Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

55. zk., 2012ko martxoaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
1294

AGINDUA, 2012ko martxoaren 7koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, zeinen bidez jakinarazten baita aurrekontuan zenbateko diru-hornidura dagoen lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 1. artikuluaren a), b) eta d) ataletan aurreikusitako diruz lagungarriak diren jardueretarako.

Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakunde arteko I. Planak, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko uztailaren 3ko bilkuran onetsitakoak, lana eta familia bateragarri egiteko zenbait neurri abian jarri zituen, aita edo ama izateak enpleguan eragiten dituen oztopoak kentzeko eta lanak familian sorrarazten dituen mugak urritzeko asmoz. Ekimen horren bidez, bi eremuak bateragarri egin nahi dira, azken batean, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna bultzatuz, bai lana eskuratzeko eta lanean irauteko arloan, bai seme-alabak zaintzeko buru belarri aritzeko dituzten posibilitateen arloan. Aipagarriak dira, besteak beste, bi neurri hauek: hiru urtetik beherako ikastetxeen sarea garatzearen aldeko apustua, eta, Langileen Estatutua betez, seme-alabak zaintzeko eszedentziak edo lanaldi-murrizketak hartzen dituztenentzako diru-laguntzak.

I. Planaren esparruan, lehenengo, lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 16ko 177/2002 Dekretua onartu zen, eta gero, enplegua sustatzeko laguntzak arautzeko abenduaren 23ko 329/2003 Dekretua onartu zen. 329/2003 Dekretuaren VI. Kapituluan berriro antolatzen ziren lana eta familia bateragarri egiteko neurriak.

Esperientzia on horren ondoren, Eusko Jaurlaritzak, familia babesteko sistema garatzeko eta hobetzeko asmo sendoa duenez, bere bateragarritasun-politika indartu nahi izan zuen. Hori dela eta, Familiei Laguntzeko Erakunde arteko II. Planak, 2006ko irailaren 26an onetsitakoak, lerro estrategikotzat jo zuen. Lerro horren helburu dira, hain zuzen, emakumeei lan munduan sartzen eta beren lanbide-karrera garatzen laguntzea, emakume eta gizonen arteko etxeko ardura-banaketa sustatzea, eta familia– eta lan-ardurak bateragarri egiteko erraztasunak ematea.

Helburu horiek lortzen lagundu nahirik, lehenengo, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak neurtzeko uztailaren 17ko 118/2007 Dekretua onartu zuen, eta gero, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretua onartu zen, gaur egun indarrean dagoena.

Herri Administrazioaren printzipioetako bat da diru-laguntzei publizitatea eman behar zaiela. Hori dela eta, 177/2010 Dekretuaren 53.4 artikuluan aurreikusten da Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak sailburuaren Agindu bidez urtero jakinaraziko duela aurrekontuko zenbateko hornidura dagoen dekretu horretan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, edo, hala badagokio, hornidura horren egunerapenaren ondoriozko diru-kopurua finantzatzeko.

Horri dagokionez, beharrezkoa da testua EHAAn argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 49.2 artikuluan agindutakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1979 Legegintzako Dekretuak onartu zuen lege hori–. Izan ere, testu horrek dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko direla jarraitu beharreko arauak, laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak eta, hala gertatzen denean, laguntza emateko proposamena egingo duen organoaren osaera; halaber, interesatuentzat garrantzitsuak diren egintzak ere argitaratuko dira, baldin eta modu orokorrean eragiten badiete.

Beraz, eta behin Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko urriaren 26ko bilkuran Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012rako Aurrekontu Orokorren proiektua onartu ondoren, agindu hau EHAAn argitaratzen da, eta horrela bermatuta geratzen da onuradun izan litezkeenek ezagutuko dutela diru-laguntzei buruzko programa hori.

Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.2 artikuluan eta ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 53.4 artikuluan agindutakoari jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 1.– Familia eta lana bateratzeko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 1. artikuluaren a), b) eta d) ataletan aurreikusitako diru-laguntza lerroetara, 2012an, 30.043.417 euro bideratuko dira, honela banakaturik:

– 29.263.923 euro, seme-alabak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartzen duten langileen laguntzetarako.

– 397.549 euro, mendetasun egoeran edo oso larri dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartzen duten langileen laguntzetarako.

– 381.945 euro, hiru urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzetarako.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Hasierako aurrekontu-horniduran eguneraketarik geratzen bada, horren berri Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bidez emango da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko diren gastu-espedienteen aurreratutako tramitazioa araupetzen duen Ekonomia eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako laguntzak ebazteko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2012. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

Bigarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hirugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 7a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.


Azterketa dokumentala