Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

55. zk., 2012ko martxoaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
1293

AGINDUA, 2012ko martxoaren 7koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, seme-alabak dituzten familien onurarako diru-laguntzen aurrekontuen zuzkidurak jakinarazten dituena.

Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko I. Erakundearteko Planean (2001-2005) bildutako seme-alabak dituzten familiei laguntzeko laguntza eta neurriei jarraipena ematn, indartu eta zabaltzeko xedez, Familiei Laguntzeko II. Erakundearteko Plana (2006-2010) onartu zen Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2006ko irailaren 26ko Erabakiaren bitartez. II. Plan horren helburu nagusia familiak babestu eta laguntzeko sistema integralaren garapenean aurrera egitea zen, I. Planean hasitakoaren ildotik.

Seme-alabak dituzten familientzako laguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren bidez (2006ko abenduaren 27ko EHAA, 245. zk.), Familiei Laguntzeko II Planean jasotako laguntzak ezarri ziren, familia-mota eta familia-egoera guztientzat trataera bidezkoagoa bilatzeko asmoz.

Halaber, Xedapen Iragankorraren arabera, uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuan aurreikusitakoaren babesean laguntza emateko ebazpena onartu zaien diru-laguntza jaso dezaketen egoerak eta urterokoak kobratzeke dituztenak, baita uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuaren Azken Xedapen bakarrean bildutakoak ere (maiatzaren 30eko 109/2006 Dekretuaren 5. idatzi-zatiko Azken Xedapenetatik Lehenaren idazkuntzan), ez badute oraindik laguntza handitzeko ebazpena onartua, dekretu horren arabera eraenduko dira handitzeko Ebazpen horretan onartu diren edo onartu beharreko diru-kopuru guztiak kobratu arte, eta 255/2006 Dekretuan ezarritakoa ez zaie aplikatuko.

Familiei Laguntzeko III. Erakundearteko Planak –EAErakoa, 2011-2015–, zuzenbide subjektiboaren ikuspegitik familiak beren bizitza-ziklo osoan zehar sustatu, osatu eta laguntzeko familia-politika bultzatzea du helburu nagusi. Plan hori, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu zuen 2011ko abenduaren 27ko bileran. Planaren lehenengo lerro estrategikoaren barnean, zeinen helburua familiei babesa eman eta haien autonomia sustatzeko zerbitzuak, neurriak eta politikak bultzatzea baita, seme-alaben jaiotzagatiko eta haiek hazteko laguntzak zabaltzea da 2013-2015 denboraldirako helburua, 255/2006 Dekretuaren baldintzetan mantenduz aurreko bi urteetan, betiere aurrekontu-baliabiderik baldin badago.

Herri Administrazioaren printzipioetako bat da diru-laguntzei publizitatea eman behar zaiela. Hori dela eta, abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren 27.4 artikuluan aurreikusten da Justizia, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, sailburuaren agindu bidez, urtero jakinaraziko duela dekretu horretan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko dagoen aurrekontu-zuzkidura edo, hala badagokio, hori eguneratzearen ondoriozko zenbatekoa.

Horri dagokionez, beharrezkoa da agindua EHAAn argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 49.2 artikuluan agindutakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1979 Legegintzako Dekretuak onartu zuen lege hori–. Izan ere, testu horrek dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko direla jarraitu beharreko arauak, laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak eta, hala gertatzen denean, laguntza emateko proposamena egingo duen organoaren osaera; halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren egintzak ere argitaratuko dira, baldin eta modu orokorrean eragiten badiete.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 22ko 42/2011 Dekretuaren 13. artikuluaren d) idatzi-zatiak xedatzen du familia-politikaren gaian ekimen zuzeneko prestazioen eta jardueren kudeaketa, 13/2008 Legean bildutako baldintzetan, Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzari esleituriko funtzioa dela, eta hori, Dekretu horren 11.2 artikuluak xedatzen duenez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Gizarte Gaietako Sailburuordetzaren mendekoa da. Abenduaren 27ko 276/2011 Dekretuak aipatu 42/2011 Dekretua aldatu zuen.

Horregatik, 255/2006 Dekretuan jasotzen den Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailari egindako aipamena, gaur egun Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari egindakotzat hartu behar da, eta azken horren sailburu titularrari dagokio agindu hori ematea.

Horren ondorioz, eta 2012ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legea onartu ondoren, agindu hau EHAAn argitaratzen da, onuradun posibleen alde diruz lagundu daitezkeen programak ezagutaraztea bermatuz.

Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan eta abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren 27.4 artikuluan agindutakoari jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.-

1.– Seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren 1. artikuluan aurreikusten diren diru-laguntza lerroak betetzeko, guztira 24.571.317 euro bideratuko dira gehienez.

2.– 109/2006 Dekretuak aldatu zuen 176/2002 Dekretuaren eremuan barne hartzen diren diruz laguntzeko moduko egoeretarako, guztira 447.800 euro bideratuko dira gehienez, eta horietatik 416.600 euro 2012rako ordainketa-kredituei dagozkie, 14.400 euro 2013rako konpromiso-kredituei, 10.800 euro 2014rako, eta 6.000 euro 2015erako.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuan, maiatzaren 30eko 109/2006 Dekretuan eta abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuan (12.1, 13.1 eta 27.1 artikuluetan hurrenez hurren) ezarritakoaren arabera, hasierako aurrekontu-zuzkiduran eguneratzerik gertatzen bada, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez argitaratuko da hori.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 7a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.


Azterketa dokumentala