Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

50. zk., 2012ko martxoaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
1152

EBAZPENA, 2012ko otsailaren 29koa, Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearena, 2012ko ekitaldirako Nazioartekotze Beken deialdiaren berri ematen duena.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza, eta Turismoko sailburuaren 2011ko apirilaren 13ko Aginduak nazioartekotzeko beken programa arautu zuen (2011ko apirilaren 26ko EHAA).

Aipatutako aginduaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da 2012ko ekitaldirako bekadunak hautatzeko deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea.

Horrenbestez, agindu horren 6. artikuluan ezarritako eskumena erabilita, honako hau:

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Xedea.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren agindu batez arautu zen nazioartekotze beken programa; eta oraingo ebazpen honen bitartez, aipatu aginduan aurreikusitako beken, zehazki, 2012ko ekitaldirakoen deialdia egiten da.

Bigarrena.- Deitutako bekak.

Gehienez ere, 2012ko ekitaldian, ehun (100) nazioartekotze beka emango dira.

100 onuradunek A modalitatea burutuko dute, eta ezarritako baldintzak beteta modalitatea amaitzen duten hautagaien artean, gehienez ere 85 lagun hautatuko dira B eta C modalitateekin jarraitzeko honela banatuta: 70 beka B modalitatean eta 15 beka C modalitatean. B eta C modalitateetarako 15 ordezko aukeratuko dira gehienez ere. Ordezko horiek bekaldiaren lehen bi hilabeteetan bekadunen batek uko bekari eginez gero edo bestelako gorabeheraren bat gertatuz gero, hutsik geratutako bekak hartu ahal izango dituzte, baldin eta Nazioartekotze Zuzendaritzak onespena ematen badu 2011ko apirilaren 13ko Aginduaren 19.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.- Diru-baliabideak.

Deitutako bekak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2012ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legean (EHAA, 247. zk., 2011ko abenduaren 30ekoa), horretarako ezarritako aurrekontu-kredituari jarraituz, diru-zenbateko hauek bideratuko dira eta honela banatuko dira:

1.- A modalitateak 150.000 euroko gehienezko balorazio ekonomikoa dauka 2012 ekitaldirako.

2.- B eta C modalitateetarako, batera, hiru milioi bederatziehun eta ogeita hamar mila euro (3.930.000 euro) bideratu dira honela banatuta:

- 2012ko ekitaldia: 1.880.000 euro.

- 2013ko ekitaldia: 900.000 euro.

- 2014ko ekitaldia: 1.150.000 euro.

Aipatu zenbatekoak handiagoak izan ahalko dira; horretarako, betiere deialdiari buruz ebazpena eman aurretik, eman beharreko beka guztien zenbateko osoa ikusi behar da, eta, baldin eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak beste programa batzuk burututakoan aurrekontuko diru-kopururik ahitu gabe geratzen bada, aurrekontuetan erabilgarri dagoen diruari ere begiratu behar zaio. Horrelako egoerarik gertatuz gero, horren berri jakinarazi behar da Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearen ebazpen bidez.

Laugarrena.- Eskabideak aurkezteko baldintzak, tokia eta epea.

1.- Nazioartekotze Beken Programa arautzeko Aginduan aurreikusitako bekak eskuratzeko, aipatu aginduaren 3. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte eskabidea egiten dutenek.

2.- Programa honetako parte-hartzaileek Nazioartekotze Beken Programa arautzen duen Aginduaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera bete eta aurkeztu beharko dituzte eskabidea eta agiri osagarriak. Aukeratutako izapidea telematikoa bada, eskabide-eredua eskuratzeko, eta eskabide hori Administrazioan aurkezteko www.euskadi.net/industria webgunean sartu beharko da. Bestela, www.euskadi.net/industria webgunean eskabide-eredua eta inprimakiak bete eta grabatu ahal izango dira, gero inprimatu eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren dagokion Lurralde Ordezkaritzan aurkezteko, zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako edozein bidetatik..

3.- Deialdiko beketarako eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean hasiko da; amaitu, berriz, 2012ko apirilaren 16an.

Bosgarrena.- Hautaketa-probak eta aurkeztutako merezimenduak balioesteko irizpideak.

Nazioartekotzeko beken programa arautu duen (2011ko apirilaren 26ko EHAA) Industria, Berrikuntza, Merkataritza, eta Turismo sailburuaren 2011ko apirilaren 13ko Aginduan 9. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Bigarrena.- Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 29a.

Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordea,

JUAN IGNACIO GOICOLEA RUIGÓMEZ.


Azterketa dokumentala