44. zk., 2012ko martxoaren 1a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
Justizia eta Herri Administrazio Saila
980
AGINDUA, 2011ko abenduaren 9koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena. Honen bidez, Fundación Sortek fundazioaren iraungitzea eta likidazioa, eta likidatzaileen izendapena onartzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzen da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da. Hauek dira:
AURREKARIAK
Lehenengoa.- Fundación Sortek fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea jaso zen Justizia eta Herri Administrazio Sailean, 2011ko abenduaren 2an. Eskabidea Sergio Inchausti Beñaran jaunak sinatu zuen, fundazioaren letradu-aholkulari baita. Donostiako notario Enrique García Jalón de la Lamaren aurrean, 2011ko azaroaren 25ean, emandako eskrituraren bi kopia erantsi zitzaizkion eskabideari (protokolo-zenbakia: 564).
Bigarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.- Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente horri buruzko ebazpena, honako lege-xedapen hauetan xedatutakoari jarraikiz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Lehendakariak 2009ko maiatzaren 8an Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko eman zuen 4/2009 Dekretuaren 9.1.e) artikulua; eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeari buruzko abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 4.1 artikulua.
Bigarrena.- Espediente horri funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, bereziki, xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 33., 34. eta 35. artikuluak; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 46. eta 47. artikuluak; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 35. eta 36. artikuluak; baita aplikatzekoak diren fundazioaren estatutuetako aginduak ere.
Aipatu manuak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.- Irungo (Gipuzkoa) «Fundación Sortek, en Liquidación» fundazioa iraungitzeko, eta fundazioa likidatzearen ondoriozko hartzekoa destinatzeko Fundazioko patronatuak 2011ko irailaren 19ko bileran hartutako erabakia berrestea. Erabaki hori 2011ko azaroaren 25ean gauzatu zen, Donostiako notario Enrique García-Jalón de la Lamak emandako eskritura publikoaren bidez (protokolo-zenbakia: 1564).
Bigarrena.- Inskribagai diren egintza hauek -aldi berean hartuak- Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, aipatu titulu publikoaren arabera:
1.- Fundación Sortek fundazioa iraungitzea erabakitzea.
2.- Fundación Sortek, en Liquidación fundazioaren une hartako Patronatuko kideak likidatzaile izendatzea: José María Echarri Campo jauna, José María Múgica Iraola jauna, Alberto Lázaro Abaurre jauna eta José Manuel Sorazu Etxabe jauna, era kolegiatuan dihardutenak.
3.- Fundazioa likidatzea, eta soberakina -aipatu eskrituran aipatua- Fundación Tecnalia Research & Innovation fundazioari destinatzea osorik; azken honek onartu eta jaso du.
Hirugarrena.- Fundación Sortek en Liquidación fundazioaren erregistro-idazpenak deuseztatzea.
Laugarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 9a.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.