Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2012ko otsailaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
903

4/2012 EBAZPENA, otsailaren 1ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.- Honako hitzarmen hauen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea:

- Lankidetza-hitzarmena, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren artekoa, lan-ikuskaritza arloan transferitutako eskumenak erabiltzeko informazioa lagatzeari buruzkoa (Esp.: 2011/01133). Ikus I. eranskina.

- Lan eta Immigrazio Ministerioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetza-hitzarmena, laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroa bitarteko elektronikoen bidez egiteari buruzkoa (Esp.: 2011/00624). Ikus II. eranskina.

- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Euskal Irrati Telebista Erakunde Publikoaren (Eitb) arteko Lankidetza-hitzarmena, publizitate- saioak hedatzekoa. Ikus III. eranskina.

- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren (Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila) eta Lan Harremanen Kontseiluaren arteko Lankidetza Hitzarmena, gizarte eta lan-arloko informazioa lagatzeari buruzkoa (Esp.: 2011/00305). Ikus IV. eranskina.

- Kudeaketa Gomendioa, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Osatek SA Sozietate Publikoari egindakoa, eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Osatek SA Sozietate Publikoaren arteko Konfidentzialtasun-hitzarmena, Telelaguntza Zerbitzuaren kudeaketaren Ingurukoa. Ikus V. eranskina.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 1a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

M.ª JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

I. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 1EKO 4/2012 EBAZPENARENA

LANKIDETZA HITZARMENA, GIZARTE SEGURANTZAREN DIRUZAINTZA OROKORRAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKOA, ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILAREN BITARTEZ, INFORMAZIOA LAGATZEARI BURUZKOA

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 21a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra, erakundeko titular Francisco Javier Aibar Bernad jauna ordezkari duela, apirilaren 23ko (100. zenbakiko BOE, apirilaren 24koa) 838/2004 Errege Dekretuak izendaturikoa.

Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoa, Enplegu eta Gizarte Gaietako Gemma Zabaleta Areta sailburu andrea ordezkari duela, maiatzaren 8ko 11/2009 Dekretuak izendaturikoa.

Alderdiek elkarri onartzen diote Hitzarmen hau sinatzeko nahikoa gaitasun eta horretarako

AZALDU DUTE:

1.- Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra Lan eta Immigrazioko Ministerioaren zuzendaritza-organoa da, Gizarte Segurantzaren Estatuko Idazkaritzari atxikia. Gizarte Segurantzaren Zerbitzu Erkidea da, izaera juridiko propioa duena eta sistemaren baliabide ekonomikoen eta finantza-administrazioaren kudeaketa dagokiona, finantza-elkartasunaren eta kutxa bakarraren printzipioak aplikatuz.

2.- Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren egitura eta eskumenak arautzen dituen ekainaren 20ko 1314/1984 Errege Dekretuak 1.a) artikuluan enpresak inskribatzearen eta langileen afiliazioaren, alten eta bajen arloko eskumenak esleitzen dizkio, eta 1.b) artikuluan Gizarte Segurantzaren sistemaren kuoten kotizazioaren eta bilketaren nahiz gainerako finantza-baliabideen kudeaketa eta kontrola, arlo horiek ondoren enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeari eta langileen afiliazioari, altei eta bajei buruzko Erregelamendu Orokorrean (urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuak onartu zuen), Gizarte Segurantzaren beste eskubide batzuen kotizazioari eta likidazioari buruzko Erregelamendu Orokorrean (abenduaren 22ko 2064/1995 Errege Dekretuak onartu zuen) eta Gizarte Segurantzaren Bilketari buruzko Erregelamendu Orokorrean (uztailaren 11ko 1415/2004 Errege Dekretuak onartu zuen) araututa dira.

3.- Azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 4. artikuluan, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen idazkuntzaren arabera, ezartzen da Administrazio Publikoek, beren jarduera betez eta elkarrekin dituzten harremanetan, gainerako Administrazioek beren eskumenak betetzeko beharko lituzketen lankidetza eta laguntza aktiboa eman behar dutela beren eremuan.

4.- Ekainaren 24ko 895/2011 Errege Dekretu bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio, bere lurralde-eremuan, ikuskaritzako zeregin publikoa eta Laneko ikuskaritzako zerbitzuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren gaietan lan-arloko arauak behar bezala betetzen laguntzen duten organoek, funtzionarioek eta baliabide materialek osatzen dituztenak, betiere Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak honako hauek bermatzeko: alde batetik, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren Sistemaren beharrezko lankidetza eta laguntza Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan, eta bestetik koordinazio instituzionala ikuskaritzako zeregina eraginkortasunez egikaritzea, eta azkenik, lan-arloko gai guztietan izango duen jarduna, sistema horren ikuskera bakarra eta integralaren barruan Lankidetza Hitzarmen bat sinatuko dute eta horren bitartez Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren Euskal Kontseilua eratu nahi da. Kontseilu horren helburua izango da Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren Sistemak funtzionamendu integratua izateaz gain Euskal Autonomia Erkidegoan duen eta eskualdatze-akordioan eta akordio hori osatzen duten akordio osagarrietan ezarritako helburuak eta xedeak betetzea.

Antolamenduari dagokionez, Administrazio bakoitzak bere egitura organiko eta zuzendaritza propioa izango du erkidegoan.

5.- Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 66. artikuluaren 1.c) puntuak, Gizarte Segurantzaren arloko xedapen espezifikoei buruzko abenduaren 10eko 52/2003 Legearen 6. artikuluak emandako idazkuntza berriari jarraiki, ezartzen duenez, «Gizarte Segurantzaren Administrazioak bere eginkizunak egikarituz lortzen dituen datu, txosten edo aurrekariek izaera erreserbatua dute eta Gizarte Segurantzaren Erakunde Kudeatzaileei eta Zerbitzu Erkideei agindutako helburuetarako soilik baliatu ahalko dira, eta ezin izango zaizkie hirugarrenei laga edo jakinarazi, salbu eta lagapen edo jakinarazpen horren helburua, besteak beste, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekin, ikuskaritzako zeregina betez, edo erakunde lagatzailea ez diren Gizarte Segurantzako gainerako Erakunde Kudeatzaileekin eta Gizarte Segurantzaren Administrazioko gainerako Erakundeekin lankidetzan jardutea bada».

6.- Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren antolamenduari buruzko azaroaren 14ko 42/1997 Legean eta Lege hori garatzen duen erregelamenduan (otsailaren 4ko 138/2000 Errege Dekretuak onartua) agindutako kudeaketa burutzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailera eskualdatutako Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzako langileek derrigorrez izango dute Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorreko datu-baseetako fitxategi orokorretan bilduta dagoen informaziorako sarbidea kontsulta moduan.

7.- Oro har, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren datu-baseetarako sarbidea izateko aukera 2004ko uztailaren 28ko ebazpenaren lehenengo, bosgarren eta zortzigarren puntuetan biltzen da. Aipatutako ebazpena «Gizarte Segurantzaren Estatuko idazkariak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako idazkariordetzak elkarrekin ebatzi zuten eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren Zuzendaritza Orokorraren arteko elkarrekiko lankidetza areagotzeko eta eraginkorragoa egiteko harreman-esparrua ezarri zen». Arestian aipatutako ebazpena, indarrean noiz jartzen den kontuan hartuta, Estatuko Administrazio Orokorraren eremuari buruzkoa da, baina horrek ez du eragotzi behar, uniformetasun- eta koherentzia-arrazoiak direla medio, ebazpen horretako edukia hitzarmen honetan eta beste Administrazio Autonomiko batzuekin etorkizunean sina litezkeen hitzarmenetan aplikatu ahal izatea.

8.- Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoari informazioa -Euskal Autonomia Erkidegoaren datu-baseetan dagoena eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren zereginak egikaritzeko baliagarria izan daitekeena- eskatzeko eta lortzeko duen aukerari dagokionez, aukera hori azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 4. artikuluan dago bilduta, orokorrean, betiere urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako eta arestian aipatutako idazkuntzaren arabera. Bereziki, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren arteko lankidetza, lehenengoaren mendetasun organikoa eta/edo funtzionala edozein izanik ere, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza antolatzen duen azaroaren 14ko 42/1997 Legearen 10.1 artikuluan dago babestuta.

9.- Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren arteko informazio-lagapenari buruzko Lankidetza Hitzarmenaren helburua ordenamendu juridikoak, bigarren klausulan ezarritakoaren arabera, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren Sistemako funtzionarioei esleitzen dizkien zereginak garatu ditzaten laguntzea da eta ez du Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak 2010eko maiatzaren 11n sinatutako Lankidetza Hitzarmena ordezten. Aipatutako azken Hitzarmen hori afiliazioko fitxategi orokorra baliatzeko baimenari buruzkoa da, hitzarmen horretan aurreikusitako transakzioak lortzeko.

Horrenbestez, helburu publikoak betetzeko elkarrekiko lankidetzaren espirituaren barruan, bi alderdiek adostu dute hitzarmen hau izenpetzea, honako klausula hauekin bat etorriz:

KLAUSULAK

Lehenengoa.- Xedea.

Hitzarmenaren helburua Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren arteko lankidetzaren baldintzak eta terminoak ezartzea da, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren Sistemako funtzionarioek Gizarte Segurantzaren informazio-sistema baliatzeko aukera ahalbidetzeko, III. eranskinean ezarritako transakzio informatikoei dagokienez, betiere 30/1992 Legearen 4. artikuluan ezarritakoa aparte utzi gabe. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren Fitxategietan sartzeko moduari, baimenaren, esleipenaren eta funtzionamenduaren ezaugarriei nahiz gainerako baldintzei dagokienez, inplikatutako alderdiek 1996ko urtarrilaren 17ko Ministerio Aginduan (1996ko urtarrilaren 25eko BOE) ezartzen denera egokitu beharko dute.

Bigarrena.- Xedea.

Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren datu-baseetako informazio-lagapenaren helburu esklusiboa ordenamendu juridiko bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari organikoki eta funtzionalki atxikitako Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren Sistemako funtzionarioei esleitzen zaizkien zereginen garapena ahalbidetzea da.

Hitzarmen honen bitartez, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak baimena ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari bere fitxategietako datu-baseetan dagoen informazioa lortzeko transakzioak (III. eranskinean azaltzen dira) erabiltzeko.

Hirugarrena.- Printzipioak eta baimena.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak honako puntu hauetan xedatutakora egokitu beharko dute:

1.- Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak Hitzarmen honetan aipatzen diren transakzioen erabileraren hasierako baimena emango du.

2.- Hitzarmen honek aztergai duen sarreraren konfigurazioak Gizarte Segurantzaren sistema informatikora sartzeko kontrolari buruzko 1996ko urtarrilaren 17ko Aginduak ezarritako honako printzipio hauek bete beharko ditu:

● Konfidentzialtasuna, informazioa informazio hori baliatzeko baimenduta dauden erabiltzaileentzat soilik eskuragarri dagoela ziurtatuta, eta horiek kudeaketari dagokionez beren eginkizun zehatzetarako soilik erabiltzen dutela, dagokion baimentzean zehazturiko moduan, denboran eta baldintzetan.

● Segurtasuna, informazioa baimenduriko erabiltzaileek soilik sortu, erabili, aldatu edo ezabatu ahalko dutela bermatuta, baimenak ezarritako moduan eta mugekin betiere.

● Erabilgarritasuna, baimenduriko erabiltzaileek informazioa baliatzeko aukera izan dezaten, dagokion moduan eta hori eskatzen dutenean aginduriko kudeaketaren zereginetarako.

3.- Administrazioaren sistema erabiltzaile guztiei baimen-profilak esleitzean oinarrituko da, horiek betetzen dituzten eginkizunen arabera. Ildo horretan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak 4. mailako erabiltzaile baimentzaileko profila esleituko du eta erabiltzaile horrek agindutako kudeaketa-eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren bezainbeste erabiltzaile-koderi alta emango die.

Puntu honi dagokionez, sistema informatikoa baliatzeko baimenduriko pertsonei deitzen zaie «erabiltzaile», baina gaitasunik ez dutenak beste erabiltzaile batzuei Silconen alta emateko, ezta baimenik transferitzeko ere. U mailan identifikatuko dira horiek.

Alta emandako erabiltzaile baimentzaileak profilak esleituko ditu, eta halakotzat hartuko dira bere lanpostua dela-eta baimendu (erabiltzaile) jakin batek balia ditzakeen transakzioak Silconen idaztea.

4.- Erabiltzailea, eta subsidiarioki Euskal Autonomia Erkidegoaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila, da erabiltzaileei baimen-profilak esleitzearen arduradun, kudeaketa-premiekin uztartu beharrekoak, eta emandako baimenak behar bezala erabiliko direla zainduko du.

5.- Sistema baliatzeko aukera duten erabiltzaile guztiek identifikatu eta kautotu behar dira, eta betiere jakin beharko da nor den erabiltzailea eta sisteman bilduriko dagokion informazioa baliatzeko arrazoiak. Horregatik, erabiltzaile bat baimentzeko unean eskaturiko eremu guztiak beteko dira, hala nola lanpostuaren ezaugarriak eta informazio osagarriak, telefono-zenbakia, faxarena, eta abar.

6.- Erabiltzaile bakoitzak sartzeko kode bakarra izango du eta bere kodearekin eta pasahitz pertsonalarekin egiten diren sarrera guztien arduradun izango da.

7.- Erabiltzaileren bat, dela baimentzailea edo baimendua, beste lanpostu batean hasten bada beste kudeaketa-unitate batean edo baja hartzen badu bere borondatez, edo enplegua eteten badiote, baja emango zaio erabiltzaile-kodeari. Bestalde, kontrolak ezarriko dira erabiltzaileen inaktibitate-denborari dagokionez, eta ezeztatutako egoerara igaroko dira datu-baseetako fitxategiak baliatu gabe hiru hilabete igarotakoan. Erabiltzaileak sistema baliatzeko iraungipen-datak ezartzeko aukera ere izango da, eta konexio-orduan mugak ezartzekoa ere bai.

Laugarrena.- Erantzukizun-adierazpena.

Identifikaturiko erabiltzaile guztiek, eta haien arduradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailean, jakin behar dute programak kopiatzea edota izaera pertsonaleko datuak zeregin desegokietan erabiltzea legez kontrako eragiketak direla, administrazio-erantzukizunak izan ditzaketenak, eta zehazki abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren VII. tituluan ezarritakoak, baita beste edozein izaeratako erantzukizunak ere, penalak barne, eta hori horrela, edozein arrazoi tarteko, zantzurik badago datuak, aurrekariak, erregistroak edo txostenak erabiltzaileari esleituriko kudeaketaz bestelako xede baterako erabili direla, edo desegoki zabaldu direla, sekretu profesionaleko betebeharra urratuz, gai horietarako definituriko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren solaskideari jakinaraziko zaizkio gertakari horiek, ahal dela bi alderdiek dagozkien neurriak har ditzaten.

Erantzukizun horiek jakinarazteko, egindako erabiltzaileen alta guztietan dokumentu bat bete beharko da, bertan erabiltzaileak harturiko konpromisoak zehaztuta, klausula honetan eta Hitzarmen honi erantsitako eranskinean adierazitakoaren arabera. Dokumentu hori 4. mailako baimentzailearen esku geratuko da, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarentzat eskuragarri egongo da eskatzen duenean.

Bosgarrena.- Datuen babesa.

Emandako datuen kontrola eta segurtasuna Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedaturikoaren arabera egikarituko da, Lege Organiko hori garatzeko Erregelamenduan, abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuak onartutakoan eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak onarturiko segurtasun-dokumentuetan.

Seigarrena.- Lagatako datuen zaintza.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak ahalbidetzen dituen eta II. eranskinean bilduta dauden auditoriako sistema eta bitarteko informatikoen bidez, organo lagapen-hartzaileak jasotako datuen behar bezalako zaintza eta erabilera egokia bermatzen dituzten kontrol-jarduerak egin beharko ditu, eta fitxategiak edo haiek bilduta dauden baseak baliatzeko modu egokia eta justifikazioa bermatzeko beste edozein jarduera ere bai.

Organo lagapen-hartzaileak konpromisoa hartzen du sarrera bakoitza justifikatu egingo dela hura eragin duen arrazoiarekin edo espedientearekin.

Zazpigarrena.- Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren gaitasunak.

1.- Aurrekoa aparte utzi gabe, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak beretzat gordetzen ditu honako gaitasun hauek:

a) Jasotako datuetara sarrerak edo horiei ematen zaien erabilera kontrolatzea, gainbegiratzea edota auditatzea, eta horretarako Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren Auditorien Unitate Nazionalak nahi beste kontrol gehigarri edo osagarri egin ahalko ditu.

b) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak egoki edo komenigarri iritzitako azalpenak edo informazio osagarria edozein unetan eskatzea sarreren zuzentasunari, zaintzari edo lagatako informazioaren erabilerari dagokionez.

c) Arrisku-sarrerak egin dituzten erabiltzaileen baimenak eten eta profilak desaktibatzea, arrisku-sarreratzat hartuta erabilitako helburuekiko izan beharreko korrespondentzia egiaztatuta geratu ez den kasu guztiak.

2.- Organo lagapen-hartzaileak onartzen ditu Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren Auditorien Unitate Nazionalak erabakitzen dituen kontrol- eta gainbegiratze-jardunak, lagatako informazioa behar bezala lortu eta erabili dela egiaztatzeko, baita aplikatzekoak diren baldintza arau-emaile edo konbentzionalak ere.

Zortzigarrena.- Mugak.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak beretzat gordetzen du Hitzarmen hau sinatu ondorengo edozein unetan datu babestuak baliatzeko moduak -fitxategietara zuzenean sartuta, euskarri fisikoaren edo konexio telematiko edo elektronikoaren bidez dela ere- berrikusteko gaitasuna, eta horiek mugatzea arrazoi teknikoak, fitxategietan sarturiko hobekuntzen ondorioz fitxategi horietan egindako hobekuntzak, transakzioen erabilerarik eza edo Hitzarmen honetan hitzarturiko baldintzak aldatzea eragin dezaketen bestelako arrazoi batzuk direla-eta.

Bederatzigarrena.- Erantzukizunak.

Organo lagapen-hartzaileak dokumentu honen bidez onartzen du eta bere gain hartzen du datu-lagapena Hitzarmen honetan zehazten diren helburu esklusiboetarako gertatzen dela, eta hori horrela, datu horiei dagokienez egiten den edozein erabilera Hitzarmen honen ez-betetzea izango da, Diruzaintza dagozkion erantzukizunak eskatzeko gaituko duena.

Kontrol- edo auditoria-jardunen ondorioz edo salaketaren edo komunikazioaren eraginez irregulartasunen bat atzematen bada datuak, aurrekariak, erregistroak edo txostenak organo lagapen-hartzailearen berezko kudeaketarekiko bestelako helburuekin erabiltzearekin lotuta, berehala irekiko dira eginbideak osorik argitzeko eta, kasuan kasu, erantzukizunak eskatzeko, dagokion agintaritza judizialari helarazita, hala badagokio.

Erakunde lagapen-hartzailea arduradun izango da Diruzaintzarekiko eta hirugarrenekiko lagatako datuak direla-eta erabiltzaileek egindako erabilera desegokiaren ondoriozko edozein erreklamaziori dagokionez, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra horri buruzko edozein erantzukizunetatik salbuetsita. Diruzaintzak Erakunde lagapen-hartzailearen aurka errepikatu ahalko du ez-betetze horren ondorioz ordaindu beharreko edozein kalte-ordain dela-eta.

Hamargarrena.- Indarraldia.

Hitzarmen honek urtebeteko indarraldia du, sinatzen den egunetik zenbatzen hasita, eta epea amaitzean isilbidez luzatutzat joko da, salbu eta alderdi bietako edozeinek amaiera iragarritzat jotzen badu mugaeguna baino hilabete lehenago gutxienez.

Hamaikagarrena.- Jurisdikzio-agindu eskuduna.

Lankidetza Hitzarmen honek izaera administratiboa duenez, hura interpretatzean eta betetzean sor daitekeen auzigai oro administrazioarekiko auzien aginduaren jurisdikzio-organoen eraginpean jarri beharko da.

Hamabigarrena.- Finantzaketa.

Hitzarmen honetan aurreikusitako jardunek ez dituzte kostuak sortuko eta ez dituzte finantza-kontraprestazioak eragingo alderdi sinatzaileen artean.

Eta zaldutako guztiarekin adostasuna adieraziz, bi alderdiek dokumentu honen bi ale sinatu dituzte hasieran adierazitako tokian eta egunean.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren zuzendari nagusia,

JAVIER AIBAR BERNAD.

Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

GEMMA ZABALETA ARETA.

I. ERANSKINA

....................................................................... .......................................................................... ..... jaunak/andreak,........................... NANa duenak eta..................................................................(a)ri atxikita dagoenak, dokumentu honen bidez, honako hau

JAKINARAZTEN DU:

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 10. artikuluan eta Gizarte Segurantzaren sistema informatikora sartzeko kontrolari buruzko 1996ko urtarrilaren 17ko Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoari jarraiki, garatzen dituzten eginkizunek edo egiten dituzten lanek alta badakarte sistema informatikoaren erabiltzaile gisa, konpromisoa hartzen du transakzioak baimenduta dagoen kudeaketa-helburuetarako soilik erabiltzeko eta ezagutzen dituen datuei buruzko sekretu profesionala gordetzeko, eta fitxategi informatikoetara egiten diren sarrera guztien arduradun izango da, bere pasahitza pertsonalaren eta emandako sarrera-kodearen bidez.

Adierazitako betebeharrak ez betetzea, baimendu gabeko erabiltzaileak informazioa baliatzea, agindutako eginkizunerako beharrezkoak ez diren prozesuak edo transakzioak esleitzeak edo sartzeko identifikazio pertsonalaren zaintzarik edo sekreturik ezak administrazio-erantzukizunak eskatzea eragingo du, zehazki abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren VII. tituluan ezarritakoak, baita beste edozein izaeratako erantzukizunak ere, penalak barne.

..............................................., 2......(e)ko..........................................aren.....(a)

II. ERANSKINA

AUDITORIA PROZEDURA

Honako hauek dira auditoria-prozesuan inplikaturiko alderdiak:

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko auditore delegatua.

Honako eginkizun eta eskumen hauek ditu:

1) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarekiko solaskidea izango da bere eskumeneko esparruan eta eginkizun nagusitzat beren erakundeetan baimenduriko erabiltzaileei hileko auditoria egitea izango da.

2) Destino-osagarriko 26. maila izango du gutxienez, salbu eta organo lagapen-hartzailearen justifikaturiko eskaera badago maila salbuesteko, betiere Auditorien Unitate Nazionalak onartu beharrekoa.

3) Erabiltzaile auditorearen profila esleituko zaio Silconen, eta, ondorio horietarako, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak dagokion Sailean emango dio alta; horretaz gain, auditore delegatu gisa hautaturiko pertsonari dagokionez izaten diren alta, baja edo ordezkapenak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren auditore delegatuari jakinaraziko zaizkio albait lasterren, eta hark Auditorien Unitate Nazionalari jakinaraziko dizkio.

4) Auditorien Unitate Nazionalak, kanpoko Erakundeak aurretik eskatuta, ordezko auditore delegatuaren figura baimendu ahalko du (auditore delegatuak betetzen dituen eskakizun-maila berak bete beharko ditu eta Silconen ere 4. maila esleituko zaio) auditore delegaturik ez badago, falta bada edo gaixorik badago.

5) Erabiltzaile auditorearen profilak ez dakar berekin erabiltzaile administrariaren kargua, bi erabiltzaileek Silconen 4. maila badute ere. Horren arrazoia zera da, auditoria-zeregina ez dela informatikoa, baizik eta sarreren justifikazio dokumentalari loturikoa.

6) Pertsona berak ezin izango ditu batera bete Silcon administratzailearen eta auditore delegatuaren karguak.

2.- Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren Arabako auditore delegatua:

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren Arabako Zuzendaritza Probintzialean, honako eginkizun hauek izango ditu Probintziako auditore delegatuak:

1) Kanpoko Erakundearen auditore delegatuaren sarreren auditoriak egitea.

2) Kanpoko Erakundearen auditore delegatuak landuriko auditoriako hileko txostenean emandako datuak jasotzea, sistematizatzea eta aztertzea.

3) Sail batek kanpoko Erakundearen auditore delegatua esleitzea/desesleitzea.

4) Kanpoko Erakundearen auditore delegatuari informazioa ematea eta zalantzak eta gorabeherak argitzea.

5) Auditorien eta gorabeheren emaitza Auditorien Unitate Nazionalari jakinaraztea.

3.- Auditorien Unitate Nazionala:

Honako hauek izango dira Auditorien Unitate Nazionalaren eginkizunak:

1) Argibideak behar bezala ematen direla zaintzea eta okerreko sarrerei buruzko zalantzak argitzea, auditoriak unitate eskudunek egin ditzaten, irizpide bateratu batzuekin betiere.

2) Proposamenak eta gomendioak egitea Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak kudeaturiko fitxategi informatiko eta datu-baseetarako sarreren egokitzearekin loturiko gaietan, bereziki honako hauei dagokienez:

3) Transakzioen edukiak aldatzeko proposamena, eduki horiek direla-eta arrisku-egoerarik gerta badaiteke datu pertsonalen babesean.

4) Erabiltzaileen baimenen kontrol espezifikoa, eta etetea edo behin betirako kentzea gertatu ahalko da baimen horiek oker erabili direla ikusten bada.

5) Espezifikoki auditoria-sistemari buruzkoak diren Silcon transakzioak administratzea, baita auditoreak sortzeko, atxikitzeko eta kentzeko, profilak aktibatu eta desaktibatzeko eta sarreren arrastoen jarraipena egitekoak ere. Horretarako, Auditorien Unitate Nazionalak beharrezko eskaerak eta proposamenak egingo dizkio Gizarte Segurantzaren Informatikako Gerentziari.

6) Konfidentzialtasun Sistemarako okerreko sarreren auditoria espezifikoak egitea titularrek baliaturiko datuen salaketak egiten dituztenean, edozein tokitan aurkezten dituztela ere, eta zentralizatuta izapidetzea sartzen diren salaketa eta komunikazio guztiak datu-babesaren edozein urraketa edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren kargurako fitxategietarako okerreko sarrerei buruz.

7) Zuzendaritza Orokorrak eskatzen duen informazioa koordinatu eta prestatzea Datuak Babesteko Espainiako Agentziarekin duen harreman instituzionala bideratzeko. Horretarako, Auditorien Unitate Nazionalari igorri beharko zaio Agentzia horrek jasotzen duen edozein idazki edo eskaera.

Auditoriako prozedura zehatza kanpoko Erakundeari jakinaraziko dio Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak dagokion hileko auditoria hasi baino lehen, eta Zuzendaritzak prozesu hori azaldu eta auditore delegatuaren datu pertsonalak eskatuko ditu.

III. ERANSKINA

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren artean dagoen lankidetzaren arabera, Diruzaintzak ondoren aipatuko diren transakzio informatikoak gaitu ditu ikuskaritzako jarduna ahalbidetzeko.

T0ITSS00 taldea: Kontsulta Orokorrak

Izendapen-kodea

ACC60 Consulta Múltiple de CCC.

ACC61 Consulta General de CCC.

ACC92 Historia Laboral de Cuenta de Cotización.

ACC93 Historia Laboral de Cuenta de Cotización.

ACC97 Vida Laboral CCC. Inspección de Trabajo.

ATT60 Consulta de Afiliado. Múltiple por NSS.

ATT61 Consulta de Afiliado. General.

ATT66 Consulta de Afiliado. Múltiple por IPF.

CHU07 Validación de Huella para Informes.

CRD70 Consulta de Envíos de Afiliación.

NPI01 TC1 Régimen General.

NDC08 Emisión a un Sujeto Responsable.

NPI06 TC1/4 RE del Carbón.

NPI08 TC1/16 RE del Mar Cuenta Ajena.

NPI11 TC3/21 RE Agrario Cuotas de AT y EP.

NPI12 TC1 25 SE. Manip. Y Empaq. Tomate Fresco.

NPI13 TC1 26 COT. Complemen.Industria Textil.

NPI60 Consulta de Incidencias.

NRD61 Consulta Datos TC/2 y TC/1.

NRD63 Consulta de Envios de Recaudación.

NRD70 Consulta de Envios de Afiliación.

NRD74 Bases de Cotización por Trabajador.

NRD89 Consulta de Saldos Acreedores.

NRH61 Consulta Huellas de Recaudación.

NRR02 Consulta Usuario por Empresa.

NRR62 Consulta General.

NRW60 Consulta De Pago Electrónico.

NRW62 Contraste De Huella Del Recibo De Liquid.

QTC60 Consulta de Bases de Cotización.

QTC61 Consulta Selectiva Bases de Cotización.

RAM30 Consulta General de Aplazamientos.

RCUS2 Informe de Situación de Cotización.

RCU04 Relación de Cobros de Un Período.

RCU05 Relación de Deuda de Un Período.

RCU06 Historial de Cobros y Deudas.

RCU07 Consulta de Deuda por Num. de Documento.

RDT00 Consulta General de Cotizaciones TC2.

RDT10 Consulta/Impresión Anual de Cotizaciones.

RTS02 Cobr.hasta 12/89 y deuda Can. hasta 3/95.

RVE91 Consultas General VE.

RIN11 Consulta Carga Descubiertos.

TAT6E Consulta Relación TC2/19 por NAF.

TAT6Y Consulta de Sitaciones por NAF.

RNC92 Situación de Cotización.

II. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 1EKO 4/2012 EBAZPENARENA

LAN ETA IMMIGRAZIO MINISTERIOAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, LANEKO HITZARMEN ETA AKORDIO KOLEKTIBOEN ERREGISTROAK BITARTEKO ELEKTRONIKOEN BIDEZ FUNTZIONA DEZAN

Madrilen, 2011ko azaroaren 17an.

BILDU DIRA:

Alde batetik: Valeriano Gómez Sánchez jauna, Lan eta Immigrazio ministroa, urriaren 20ko 1325/2010 Errege Dekretuaren bidez izendatua.

Eta bestetik: Gemma Zabaleta Areta andrea, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako sailburua, maiatzaren 8ko 11/2009 Dekretuaren bidez izendatua.

Bi aldeek aitortu diote elkarri lankidetza-hitzarmen hau adosteko eta izenpetzeko behar den gaitasuna.

AZALDU DUTE:

1.- Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroari eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuak apustu garrantzitsua egin zuela laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen tramitazio- eta erregistro-prozedurak hobetzeko, eta, horretarako, bitarteko elektronikoen bidez funtzionatzekoak diren prozeduretan uztartu zituela haiek.

Erregistro berriak indarrean sartzeaz batera, modu elektronikoan egingo dira laneko hitzarmen edo akordio kolektiboak erregistratzearekin lotutako ezein izapide egiteko Administraziorako sarbideak, inork inora joateko beharrik izan ez dezan eta, horrela, prozedura erraz dadin; horri esker, askoz arinago egingo dira prozedurak.

Horrez gainera, datu-base zentrala sortzeari esker, lehen aldiz eskura izango dugu denbora errealean negoziazio kolektiboaren egoerari buruzko informazio fidagarria, bai estatuan bai autonomia-erkidegoetan. Izan ere, autonomia-erkidegoek informazio oso eta zehatza izango dute tokian tokiko enpresei eta langileei eragiten dieten hitzarmen eta akordio kolektibo guztiei buruz, hura erregistratzeko Lan Agintaritza zein den alde batera utzita.

Beste alde batetik, datu estatistikoak berrikusi behar izan direla eta, haiek eguneratu eta negoziazio kolektiboarekin lotutako errealitate berrietara egokitu behar izan dira; eta, horrela, adibidez, berdintasun-planei dagokienez, gaur egun horri buruzko informazio estatistikorik ez dugun arren, informazio hori modu elektronikoan aurkezteari esker, lan-agintaritza bakoitzak egoki irizten dituen azterketak egin ahal izango ditu, tokian tokiko negoziazio kolektiboa zertan den jakiteko.

Beste alde batetik, datu estatistikoak dituzten eredu ofizialetako edukiak eguneratu dira, informazioaren kalitatea hobetzeko eta negoziazio kolektiboarekin lotutako errealitate berrietara egokitzeko; alde horretatik, hainbat gai eguneratu dira: soldatak bermatzeko klausulen bidezko soldaten berrikuspena; berdintasuna eta diskriminaziorik eza; eta abar. Era berean, informazio hori modu elektronikoan aurkezteari esker, Lan Agintaritzak lehen baino azkarrago jakingo du tokian tokiko negoziazio kolektiboen berri.

Orobat, datu guztiak behar bezala orraztu ostean, Lan eta Immigrazio Ministerioko Estatistikarako Zuzendariordetza Nagusiak Laneko Hitzarmen Kolektiboei buruzko azterketa estatistikoa egiteko erabiliko du erregistroaren bidez jasoko den Datu Estatistikoen Orriko informazioa.

2.- Maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuak zehazten du nola egin behar den hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroa bitarteko elektronikoen bidez, eta horren ondorioz, ezinbestekoa da aplikazio informatiko bat eskura izatea, erregistroei estaldura nahikoa emateko. Datu-base zentrala sortzean, gainera, guztiz ezinbestekoa da hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro bakoitzak informazioa zenbait xehetasun teknikori jarraituz bidaltzea.

3.- Ezinbestekoa da izen-emate guztiei buruzko oinarrizko datuak dituen datu-base zentral bat eskura izatea, batetik, edozein erregistrotako inskripzioak kontsultatzeko zein interkomunikatzeko eta, bestetik, datu horiek modu publikoan lortzeko. Salbuespen bakarra pertsonen intimitateari buruzko datuak izango dira; izan ere, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak aurreikusitakoaren babes eta bermepean daude datu horiek. Helburu horiek gogoan hartuta, Lan eta Immigrazio Ministerioak aplikazio informatiko bat sortu du, eta haren bidez, datu-base zentralari estaldura emango zaio, bai eta estatuz edo autonomia-erkidegoez gaindiko esparruko laneko hitzarmen eta akordio kolektiboei, eta Ceuta eta Melillako hiri autonomoei ere bai.

Autonomia-erkidegoek nahi izatera, eskuragarri izango dute aplikazio informatiko hori, beren erregistroen euskarri informatiko gisa.

Era berean, Lan eta Immigrazio Ministerioak aplikazio informatiko propioak sortu eta datu horiek eskatzen dituzten autonomia-erkidegoen eskuetan jarri beharko ditu estatu edo autonomia-erkidegoez gaindiko hitzarmenei buruzko datuak.

Horregatik, hain zuzen, aipatutako Errege Dekretuak, bere lehenengo xedapen gehigarrian, lankidetza-hitzarmenak egitea aurreikusten du, erregistroen interkonexio egokia bermatzeko eta estatuko edozein lekutatik haiek kontsultatzeko.

Esandako guztia oinarri hartuta, goian aipatutako aldeek hitzarmen hau ezartzea erabaki dute eta klausula hauek adostu dituzte:

KLAUSULAK

Lehenengoa.- Hitzarmenaren helburua.

Maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarriaren arabera, hitzarmenak helburu hau du: Lan eta Immigrazio Ministerioaren eta Euskadiren arteko elkarlana artikulatzea, bitarteko elektronikoen bidez funtzionatzekoak diren laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroak eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen datu-base zentrala ezartzeko nahitaezko oinarriak ezartze aldera.

Bigarrena.- Aldeen konpromisoak.

1.- Lan eta Immigrazio Ministerioan sortutako aplikazio informatikoak zer-nolako aukerak ematen dituen frogatu ostean, eta Euskadik aplikazio horretan parte hartzeko nahia adierazi duelarik, Ministerioak parte-hartze hori erraztu eta haren alde egin beharko du, geroago adieraziko diren zehaztapenekin bat etorriz.

2.- Euskadik Lan eta Immigrazio Ministerioan sortutako aplikazio informatikoan parte hartuko duela-eta, erkidego horrek ez du kostu gehigarririk izango.

3.- Euskadik konpromisoa hartzen du hitzarmen honetako zehaztapen teknikoak betetzeko. Bitarteko elektronikoen bidez funtzionatzekoak diren laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroan izena emateko, Lan eta Immigrazio Ministerioko aplikazio informatikoan ezartzen diren zehaztapen teknikoei jarraituko zaie.

Aplikazio informatikoak gordeko ditu laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroko datuak.

Hirugarrena.- Datu-base zentrala.

1.- Aplikazio informatiko egokiaren bidez, datu-base zentralerako sarbidea izango dute laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen gaineko eskuduntza duten lan-agintaritzek; tartean izango dira maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritako baldintzei jarraituz hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroetan egindako idazpen elektroniko guztiak.

2.- Datu-basea konfiguratzean, hitzarmen, akordio nahiz argitaratzekoa den beste ezein komunikazio argitaratu dituzten aldizkari ofizialetarako esteka elektronikoak ere jarriko dira.

3.- Hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroen operatibotasuna bermatzeko, lan-agintaritzak bere erregistroetan formatu elektronikoan dituen kodeak eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen izenak bidaliko ditu.

Lan-agintaritzak formatu elektronikoan ez balitu hitzarmen eta akordio kolektiboei buruzko datuak, geroagoko idazpenak egite aldera, agintaritzak eskuz sartuko lituzke, Lan eta Immigrazio Ministerioak sortutako aplikazioaren bidez, indarrean dauden hitzarmen eta akordio kolektiboei buruzko gutxieneko datuak.

4.- Hitzarmen honetako I. eranskinean aurreikusitakoa izango da datuak elkarri trukatzeko formatua.

Laugarrena.- Autonomia-erkidegoek datu-base zentrala erabiltzea.

1.- Euskadik eskura dituen erregistroetako datuak Lan eta Immigrazio Ministerioan sortutako aplikazio informatikoan gordeko ditu.

2.- Datu-base zentralean dauden hitzarmen eta akordio kolektiboei buruzko informazioa kontsultatzeko nahiz behera kargatzeko, Euskadi hartaz balia daiteke.

Era berean, Euskadik eskura izango ditu bere lurraldeari eragiten dioten hitzarmen eta akordio kolektiboei buruzko datuak, eta I. eranskinean aurreikusitako datu-trukeetarako formatu beraren bidez behera kargatu ahal izango ditu, horiek beharrezko irizten dionerako erabiltzeko. Horretarako, egoki iruditzen zaion ezein aplikazio informatiko erabili ahal izango du, eta bertan, eskura dituen datuak gorde ahal izango ditu.

Euskadik hitzarmen honen jarraipen-batzordean egoki iritzitako aldaketak proposa ditzake, bere erregistroetan hobekuntzak egite aldera. Proposatutako aldaketak aztertu ostean, jarraipen-batzordeak, hala onartuz gero, aplikazioari gehituko dizkio, autonomia-erkidego guztiek eta Ministerioak berak eskura izan ditzaten.

Bosgarrena.- Datu-base zentralerako kanpo-sarbidea.

1.- Estatuaren Administrazio Orokorra behartuta dago erregistrorako sarbide bat sortzera Lan eta Immigrazio Ministerioko egoitza elektronikotik; haren bidez, datu-base zentralerako kanpo-sarbidea sortuko da.

Euskadik erregistroan sartzeko bere orria pertsonaliza dezake, eta eduki osagarriak erants ditzake, betiere bat etorriz Lan eta Immigrazio Ministerioak diseinu-kontuetarako ezarritako baldintzekin.

2.- Erregistroetarako sarbide-orrietako edukiek bat etorri behar dute Langileen Estatutuari buruzko Legea onartu zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak (horren arabera onartu zen, halaber, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateratua) eta maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuak ezarritakoarekin; horien aplikazioa ez dago, inolaz ere, hausterik. Halaber, bat etorri behar dute herritarrak zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoz sartzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta horien guztien erregelamendu bidezko garapenak ezarritakoarekin.

Seigarrena.- Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroetarako sarbidea.

1.- Erabiltzailearen informatika-profilaren arabera egingo da laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroetarako sarbidea.

2.- Erregistro horietara sartzeko informatika-profilak hauek izango dira:

a) Lan-agintaritzaren profila, bere erregistroaren euskarri informatiko gisa datu-base nagusiari euskarria emango dion aplikazio informatikoa erabiliko duena. Bere erregistroan dauden datu guztiak eskura jarriko ditu, eta bere eskumen-esparruko hitzarmen eta akordio kolektiboei buruzko izapideak eginaraziko. Orobat, datuen ustiapen informatikoa egin ahal izango da hari esker, aplikazioak ematen dituen aukeren arabera.

b) Hitzarmen nahiz akordio kolektibo bat inskriba dezaten eskatzeko zilegitasuna duten erabiltzaileen profila. Horri esker, laneko hitzarmen eta akordio kolektiboak inskribatzeko eta argitaratzeko eskaerak egingo dira, bai eta horiek dagozkien erregistroan inskribatzeko eskaerak ere; eta espedientea bideratzeari buruzko izapideak ere egingo dira.

c) Ziurtagiri elektronikorik gabeko erabiltzaileen profila. Horri esker, datu-base zentralean dauden laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen kontsulta publikoa egin ahal izango da.

3.- Ziurtagiri elektronikoaz gainera, a) eta b) profilek ere nahitaez erregistratuta egon behar dute sistemaren erabiltzaile modura.

4.- Klausula honetan aurreikusitakoaren ondorioz, Administrazio Publikoetako Ministerioko @firma plataformak errekonozitutako ziurtagiri elektronikoak onartuko dira, bai eta plataforma horrek homologatu eta sinadura elektronikoaren gaineko eskumena duen erkidegoko agintaritzak emandako ziurtagiriak ere.

5.- Lan eta Immigrazio Ministerioko Datuak Prozesatzeko Zuzendariordetza Orokorrari dagokio nahitaezko neurriak hartzea, datu-base zentraleko erabiltzaile administratzaile gisa lan-agintaritza bakoitzak izendatutako pertsonari alta emateko. Eskaera jaso eta hamabost egunen barruan eman behar da sarbidea.

Alta eman ostean, erabiltzaile administratzaileari dagokio bere jarduera-esparruko aplikazioaren erabiltzaileekin lotutako izapideak kudeatzea.

Zazpigarrena.- Aplikazioaren erabiltzaileei laguntzea.

Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroen funtzionamendua errazte aldera, Lan eta Immigrazio Ministerioak autonomia-erkidegoetako lan-agintaritzetako erabiltzaileen eskuetan jarriko du arreta elektronikoko sistema bat, haren bidez aplikazio informatikoa erabiltzean sor litezkeen arazoak konpontzeko.

Arreta-sistema hori hogeita lau hilabetez erabilgarri egongo da, aplikazioa martxan jartzen denetik.

Euskadiko lan-agintaritzari dagokio negoziazio-batzordeek nahiz gizarte-eragileek, beren eskumen-esparruan, egin ditzaketen kontsultei erantzutea, laneko hitzarmen eta akordio kolektiboak aurkezteari buruz, erregistro berriak direla-eta.

Zortzigarrena.- Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroetako datuak.

Bederatzigarrena.- Jarraipen-batzordea.

Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroen ezarpen, funtzionamendu eta kudeaketaren jarraipena egiteko, batzorde bat sortuko da, eta Euskadik ere parte hartuko du bertan. Batzordea honela osatuko da, eta funtzionamendu-araubide eta eginkizun hauek izango ditu:

a) Osaera:

Lan eta Immigrazio Ministerioaren aldetik: hurrenez hurren, Lan Zuzendaritza Orokorrak, Estatistikako Zuzendariordetza Orokorrak eta Datuak Prozesatzeko Zuzendariordetza Orokorrak izendatutako hiru ordezkari.

Autonomia-erkidegoen aldetik: autonomia-erkidegoek izendatutako hiru ordezkari.

Izendapenak modu orekatuan egiteko, prestakuntza juridiko, informatiko eta estatistikoa duten pertsonak izendatuko dira; halaber, beren erregistroko euskarri informatiko gisa datu-base zentraleko aplikazio informatikoa erabiltzen duten erkidegoetako ordezkariak izendatuko dira batetik, eta beren erregistroetarako aplikazio informatiko propioa duten erkidegoetako ordezkariak, bestetik.

Izendatutako ordezkari horiek alde batera utzita, edozein autonomia-erkidegok parte har dezake jarraipen-batzordearen bileretan.

b) Funtzionamendu-araubidea: batzordea gutxienez urtean behin bilduko da, aldeetako batek hala eskatuz gero. Hala eta guztiz ere, bi bilera egingo dira gutxienez lankidetza-hitzarmen hau ezarri eta lehenbiziko urtean.

Nolanahi ere, 2011ko lehen hiruhilekoan jarraipen-batzordea eratzeko bilera egingo da, eta hartan parte hartzera deituko zaie lankidetza-hitzarmena sinatu duten autonomia-erkidego guztiei. Bilera horretan, batzordean parte hartuko duten hiru autonomia-erkidegoak aukeratuko dira, bai eta batzordearen barne-funtzionamenduaren erregelamendua ere.

Batzordeak lantaldeak sortu eta gai jakinak lantzeko bilera bereziak egin ahal izango ditu; horretarako, Administrazioek beti parte-hartze orekatua izatea bermatuko da.

c) Eginkizunak:

Hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroen sistemaren jarraipena egitea.

Datu-base zentralaren eta lan-agintaritzen erregistroen funtzionamendua ebaluatzea.

Aplikazio informatikoan, hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistroetan, datu-base zentralean nahiz haren euskarri gisa erabiltzen den Interneteko webgunean zer aldaketa egin behar diren erabakitzea. Erabaki horiek ezin dute hautsi maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua, ez eta hitzarmen honen ezein aldaketa ere.

Datu-base zentraleko datuen ustiapen estatistikoaren eta kudeaketaren emaitzak aztertzea eta, hala badagokio, horren gaineko erabakiak hartzea.

Antolamendu askeko digituetan eta erregistroaren barne-konfigurazioan egin beharreko aldaketei buruzko komunikazioak jasotzea.

Lankidetza-hitzarmen hau betetzen dela bermatzea eta hura aplikatzean sor litezkeen interpretazio- eta betearazpen-arazoak konpontzea.

Hamargarrena.- Ordezko zuzenbide osagarria.

Hitzarmen honetan eskuarki aurreikusitakoaren arabera, honako hauek aplikatuko dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea; Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua; Herritarrak zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoz sartzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea. Horiekin batera, Administrazio Zuzenbideko gainerako arauak ere aplikatuko dira. Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 4.1.c) artikuluaren arabera, lege horren aplikazio-esparrutik kanpora gelditzen da lankidetza-hitzarmen hau.

Hala ere, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen printzipioak ere aplikatuko dira, lankidetza-hitzarmenaren indarraldian sor litezkeen zalantzak eta hutsuneak konpontze aldera.

Hamaikagarrena.- Indarraldia.

Hitzarmen honek ondorioak izango ditu izenpetzen de unetik bertatik, eta urtebetez indarrean egongo da; gero ere automatikoki luzatuko da urtebeteko epeetan, aldeetako batek indarraldia bukatu baino hiru hilabete lehenago salatzen ez badu behintzat.

Hamabigarrena.- Hitzarmena eteteko arrazoiak.

Aurreko klausulan ezarritakoa alde batera utzirik, honako arrazoi hauen arabera ere etengo da hitzarmena:

● Bi aldeetako edozeinek eska dezake hitzarmena eteteko, baldin eta beste aldeak klausularen bat bete ez duela uste badu.

● Bi aldeek hitzarmena etetea adostu dezakete.

Hamahirugarrena.- Jurisdikzio-ordena eskuduna.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du; beraz, administrazioarekiko auzietarako epaitegi nahiz tribunaletara eramango dira hitzarmena interpretatzean eta aplikatzean jarraipen-batzordeak konpondu ezin izan dituen auziak.

Lan eta Immigrazio ministroa,

VALERIANO GÓMEZ SÁNCHEZ.

Lan eta Gizarte Gaietako sailburua,

GEMMA ZABALETA ARETA.

III. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 1EKO 4/2012 EBAZPENARENA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN (ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA) ETA EUSKAL IRRATI TELEBISTA ERAKUNDE PUBLIKOAREN (EITB) ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, PUBLIZITATE SAIOAK HEDATZEKOA.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 20a.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Enplegu eta Gizarte Gaietako saileko Zerbitzuen eta Araubide Juridikoaren zuzendari Maria Victoria Portugal Llorente andrea.

Eta bestetik, Euskal Irrati Telebista Erakunde Publikoko (aurrerantzean EITB) zuzendari nagusi Alberto Surio de Carlos jauna, haren izenean eta ordezkari-lanetan.

HONAKO HAU ADIERAZI DUTE:

1.- EITBren 2007-2010 aldirako Kontratu Programaren (2011n luzatua, 7. klausulan ezarritakoaren arabera) helburuen eta xedeen artean honako hau dago: «hezkuntza, arlo intelektual eta artistikoa eta ezagutza zibikoa, instituzionala, ekonomikoa, soziala, zientifikoa eta teknikoa zabaltzen eta ikus-entzunezkoen bidez garatzen laguntzea».

2.- Kontratu Programa horretan bertan honako hau ezartzen da: «Euskadi informazioaren gizartean egotearekin lotutako konpromisoaren baitan EITBk lagundu eta parte hartu behar du multimedia-euskarri berrietan komunikazio-eduki eta zerbitzuak garatzen, bereziki, irrati eta telebista digitaletan, interneten eta telefonia-euskarri berrietan. Horren guztiaren xedea euskal herritarrek euskarri horietan, euskaraz eta gaztelaniaz, albistegi, kultura, hezkuntza, entretenimendu eta bestelako gaietako edukien eskaintza zabala izatea da, baita teknologia berriek ahalbidetzen dituzten komunikazio-zerbitzu aurreratuenak izan ditzaten ere».

3.- Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak interesa agertu du EITB taldearen irratiek, telebista-kateek eta interneteko atariek eskaintzen duten euskarria erabiltzeko, Sailaren eskumen-eremuarekin zerikusia duten eta herritarren kontzien-tziaziorako eta informaziorako erabiliko dituen mezuak hedatzeko.

4.- Kontratu Programaren 6.3 klausulak honako hau ezartzen du: «Aurreko puntuan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe, EITBk lankidetza-hitzarmenak itundu ahal izango ditu Eusko Jaurlaritzaren Sailekin horrelakorik eskatzen duten helburuak betetzeari lotuta. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du EITBren eta lankidetza xede duten Eusko Jaurlaritzaren Sailen artean hitzarmenak sinatzen lagundu ahal izateko formulak bultzatzeko, Kontratu Programa honen helburuak betez, baita kanpainak eta erakunde mailako komunikazio-ekintzak edo babes-ekintzak egitea bultzatzeko ere. Eta, hori guztia, Kontratu Programa hau sinatu ondoren (EITBk bere gain hartzen duen zerbitzu publikoaren eginkizuna biltzen du eta konpromisoak eta helburuak ezartzen ditu, eta Eusko Jaurlaritzak ezartzen du Erakundeak bete behar dituela) Eusko Jaurlaritzak, dokumentu honen 8. klausulan ezarritakoarekin bat etorriz, EITBren eta haren kudeaketa-sozietateen gainean Eusko Jaurlaritzaren berezko zerbitzuei buruz ezartzen duen kontrol berdintsua ezarriko duela eta EITBren jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrerako egingo dela kontuan hartuta».

KLAUSULAK

Lehenengoa.- Hitzarmen honen helburua da Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren eta EITBren arteko 2011ko ekitaldiko lankidetza arautzea -bai zuzenean, bai sozietate kudeatzaileen bitartez-, Hitzarmen honi gehitu zaion eranskinean zehazten diren eta EITBren 2007-2010 aldirako Kontratu Programaren (2011ko ekitaldian luzatua) helburuen artean kokatzen diren helburuak betetzeko, Sail horrek bete behar dituen zereginekin lotuta dauden erakunde-izaerako komunikazio edo babeseko kanpainen eta ekintzen bitartez.

Funtsean, Hitzarmenaren helburua da publizitate-pieza batzuk gaztelaniaz eta euskaraz kaleratzea (spotak, iragarkiak, orrialde osoko iragarkiak, ekintza bereziak telebistan, irratian eta interneten, eta abar), hainbat gairen inguruan herritarrei informazioa emateko eta/edo kontzientziatzeko, hala nola lana eta lan-harremanak, enplegua eta prestakuntza, gizarte-ekonomia, Enpresaren Gizarte Erantzukizuna eta lan autonomoa, gizarteratzea, berrikuntza soziolaborala, gizarte-zerbitzuak, immigrazioa, familia-politika eta komunitate-politika, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren berezko bestelako gaiak.

Bigarrena.- Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak egin ditzakeen gehieneko ekarpenak, zerbitzuen edukiak eta aurreko klausulan adierazitako emisioen programazioen xehetasunak, 2011ko ekitaldian EITB Taldearen barruko hainbat sozietaterekin egitea aurreikusiak, Hitzarmen honen eranskinean jaso dira.

Ekitaldi honetan erabiltzeko aurreikusitako zerbitzuak -I. eranskinean jasoak- gutxi gorabeherakoak direla, horien benetako premiekin egiaztatu beharko direla eta horien zenbatekoak gehienekoak direla kontuan hartuta, baliteke ekitaldi honen amaieran osorik gauzatu gabeko partidak egotea. Hala ez bada, eranskinetako batek gabeziak baldin baditu, hurrengo klausulan xedaturikoari jarraituko zaio.

Hirugarrena.- Hitzarmen hau betetzeko, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak guztira 127.805,52 euroko gehieneko zenbatekoa (BEZa barne) emango du 2011ko ekitaldian, agiri honekin aurkeztutako eranskinean zehazten den xehetasunaren arabera.

Eranskin horretan zehazten diren zenbatekoak gehienekoak dira, eta baliagarriak izango dira kalkulatutako gastuak ordaintzeko, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Euskal Irrati Telebista Erakunde Publikoaren barruko sozietate bakoitzarentzat hasiera batean ezarritako helburuen arabera. Hala ere, 2011ko ekitaldian helburu horiek berriz ere egokitu behar badira, beste eranskin batzuetan kokatu beharko dira, bi alderdiek sinatuak eta Hitzarmen honetan txertatuak.

Ordainketa hileko ziurtagirien bitartez egingo da, Sailaren publizitate-kanpainen arabera eta Erakunde emailearen arabera bananduak. Bertan, gutxienez, honako hauek zehaztuko dira: hasitako ekintzaren modalitatea (irrati-iragarkiak, mikrosaioak, spotak, babesak eta abar), emisioen datak eta ordutegiak, emandako saioen iraupenak eta erabilitako bidea (ETB1, ETB2, ETB3, ETBSat, Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Gaztea, Eitb Musika, Eitb.com eta abar).

Laugarrena.- Hitzarmen hau behar bezala betetzeko, Jarraipen Batzorde bat eratuko da, eta Hitzarmen honen garapenean batera jarduteko mekanismoa izango da.

Bosgarrena.- Hitzarmen hau 2011ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.

Seigarrena.- Hitzarmen hau administratiboa da, eta, beraz, hori aplikatzean eta betetzean sor daitezkeen auziak administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioari jakinaraziko zaizkio eta haren eskumenekoak izango dira.

Eta ados daudela egiaztatzeko, interesdunek Hitzarmenaren bi ale sinatu dituzte goiburuan azaltzen den lekuan eta egunean.

Zerbitzuen eta Araubide Juridikoaren zuzendaria. Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila,

MARIA VICTORIA PORTUGAL LLORENTE.

EITB Taldeko zuzendari nagusia,

ALBERTO SURIO DE CARLOS.

I. ERANSKINA, 2011. URTEAN HONAKO HAUEK EGITEKO PUBLIZITATE-SAIOAK HEDATZEKO EAEREN ADMINISTRAZIO OROKORRAREN (ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA) ETA EITB-REN ARTEKO HITZARMENARENa

PUBLIZITATE KANPAINAK ETA ERAKUNDEEN ARTEKO KOMUNIKAZIOA:

KABINETE ETA KOMUNIKABIDEEN ZUZENDARITZA

a) ETB.

1.- Spotak.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren zuzendaritzetan urtean zehar gauzatzen diren publizitate-kanpainak ETB1, ETB2, ETB3 eta ETBSAT kateetan ematea da helburua.

Emisioa:

Emisioen egunak eta ordutegiak bi alderdien arteko akordioaren bitartez ezarriko dira.

Prezioa:

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Kabinetearen Zuzendaritzaren aurrekontuen kargurako 30.000 euroko gehieneko aurrekontua ezarri da (BEZa barne) 2011rako, % 60ko deskontuarekin ETB1, ETB2 eta ETB3 kateetan erosketa librea bada, eta % 65eko deskontuarekin ETB2ren Prime Time ordutegian egindako inbertsioa gehienez ere % 40 bada.

Ordaintzeko modua:

Ordainketa hileko ziurtagirien bitartez eta kanpainen arabera egingo da, betiere Kabinete eta Komunikabideen Zuzendaritzak gainbegiratu ondoren.

b) eusko irratia.

Emisioa:

Irrati-iragarkiak gaztelaniaz eta euskaraz, Eusko Irratia SAUren lau irratietan (Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Gaztea eta Eitb Musika) eta Radio Vitoria irratian eman ahal izango direnak, bi alderdiek erabaki beharreko 2011ko hainbat egun eta ordutegitan, horien helburua izanik herritarrei Sailak kudeatzen dituen arloekin zerikusia duten alderdien berri ematea eta kontzientziatzea.

Prezioa:

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Kabinetearen Zuzendaritzaren aurrekontuen kargurako 45.000 euroko gehieneko aurrekontua (BEZa barne) ezartzen da 2011rako, % 25eko deskontuarekin iragarkietan.

Ordaintzeko modua:

Ordainketa hileko ziurtagirien bitartez eta kanpainen arabera egingo da, betiere Kabinete eta Komunikabideen Zuzendaritzak gainbegiratu ondoren.

c) Eitb.com.

Inprimatzeak:

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 2011. urtean eitb.com atarian egin behar dituen publizitate-kanpainetan hainbat publizitate-elementu (megabannerak, orrialde osoko iragarkiak, bideoen babesletza eta abar) txertatzea da helburua.

Prezioa:

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Kabinetearen Zuzendaritzaren aurrekontuen kargurako 5.000 euroko gehieneko aurrekontua (BEZa barne) ezartzen da 2011rako, % 65eko deskontuarekin.

Ordaintzeko modua:

Ordainketa hileko ziurtagirien bitartez eta kanpainen arabera egingo da, betiere Kabinete eta Komunikabideen Zuzendaritzak gainbegiratu ondoren.

d) Betizu Kluba.

Ekintzak:

Publizitate-piezen emisioa telebistan (etb3), Betizuren webgunean, eta Betizu Klubaren argitalpenetan, Sailak Euskadiko haurrei helarazi nahi dien arreta eta laguntzako telefonoari buruzko mezuak haurrei jakinarazteko helburuarekin.

Prezioa:

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Kabinetearen Zuzendaritzaren aurrekontuen kargurako 47.805,52 euroko gehieneko aurrekontua (BEZa barne) ezartzen da 2011rako.

Ordaintzeko modua:

Ordainketa hileko ziurtagirien bitartez eta kanpainen arabera egingo da, betiere Kabinete eta Komunikabideen Zuzendaritzak gainbegiratu ondoren.

IV. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 1EKO 4/2012 EBAZPENARENA

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN (ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA) ETA LAN HARREMANEN KONTSEILUAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, GIZARTE ETA LAN ARLOKO INFORMAZIOA LAGATZEARI BURUZKOA

Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 20a.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA

Alde batetik, Gemma Zabaleta Areta andrea, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua.

Eta bestetik, Tomás Arrieta Heras jauna, Lan Harremanen Kontseiluko presidentea.

ESKU HARTU DUTE

Gemma Zabaleta Areta andreak, bere kargua betez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta hura ordezkatuz.

Tomás Arrieta Heras jaunak, Lan Harremanen Kontseiluko presidentea, Kontseiluaren izenean eta hura ordezkatuz.

Bi alderdiek hitzarmen hau formalizatzeko beharrezkoa den ahalmen juridikoa eta jarduteko ahalmena aitortzen diote elkarri eta, ados jarrita, horretan aritzeko eman zaien ordezkaritza elkarri onartuta, honako hau

ADIERAZI DUTE

Lehenengoa.- Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 12. artikuluan xedaturikoaren arabera Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari dagokio, beste zeregin eta jardun-arlo batzuen artean, lan-harremanen alorrean lan-legeria betearaztea.

Bere aldetik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 22ko 42/2011 Dekretuaren 16. artikuluak ezartzen duenez, adierazitako saileko Laneko sailburuordeak hartzen ditu beregain Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumenak eta zereginak, besteak beste, lan-harremanen eta laneko segurtasun eta osasunaren alorrei dagokienez, betiere Eusko Jaurlaritzaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren eskumenak alde batera utzi gabe.

Arestian adierazitako sailburuordetzaren mende dago organikoki Laneko Zuzendaritza, eta organo horri dagokio, Laneko Agintaritza izateagatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailaren eskumeneko gizarte- eta lan-arloko hainbat jardueren betearazpena, hala nola lan-ezbeharrak, hauteskunde sindikalak, hitzarmen kolektiboak, grebak, eta enplegu-erregulazioa.

Azaldutakoaren arabera, Laneko Zuzendaritzak arestian adierazitako alorrei buruzko espedienteen kudeaketan bildutako datu administratiboak ditu. Datu horiek Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren titulartasuneko datu-fitxategi pertsonal batzuetan daude txertatuak, eta horien arduraduna lehenik aipatutako Zuzendaritza da.

Arestian adierazitako fitxategiak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailak eta horri atxikitako Erakunde Autonomoek kudeatutako datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2004ko urtarrilaren 8ko Aginduan -Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2007ko martxoaren 13ko Aginduak aldatua- bildu dira, eta honako hauek dira: Lan Harremanak; Lan Ezbeharrak; Hauteskunde Sindikalak; Istripuengatiko txostenen kudeaketa.

Bigarrena.- Ekainaren 27ko 11/1997 Legean ezarritakoaren arabera, Lan Harremanen Kontseilua Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren gizarte- eta lan-arloko kontsulta-erakunde bat da, bi horietatik independentea bere zereginen garapenean, eta nortasun juridiko propioa dauka, Autonomia Erkidegoko Administrazioaren desberdina.

Bestalde, eta 11/1997 Legearen 3.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta beren izaera aintzat hartuta, adierazitako sailburuari dagozkio honako eginkizun hauek: bere ekimenez lan-arloko irizpenak, ebazpenak, txostenak edo azterlanak ematea; negoziazio kolektiboa sustatzea eta Autonomia Erkidegoaren eremuko, lurralde eremuko edo sektoreko hitzarmenen egitura egokia bultzatzea; bitartekotza eta arbitrajea sustatzea lan-arloko gatazketan, edo inplikaturiko alderdiek eskatuta; lanbide arteko akordioak bultzatzea gai jakinei batzuei buruz.

Hirugarrena.- Sortzen duen legeak ematen dizkion eginkizunak betearazteko, Lan Harremanen Kontseiluak gizarte- eta lan-arloko informazio jakin bat behar du, eta, adierazi dugunez, informazio hori Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak dauka, hainbat alorretako administrazio-espedienteak kudeatzen dituelako; informazio horrek zuzeneko lotura dauka Lan Harremanen Kontseiluaren eginkizunekin.

Horretaz gain, bi erakundeek interes berezia dute Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan landu daitezkeen gizarte- eta lan-arloko txosten eta azterlanek iturri beretik edan dezaten, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak nahiz arestian adierazitako Kontseiluak egin ditzaketen mota horretako dokumentuen artean desadostasunik gerta ez dadin.

Laugarrena.- Aurreko guztiaren arabera, alderdiek bidezkotzat jo dute adierazitako eremuan bien arteko lankidetza artikulatzea, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak gizarte- eta lan-arloko informazioa Lan Harremanen Kontseiluari hornitzeko mekanismoak eta baldintzak ezarriz.

Adierazitako guztiaren arabera, eta bi alderdiak beren interesetan ados daudela, ondorengo klausulen arabera erabaki dute hitzarmen hau formalizatzea:

KLAUSULAK

Lehenengoa.- Hitzarmen honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Lan Harremanen Kontseiluaren arteko lankidetzaren baldintzak ezartzea, bakoitzari dagozkion eskumenen barruan, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak gizarte- eta lan-arloko informazioa eman diezaion adierazitako Kontseiluari.

Bigarrena.- Aurreko klausulan adierazitako zentzuan, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak, bere Lan Zuzendaritzaren bitartez, konpromisoa hartu du honako arlo hauen inguruan garatzen duen administrazio-jardueran Laneko Agintari gisa dagozkion eskumenak egikaritzean lortzen dituen gizarte- eta lan-arloko datu eta informazio jakin batzuk hornitzeko Lan Harremanen Kontseiluari: lan-ezbeharrak, hauteskunde sindikalak, hitzarmen kolektiboak, eta enplegu-erregulazioa. Datu eta informazio horiek datu pertsonalen honako fitxategi hauetan biltzen dira: «Lan Harremanak»; «Lan Ezbeharrak»; «Istripuengatiko txostenen kudeaketa»; eta, azkenik, «Hauteskunde Sindikalak».

Arestian adierazitako informazioa honako baldintza hauen arabera lagako da:

a) Kontseiluari hornituko zaion informazioa arestian adierazitako datu-fitxategietatik aterako da, eta fitxategi horien titulartasuna Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak dauka. Era berean, Lan Zuzendaritza da fitxategi horien arduraduna, eta, beraz, azken horrek emango dio informazioa Kontseiluari, betiere aipatutako fitxategietan bildutako datuak banatu ondoren. Izan ere, ez dira inoiz emango identifikatutako pertsona fisikoei edo juridikoei buruzko datuak, ezta izaera hori ez duten arren pertsona jakin batzuk izenaren bidez identifikatzeko aukera eman dezaketen datuak ere.

b) Informazioa hornitzeko prozedura: Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak hornituko dizkio Lan Harremanen Kontseiluari hitzarmen honen xede-datuak, bi alderdiek ados jarrita erabakitzen dituzten euskarri eta bitarteko informatikoen bitartez.

Nolanahi ere, lagapen-hartzaileak aipatutako euskarri eta bitartekoak erabiltzen dituenean honako hau bermatuko beharko da: bertan bildutako datuak eta informazioa erabili eta ikusteko aukera soilik Kontseiluak baimendutako pertsonei mugatzea, eta prozesu informatikoak babestea baimenik gabeko erabileren aurka; datuak eta informazioak aldatzearen edo galtzearen aurkako prebentzioa, baita komunikazioak bidean atzematearen aurka ere; eta, oro har, transmisioaren egiazkotasuna, osotasuna eta konfidentzialtasuna zaintzeko, eta lagatako daturik edo informaziorik hirugarren pertsonei banatzen ez zaiela bermatzeko, beharrezkoak diren neurri tekniko eta antolamenduzko guztiak hartzea.

c) Hitzarmen honen xede-informazioaren transmisioa hilean behin egingo da.

Hirugarrena.- Bere aldetik, Lan Harremanen Kontseiluak honako konpromiso hauek hartu ditu:

a) Hitzarmen honen esparruan hornitutako informazioa soilik sortzen duen legeak legez esleitzen dizkion eginkizunak garatzeko erabiltzea.

b) Bere ardurapean, txostenak edo azterlanak egiteko beharrezkoak diren datuen ustiapen bereizia egitea, betiere bereizketa hori aldez aurretik Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Lan Zuzendaritzarekin adostu bada, jatorrian lagatako datuak inolaz ere alda ezin daitezen.

c) Lan Zuzendaritzak emandako informazioarekin gizarte- eta lan-arloko kontsultei erantzunik ez ematea.

d) Kontseiluak lantzen dituen txostenak eta azterlanak argitaratzearen esparruan hornitutako gizarte- eta lan-arloko datuen zabalpena kokatzea, nolanahi ere argitalpenetan edo beste edozein zabalpen-produktutan datuen jatorrizko iturriari esanbidezko erreferentzia eginez.

e) Lan Harremanen Kontseiluak argitaratutako gizarte- eta lan-arloko datuak Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak argitaratutakoen berdinak direla egiaztatzea.

f) Lan Zuzendaritzaren bitartez, egindako gizarte- eta lan-arloko datuen ustiapenaren berri ematea Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari.

g) Lagatako datuak Kontseilutik kanpoko hirugarrenei banatzen ez zaiela bermatzeko beharrezkoak diren neurri tekniko eta antolamenduzko guztiak hartzea. Betebehar horrek ekainaren 27ko 11/1997 Legearen 4. artikuluan aipatzen diren Kontseiluko kideak ere eraginpean hartzen ditu; izan ere, kide izateagatik, hornitutako informazioa bakarka ikusteko aukera izan badute, ezin izango dute erabili Lan Harremanen Kontseiluaren eginkizunen eremutik kanpo.

Laugarrena.- Hitzarmen honen jarraipenerako, Jarraipen Batzorde bat eratuko da; honako kide hauek osatuko dute:

- Bi pertsona, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila ordezkatuz.

- Bi pertsona, Lan Harremanen Kontseilua ordezkatuz.

- Arlo honetako bi teknikari, alderdi sinatzaile bakoitzeko bat.

Batzordeak bi ohiko bilera izango ditu urtean, eta, alderdietako batek eskatzen duen guztietan, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren ordezkaria izango da bilerako lehendakaria.

Batzordearen oinarrizko egitekoak honako hauek izango dira:

- Lan-protokoloak ezartzea dokumentazioari, prozedurei, eta informazioaren hornidurako segurtasunari dagokionez.

- Hitzarmena interpretatzea, eta horren betearazpenean alderdien artean sor daitezkeen gorabeherak eta eztabaidak ebaztea.

Bosgarrena.- Hitzarmen hau administratiboa da, eta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legeak araututako aplikazio-eremutik kanpo dago, lege horren 4.1.c) artikuluan xedaturikoaren arabera.

Tresna hau aplikatzean sortzen diren auziak Administrazioarekiko Auzietarako jurisdikzioaren eskumenekoak izango dira.

Seigarrena.- Honako hauek dira Hitzarmen hau suntsitzeko arrazoiak:

- Alderdi sinatzaileak hitzarmena suntsitzeko ados jartzea.

- Alderdietako batek erabakitzen duenean, hitzarmena sinatzean ezarritako baldintzetan funtsezko aldaketak izan direla edo klausularen bat urratu dela uste badu. Erabakia beste alderdiari jakinaraziko zaio, frogatzeko moduan, hitzarmena amaitu nahi den eguna baino 15 egun lehenago gutxienez.

Zazpigarrena.- Hitzarmen hau indarrean jarriko da sinatzen den egunean, eta horren ondorioak 2011ko abenduaren 31ra arte hedatuko dira, baina urtero luzatu ahal izango da automatikoki, salbu eta alderdi sinatzaileetako batek esanbidez amaiera iragartzen ez badu, hasierako indarraldia edo, hala badagokio, edozein luzapen amaitu baino hilabete bat lehenago gutxienez.

Eta bi aldeek, ados daudela eta jasotako guztia onartzen dutela erakusteko, bi aletan sinatu dute dokumentu hau, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

GEMMA ZABALETA ARETA.

Lan Harremanen Kontseiluaren presidentea,

TOMÁS ARRIETA HERAS.

V. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 1EKO 4/2012 EBAZPENARENA

KUDEAKETA GOMENDIOA, ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILAK OSATEK SA SOZIETATE PUBLIKOARI EGINDAKOA

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 23a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Zerbitzu eta Araubide Juridikoko zuzendari M.ª Victoria Portugal Llorente andreak, nahikoa ahalmenez jardunda, honako Kudeaketa Gomendio hau egin dio Osatek SA sozietateari, eta, horretarako, honako hau

ADIERAZTEN DU:

Lehenengoa.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 12. artikuluaren arabera (Dekretu hori Lehendakariaren uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuak eta urtarrilaren 18ko 6/2011 Dekretuak aldatu zuten), Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren eginkizunen eta jardun-arloen artean Gizarte Ongizatea eta Gizarte Zerbitzuak daude.

Bigarrena.- Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen (aurrerantzean 12/2008 Legea) 5. artikuluan ezartzen denez, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema arreta-sare publiko antolatu bat da, erantzukizun publikokoa, eta pertsona, familia eta talde guztien gizarteratzearen, autonomiaren eta ongizatearen alde egitea du xede, eta sustatzeko, aurreikusteko, babesteko eta laguntzeko eginkizunak betez gauzatu nahi du xede hori, funtsean pertsonei eta harremanei buruzkoak diren prestazio eta zerbitzuen bidez.

Hirugarrena.- 12/2008 Legearen 22. artikuluak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen bere katalogoan biltzen du telelaguntza-zerbitzua, eta berau zuzeneko ekintzakotzat hartzen da, 12/2008 Legearen 40.3 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.

Laugarrena.- Gizarte-zerbitzuen eremuan, gizarteari laguntzeko eta gizartean esku hartzeko zerbitzu teknikoa da telelaguntza, lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuen testuinguruan kokatua, erabiltzaileei, telefono-linearen bitartez eta komunikazio- eta informatika-ekipamendu espezifiko bati esker, etengabeko arretako zerbitzua edukitzeko aukera ematen diena, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan, larrialdiko edo gizarte-premiako egoerei beren kabuz edo komunitatearen beste baliabide batzuk mobilizatuz erantzun egokia emateko bereziki prestatuta dauden pertsonen ardurapean.

Bosgarrena.- Gizarte-zerbitzuen telelaguntza-zerbitzuak honako zerbitzu hauek emango ditu 2011. urtean:

● Telefono bidezko arreta soziala eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan.

● Etxez etxeko laguntza gizarte-larrialdiko egoeretan.

● Telefono bidezko jarraipena erabiltzaileen gizarte-egoera ikuskatzeko.

● Etxez etxeko jarraipena erabiltzaileen gizarte-egoera ikuskatzeko.

● Agenden kudeaketa.

Seigarrena.- Horrenbestez, gizarte-zerbitzuen telelaguntza pertsonei etxez etxeko laguntza-zerbitzuak emateko sistema orokorrean biltzen da, ohiko familia- eta gizarte-ingurunean jarrai dezaten eta integra daitezen laguntzeko. Laguntza-sarearekiko etengabeko harremanaren bitartez, erabiltzaileei laguntza integrala eskainiko die, haien bizi-kalitatea hobetzeko eta etxean autonomia- eta segurtasun-sentimendua indartzeko.

Sistema hori garatuz zerbitzu integrala eman ahal izango da gizarte- eta osasun-eremuetako bertaratu gabeko jardueretarako.

Zazpigarrena.- Bestalde, 12/2008 Legearen 46. artikuluan ezartzen da arreta soziosanitarioak osasun-arazo larriengatik, edo muga funtzionalengatik, eta/edo gizarte-bazterkeriako arriskuagatik, aldi berean arreta sanitario eta sozial koordinatua eta egonkorra, arretaren jarraitutasun-printzipioari egokitua behar dutenentzako arreta guztiak bilduko dituela.

Zortzigarrena.- Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legeak sortutako Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakunde publikoak (Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailaren mendekoa edo hari lotuta dagoena), azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 17.3 artikuluan ezarritako Estatutuetan xedatutakoaren arabera, «Osatek-Euskadiko Teknologia Sanitarioa, SA» baltzu publikoaren kapitalaren titularitate bakarra izango du, eta horri darizkion eskubide guztiak ente publikoko Administrazio Kontseiluak erabiliko ditu».

Bestalde, Osatek SA sozietate publikoaren estatutuen 1. artikuluan, 2011ko otsailean eguneratutako bertsioan, honako hau ezartzen da:

1. artikulua.- «Osatek SA» izenarekin Sozietate Publiko bat eratu da modu anonimoan, eta bazkide bakarra Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Erakunde Publikoa izango da. Sortzen den Sozietate Publikoa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari atxikita geratuko da.

Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legearen 24.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, Osatek SA Sozietate Publikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren bitarteko instrumental propioa eta zerbitzu teknikoa da, baita erakunde horien mendeko erakunde autonomoen eta gainerako erakunde publikoen bitarteko instrumental propioa eta zerbitzu teknikoa ere.

Sozietatearen kapital osoa titulartasun publikokoa izango da, eta bitarteko propiotzat do zerbitzu teknikotzat duten erakundeekin egingo du Sozietateak bere jardueraren alderik garrantzizkoena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sailek eta sozietatea bitarteko propiotzat eta zerbitzu teknikotzat duten gainerako erakundeek beren helburu sozialarekin egindako jardunak, zerbitzuak eta beste edozein jardun egiteko agindua eman diezaiokete Sozietateari, betiere horrek administrazio-ahalmenak gauzatzea ez badakar.

Sailak edo erakundeak -dagokion kudeaketa-gomendioaren bitartez- agindutako lanak egin beharko ditu sozietateak, betiere agindua eman duenak bere kasa ezarritako jarraibideen arabera.

Kudeaketa-gomendio horiek instrumentalak dira, kontratuz kanpokoak, eta, hortaz, ondorio guztietarako, barnekoak eta mendekoak dira. Sozietateak nahitaez bete beharko ditu, eta sozietatea atxikita dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sailaren arau organikoek adierazitako organoak nahikotasun ekonomiko-finantzarioaren irizpideari jarraiki ezarritako tarifak aintzat hartuta ordainduko dira, sozietatea bitarteko propiotzat eta zerbitzu teknikotzat duten gainerako erakundeen parte-hartzearekin.

Bitarteko instrumental propioa eta zerbitzu teknikoa den aldetik sozietateari aginduko zaizkion nahitaezko jardunak proiektu, memoria edo bestelako dokumentu teknikoetan zehaztuko dira, kasuak kasu, eta dagokien aurrekontuan balioetsiko dira, ezarritako tarifei jarraiki.

Bitarteko instrumental propioa eta zerbitzu teknikoa denez, Osatek SA Sozietate Publikoak ezin izango du parte hartu bitarteko propiotzat duten erakundeek deitutako lizitazio publikoetan; nolanahi ere, lizitatzaile bat ere agertzen ez bada, lizitazioaren xede den prestazioa gauzatzeko agindua eman diezaiokete.

Osasun eta Kontsumo Sailaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren arteko lankidetza kanal anitzeko plataformaren inguruan antolatzen da, eta plataforma horri esker bertaratu gabeko osasun- eta gizarte-zerbitzu asko eman daitezke. Hori guztia Osarean deituriko proiektuaren bitartez antolatzen da. Proiektu horrek kanal anitzeko zerbitzu-zentro bat du eta horretaz gain, proiektu hori garatzeko eta ezartzeko batzorde estrategiko bat eta batzorde gidatzaile bat ditu.

Plataforma hori sortuz, honako helburu hauek lortu nahi dira:

1.- Bertaratu gabeko elkarreragin-kanalak izateko aukera eskaintzea herritarrei, eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan martxan daudenak eta zerbitzuak lortzen lagunduko dutenak.

2.- Arreta- eta zaintza-eredu berritzaileak sustatzea pertsonen etxeetan, eta autozainketa bultzatzea.

3.- Bizimodu osasungarriagoak sustatzea biztanleen artean, mezuak ahal den neurrian pertsonalizatuz, pertsona bakoitzaren adinaren, mendetasun-egoeraren eta osasun-egoeraren arabera.

4.- Prebentzio-efektua lortzea gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei eta mendetasun-egoeran edo gizarte-isolamenduko egoeran dauden pertsonei urrutiko jarraipena -arrisku-egoerak identifikatzea eta horietan eragitea ahalbidetzen duena- eginez.

Osasun eta Kontsumo Sailak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak beren bertaratu gabeko prestazioak bateratu egingo dituzte, pixkanaka, plataforman.

Horrenbestez, Kudeaketa Gomendio hau honako klausula hauek arautuko dute:

KLAUSULAK

Lehenengoa.- Xedea.

Osatek SAri emandako gomendio honen xedea zera da, sozietate horrek berak edo hirugarren batzuek telelaguntza-zerbitzua ematea eta etxean bertan arreta emateko berrikuntza soziosanitarioko proiektuak gauzatzea.

Nolanahi ere, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak izango du zerbitzu publikoaren titulartasuna.

Bigarrena.- Osatek SAren betebeharrak.

Osatek SAk honako eginkizun hauek garatuko ditu:

a) Espedientearen administrazio-kudeaketari dagokionez:

● Dokumentazioa berrikustea.

● Instalaziorako komunikazioa eta espedientearen kudeaketa.

● Gorabeheren kudeaketa.

● Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari jakinaraztea ebazpena emateko.

● Telelaguntza-zerbitzuaren prezio publikoaren diru-bilketa, geroago diru hori Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sartzeko.

b) Gizarte-zerbitzuen telelaguntza-ekipoei dagokienez, Osatek SAk honako hau egin beharko du:

● Gizarte-zerbitzuen telelaguntza-ekipoak, telefono-terminal batez eta alarma eramangarriko unitate batez osaturikoak, ematea.

● Gizarte-zerbitzuen telelaguntza-ekipoak instalatzeko, kentzeko, mantentzeko eta konpontzeko zereginak.

● Zerbitzuaren garapenean esku hartzen duten erakundeek erabilitako sistema telefoniko edota informatikoekiko integrazioa bermatzea.

● Erabiltzaileei, ekipoen erabilerari eta ezaugarriei buruzko arreta eta informazioa eskaintzea.

● Larrialdietan laguntza ematen dela zaintzea edo beharrezkoa izanez gero (erorikoak) etxean bertan artatzea.

c) Teleoperadore-postuak betetzen dituztenei dagokienez:

● Postuak lortzeko baldintzak ezartzea.

● Eska daitezkeen gaitasunak zehaztea.

● Teleoperadoreak trebatzea.

● Gaitasunen eskuratze-maila ebaluatzea.

● Telefono bidezko laguntza emateko protokoloa -gizarte-zerbitzuen eremuari eta erantzun motari buruzkoa- egitea, baita kasuak bidera litezkeen zerbitzuen zerrenda ere.

d) Informazioa eskualdatzea:

● Kanal anitzeko plataformak bermatuko du datuak eskualdatzen direla sisteman parte hartzen duten guztien artean, betiere Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legean ezarritakoaren arabera.

● Osatek SAk jakiten dituen gorabehera guztiei buruzko informazioa emango dio Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari, zerbitzuan baja ematea ekarriko dutenei buruzkoa bereziki.

● Zerbitzuaren kalitatea kontrolatzeko sistema bat ezarriko da, baita sistema hori ebaluatzeko adierazleen definizioa ere.

e) Proiektu bat egingo da etxez etxeko laguntza soziosanitarioko eredu bat ezartzeko Euskadin, betiere Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ezarritako diseinuaren arabera.

Hirugarrena.- Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren betebeharrak.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du 2011ko ekitaldian hogeita hemezortzi mila (38.000) euro emateko, a) puntuan ezarritako ekintzek eragindako gastuak finantzatzeko, bi mila berrehun eta berrogeita bederatzi mila laurehun eta berrogeita hamabost (2.249.455) euro b), c) eta d) puntuetan ezarritako ekintzek eragindako gastuak finantzatzeko, eta milioi bat (1.000.000) euro dokumentu honetako bigarren klausularen e) puntuan adierazten dena finantzatzeko. Zenbateko horiek 2011ko ekitaldiaren ohiko aurrekontuaren kontura ordainduko dira.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Osatek SAri ordaindu behar dion zenbatekoa espedientearen administrazio-kudeaketa egiteko (gomendio honen bigarren klausularen a puntua) hilero ordainduko da (38.000 euro horiek dagozkion 6 hilabeteetan zatituko dira).

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak bertaratu gabeko urrutiko prestazioetarako gizarte- eta osasun-arloko zerbitzuen lankidetza-programaren esparruan (gomendio honen bigarren klausularen b, c eta d puntuak) Osatek SAri ordaindu behar dion zenbatekoa eredu honen arabera ordainduko da:

Lagundutako pertsona bakoitzeko prezio unitario bat ezarriko da, eta lagundutako erabiltzaile kopuruaren eta zerbitzuan eman duten denboraren arabera ordainduko da, eman diren zerbitzuak kontuan izan gabe.

Gizarte-zerbitzuen telelaguntza-zerbitzua emateagatiko 2011ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko aldirako ordainketa-proposamena erabiltzaile bakoitzeko egingo da (eta Terminalaren horniduraren, instalazioaren eta mantentzearen kostua hartuko du barnean), esleipen-prezioaren eta Osatek, SAren zeharkako kostuen arabera, eta 2.249.455 euro izango dira gehienez ere, 2011ko bigarren seihilekoan artatutako erabiltzaile guztiei dagokienez. Hori horrela egingo da aldi oso horretan zerbitzuan egon direnekin, edo kostu proportzionala egingo da zerbitzuan emandako denboraren arabera. Zenbateko horretatik, erabiltzailearen partaidetza ekonomikoari dagokiona deskontatuko da, zerbitzua esleitzeko Ebazpenean Sailak adieraziko duena, eta Osatek SAk berariazko kudeaketak egingo ditu zenbateko hori kobratzeko. 2011. urterako, zenbateko hori 4 euro izango da pertsona bakoitzeko eta zerbitzuan emandako hilabete oso bakoitzeko.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak erabiltzaile kopuruari eta erabiltzaile horiek zerbitzuan eman duten denborari dagokien zenbatekoa ordainduko dio hilero Osatek SAri. Zenbateko hori aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera kalkulatuko da eta jarraipen-txostena eman ondoren ordainduko da. Txosten horretan, gizarte-zerbitzuen telelaguntza-zerbitzuaren honako informazio espezifiko hau da azalduko da gutxienez:

● Sei hilabeteko epean zerbitzuan egon diren espedienteen kopurua (erabiltzaile kopurua).

● Sei hilabeteko aldian baja eman duten espedienteen kopurua.

● Jasotako deien kopurua eta erabiltzaile bakoitzeko deien batez bestekoa.

● Egindako jarraipen-deien kopurua.

● Etxez etxeko larrialdien kopurua.

● Egindako jarraipen-bisiten kopurua.

● Agenda-kudeaketako zerbitzua duten erabiltzaileen kopurua eta erabiltzaile bakoitzeko deien batez bestekoa.

Erabiltzaile bakoitzeko ordainketak erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren fakturazio-prozesua biltzen du.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bidez telelaguntza-zerbitzuaren prezio publikoaren zenbatekoa ezarriko da, baita ordaintzeko modua eta epeak ere. 2011. urterako, zenbateko hori 4 euro izango da pertsona bakoitzeko eta zerbitzuan emandako hilabete oso bakoitzeko.

Etxez etxeko laguntza soziosanitarioko eredu bat Euskadin ezartzeko proiektuak (gomendio honetako bigarren klausularen e puntua) egiteko ordaindu behar den zenbatekoa gomendio hau sinatzen denean ordainduko da.

Laugarrena.- Datuen babesa.

Gomendio honen eranskin gisa Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Osatek, SAren arteko konfidentzialtasun-hitzarmena gaineratu da, datu pertsonalen babesaren arloko araudia aplikatuz.

Bosgarrena.- Indarraldia.

Kudeaketa-gomendio honen indarraldia sinatzen denetik 2011ko abenduaren 31ra bitartekoa izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 23a.

Zerbitzu eta Araubide Juridikoko zuzendaria, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila.

MARÍA VICTORIA PORTUGAL LLORENTE.

KUDEAKETA GOMENDIOAREN ERANSKINA

EUSKO JAURLARITZAREN ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILAREN ETA OSATEK SA SOZIETATE PUBLIKOAREN ARTEKO KONFIDENTZIALTASUN HITZARMENA, TELELAGUNTZA ZERBITZUAREN KUDEAKETAREN INGURUANHONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, María Gemma Aránzazu Zabaleta Areta andrea Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua bere karguaren jardunean, Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean.

Bestetik Jesús María Fernández Diaz jauna, Osatek SA Sozietate Publikoaren Administrazio Kontseiluko presidentea.

Bi alderdiek hitzarmen hau formalizatzeko beharrezkoa den ahalmen juridikoa eta jarduteko ahalmena aitortzen diote elkarri eta, ados jarrita, horretan aritzeko eman zaien ordezkaritza elkarri onartuta, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

I.- Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 40.3 artikuluan ezartzen da telelaguntza-zerbitzua Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela.

II.- Osatek SA Sozietate Publikoaren estatutuen 1. artikuluan honako hau adierazten da: Sozietatea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren bitarteko instrumental propioa eta zerbitzu teknikoa da, baita erakunde horien mendeko erakunde autonomoen eta gainerako erakunde publikoen bitarteko instrumental propioa eta zerbitzu teknikoa ere.

III.- Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 12. artikulua betez, bi alderdiek datu pertsonalen eskuratzea eta tratamendua arautzeko xedearekin, hitzarmen honetan ezarritakoa erabaki dute.

IV.- Osatek SAk bere gain hartutako zerbitzu-emateak Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren ardurapean egonik datu pertsonalak dituen fitxategian sartu beharra dakarrenez, Osatek SAk datu horien tratamenduaren eragile gisa jardun behar du, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa oinarritzat hartuta.

V.- Aurreko idatz-zatian jasotakoa aintzat hartuta, eta Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 12.2 artikuluan ezarritakoa betez, hirugarrenek datu pertsonalei dagokienez egin beharreko tratamendua Hitzarmen honetan ezarritako klausulen bitartez arautuko da, Hitzarmena egin den eta hitzarmenaren edukiaren adierazgarri.

VI.- Bi alderdiek bete nahi dute Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eskakizuna, aurreko puntuetan jaso dena, eta horretarako honako hitzarmen hau sinatu dute Osatek SAren betebeharrak arautuko dituena Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren ardurapeko datu pertsonalei dagokienez egin beharreko edozein tratamenduren inguruan:

KLAUSULAK

1.- Hitzarmenaren helburua eta eremua.

Hitzarmen honen bitartez zenbait jarraibide eta neurri (teknikoak eta antolamendukoak) zehaztu nahi dira, sinatzen dutenek bete beharko dituztenak datu pertsonalak babesteari dagokionez. Horretarako, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak eta Osatek SAk, tratamenduaren eragilea den aldetik, beren eginkizunak garatuz bete beharreko jarraibide guztiak jasoko dira hitzarmen horretan.

Hortaz, dokumentu honetan deskribatutako jarduneko arau eta prozeduren bitartez, Osatek SAk Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoa garatzen duen Erregelamendua onartzen duen 1720/2007 Errege Dekretuan ezarritako segurtasun-neurrien berri duela eta neurri horiek ezarri behar dituela ziurtatu nahi da, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren titulartasuneko informazioaren konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta osotasuna bermatzeko, hau da, informazio hori aldatzea, galtzea edo baimenik ez duen inork tratatzea edo horretan sartzea galarazteko.

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluan eta Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua onartzen duen 1720/2007 Errege Dekretuan ezarritakoa betez, Osatek SAk kudeatu eta tratatu behar dituen datuen tipologiari dagokion segurtasun-maila bermatuko du. Horregatik, Osatek SAk datuen konfidentzialtasuna bermatzeko abian jarri beharreko kontrol-neurriak eranskinean jasota geratu dira, erakunde horrek Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren kontura tratatuko duen fitxategi bakoitzerako kasuan kasu eskatutako segurtasun-mailaren arabera zehaztu ondoren.

2.- Norainokoak.

Telelaguntza-zerbitzua emateko arduraduna den aldetik datu pertsonalak tratatu behar dituen kasuetan, Osatek SAk datu pertsonalak babesteari loturik bete beharreko segurtasuneko jarraibide eta neurri guztiak jaso dira agiri honetan.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak egindako kudeaketa-mandatuaren arabera Osatek SAk telelaguntza-zerbitzua emateko arduradun gisa honako betebehar hauek ditu besteak beste:

a) Espedientearen administrazio-kudeaketari dagokionez:

● Dokumentazioa berrikustea.

● Instalaziorako komunikazioa eta espedientearen kudeaketa.

● Gorabeheren kudeaketa.

● Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari jakinaraztea ebazpena emateko.

● Telelaguntza-zerbitzuaren prezio publikoaren diru-bilketa, geroago diru hori Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sartzeko.

b) Gizarte-zerbitzuen telelaguntza-ekipoei dagokienez, Osatek SAk honako hau egin beharko du:

● Gizarte-zerbitzuen telelaguntza-ekipoak, telefono-terminal batez eta alarma eramangarriko unitate batez osaturikoak, ematea.

● Gizarte-zerbitzuen telelaguntza-ekipoak instalatzeko, kentzeko, mantentzeko eta konpontzeko zereginak.

● Zerbitzuaren garapenean esku hartzen duten erakundeek erabilitako sistema telefoniko edota informatikoekiko integrazioa bermatzea.

● Erabiltzaileei, ekipoen erabilerari eta ezaugarriei buruzko arreta eta informazioa eskaintzea.

● Larrialdi-deiei dagokienez, SOS-Deiak zerbitzuaren bidez larrialdietan laguntza ematen dela zaintzea edo beharrezkoa baldin bada (erortzeak) etxean artatzea.

c) Teleoperadore-postuak betetzen dituztenei dagokienez:

● Postuak lortzeko baldintzak ezartzea.

● Eska daitezkeen gaitasunak zehaztea.

● Teleoperadoreak trebatzea.

● Gaitasunen eskuratze-maila ebaluatzea.

● Telefono bidezko laguntza emateko protokoloa -gizarte-zerbitzuen eremuari eta erantzun motari buruzkoa- egitea, baita kasuak bidera litezkeen zerbitzuen zerrenda ere.

d) Informazioa eskualdatzea:

● Kanal anitzeko plataformak bermatuko du datuak eskualdatzen direla sisteman parte hartzen duten guztien artean, betiere Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legean ezarritakoaren arabera.

● Osatek SAk jakiten dituen gorabehera guztiei buruzko informazioa emango dio Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari, zerbitzuan baja ematea ekarriko dutenei buruzkoa bereziki.

● Zerbitzuaren kalitatea kontrolatzeko sistema bat ezarriko da, baita sistema hori ebaluatzeko adierazleen definizioa ere.

Hala, jarraian zehazten diren fitxategietan, Osatek SAk tratamenduaren ardura hartzeko aukera izango du, eta, hortaz, fitxategi horietan, Hitzarmen honetan zehaztutako jarraibideak hartu beharko ditu kontuan, bakoitzaren segurtasun-mailaren arabera:

(Ikus .PDF)

3.- Tratamenduaren helburua.

Osatek SAk bere gain hartu duen datu-tratamendua Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari esleitutako zerbitzua emateko beharrezkoak diren jardunetara mugatuko da, telelaguntza-zerbitzua emateko Kudeaketa Mandatuan ezarritakoari jarraiki.

Osatek SA Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren titulartasuneko fitxategian sartuko da, baina soilik agindutako zerbitzuak emateko xedeetarako. Fitxategiaren ardura duen Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren kontura, interesdunen datuen tratamenduen eragile gisa jardungo du, hori guztia Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betez. Eta bere eginkizunak Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak emandako jarraibideen arabera beteko ditu.

Zehazkiago, Osatek SAk datu pertsonalak tratatuko ditu fitxategiaren arduradunak unean-unean adieraziko dizkion jarraibideei jarraiki, baita datu pertsonalak babestearen alorrean aplikatzekoa den araudian ezarritakoari jarraiki ere.

Gainera, Osatek SAk konpromisoa hartu du datu pertsonalei buruzko bestelako tratamendurik ez egiteko, eta datuak Hitzarmen honetan aipatutako zerbitzua ematearekin ez duten xedeetarako ez aplikatu edo erabiltzeko.

4.- Segurtasun-neurriak.

Osatek SAk adierazten du badakiela fitxategiaren barnean datu pertsonalak hartu direla, eta, tratamenduaren eragilea den aldetik, fitxategian bildutako informazioa lekualdatu behar badu, segurtasun-maila handiaren arabera beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartu beharko dituela, konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzeko datuen ezaugarrien arabera, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua onartzen duen 1720/2007 Errege Dekretuan ezarritakoa betez.

5.- Datu pertsonalak komunikatzeko debekua.

Osatek SAk konpromisoa hartu du zerbitzua emateko Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak haren esku utzitako fitxategia eta/edo datu pertsonalak kontrolpean edukitzeko eta zaintzeko, baita inori ere ez hedatzeko, transferitzeko edo inondik inora komunikatzeko ere, ezta kontserbazio-xedeetarako ere (bederatzigarren klausulan aurreikusitakoa salbu).

6.- Datuak itzultzeko betebeharra.

Behin datu pertsonalak dituzten fitxategiei dagokienez agindutako zerbitzuak eta lanak amaitu ondoren, Osatek SAk Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari itzuliko dizkio jasotako fitxategiak, eta ezin izango du gorde, inondik inora, fitxategi horien edo agindutako lanen ondorioz sortu diren beste edozein fitxategiren kopia osorik edo partzialik. Osatek SAk agiri bat aurkeztuko du, fitxategiko datuak itzuli egin dituela bermatuko duena.

7.- Datuetan sartzeko, datuak ezereztu eta zuzentzeko, eta datuen aurka egiteko eskubideak.

Fitxategiaren arduradunaren titulartasuneko fitxategietako datuen interesdunek eskubide horiek gauzatzen badituzte Osatek SAren aurrean, Osatek SAk berehala helaraziko dio eskaera hori fitxategiaren arduradunari, gehienez ere egutegiko hiru eguneko epearen barruan eskaera jasotzen duen egunetik zenbatzen hasita, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak eskaera horri dagokion ebazpena eman diezaion.

8.- Segurtasun-agiria.

Osatek SAren segurtasun-agiriaren barnean, tratamenduaren agindupeko fitxategiak jasoko dira, eta Hitzarmena ere esanbidez jasoko da. Gainera, Osatek SAren segurtasun-agirian jasoko da Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza fitxategiaren arduraduna dela, eta aginduaren indarraldia ere adieraziko da.

Fitxategiaren arduradunak edozein unetan eska diezaioke Osatek SAri Segurtasun Agiria, hain zuzen ere fitxategiaren arduradunak datuetara sarbidea izateko erreferentziak benetan agiri horretan jaso direla egiaztatzeko.

Fitxategietako datuak Osatek SAko informazio-sistemetan soilik sartzen eta tratatzen diren kasuetan, Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritzak bere Segurtasun Agirian jaso beharko du.

9.- Azpikontratazioak baimentzea.

15/1999 Legearen 3. artikuluak honela definitzen du tratamenduaren eragilea: fitxategiaren arduradunarentzat datu pertsonalak tratatzen dituen pertsona fisiko zein juridikoa, agintaritza publikoa, zerbitzua, edo bakarrik nahiz beste batzuekin batera jardun dezakeen beste edozein erakunde.

Estipulazio honen bitartez, Osatek SAri konfidentzialtasun-hitzarmen honen bigarren klausula betetzeko beharrezkoak diren tratamenduak egiteko azpikontratazioak egitera berariaz baimendu zaio eta onartu egin du. Azpikontratazioa egiteko unean, Osatek SAk azpikontratazioaren hasieraren berri eta azpikontratatutakoaren identitatearen berri eman beharko dio fitxategiaren arduradunari eta aldi berean, zerbitzuak emateko kontratua bidali beharko dio, honako hauek bilduz:

● Izaera pertsonaleko datuen tratamenduari dagokionez, Osatek SAk fitxategien arduraduna den Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren izenean eta kontura jarduten duela.

● Datuak babesteko araudiak eskatutako betekizunak, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legearen 12. artikuluan ezarritakoak esanbidez jasota.

● Azpikontratatutako zerbitzuaren edukia.

● Azpikontratistak datu pertsonalekin egin beharreko tratamendua Osatek SAk unean-unean bete beharreko segurtasun-neurri eta jarraibideei lotuko zaiela.

10.- Segurtasun-auditoriak.

Osatek SAk, eta, hala badagokio, azpikontratatutako erakundeek, datuak tratatzerakoan tratamenduaren arduradunak helburuei, erabilerei, neurriei (teknikoak eta antolamendukoak), kontrolei eta auditoriei dagokienez ezarriko dizkien jarraibideak baino ez dituzte aintzat hartuko. Horretarako, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen segurtasun-auditoria guztiak egin ahal izango ditu une oro, Osatek SAk agiri honetan bere gain hartutako betebehar eta konpromiso guztiak betetzen dituela egiaztatzeko.

11.- Erantzukizunak.

Osatek SAk Hitzarmen honetan eta indarreko araudian ezarritako betebeharrak beteko ditu, honako tratamendu-agindu honi dagokionez.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 12.4 artikuluan eta lege hori garatzen duen araudian ezarritakoa betez, Osatek SA tratamenduaren arduraduna izango da baldin eta datuak beste helburu batzuetara bideratzen baditu, hirugarren bati jakinarazten badizkio edo Hitzarmen honetan ezarritakoak bete gabe erabiltzen baditu, eta, hortaz, erantzun beharko du egindako arau-hausteen aurrean.

12.- Indarra hartzea.

Sinatzen den egunean hasiko da indarrean hitzarmen hau, eta Osatek SAk Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzarentzat Telelaguntza Zerbitzua emateko duen harremana amaitzeko data arte eta Hitzarmen honetan jasotako baldintzak bete arte egongo da indarrean, kontuan izan gabe harreman hori amaitu ondoren alderdiei aplika dakiekeen beste edozein legezko betebehar.

Alderdiek hitzarmena irakurri dute, eta hortaz hitzarmenaren edukiaren eta lege-betebeharren berri jaso dute. Jarraian, hitzarmenaren bi ale sinatu dituzte.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 23a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARANZAZU ZABALETA ARETA.

Osatek SAko presidentea,

JESÚS MARÍA FERNÁNDEZ DÍAZ.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala