Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

19. zk., 2012ko urtarrilaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

Bilboko Lehen Auzialdiko 5 Zenbakiko Epaitegia
439

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 768/09 prozeduraren ondoriozkoa.

JAKINARAZPEN-ZEDULA

Bilboko Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegian (Bizkaia) ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 768/09 prozedura bideratu da, Amaia Sanchez Ramosek eskatuta, Ricardo Garay Cabezaren aurka, IV-VII Tituluei dagokienez. Prozedura horretan epaia eman da. Hona hemen idazpurua eta epaitza:

366 EPAIA

Bilbon (Bizkaia), bi mila eta hamarreko uztailaren hemeretzian.

Bilboko eta bere barrutiko Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegiko Francisco Javier Osa Fernández epaile-magistratuak ikusi ditu, seme-alaba adingabekoentzako neurri pertsonal eta ekonomikoetarako autoak (768/09). Auto horiek epaitegi honetan bideratu dira Amaia Sanchez Ramosek eskatuta, María Landa Moreno prokuradoreak ordezkatuta eta José Luis Alegre Izquierdo letraduak defendatuta. Alderdi demandatua auzi-ihesean den Ricardo Garay Cabeza da, eta Fiskaltzak parte hartu du.

EPAITZA

Partez baiesten dut María Landa Moreno prokuradoreak Amaya Sánchez Ramosen izenean eta ordez aurkeztu duen demanda, auzi-ihesean den Ricardo Garay Cabezaren aurkakoa. Horiek horrela, neurri hauek erabaki ditut:

1.- Adingabeko alabaren zaintza eta jagoletza amari ematen zaio.

2.- Guraso biek baliatuko dute, elkarrekin, guraso-ahala, Kode Zibilaren 154. eta 156. artikuluetan xedatutakoarekin bat. Hala, bada, aurrerantzean alabari buruz hartutako edozein erabaki jakinaraziko diote batak besteari, baita alabaren interesa lehenetsiz biek jakin beharreko guztia ere. Elkarrekin komunikatzeko, egokiena duten bidea hautatu beharko dute; hala egin ondoren, errespetatu eta bete egingo dute. Biderik hautatzen ez badute, posta, faxa edo mezua jaso izana ziurtatzen duten bide telematiko eta elektronikoak erabiliz egingo da komunikazioa. Erantzuna ere horrelako bideren bat erabiliz emango du mezua jaso duen gurasoak. Erantzunik eman ezean, ados daudela ulertuko da. Guraso bien artean hartuko dira aurrerantzean alabari buruzko erabakiak. Bereziki garrantzitsuak dira gai hauei dagozkienak: bizilekua, eskola, osasun-zaintza eta erlijio-ospakizunak. Hori horrela, guraso biek elkarrekin hartuko dituzte ebakuntza kirurgikoei -edozein motatakoak direla ere- edo garrantzizko mediku-tratamenduei buruzko erabakiak, gasturik dakarten edo asegururen batek bere gain hartzen ote dituen alde batera utzita. Erlijio-ospakizunei buruzkoetan ere guraso biek elkarrekin hartu beharko dute parte eta elkarrekin erabaki, bai erlijio-ekitaldiari dagokionez bai ekitaldi hori egiteko moduari dagokionez. Horretan ez du lehentasunik izango gastuak sortzen diren egunaren asteburua egokitu zaion gurasoak.

Hirugarrenek guraso biei emango diete alabari buruzko guztiaren berri. Zehazki, guraso biek dute informazio akademikoa eta ebaluazio-txostenak jasotzeko eskubidea, eta, halaber, tutoreekin egiten diren bileren bidez edo ikastetxeko orientazio-zerbitzuen bidez informazioa jasotzekoa, dela guraso biak elkarrekin bertaratuta dela bakoitza bere aldetik bertaratuta. Orobat, alabari buruzko mediku-informazioa jasotzeko eskubidea dute, eta txostenak, bietako edozeinek eskatuta, jasotzekoa ere bai.

Une batean alabarekin dagoen gurasoak hari buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin larrialdirik gertatu bada, edo erabakiak eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak badira.

3.- Bisiten eta egonaldien gutxieneko erregimen gisa, adingabearen onurarako gurasoen arteko akordiorik ezean, aita astean behin egongo da alabarekin, gehienez bi orduko bisitak; Familia Elkargunean elkartuko dira (Uribarri kalea, 1, Bilbao; tel: 94 413 00 97), eta zerbitzu horretako langileek zainduko dituzte bisitok.

Aipatu Familia Elkarguneko profesionalek, aurretik alderdiekin adostuta, zehaztuko dute bisitak zein egun eta zein ordutan egingo diren, eta, akordiorik ezean, larunbatetan egingo dira, 12:00etatik 14:00etara.

Familia Elkarguneko profesionalek aitak alabarekin izango dituen bisiten iraupena gradualki handitu ahal izango dute, aurreikusitako bi orduko gehienezko iraupenera heldu arte.

Ebazpen hau betearaziz, Talde Psikosozial Judizialak berrikusiko du egoera alderdiek eskatuta eta bisitak hasten direnetik sei hilabete igarota; une horretan, aitaren egoera zein den eta alabarekin harreman normalizatua izan dezakeen edo ez egiaztatuko da, eta honela, gurasoak banatu eta gero ahalik eta zabaltasun eta baldintzarik normalenetan, alabak aitarekin harremana izateko duen eskubidea bermatuko.

Talde Psikosozial Judizialeko espezialistek txosten berria eman eta gero, alderdietako batek bisita-erregimena aldatzea eskatzen duen arte eta, bidezko jakinarazpenak eginda, alaba adingabearentzat egokiena den neurria hartzen den arte mantenduko dira orain ezarritako bisitak.

Alderdiei ebazpen hau jakinarazi eta gero, eta PZLren 774.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, berehala burutzekoa denez, alderdiak Bilboko Familia Elkargunearekin harremanetan jarri beharko dira ahalik eta lasterren eta gehienez hiru eguneko epean, zerbitzu horretako profesionalak kasu honetarako plan bat landu ahal dezaten ezarritako bisitak egiten hasi aurretik.

Familia Elkarguneak bisitei buruzko txostenak hiruhilero egin beharko ditu, eta topaketak burutzea eragozten edo zailtzen duen edozein gertakari berehala idatziz jakinarazi beharko dio Epaitegiari, honek epaia betetzeko bidezko neurriak hartu ahal ditzan, bisitak bertan behera uztea barne, aita justifikaziorik gabe agertzen ez bada edo topaketa burutzea eragozten duen bestelako zerbait gertatzen bada.

Bisitak ahalik eta ondoen burutzeko Familia Elkarguneko profesionalen esanak errespetatu beharko dituzte guraso biek.

Hartutako neurriei buruz, Bizkaiko Foru Aldundiko Emakume eta Familia Zerbitzuari ofizioa helaraz bekio bera baita Bilboko Familia Elkarguneko Programaren arduraduna, eta ebazpen honen eta Talde Psikosozial Judizialaren irizpenaren kopìa erants bekizkio.

4.- Aitak 150 euro ordainduko dizkio hilero amari, uztail honetatik aurrera, alaba adingabearen mantenu modura. Aurreratuta eta hil bakoitzaren lehenengo bost egunetan ordainduko du, auzi-jartzaileak izendatzen duen kontuan dirua sartuz; zenbateko hori urtero urtarrilaren lehenean eguneratu beharko da Estatistikako Institutu Nazionalak edo hori ordezkatzen duen erakundeak argitaratutako prezioen aldaketen arabera, oinarritzat justu aurreko hamabi hilabeteak hartuz. Lehen eguneraketa 2011ko urtarrilaren lehenean egingo da. Ordainketa egin ezean, bidezko legezko neurriak hartuko dira. Uztailari dagozkion 150 euroak ebazpen hau demandatuari jakinarazi eta hurrengo bost egunetan ordaindu beharko dira.

5.- Gurasoek erdibana ordainduko dituzte alabaren ohiz kanpoko gastuak. Halakotzat joko dira mediku-, farmazia-, optika-, odontologia-zerbitzuek sortutako gastuak, eta Gizarte Segurantzak edo mediku-aseguru pribatu batek bere gain hartzen ez dituen gainerako mediku-gastuak. Halakotzat joko dira, orobat, irakasleek edo tutoreek gomendatuta, ikasketa-prozesuaren indargarri eta lagungarri alabak jaso behar dituen eskolak. Gainerako gastuak -premiazkoak ez badira, aisialdiak edo eskolak sortuak badira, eta guraso biek erabakitakoak ez badira- egitea erabaki duenak ordaindu beharko ditu, gasturik egin bada behintzat.

Auzi-izapide honetan ez da bestelako neurririk hartuko.

Prozedura hau izapidetzerakoan sortutako prozesu-kostuak ez zaizkio inori ezartzen.

Ebazpen honen aurka apelazio-errekurtsoa aurkez daiteke, epaitegi honetan. Errekurtsoa prestatzeko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, jakinarazpena egin eta biharamunetik bost egun balioduneko epean. Idazki horretan, bestalde, honakoak adieraziko dira: apelatutako ebazpena, errekurritzeko nahia eta zein erabaki inpugnatzen den (Prozedura Zibileko 1/2000 Legea, 457.2 eta 774. artikuluak).

Errekurtsoa aurkeztu ahal izateko, 50 euroko gordailua jarri beharko da, eta baldintza hori bete ezean ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua gauzatzeko, epaitegi honek Banesto (Banco Español de Crédito) taldean duen Gordailu eta Kontsignazioen Kontuan (4709 zenbakia) kontsignatu beharko da aipatu zenbatekoa; errekurtsoa aurkeztean egiaztatu beharko da kontsignazioa (BJLO, 15. xedapen gehigarria).

Errekurtsoa jartzeko gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.

Eta epai honen bidez, erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Ricardo Garay Cabeza demandatuari behar bezalako jakinarazpena egiteko balio dezan, ematen eta sinatzen dut idazki hau, Bilbon (Bizkaia), bi mila eta hamaikako maiatzaren hiruan.

IDAZKARIA.


Azterketa dokumentala