55. zk., 2012ko martxoaren 16a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (233 KB - 3 orri.)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
1286
EBAZPENA, 2012ko otsailaren 27koa, Bulego Judizial eta Fiskalaren zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren Bulego Fiskalean «Goi kargudunaren idazkariaren» zenbait lanpostu izendapen askearen sistema erabiliz betetzeko deialdi publikoa iragartzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren Bulego Fiskalean, «Goi kargudunaren idazkariaren» lanpostuak hutsik daude. Hori dela-eta, Justizia Administrazioaren zerbitzuko langile funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamendua onartzen duen 1451/2005 Errege Dekretuaren 57. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (abenduaren 27ko BOE, 309. zk.), eranskinean zehazten diren lanpostuak izendapen askearen sistemaren bidez betetzeko deialdia aditzera ematen da. Lanpostu horietan, eginkizun hauek bete beharko dira: kudeaketan lagundu eta agendez arduratzea; dokumentuak transkribatzea; bilerak, bidaiak eta joan-etorriak antolatu eta prestatzea; eta, oro har, laguntza ematea EAEko Fiskaltza Gorenaren arduradunari eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Bulego Fiskalen arduradunei, beste edozein egiteko edo zeregin betetzen. Bestalde, lanpostu horien izena, kokalekua eta ordainsariak ebazpen honen eranskinean daude zehaztuta.
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.
Prozesu eta Administrazio Izapidetze Kidegoko karrerako funtzionarioek eskatu ahal izango dituzte deialdi honetako lanpostuak, baldin eta, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, jarduneko zerbitzuan badaude edo, bestela, lanpostua gordetzea dakarren beste edozein egoeratan.
Bigarrena.– Eskabideak.
Eskabideak aurkezteko, interesdunek hamar egun naturaleko epea izango dute, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskabideetan, datu pertsonalak eta gaur egun betetzen duten lanpostua adieraziko dituzte. Ebazpena BOEn eta EHAAn aldi berean argitaratzeri ez badago, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko da epea.
Eskabideak Bulego Judizial eta Fiskalaren zuzendariari bidaliko dizkiote, eta honako toki hauetakoren batean aurkeztuko dituzte: Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATetako sarrera-erregistroetan, Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Herri Administrazio Saileko erregistro orokorrean (Donostia kalea, 1-01010 Vitoria-Gasteiz), edo indarreko administrazio-prozedurako araudian ezarritako moduan.
Eskabidearekin batera, Curriculum Vitae bat aurkeztu beharko dute, eskatzen diren betekizunen eta azaldutako merezimenduen egiaztagiriez gain. Curriculum Vitae-an hauek adieraziko dira:
a) Titulu akademikoak.
b) Betetako lanpostuak, bai administrazioan, bai enpresa pribatuan.
c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, argitara emandako lan zientifikoak, aurkeztutako txostenak, hizkuntzak, eta hautagaiek egoki iritzitako gainerako merezimenduak.
Hirugarrena.– Ebazpena eta destinoa esleitzea.
1.– Bulego Judizial eta Fiskalaren zuzendariak ebazpen bidez ebatziko du deialdi hau, gehienez bi hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori beste hilabete batez luzatu daiteke, salbuespenez. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Ebazpena BOEn eta EHAAn aldi berean argitaratzerik ez badago, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko da epea.
2.– Izendatutako funtzionarioa destino berriaz jabetzeko, Justizia Administrazioaren zerbitzupeko funtzionarioen sarrerari, lanpostuak betetzeari eta lanbide-sustapenari buruzko Erregelamenduko 52. artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Destinoaz jabetu aurretik, interesdunak modu frogagarrian adierazi beharko du ez dagoela araudian ezarritako bateraezintasun-egoera bakar batean ere.
3.– Izendapena egin zuen agintariak berak ere kendu dezake lanpostutik izendatutakoa, modu diskrezionalean. Izendatutakoak ere uko egin diezaioke lanpostuari, eskabide arrazoitu baten bidez egin ere, betiere lanpostuan gutxienez urtebetez jardun baldin badu. Eskabidean, bestalde, ukoaren arrazoi profesional eta pertsonalak adierazi beharko ditu. Lanpostutik kendutako edo lanpostuari uko egindako funtzionarioa, behin betiko beste lanpostu bat lortu bitartean, behin behinean atxikiko zaio bere kidegoko beste lanpostu bati, udalerri berean. Atxikitze horrek kargugabetzearen ebazpena edo ukoa onartzekoa eman eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Lanpostutik kendutako edo lanpostuari uko egindako funtzionarioak lehentasuna izango du, jardunean aritzen zen herriko lanpostu generikoak betetzeko, lehiaketara deitzen diren lehenengo aldian; gainera, herri horretan deitutako lanpostu guztiak eskatu beharko ditu. Lehiaketa horretan parte hartu ezean, edo lanposturik lortu ezean, behin betiko esleituko zaio esleitu gabeko edozein lanpostu.
Laugarrena.– Errekurtsoak.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio bideari. Haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa ezarri ahal izango zaio Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Gora jotzeko errekurtsoa ezarri zenetik hiru hilabete igaro badira, eta ebazpenik eman ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da, eta administrazioarekiko auzietako bidea zabalik geratuko da.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 27a.
Bulego Judizial eta Fiskalaren zuzendaria,
ROSA GÓMEZ ÁLVAREZ.