44. zk., 2012ko martxoaren 1a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
Herrizaingo Saila
973
25/2012 DEKRETUA, otsailaren 28koa, joko-makina eta -sistemen Erregelamendua aldatzen duena, joko-areto eta jolas-aretoen Araudia bigarren aldiz aldatzen duena, eta bingo-jokoaren Araudia laugarren aldiz aldatzen duena.
4/1991 Legea, azaroaren 8koa, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzen duena, jokoaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoak duen eskumen esklusiboa garatzeko eman zen, Autonomia Estatutuaren 10.35 artikuluan hala esleitzen baitzaio Euskal Autonomia Erkidegoari. Eskumen horrek Gobernuari ahalmena ematen dio bertan ezarritakoa garatu eta betearazteko xedapenak emateko.
Eskumen hori baliatuz, zenbait dekretu argitaratu dira; hain zuzen, joko-makina eta -sistemen, joko- eta jolas-aretoen eta bingo-jokoaren alorrean sektoreko erregelamenduak onartzeko.
Dekretu honen bidez joko-makina eta -sistemen, joko- eta jolas-aretoen araudiak aldatu egiten dira, baita bingo-jokoarena ere, helburu nagusi honekin: dagoen araudia enpresa-sektorearen zein erabiltzaileen beharretara egokitzea.
Administrazio-kargak ere erraztu nahi dira interesdunentzat, administrazio-espedienteen izapideak arinago egin daitezen, beharrezko bermeei kalterik egin gabe.
Joko-makina eta -sistemen Erregelamenduaren aldaketari dagokionez, ustiatzeko baimenen ustiapen-aukerarako finkatutako jatorrizko epea aldatu egin da enpresariek beren baimenen plangintza behar besteko denboraz egin dezaten. Horrek berekin dakar epea luzatzea baimendutako establezimendu publiko batean ustiatzeko baimena baliatu gabe egon ahal izateko, 2 hileko egungo epeak enpresa operadoreei jarduteko zentzuzko tarterik ez baitzien ematen.
Joko Areto eta Jolas Aretoen Araudiari dagokionez, hainbat artikulu aldatzen dira. Horien artean daude joko-aretoen arteko gutxieneko distantzia aipatzen dutenak, eta egungoa handitu egiten da joko-lokalen kontzentrazioa galarazteko. Aldaketak ere eraginpean hartzen ditu aretoek bete behar dituzten baldintza teknikoak aipatzen dituztenak, ostalaritzako zerbitzu osagarriaren irizpideen zehaztapenari arreta jarriz; eta, halaber, araudi bereziarekin desadostasunik ez izateko, jendearentzat irekitako lokalen segurtasunari buruzko araudi orokorraren aipamen orokorra eginez.
Bingo-jokoaren Araudiari dagokionez, langile-zuzkidurari loturiko aldaketa txikia egin da. Horren bidez arreta berezia jarri da eginkizunak betetzeko irizpidean, gutxieneko plantilla zehazteko irizpidearen kaltetan, eta betebeharra ezarri da harrera-zerbitzua egoteko eta gainerako langileek beren eginkizunak enpresak zehaztutako irizpideekin betetzeko, betiere Erregelamenduan ezarritako betebeharren eremuan.
Era berean, joko-lokalentzat izaera orokorrez aurreikuspena ezarri da kanal elektroniko, informatiko, telematiko eta interaktibo edo urrutiko beste edozein komunikazio-bideren bitartez jokoan aritzeko, joko-arloan eskumena duen Sailaren titularraren Aginduak xedatzen duenaren arabera.
Hori dela bide, Herrizaingoko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2012ko otsailaren 28ko bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren,
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.- Joko-makina eta -sistemei buruzko azaroaren 17ko 600/2009 Dekretua aldatzea.
Lehenengoa.- Aldatu egin da joko-makina eta sistemen Erregelamenduaren «Ustiatzeko baimenen eskualdaketa» 45. artikuluko 3. paragrafoa, eta honela geratu da idatzita:
«3.- B motako makinen enpresa operadoreek beren titulartasuneko baimenen % 10 ustiatzeko aukera-egoeran izan ahalko dute gehienez, makinaren azken instalaziotik gehienez 15 hilabetez. Ustiatzeko 20 baimen baino gutxiagoren titularrak diren enpresa operadoreek gehienez 2 baimen izan ahalko dituzte ustiatzeko aukera-egoeran adierazitako epean.
Epe hori enpresa operadoreak lokalean makina instalatu gabe bukatzen bada, ustiatzeko baimena ofizioz behin betiko baja-egoerara igorako da, Erregelamendu honen Hirugarren Xedapen Gehigarriaren 2. paragrafoan ezarritakoren arabera bere esleipena egite aldera».
Bigarrena.- Aldatu egin da Joko-makina eta -sistemen Erregelamenduaren «Ustiatzeko baimenaren eskakizunak eta betetzea» 52. artikuluaren 5. paragrafoa, eta honela geratu da idatzita:
«5.- Instalatzeko baimenaren indarraldia 3 urtetik 6 urtera artekoa izango da, eta jokoaren alorrean eskuduna den Zuzendaritzak instalatzeko baimenaren eskabideari dagozkion izapideak egingo ditu erabakitako aldiaren arabera, haren baliozkotasunaren ondorioetarako».
Hirugarrena.- Aldatu egin da Joko-makina eta -sistemen Erregelamenduaren «Ustiatzeko baimenaren eskakizunak eta betetzea» 52. artikuluaren 6. paragrafoa, eta honela geratu da idatzita:
«6.- 6 urtetik beherako aldirako onetsitako instalazio-baimenen indarraldia alderdietako edozeinek eraginik gabe utzi ahalko du, baldin eta jokoaren alorrean eskuduna den Zuzendaritzak baimenaren indarraldia ez duela luzatu nahi idatziz jakinarazten badu mugaegunaren hilabetearen aurreko hirugarren hilabetearen barruan. Salaketa horren berri eman beharko zaio salatutako alderdiari salaketa egiten denetik hamabost eguneko epean.
Aurreko idatz-zatian aurreikusitako epean indarraldiari buruzko salaketarik egon ezik, instalatzeko baimena luzatutzat joko da urtebeteko alditan, 6 urte bete arte.
Instalatzeko baimenaren 6 urteko indarraldi hori igarota, baimena luzatutzat joko da harik eta alderdietako edozeinek jokoaren alorrean eskuduna den Zuzendaritzaren aurrean salaketa egin arte. Kasu horretan, instalatzeko baimenak indarraldia hamabost eguneko epean galduko du, salaketa egiten denetik kontatzen hasita. Jokoaren alorrean eskuduna den Zuzendaritzak bi alderdiei jakinaraziko die noiz amaituko den instalatzeko baimenaren indarraldia».
Laugarrena.- Aldatu egin da Joko-makina eta -sistemen Erregelamenduaren «B motako makinen plangintza» Hirugarren Xedapen Gehigarriaren 5. paragrafoa, eta honela geratu da idatzita:
«5.- Baimenen behin betiko bajetatik sortutako ustiatze-baimenak, Xedapen honetan aipatutakoak, onartuta dituzten enpresa operadoreek berorien titulartasuna ezin izango dute eskualdatu esleitzeko ebazpenaren datatik gutxienez bi urte igaro arte.
Ustiatze-baimenak ustiatzeko aukera-egoeran dituzten enpresa operadoreek ez dute baimen berrien esleipenera iristeko aukerarik izango Xedapen honetan aipatzen den prozeduran.
Xedapen Gehigarri honek aipatzen duen prozeduran esleitutako ustiatze-baimenak gehienez bi hileko epean baliatu beharko dira, esleitzeko ebazpenaren datatik kontatzen hasita. Horrela izan ezean, ustiatzeko baimenak behin betiko baja egoerara igaroko dira eta enpresa operadore esleipendunak ezin izango du parte hartu baimen-mota hori esleitzeko hurrengo bi prozesuetan».
Bosgarrena.- Joko-makina eta -sistemen Erregelamenduari Bosgarren Xedapen Gehigarria erantsi zaio, eta honela geratu da idatzita:
«Bosgarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko lokaletan jokoan aritzea ahalbidetzen duen edozein makina, elementu edo sistema instalatzea, funtsezkoa zein osagarrizkoa izanda, Erregelamendu honetan ezarritako muga kuantitatiboei eta plangintza-irizpideei loturik egongo da eta joko-arloan eskuduna den Zuzendaritzaren aurretiazko baimena beharko du, bere sektore-araudiak xedatzen duenaren arabera».
Bigarren artikulua.- Joko areto eta jolas aretoen Araudia onartu zuen urriaren 4ko 380/194 Dekretuaren aldaketa.
Lehenengoa.- Idazketa berria eman zaio joko eta jolas aretoen Araudiaren «Joko Aretoak eta Jolas Aretoak instalatu eta martxan jartzeko baimen-prozedura» 8. artikuluaren 2. paragrafoko c) idatz-zatiari, eta honela geratu da idatzita:
«c) Lokalaren kokapen-planoa, gutxienez 250 metroko inguruak mugatzen duen azalari loturik, eta eremu horretan joko-aretorik ez dagoela adieraziko da, artikulu honetan ezarritako distantziak kontuan hartuz. Hori guztia teknikari eskudunak ziurtatu behar du».
Bigarrena.- Ezabatu egin da joko eta jolas aretoen Araudiaren «Joko Aretoak eta Jolas Aretoak instalatu eta martxan jartzeko baimen-prozedura» 8. artikuluaren 4. paragrafoko e) idatz-zatia.
Hirugarrena.- Aldatu egin da joko eta jolas aretoen Araudiaren «Joko Aretoak eta Jolas Aretoak instalatu eta martxan jartzeko baimen-prozedura» 8. artikuluaren 5. paragrafoa, eta honela geratu da idatzita:
«5.- Joko-aretoak bakarrik baimendu ahalko dira baldin eta instalatu nahi denarekiko 250 metroko edo hortik beherakoa den distantzian -erradioan neurtuta- edo 400 metrokoa edo hortik beherakoa den distantzian -linealki neurtuta- baimenduta dauden edo izapidetzen ari diren beste batzuk ez badaude. Izapidetzen ari den espedientea administrazio-bidean artxibatuz gero edo ukapen irmoz egonez gero, eskaeraren hurrenkeraren arabera dagokion interesdunak eskubidea erabili ahalko du.
Distantzia erradiala dugu irudikatutako zirkunferentzia baten erradioaren neurria, erdigunetzat instalatu nahi den lokalaren sarrera-atea hartuta. Distantzia lineala dugu, aldiz, instalatu nahi den lokalaren sarrera-atetik neurtutako distantzia; betiere sartzeko modukoak diren, baimenduta dauden eta oinez egin daitezkeen ibilbideetatik neurtuta».
Laugarrena.- Ezabatu egin da Joko Areto eta Jolas Aretoen Araudiaren «Joko-makinen ustiapen-erregimena aretoetan eta baimendutako tokietan» 14. artikuluko 2. paragrafoa.
Bosgarrena.- Aldatu egin da Joko Aretoen eta Jolas Aretoen Araudiaren «Aretoen Funtzionamendu-araubidea» 15. artikuluko 4. paragrafoa, eta honela geratu da idatzita:
«4.- Joko- eta jolas-aretoetan, beharrezko lizentzia lortu ondoren, ostalaritza-zerbitzua jarri ahalko da soil-soilik lokalaren barruan eta erabiltzaileentzat, eta debekatuta geratzen da jolas-aretoetan edari alkoholdunak saltzea.
Zerbitzu hori jartzen bada, barrak eta mahaiek ezin dute hartu lokalaren azalera erabilgarriaren ehuneko hogeita hamar baino gehiago».
Seigarrena.- Joko aretoen eta jolas aretoen Araudiaren eranskina aldatu da.
«JOKO-ARETOEN BALDINTZA TEKNIKOAK.
1.- Egoera.
Joko-aretoen sarrerak eta irteerak Eraikuntzako Kode Teknikoak eta araudi osagarriak ezarritako segurtasun- eta distantzia-baldintzak betetzen dituzten kaleetan eta antzeko lekuetan egongo dira.
2.- Ebakuazio-bideak, ateak eta eskailerak.
Joko-aretoetarako lokalen ebakuazio-bide, ate, eskailera eta arrapalen inguruko kalkuluak egiteko Eraikuntzako Kode Teknikoan eta araudi osagarrian ezarritakoa kontuan hartuko da.
3.- Azalera.
Joko-aretoak ustiatzeko lokalen gutxieneko azalera erabilgarria ehun metro karratukoa izango da eta solairu bakarrean egongo da, zerbitzuak izan ezik, joko-aretoaren barruko beste solairu batean jarri ahalko baitira.
Azalera erabilgarria soil-soilik dugu jendeak normalean erabiltzen duena, horren barruan atari izateko aretoa -egonez gero-, komunak eta joko-aretoa barne hartuta. Azalera erabilgarritzat ez da joko barrak jartzeko hartutakoa, ezta beren barruko aldea ere, joko-aretoko langileek erabiltzen baitute.
4.- Komunak.
Areto guztiek komunak izan beharko dituzte, betiere kasuan kasuko araudiak ezartzen duenaren arabera.
5.- Edukiera.
Lokalaren gehienezko okupazioa zehaztuko da lokal mota horretarako segurtasuneko arau teknikoek ezartzen dutenaren arabera.
6.- Makina-kopurua eta banaketa.
Joko-aretoetan instalatu beharreko gehienezko makina-kopurua, kirol-makinak edo antzekoak barne, honela zehaztuko da: bat 3 metro karratuko.
Makina horiek lokaleko pasabideak eta ebakuazio-bideak ez eragozteko moduan jarri behar dira.
7.- Instalazio elektrikoa.
Aplikatzekoa izango da behe-tentsioari buruzko sektore-araudian eta bat datorren araudian xedatutakoa.
8.- Beste segurtasun-neurri batzuk.
Bolumenei, konpartimentuei, suteen aurkako babes-neurriei eta, oro har, lokalen segurtasun-neurriei dagokienez, aplikatzekoa izango da Eraikuntzako Kode Teknikoan eta sektore-araudi aplikagarrian xedatutakoa.
9.- Autobabes-plana.
Aplikatzekoa izango da indarrean dagoen autobabes-planei buruzko araudian xedatutakoa».
Hirugarren artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren Araudia onartu zuen otsailaren 10eko 31/2004 Dekretuaren aldaketa.
Lehenengoa.- Ezabatu egin da bingo-jokoaren Araudiaren «Kategoriak» 23. artikuluko 5. paragrafoa.
Bigarrena.- Idazketa berria eman zaie bingo-jokoaren Araudiaren «Kategoriak» 23. artikuluko 3. eta 4. paragrafoei.
«3.- Bingo-aretoetan nahitaezkoa izango da langileak egotea sarrera emateko zerbitzuaren eginkizunak betetzeko, erabiltzaileen sarrerak kontrolatzeko eta adingabeak eta legezko edozein egoeragatik, Erregelamendu honen 17., 18, eta 19. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, debekatuta duten pertsonak sartzea eragozteko.
4.- Bingo-aretoetako langileen gainerako eginkizunak gauzatze aldera, neurriak hartu ahalko dira kontratatutako langileek eginkizunak aldi berean bete ditzaten, betiere jokalarien sarreren kontrola eta partidak behar bezala egiten direla eta baimenaren enpresa titularrak administrazio-eginbehar guztiak betetzen dituela bermatzen bada».
XEDAPEN GEHIGARRIA
Joko-kasinoetan, bingoetan eta joko-aretoetan jokoak egin ahalko dira kanal elektroniko, informatiko, telematiko eta interaktibo edo urrutiko beste edozein komunikazio-bideren bitartez. Joko-lokal horien enpresa titularrek beren joko-modalitateak ustiatuko dituzte euskarri horiek erabiliz, Estatuko sektore-araudian ezarritako eskakizunen arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko araudia kontuan hartuz. Nolanahi ere, jarduera horiek garatzeko beti jokoaren alorrean eskuduna den Zuzendaritzaren baimena beharko da.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Dekretu hau indarrean sartzean ustiatzeko aukera-egoeran dauden B motako makinak ustiatzeko baimenek egoera hori luzatu ahalko dute gehienez 15 hilabete bete arte.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2012ko otsailaren 28an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Herrizaingoko sailburua,
RODOLFO ARES TABOADA.