133. zk., 2011ko uztailaren 13a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
3551
EBAZPENA, 2011ko ekainaren 1ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, Zarauzko Errotaberri industria-sektorea urbanizatzeko Hitzarmen Batzarrak sustatutako proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpena egiteko dena.
Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumenaren gaineko eragina banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-erabakiaren aurretik.
Hitzarmen Batzarrak sustatuta, Zarauzko Errotaberri industria-sektoreko urbanizazio-proiektuak onartzeko prozedura hasi da, eta honako hauek aplikatu behar dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, eta proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua. Prozedurarekin lotutako izapide hauek egin dira, besteak beste:
- Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanaren edukia ezartzea. Proiektuaren sustatzailearen eskariz, 2010eko urtarrilaren 25ean, Ingurumen Sailburuordetzak kontsulten izapideari hasiera eman zion, Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez. Behin Ingurumen Sailburuordetzak 2010eko martxoaren 12an proiektuak ingurumenaren gainean zuen eraginari buruzko azterlanaren zabalera eta xehetasun-mailari buruzko txostena bidali eta gero, izapidetzea bukatu zen.
- Jendaurreko informazioaren izapidea. Zarauzko Udalak jendaurrean jarri zituen proiektua eta proiektu horrek ingurumenaren gainean duen eraginari buruzko azterlana (2011ko urtarrilaren 20ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 14. zenbakia).
- Espedientea bidali eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpena eskatzea. 2011ko apirilaren 14an, Zarauzko Udalak espedientea Ingurumen Sailburuordetzara bidali zuen, proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoa betez. 2011ko maiatzaren 5ean, Udalak dokumentazio gehigarria bidali zuen espedientea osatzeko.
Aipatutako proiektuaren dosierrean ageri diren txostenak eta dokumentazio teknikoa aztertu dira. Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlana zuzena dela ikusi da, eta indarrean dagoen araudian aurreikusten diren alderdiei egokitu egiten zaiela. Ingurumen Sailburuordetza da ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpena emateko eskumena duen organoa, xedapen hauen arabera: alde batetik, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, eta, bestetik, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua.
EBATZI DU:
1.- Zarauzko Errotaberri industria-sektorea urbanizatzeko Hitzarmen Batzarrak sustatutako proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpena egitea, eta alde azaltzea.
2.- Baldintza batzuk ezartzea proiektua burutzeko; baldintzok lotesleak dira Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraiki.
2.A.- Proiektua, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera gauzatu beharko da.
Espediente honek ingurumenaren gainean duen eraginaren ebaluazioa egiteko prozeduran kontuan izan dira saneamendu, ur-hornidura, gas eta elektrizitate sareak eraikitzeak ingurumenean izan dezakeen eragina; baita poligonora sartzeko bideak ere. Lan horiek guztiak beharrezkoak dira proiektua garatzeko eta, ondorioz, ezinbestekoak. Jarduketa horiek ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean aurreikusitakoari jarraituz beteko dira; aipatutako agirian nahiz ebazpen honetan bildutako babesteko, zuzentzeko eta zeintzako neurrien multzoa aplikatuko da.
2.B.- Proiektua aldatu edo zabaldu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Beraren bidez onartu zen proiektuek ingurumenean duten eragina ebaluatzeko Legearen testu bategina.
Obrak egiteko gainerako izapideetan aurreko lerrokadan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa duten aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, aldaketa horiek ere ingurumenaren ikuspuntutik justifikatu beharko dira. Proiektuak nahitaez jaso behar ditu kasuan kasuko aldaketak babesteko eta zuzentzeko neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguan.
2.C.- Babesteko eta zuzentzeko neurriak.
Babesteko eta zuzentzeko neurriak egitasmoaren sustatzaileak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera gauzatuko dira. Era horretan, batetik neurri horiek ezarrita, eta bestetik kontrola gauzatzeko pertsonala jarrita, kalitate-helburuak bermatu ahal izango dira: azterketan finkatutakoak eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen honetan ezarritakoak. Ondorengo idatzi-zatietan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.
Neurri hauek guztiak, obra kontratatzeko baldintzetan sartu beharko dira eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute.
2.C.1.- Ondare naturala babesteko neurriak.
Alde batera utzi gabe Gipuzkoako mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2006 Foru Arauan eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko hainbat flora-espezieren babesa agintzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuan xedatutakoa, neurri hauek aplikatuko dira:
2.C.1.1.- D bideko lubetako ezpondak, gas-hodien desbideratzeak, elektrizitate-linea eta -dorreak eta euri-uren adarra eraikitzearen ondoriozko eragin puntualak salbuetsita- urbanizazio-proiektuaren 19. eranskina «Lur-sailak okupatzea» dokumentuan aurreikusitakoaren arabera egingo baitira-, lurzorua okupatzen duten proiektuko lan eta ekintzak proiektuaren lur-sailaren mugen barnean egingo dira.
Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honetako 2.C.12 idatzi-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.
2.C.1.2.- Obrarako sarbideak eta kontratistak erabiliko dituen instalazio-guneak, makinak gordetzeko guneak eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak barne, ingurumenean ahalik eta kalte gutxiena sortzeko irizpideak kontuan izanda proiektatuko dira.
Gune horiek ez dira egongo ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlaneko 3. planoan (Zuzentzeko neurriak eta ingurumena zaintzeko programa. Xehetasunak) irudikatutako «eremu baztertuak» eremuetan.
Kontratistak erabiliko dituen instalazio-guneak egokitu egingo dira, bertan gauzatuko diren jarduera askotarikoen ondorioz ingurumenean sor daitezkeen kalteak ahal dela gutxitzeko.
Obra hasi aurretik xehetasun-kartografia bidez zehatz-mehatz mugatuko dira gune horiek guztiak, eta kontratistak erabiliko dituen guneen ezaugarriak zehaztuko dira. Proposamen horiek Obraren Zuzendaritzak onartu behar ditu, ebazpen honetako 2.C.12 idatzi-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.
2.C.1.3.- Ahal dela, ez da landaredi naturala ebakiko zuzeneko okupazioa aurreikusten ez den eremuetan. Horretarako, obrak hasi baino lehen, zehatz-mehatz mugatu eta balizatuko dira obrak gauzatzeko nahitaez ebaki behar ez diren zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Bereziki babestu beharko dira urbanizazioko jarduketekin okupatzen ez diren hariztiak-hostozabalen baso mistoak eta ertzeko landaredia, bai eta Quercus suber ale zaharra ere. Hala eta guztiz ere, balizatu egingo dira, gutxienez, Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko Azterlaneko 3. planoan («Zuzentzeko neurriak eta ingurumena zaintzeko programa») eremu sentikor gisa identifikatutakoak.
Zaindu beharreko zuhaitzak ongi babestuko dira kolpeak saihestu eta sustrai-sistemak ez erasateko.
Jarduera horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako 2.C.12 idatzi-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak.
2.C.1.4.- Bestalde, baliteke proiektuaren eraginpean dagoen esparruan Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendako espezie ugaltzaile batzuk egotea, esate baterako, lepitzulia (Jynx torquilla) eta okil txikia (Dendrocopos minor).
Espezie horietako txoriei eragin diezaiekeen edozein ekintza egin aurretik, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legean eta Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda arautzeko uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuan xedatutakoa hartuko da kontuan, baita, hala badagokio, foru-organo eskudunak ezarritakoa ere.
Obrak zuinkatzeko eta lurrak mugitzeko fasean, ebazpen honen 2.C.12 idatzi-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzako fauna-espezialista batek egon beharko du obra-tokian, aipatutako espezieen eta haien habitaten gainean eragin kaltegarririk sor ez dadin aplikatu beharreko babesteko eta zuzentzeko neurriei buruzko aholkuak emateko Obraren Zuzendaritzari.
2.C.2.- Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
2.C.2.1.- Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze-naturaleko sare batekin. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, lurzorua eta ura olio eta erregaien eraginaren ondorioz kutsa ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezingo dira egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.
2.C.2.2.- Eraikuntza-fasean, ahalik eta material xehe gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horretarako, ura bideratzeko gailuak eta jalkinak atxikitzeko sistemak jartzeko proiektuak prestatu eta burutuko dira.
2.C.2.3.- Hormigoi-makinak eta kanaletak garbitzeko zangetan bildutako urak beren izaeraren arabera kudeatu beharko dira. Ur horiek ez dira zuzenean isuriko, beren parametroek uren araudia eta, hala badagokio, organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela egiaztatu gabe. Zanga horietako lohiak ebazpen honen 2.C.7 atalean aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira.
2.C.2.4.- Proiektuak eragindako ur-ibilguak bideratzeko eta desbideratzeko lanak, ahal dela, agorraldi-garaian egingo dira, eta programatu eta sinkronizatu egingo dira, ahal den denbora laburrenean egiteko.
2.C.2.5.- Makinek uraren ibilbidetik pasatu behar badute, fabrika-obretako bide eta sarbideetatik igaroko dira edo bestela, fabrika-obra bat eraikitzeko asmoa dagoen gunetik. Obrako makinak ez dira inoiz Olaa eta Iñurritza erreken ibilguan ibiliko, aipatutako gurutzatzeko tokietan izan ezik.
2.C.2.6.- Urbanizazio berriko euri- eta hondakin-uren sareen ezaugarri nagusiak Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egiteko aurkeztu den proiektuan jasotakoak izango dira. Horren arabera, urak bildu eta husteko sistema bereizketakoa izango da.
Aurreikusitakoaren arabera, euri-urak Olaa eta Iñurritza erreketan isuriko dira, eta hondakin-urak Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren saneamendu-sare nagusiarekin lotuko dira.
Edozein modutan ere, urak ur-ibilgura eta kolektorera isurtzeko baldintzak arroko erakundeak eta saneamendu-sarearen organo kudeatzaileak erabakiko dituzte, hurrenez hurren.
2.C.3.- Ibaien ekosistema berreskuratzeko neurriak.
Aplika daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, babesteko eta zuzentzeko honako neurri hauek ere hartu beharko dira:
2.C.3.1.- Proiektuaren esparruko errekastoen bide-zorrak hartzen duen eremua ez da okupatuko, ez aldi baterako, ez betiko, proiektuak zuzenean ukitzen ez dituen errekasto-zatietan. Obrak amaitutakoan, errekastoak, horien ertzak eta ondoko lur-zerrendak ahalik eta baldintza naturalenetan gelditu behar dira, bere eginkizuna oztopatzen duen betelan, itxitura edo bestelako okupaziorik gabe.
2.C.3.2.- Proiektuak eragindako errekak bideratzeko eta ibilguak zuzentzeko aurreikusitako lanak sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari bidalitako dokumentazioaren arabera egingo dira eta trazatuak bihurgunetsuak izango dira eta bideratutako zatien ertzak berriz landareztatu ahal izango dira.
Ubideak berreraikitzeko lanen fasean, arreta berezia jarriko da ibai-ohe irregularra osatzeko, hori lagungarri izango baita udaldian ur-emaria pilatzeko eta ohe horretan uretako faunarentzako mikrohabitatak sortzeko.
2.C.3.3.- Erreken ertzetan erriberako espezie autoktonoak landatuko dira, ibilguari itzal eman diezaioketenak.
2.C.4.- Airearen poluzioa saihesteko neurriak.
2.C.4.1.- Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eragindako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Pistak eta aldi baterako soil egongo diren eremuak ureztatzeko sistema bat jarriko da.
2.C.4.2.- Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta.
Aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak ebazpen honetako 2.C.13 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko dira.
2.C.5.- Zaraten eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
2.C.5.1.- Eraikitze-fasean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obra-makinen mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
2.C.5.2.- Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, zonakatze akustikoari, kalitateko helburuei eta zaratari dagokienez, obretan erabiliko diren makinek aire librean erabiltzeko makinen zaratari buruz indarrean dagoen legerian ezarritakoa bete beharko dute. Batez ere aire librean erabiltzeko zenbait makinek atera dezaketen zarata arautzen duen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta gainerako arau osagarrietan ezarritakoa beteko dute.
2.C.5.3.- Hondeaketa-lanetan leherketak egin behar izanez gero, UNE 22-381-93 arauaren arabera egin behar dira, eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanaren eremuan dauden eraikin eta instalazioetan eragindako bibrazioek ezin izango dituzte arauan ezarritako mugak gainditu.
Aireko uhinaren presioari dagokionez, ezingo ditu 128 dB(L) gainditu -muturreko balioak- eraikuntzen agerieneko fatxadan.
Sustatzaileak banan-banako informazio sistema antolatu behar du obren eremutik hurbil bizi direnentzat. Horrela, auzokoek zehatz jakingo dute zer-nolako neurriak hartu behar dituzten leherketek eragiten dituzten bibrazioen eta aire-uhinaren ondorioak gutxitu eta kontrolatzeko.
2.C.6.- Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.
2.C.6.1.- Urbanizazio-proiektuak eragindako esparruan, irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoan, bildutako bost lur-zati identifikatu dira:
- 20079-00017 Makina-erreminten fabrikazioa.
- 20079-00020 Ponpa eta elektrobalbulen fabrikazioa.
- 20079-00024 Kautxuzko eta gai plastikozko hainbat produkturen fabrikazioa.
- 20079-00026 Ibilgailu motordunen mantenu eta konponketa.
- 20079-00036 Hondakin geldoen hondakindegia.
Halaber, dekretu horren ondoren, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean eta kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan bildutako jardueraren bat jasan duten beste bost leku aitortu dira:
- 20079-00069 Arte grafikoak.
- 20079-00070 Altzarien fabrikazioa.
- 20079-00071 Soldadurarako makinen fabrikazioa.
- 20079-00072 Plano bidezko mekanizazioko lantegia.
- 20079-00076 Altzarien fabrikazioa.
Azkenik, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanak lurzorua kutsa dezakeen jardueraren bat jasan duen beste leku bat identifikatu du, Transportes Zelai deiturikoa.
2.C.6.2.- Aurreko lekuei dagokienez, otsailaren 4ko 1/2005 Legearen, lurzorua ez kutsatzeko edo kutsatutakoa garbitzekoaren, 17. artikuluan aurreikusitako egoeraren bat gertatzen bada, Lurzoruaren Kalitatearen Aitorpena egin beharko da.
Edonola ere, lizentziak, baimenak eta lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazioren bat duen edo izan duen lurzoruan jarduera bat instalatu edo zabaltzeko edo lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazioren bat izan duen eta egun erabiltzen ez den lekuren batean lurrak mugitzeko gaitzen duten gainerako ebazpenak emateko, ingurumen-organoak aurrez onartu beharko du lurzoruaren kalitatea aitortzeko prozeduraren baitan; prozedura hori hastea derrigorrezkoa da otsailaren 4ko 1/2005 Legearen 17. artikuluaren arabera.
Kasu horietan, lurrak mugitzerakoan, hondeaketa-materialak kudeatzerakoan eta gero lurzorua erabiltzerakoan, aipatutako prozeduraren esparruan ingurumen-organoak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dira.
2.C.6.3.- Proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, nahitaezkoa izango da lurzoruaren kalitatea aitortzeko prozedura hastea «Transportes Zelai», 20079-00024, 20079-00072 eta 20079-00036 lur-sailen inguruan; azken lur-sail hori ere multzo horretan sartzen da ez delako behar beste egiaztatu isuritako material guztiak egoki direnik, betelanak ez baitzuen lortu administrazioaren baimenik.
20079-00020 eta 20079-00026 lur-sailei dagokienez, ingurumen-organoak baloratuko du lur-sail horietan lurzorua kutsa dezakeen jarduerarik egin ez dena justifikatzeko proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioa, otsailaren 4ko 1/2005 Legean xedatutakoaren arabera. Aipatutako balorazioaren ondoren, proiektuaren sustatzaileari jakinaraziko zaio lurzoruaren kalitatea aitortzeko prozedura hasi behar duen ala ez.
2.C.6.4.- Aurrekoa alde batera utzi gabe, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lekuak aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritakoa beteko da.
2.C.6.5.- Sobratutako lurzoruaren kalitatea eremu horietarako aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatu beharko da une oro.
2.C.7.- Hondakinak kudeatzeko neurriak.
2.C.7.1.- Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.
Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, baimendutako hondakinen kudeatzaile batengana eraman behar dira.
Teknikoki, ekonomikoki edo ingurumen-ikuspegitik balioztatzea bideraezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik ezabatu ahal izango dira hondakinak.
2.C.7.2.- Eraikuntza- eta eraiste-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan jasotakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraiste-hondakinak.
2.C.7.3.- Amiantoa duten hondakinak hautemanez gero, sustatzaileak amiantoak ingurumenean eragitea prebenitzeko eta eragin hori murrizteko 1991ko otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuan ezarritako betekizunak bete beharko ditu. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.
2.C.7.4.- Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betelanak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira. Hondakin horiek karakterizatu egin beharko dira hondakinak zabortegietan onartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen dituen 2002ko abenduaren 19ko Kontseiluaren 2003/33/EE Erabakian ezarri bezala, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluaren eta II. eranskinaren arabera.
Jarduerako material-soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Adierazle horiek lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinean daude jasota.
2.C.7.5.- Lanak amaitzen direnean, sustatzaileak lur-mugimenduen gaineko balioespen xehatua bidali beharko du Ingurumen Sailburuordetzara. Balantze hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da, lanak amaitzen direnetik 2 hilabete igaro baino lehen.
2.C.7.6.- Hondakin arriskutsuentzako ontzietan uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte; itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa aipatutako uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa izango da.
2.C.7.7.- Erabilitako olioei dagokienez, erabilitako industria-olioen kudeaketari buruzko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua aplikatuko dira.
Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitz gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.
2.C.7.8.- Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Sistema horiek lan horien arduradunek kudeatuko dituzte, langileek sistemak zuzen erabiltzen dituztelako ardura izango baitute. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzean, makineria mantentzeko lanak egitean edo hondakinak erretzean.
Aurrekoaren haritik, ebazpen honen 2.C.1.2 atalean adierazitako espazioetan, eremu jakin bat egokituko da, instalazio estaliekin, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak, eta abar) ezarriko dira obran zehar eta izaeraren arabera bereiziko dira. Hori guztia, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu aurretik egingo da.
2.C.7.9.- Obretan sortutako hondakinen jarraipenari buruzko txostena egingo da, eta hondakin horien kontrolerako, jarraipenerako eta egokitzapenerako agiriak erantsiko dituzte gainera, indarrean dagoen legeriari jarraituz.
2.C.8.- Betelanak egiteko materialak erabiltzeko baldintzak.
Urbanizazioko lubetak eta betelanak egiteko materialei dagokienez, honako hauek bakarrik erabili ahal izango dira:
- Ebazpen honetako 2.C.6 idatz-zatian ezarritakoa alde batera utzi gabe, obra honetako hondeaketatik ateratako materialak.
- Beste obra batzuetan hondeatutako materialak, betiere, gai kutsatzaileen edukia lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinean jasota dauden EBA-A ebaluazioko adierazleen balioa baino baxuagoarekin.
- Eraikuntza eta eraispeneko hondakinen baliotzetik datozen agregakin sekundarioak.
- Agregakin naturalak.
2.C.9.- Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoa betetzea alde batera utzi gabe, babesteko eta zuzentzeko honako neurri hauek hartuko dira:
2.C.9.1.- Urbanizazio-proiektuaren baitan, Kultura Ondarearen zuzendariaren 1997ko irailaren 17ko Ebazpenaren bidez balizko arkeologia-gune aitortutako «Untzitegi» gunea identifikatu da.
Urbanizazio-proiektuan definitutako lanek Balizko Arkeologia Guneari eragiten ez dioten arren, proiektuak leku hori industriako lur-zati eraikigarri gisa antolatzea biltzen du.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak 2010eko otsailaren 5ean jaulkitako txostenaren arabera, kontsulten izapidean, lur-zatia eragin dezakeen edozein proiekturen aurretik, arestian aipatutako Kultura Ondarearen zuzendariaren 1997ko irailaren 17ko ebazpenean aurreikusitakoaren araberako azterlana egin beharko du eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Ondarearen Zerbitzura igorri, arkeologia-proiektu bat idatzi behar den ala ez zehazteko.
Edonola ere, eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean aurreikusitakoaren arabera, ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura honen xede diren urbanizazio-lanak egiten diren bitartean, eremu hori zuinkatu egingo da, eraginik jasan ez dezan.
2.C.9.2.- Obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; gero, beharrezkoa izanez gero, berak erabakiko du zer neurri ezarri.
2.C.10.- Obrak lehengoratu eta integratzeko neurriak.
Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean aurreikusitakoa betetzearen kalterik gabe, zuzentzeko eta babesteko honako neurri gehigarri hauek hartuko dira:
- Obrak erasandako gune guztiak lehengoratuko dira, Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko Azterlanetan agertzen ez badira ere lanak bukatzean aldaketa jasan duten guneak barne. Lehengoratze horrek esan nahi du, urbanizatu gabeko aldeetan, landarez estali daitezkeen eremu guztiak landareberrituko direla, eta herri barruko aldeetan, berriz, lorategietako elementuak berriro jarriko direla.
- Birlandaketak espezie autoktonoak erabilita landare-masa itxiak eta jarraituak ezartzeko aukera eman behar du, habitat naturalizatuak sortzen lagundu eta inguruko landaredi naturalekin lotzeko. Kontuan izan beharko da Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak 2011ko apirilaren 14an egindako txostena, landaketa-markoaren dentsitateari dagokionez.
- Landare inbaditzaileak -hala nola, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana-, zabaltzea eragozteko ekintzak burutuko dira. Zentzu horretan, landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da bereziki. Edozein modutan, ez dira erabiliko aurreko puntuan aipatutako espeziek kutsatuta egon daitezkeen lurrak.
- Arundo donax landare exotiko inbaditzailea erauzteko neurriak hartuko dira; bitarteko fisikoen eta balizko berragertzeak saihesteko urteko kontrol-neurrien bitartez. Neurri horiek Lanen Zuzendaritzak onartu beharko ditu, eta, aldez aurretik, ebazpen honen 2.C.12 atalean aipatzen den txostena egingo du Ingurumen Aholkularitzak.
- Lehengoratzea egin eta ondorengo bi urteetan mantentze-lanak egingo dira: azaletik aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.
2.C.11.- Obraren garbiketa eta akabera.
Obra amaitu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat burutuko da, eta proiektuaren eragin-eremua obra-soberakinez guztiz garbi geratu beharko da. Egin daitezkeen eraispen, enkofratu-kentze eta oro har, garbiketa-lanen hondakinak ebazpen honen 2.C.7 atalean xedatutakoaren arabera gunetik kendu eta kudeatuko dira.
2.C.12.- Ingurumenari buruzko aholkularitza.
Obrak amaitu arte eta horren bermeak dirauen arte, ingurumen-gaietan eta babesteko eta zuzentzeko neurrietan, ondo jantzitako aholkularitza eduki beharko du Obraren Zuzendaritzak, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlaneko erabakien arabera. Gai horiei buruz baldintza-agiriak obra-zuzendaritzari esleitzen dizkion funtzioekin lotutako ebazpenak aholkularitza hori egiten duten adituek txostena egin aurretik eman beharko dira.
2.C.13.- Lan-programa diseinatzea.
Lanak hasi aurretik, kontratistak jarraian datozen idatzi-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du. Proposamen horiek lanen gauzatze-programarekin batera jasoko dira eta lanen zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, ebazpen honetako 2.C.12 idatz-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren. Jarraian zehaztukoak dira agiriak:
- Obrarako sarbideen eta okupazio-eremuen kokagunearen eta ezaugarrien xehetasuna, kontratistak egina, ebazpen honetako 2.C.1.2 idatz-zatian jasotakoaren arabera.
- Zuzeneko okupazioa egingo ez den aldeetan dauden ingurumen-intereseko eremuak zehatz-mehatz zehaztea eta balizatzea, ebazpen honetako 2.C.1.3 idatzi-zatian jasotakoaren arabera.
- Ebazpen honetako 2.C.2.2 idatz-zatian urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen xehetasunak.
- 2.C.4.2 idatz-zatian aurreikusitako kamioien gurpilak garbitzeko gailuen ezaugarriak eta kokapena.
- Obran sortuko diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kasuan dauden betebeharrak nola beteko diren islatzen duen plana, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzea eta kudeatzea arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.
2.C.13.- Egitasmoan akustikaren kalitatean dauden helburuak.
Pertsonak zarata- eta bibrazio-emisioetatik babesteko Zarauzko Udalaren udal ordenantzak ezartzen duena alde batera utzi gabe, antolamendu-eremuaren kanpoko inguruan akustikaren kalitatean izango diren helburuak bat etorriko dira Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko 14. artikuluarekin, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez.
2.D.- Ingurumena zaintzeko programa.
Ingurumena Zaintzeko Programa proiektuaren ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da. Gainera, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.
Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.
2.D.1.- Gorabeheren erregistroa.
Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babesteko zein zuzentzeko neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egon beharko da, eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, Sailburuordetzari igorri beharko zaio hori. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Aldaketa guztiak, ingurumenean eragin dezaketen kaltearen ikuspegitik justifikatu behar dira.
2.D.2.- Obraren okupazio-mugen kontrola.
Lanetarako hartzen den eremua proiektuan adierazitakoarekin bat datorrela egiaztatuko da, aurreikusitakoa baino lur-azalera handiagoan eragin ez dezan.
2.D.3.- Uren kalitatearen kontrola.
Oro har, lanean irekitako zuloetatik ingurumen urtarrera isurketak egin daitezkeenean, 2.C.12 idatzi-zatian aurreikusten diren ingurumeneko aholkularitzak urak isuri aurretik ur horiek bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala egiaztatuko dute astean behin; euri-aldietan ibaira edo kolektorera finik isuri ote den ere aztertuko dute.
2.D.5.- Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, eta aipamen berezia egingo zaie epe horretan izandako gertakari nagusiei, baita haien kausa eta konponbide posibleei ere.
Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta Herri Administrazioen ikuskaritza zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.
2.E.- Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badu, babesteko zein zuzentzeko neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, ingurumen-organoak, jardueraren sustatzailearen eskariz edo bere kabuz, babesteko eta zuzentzeko neurriak edota ingurumena zaintzeko programa aldatzea erabaki dezake, baldin eta egoki baderitzo, ingurumen-zaintzako programaren ondorioak ikusita, edo gerta daitezkeen ingurumenaren gaineko eraginen inguruan babesteko, zuzentzeko edo konpentsatzeko neurriek erakusten dituzten gabeziak kontuan hartuta.
2.F.- Ebazpen honek aurreko idatzi-zatietan ezarritakori kalterik egin gabe, proiektuaren sustatzaileak jarraian aipatutako agiriak helaraziko dizkio ingurumen-organo honi, espedientean txertatzeko.
2.F.1.- Obrak amaitu eta bi hilabeteko epea baino lehen, hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honetako 2.C.7.5 eta 2.C.7.9 idatzi-zatietan adierazitakoaren arabera.
2.F.2.- Obrak amaitu eta bi hilabeteko epea baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babesteko eta zuzentzeko neurriak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen 2.d.1 idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.
2.F.3.- Urtero, obrak hasten direnetik, ebazpen honetako 2.D.5 idatzi-zatian aurreikusitako ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentua.
3.- Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, bi urteko epea ezartzea proiektua egikaritzen hasteko, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo eskudunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.
4.- Proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.
5.- Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 1a.
Ingurumeneko sailburuordea,
NIEVES TERÁN VERGARA.