44. zk., 2012ko martxoaren 1a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
Justizia eta Herri Administrazio Saila
982
AGINDUA, 2012ko urtarrilaren 24koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, «Fundación Virtualware Labs» fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.
Aztertu da «Fundación Virtualware Labs» fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.- 2011ko irailaren 28an, Justizia eta Herri Administrazio Sailean eskari bat sartu zen, Fundacion Novia Salcedo fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko (Virtualware 2007 SA sozietateak sortu zuen fundazio hori).
Eskabideari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.
Bigarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoa bildu zen fundazioaren helburuak zilegi eta guztiontzako onuragarri direla egiaztatzeko, eta 2011ko abenduaren 20an fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman zuen.
Hirugarrena.- Fundazioen Erregistroak, 2011ko abenduaren 20ko idazkiaren bidez, dokumentazioan ikusitako akatsak zuzentzeko eskatu zien interesdunei, eta 2012ko urtarrilaren 19an, espedientean ageri den dokumentazioa sartu zen Justizia eta Herri Administrazio Sailean. Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek aztertu egin dute aurkeztutako dokumentazioa, eta jasota utzi dute eskatutakoarekin bat datorrela.
Laugarrena.- Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera:
«Industriarentzat oro har interesgarriak diren jarduerak —zientzia ikerketakoak eta teknologia garapenekoak—, berrikuntza, industria-lankidetza eta hedapen teknologikoa sustatzea.
Horretarako, jarduerak hauek eramango dira aurrera:
- Zientzia eta teknologia ikerketako proiektuak, berrikuntza jardueren ardatz gisa bultzatuz, batez ere arlo hauetan: osasuna, ondarea, kultura, hezkuntza, industria, kalitatea, ingurumena, mekanika, egiturak eta materialak, elektroteknia, informazio-teknologiak —informatikaren arlokoak—, telekomunikazioak, hiru dimentsiotako modelatzea eta delineazio-zerbitzuak, bai fundazioak erabaki dezakeen beste edozein eremu.
- Teknologiaren transferentzia eta berrikuntzaren hedapena.
- Inguruko industria eta zerbitzuekin lankidetzan jardutea, beren arazo teknikoak direla-eta proposatzen dituzten saiakuntzak eta ikerlanak haiekin batera eginez.
- Lanbide-maila guztietan prestakuntza bultzatzea, langileen kualifikazioa hobetzeko; ildo horretatik, langileen lehiakortasuna eta trebetasunak sustatuko dira.
- Beste edozein ekimen edo ekintza, aurretik aipatutako interes orokorreko fundazioaren helburuak lortzen lagunduko duena.
Bosgarrena.- Estatutuen 5. eta 6. artikuluetan jasotakoaren arabera, fundazioaren egoitza Basauriko (Bizkaia) Artunduaga industrialdean dago (Usausuaga 7, 1), eta batik bat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere jarduerak.
Seigarrena.- Hasierako dotazioa 35.000 eurokoa da. Kopuru hori ordaindu dela —agiri bidez— jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak 37.1.c) artikuluan.
Zazpigarrena.- Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.
Zortzigarrena.- Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira:
(Ikus .PDF)
Guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko baten arabera.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.- Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio Fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala agintzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan, eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 4. artikuluan.
Bigarrena.- Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez. Lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da Fundazioaren eraketa.
Aipatutako arauak eta, oro har, kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.- Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, egun honetan eta F-318 erregistro-zenbakiarekin, Basauriko (Bizkaia) «Fundación Virtualware Labs» erakundearen eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere (patronatu horren kideak zortzigarren aurrekarian agertzen dira), 2011ko irailaren 19an, Francisco Regalada Marichalar notarioaren aurrean emandako eskritura publikoan (950/2011 protokolo-zenbakia) xedatu bezala (eskritura hori zuzendu egin zen 2012ko urtarrilaren 13an notario beraren aurrean emandako eskritura publikoaren bidez; protokolo-zenbakia: 48/2012).
Bigarrena.- Fundazio hori, bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 1. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hirugarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko urtarrilaren 24a.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.