128. zk., 2011ko uztailaren 6a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
Euskal Herriko Unibertsitatea
3458
ERABAKIA, 2011ko ekainaren 10ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, UPV/EHUko zenbait fakultate eta unibertsitate eskolatako kalitate batzordeen arautegiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emateko dena.
Konstituzioak 27.10 artikuluan autonomia aitortzen die unibertsitateei, eta hortik datorkie beren burua antolatzeko araubide propioa izatea, beren interesak babesteko. Araubide horren funtsezko osagai bat da unibertsitateek ahalmena izatea beren arautegiak egiteko.
2010eko apirilaren 29ko Gobernu Kontseiluaren deialdian, Gobernu Kontseiluak ikastegietako kalitate batzordeen oinarrizko arautegia onartu zuen, UPV/EHUko ikastegi bakoitzak bere kalitate batzordearen arautegia egiteko jarraibideak ematen dituena. 2010eko azaroaren 11n Gobernu Kontseiluak oinarrizko arautegi horretako 5. artikulua aldatu zuen, hau da, laguntza batzordeak arautzen dituena.
2011ko maiatzaren 26an fakultate eta unibertsitate eskola hauetako kalitate batzordeen arautegiak onartu ziren: Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolakoa; Medikuntza eta Odontologia Fakultatekoa; Kimika Zientzien Fakultatekoa; Zuzenbide Fakultatekoa; Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatekoa.
Azkenik, UPV/EHUko Estatutuetako 187.1.d) atalak dio idazkari nagusiak bermatu behar duela UPV/EHUko erabakiak argitaratuko direla; eta, bestalde, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, dio erabakiak oso-osorik argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Horregatik guztiagatik, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko 3/2004ko 10.2 artikulua betez, honako hau
ERABAKI DUT:
Lehenengoa.- Agindua ematea fakultate eta unibertsitate eskola hauetako kalitate batzordeen arautegiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko:
Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolakoa: I. eranskina.
Medikuntza eta Odontologia Fakultatekoa: II. eranskina.
Kimika Zientzien Fakultatekoa: III. eranskina.
Zuzenbide Fakultatekoa: IV. eranskina.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatekoa: V. eranskina.
Bigarrena.- Erabaki honek administrazio bidea agortzen du, eta honen kontra, gura izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke idazkari nagusiari hilabeteko epean, erabakia argitaratzen denetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hilabete biko epean.
Leioa, 2011ko ekainaren 10a.
Idazkari nagusia,
EVA FERREIRA GARCÍA.
I. ERANSKINA
DONOSTIAKO IRAKASLEEN UNIBERTSITATE ESKOLAKO KALITATE BATZORDEAREN ARAUTEGIA
ATARIKOA
Arautegi honen bidez Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Ikastegietako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegian zehaztutakoa bete da, eta, beraz, era berean, Europako Unibertsitate Eremuan sartzeko prozesuarekin lotutako zenbait programetan jasotakoa. Zehatzago, gradu berrietako ikasketa planetan zehaztutakoa beteko du arautegi honek, plan horietan argi eta garbi adierazten delako ikastegiek izan beharko dutela Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema bat. Bestalde, AUDIT programaren arabera, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema bat daukaten ikastegietan, bertako Kalitate Batzordeak ebaluatu behar du sistema hori. Gainera, 2009ko abenduaren 22an, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu zuen UPV/EHUko Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko «Docentiaz» Programa, eta berori gauzatzeko beharrezkoa da, programaren testuan bertan adierazten den bezala, ikastegietako kalitate batzordeek beren arautegiak izatea.
Donostiako Irakasleen Eskolako Kalitate Batzordea Eskolako Batzarrak izendatutako batzordea da, eta zuzendaritza taldearekin batera, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren plangintza eta jarraipen zereginetan dihardu, eta, gainera, barne komunikaziorako tresna da kalitate sistema honen politika, helburu, plan, programa, erantzukizun eta lorpenen inguruan. Eskolako Kalitate Batzordeak, gainera, zuzendaritza taldeari eta Eskolako Batzarrari laguntza eta aholkua emango die tituluen curriculuma garatzeko, gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza ereduaren arabera. Eredu horretan, metodologia aktiboen bidez eta informazio eta komunikazio teknologien laguntzaz, ikasleak gidatutako ikaskuntza (banakakoa nahiz taldekoa) sustatuko da, bai eta etengabeko ebaluazioa ere, guztia irakaskuntza eleaniztunaren testuinguruan. Era berean, Eskolako Kalitate Batzordeak irakasleen ebaluaziorako txostenak egingo ditu.
Eskolako Batzarrari dagokio, UPV/EHUko ikastegietako gobernu eta ordezkaritzarako kide anitzeko organoa den aldetik, eskolako kalitate politika eta helburuak onartzea, bai eta Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta funtzioak onartzea ere. Era berean, Eskolako Batzarrari dagokio titulazioetarako proposatzen diren hobekuntza ekintzak onartzea, graduko tituluen kalitatea bermatzeko sistemaren esparruan Kalitate Batzordeak egindako txostenak oinarri hartuta, besteak beste.
Horrela, bada, arautegi honek Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Irakasleen Eskolako Kalitate Batzordearen funtzionamendua arautzeko gutxieneko arauak jasotzen ditu.
1. artikulua.- Araudiaren helburua.
1.- Arautegi honen helburua da Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) ardura duen organoaren egitura, osaera eta eginkizunak zehaztea, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Donostiako Irakasleen Eskolan.
2.- Organoaren izena hau da: Donostiako Irakasleen Eskolako Kalitate Batzordea.
2. artikulua.- Araubide juridikoa.
UPV/EHUko Donostiako Irakasleen Eskolako Kalitate Batzordearen jardunak UPV/EHUk proposatutako oinarrizko arautegian jasotakoa oinarri hartuta osatu eta Eskolako Batzarrak onartutako arautegi honi jarraituko dio, bai eta UPV/EHUko Ikastegietako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegiari eta arloan ezar daitekeen gainontzeko araudiari ere.
3. artikulua.- Batzordearen eginkizunak.
1.- Ikastegiko Kalitate Batzordeak eginkizun hauek ditu:
a) Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren diseinua, ezarpena, abian jartzea eta jarraipena bultzatzea.
b) Prozesuei jarraipena egitea dagozkien adierazleen bitartez.
c) Eskolako zuzendaritzari batzordearen proposamenak aurkeztea.
d) Fakultatearen urteko helburuak jaso eta, behar denean, haien formulazioa koordinatzea, eta helburuok betetzeko prozesuari jarraipena egitea.
e) Gogobetetze inkesten emaitzak jasotzea eta haietatik abiatuta hobekuntzak proposatzeko irizpideak ematea.
f) Urteko jarraipen txostena egitea Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren azterketa eta berrikuspenetik abiatuta, eta hobekuntza ekintzak proposatzea titulazioetarako ezarritako helburuak betetzeko.
g) Tituluaren akreditazioa lortzen eta aldiro berritzen laguntzea.
h) Ikastegiko kalitate politika eta helburuen berri emateko tresna izatea, eta helburuok bete daitezen eta unibertsitateko kideen artean zabal daitezen bermatzea.
i) Titulazioko curriculuma garatzeko plangintza eta haren zehaztapena egiten laguntzea.
j) Ikastegiko irakasleek gradu berrietako curriculuma hobeto garatzeko tresnak eta metodologiak ikas ditzaten sustatzea.
k) Ikastegiko kideek eta interes taldeek kalitateari eta ebaluazioari buruzko prestakuntza har dezaten bultzatzea.
l) Ikastegiko zuzendaritzari aholku ematea Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemari dagozkion gaietan.
m) Fakultateko Batzarrari bere eskumenen eremuko erabaki proposamenak aurkeztea.
2.- Eskolako Batzarrak, zuzendaritza taldearen proposamenari jarraituz, Kalitate Batzordeari eskuordetu ahal izango dizkio kalitatearekin lotutako eginkizunak, adibidez, Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 9.2.i) artikuluan zehaztutakoak.
4. artikulua.- Osaera.
1.- Kalitate Batzordearen osaera ondokoa da, eta ahalegina egingo da bi sexuetako kideen kopurua parekoa izateko:
a) Zuzendaritza taldetik, zuzendaria edo haren eginkizunak eskuordetuta dituen pertsona -bera izango da batzordeburua- eta Berrikuntza eta Ikasketa Planen Garapenerako zuzendariordea. Eskolako Kalitate Batzordeak berak erabakiko du zein batzordekide izango den batzordeko idazkaria.
b) Irakasle eta ikertzaileen bi ordezkari, ikastegiko zuzendaritzak aukeratuak, ikastegian egoitza duten sailek edo ikastegiko sail-atalen proposamenez. Ahalegina egingo da irakasle eta ikertzaile horiek zuzendaritzako kideak izan ez daitezen.
c) Eskolan eskaintzen diren titulazioetako koordinatzaile bana.
d) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, kalitatearen arloan arduraren bat daukana.
e) Ikasleen bi ordezkari, titulazio desberdinetakoak eta Eskolako Ikasleen Kontseiluak proposatuak.
2.- Kalitate Batzordeko kideak Eskolako Batzarrak izendatuko ditu, zuzendaritzaren proposamenez. Lau urterako izendatuko dira. Ikasleen ordezkaria bi urterako izendatuko da, baina epe hori luzatu ahal izango da.
3.- Eskolako Kalitate Batzordearen irizpideek eta jardunak jarraipena izan dezaten, kideen erdiak baino ez dira aldatuko batzordea berritzen den bakoitzean, eta hori bi urterik behin izango da.
4.- Kalitate Batzordeko kideek ondoko arrazoiren batengatik utziko diote kide izateari:
a) Legezko agintaldia amaitu zaielako.
b) Eurek eskatu dutelako.
c) Hautatuak izan zireneko ezaugarriak aldatu egin direlako.
5. artikulua.- Laguntza batzordeak.
1.- Kalitate Batzordeak laguntza batzordeak eratu ahal izango ditu, bere menpe egongo direnak eta aholkurako izango direnak. Kalitate Batzordeak honako hauek zehaztuko ditu batzorde bakoitzerako: osaera, batzordeko burua eta idazkaria nortzuk izango diren; jarduera arloa eta eginkizunak; eta, behar izanez gero, bere funtzionamenduaren berezitasunak.
2.- Batzorde bat sortu ahal izango da Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko «Docentiaz» Programarako informazio iturria izan dadin. Batzorde hau eratzean bete beharko dira unibertsitateko kidego guztiak Kalitate Batzordean ordezkatuta egoteko irizpideak, eta, edozelan ere, ezinbestekoa izango da ikastegiari atxikitako sail edo sail atalen ordezkariak egotea batzordean. Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko txostenak egiterakoan, batzorde honek egiten dituenean zein Eskolako Kalitate Batzordeak, ez dute batzordean parte hartuko ebaluatu beharreko irakasleek.
Txostena egiteko, laguntza eska dakieke ebaluatu beharreko irakaslearen saileko zuzendariari edo koordinatzaileei, eta horrelakoetan batzordeko gonbidatu izango dira.
Docentiaz programarako Laguntza Batzordea eratuz gero, batzordearen osaera eta izendapenak Eskolako Batzarrak berretsi beharko ditu.
6. artikulua.- Funtzionamendurako araubidea.
1.- Bileretarako deia idazkariak egingo du batzordeburuaren izenean, eta deian jasota egongo dira: eguna, tokia eta ordua eta aztergaien zerrenda. Ohiko bileretako deia bilerako lehenengo deialdirako zehaztutako eguna baino gutxienez bost egun lehenago jakinarazi beharko da. Ez ohiko bileretakoa, gutxien dela 24 ordu lehenago. Bilerako deian aztergaien zerrenda ageri behar da zehaztuta, eta lanerako erabiliko den dokumentazio guztia.
2.- Batzordeak gutxien dela hiru bilera egingo ditu eskolaldian. Behar izanez gero, behar bestetan bilduko da batzordea, ez ohiko bilerak eginda.
3.- Batzordea balioz eratzeko lehenengo deialdian, bertaratuta egon beharko dira batzordeburua, idazkaria eta batzordeko kideen erdiak. Bigarren deialdian (lehenengo deialdia baino 15 minutu beranduago), berriz, nahikoa izango da batzordeburua, idazkaria eta batzordeko kide guztien heren bat egotea.
4.- Bileretara joatea:
a) Batzordeko kideek batzordearen bileretara joateko eskubidea eta betebeharra daukate.
b) Batzordeburuak, bere ekimenez edo batzordeko kideek iradokita, gonbidatuak eraman ahalko ditu bileretara aztertuko diren gaiak direla-eta egoki deritzolako. Gonbidatuek hitza izango dute, baina ez dute botoa emateko eskubiderik izango. Aktan jasota ageri beharko da gonbidatuak izan direla bileran.
c) Idazkaria ez bada bertaratu, bilerako buruak batzordeko kide bat aukeratuko du idazkari lanak egin ditzan bileran.
5.- Bilerako aztergaien zerrendan zehaztutako gaiak baino ezin izango dira aztertu bileran, eta ezin izango da erabakirik hartu zerrendan jasota ez dauden gaien inguruan, ez bada batzordeko kide guztiak bertaratuta egonik gaia premiazkotzat jo dela gehiengoaren aldeko botoarekin.
6.- Batzordearen erabakiak bileran daudenen gehiengo soilaz hartuko dira, eta batzordeburuak kalitate botoa izango du. Batzordearen erabakiak ez dira nahitaez bete beharrekoak izango, baina eskolako zuzendaritzari bidaliko zaizkio beharrezko neurriak har ditzan.
7.- Bileraren akta idazkariak egingo du eta nahitaez jaso beharko dira: bilerara bertaratuak, aztergaien zerrenda, tokia, iraupena, eztabaiden punturik nagusienak eta hartutako erabakien edukia.
8.- Aktak idazkariak sinatuko ditu batzordeburuak oniritzia emanda, eta batzordearen hurrengo bileran onartuko dira.
9.- Batzordeko idazkariak akta egin eta batzordeko kide guztiei bidaliko die eta jendaurrean jarriko du eskolako kide guztien esku egon dadin.
7. artikulua.- Aldaketak.
1.- Arautegi hau aldatu edo aldarazi egin ahalko da batzordeburuaren edo batzordeko kideen heren baten ekimenez.
2.- Aldaketek Kalitate Batzordearen aldeko iritzia izan behar dute eta Eskolako Batzarrari aurkeztuko zaizkio Eskolako Batzarrak onar ditzan kideen gehiengo osoaren aldeko botoarekin; ondoren, unibertsitateko Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaizkio hark onar ditzan.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.- Batzordea eratu eta handik lau urtera berrituko dira kideak lehen aldiz.
Bigarrena.- Batzordeetako kideek isilekotasun betebeharra izango dute, batez ere datu pertsonalei dagokienez.
Era berean, batzordeek datu pertsonalen fitxategiak sortu eta erabiltzean men egin beharko diote datu pertsonalak babesteari buruzko arautegiari.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean.
II. ERANSKINA
MEDIKUNTZA ETA ODONTOLOGIA FAKULTATEKO KALITATE BATZORDEAREN ARAUTEGIA
HITZAURREA
Ikastegiko Kalitate Batzordea eratu da Europako Unibertsitate Eremuan sartzeko prozesuan zehaztutako arauak betetzeko. Zehatzago, ikastegiko gradu berrietako ikasketa planetan zehaztutakoa beteko du arautegi honek, plan horietan argi eta garbi adierazten delako koordinazio mekanismo bertikalak eta horizontalak egon beharko direla titulazioetako maila eta moduluetan. Gradu berrietan ezartzen da ikastegiek Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema bat izan beharko dutela. Bestalde, AUDIT programaren arabera, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema bat daukaten ikastegietan bertako Kalitate Batzordeak ebaluatu egin beharko du sistema hori. Gainera, 2009ko abenduaren 22an UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu zuen UPV/EHUko Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko «Docentiaz» Programa, eta berori gauzatzeko beharrezkoa da, programaren testuan bertan adierazten den bezala, ikastegietako kalitate batzordeek beren arautegiak izatea.
Ikastegiko Kalitate Batzordea Fakultateko Batzarrak izendatutako batzordea da. Dekanotza taldearekin eta Medikuntza eta Odontologiako tituluetako curriculum garapenaren eta koordinazioaren ardura duen batzordearekin batera, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren plangintza eta jarraipen zereginetan dihardu, eta gainera barne komunikaziorako tresna da kalitate sistema honen politika, helburu, plan, programa, erantzukizun eta lorpenen inguruan. Ikastegiko Kalitate Batzordeak, gainera, ikastegiko dekanotzari eta Ikastegiko Batzarrari laguntza eta aholkua emango die tituluen curriculuma garatzeko plangintzan eta jarraipen lanean, gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza ereduaren arabera (Gobernu Kontseiluak 2010eko apirilaren 29an onartutakoa). Eredu horretan, metodologia aktiboen bidez eta informazio eta komunikazio teknologien laguntzaz, ikasleak gidatutako ikaskuntza (banakakoa nahiz taldekoa) sustatuko da, bai eta etengabeko ebaluazioa ere, guztia irakaskuntza eleaniztunaren testuinguruan. Era berean, Ikastegiko Kalitate Batzordeak irakasleen ebaluaziorako txostenak egingo ditu.
Ikastegiko Batzarrari dagokio ikastegiko kalitate politika eta helburuak onartzea, bai eta Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta funtzioak onartzea ere. Era berean, Ikastegiko Batzarrari dagokio titulazioetarako proposatzen diren hobekuntza ekintzak onartzea, graduko tituluen kalitatea bermatzeko sistemaren esparruan Kalitate Batzordeak egindako txostenak oinarri hartuta, besteak beste. Horrela, bada, arautegi honek Ikastegiko Kalitate Batzordearen funtzionamendua arautzeko gutxieneko arauak jasotzen ditu. Batzordearen eginkizunak, osaera eta funtzionamendua ezartzen dira.
1. artikulua.- Arautegiaren helburua.
1.- Arautegi honen helburua da ikastegiko Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren ardura duen organoaren egitura, osaera eta eginkizunak zehaztea.
2.- Organoaren izena hau da: Ikastegiko Kalitate Batzordea.
2. artikulua.- Araubide juridikoa.
Ikastegiko Kalitate Batzordeak arautegi honen arabera eta dagozkion gainerako arautegiei jarraiki jardungo du.
3. artikulua.- Eginkizunak.
1.- Kalitate Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:
a) Ikastegiko Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) diseinua, ezarpena, abian jartzea eta jarraipena bultzatzea.
b) Prozesuei jarraipena egitea dagozkien adierazleen bitartez.
c) Ikastegiko dekanotza taldeari batzordearen proposamenak aurkeztea.
d) Ikastegiaren urteko helburuak jaso eta, behar denean, haien formulazioa koordinatzea, eta helburuok betetzeko prozesuari jarraipena egitea.
e) Gogobetetze inkesten emaitzak jasotzea eta haietatik abiatuta hobekuntzak proposatzeko irizpideak ematea.
f) Urteko jarraipen txostena egitea Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren azterketa eta berrikuspenetik abiatuta, eta hobekuntza ekintzak proposatzea titulazioetarako ezarritako helburuak betetzeko.
g) Tituluaren akreditazioa lortzen eta aldiro berritzen laguntzea.
h) Ikastegiko kalitate politika eta helburuen berri emateko tresna izatea, eta helburuok bete daitezen eta unibertsitateko kideen artean zabal daitezen bermatzea.
i) Titulazioko curriculuma garatzeko plangintza eta haren zehaztapena egiten laguntzea.
j) Proposamenak aurkeztea, ikastegiko titulazioen koordinazio bertikal eta horizontalari buruzkoak, maila eta modulu bakoitzaren barruan, baita maila eta moduluen artean ere.
k) Ikastegiko irakasleek gradu berrietako curriculuma hobeto garatzeko tresnak eta metodologiak ikas ditzaten sustatzea.
l) Ikastegiko kideek eta interes taldeek kalitateari eta ebaluazioari buruzko prestakuntza har dezaten bultzatzea.
m) Ikastegiko zuzendaritzari aholkua ematea Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemari dagozkion gaietan.
n) Ikastegiko Batzarrari bere eskumenen eremuko erabaki proposamenak aurkeztea.
2.- Ikastegiko Batzarrak, dekanotza taldearen proposamenari jarraituz, Kalitate Batzordeari eskuordetuko dizkio kalitatearekin lotutako eginkizunak, adibidez, Medikuntza eta Odontologia Fakultatearen Arautegiko 9.2.h), 9.2.i) eta 9.2.j) artikuluetan zehaztutakoak. Fakultateko arautegiko 9.2.h) artikuluan ikasketa planak egin eta aldatzeari eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeari buruz jasotzen den eginkizuna Ikastegiko Kalitate Batzordeak egingo du ikastegiko Akademia Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordearen txostena ikusi ondoren. Irakasteko behar diren azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan sortutako bestelako premien planak onartzeari buruz 9.2.i) artikuluan jasotzen den eginkizunari dagokionez, Ikastegiko Kalitate Batzordeak kalitatearen gestioa soilik hartuko du bere gain.
4. artikulua.- Osaera.
1.- Kalitate Batzordea hamaika kidek osatuta egongo da:
a) Dekanotza taldeko lau ordezkari:
- Kalitate eta Berrikuntzako dekanordea.
- Irakasleen gaien, akademia antolakuntzako gaien eta arlo klinikoko gaien ardura duten hiru dekanorde.
b) Irakasle eta ikertzaileen lau ordezkari:
- Medikuntzako titulazioko koordinatzaile bi: irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat titulazioaren lehenengo aldian (1. mailatik 3.era) eta irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat titulazioaren azken aldian (4. mailatik 6.era; bakarra Medikuntzako lau irakasguneetarako).
- Odontologiako titulazioko koordinatzaile bi: irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat titulazioaren lehenengo aldian (1. maila eta 2.a) eta irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat titulazioaren azken aldian (3. mailatik 5.era).
Titulazioko koordinatzaileek Medikuntza eta Odontologiako titulazioetako curriculum garapenaren eta koordinazioaren ardura duten batzordeekin batera lan egingo dute titulazioen koordinazio bertikala eta kasuan kasuko mailen edo irakasguneen koordinazio horizontala bermatzeko.
c) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, kalitatearen arloko gaien ardura duena.
d) Ikasleen bi ordezkari: bata Medikuntzako titulaziokoa, eta bestea, Odontologiako titulaziokoa. Ordezkariok Ikastegiko Ikasleen Kontseiluaren proposamenari jarraiki izendatuko dira.
2.- Kalitate eta Berrikuntzako dekanordea izango da batzordeburu, dekanoak batzordean eskuordetutako pertsona den aldetik. Ikastegiko Kalitate Batzordeak berak erabakiko du zein batzordekide izango den batzordeko idazkaria.
3.- Titulazioetako lau koordinatzaileak dekanotza taldeak aukeratuko ditu ikastegian egoitza duten sailek proposatutako irakasle eta ikertzaileen ordezkarien artetik. Horretarako sail bakoitzak bere irakasleen ordezkari bat proposatuko du irakaskuntza aldi bakoitzerako (Medikuntzaren kasuan 1. mailatik 3.era eta 4. mailatik 6.era doazen aldietarako eta Odontologiaren kasuan 1. mailatik 2.era eta 3. mailatik 5.era doazen aldietarako). Izendapen horietarako, dekanotza taldeak, ahal dela, Medikuntza edo Odontologiako titulazioetan mailako koordinatzaile lanak egin dituzten irakasle eta ikertzaileak hartuko ditu kontuan. Ahalegina egingo da irakasleak eta ikertzaileak dekanotza taldeaz kanpokoak izan daitezen eta gizonek eta emakumeek pareko ordezkari kopurua izan dezaten batzordean. Bi hizkuntza ofizialak ezarrita dauden mailetan, titulazioetako euskara eta gaztelaniako taldeek pareko ordezkari kopurua izan dezatela zainduko da.
4.- Kalitate Batzordeko kideen izendapena Fakultateko Batzarrak berretsiko du, dekanotzaren proposamenari jarraiki.
5.- Kalitate Batzordeko kideen izendapena lau urterako izango da, ikasleen kasuan izan ezik, azken hauek bi urterako izendatuko baitira. Edonola ere, kasu bietan luzatu ahalko dira batzordeetako kideen izendapenak.
6.- Ikastegiko Kalitate Batzordearen irizpideek eta jardunak jarraipena izan dezaten, batzordeko kideak epe desberdinetan aldatuko dira. Medikuntzako titulazioko lehenengo hiru mailetako irakasle eta ikertzaileen ordezkariak eta Odontologiako titulazioko lehenengo bi mailetakoak batzordea eratu eta bi urtera aldatuko dira, eta hortik aurrera, lau urterik behin.
5. artikulua.- Laguntza batzordeak.
1.- Kalitate Batzordeak laguntza batzordeak eratu ahal izango ditu, bere menpe egongo direnak eta aholkurako izango direnak.
2.- Laguntza batzordeen erabakiak Kalitate Batzordeak baliozkotu beharko ditu, eta hala dagokionean, berretsi. Horrez gain, Kalitate Batzordeak horien jarduera eremua eta eginkizunak zehaztuko ditu, eta, hala dagokionean, horien funtzionamendu araubidearen berezitasunak ere bai.
3.- Zehazki, Kalitate Batzordeak Medikuntza eta Odontologiako titulazioetako curriculum garapenaren eta koordinazioaren ardura duten batzordeak sortuko ditu. Batzorde horien osakideak izango dira:
Medikuntzan, honako hauek:
- Kalitate eta Berrikuntzako dekanordea.
- Akademia antolakuntzako gaien ardura duen dekanorde bat.
- Medikuntzako titulazioko bi koordinatzaileak.
- Maila eta irakasguneetako hamar koordinatzaileak: Medikuntzako titulazioko lehenengo hiru mailetako bakoitzerako (1.etik 3.era) bina koordinatzaile (bat euskarazko lerrorako eta beste bat gaztelaniazkorako); Medikuntzako lau irakasguneetako bakoitzeko koordinatzaile bana (4. mailatik 6.era).
- Moduluetako bost koordinatzaileak: Medikuntzako titulazioko bost moduluetako bakoitzeko koordinatzaile bana.
- Medikuntzako ikasleen ordezkari bat.
- AZPko langileen ordezkari bat.
Odontologian, honako hauek:
- Kalitate eta Berrikuntzako dekanordea.
- Akademia antolakuntzako gaien ardura duen dekanorde bat.
- Odontologiako titulazioko bi koordinatzaileak.
- Mailetako hamar koordinatzaileak: Odontologiako titulazioko lehenengo bi mailetako bakoitzerako (1.a eta 2.a) bina koordinatzaile (bat euskarazko lerrorako eta beste bat gaztelaniazkorako); Odontologiako titulazioko azken hiru mailetako bakoitzeko koordinatzaile bana (3. mailatik 5.era).
- Moduluetako bost koordinatzaileak: Odontologiako titulazioko bost moduluetako bakoitzeko koordinatzaile bana.
- Odontologia Klinikako arduraduna.
- Odontologiako ikasleen ordezkari bat.
- AZPko langileen ordezkari bat.
Bi titulazioetarako, dekanotza taldeak mailetako eta irakasguneetako koordinatzaileak izendatuko ditu maila/irakasgune horietan irakasten duten sailetako irakasleen artetik eta lehentasuna izango dute antzeko koordinazio eginkizunak betetzen dituzten irakasle eta ikertzaileek. Moduluetako koordinatzaileak izendatzeari dagokionez, sailek irakasten duten moduluetako bakoitzean ordezkari bat izendatuko dute eta dekanotza taldeak ordezkari horietatik aukeratuko du modulu bakoitzerako koordinatzailea.
Kalitate eta Berrikuntzako dekanordea izango da batzordeburu, dekanoak eta Kalitate Batzordeak eskuordetutako pertsona den aldetik. Ikastegiko Kalitate Batzordeak berak erabakiko du zein batzordekide izango den batzordeko idazkaria.
4.- Ikastegiko Kalitate Batzordeak laguntza batzorde bat sortuko du Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko «Docentiaz» Programarako. Batzordearen osaera hurrengoa izango da:
- Irakasle gaien ardura duen dekanordea.
- Klinika gaien ardura duen dekanorde bat.
- Sailetako hamabi ordezkari: irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat ikastegian egoitza duen sail bakoitzeko.
- Medikuntza eta Odontologiako titulazioetako lau koordinatzaileak.
- Ikasleen ordezkari bat.
- AZPko langileen ordezkari bat.
Sail bakoitzak bere ordezkaria izendatuko du. Irakasle gaietako dekanordea izango da batzordeburu, dekanoak eta Kalitate Batzordeak batzordean eskuordetutako pertsona den aldetik. Ikastegiko Kalitate Batzordeak berak erabakiko du zein batzordekide izango den batzordeko idazkaria.
5.- Titulazioetako curriculumaren garapenaren eta koordinazioaren ardura duten batzordeetako kideen izendapena eta Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko «Docentiaz» Programarako laguntza batzordekoena bi urtean behin onartuko da eta Fakultateko Batzarrak berretsiko du dekanotza taldearen eta Kalitate Batzordearen proposamenari jarraiki. Edonola ere, kasu bietan luzatu ahalko dira batzordeetako kideen izendapenak. Kalitate Batzordeak zehaztuko ditu hiru laguntza batzorde hauen jarduera eremua eta eginkizunak, baita horien funtzionamendu araubidea ere, 6. artikuluan ezarritako arau orokorren arabera.
6.- Kalitate Batzordeak laguntza batzorde aholku emaileak sortzen baditu, batzordeak berak zehaztuko du horien osaera arautegi honetan jasotako irizpideen arabera; halaber, horien jarduera eremua eta eginkizunak eta, hala dagokionean, horien funtzionamendu araubidearen berezitasunak ere zehaztuko ditu. Batzorde horietako kideen izendapenak errespetatu egin beharko ditu unibertsitateko sektore desberdinek Kalitate Batzordean parte hartzeko jarraitzen dituzten irizpideak.
6. artikulua.- Kalitate Batzordearen funtzionamendu araubidea.
1.- Arautegi honek Kalitate Batzordea osatzeko eta bertako kide izateko baldintzak arautzen ditu.
2.- Kalitate Batzordearen barne funtzionamendua Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Arautegiko hirugarren atalean Ikastegiko Batzarrerako saioetarako ezarritako arauek arautuko dute. Zehazkiago, era horretara arautuko dira honako hauek: bilerak eta bileretarako deiak (12. eta 13. artikuluak), leku hutsak betetzea (14. artikulua), batzordeko kideen eskubideak eta betebeharrak (15. artikulua), organoa eratzea eta bileren nondik norakoak (16. eta 17. artikuluak), botazioak (18. artikulua), bileretako aktak (19. artikulua) eta erabakiak (20. eta 21. artikuluak).
3.- Bat etorrita 6.2 artikuluan ezarritakoarekin, honako hau ezartzen da:
- Batzordeko idazkariak, batzordeburuaren aginduz, bileretarako deia egingo du, bilera behar bezala gara dadila bermatuko du eta aktak egingo ditu. Akta horiek Kalitate Batzordeko kide guztiei bidaliko dizkie eta argitaratu egingo dira ikastegiko kide guztien eskura egon daitezen.
- Batzordearen erabakiak bileran daudenen botoen gehiengoz hartuko dira. Batzordeko buruak kalitateko botoa izango du.
4.- Kalitate Batzordearen erabakiak ez dira nahitaez bete beharrekoak izango. Ikastegiko dekanotza taldeari bidali beharko zaizkio dagozkion neurriak har ditzan.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Batzordeetako kideek isilekotasun betebeharra izango dute, batez ere datu pertsonalei dagokienez. Era berean, batzordeek datu pertsonalen fitxategiak sortu eta erabiltzean men egin beharko diote datu pertsonalak babesteari buruzko arautegiari.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean.
III. ERANSKINA
DONOSTIAKO KIMIKA ZIENTZIEN FAKULTATEKO KALITATE BATZORDEAREN ARAUTEGIA
HITZAURREA
Arautegi honen bidez Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ikastegietako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegian zehaztutakoa bete da, eta, beraz, era berean, Europako Unibertsitate Eremuan sartzeko prozesuarekin lotutako zenbait programatan jasotakoa. Zehazki, arautegi hau betetzera dator gradu berrietako ikasketa planetan zehaztutakoa, bertan espresuki adierazten baita ikastegiek Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema bat izan behar dutela. Bestalde, AUDIT programaren arabera, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema bat daukaten ikastegietan bertako Kalitate Batzordeak ebaluatu egin beharko du sistema hori. Gainera, 2009ko abenduaren 22an UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu zuen UPV/EHUko Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko «Docentiaz» Programa, eta berori gauzatzeko beharrezkoa da, programaren testuan bertan adierazten den bezala, ikastegietako kalitate batzordeek beren arautegiak izatea.
Kimika Zientzien Fakultateko Kalitate Batzordea Ikastegiko Batzarrak izendatutako batzordea da. Dekanotza taldearekin batera, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren plangintza eta jarraipen zereginetan dihardu, eta gainera barne komunikaziorako tresna da kalitate sistema honen politika, helburu, plan, programa, erantzukizun eta lorpenen inguruan. Kalitate Batzordeak, gainera, zuzendaritza taldeari laguntza eta aholkua emango dio tituluen curriculuma garatzeko, gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza ereduaren arabera. Eredu horretan, metodologia aktiboen bidez eta informazio eta komunikazio teknologien laguntzaz, ikasleak gidatutako ikaskuntza (banakakoa nahiz taldekoa) sustatuko da, bai eta etengabeko ebaluazioa ere, guztia irakaskuntza eleaniztunaren testuinguruan. Era berean, Kalitate Batzordeak irakasleen ebaluaziorako txostenak egingo ditu.
Ikastegiko Batzarrari dagokio, fakultatearen gobernu eta ordezkaritzarako kide anitzeko organoa den aldetik, fakultatearen kalitate politika eta helburuak onartzea, bai eta Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta funtzioak onartzea ere. Era berean, Ikastegiko Batzarrari dagokio titulazioetarako proposatzen diren hobekuntza ekintzak onartzea, graduko tituluen kalitatea bermatzeko sistemaren esparruan Kalitate Batzordeak egindako txostenak oinarri hartuta, besteak beste.
1. artikulua.- Arautegiaren helburua.
1.- Arautegi honen helburua da Donostiako Kimika Zientzien Fakultateko Kalitate Batzordearen egitura, osaera eta eginkizunak zehaztea, batzorde hori baita fakultatean ematen den graduko titulurako Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) ardura duen organoa.
2.- Arautegi honetan biltzen dira UPV/EHUko Ikastegietako Kalitate Batzordearen Oinarrizko Arautegian ezarritako eta nahitaez bete beharreko jarraibideak.
2. artikulua.- Araubide juridikoa.
Hauek dira ikastegiko Kalitate Batzordearen jarduna arautuko dutenak: arautegi hau (Ikastegiko Batzarrak onartua), UPV/EHUko Ikastegietako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegia (arautegi honetan aurreikusita ez dagoen guztirako, oinarrizko arautegira joko da) eta dagozkion bestelako arautegiak.
3. artikulua.- Eginkizunak.
1.- Kalitate Batzordeak eginkizun hauek ditu:
a) Ikastegiko Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) diseinua, ezarpena, abian jartzea eta jarraipena bultzatzea.
b) Prozesuei jarraipena egitea dagozkien adierazleen bitartez.
c) Fakultateko dekanotza taldeari batzordearen proposamenak aurkeztea.
d) Ikastegiaren urteko helburuak jaso eta, behar denean, haien formulazioa koordinatzea, eta helburuok betetzeko prozesuari jarraipena egitea.
e) Gogobetetze inkesten emaitzak jasotzea eta haietatik abiatuta hobekuntzak proposatzeko irizpideak ematea.
f) Urteko jarraipen txostena egitea Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren azterketa eta berrikuspenetik abiatuta, eta hobekuntza ekintzak proposatzea titulazioan ezarritako helburuak betetzeko.
g) Titulazioaren akreditazioa lortzen eta aldiro berritzen laguntzea.
h) Ikastegiko kalitate politika eta helburuen berri emateko tresna izatea, eta helburuok bete daitezen eta unibertsitateko kideen artean zabal daitezen bermatzea.
i) Titulazioko curriculuma garatzeko plangintza eta haren zehaztapena egiten laguntzea.
j) Ikastegiko irakasleek gradu berrietako curriculuma hobeto garatzeko tresnak eta metodologiak ikas ditzaten sustatzea.
k) Fakultateko kideak eta interes taldeak kalitateari eta ebaluazioari buruzko prestakuntza har dezaten bultzatzea.
l) Ikastegiko zuzendaritzari aholkua ematea Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemari dagozkion gaietan.
m) Ikastegiko Batzarrari bere eskumenen eremuko erabaki proposamenak aurkeztea.
2.- Ikastegiko Batzarrak, dekanotza taldearen proposamenari jarraituz, Kalitate Batzordeari eskuordetu ahal izango dizkio kalitatearekin lotutako eginkizunak, adibidez, Ikastegien Oinarrizko Arautegian, 9.2.i) artikuluan, zehaztutakoa.
4. artikulua.- Osaera.
1.- Kalitate Batzordeak hamaika kide izango ditu, era honetara banatuak:
a) Berezko kideak:
- Dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duena.
- Akademia Antolakuntzako dekanordea.
- Titulazioko koordinatzailea.
b) Irakasle eta ikertzaileen sei ordezkari: horietako bi Polimeroen Zientzia eta Teknologia sailekoak, beste bi Kimika Aplikatua sailekoak, bat Materialen Fisika sailekoa eta beste bat Kimika Organikoa I sailekoa. Batzordekideok ikastegiko dekanotza taldeak hautatuko ditu, aipatutako sailen proposamenez. Ahalegina egingo da irakasle eta ikertzaile horiek zuzendaritza edo dekanotza taldeko kideak izan ez daitezen.
c) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, ahal dela kalitatearen arloan arduraren bat daukana.
d) Ikasleen ordezkari bat, ikastegiko Ikasleen Kontseiluak proposatuta.
2.- Batzordeko burua dekanoa izango da, edo bere ordez izendatzen duen pertsona. Kalitate Batzordeak berak erabakiko du zein batzordekide izango den batzordeko idazkaria.
3.- Kalitate Batzordeko kideak Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu, dekanotza taldearen proposamenez. Lau urterako izendatuko dira. Ikasleen ordezkaria bi urterako izendatuko da, baina epe hori luzatu ahal izango da.
4.- Kalitate Batzordearen irizpideek eta jardunak jarraipena izan dezaten, kideetako batzuk baino ez dira aldatuko batzordea berritzen den bakoitzean, eta hori bi urterik behin izango da. Dekanotza taldearen ordezkariak eta titulazioko koordinatzailea dekanotza taldea aldatzen denean aldatuko dira; batzordea sortu eta bi urtera, irakasle eta ikertzaileen ordezkarien erdiak eta AZPkoen ordezkaria baino ez dira aldatuko; hau da, lehen batzordea osatzen duten gainerako kideek lau urte emango dute karguan, salbuespenez.
5. artikulua.- Laguntza batzordeak.
1.- Kalitate Batzordeak laguntza batzordeak sortu ahal izango ditu. Laguntza batzordeok Kalitate Batzordearen menpe egongo dira eta aholkua emateko izango dira. Honako hauek zehaztuko dira batzorde bakoitzerako: osaera, batzordeko burua eta idazkaria nortzuk izango diren; jarduera arloa eta eginkizunak; eta, behar izanez gero, bere funtzionamenduaren berezitasunak.
2.- Horrela, Kimikako Graduko Batzordea eratzen da, Kimikako Graduaren curriculuma garatzeaz arduratzeko.
2.1.- Osaera.
Titulazio batzorde honek osakide hauek izango ditu: dekanoa edo bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeko burua izango da), titulazioko koordinatzailea, sailen eta fakultateari atxikitako sail atalen lau ordezkari, AZPkoen ordezkari bat eta ikasleen ordezkari bat, ikastegiko Ikasleen Kontseiluak proposatua. Kalitate Batzordeak berak erabakiko du zein batzordekide izango den batzordeko idazkaria.
2.2.- Eginkizunak.
a) Kimikako Graduari jarraipena egitea eta, hala dagokionean, hura hobetzeko neurriak proposatzea Kalitate Batzordeari, horrek Fakultateko Batzarrari aurkeztu eta batzarrak berrets ditzan.
b) Irakaskuntza antolatzeko proposamenak, eskola ordutegiak eta praktiketarako egutegiak aurkeztea, hala dagokionean, Akademia Antolakuntzako dekanordeari.
c) Aholku ematea, hala dagokionean, Kalitate Batzordeari, eskola ordutegi eta egutegietan egin beharreko aldaketen inguruan.
d) Irakasleen irakaskuntzari buruz ikasleei egindako iritzi inkesten emaitzetatik lortutako informazioa aztertzea, eta, behar izanez gero, hobekuntza proposamenak egitea.
e) Kanpoko praktiketan parte hartzen duten guztiei (begirale, tutore eta ikasleek) egindako gogobetetze inkesten emaitzak aztertzea eta Gidaritzapeko Praktiken arduradunari haien berri ematea hobekuntza ekimenak egin ditzan.
f) Kalitate Batzordeari Gradu Amaierako Lanaren inguruko kontu hauek proposatzea:
- Ikasleei eskainitako proiektuen zerrenda.
- Defentsarako ohiko eta ezohiko deialdien egutegia.
- Epaimahaien izendapena.
g) Ikaskuntzaren eta titulatuen laneratzearen emaitzen adierazleak aztertzea urtero. Adierazle horiek aztertzeaz gain, beste adierazle batzuk proposatu ahal izango ditu, eta ebaluazio txostena egin.
h) Irakasleen ebaluazio negatiborik balego, zuzenketa ekintzen plana egitea.
i) Beharrezkoa denean, tituluak kentzeko proposamenak prestatu eta Kimika Zientzien Fakultateko Batzarrari aurkeztea.
3.- Era berean, «Docentiaz» laguntza batzordea sortzen da, Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko Programarako informazio iturria izan dadin. Batzordeak osakide hauek izango ditu: dekanoa edo bere ordez izendatzen duen pertsona, batzordeko burua izango dena; sail bakoitzeko edo ikastegiari atxikitako sail atal bakoitzeko ordezkari bat; administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat; eta ikasle bat. Guztiak ikastegiko Kalitate Batzordeko kideak izango dira. Laguntza batzorde honetako kideen izendapena Ikastegiko Batzarrak berretsi beharko du.
6. artikulua.- Funtzionamendu araubidea.
1.- Kide izatea eta leku hutsak betetzea.
Eskolako Batzarreko kideen eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira; pertsona batek ordezkari izateari utziko dio UPV/EHUko Estatutuetan ezarritako arrazoiengatik. Arrazoiren bategatik batzordean hutsuneren bat sortuko balitz, ezarritako prozeduraren bidez beteko da.
2.- Eskubideak eta betebeharrak.
Ikastegiko Kalitate Batzordeko kideek batzordearen bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta arautegi honek betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoko kideak, baina organoak beharrezko neurriak hartuko ditu kideak bileretara joan ahal izan daitezen eta aldi berean zerbitzua bete dadin bermatzeko.
3.- Batzordea gutxienez lau hilean behin bilduko da.
4.- Docentiaz batzordeak txostena egin behar badu laguntza batzorde horretako kide diren irakasleez, irakasle horiek ez dira egongo batzordearen bileran beren kasua aztertzen denean.
5.- Batzordearen erabakiak bileran daudenen botoen gehiengoz hartuko dira. Batzordeko buruak kalitateko botoa izango du. Batzordearen erabakiak ez dira nahitaez bete beharrekoak izango, baina ikastegiko zuzendaritzari bidaliko zaizkio beharrezko neurriak har ditzan.
6.- Batzordeko idazkariak akta egin eta Kalitate Batzordeko kide guztiei bidaliko die, eta jendaurrean jarriko du ikastegiko kide guztien esku egon dadin.
7.- Bere araubidean aurreikusita ez dagoen guztian, Kalitate Batzordeak eta sortzen diren laguntza batzordeek jardungo dute Ikastegiko Batzarraren bileretarako ezarrita dauden arauen arabera, aplikagarri zaizkion neurrian.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Batzordeetako kideek isilekotasun betebeharra izango dute, batez ere datu pertsonalei dagokienez.
Era berean, batzordeek datu pertsonalen fitxategiak sortu eta erabiltzean men egin beharko diote datu pertsonalak babesteari buruzko arautegiari.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean.
IV. ERANSKINA
ZUZENBIDE FAKULTATEKO KALITATE BATZORDEAREN ARAUTEGIA
HITZAURREA
Arautegi honek Zuzenbide Fakultateko Kalitate Batzordearen funtzionamendua arautzen du. Horrela, Zuzenbideko eta Kriminologiako gradu berrietako ikasketa planetan zehaztutakoa betetzen du; izan ere, horietan ezartzen baita fakultateak Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema bat izan behar duela. Bestalde, arautegiak betetzen ditu UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2010eko apirilaren 29an onartutako Ikastegietako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegiaren jarraibideak.
Fakultateko Kalitate Batzordea Fakultateko Batzarrak izendatutako batzordea da. Dekanotza taldearekin batera, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren plangintza eta jarraipen zereginetan dihardu, eta gainera barne komunikaziorako tresna da kalitate sistema honen politika, helburu, plan, programa, erantzukizun eta lorpenen inguruan. Fakultateko Kalitate Batzordeak, gainera, fakultateko zuzendaritza taldeari eta Fakultateko Batzarrari laguntza eta aholkua emango die tituluen curriculuma garatzeko plangintzan eta jarraipen lanean, gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza ereduaren arabera. Eredu horretan, metodologia aktiboen bidez eta informazio eta komunikazio teknologien laguntzaz, ikasleak gidatutako ikaskuntza (banakakoa nahiz taldekoa) sustatuko da, bai eta etengabeko ebaluazioa ere, guztia irakaskuntza eleaniztunaren testuinguruan. Era berean, Fakultateko Kalitate Batzordeak irakasleen ebaluaziorako txostenak egingo ditu.
Fakultateko Batzarrari dagokio, UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko gobernu eta ordezkaritzarako kide anitzeko organoa den aldetik, fakultateko kalitate politika eta helburuak onartzea, bai eta Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta funtzioak onartzea ere. Era berean, Fakultateko Batzarrari dagokio titulazioetarako proposatzen diren hobekuntza ekintzak onartzea, graduko tituluen kalitatea bermatzeko sistemaren esparruan Kalitate Batzordeak egindako txostenak oinarri hartuta, besteak beste.
Arautegi honek Zuzenbide Fakultateko Kalitate Batzordearen eginkizunak, osaera eta funtzionamendua arautzen ditu.
1. artikulua.- Arautegiaren helburua.
1.- Arautegi honen helburua da fakultateko Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) egitura, osaera eta eginkizunak zehaztea.
2.- Organoaren izena hau da: Fakultateko Kalitate Batzordea.
2. artikulua.- Araubide juridikoa.
Hauek dira Fakultateko Kalitate Batzordearen jarduna arautuko dutenak: arautegi hau (Fakultateko Batzarrak egina eta onartua, zuzendaritzaren proposamenez, UPV/EHUko Ikastegietako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegitik abiatuta) eta arlo honi dagozkion bestelako arautegiak. Arautegi honetan aurreikusita ez dagoen guztirako, oinarrizko arautegira joko da.
3. artikulua.- Eginkizunak.
1.- Kalitate Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:
a) Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren diseinua, ezarpena, abian jartzea eta jarraipena bultzatzea.
b) Prozesuei jarraipena egitea dagozkien adierazleen bitartez.
c) Fakultateko dekanotza taldeari batzordearen proposamenak aurkeztea.
d) Fakultateko urteko helburuak jaso eta, behar denean, haien formulazioa koordinatzea, eta helburuok betetzeko prozesuari jarraipena egitea.
e) Gogobetetze inkesten emaitzak jasotzea eta haietatik abiatuta hobekuntzak proposatzeko irizpideak ematea.
f) Urteko jarraipen txostena egitea Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren azterketa eta berrikuspenetik abiatuta, eta hobekuntza ekintzak proposatzea titulazioetarako ezarritako helburuak betetzeko.
g) Tituluen akreditazioa lortzen eta aldiro berritzen laguntzea.
h) Fakultateko kalitate politika eta helburuen berri emateko tresna izatea, eta helburuok bete daitezen eta unibertsitateko kideen artean zabal daitezen bermatzea.
i) Titulazioetako curriculuma garatzeko plangintza eta zehaztapena egiten laguntzea.
j) Fakultateko irakasleek gradu berrietako curriculuma hobeto garatzeko tresnak eta metodologiak ikas ditzaten sustatzea.
k) Fakultateko kideek eta interes taldeek kalitateari eta ebaluazioari buruzko prestakuntza har dezaten bultzatzea.
l) Fakultateko Zuzendaritzari aholkua ematea Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemari dagozkion gaietan.
m) Fakultateko Batzarrari bere eskumenen eremuko erabaki proposamenak aurkeztea.
2.- Fakultateko Batzarrak, dekanotza taldearen proposamenari jarraituz, Kalitate Batzordeari eskuordetu ahal izango dizkio kalitatearekin lotutako eginkizunak, adibidez, Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 9.2.i) artikuluan zehaztutakoak.
4. artikulua.- Osaera.
1.- Hauek izango dira Kalitate Batzordearen osakideak:
a) Kalitate eta Berrikuntzako dekanordea, dekanoaren ordezkaritzan, Gradu Amaierako Lanen koordinatzailea eta Kanpoko Praktiken koordinatzailea, azken hauek dekanotzaren ordezkaritzan.
b) Irakasle eta Ikertzaileen lau ordezkari, dekanotza taldeak aukeratutakoak fakultatean egoitza duten sailen edo fakultatean sortutako sail atalen proposamenari jarraiki. Ahal dela, irakasle eta ikertzaile horiek ez dira dekanotza taldekoak izango eta fakultateko bi egoitzetan irakasgaietako edo mailetako/moduluetako koordinatzaile lanak egiten dituztenen artetik hartuko dira.
c) Titulazioko koordinatzaileak.
d) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, ahal dela kalitatearen arloan arduraren bat daukana.
e) Ikasleen bi ordezkari, Fakultateko Ikasleen Kontseiluak proposatuta.
2.- Fakultateko Kalitateko dekanordea izango da batzordeburu. Fakultateko Kalitate Batzordeak berak erabakiko du zein batzordekide izango den batzordeko idazkaria.
3.- Kalitate Batzordeko kideak Fakultateko Batzarrak izendatuko ditu, dekanotza taldearen proposamenez. Lau urterako izendatuko dira. Ikasleen ordezkaria bi urterako izendatuko da, baina epe hori luzatu ahal izango da.
4.- Fakultateko Kalitate Batzordearen irizpideek eta jardunak jarraipena izan dezaten, batzordeko kideak honela aldatuko dira:
- Dekanotza taldeko kideak fakultateko zuzendaritza aldatzean berrituko dira.
- Titulazioko koordinatzaileak Kalitate Batzordeko eskubide osoko kide dira.
- Irakasle eta ikertzaileak, ahal dela irakasgaietako edo moduluetako/mailetako koordinatzaileak izango direnak, dekanoa aukeratzeko hauteskundeak egin eta bi urtera berrituko dira.
- Ikasleen ordezkariak bi urterik behin aldatuko dira.
5. artikulua.- Laguntza batzordeak.
1.- Kalitate Batzordearen Arautegian laguntza batzordeak zehaztu ahal izango dira. Laguntza batzordeok Kalitate Batzordeak berak sortuko ditu, bere menpe egongo dira eta aholkurako izango dira. Kalitate Batzordeak honako hauek zehaztuko ditu batzorde bakoitzerako: osaera, batzordeko burua eta idazkaria nortzuk izango diren; jarduera arloa eta eginkizunak; eta, behar izanez gero, bere funtzionamenduaren berezitasunak.
2.- Kalitate Batzordeak sortuko duen batzorde kopurua fakultateak koordinatzen duen titulu kopuruaren parekoa izango da. Titulazioko koordinatzailea titulazioko batzordeko kide izango da. Batzorde hauek osatzean bete beharko dira unibertsitateko sektore guztiak Kalitate Batzordean ordezkatuta egoteko irizpideak. Titulu horretako maila edo moduluetako koordinatzaileak batzorde hauetako kide izan beharko dira.
3.- Era berean, Kalitate Batzordeak batzorde bat sortuko du Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko «Docentiaz» Programarako informazio iturria izan dadin. Batzorde hau eratzean bete beharko dira unibertsitateko sektore guztiak Kalitate Batzordean ordezkatuta egoteko irizpideak, eta, edozelan ere, ezinbestekoa izango da fakultateari atxikitako sail edo sail atalen ordezkariak egotea batzordean. Docentiaz Laguntza Batzordea sortu ondoren, lehenengo puntuan jasotakoa kontuan hartu gabe, batzorde horren osaera eta batzordeko kideen izendapena Fakultateko Batzarrak berretsi beharko ditu.
6. artikulua.- Funtzionamendu araubidea.
1.- Kalitate Batzordeko kidea izatea.
Kide anitzeko organoko kide izatea norberaren ezaugarria da eta ezin zaio beste inori utzi. UPV/EHUren Estatutuetan aipatutako egoeretan utziko dio ordezkari batek ordezkari izateari.
2.- Leku hutsak betetzea.
Batzordean hutsunerik sortuz gero, Fakultateko Batzarrak izendatuko du batzorderako kide berria, dekanotza taldearen proposamenez.
3.- Batzordeko kideen eskubideak eta betebeharrak.
Kalitate Batzordeko kideen eskubideak eta betebeharrak Fakultateko Batzarreko kideentzat ezarritakoak izango dira, Zuzenbide Fakultateko Arautegiaren 19. artikuluan xedatutakoarekin bat (2010eko maiatzaren 10eko EHAA).
4.- Bileretarako deiak eta bileren maiztasuna.
Kalitate Batzordearen bileretarako deia Kalitateko dekanordeak egingo du bere kabuz, edo Kalitate Batzordeko kideen % 25ek gutxienez hala eskatuta. Batzordea lauhilekoan behin bilduko da gutxienez.
5.- Bileren nondik norakoak.
a) Batzordeko buruak bilera behar bezala gara dadila bermatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du.
b) Batzordearen erabakiak bileran daudenen botoen gehiengoaz hartuko dira. Batzordeko buruak kalitateko botoa izango du. Batzordearen erabakiak ez dira nahitaez bete beharrekoak izango. Dekanotza taldeari bidali beharko zaizkio dagozkion neurriak har ditzan.
c) Batzordeko idazkariak akta egin eta batzordeko kide guztiei bidaliko die eta jendaurrean jarriko du fakultateko kide guztien esku egon dadin.
6.- Arau osagarriak.
Arautegi honetan aurreikusita ez dagoen guztirako, eta arautegi hau aldatzeko, Fakultateko Batzarreko bileretarako ezarritako arauei jarraituko die Kalitate Batzordeak.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Batzordeetako kideek isilekotasun betebeharra izango dute, batez ere datu pertsonalei dagokienez. Era berean, batzordeek datu pertsonalen fitxategiak sortu eta erabiltzean men egin beharko diete datu pertsonalak babesteko arauei.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean.
V. ERANSKINA
JARDUERA FISIKOAREN ETA KIROLAREN ZIENTZIEN FAKULTATEKO KALITATE BATZORDEAREN ARAUTEGIA
HITZAURREA
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Kalitate Batzordea Ikastegiko Batzarrak izendatutako batzordea da. Dekanotza taldearekin batera, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren plangintza eta jarraipen zereginetan dihardu, eta gainera barne komunikaziorako tresna da kalitate sistema honen politika, helburu, plan, programa, erantzukizun eta lorpenen inguruan. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Kalitate Batzordeak, gainera, ikastegiko dekanotzari eta Ikastegiko Batzarrari laguntza eta aholkua emango die tituluen curriculuma garatzeko. Era berean, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Kalitate Batzordeak irakasleen ebaluaziorako txostenak egingo ditu.
Ikastegiko Batzarrari dagokio, UPV/EHUko ikastegietako gobernu eta ordezkaritzarako kide anitzeko organoa den aldetik, ikastegiko kalitate politika eta helburuak onartzea, bai eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta funtzioak onartzea ere. Era berean, Ikastegiko Batzarrari dagokio titulazioetarako proposatzen diren hobekuntza ekintzak onartzea, graduko tituluen kalitatea bermatzeko sistemaren esparruan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Kalitate Batzordeak egindako txostenak oinarri hartuta, besteak beste.
Horrela, bada, arautegi honek ikastegiko Kalitate Batzordearen funtzionamendua arautzeko gutxieneko arauak jasotzen ditu. Batzordearen eginkizunak, osaera eta funtzionamendua ezartzen ditu, beraz.
1. artikulua.- Helburua.
1.- Arautegi honen helburua da ikastegiko Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren ardura duen organoaren egitura, osaera eta eginkizunak zehaztea.
2.- Organoaren izena hau da: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Kalitate Batzordea (aurrerantzean, Kalitate Batzordea).
2. artikulua.- Araubide juridikoa.
Kalitate Batzordeak arautegi honen eta UPV/EHUko Ikastegietako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegiaren arabera eta dagozkion gainerako arautegiei jarraiki jardungo du.
3. artikulua.- Eginkizunak.
1.- Hauek dira Kalitate Batzordearen eginkizunak:
a) Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren diseinuaz, ezarpenaz, abian jartzeaz eta jarraipenaz arduratzea eta zeregin horiek guztiak bultzatzea.
b) Prozesuei jarraipena egitea dagozkien adierazleen bitartez.
c) Fakultateko dekanotza taldeari Kalitate Batzordearen proposamenak aurkeztea.
d) Ikastegiaren urteko helburuak jaso eta, behar denean, haien formulazioa koordinatzea, eta helburuok betetzeko prozesuari jarraipena egitea.
e) Gogobetetze inkesten emaitzak jasotzea eta haietatik abiatuta hobekuntzak proposatzeko irizpideak ematea.
f) Urteko jarraipen txostena egitea Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren azterketa eta berrikuspenetik abiatuta, eta hobekuntza ekintzak proposatzea titulaziorako ezarritako helburuak betetzeko.
g) Tituluaren akreditazioa lortzen eta aldiro berritzen laguntzea.
h) Ikastegiko kalitate politika eta helburuen berri emateko tresna izatea, eta helburuok bete daitezen eta unibertsitateko kideen artean zabal daitezen bermatzea.
i) Titulazio(eta)ko curriculuma garatzeko plangintza eta haren zehaztapena egiten laguntzea.
j) Ikastegiko irakasleek gradu berrietako curriculuma hobeto garatzeko tresnak eta metodologiak ikas ditzaten sustatzea.
k) Fakultateko kideek eta interes taldeek kalitateari eta ebaluazioari buruzko prestakuntza har dezaten bultzatzea.
l) Ikastegiko zuzendaritzari aholkua ematea Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemari dagozkion gaietan.
m) Ikastegiko Batzarrari bere eskumenen eremuko erabaki proposamenak aurkeztea.
2.- Ikastegiko Batzarrak, dekanotza taldearen proposamenari jarraituz, Kalitate Batzordeari eskuordetu ahal izango dizkio kalitatearekin lotutako eginkizunak, adibidez, Ikastegien Oinarrizko Arautegian, 9.2.i) artikuluan, zehaztutakoa.
4. artikulua.- Osaera.
1.- Kalitate Batzordeak 13 osakide izango ditu, honetara banatuta:
a) Dekanoa edo hark bere ordez horretarako izendatzen duena.
b) Ikastegiko dekanorde bat, gai honen ardura daukana.
c) Irakasle eta ikertzaileen sei ordezkari, dekanotzak aukeratuak, ikastegian egoitza duten sailen edo ikastegiko sail-atalen proposamenez. Ahalegina egingo da irakasle eta ikertzaile horiek zuzendaritza edo dekanotza taldeko kideak izan ez daitezen.
d) Graduko titulazioko koordinatzaileak eta graduondokoak, halakorik balego.
e) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, ahal dela kalitatearen arloan arduraren bat daukana.
f) Ikasleen ordezkari bi, ikastegiko Ikasleen Kontseiluak proposatuta.
2.- Ahalegina egingo da gizonek eta emakumeek pareko ordezkari kopurua izan dezaten Kalitate Batzordean.
3.- Batzordeko burua dekanoa izango da, edo bere ordez izendatzen duen pertsona. Kalitate Batzordeak berak erabakiko du zein batzordekide izango den batzordeko idazkaria.
4.- Kalitate Batzordeko kideak Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu, lau urterako izendatu ere, dekanotza taldearen proposamenez. Ikasleen ordezkaria bi urterako izendatuko du, baina epe hori luzatu ahal izango da.
5.- Eskolako Kalitate Batzordearen irizpideek eta jardunak jarraipena izan dezaten, kideen erdiak baino ez dira aldatuko batzordea berritzen den bakoitzean, eta hori bi urterik behin izango da.
5. artikulua.- Laguntza batzordeak.
1.- Arautegi honen bidez Kalitate Batzordearen menpeko laguntza batzordeak eratu ahal izango dira, Kalitate Batzordeari aholku emateko. Honako hauek zehaztuko ditu Kalitate Batzordeak laguntza batzorde bakoitzerako: osaera, batzordeko burua eta idazkaria nortzuk izango diren; jarduera arloa eta eginkizunak; eta, behar izanez gero, funtzionamenduaren berezitasunak.
2.- Fakultateak zenbat titulu koordinatzen dituen, horrenbeste laguntza batzorde sortu ahal izango dira titulazioen curriculuma garatzeko. Batzorde hauek osatzean bete beharko dira unibertsitateko sektore guztiak Kalitate Batzordeak ordezkatuta egoteko irizpideak. Mailako edo moduluko koordinatzaileak (halakorik egonez gero) batzorde hauetako kide izan beharko dira.
3.- Artikulu honetako lehenengo puntuan zehaztutakoa gorabehera, Docentiaz Laguntza Batzordea sortuko balitz, haren osaera eta kideen izendapena Ikastegiko Batzarrak berretsi beharko du.
6. artikulua.- Bilera motak eta bileren aldizkakotasuna.
1.- Bileretarako deiak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.
2.- Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira, oro har. Kalitate Batzordeak ohiko bilera bi egingo ditu, gutxienez, seihileko bakoitzean.
3.- Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean, bai eta kasuan aplikatu beharreko arautegiek hala xedatzen dutenean ere. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez dira agertuko gai hauek: aurreko akten onespena, bestelakoak eta galde-eskeak.
4.- Premiazko bilerak ezohikoak izango dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da. Bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela berretsi beharko du bertaratutako kideen gehiengo osoak, eta beharrezkoa izango da batzordeko kideen bi herenak bertan egotea. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.
7. artikulua.- Bilerarako deia egitea.
1.- Batzordeko buruak egin behar du bilerarako deia.
Fakultateko Batzarreko kideen % 25ek hala eskatzen badute, batzordea biltzeko deia egin beharko du. Bilera ezohikoa izango da eta, gehienez ere, zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik kontatzen hasita.
2.- Bilerarako deia batzordeko idazkariak edo zeregin horretan diharduenak bideratu behar du, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein ordutan eta aztergaiak zehaztu behar ditu deian. Aztergaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.
3.- Betiere, aztergaiak osatzen dituzten puntuak zehatz-mehatz jasoko dira deialdian. Puntu horien artean agertu beharko dira Kalitate Batzordeko kideen % 10ek, gutxienez, bilera baino 48 ordu lehenagora arte erregistro bidez eskatutakoak. Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezingo da hartu; baina batzordeko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa eginda gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.
4.- Deialdia posta elektronikoz bidaliko zaie batzordeko kide guztiei eta, egun berean, argitara emango da fakultateak bere zereginak betetzen dituen egoitza eta espazio fisiko guztietan, jendeak haren berri izan dezan.
8. artikulua.- Kide izatea eta leku hutsak betetzea.
1.- Ikastegiko Kalitate Batzordeko kideen eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira; pertsona batek ordezkari izateari utziko dio UPV/EHUko Estatutuetan ezarritako arrazoiengatik.
2.- Batzordea behin eratuta, hutsuneak sortzen direnean kide berriak izendatuko dira, arautegi honetako 4.1 artikuluari jarraiki. Modu horretara hautatutakoek ordezkari eginkizunak beteko dituzte ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte.
3.- Bi urterik behin Kalitate Batzordeko irakasleen ordezkarien erdiak (hiru) eta ikasleen ordezkarien erdiak (bat) aldatuko dira.
9. artikulua.- Kideen eskubideak eta betebeharrak.
1.- Kalitate Batzordeko kideek batzordearen bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta arautegi honek betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoko kideak, baina organoak beharrezko neurriak hartuko ditu kideak bileretara joan ahal izan daitezen eta aldi berean zerbitzua bete dadin bermatzeko.
2.- Kalitate Batzordeko kideek eskubidea dute beren eginkizunak betetzeko behar duten dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Eskariak erregistro bidez tramitatuko dira eta dokumentazioa eta informazioa gehienez astebeteko epean emango zaie.
10. artikulua.- Kide anitzeko organoa eratzea.
1.- Batzordea balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen gutxienez heren bat egotea bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdiaren artean egon beharreko tartea hamabost minutukoa izango da. Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute bileran edo, bestela, euren ordezkoek.
2.- Kide anitzeko organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko den quoruma bozketa guztietan izango da beharrezkoa.
3.- Botoa eskuordetzeko honako baldintza hauek bete beharko dira:
- Kalitate Batzordeko kide bakoitzak boto eskuordetu bakarra eman dezake.
- Organoa eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko eskuordetutako botoak.
- Organoetako kideek idatziz adierazi beharko dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.
- Botoa eskuordetu duen kidea batzordean egoteak batzar horretarako botoa eskuordetzea balio gabe utzi edo ezeztatu egingo du.
11. artikulua.- Bileren nondik norakoak.
1.- Kalitate Batzordeko buruak bilera behar bezala gara dadila bermatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du.
2.- Eztabaidak aztergai zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, batzordeak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake organoko buruak egindako proposamenari jarraituz.
3.- Beharrezkotzat joz gero, batzordeko buruak bozketa egin aurretik gaiaren inguruan eztabaidatzeko denbora muga dezake, bai eta egon daitekeen parte-hartzeen kopurua ere.
4.- Batzordeko kideek aktan agerrarazi ahal izango dute euren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Fakultateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira haiekin batera.
5.- Egoki deritzonean, batzordeko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahalko ditu bileretara, aztergaien zerrendako punturen batez iritzia edo batzordearentzat interesekoa den informazioa eman dezaten. Gonbidatuek ez dute botoa emateko eskubiderik izango, eta aktan jasota geratu beharko da bileran gonbidatuak izan direla.
12. artikulua.- Botazioa.
1.- Batzordearen erabakiak bileran daudenen botoen gehiengoaz hartuko dira. Batzordeko buruak kalitateko botoa izango du. Batzordearen erabakiak ez dira nahitaez bete beharrekoak izango, baina ikastegiko dekanotza taldeari bidali beharko zaizkio dagozkion neurriak har ditzan.
2.- Botazioek isilpekoak izan behar dute, Kalitate Batzordeko kideren batek eskatzen badu. Dena dela, botazioek beti izan behar dute isilpekoak, pertsonei buruzkoak badira.
3.- Aurkako botoa ematen dutenek ez dute erantzukizunik izango batzordeak hartutako erabakietan, horretarako arrazoia jasota uzten badute. Horretarako, bozketa isilpekoa bada, interesdunak boto txartela emango dio batzordeko idazkariari botazioaren unean, eta, txartel horrekin batera, emandako botoaren arrazoia azaltzen duen testua. Boto txartela eta testua aktari erantsiko zaizkio. Era berean, ez dute erantzukizunik izango botazioan abstenitzen direnek.
13. artikulua.- Bilerako akta.
1.- Idazkariak egin behar du bilerako akta. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako aztergaiei dagozkien dokumentuekin batera banatuko da. Batzordean onartu ostean, idazkariak aktak sinatu eta organoko buruak ontzat eman beharko ditu.
2.- Aktan honako hauek jasoko dira nahitaez: bilerara etorri direnen eta etorri ez direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia, eguna eta ordua; bileran aztertutako gaiak; botazioak (nola egin diren) eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, hala dagokionean, arrazoiaren azalpen laburra.
3.- Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, Kalitate Batzordeko kide interesdunek hala eskatzen badute. Batzordeko kideek euren parte-hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzeko eskatu ahalko dute. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.
4.- Batzordeko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ahal izango dituzte akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egingo ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo dira.
5.- Batzordea aldatu baino lehen, bilera egin behar da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Esandako epean erreklamaziorik aurkeztu ezean, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, aktak kide anitzeko organo berriaren lehenengo bileran aurkeztu beharko dira onartzeko.
6.- Behin onartuta, aktak fakultateko iragarki taulan argitaratuko dira, eta ikastegiko kideek kontsultetarako eskuratu ahal izango dituzte ikastegiko Idazkaritza Akademikoan, beti ere pertsonen intimitatea gordeta.
14. artikulua.- Araubidea.
Bere araubidean aurreikusita ez dagoen guztian, Kalitate Batzordeak jardungo du Ikastegiko Batzarraren bileretarako ezarrita dauden arauen arabera, aplikagarri zaizkion neurrian.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Batzordeetako kideek isilekotasun betebeharra izango dute, batez ere datu pertsonalei dagokienez. Era berean, batzordeek datu pertsonalen fitxategiak sortu eta erabiltzean men egin beharko diete datu pertsonalak babesteko arauei.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean.