Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2011ko abenduaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Ekonomia eta Ogasun Saila
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
6213

263/2011 DEKRETUA, abenduaren 13koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena emateko dena.

Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren Administrazio Kontseiluak, 2010eko martxoaren 30ean egindako bilkuran, hau erabaki zuen: Akziodunen Batzar Orokorrari proposatzea sozietatearen kapitalari 48.190.000 euro gehitzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren bazkide denez, lehentasunezko eskubidea du sozietatearen Akziodunen Batzar Orokorrak jaulkitzen dituen akzio berriak harpidetzeko, Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 304. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du indarra.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak nahitaez adieraziko ditu, non eta doako eskuratzea ez den, sozietatearen xedea eta EAEk, zuzenean nahiz zeharka, zenbateko partaidetza-portzentajea izango duen sozietatean.

Hauxe da Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren helburua:

«a) Enpresa-sustapenean laguntzea, kudeaketaren, ekonomiaren eta teknikaren arloetan eta interes enpresarialeko beste arlo batzuetan zerbitzu-aholkularitza emanez eta ikerketak eginez.

b) Enpresa berrien sorrera sustatzea eta jadanik martxan daudenen zabalkundea, garapen teknologikoa eta esportazioari arreta berezia eskainiz.

c) Enpresen arteko jarduera komunak eta kooperaziokoak sustatzea, baldin eta horrek lehiakortasuna indartzen laguntzen badu.

d) Enpresen onbideratze eta birmoldaketa prozesuetan inplikatutako alderdien ahaleginei laguntza osagarria ematea, betiere bideragarritasun baldintza objektiboak biltzen badituzte.

e) Ikerketa eta garapeneko proiektuak sustatzea, izan prozesu berrietan zein produktu berrietan eta horri loturiko zerbitzuetan.

f) Sozietatearen helburuekin zerikusia duen beste edozein».

Gainera, sozietateak, bere helburuak betetze aldera, honako hauek egin ahal izango ditu:

«1.- Enpresei diru-laguntzak, kredituak -epe luze edo ertainera, baita interes-mota berezian ere- eta abalak eman, betiere Eusko Jaurlaritzak ematen dituen arauak betez.

2.- Interes bereziko enpresen kapital sozialean parte hartu, eta enpresaren xedea osatzen duten jarduerak garatu -osorik edo partez, zeharka-, xede bera duten sozietateen akzio edo partaidetzen titularitatearen bidez (baita xede hori sozietatearen helburuaren zati bat bada ere, edo antzeko xedea bada ere). Jarduera horiek aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzaren baimena behar da, eta kasu bakoitzean zehazten diren baldintzak bete behar dira.

3.- Erakundeen aurrezkiko funts publikoen koefizientean konputagarriak izan daitezkeen obligazioak edo antzeko tituluak jaulki.

4.- Finantza-erakunde publiko eta pribatuengandik maileguak jaso. Aurrezki-kutxek emandako maileguak arauketa bereziko mailegutzat jo daitezke, indarrean dagoen legerian ezarritako moduan eta baldintzetan.

5.- Diru-laguntzak eta bermeak jasotzea, EAEko Ogasun Nagusiarengandik eta Autonomia Erkidegoko beste Instituzio eta Eakunde publikoengandik, baita estatuko sektore publikoarengandik ere».

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Berrikuntzako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko abenduaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA sozietateko Akziodunen Batzar Orokorrak erabakitzen duen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko. Zabalkuntza hamabost milioi eurokoa (15.000.000) da. Halaber, baimena ematen zaio aipatu batzarrak ezarritako epe eta moduan ordaintzeko, bai eta sozietatearen estatutuetan dagokion aldaketa egiteko ere. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak % 98,99ko parte-hartze zuzena izango du Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA sozietatean.

2. artikulua.- Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluan xedatutakoa burutzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko abenduaren 13an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.


Azterketa dokumentala