30. zk., 2012ko otsailaren 10a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
IRAGARKIAK
Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.
674
IRAGARKIA, +EKIN-INTRAEKINTZAILETZA programaren araudia onartzeko dena.
Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren Administrazio Kontseiluak, 2011ko abenduaren 21ean egindako bileran, +EKIN-INTRAEKINTZAILETZA programan ezarritako laguntzak emateko araudia onartzea erabaki zuen. Hona hemen araudiaren testua, oso-osorik:
Enpresen jarduera sustatzea oinarrizkoa da garapen ekonomikoa eta soziala lortzeko. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak, aberastasuna sortzeko duen konpromisoarekin bat eginez, eta enpresa-ekimen berrien arrakasta bermatzeko, ekimena sustatzeko jarduerak eta gaitasun eta eskumen profesionalak hobetzeko zerbitzu gehigarriak ematea bultzatu nahi ditu.
Horretarako, bada, Enpresa Lehiakortasuneko 2010-2013 Planaren baitan, ekonomia berritzailea, ekintzailea eta teknologikoki aurreratua bultzatzen duten ekimenak biltzen dituen arloan zehazki, sentsibilizazio-jarduera multzo bat abiarazi da. Jarduera horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentroek gauzatu dituzte, eta euren helburua enpresen barruan sor daitezkeen enpresa-ekimenak aktibatzea da.
Hartarako, SPRIk, Eskualde Garapeneko Agentzia denez, euskal enpresa-sarea lehiakorrago egiteko ahaleginean jarraitu behar du, eta, helburu horri begira, Euskal Autonomia Erkidegoan ekimen-jarduerak sustatzeko +Ekin programa garatu.
Horrela, enpresetan bertan sortutako enpresa-proiektu eta -ideiak, Ekintzaile programaren bidez eta, betiere, EAEko Enpresa eta Berrikuntza Zentroen gidaritzapean, enpresa edo negozio-lerro berri bilakatu ahal izango dira.
Helburua:
1.- Ideia berri bat asmo huts ez geratzea eta errealitate operatibo bilaka dadila laguntzea, horretarako, enpresaren barruan negozio-lerro berria sortuz edo enpresa nagusitik ateratzen den enpresa berri bat eratuz.
2.- Langileen baitan dagoen gaitasun berritzailea sustatzea, horretarako, erakundeetako norbanakoen alderdi intraekintzailea indartuz.
3.- Erakundeen lehiakortasuna handitzea, horretarako, barne-aukera bilaka daitezkeen ideia berriak identifikatuz.
4.- Norbanakoak intraekintzailetzari lotutako alderdietan prestatzen laguntzea, erakundearen onura ekar dezaketen negozio-aukerak aprobetxatuz eta, ondoren, jasotako jakintzak praktikan jarriz.
5.- Erakundeen barruan ikasteko prest daudenen sormena zuzentzea. Horrela, langileek nahiago izango dute lanean intraekintzaile gisa jardun, eta izandako aldaketarekin pozik egongo dira.
6.- Jakintza berriak aurkitzea, ondotik, merkatu, teknika edo ondasun berri bilakarazteko.
7.- Etengabeko hobekuntzan oinarritutako kultura sustatzen laguntzea.
1. artikulua.- Xedea.
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Berrikuntza Zentroen (aurrerantzean EBZ) Euskal Sarean sartuta dauden Europako Enpresa eta Berrikuntza Zentroek hainbat jarduera abian jartzea da programa honen xedea, EAEko Enpresa Txiki eta Ertainen bidez jarduera eta/edo enpresa berritzaileak edo/eta teknologiko industrialak sortu eta garatzea ahalbidetzeko.
2.- Programara sartzeko prozedura eta baldintzak ezartzen ditu araudi honek.
2. artikulua.- Aplikatzeko araudi nagusia.
Programa honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio:
1.- Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretua.
2.- Prozesu administratiboetan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeari buruzko 232/2007 Dekretua.
3.- Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikulua.
4.- Minimis laguntzak aplikatzeari buruzko Europako Batzordearen 1998/2006 (EE) Erregelamendua.
5.- Kategoriakako salbuespenen erregelamendu orokorrari buruzko Batzordearen 800/2008 (EE) Erregelamendua. I. eranskina.
6.- Europar Batasunaren Funtzionamendu Ituna. 101. eta 102. artikuluak.
3. artikulua.- Zehaztapenak eta definizioak.
Programa honen ondorioei dagokienez, definizio hauek finkatzen dira:
1.- SPRI. Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren izen komertziala, Eusko Jaurlaritzaren menpekoa.
2.- Enpresa. Jarduera ekonomikoa gauzatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.
3.- Langile-gastuak. Horren barruan sartzen dira soldata gordina, zergak kontuan hartu gabe, eta legez beharrezkoak diren kotizazioak.
4.- Laguntza gardena. Aldez aurretik diru-laguntza gordin baliokidea (DLGB) zehazki kalkulatzeko aukera ematen duena, arriskuaren ebaluazioa egiteko beharrik gabe.
5.- Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, diruz laguntzeko moduko gastuen ehunekoetan adierazia.
6.- EBZ. Enpresa eta Berrikuntza Zentroaren akronimoa.
7.- EBZen euskal sarea. Centro de Empresas e Innovación de Álava CEIA SA, Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda Cedemi SA, Centro de Empresas e Innovación CEI Saiolan SA, Centro de Empresas e Innovación de Gipuzkoa Berrilan SA eta Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentrua / Centro de Empresas e Innovación de Bizkaia BEAZ SA.
8.- Urteko Jarduera Plana. EBZek landutako agiria, burutu beharreko jarduerak, datak, epeak eta aurrekontuak biltzen dituena, besteak beste.
9.- Erantzukizunpeko aitorpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, hauek egiaztatzen dituena:
a) Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak, Nortasun Agiri Nazionaleko zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).
b) Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ), helbide soziala eta eraketa-eguna.
c) Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez jarduera-zentro bat izan eta laguntza-eskabidean zehaztutako jarduera diruz lagungarriak bertan gauzatzea.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak zein diren jakitun izatea, bai eta SPRI taldeko edozein enpresarekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko betebehar oro beteta edukitzea ere.
e) Emandako minimis laguntzen zerrenda.
f) Proiektu berarentzat beste erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzak.
g) Arau honen 5.2.d artikuluan adierazitako egoeretakoren batean ez egotea.
4. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.
1.- Programa hau gauzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak Enpresa Sustapeneko Sailean horretarako ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira.
2.- Programa honen babespean, 2012. urtean, 257.784 euro emango dira gehienez ere, edo kopuru hori eguneratu ondoren sortzen dena. Kopurua eguneratzeko, SPRIko zuzendari nagusiaren ebazpena argitaratu beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
3.- Aipatutako zenbatekoa agortzen bada, hori jakinarazteko, SPRI SAko zuzendari nagusiak ebazpena emango du, eta zein egunetan agortu den adierazi. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta SPRIren web-gunean emango da argitara eta egun horretatik aurrera ez da eskabide berririk onartuko.
4.- Aurrekontu-kreditua agortutakoan, ezin izango da beste diru-laguntzarik eman, eta, hori dela-eta, aurkeztuta baina ebazteko dauden eskabideak ezetsi egingo dira berariaz.
5. artikulua.- Erakunde onuradunak.
1.- Ezaugarri hauek betetzen dituzten EBZak izan ahalko dira programa honetan xedaturiko laguntzen onuradun:
a) Ekimen berriak edo enpresa berriak erakartzeko jarduera eraginkorrak gauzatzea.
b) ETEen proiektu berritzaileak ebaluatzen laguntzea.
c) Enpresetan jarrera ekintzailea bultzatzea, eta jarrera hori gure industria-sarean aberastasuna eta enplegua sortzeko proiektu berritzaileetan gorpuztea ahalbidetzea.
d) Profesionalen egitura egokia izatea zuzenean edo zeharka, eta emaitzak erregularki ebaluatzea.
e) Erakunde onuradunek ondoko baldintzak bete behar dituzte:
f) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomikorako zentro bat izatea.
g) Jarduera diruz lagungarria Euskal Autonomia Erkidegoan burutzea.
h) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak zein diren jakitun izatea, bai eta SPRI taldearekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko betebehar oro beteta edukitzea ere.
i) Honako egoeraren batean ez egotea:
Lehenengoa.- Diru-laguntza publikoak lortzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoarekin kontratuak egiteko debekua edo gaitasun-gabetzea izatea.
Bigarrena.- Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, baldin eta Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.
Hirugarrena.- 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko eta 13/2003 Legearen 13. artikuluko kasuetan egotearen ondorioz, onuradun izatea ezinezkoa suertatzea.
Laugarrena.- Krisi-egoeran dagoen enpresa izatea, salbu eta egoera hori 2008ko uztailaren 1az geroztik jazotako krisi ekonomiko eta finantzario globalaren ondoriozkoa bada.
Bosgarrena.- Lehia galarazi, mugatu eta faltsutu dezaketen praktikak.
j) Laguntza- eta- likidazio-eskabideak aurkeztu diren unean, laguntzen onuradun izateko baldintzak bete beharko dira.
6. artikulua.- Jarduera diruz lagungarriak.
1.- Industriarako eta hari lotutako zerbitzuetarako proiektu berriak sustatzeko eta garatzeko EAEko EBZek garatutako jarduerak hartuko dira jarduera diruz lagungarritzat, hau da, prozesu edo produktu berritzaile edo oinarri teknologikokoei lotutakoak, proiektuen informazio, hedapen, bitartekaritza eta analisia eta enpresako proiektu berritzaileentzako baliabide finantzarioen ekarpena errazteko beharrezkoak direnak, eta, betiere, Urteko Jardun Planean sartuta daudenak.
2.- EBZen jarduera diruz lagungarriei eska dakizkiekeenak.
a) Ikusgarriak, irisgarriak eta behar bezain aktiboak izatea proiektu berriak erakartzeko.
b) Urteko Jardun Plan sistematiko eta ebaluagarri batean jasoak izatea.
c) Urteko Jardun Planean jasotako metodologia espezifikoa aplikatzea; SPRIk aldez aurretik onartu beharko du metodologia hori. Metodologia hori hiru fase bereizietan aurkeztuko da. Fase horietan enpresako langileek parte hartuko dute, aurrez definitutako hautapen-irizpide batzuen arabera.
Lehenengoa.- Gogoeta. Hainbat lan-tresna aplikatuko dira, enpresari berari buruzko informazioa biltzeko: kudeaketa-moduak, langile-taldea, teknologia eta produktu edo zerbitzuak; eta, enpresatik kanpoko informazioa ere bilduko da: ingurua, merkatuaren egitura, aldaketa demografikoak, hazkunde handiko sektoreak eta gizartearen eskari berriak.
Bigarrena.- Ideiak sortzea. Ideiak sortzeko saioak antolatuko dira, mailen arabera taldekatuta, eta teknologia- eta merkatu-ardatzetan duten posizioa aintzat hartzen duen haztapen-matrizean oinarrituta.
Hirugarrena.- Ebaluazioa eta hautaketa. Haztapena eta sailkapena hainbat irizpide aintzat hartuta egingo dira: onura ekonomikoa, gizarte- eta ingurumen-balioa, arriskua, egikaritzeko erraztasuna (ekonomikoa, teknikoa...) eta estrategiarekin bat etortzea.
d) Metodologia aplikatu aurretik, dibulgazio-fase bat aurreikusi da. Fase horretan, informazio-jardunaldiak antolatuko eta beste jarduera batzuk burutuko dira, programan parte hartuko duten enpresek eta enpresa-taldeak batzeko.
e) Aurkeztutako proiektuen xedeak hau izan beharko du: enpresek ekintzaileak izan daitezkeen ideiak identifikatzea eta proiektuaren xede den enpresaren barruan edo handik kanpo enpresa-jarduerak abiarazten laguntzeko neurriak ezar ditzaten bultzatzea, eta enpresak prozesu horietan engaiaraztea.
f) Programan parte hartzen duten enpresei doako laguntza teknikoa emango zaie ideiak identifikatzeko prozesu osoan zehar. Ondoren, ideia horietako baten bideragarritasuna frogatu eta gero, dagokion EBZari atxikiko zaio, negozio-aukera aztertzeko. Aztertu eta gero, indarrean dauden programetako laguntzaren bat jaso dezakeen ikusiko da.
7. artikulua.- Gastu hautagarriak.
1.- Honako hauek izango dira gastu hautagarriak:
a) Proiektuari atxikitako teknikarien langile-gastuak.
b) Jardunaldi, foro eta topaketak antolatzeko gastuak.
c) Hedapen-, marketin- eta sustapen-gastuak.
d) Langileen hautaketa eta programa kudeatzeko prestakuntza-gastuak.
e) Beharrezkotzat jotako bestelako gastuak, Urteko Jardun Planean barne hartuak.
2.- «d» eta «e» idatzi-zatietan deskribatutako gastuak beharrezkoak izan beharko dira, eta Urteko Jardun Planean barne hartuak eta aldez aurretik SPRIk onartuak.
8. artikulua.- Gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.
1.- Gastu hautagarriak baloratzeko, honako irizpide hauek izango dira kontuan:
a) Programa honen xede den sustapen-jarduerari zuzenean loturik egon beharko dute gastu hautagarriek.
b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, fakturan sartuta egon zein ez, gastua gutxitu egingo da.
c) Fakturari aplikatzen zaion Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da inolaz ere gastu hautagarritzat joko. Hala ere, Balio Erantsiaren gaineko Zerga berreskuratu ezin duten erakunde onuradunen kasuan, gastu hautagarritzat hartuko da, eta erakundeok dagokien Foru Aldundiko Ogasun Sailaren ziurtagiri bidez egiaztatu beharko dute hori.
2.- 2012ko urtarrilaren 1etik 2012ko azaroaren 30a bitartean (biak barne) sortutako gastuak onartuko dira diruz lagungarritzat.
9. artikulua.- Laguntzen zenbatekoak eta motak.
a) Deialdi honetako laguntzak diru-laguntza gisa antolatuko dira.
b) Diru-laguntzaren zenbatekoa gastu hautagarrien % 100ekoa izango da, eta gehienez 100.000 euro EBZko.
c) Diru-laguntzaren zenbatekoa balorazioan emandako puntuen arabera.
a) 90 eta 100 puntu artean, 100.000 euro.
b) 80 eta 89 puntu artean, 75.000 euro.
c) 50 eta 79 puntu artean, 50.000 euro.
10. artikulua.- Laguntzak metatzea eta mugak.
1.- Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk ere eskuratu ahal izango dituzte euren jardueretarako, edo Europako beste finantzabide batzuk, betiere metaketa horren bidez gehienezko laguntza-mugak gainditzen ez badira.
2.- Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzi txikiagoko laguntza edo minimis laguntzatzat hartuko dira.
3.- Erakunde onuradun batek ezin izango du, egungo ekitaldi fiskala eta aurreko biak aintzat hartuta, 200.000 euro baino gehiagoko minimis laguntza jaso. Hori dela-eta, programa honetan xedatutako laguntzarik ez da emango baldin eta emandako laguntza, onuradunak aurreko hiru ekitaldi fiskaletan lortu dituen beste minimis laguntza batzuei gehituta, eta laguntza eman duen administrazioa edozein izanik ere, muga horretatik gorakoa bada.
4.- Muga hori edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako zenbatekoa murriztu egingo da programa honen arabera emandako zenbatekotik.
11. artikulua.- Laguntzak eskatzea.
1.- Baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntzak jaso nahi badituzte, SPRIren web-gunean ezarritako laguntza-eskabidea bete beharko dute: http://www.spri.es/emprendimiento.
2.- Erakundea ordezkatzeko nahikoa botere duen pertsonak aurkeztu beharko du laguntza-eskabidea, sinaturik eta zigilaturik, SPRI SAren egoitzan (Urkixo zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao). SPRIn edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legen zehaztu lekuetan, paperezko formatuan aurkeztutako laguntza-eskabidea eta gainontzeko agiri osagarriak jasotzen diren eguna hartuko da aurkezte-eguntzat.
3.- Erakunde eskatzailearen eta beraren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskabidean.
4.- Laguntza-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena.
b) Eskatzaileari dagokion ordezkapen-ahalordearen kopia.
c) Urteko Jardun Plana.
d) Erakundeak dagozkion zerga-administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak.
e) Finantza-erakundearen ziurtagiriaren kopia, kontu korrontearen titulartasuna erakunde onuradunari dagokiola eta zenbaki hori duela egiaztatzen duena.
12. artikulua.- Laguntza-eskabideak aurkezteko epea.
1.- Laguntza-eskabideak aurkezteko epea araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 30 egun naturalera amaituko, aurrekontuak lehenago amaitu ezean.
13. artikulua.- Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.
1.- Laguntza-eskabideak ebaluatu eta ebazteko, SPRIren Administrazio Kontseiluak izendatutako lau pertsonek osatutako batzorde betearazle bat sortuko da; eta batzorde horren erabakiak batzar-aktetan jasoko dira. Akta horretan, nahitaez, honako erabakiak jaso beharko dira, besteak beste: onartutako proiektuak, ezetsitakoak, uko egindakoak eta atzera egindakoak.
2.- Laguntza-eskabideak, espedienteak osorik daudenean ebaluatuko dira.
3.- Ebaluazio-irizpideak. Proiektuak SPRIren Enpresa Sustapeneko Sailetik jasotako proposamen-txostenen arabera ebaluatuko dira.
Enpresa Sustapeneko Sailak eta Batzorde Betearazleak ebaluazio-irizpide hauek hartuko dituzte kontuan, eta puntuekin adieraziko dituzte:
a) Sentsibilizazioa eta erakartzea. Sentsibilizazio-jardunaldiak, enpresetako zuzendaritzako langileekin bisitak egitea zerbitzuaren ildoei buruzko informazioa emateko, eta intraekintzailetzari buruzko sentsibilizazio-materialak banatzea. 10 puntu gehienez.
b) Parte hartzeko konpromisoa. Proiektuan parte hartzeko enpresen zuzendaritzaren konpromisoa lortzea. 10 puntu gehienez.
c) Ideia berriak sortzea. Lan-talde bat osatzea jarduera diruz lagungarrietarako deskribatutako hiru faseak burutzeko. Sortutako ideia horien emaitzak proposamen-txosten batean jasoko dira, eta enpresako zuzendaritzari helaraziko zaio txosten hori. 30 puntu gehienez.
d) Ideiak abian jartzea. Ekintzaile programara aurkeztutako proiektuak, eratutako enpresen fasean, enpresan ezarritako negozio-lerro berriak, inbertsio-planak eta enplegu-sorketa, eta kapital sozialaren garapena. 50 puntu gehienez.
Orotara gutxienez 50 puntu lortzen ez duten proiektuak ez dira onartuko.
Ebazpena Programaren Batzorde Betearazleak emango du, norgehiagoka erregimenean.
4.- Ebazteko epea. Bi hilabeteko epea ezartzen da, agiri guztiak SPRIn aurkezten direnetik.
5.- Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, ezetsi dela ulertuko da.
6.- Ebazpenak, Batzorde Betearazleko idazkariak jakinaraziko dizkio eskabidea egin duen erakundeari, eta ebazpenean hauek jasoko dira; proiektua zein araudiri atxikitzen zaion, laguntzaren helburua, zenbateko diru-laguntza ematen den, forma, baldintzak, eta diruz lagungarri den jarduera egiteko epeak, justifikazioak egiteko epeak eta ordainketa-epeak, eta beharrezko den beste edozein baldintza.
7.- Aipatu ebazpena emandakoan erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, Batzorde Betearazleak ebazpena emateko egiten duen batzarretik hilabetera beranduenez.
8.- Aurrekoaz gain, ebazpena SPRIren web-gunean argitaratuko da, eman diren laguntzen berri denek izan dezaten.
14. artikulua.- Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.
1.- Jarduera diruz lagungarria amaitu eta gero, erakunde onuradunek jarduera bera egiaztatu beharko dute SPRIren web-gunean horretarako ezarri diren likidazio-eskabideko inprimakiak betez: http://www.spri.es/emprendimiento. Eskabide hau 2012ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da.
2.- Erakundea ordezkatzeko nahikoa botere duen pertsonak helarazi beharko dio likidazio-eskabidea, sinaturik eta zigilaturik, SPRI SAren Zuzendaritzari (Urkixo zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao). SPRIn edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean zehaztu lekuetan, paperezko formatuan aurkeztutako likidazio-eskabidea eta gainontzeko agiri osagarriak jasotzen diren eguna hartuko da aurkezte-eguntzat.
3.- Erakunde eskatzailearen eta beraren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskabidean.
4.- Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Fakturen fotokopia.
b) Jarduera diruz lagungarriaren burutzapenari buruzko memoria laburpena.
c) Erakundeak dagozkion zerga-administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak.
d) Finantza-erakundearen ordain-egiaztagiria.
15. artikulua.- Laguntzak ordaintzea.
1.- Diru-laguntzak SPRIk gauzatuko ditu, bi ordainketa eginez.
a) % 50eko aurrerapena, indarrean den legedian xedatutakoaren arabera aplikatzekoa den berme-erregimenarekin, laguntza-eskabidea onartu eta 60 eguneko epean.
b) Gainerako % 50a, ordainketa bakarrean, diruz lagun daitekeen jarduera-plana bukatutakoan.
Likidazio-eskabidean eskatutako agiri guztiak aurkeztu eta beranduenez 3 hilabetera egingo dizkie ordainketak SPRIk diru-laguntzen onuradunei, betiere, SPRIren Enpresa Sustapeneko Sailak ebaluatu ondoren eta ebaluazio horren arabera; SPRIk berrikustearen ondoriozko epea -17 artikuluko 1. paragrafoko c idatzi-zatian aipatua- ez da zenbatuko, ez eta abuztua ere, ez baita hilabete balioduntzat jotzen.
2.- Gastu hautagarria Programaren Batzorde Betearazleak laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, diru-laguntza proportzionalki doituko da.
16. artikulua.- Laguntza- eta/edo likidazio-eskabideak zuzentzea.
1.- Laguntza- eta/edo likidazio-eskabideak behar bezala beteta ez badaude, edo 11. eta 14. artikuluetan eskatutako agiri guztiak aurkezten ez badira, SPRIk, 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko eskatuko dio enpresaren legezko ordezkariari, eta bestalde, ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera egiteari uko egingo diola, eta horixe jakinaraziko zaiola erakunde eskatzaileari.
2.- Aipatu epean zuzenketarik egin ez bada, Programaren Batzorde Betearazleko idazkariak, ebazpen bidez, ezetsi egin dela adieraziko du.
3.- Erakunde eskatzaileak eta SPRIk laguntza-eskabidean erakundeak izendatutako harremanetarako pertsonaren posta elektroniko bidez egindako komunikazioak baliozkotuko dituzte.
17. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.- Erakunde onuradunek, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoaz gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Hartara, laguntza esleitu izanaren jakinarazpena jaso eta 15 eguneko epean erakunde onuradunak espresuki horri uko egiten ez badio SPRIren aurren, laguntza onartu duela ulertuko da.
b) Esleitu den diru-laguntza, eskatu den jarduera-plan horixe garatzeko erabiltzea.
c) SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea, eta, lagundu den proiektua burutu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko, SPRIk izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea.
d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura jartzea bost urtez, gastu hautagarriak burutzen direnetik.
e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, betiere, laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-eginkizunen jardunean ari badira.
f) Xede berbererako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzen eta diru-laguntzen, edota beste edozein diru-sarrera edo baliabideren berri ematea, lehenbailehen, SPRIri.
g) Diru-laguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, SPRIri horren berri ematea.
18. artikulua.- Laguntzak aldatzea.
1.- Diru-laguntzak emateko baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada eta, nolanahi ere, xede berbererako beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso bada, diru-laguntza esleitzeko ebazpena aldatu ahal izango da, programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen badira, betiere.
2.- Halaber, Batzorde Betearazleak jarduerak gauzatzeko luzapena eman dezake, baldin eta erakunde onuradunek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; eta, hala izanez gero, laguntzaren ordainketa ere atzeratu egin ahal izango da, emandako arrazoiek hori justifikatzen badute.
3.- Jarduerek laguntza-eskaera egindakoan aurkeztutako memorian jasotakoak izan beharko dute ezinbestean; hala ere, Batzorde Betearazleak jarduera horietan aldaketak egiteko baimena eman dezake, baldin eta erakunde onuradunak, jarduerak amaitu aurretik, aldaketak erabat justifikatzen baditu eta jarduera horien izaera eta helburuak -programa honetan hasieratik ezarritakoak- aldatzen ez badira.
19. artikulua.- Ez-betetzeak.
1.- Erakunde onuradunek araudi honetan eta aplikagarriak zaizkien gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat edo laguntzak emateko ebazpenean ezar daitekeen baldintzaren bat betetzen ez badute, emandako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute. Halakorik gertatuz gero, SPRIri itzuli beharko dizkiote une horretara arte jasotako laguntzak eta legezko interesak. Beharrezkoa izanez gero, legezko egintzak bideratu ahal izango dira, zenbateko horiek itzularazteko.
2.- Dena den, artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo programa honetan laguntza emateko eskatzen diren baldintzak ez betetzea.
b) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.
c) Proiektua desbideratzea edo laguntza emateko ebazpenean ezarritako bestelako betebeharrak ez betetzea.
3.- Ez-betetzea egiaztatzeko espedientea ireki eta izapidetzea, eta tokatzen den txostena ematea SPRIri dagokio. Ez-betetzearen inguruko ebazpena emateko eskumena SPRIren zuzendari nagusiak izango du, eta hartarako proposamena, programaren Batzorde Betearazleak egin beharko du.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Lehenengoa.- Baliogabetuta eta ondoriorik gabe geratzen da Intraekintzailetza Programaren araudia (2011ko urtarrilaren 27ko EHAA), eta haren ondorengo aldaketak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Erakunde onuradunek programa honekin lotutako argitalpen eta sustapeneko jarduera guztietan zehaztu beharko dute SPRItik laguntza jaso dutela.
Bigarrena.- Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, helarazi dizkiguten izaera pertsonaleko datuak «LAGUNTZAK» izeneko fitxategian bilduko dira. Guzti horren arduraduna SPRI da (Urkixo zumardia 36-4., Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao).
Fitxategi horren helburua SPRIk diseinatu eta/edo kudeatutako laguntza/diru-laguntzako espedienteak kudeatzea da. Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, arlo horretan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei eman ahal izango zaie, hala behar izanez gero.
Datuak Babesteko Espainiako Agentziari fitxategi horren berri eman zaio; fitxategiak, bestalde, datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak betetzen ditu.
Nolanahi ere, emandako datuetara sartzeko aukera badago, baita, behar izanez gero, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen aurka egiteko aukera ere; betiere, adierazitako legean ezarritakoaren arabera. Horretarako, jakinarazpen bat bidali beharko zaio, idatziz, SPRIko Segurtasuneko arduradunari, helbide honetara: lopd@spri.es.
Hirugarrena.- SPRIren erabakia merkataritza-izaerakoa da eta jurisdikzio-eskumena epaile eta epaitegi zibilena da. Erakunde onuradunak, dagokien edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko, Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira espresuki, horiek baitira gai horietan eskumena dutenak.
Laugarrena.- SPRIren zuzendari nagusiari eskumena ematen zaio araudi hau gauzatzeko eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.
Bilbao, 2011ko abenduaren 21a.
Zuzendari nagusia,
TOMAS ORBEA CELAYA.