55. zk., 2012ko martxoaren 16a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (187 KB - 2 orri.)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
1292
EBAZPENA, 2012ko martxoaren 16koa, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearena, Euskadiko turismo-lehiakortasuna sustatzeko laguntzak emateko, 2012ko ekitaldirako deialdia jakitera ematen duena.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza, eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 13ko Aginduak Euskadiko turismo-lehiakortasuna sustatzeko laguntza-programa arautu zuen (2011ko uztailaren 26ko EHAA) eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko martxoaren 8ko Aginduak aldatu du (2012ko martxoaren 14ko EHAA).
Aipatutako aginduaren 10. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak emateko, 2012ko ekitaldirako deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea.
Adierazitako guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 13ko Aginduaren bitartez arautu zen Euskadiko turismo-lehiakortasuna sustatzeko laguntza-programa; eta oraingo ebazpen honen bitartez, aipatu aginduan aurreikusitako laguntzen, zehazki, 2012ko ekitaldirakoen deialdia egiten da, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko martxoaren 8ko Aginduak aldatuta.
Xede horretarako, guztira, 3.075.664 euro bideratuko dira, abenduaren 23ko 6/2011 Legeak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan 2012ko ekitaldirako eta gai horretarako ezarritako aurrekontu-kredituari jarraituz.
2. artikulua.– Betekizunak.
1.– Euskadiko turismo-lehiakortasuna sustatzeko laguntzak arautzen ditu Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 13ko Aginduak; eta laguntza horiek eskuratu ahal izateko, erreferentziako aginduaren 3. artikuluan eta agindu hori aldatu duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko martxoaren 8ko Aginduan ezarritakoarekin bat, onuradun izateko beharrezkoak diren baldintzak eta eskakizunak bete beharko dituzte entitate eskatzaileek.
2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egiteko aukera izango da, Aginduaren 11. artikuluan zehaztutakoari jarraituz, Administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuarekin (2008ko urtarrilaren 31ko EHAA, 22. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sarrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin (2008ko maiatzaren 30eko EHAA, 102. zk) eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen dokumentua onartzen duen Informatika eta Telekomunikazio Zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriz.
Eskabidea internet bidez soilik eskuratu eta bete ahal izango da, http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/cte.html helbidean eta web helbide horretan jasotako funtzionalitateen bidez. Eskabideko edukiak aipatutako helbidean eskuratu daitezke.
Pertsona edo erakunde eskatzailearen baimendutako sinaduraz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta Administrazioak eska dezakeen dokumentazioa aurkeztuko da, Administrazio-prozeduretan bitarteko elektronikoen, informatikoen eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan xedaturikoaren arabera.
Aurreko aukera gorabehera, sinadura digitala erabili nahi ez bada, eskabideak adierazitako webgunean informatikoki gordeak izan ondoren, inprimatu egin beharko dira eta erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonak sinatuta bidali Turismo Zuzendaritzara, eta, aurkeztu, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde ordezkaritzetan aurkeztu behar dituzte (Zuzenean) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetako edozeinetan.
3.– Eskabideak aurkezteko epea, hasi, deialdi-ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta, 2012ko apirilaren 17an amaituko da.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 16a.
Merkataritza eta Turismoko sailburuordea,
MARÍA PILAR ZORRILLA CALVO.