 4.1 artikuluko e) idatzi-zatian adierazitako bideetakoren bat erabilita ele bietan argitaratu beharreko xedapen orokorrak idatzi behar direnean.

d) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialari igortzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar diren eta euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dauden testuak, bi bertsioak bat datozen egiaztatu eta baliozkotzeko eta, hala badagokio, euskarako bertsioa gaztelaniazkoari dagokionez (eta alderantziz berdin) zehatza eta baliokidea dela ziurtatzeko.

5. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan, euskararen erabilera normalizatzeko politika orokorrarekin bat eta itzulpen profesionala erabiltzeko orduan herri-administrazio honetan aplikatu beharreko irizpideak errespetatuta itzuliko dira administrazio-testuak euskaratik gaztelaniara zein gaztelaniatik euskarara, edo erabiliko da idazketa elebiduna.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Dekretu honen arabera Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Itzultzaile Zerbitzu Ofizialean txertatu beharreko lanpostuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen eta erakunde autonomoen lanpostu-zerrendetan, egin beharreko aldaketak egindakoan txertatuko dira zerbitzu horretan, itzultzaile gisa (lanpostu-kodea: 510610).

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik gehienez ere urtebeteko epean, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Itzultzaile Zerbitzu Ofizialean txertatu diren lanpostu guztiak zerbitzu horretako gainerako lanpostuekin integratuta kokatu beharko dira fisikoki.

Hirugarrena.– Dekretu honen 5. artikuluan xedatutakoaren arabera, itzulpen profesionala erabiltzeko irizpideak aplikatuko dira, eta, ondorioz, lanpostuan bi hizkuntzetan jarduteko berariazko hizkuntza-prestakuntzako beharrak sortuko. Behar horiei erantzuteko, berariazko prestakuntza-jarduerak jartzen joango da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea.

Laugarrena.– Dekretu honetan adierazitako euskaratik gaztelaniarako eta gaztelaniatik euskararako itzulpen-zerbitzuak Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko uztailaren 18ko Aginduaren arabera –Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zerbitzuek betetzen dituzten jardueren prezio publikoak finkatzen ditu– edo indarrean dagoen arauaren arabera jasanaraziko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Dekretu honetan xedatutakoaren arabera Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Itzultzaile Zerbitzu Ofizialean txertatu behar diren lanpostuen titularrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailetan eta erakunde autonomoetan eskuratutako antzinatasuna eta gainerako eskubideak mantenduko dituzte.

Halaber, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Itzultzaile Zerbitzu Ofizialean itzultzaile gisa txertatuko den postu batean titularraren ordez diharduten funtzionarioek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailetan eta erakunde autonomoetan eskuratutako antzinatasuna eta gainerako eskubideak mantenduko dituzte, eta zerbitzu-harreman bera izango dute.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailen eta erakunde autonomoen euskaratik gaztelaniarako eta gaztelaniatik euskararako itzulpen-beharrei erantzuteko esleitutako zerbitzuen administrazio-kontratuek, dekretu hau indarrean sartzean indarrean daudenek, indarrean jarraituko dute amaitu bitarte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

– Indargabeturik geratzen da:

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala arautzen duen otsailaren 29ko 38/2000 Dekretuaren 6. artikulua.

– Indargabeturik geratzen dira, orobat, dekretu honen maila berekoak edo beheragokoak izanik beronek ezarritakoarekin bat ez datozen xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala arautzen duen otsailaren 29ko 38/2000 Dekretuaren aldaketa.

Bat.– Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala arautzen duen otsailaren 29ko 38/2000 Dekretuaren 3. artikuluko b) idatzi-zatia kentzen da.

Bi.– 4.1.a) artikulua honela geratuko da:

«a) Euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpen-zerbitzuak.

Orokorrean, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden administrazio publikoek eskatuta itzuli eta egiaztatuko ditu testuak, eta itzulpenak zuzenduko.

Testua sortu duen pertsona pribatuarekin berariaz hala hitzartzen denean, hedapen handikoak edo interes publikokoak izateagatik era berezian landu behar diren testuak itzuliko ditu».

Hiru.– 4.1 artikuluaren c) idatzi-zatiari azken lerrokada bat eransten zaio; honela dio:

«Era berean, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak egiaztatu beharko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko diren agiri guztiak –besteak beste, xedapen, egintza, akordio, txosten, agiri, iragarki eta jakinarazpenak– zehatzak eta baliokideak direla bertsio bietan, euskaraz eta gaztelaniaz».

Lau.– 4.1 artikuluari e) idatzi-zatia gehitzen zaio; honela geratuko da:

«e) Arau-testuen idazketa elebiduneko zerbitzuak.

Arau-testuak bi hizkuntzetan idazteko formula hauek eskainiko ditu:

– Itzulpena Itzultzaile Zerbitzu Ofizialeko itzultzaile batek egitea eta gai horretan eskumenduna den sail edo erakunde autonomoak izendatutako teknikari-legelari elebidun batek zuzendu eta gainbegiratzea.

– Arauaren hizkuntza bateko bertsioa gaian eskumena duen saileko teknikari-talde batek egitea, eta beste hizkuntzako bertsioa sail horrek izendatutako teknikari-legelari elebidun batek edo gehiagok idaztea; ondoren, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak egiaztatuko du bi bertsioak zehatzak eta baliokideak direla.

– Testua korredakzioan edo aldi berean idaztea bi hizkuntza ofizialetan. Bi bertsioak itzultzaile batek edo gehiagok, hizkuntza-teknikari eta idazle gisa, eta teknikari-legelari elebidun batek edo gehiagok osatutako talde batek egingo ditu. Horiek guztiak Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak izendatuko ditu, arau-ekimenaren ardura duen sailaren adostasunarekin.

Arau-testuen idazketa elebiduneko zerbitzuak prestatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak arau-testuen idazketa elebiduneko formuletan parte har dezaketen pertsonentzako gaikuntza-ikastaroak deitu ahal izango ditu».

Bost.– 5. artikulua honela geratuko da:

«5. artikulua.– Itzulpen-lanetan diharduten langileekiko harremana.

1.– Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak, dagokion arloko agintaritza funtzional eta organiko zentralizatu bakarraz baliatuz, euskaratik gaztelaniarako eta gaztelaniatik euskararako itzulpenaren arloko eta lege– eta administrazio-terminologiaren arloko arau, erregela eta prozedura orokorrak eta jarraibide teknikoak ezarri ahal izango ditu, baita idazketa elebidunaren arlokoak ere, eta itzultzaile guztiek bete beharrekoak izango dira.

2.– Itzultzaile Zerbitzu Ofizialeko arduraduna buru dela, lan-talde bat osatuko da honako eginkizun zehatz hauekin: batetik, itzulpen-arloko eta euskarazko lege– eta administrazioterminologiaren arloko arau, erregela, prozedura eta jarraibide teknikoak proposatzea eta, bestetik, administrazioen arteko proiektuak eta erakunde publiko eta pribatuen arteko esperientzia-trukea bultzatu eta sustatzea, gai jakin batzuk behar bezala aztertzeko. Lan-taldean, itzultzen diharduten langileek hartuko dute parte».

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari buruzko abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuaren aldaketa.

Bat.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari buruzko abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuaren 13. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoak honela geratzen dira:

«1.– Botere publikoek emandako edo onartutako agiriak, euskaraz eta gaztelaniaz idatzi behar badira, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bietan bidaliko dira argitaratzeko, edo, itzulita egon ezean, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialera bidaliko dira, falta den bertsioa egin dezan; dagokion prezio publikoa aplikatuko dio IZOk.

2.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko diren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioen zehaztasuna eta baliokidetasuna bermatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak ziurtagiri bat jaulkiko du argitaratu aurretik, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak zehatzak eta baliokideak direla egiaztatzeko».

Bi.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari buruzko abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuaren 15. artikuluaren 4. paragrafoa honela geratuko da:

«4. Agiriak gehienez ere hamar eguneko epean argitaratuko dira, jasotzen direnetik edota zuzentzen edo dagokion tasa ordaintzen denetik kontatzen hasita, salbu eta presazkoak badira edo Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiengatik epe horretan argitaratu ezin badira.»

Hirugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko apirilaren 3an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala