Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2012ko martxoaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
976

94/2012 EBAZPENA, otsailaren 1ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, 2008an Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak deitutako hautaketa-prozesuko destino hutsen esleipena argitaratzen da, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu-erakundeetan destinoa izango duten hurrengo kategoria hauena.

Diplomadun Sanitarioen Lanbide Taldeko emagina.

Diplomadun Sanitarioen Lanbide Taldeko erizaina.

Diplomadun Sanitarioen Lanbide Taldeko Osasun Mentaleko erizaina.

Teknikari Laguntzaile Sanitarioen Lanbide Taldeko erizaintzako laguntzailea (lanpostu funtzionalak: erizaintzako laguntzailea eta Osasun Mentaleko monitorea).

Administrazioko Teknikari Espezialisten Lanbide Taldeko administraria.

Menpeko/Operarioen Lanbide Taldeko zeladorea.

Administrazioko Teknikari Laguntzaileen Lanbide Taldeko administrari laguntzailea.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 4235/2008 Ebazpenaren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lotura estatutario finkoa lortzeko hautaketa-probak arautuko dituzten oinarri orokorrak onartu ziren (2008ko abenduaren 3ko EHAA, 232 zk.).

Aurreko kategorien destinoak esleitzen dituzten ebazpenenetan destinoaz jabetzeko ezarritako epea amaituta, esleitu ez diren destinoak edota esleitutako destinoez jabetu ez direnak berriro esleituko dira, azaroaren 28ko 4235/2008 Ebazpenaren 16.2 oinarrian jasotzen den destinoak bete beharraz baliatuz. Aipatu ebazpen horren bidez, Osakidetzan lotura estatutarioa finkoa lortzeko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak onartu ziren.

Hautaketa-prozesua arautzen duten oinarri orokorren 16. atalean araututakoarekin bat, txanda bakoitzeko destinoak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez esleituko dira, eta ebazpen hori EHAAn argitaratuko da.

Esandako guztiagatik, indarrean dagoen legediak pertsonal gaietan ematen dizkidan ahalmenez baliaturik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Aipatutako kategorietan destino-esleipena EHAAn argitaratzeko agintzea, Ebazpen honi atxikita doazen eranskinen bidez:

I) I. eranskina: esleitutako destinoen zerrenda.

II) II. eranskina: fase honetatik baztertutako izangaien zerrenda, baztertzeko arrazoia adierazita.

Bigarrena.- Esleipendunek hilabeteko epea izango dute dagokien lanpostuaz jabetzeko, esleipenaren ebazpenak EHAAn argitaratzen diren egunaren biharamunetik aurrera.

Lehiatzaileak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erakunde Zentralean jabetuko dira destinoez. Horretarako, izangaiek aldez aurretik hitzordua eskatu beharko dute, eta ekitaldi horretan agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

- NAN, pasaportea edo gidabaimena edo dokumentu baliokidea, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kideren bateko nazionalitatea dutenentzat, edo Europar Batasuneko Itunaren arabera nahiz Espainiak berretsitako beste hitzarmen batzuen babesean nahiz lege arau baten bidez langileak estatu batetik beste batera libre ibiltzeko aukera aplikatzen zaien estatuetako nazionalentzat.

Parte hartzeko eskubidea izanik, Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek nazionalitatea egiaztatzen dien dokumentua aurkeztu behar dute eta, beste Estatu bateko nazionalitatea duen batekiko ahaidetasun-lotura edo haren kontura biziz gero, lotura hori dutela egiaztatzen duten dokumentuak ere bai. Era berean, ezkontidearen zinpeko aitorpen bat edo hitzemate bat aurkeztu behar dute beste ezkontideagandik eskubidez bananduta ez dagoela adierazten duena eta, hala badagokio, izangaia haren kontura edo kargura dagoela adierazten duena.

- Elkargoko kide izatearen egiaztagiria, deialdiko oinarri espezifikoetan hala eskatzen bada.

- Diziplina-espediente bidez, izangaia administrazio publikoetako zerbitzuetatik ez dagoela baztertuta eta eginkizun publikoetarako ez dagoela ezgaitua adierazten duen zinpeko aitorpena edo agindua.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek, Espainiako Estatuari buruzko aitorpenaz gain, zinpeko aitorpena edo agindua aurkeztu behar dute, esanez ez daudela eginkizun publikoetarako gaitasunez gabetuta edo antzeko egoera batean eta, orobat, haien Estatuan, baldintza beretan, funtzio publikora sartzea eragozteko moduko diziplina-zehapen edo baliokiderik ez dutela.

Izangaiek destinoaz jabetzeko momentuan destinoa normaltasunez betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa dutela egiaztatzen duen azterketa medikoa aurkeztu behar dute, Osakidetzako Prebentzio Zerbitzuak emango duena.

Hirugarrena.- Emandako epe horretan aipatutako agiriekin bertaratzen ez badira, edo agiri horiek aztertuta antzematen bada kategoria/lanpostu funtzionalean sartzeko betebeharren bat betetzen ez dutela, ezingo dira jabetu esleitu zaien langile estatutarioaren destinoaz. Ondorioz, deuseztatuta geratuko dira jarduerak, eta hori ez da eragozpena izango hasierako eskabidean faltsukeriaren bat jartzeagatik izan dezaketen erantzukizuna eskatzeko.

Era berean, interesatuei jakinarazten zaie lanpostuaz jabetzeko ekitaldira dagokion epearen barruan edo, hala badagokio, emandako luzapenean, aurkeztu ezean, galdu egingo dituztela hautaketa-probei buruzko ebazpenetan aitortu zitzaizkien eskubideak.

Lehenago ezarri bezala, destinoaz jabetzen diren izangaiak eginbide hori bete eta hurrengo egunean hasiko dira lanean, dagokien zerbitzu sanitarioetako erakundean.

Laugarrena.- Hautaketa-prozesuko oinarri orokorretako 22. atalean ezarritakoan oinarrituta, ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa ezar dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 1a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JULIÁN PÉREZ GIL.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala