Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2012ko otsailaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Gipuzkoako Foru Aldundia
900

6/2011 FORU ARAUA, abenduaren 26koa, ondarearen gaineko zerga berrezartzen duena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIA NAIZEN HONEK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «Abenduaren 26ko 6/2011 Foru Araua, Ondarearen gaineko zerga berrezartzen duena», eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia-San Sebastián, 2011ko abenduaren 26a.

Diputatu nagusia,

MARTIN GARITANO LARRAÑAGA.

HITZAURREA

Abenduaren 23ko 4/2009 Foru Arauak, zenbait zergatan aldaketak sartzen dituenak, indargabeturik utzi zuen, lehen xedapen indargabetzailea dela medio, abenduaren 27ko 14/1991 Foru Araua, Ondarearen gaineko Zergarena, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Arrazoi bat baino gehiago izan zen Foru Araua une hartan indargabetzeko. Bat aipatzearren, besteak beste nabarmendu liteke zerga hori, zenbait aspektutan, zaharkituta zegoela, eta batez ere, eta datu hau bereziki da garrantzitsua, zerga hori ordurako ez zela aplikagarria, teknika juridiko desberdinak erabili arren, ez lurralde erkidean ez beste bi lurralde historikoetan. Horri gehitu dakizkioke azken alderdi horrek zekartzan disfuntzioak. Horregatik guztiarengatik, ikusi zen orduan komeni zela zerga indargabetzea.

Hala ere, gaurko zirkunstantzietan, non krisi egoerak, alde askotatik, orain arte ezagutu ez den tamaina hartu baitu, zerga politikako neurriak hartu behar dira ongizate-estatuari eutsi ahal izateko eta zerga-bilketa maila zuhurtasunez kontrolatzeko, hala egin ezean beharrezkoa izango baita gizarte politiketan murrizketak egitea eta, hori, jakina, talde behartsuenen kalterako izango da.

Aipatutako neurriak hartzeko garaian kontuan izan behar den funtsezko premisetako bat da zerga sistemaren ekitatea berreskuratzera jo behar dela, eta, alde horretatik, ideia honetan sakondu beharra dago, alegia, gehiago duenak gehiago eman behar diola sistemari. Horretarako, Ondarearen gaineko Zerga funtsezko tresna izan daiteke.

Zalantzarik gabe, 2008. urtean diseinatuta zegoen eran (aplikazioaren azken urtea indargabetua izan aurretik), ondarearen gaineko zergak gauza asko zituen hobetzeko, bai justizia tributariotik begiratuta, eta bai ikuspegi teknikotik hartuta. Hala ere, zerga lehenbailehen berrezarri beharra dagoenez, hain zuzen ere 2011. urteko abenduaren 31 baino lehen, zergaren sortzapena orduan gertatzen baita, guztiz ezinezkoa da zerga berri bat data hori baino lehen diseinatu, tramitatu eta onartzea.

Horregatik, erabaki da zerga «zaharra» berrezartzea, baina bi urtetarako soil-soilik, hau da, 2011. era 2012. urteetarako, asmoa baita 2013an beharrezko ahaleginak egitea jabetzaren gaineko zerga modernizatzeko.

Aurrekoaz gain, hainbat aldaketa sartu dira, orobat, zaharkituta zeuden zergaren beste alderdi batzuetan. Horrela, nabarmentzekoa da, besteak beste, ohiko etxebizitzagatik salbuetsitako minimoa 300.000 euroraino igotzen dela, eta, horrez gainera, oinarri ezargarria beste 700.000 euro murrizten dela minimo salbuetsiaren kontzeptupean.

Horren asmoa da herritar kopuru handi bat zergaren aplikazio eremutik kanpo uztea, hain zuzen ere, justizia tributarioaren ikuspegitik segur aski profil egokia izan ez arren, 2008. urtera arte zerga ordaintzera behartuta zegoena. Horrela, bada, tamainako ondarea duten pertsonek bakarrik tributatu beharko dute zerga honengatik.

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Zergaren izaera eta xedea.

Ondarearen gaineko Zerga zuzeneko tributu bat da, izaera pertsonalekoa, pertsona fisikoen ondare garbia Foru Arau honetan ezarritako eran zergapetzen duena.

Zerga honen ondorioetarako, pertsona fisikoaren ondare garbia izango da haren titularitzapean dauden eduki ekonomikoko ondasun eta eskubide guztiak, hauen balioa gutxitzen duten kargak zein pertsona fisikoak dituen zorrak eta obligazio pertsonalak kenduta.

2. artikulua.- Aplikazio eremua.

Bat.- Zerga Gipuzkoako Foru Aldundiak exijituko du, Foru Arau honen 5. artikuluan jasotako kasuetan.

Bi.- Aurreko apartatuan jasotakoak ez du eragotziko Estatu Espainiarrak nazioartean sinatu eta berretsitako itun eta hitzarmenetan edo hark atxikimendua emandakoetan xedatutakoa.

II. KAPITULUA

ZERGA-GAIA

3. artikulua.- Zerga-gaia.

Subjektu pasiboa, sortzapenaren unean, Foru Arau honen 1. artikuluko bigarren paragrafoan aipatzen den ondare garbiaren titular izatea da zerga honetan zerga-gaia.

Aurreko sortzapenean subjektu pasiboarenak izandako ondasun eta eskubideak ondarearen parte direla joko da, horiek eskualdatu direla edo ondare galera egon dela frogatzen ez bada behintzat.

4. artikulua.- Ondasun eta eskubide salbuetsiak.

Zerga honetatik salbuetsita daude honako hauek:

Bat.- Euskal Kultur Ondareko ondasunak, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak aipatutako Kultur Ondasun Kalifikatuen Erregistroan edo Inbentario Orokorrean inskribatuta daudenean.

Bi.- Espainiako Ondare Historikoko ondasunak, Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legeak aipatutako Interes Kulturaleko Ondasunen Erregistro Orokorrean edo Ondasun Higigarrien Inbentario Orokorrean inskribatuta daudenean, eta, orobat, lege horren bigarren xedapen gehigarrian jasotakoak, baldin eta, azken kasu horretan, Kultura Ministerioak Interes Kulturaleko Ondasuntzat kalifikatu baditu eta dagokien Erregistroan inskribaturik badaude.

Guztiarekin ere, ingurune arkeologikoen eta toki zein multzo historikoen kasuan, salbuespenean ez da sartuko mugatutako perimetroaren barruan dagoen edozein ondasun higiezin, baizik eta, bakar-bakarrik, honako baldintzak betetzen dituztenak:

- Ingurune arkeologikoetan, ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 20. artikuluak aipatzen duen hirigintzako plangintza tresnaren arabera bereziki babestekoak direnak.

- Toki zein multzo historikoetan, berrogeita hamar urte edo gehiago dituztenak eta Hirigintza Plangintzako Erregelamenduaren 86. artikuluan aurreikusitako Katalogoan erabat babesteko modukoak direnak, ekainaren 25eko 16/185 Legeak 21. artikuluan ezarritako eran.

Hiru.- Autonomia erkidegoetako ondare historikoa osatzen duten ondasunak, tokian tokiko arauetan ezarritakoaren arabera kalifikatu eta inskribatu direnean.

Lau.- Arte-gaiak eta zaharkinak, euren balioa Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak 37.3 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako ezar litezkeen zenbatekoetara iristen ez denean.

Bost.- Arte-gaiak eta zaharkinak, euren balio Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legeak 26.4 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako ezar litezkeen zenbatekoetara iristen ez denean.

Salbuetsita egongo dira, halaber:

a) Foru arau honen 19. artikuluan aipatzen diren arte-gaiak eta zaharkinak, baldin eta euren jabeek museoei edo irabazteko asmorik gabeko kultur erakundeei gordailu iraunkorpean laga badizkiete, gutxienez hiru urtez, jendaurrean jartzeko, gordailupean dauden bitartean.

b) Artisten obra bera, egilearen ondarean dagoen bitartean.

Sei.- Etxeko ostilamendua, halakotzat hartuta efektu pertsonalak eta etxekoak, etxeko tresneria, eta subjektu pasiboak erabilera partikularreko dituen gainerako ondasun higigarriak, Foru Arau honen 18. eta 19. artikuluetan aipatzen diren ondasunak izan ezik.

Zazpi.- Eduki ekonomikoko eskubideak, aurrezpen tresna hauetan:

a) Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitate bateko bazkide osoen edo arrunten eskubide kontsolidatuak eta onuradunen eskubide ekonomikoak.

b) Pentsio plan bateko partaideen eskubide kontsolidatuak eta onuradunen eskubide ekonomikoak.

c) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Arauak aipatzen dituen aurreikuspen plan aseguratuei ordaindutako primengatik sortzen diren eduki ekonomikoko eskubideak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Arauak aipatzen dituen enpresen gizarte aurreikuspeneko planei subjektu pasiboak egindako ekarpenengatik sortzen diren eduki ekonomikoko eskubideak, hartzailearen kontribuzioak barne.

e) Subjektu pasiboak aseguru kolektiboko kontratuei ordaindutako primengatik sortzen diren eduki ekonomikoko eskubideak -kontratu horiek ez dute zer ikusirik izan behar enpresen gizarte aurreikuspeneko planekin, eta enpresek pentsio gaietan hartutako konpromisoak bideratzeko balio behar dute-, Pentsio Plan eta Fondoei buruzko Legearen Testu Bateratuaren lehen xedapen gehigarrian eta horren garapenerako araudian jasotako eran, eta, orobat, enpresariek aseguru kolektiboko kontratu horiei ordaindutako primetatik datozenak.

f) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauak 72. artikuluaren 7. apartatuan aipatzen dituen mendetasuna estaltzeko aseguru pribatuei ordaindutako primei dagozkien eduki ekonomikoko eskubideak.

Zortzi.- Jabetza intelektual edo industrialetik eratorritako eskubideak, egilearen ondarean dauden bitartean, eta jabetza industrialaren kasuan, jarduera enpresarialei atxikita ez daudenean.

Bederatzi.- Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko apirilaren 26ko 2/1999 Foru Arauak 13. artikuluan xedatutakoaren arabera salbuetsita dauden etekinen baloreak.

Hamar.- 1.- Pertsona fisikoek jarduera enpresarial edo profesionala garatzeko behar dituzten ondasun eta eskubideak, betiere jarduera hori subjektu pasiboak ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean egiten badu eta haren errenta iturri nagusia bada. Errenta iturri nagusia kalkulatzeko, ez dira konputatuko apartatu honetako 2. zenbakian aipatuta dauden entitateetan egiten diren zuzendaritza funtzioen ordainsariak, ez eta entitate horietan parte hartzeagatik ematen den ezein ordainsari ere.

Halaber, salbuetsita daude senar-emazteek edo maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera osatutako izatezko bikoteko kideek komunean dituzten ondasun eta eskubideak, baldin eta ezkontide edo bikote-lagunetako baten jarduera enpresarial edo profesionalean erabiltzen badira, betiere aurreko paragrafoan aipatutako beharkizunak beteta.

2.- Entitateetako partaidetzen gaineko jabetza osoa, jabetza soila eta biziarteko usufruktu eskubidea, antolatutako merkatuetan kotizatuta zein kotizatu gabe, baldintza hauek betez gero:

a) Entitatearen jarduera nagusia ondare higigarri edo higiezin baten kudeaketa ez izatea. Ulertuko da entitate batek ez duela ondare higigarri edo higiezin bat kudeatzen eta, beraz, jarduera ekonomiko bat egiten duela baldin eta, Sozietateen gaineko Zergari buruzko uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 66. artikulua aplikaturik, entitate horrek ez baditu behar diren baldintzak betetzen pentsatzeko bere aktiboaren erdia baino gehiago baloreek osatzen dutela edo jarduera ekonomikoei atxikita dagoela.

b) Entitateak sozietate izaera duenean, Sozietateen gaineko Zergari buruzko uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 66. artikuluko kasuak ez gertatzea.

c) Subjektu pasiboak entitatearen kapitalean duen partaidetza gutxienez % 5ekoa izatea, banaka konputatuta, edo % 20koa berearekin batera ezkontidearena, maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutako izatezko bikote lagunarena, aurreko zein ondorengo ahaideena, edo bigarren mailako zeharkako ahaideena konputatuta, izan ahaidetasunaren jatorria odolkidetasuna, ezkontza, maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutako izatezko bikotea, edo adopzioa.

d) Subjektu pasiboak zuzendaritza lanak egitea benetan entitatean, eta horregatik jasotzen duen ordainsariak bere enpresa, lanbide edo lan etekin guztien % 50 gainditzea.

Aurreko kalkulua egitean, apartatu honetako 1. zenbakian aipatzen diren jarduera enpresarialen etekinak ez dira konputatuko enpresa, lanbide edo lan etekinen artean.

Entitatean duen partaidetza aurreko letran aipaturiko pertsonetako batekin edo batzuekin batera duenean, zuzendaritza funtzioak eta hortik datozen ordainsariak ahaidetasun taldeko pertsona batek bederen izan behar ditu, salbuespenerako eskubidea denek izatea eragotzi gabe.

Foru arau honen 16.bat artikuluan jasotako erregelen arabera partaidetzek duten balioari bakarrik aplikatuko zaio salbuespena, jarduera enpresarial edo profesionala egiteko behar diren aktiboen balioak -jardueratik datozen zorrekin gutxituak- eta entitatearen ondare garbiaren balioak elkarren artean duten proportzioari dagokion zatian.

3.- Erregelamendu bidez zehaztuko da:

a) Zer baldintza bete behar diren jarduera enpresarial bat garatzeko beharrezkoak diren ondasun, eskubide eta zorrak salbuetsita gera daitezen.

b) Entitateetako partaidetzek bete behar dituzten baldintzak.

Hamaika.- Zergadunaren ohiko etxebizitza, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauak 90.8 artikuluan definitutako eran, 300.000 euroraino gehienez.

III. KAPITULUA

SUBJEKTU PASIBOA

LEHEN SEKZIOA

ARAU OROKORRAK

5. artikulua.- Subjektu pasiboa.

Bat.- Zergaren subjektu pasiboak dira:

a) Obligazio pertsonalarengatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadun gisa lotuta dauden pertsona fisikoak. Haien ondare garbi osoagatik exijituko zaie zerga, zergapetu beharreko ondare elementuak zein lurraldetan dauden kontuan hartu gabe.

b) Obligazio errealarengatik, lurralde espainiarrean egoiliar ez den edozein pertsona fisiko, lurralde espainiarrean dituen ondasun eta eskubideei dagokienez, baldin eta ondasun eta eskubide horien baliorik handiena euskal lurraldean egonik, Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatutakoen balioa beste lurralde historikoetako bakoitzean kokatutakoena baino handiagoa bada.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, lurralde jakin batean kokatutzat joko dira lurralde horretan dauden ondasun eta eskubideak, han gauzatu daitezkeenak edo bertan bete behar direnak.

Lurralde espainiarrean dauden ondasun eta eskubideengatik bakarrik exijituko zaio zerga subjektu pasiboari, Foru Arau honen 9. artikuluko laugarren apartatuan xedatutakoa kontuan hartuta.

c) Ez-egoiliar batek azken egoitza Gipuzkoan izan badu, zerga Gipuzkoan ordaintzea hautatu dezake obligazio pertsonalaren arabera. Aukera hori obligazio pertsonalaren aitorpena Gipuzkoako egoiliar izateari utzi dion lehen ekitaldian aurkeztuz egin beharko da.

Aurreko paragrafoan aipatutako kasuetan, Foru Arau hau aplikatuko da.

Bi.- Ohiko egoitza non dagoen zehazteko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

Hiru.- Estatu Espainiarrak atzerrian dituen ordezkari eta funtzionarioak eta atzerriko organismo, erakunde edo estatuek Espainian dituztenak obligazio pertsonal edo errealarengatik egongo dira zerga honi lotuta, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren arauetan subjektu pasibo horientzat ezarrita dauden zirkunstantzia eta baldintza berberen arabera jokatuko da.

6. artikulua.- Espainian egoiliar ez diren subjektu pasiboen ordezkariak.

Bat.- Lurralde espainiarrean egoiliar ez diren subjektu pasiboek, aurreko 5. artikuluaren bat apartatuko b) letran aipatuek, establezimendu iraunkorraren bidez jarduten badute edo, lurralde espainiarrean duten ondarearen tamaina eta ezaugarriengatik, Zerga Administrazioak eskatzen badie, Gipuzkoan helbideratutako pertsona fisiko edo juridiko bat izendatu beharko dute Zerga hau dela-eta dituzten obligazioetan Administrazioaren aurrean ordezka ditzan. Era berean, izendapen hori jakinarazi beharko dute, behar bezala egiaztatuta, zerga aitortzeko epea bukatu aurretik.

Bi.- Artikulu honen bat apartatuan aipatutako obligazioak ez betetzea zerga urraketatzat hartuko da, eta 1.000 euroko isun finkoaz zehatuko da.

Zerga urraketak errepikatuz gero, aurreko paragrafoaren arabera ezarritako zehapena mailakatu egingo da ateratzen den zenbatekoa 100eko 100 gehituz.

Hiru.- Edonola ere, ez-egoiliarren ondasun edo eskubideen gordailuzain edo kudeatzaileak erantzule solidarioak izango dira gordailatu edo kudeatu behar dituzten ondasun edo eskubideengatik zerga honetan sortutako zerga-zorra ordaintzeari dagokionez, Zergen Foru Arau Orokorraren 42. artikuluak 4. apartatuan jasotako eran.

BIGARREN SEKZIOA

TITULARTASUNA ZEHAZTEA ETA ONDAREA EGOZTEA

7. artikulua.- Ondare elementuen titulartasuna.

Ondasun eta eskubideak subjektu pasiboenak izango dira titulartasun juridikoari buruz kasu bakoitzean aplikagarri diren arauen arabera eta haiek aurkeztutako edo Administrazioak aurkitutako frogak kontuan hartuta.

Hala dagokionean, ondasun eta eskubideen titulartasun juridikoari buruzko arau hauek ere aplikatuko dira: ezkontzaren erregimen ekonomikoa arautzen duten xedapenetan jasotakoak, eta familiako kideen arteko edo maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutako izatezko bikoteko kideen arteko ondare harremanei kasuan kasu aplikagarri zaien legeria zibilean jasotakoak.

Ezkontzaren erregimen ekonomikoa edo ondare erregimena arautzen duten xedapen eta itunen arabera bi ezkontideenak edo izatezko bikoteko bi kideenak diren ondasun eta eskubideen titulartasuna erdibana esleituko zaio bakoitzari, beste partaidetza kuota bat frogatzen denean izan ezik.

Ondasun eta eskubideen titulartasuna behar bezala frogatuta ez dagoenean, zerga Administrazioak erregistro fiskal batean edo bestelako erregistro publikoetan titular gisa ageri dena har dezake titulartzat.

Kargak, zorrak eta obligazioak aurreko paragrafoetan azaldutako arau eta irizpideen arabera egotziko zaizkie subjektu pasiboei.

8. artikulua.- Geroratutako prezioan edo jabari-erreserbaz eskuratutako ondasun eta eskubideak.

Bat.- Ondasun edo eskubideak eskuratzean kontraprestazioa osorik zein zati batean geroratu bada, zergaren arauetatik ateratzen den ondare elementuaren balioa eskuratzaileari egotziko zaio bere osoan, eta eskuratzaileak bere zorren artean sartu beharko du geroratutako kontraprestazioaren zatia.

Saltzaileak, bere aldetik, bere ondareko eskubideen artean sartuko du geroratutako kontraprestazioaren zatiari dagokion kreditua.

Bi.- Ondasunak jabari-erreserbaz saldu badira, jabetza erosleari eskualdatzen ez zaion bitartean, haren eskubidea zergaren sortzapen egunera arte emandako kopuru guztiengatik konputatuko da, eta kopuru horiek saltzailearen zorrak izango dira. Zergaren arauetatik ateratzen den ondare elementuaren balioa saltzaileari egotziko zaio.

IV. KAPITULUA

OINARRI EZARGARRIA

9. artikulua.- Kontzeptua.

Bat.- Subjektu pasiboaren ondare garbiaren balioak eratzen du Zerga honen oinarri ezargarria.

Bi.- Ondare garbia ondorengo hauen arteko diferentzia izango da:

a) Subjektu pasiboaren ondasun eta eskubideen balioa, ondorengo artikuluetako erregelen arabera zehaztua, eta,

b) Izaera errealeko kargak, ondasun edo eskubideen balioa gutxitzen dutenean, eta subjektu pasiboak dituen zorrak eta obligazio pertsonalak.

Hiru.- Aurreko apartatuan xedatutakoa hala izanik ere, ondasun salbuetsiei dagozkien kargak ez dira kenduko ondare garbia zehazteko.

Lau.- Zerga ordaindu beharra obligazio errealarengatik gertatzen bada, kengarriak izango dira, soil-soilik, lurralde espainiarrean dauden, han erabili daitezkeen edo bertan bete behar diren ondasun eta eskubideak ukitzen dituzten kargak, eta ondasun horietan inbertitutako kapitalengatik sortutako zorrak.

10. artikulua.- Ondasun higiezinak.

Hiri edo landa izaerako ondasunak ondorengo apartatuetan ezarritako eran konputatuko dira:

1.- Ondoko hiru balioetarik handiena kontuan hartuta: balio katastrala, Administrazioak beste zerga batzuen ondorioetarako egiaztatutakoa, edo erosketaren prezio, kontraprestazio edo balioa.

2.- Ondasun higiezinak eraikitze fasean daudenean, zergaren sortzapen egunera arte eraikuntza horretan benetan inbertitutako zenbatekoak gehi orubeari dagokion ondare balioa hartuko dira ondare baliotzat. Jabetza horizontalaren kasuan, tituluan finkatutako portzentajearen arabera zehaztuko da zer zati proportzional duen higiezinak orubearen balioan.

3.- Ondasun higiezinen gaineko eskubideak multijabetza kontratuak, denbora partzialeko jabetza kontratuak edo antzeko formulak erabiliz eskuratu badira, erregela hauen arabera baloratuko dira:

a) Ondasun higiezinaren titulartasun partziala badakarte, aurreko bat apartatuko erregelen arabera.

b) Ondasun higiezinaren titulartasun partzialik ez badakarte, egiaztagirien edo bestelako titulu adierazgarrien eskuratze prezioaren arabera.

Turismo erabilerako ondasun higiezinen txandakako aprobetxamendu eskubideei eta zerga arauei buruzko abenduaren 15eko 42/1998 Legean jasotako eskubideak letra honetan ezarritakoaren arabera baloratuko dira, haien izaera edozein dela ere.

11. artikulua.- Jarduera enpresarial eta profesionalak.

Pertsona fisikoen ondasun eta eskubideak jarduera enpresarial edo profesionalei atxikita badaude Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren arauek dioten eran, haien kontabilitatetik ateratzen den balioaren arabera konputatuko dira, aktibo errealaren eta pasibo exijigarriaren arteko diferentzia aintzat hartuta, betiere kontabilitatea Merkataritza Kodean xedatutakoarekin bat badator.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa xedatuta ere, jarduera enpresarial edo profesionalei atxikita dauden ondasun higiezinak 10. artikuluan adierazitakoaren arabera baloratuko dira beti, salbu eta aktibo zirkulatzailearen parte direnean eta haien xede bakarra higiezinen eraikuntza edo sustapena helburu duten jarduera enpresarialak egitea denean.

Kontabilitaterik ez badago, balorazioa aterako da Zerga honen gainerako arauak aplikatuta.

12. artikulua.- Kontu korronteetan edo aurrezpenekoetan, agerikoetan edo epekakoetan egindako gordailuak.

Kontu korronteetan edo aurrezpenekoetan, agerikoetan edo epekako kontuetan egindako gordailuak, hirugarrengoen konturakoak ez direnean, bai eta diruzaintzako kudeaketa kontuak eta finantza kontuak eta antzekoak ere, zergaren sortzapen datan agertzen duten saldoaren arabera konputatuko dira. Dena den, saldo hura urteko azken hiruhilekoan dagoen batez besteko saldoa baino txikiagoa denean, azken saldo hori aplikatuko da.

Aipatutako batez besteko saldoa kalkulatzeko, ez dira konputatuko ondarean dauden ondasun eta eskubideak eskuratzeko edo zorrak kitatu edo murrizteko ateratako funtsak.

Mailegu edo kreditu batek eragindako zor baten zenbatekoa urteko azken hiruhilekoan lehen paragrafoan aipatutako kontuetako batean ordaindu denean, ez da batez besteko saldoa zehazteko konputatuko eta ez da kengarria izango halako zor modura.

13. artikulua.- Hirugarrengoei kapital propioak laga izana adierazten duten baloreak, merkatu antolatuetan negoziatuak.

Hirugarrengoei kapital propioak laga izanaren balore adierazgarriak, merkatu antolatuetan negoziatuak, urte bakoitzeko laugarren hiru hilabeteko batez besteko negoziazio balioaren arabera konputatuko dira, izendapena, ordezkaritza eta lortutako etekinen izaera edozein izanik ere.

Ondorio horietarako, Ekonomia eta Ogasun Ministerioak burtsan negoziatzen diren baloreei buruz urte bakoitzeko laugarren hiruhilekoari dagokionez urtero argitaratzen duen batez besteko kotizazioa aplikatuko da.

14. artikulua.- Hirugarrengoei kapital propioak laga izana adierazten duten gainerako baloreak.

Hirugarrengoei kapital propioak laga izanaren balore adierazgarriak, aurreko artikuluan aipatutakoak ez direnean, balio nominalaren arabera baloratuko dira, hala badagokio amortizazio edo itzulketa primak barne hartuta, izendapena, ordezkaritza eta lortutako etekinen izaera edozein izanik ere.

15. artikulua.- Edozein motatako entitateen fondo propioetan parte hartzea adierazten duten baloreak, merkatu antolatuetan negoziatuak.

Bat.- Merkatu antolatuetan negoziatutako edozein entitate juridikoren kapital sozialaren edo fondo propioen akzio eta partaidetzak, salbu inbertsio kolektiboko erakundeei dagozkienak, urte bakoitzeko laugarren hiru hilabeteko batez besteko negoziazio balioaren arabera konputatuko dira.

Ondorio horietarako, Ekonomia eta Ogasun Ministerioak merkatu antolatuetan negoziatzen diren baloreei buruz urte bakoitzeko laugarren hiruhilekoari dagokionez urtero argitaratzen duen batez besteko kotizazioa aplikatuko da.

Bi.- Merkatu antolatuetan kotizatzen duten entitate juridikoek ateratako akzio berriak, kotizazio ofizialean oraindik onartzen ez direnak, harpidetzen direnean, akzio horien baliotzat harpidetza aldiaren barruan titulu zaharrekin egindako azken negoziazioarena hartuko da.

Hiru.- Ordaintzeko dauden kapital zabalpenen kasuetan, akzioen balorazioa aurreko arauei jarraikiz egingo da, erabat ordainduta baleude bezala, ordaintzeko dagoen zatia subjektu pasiboaren zor moduan sarturik.

16. artikulua.- Edozein motatako entitateen fondo propioetan parte hartzea adierazten duten gainerako baloreak.

Bat.- Aurreko artikuluan aipatutakoak ez diren akzio eta partaidetzen kasuan, balorazioa onartutako azken balantzearen emaitza teorikoaren balioaren arabera egingo da, betiere balantze hori derrigorrez edo borondatez aztertu eta egiaztatu bada eta auditoreen txostena aldekoa bada.

Balantzea ez bada auditatu edo auditoreek aldeko txostena ematen ez badute, balorazioa egiteko, hiru balio hauetako handiena hartuko da: balio nominala, onartutako azken balantzetik ateratzen den balio teorikoa edo zergaren sortzapen dataren aurretik itxitako hiru ekitaldi sozialetako mozkinen batez bestekoa % 20an kapitalizatzetik ateratzen den balioa.

Azken ondorio horretarako, banatutako dibidenduak eta erreserbetarako esleipenak konputatuko dira mozkin gisa, balantzeen erregularizazio edo eguneratze mozkinak kanpoan utzita.

Aurretik xedatutakoa xedatuta ere, Foru Arau honek 4.hamar.2 artikuluaren a) eta b) letretan jasotakoa betetzen ez duten entitateetan edukitako akzio edo partaidetzak direnean, aktiboen kontabilitate balio garbiaren ordez zerga honen ondorioetarako izango luketen balioa finkatu ondoren zehaztuko da apartatu honetako lehen bi paragrafoetan aipatutako balio teorikoa.

Bi.- Inbertsio kolektiboko erakundeen kapital sozialari edo ondare fondoari dagozkion akzio eta partaidetzak zergaren sortzapen datan duten likidazio balioaren arabera konputatuko dira; balantzean sartutako aktiboak erakunde horien berariazko legerian jasotako arauei jarraikiz baloratuko dira, eta hirugarrengoekin dauden obligazioak kengarriak izango dira.

Hiru.- Bazkideek kooperatiben kapital sozialean duten partaidetzen balorazioa zehazteko, onartutako azken balantzearen ondorioz ateratzen den derrigorrezko edo borondatezko ekarpen sozial ordainduen zenbateko osoa hartuko da kontuan, hala badagokio, itzuli gabeko galera sozialen kenkaria eginez.

Lau.- Artikulu honetan jasotakoaren ondorioetarako, entitateek dena delako balorazioak jasotzen dituzten ziurtagiriak eman beharko dizkiete bazkideei, elkartuei edo partaideei.

17. artikulua.- Bizitza aseguruak eta aldi baterako edo biziarteko aseguruak.

Bat.- Bizitza aseguruak zergaren sortzapen unean duten erreskate balioaren arabera kalkulatuko dira.

Bi.- Dirutan, ondasun higigarritan edo higiezinetan jasotako kapital baten entregaren ondorioz eratutako aldi baterako edo biziarteko errentak, horiek zergaren sortzapen datan duten kapitalizazio balioaren arabera konputatu beharko dira, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan pentsioen eraketarako xedatzen diren erregela berberak aplikatuz.

18. artikulua.- Bitxiak, luxuzko larruak eta ibilgailu, urontzi eta aireontziak.

Bitxiak, luxuzko larruak, ibilgailuak, 125 zentimetro kubikoko edo gehiagoko zilindrada duten bi edo hiru gurpileko ibilgailuak, aisiarako edo ur kirolerako urontziak, hegazkinak, hegazkin arinak, belaontziak eta gainerako aireontziak direnean, zergaren sortzapen datan duten merkatu balioaren arabera kalkulatuko da beren balioa.

Merkatu balioa zehazteko, Foru Aldundiak Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren eta Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren ondorioetarako onartzen dituen eta zergaren sortzapen datan indarrean dauden ibilgailu erabilien balorazio taulak erabili ahal izango dituzte subjektu pasiboek.

19. artikulua.- Arte-gaiak eta zaharkinak.

Bat.- Arte-gaien edo zaharkinen balioa zergaren sortzapen datan duten merkatu balioaren arabera konputatuko da.

Bi.- Foru arau honek 4. artikuluaren bat apartatutik bosgarrenera bitartean jasotako salbuespena eragotzi gabe, honelakotzat hartuko dira:

a) Arte-gaiak: pinturak, eskulturak, marrazkiak, grabatuak, litografiak eta antzeko beste batzuk, betiere kasu guztietan jatorrizko lanak badira.

b) Zaharkinak: ehun urte baino gehiago duten eta azken ehun urteetan egindako aldaketa edo konponketen bidez oinarrizko jatorrizko ezaugarriak aldatu ez zaizkien ondasun higigarriak, lanabesak izan edo apaingarriak izan, salbu arte-gaiak.

20. artikulua.- Eskubide errealak.

Gozameneko eskubide errealak eta jabetza soila Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan jasotako irizpideen arabera baloratuko dira; hala badagokio, Foru Arau honek jasotako erregelen arabera ondasunari esleitutako balioa hartuko da erreferentzia gisa.

21. artikulua.- Emakida administratiboak.

Herri jabaria edo titulartasuna duten zerbitzu edo ondasunak ustiatzeko emakida administratiboak, horien iraupena edozein izanik ere, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan jasotako irizpideen arabera baloratuko dira.

22. artikulua.- Jabetza intelektual eta industrialetik eratorritako eskubideak.

Hirugarrengoei eskuratutako jabetza intelektual eta industrialetik eratorritako eskubideak eskuratzailearen ondarean sartu beharko dira eskurapen balioaren arabera, Foru Arau honek 11. artikuluan jasotakoa eragotzi gabe.

23. artikulua.- Kontratuzko aukerak.

Kontratuzko aukerak Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan xedatutakoaren arabera baloratuko dira.

24. artikulua.- Eduki ekonomikoko gainerako ondasun eta eskubideak.

Subjektu pasiboari esleitu ahal zaizkion eduki ekonomikoko gainerako ondasun eta eskubideak zergaren sortzapen datan duten merkatu balioaren arabera baloratuko dira.

25. artikulua.- Zorren balorazioa.

Bat.- Zorrak zergaren sortzapen datan duten balio nominalaren arabera baloratuko dira, eta behar bezala justifikatuta daudenean bakarrik izango dira kengarriak.

Bi.- Kenkaririk egin gabe utziko dira:

a) Abalatutako kopuruak, harik eta abal emailea zorra ordaintzera behartuta egon arte zordun nagusiaren aurkako eskubidea erabili eta horrek huts egitearen ondorioz. Betebehar solidarioaren kasuan, abalatutako kopuruak ezin izango dira abal emailearen aurkako eskubidea erabili arte kendu.

b) Ondasun baten eskurapenean geroratutako prezioa bermatzen duen hipoteka, geroratutako prezioa edo zor bermatua kengarria izatea eragotzi gabe.

Hiru.- Inoiz ere ezingo dira kengarriak izan ondasun edo eskubide salbuetsiak eskuratzeko hartutako zorrak. Salbuespena partziala denean, zorren zati proportzionala izango da kengarria, hala badagokio.

26. artikulua.- Oinarri ezargarria zehaztea.

Izaera orokorrez, oinarri ezargarria zuzeneko zenbatespenaren araubidearen arabera zehaztuko da.

Zergen Foru Arau Orokorrak 52. artikuluan jasotako zirkunstantziak gertatzen direnean, oinarri ezargarrien zeharkako zenbatespenaren araubidea izango da aplikagarria.

27. artikulua.- Perituen tasazioa.

Zergen Foru Arau Orokorrak 129 artikuluan aipatutako perituen tasazio kontrajarria Foru Arau honetako 18., 19. eta 24. artikuluetan jasotako ondasun eta eskubideei bakarrik izango zaie aplikagarria, salbu Foru Arau honetako 18. artikuluaren bigarren paragrafoan jasotakoa erabiltzen bada.

V. KAPITULUA

OINARRI LIKIDAGARRIA

28. artikulua.- Oinarri likidagarria.

Obligazio pertsonalaren kasuan, oinarri ezargarria 700.000 euro murriztuko da, minimo salbuetsi gisa.

Aurreko apartatuan aipatutako minimo salbuetsia zerga ordaintzeko obligazio erreala duten subjektu pasiboei aplikatuko zaie, betiere beren ondare osoa, ondare elementuak zer lurraldetan dauden kontuan hartu gabe, 700.000 eurotik beherakoa dela frogatzen badute eta indarrean dagoen araudian paradisu fiskaltzat hartuta dauden edo Espainiako Erresumarekin informazio trukerako akordiorik ez duten herrialdeetan egoiliarrak ez badira.

VI. KAPITULUA

ZERGA SORTZEA

29. artikulua.- Zerga sortzea.

Zerga urte bakoitzeko abenduaren 31n sortuko da, eta subjektu pasiboak data horretan duen ondarea zergapetuko da.

VII. KAPITULUA

ZERGA ZORRA

30. artikulua.- Kuota osoa.

Zergaren oinarri likidagarria eskala honetako tasetan kargatuko da:

(Ikus .PDF)

31. artikulua.- Kuota osoaren muga.

Bat.- Zerga honen kuota osoa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kuota osoarekin batera hartuta, ezin izango da izan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren oinarri ezargarri orokorraren eta aurrezpenaren oinarri ezargarriaren % 60tik gorakoa, obligazio pertsonala dela medio zergari lotuta dauden subjektu pasiboentzat. Ondorio horietarako:

a) Ez da kontuan hartuko ondare irabazi edo galeretatik datorren aurrezpenaren oinarri ezargarriaren zatia, baldin eta zati hori badagokio eskualdatu baino gutxienez urtebete lehenago eskuratu edo hobetu diren ondare elementuak eskualdatzeagatik lortutako ondare irabazi edo galeren saldo positiboari. Era berean, ez da aintzakotzat hartuko aurrezpenaren oinarri ezargarriaren zatiari dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kuota osoaren zatia ere.

b) Ez da kontuan hartuko haien izaera edo xedeagatik Gipuzkoako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauak zergapetutako etekinik sortzeko gai ez diren ondare elementuei Ondarearen gaineko Zergan dagokien zatia.

c) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren oinarri ezargarriari batu behar zaio Gipuzkoako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauak 37.2 artikuluan aipatutako dibidenduen eta mozkinetako partaidetzen zenbatekoa.

d) Bi kuoten baturak aurreko muga gainditzen duen kasuetan, Ondarearen gaineko Zergaren kuota aipatutako mugaraino murriztuko da, baina murrizpena ez da % 80tik gorakoa izan gabe.

Bi.- Familia unitate bateko kideek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan baterako tributazioa aukeratu dutenean, aipatutako zergan eta Ondarearen gaineko Zergan batera dagokien kuota osoaren muga kalkulatzeko, Ondare Zergan haiek sortutako kuota osoak gehitu behar dira. Hala badagokio, egin beharreko murrizpena subjektu pasiboen artean hainbanatuko da Ondarearen gaineko Zergan proportzionalki dagozkien kuota osoen arabera, aurreko apartatuan xedatutakoa eragotzi gabe.

32. artikulua.- Atzerrian ordaindutako zergak.

Bat.- Zerga ordaintzeko obligazio pertsonalaren kasuan eta nazioarteko itun edo hitzarmenetan xedatutakoa eragotzi gabe, zerga honen kuotatik, Espainiatik kanpo dauden ondasunak eta erabili daitezkeen edo bete behar diren eskubideak direla-eta, bi zenbateko hauetatik txikiena kenduko da:

a) Zergan konputatutako ondare elementuei dagokien izaera pertsonaleko karga dela-eta atzerrian ordaindutako benetako zenbatekoa.

b) Atzerrian zergapetutako oinarri likidagarriaren zatiari zergaren batez besteko tasa efektiboa aplikatzetik ateratzen den emaitza.

Bi.- Zergaren batez besteko tasa efektibotzat hartuko da mailaketaren aplikaziotik ateratzen den kuota osoa oinarri likidagarriarekin zatituz lortutako zatitura 100ekin biderkatuz ateratzen den emaitza. Batez besteko karga tasa efektiboa bi zenbaki hamartarren bidez adierazi behar da.

33. artikulua.- Kuotako hobaria Ceuta eta Melillan.

Baldin eta oinarri likidagarria zehazteko konputatu diren ondasunen edo eduki ekonomikoko eskubideen artean Ceuta eta Melillan eta beren dependentzietan helbideratuta eta xede soziala duten entitate juridikoen kapital sozialaren balore adierazgarriak badaude edo beraietan kokatutako establezimendu iraunkorrak badira, aipatutako ondasun edo eskubideei proportzionalki dagokien kuotaren zatiak % 75eko hobaria izango du.

34. artikulua.- Ondare erantzukizuna.

Ondarearen gaineko Zergagatik hartutako zerga zorrek Kode Zibilaren 1365. artikuluan jasotako beste zorren kontsiderazio bera izango dute, eta, hortaz, irabazpidezko ondasunek zuzenean zor horiengatik erantzungo dute Foru Ogasunaren aurrean.

VIII. KAPITULUA

ZERGA KUDEATZEA

35. artikulua.- Autolikidazioa.

Bat.- Subjektu pasiboak Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak zehazten dituen leku, modu eta epeetan aitorpena aurkeztera, autolikidazioa egitera eta, hala badagokio, zerga zorra ordaintzera behartuta daude.

Bi.- Ondasun edo eskubideak emanez ordaindu ahal izango da zerga zorra, Zergen Foru Arau Orokorraren 59. artikuluko 2. apartatuan jasotakoari jarraituz.

36. artikulua.- Aitorpena aurkeztera behartuta dauden pertsonak.

Aitorpena aurkeztera behartuta daude zergaren arauei jarraituz eta bidezko kenkariak eta hobariak egin ondoren zehaztutako zerga kuota ordaintzeko duten subjektu pasiboak edo, zirkunstantzia hori gertatu ezean, zergaren arauei jarraituz zerga kuota hori 2.000.000 eurotik gorakoa dutenak.

37. artikulua.- Aitorpenaren aurkezpena.

Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak aitorpenerako modalitate erraztu edo berezien erabilpena onartu ahal izango du.

Aitorpena, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak zehazten dituen modu, epe eta ereduetan egingo da. Aitorpenak bitarteko elektronikoez aurkezteko kasuak eta baldintzak ezarri ahal izango ditu diputatuak.

Subjektu pasiboek aitorpenetan jasota dauden eta eragiten dieten datu guztiak bete beharko dituzte, bai eta ezarritako dokumentu eta frogagiriak erantsi eta Ogasuneko eta Finantzetako diputatuak zehazten dituen tokietan aurkeztu ere.

IX. KAPITULUA

URRAKETAK ETA ZEHAPENAK

38. artikulua.- Urraketak eta zehapenak.

Foru arau honetan jasotako arau bereziak eragotzi gabe, zerga honen urraketa tributarioak Zergen Foru Arau Orokorrak IV. tituluan xedatutakoaren arabera zehatuko dira.

X. KAPITULUA

JURISDIKZIO ORDENA

39. artikulua.- Jurisdikzio ordena.

Administrazioarekiko auzi jurisdikzioa, bide ekonomiko-administratiboa amaitu ondoren, jurisdikzio bakarra izango da Administrazioaren eta subjektu pasiboen artean gertatu daitezkeen izatezko eta zuzenbidezko gatazkak erabakitzeko, Foru Arau honetan aipatzen den edozein gairi dagokionez.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Antolamendu juridikoan Pertsona Fisikoen Ondarearen gaineko Aparteko Zergari, Ondare Garbiaren gaineko Zergari edo Ondarearen gaineko Zergaren abenduaren 27ko 14/1991 Foru Arauari egindako aipamenak Foru Arau honetan araututako Ondarearen gaineko Zergari buruzkoak direla ulertu behar da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

2013ko urtarrilaren 1az geroztik, Foru Arau hau indargabetuta geratuko da.

Aurretik xedatutakoa xedatuta ere, Foru Arau honetan Ondarearen gaineko Zergari buruz jasotako arauak indarrean mantenduko dira data horretatik aurrera, hartara igortzen duten edo zerga hori aipatzen duten xedapenen edukia osatze aldera.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.- Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aurrekontu Orokorren Foru Arauaren bidez, honako hauek aldatu ahal izango dira: salbuespenak, oinarri ezargarriaren murrizpenak, aitortzeko betebeharra dakarren muga, oinarri likidagarriaren tarteak, tarifako tasak eta Ondarearen gaineko Zergaren gainerako parametro kuantitatiboak.

Bigarrena.- Harik eta erregelamenduzko garapen berri bat onartu arte, eta Foru Arau honek jasotakoari aurka egiten ez dion guztian, ulertuko da 1999ko abenduaren 21eko 118/1999 Foru Dekretua, Ondarearen gaineko Zergaren salbuespenak aplikatzeko enpresa eta lanbide jarduerek eta entitateetako partaidetzek bete beharreko beharkizun eta baldintzak zehazten dituena, indarrean dagoela, betiere 2008ko abenduaren 31n indarrean zegoen idazkerari jarraituz.

Hirugarrena.- Diputatuen Kontseiluak eta Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak, bakoitzak bere eskumenen esparruan, Foru Arau hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak emango dituzte.

Laugarrena.- Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala