122. zk., 2011ko ekainaren 28a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Jaurlaritzaren Lehendakaritza
3326
1/2011 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, maiatzaren 24koa, Euskadiko aurrekontu- araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duena eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duena.
Eusko Legebiltzarrak ondoko legegintzako dekretua onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
1/2011 Legegintzako Dekretua, maiatzaren 24koa, Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duena eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen azken xedapenetako bigarrenak baimena ematen dio Jaurlaritzari legegintzako dekretu bat eman dezan legea indarrean sartu eta sei hilabeteko epean; legegintzako dekretu horrek, Jaurlaritzaren 7/1981 Legearen 52. artikuluaren 2., 3. eta 4. paragrafoetan xedatutakoaren arabera, bi betekizun bete behar ditu. Alde batetik, asmoa da testu bakar batean bateratzea irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bateginean jasota eta indarrean dauden aurrekontu-araubidearen arloko lege-xedapenak eta indarrean sartu eta gero beste lege batzuek bertan sartutako aldaketak, bateratu beharreko lege-testuak erregularizatu, argitu eta harmonizatzeko agindua ere betez. Halaber, testu berriak aldaketak egingo ditu aurrekoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 7.4 artikuluko b) eta c) idatzi-zatietan aipatzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoen eta fundazioen aurrekontuak sartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu orokorren osagai direnez gero, betiere partzuergo eta fundazio horiei gaur egun administrazio-organismo autonomoei eta sozietate publikoei aplikatzen zaien aurrekontu-araubide bera emateko behar-beharrezkoak diren aldaketak bakarrik eginez arau horretan.
Beraz, honako xedapen hauek bateratzen ditu testu berriak: 1/1994 Legegintzako Dekretuak onartutako testu berria eta Euskal Autonomia Erkidegoko 1997ko ekitaldirako Aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 10/1996 Legeak testu horretan egindako berrikuntzak; abenduaren 29ko 5/2005 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko 2006ko ekitaldirako Aurrekontu orokorrak onartzen dituena; abenduaren 28ko 9/2006 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko 2007ko ekitaldirako Aurrekontu orokorrak onartzen dituena; eta azaroaren 16ko 12/2007 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren 125. eta 126. artikuluak aldatzekoa. Testuak argitzeko, erregularizatzeko eta harmonizatzeko aukera baliatzen dugu hemen, jatorrizko testua onartu zenean erabili zen sail jakinaren izen zehatzaren ordez, «eskumena duen saila» esamoldea sartuz.
Beharrezko erreforma da sektore publikoko fundazio, sozietate eta partzuergoen aurrekontuak EAEko aurrekontu-araubidean ondorio guztietarako sartzea, araubide horren eta gainerako ogasun-arauen artean (ondarearen edo finantzen gaineko arauen artean, esate baterako) koherentzia izateko. Izan ere, gainerako ogasun-arau horiek dagoeneko jasoak baitituzte beste entitate horiek beren aplikazio-eremu subjektiboan, indarrean dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasunaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezarritako «EAEko sektore publikoa» izeneko kontzeptuak eskatzen duen bezala. Entitate horiek aurrekontu-araubidean sartzeko orduan, begirunerik zorrotzena izan zaie legegintzarako eskuordetzearen baldintzei, eta, hala, ez da besterik egin partzuergoak eta fundazioak ere lehendik administrazio-organismo autonomoen eta sozietate publikoen aurrekontu-araubidea osatzen zuten arauen pean ezarri baino.
Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko maiatzaren 24an eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.- Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen azken xedapenetako bigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari buruz indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen da honen bidez. Testu bategina xedapen honi atxiki zaio.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari buruzko lege-xedapenen testu bategina onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuari buruz beste arau batzuetan egindako aipamenak hemen onartutako testuari buruz egindakoak direla jo behar da.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Legegintzako dekretu honen indarrez onartutako testu bategina indarrean jartzen denetik, indarrik gabe geratuko da bertan ezarritakoaren aurka doan maila bereko edo txikiagoko beste edozein lege-xedapen eta, bereziki, honako hauek:
- Irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretua, EAEko aurrekontu-araubideari buruzko lege-xedapenen testu bategina onartzekoa.
- Euskal Autonomia Erkidegoko 1997ko ekitaldirako Aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 10/1996 Legearen azken xedapenetako hirugarrena.
- Euskal Autonomia Erkidegoko 2006ko ekitaldirako Aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 29ko 5/2005 Legearen azken xedapenetako bigarrena.
- Euskal Autonomia Erkidegoko 2007ko ekitaldirako Aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 9/2006 Legearen azken xedapenetako bigarrena.
- Azaroaren 16ko 12/2007 Legea, irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren 125. eta 126. artikuluak aldatzekoa.
AZKEN XEDAPENA
Legegintzako dekretu honen bidez onartutako testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AURREKONTU ARAUBIDEAREN ARLOAN INDARREAN DIREN LEGE XEDAPENEN TESTU BATEGINA
ZIOEN ADIERAZPENA
1.- Legearen nondik norakoak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren osagai dira, eta Autonomia Estatutuaren 44. artikuluak honela dio haiei buruz: «Euskal Herriko aurrekontu orokorrek jarduera publiko orokorraren diru-sarrera eta gastuak hartuko dituzte, eta Eusko Jaurlaritzak prestatuko ditu, eta Eusko Legebiltzarrak onartuko, berak finkatuko dituen arauekin bat».
Agindu hori kontutan izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruz indarrean diren lege-xedapenen Testu Bateginak oinarrizko irizpide bat ezartzen du ogasunari buruz, esanez Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu orokorrak Autonomia Erkidegoa osatzen duten entitateen aurrekontu guztien multzoa direla, eta aurrekontu horiek entitate horietako bakoitzaren diru-sarreren eta gastuen egoera-orriak eta entitate horietako bakoitzarentzat zorpetzeko eta bermeak eskaintzeko ezarritako gehienezko mugak jasotzen dituztela. Printzipio horretatik abiatuta, lege honek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu orokorrak arautzen ditu, beste tresna juridiko batzuen esku utziz beste gai batzuen arauketa berezia argitasunaren eta sistematikaren alde. Bestalde, lege honek ez dakarkio kalterik Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu orokorren eta zuzenbidearen arteko loturari; izan ere, lotura hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu orokorren legeen bidez egiten baita, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruz indarrean diren lege-xedapenen Testu Bateginak aintzat hartzen baititu legeok, Ogasun Nagusi hori arautzen duten arauetan duten eragina dela eta. Bestalde, legearen edukiaz ari garela, honako hau esan behar da: autonomia-erkidegoak arlo horretan dituen beharrei erantzuteko lanabes egokia izateko asmoz egin dela, faktore instituzional eta teknikoak bereziki kontutan izanik. Esan dezakegu lege hau egitean eraginik gehien izan duten faktore instituzionalak hiru izan direla:
a) Euskal Autonomia Erkidegoaren beraren osaera berezia, Ekonomia Ituna izateak berak finantzen eta aurrekontuen arloan dakartzan berezitasunengatik.
b) Autonomia Estatutuan xedatutakoaren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eta/edo zerbitzuen mailan izan daitezkeen aldaketak, Estatuarekiko eta lurralde historikoekiko.
c) Demokraziazko eta legebiltzarrezko sistema bati, Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegorako ezarritakoa bezalakoari, dagozkion oinarrizko printzipioak.
Teknikaren aldetik, berezko eta espezializazio handiko aurrekontu-antolaketa bat lortzera jo da, zuzenbide konparatuan dauden irizpiderik berrienak eta objektiboenak kontuan izanik.
Faktore horiek guztiak direla-eta, esan daiteke lege honek dakarren aurrekontu-diseinua dela Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomia-jardueraren jokalekua.
2.- I. Tituluko xedapen orokorrak.
Legearen I. tituluak legearen xedea zehazten du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu orokorrak osatzen dituzten aurrekontuak izendatzen ditu; gero, Gizarte Segurantza ere, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren arabera, aurrekontu horien artean sartzeko aukera aipatzen du, eta aurrekontu horien indarraldia arautzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruz indarrean diren lege-xedapenen testu bateginarekin bat etorriz. Azkenik, aurrekontuen arloko hiru printzipio nagusiak aipatzen ditu: Tributu propioei doazkien zerga-onurak jasota uztea, ekonomia-arloko eskubide eta obligazioen iturri diren ekintza guztiak agertzea, eta aurrekontu bakoitzari hasierako defizitik gabe ekitea.
Araudi horretan nabarmentzekoak dira, beren eragina eta garrantzia dela eta, aurrekontu orokorren eremu objektibo eta subjektiboari buruzko manuak.
Izan ere, 2. artikuluak dioenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten entitate guztien aurrekontuek osatzen dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu orokorrak, eta, hala, autonomia-erkidegoko sektore publiko guztia sartzen da haietan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu orokorren eremu subjektiboa eta sektore publiko hori guztiz bat datozelarik.
Bestalde, 6. artikuluan aipatzen den unibertsaltasun-printzipioak zedarritzen du aurrekontu orokorraren eremu objektiboa, likidatzekoak diren eskubide guzti-guztiek eta erantzutekoak diren obligazio guzti-guztiek osatzen dutena, alegia.
Bi alderdi horiek, eremu objektiboa eta subjektiboa, elkarturik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauen Legearen Testu Bateginak aipatzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko osoaren ekonomia-jarduera osoa kuantifikatzeko lanabes gisa eratzen dira aurrekontu orokorrak, eta itzelez sendotzen gardentasun publikoa eta aurrekontu-kontrola.
3.- Aurrekontuen edukia.
Legearen II. tituluak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu orokorren edukia arautzea du xede. Eduki hori osatzen dute, batetik, diru-sarreren egoera-orriak -ekitaldian likidatzekoak diren eskubide ekonomiko guztiak biltzen dituena-, eta gastuen egoera-orriak -obligazioei erantzuteko behar diren kreditu guztiak, ordainketakoan nahiz konpromisozkoak, biltzen dituena-.
Titulu honetako lehenbiziko kapituluan, diru-sarreren egoera-orriei buruzkoan, bi berrikuntza datoz, aurrekontuetan argitasun handiagoa lortze aldera:
a) 10. artikuluak dioenez, diru-sarreren egoera-orrietan sartutako zenbatekoei balio gutxi gorabeherakoa edo behin betikoa ematea.
b) 17. artikuluaren bidez, «kudeaketako diru-sarrerak» izeneko kontzeptua sartzea.
Bigarren kapituluak gastuen egoera-orriak ditu gai, eta kreditu mota ezberdinak arautzen ditu, kredituak direlakoan gastuen egoera-orrien oinarrizko instituzioa, hartzekoak diren obligazioen aurreikuspen kuantifikatuak baino ez direnez gero.
Kredituen ezaugarriak kontuan dituela, 18. artikuluak bi kreditu mota bereizten ditu, lehenengo sailkapena eginez, ordainketa-kredituak eta konpromiso-kredituak. Ordainketa-kredituak dira, aldez aurretik hartu eta sortutako obligazioei erantzuteko, aurrekontu-ekitaldiaren kontura agindu edo ordaindu ahal diren gastuei erantzuteko beharrezkoak direnak, eta, aldiz, konpromiso-kredituak dira hainbat urterako konpromisoei buruzkoak (aurreraxeago aipatuko dugu konpromiso horien garrantzia).
Ordainketa-kredituen araubide orokorra bigarren kapitulu honen lehenengo sekzioan arautzen da, kreditu mugadunen eta gutxi gorabeherakoen arteko bereizkuntza eginez; kreditu orokorra izenekoa ere aurreikusten da.
Hala ere, ordainketa-kredituek badituzte zenbait berezitasun hainbat kasutan, eta hori dela eta daude aurreikusita kreditu zabalgarriak, kreditu aldakorrak, kudeaketa-kredituak eta etendako kredituak. Horien guztien artean kreditu zabalgarriek duten garrantzia dela-eta, bigarren sekzioan arautzen dira, eta hirugarrenerako uzten gainerako guztiak.
Lehen esan denez, ordainketa-kredituez gain bada beste kreditu-kategoria zabalago bat, konpromiso-kreditua hain zuzen, lehen aipatu ditugun modalitate horiek guztiak izan ditzakeena. Konpromiso-kredituak dira onartzen diren ekitaldiaren ondoko aurrekontu-ekitaldietan gauzatu beharreko ekintzak finantzatzeko hartu beharreko obligazio juridikoei aurre egitekoak; konpromiso-kredituen eginkizuna da hainbat urterako konpromisoak babestea.
Konpromiso-kreditu mota hauen araubidea bigarren kapituluaren laugarren sekzioan dago araututa; horien zenbatekoen eta iraupen-aldien mugak daude ezarrita bertan, bai eta horiek aldatzeko araubidea ere. Bereziki muga hau da nabarmentzekoa: aurrekontuetan ezingo da jaso konpromiso-krediturik non eta onartzen diren ekitaldian bertan gauzatzen hastekoak ez badira, eta horretarakoxe ordainketa-kredituez horniturik ez badaude. Obligazio bat hartzen denean, hartzen den ekitaldi horren ondokoetan ere gauzatzekoa bada, beharrezkoa izango da obligazio hori jasotzen den aurrekontuetan ordainketa-kreditutzat jasota uztea ekitaldian bertan gauzatzekoa den zatia, eta, konpromiso-kreditutzat, onartzen den ekitaldiaren ondokoetan gauzatzekoa dena.
4.- Aurrekontuen egitura.
Legearen III. tituluan, aurrekontuen egiturari buruzkoan, lehenbiziko kapituluak dio diru-sarreren eta gastuen egoera-orriek aurrekontuen egiturari buruzko arauen pean egon behar dutela; ondoren, egitura hori legean xedatutakoaren arabera ezartzeko eskumena finkatzen du, eta, azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren baterakuntza aurreikusten du.
Titulu horretako bigarren kapitulua kontabilitate-egituraz ari da, eta aurrekontuen gaia koherentziaz arautzeko ezinbestekoak diren arauak ezartzen ditu.
Hirugarren eta laugarren kapituluetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta bere administrazio-organismo autonomoen aurrekontuak nola aurkeztu behar diren arautzen da. Nabarmentzekoa da programen araberako sailkapena, aurrekontuen aurkezpenaren oinarrizko alderdi gisa; izan ere, sailkapen hori lanabes garrantzitsua da autonomia-erkidegoaren zerbitzurako, eta aurrekontu-teknikaren arloko joera berrizaleenen erara taxuturik dago.
Programen araberako sailkapenaren osagarri soil gisa, hainbesteko garrantzirik gabe, sailkapen organikoa eta funtzionala ezartzen dira.
Bosgarren kapitulua ere nabarmentzekoa da. Bertan jasotzen dira, merkataritza-organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen eta sozietate publikoen jardueraren isla jaso behar duten tresna gisa, ustiapen- eta kapital-aurrekontuak eta memoria, eta aurreikusitako finantza-egoeren orriak; azken horiek aurreikusitako galeren eta irabazien kontua, aurreikusitako balantzea eta aurreikusitako finantzaketa koadroa jasoko dituzte.
Azkenik, seigarren kapituluan, programen egituraren lurralde-sailkapenaren irizpidea ezartzen da ahal den neurrian, 57. artikuluan aurreikusitako moduan.
5.- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak egiteko prozedura.
Legearen IV. titulua Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu orokorrak egiteko prozeduraz ari da, aurrekontua egiteko jarraibideekin hasi eta Legebiltzarrari bidaltzearekin buka, Ekonomia eta Ogasun Sailari bidali behar zaizkion aurreproiektuak eta agiriak eta Jaurlaritzak aurrekontuak prestatu eta onartzea barne direla, guztia Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruz indarrean diren lege-xedapenen testu bateginak agintzen duenarekin bat etorriz.
6.- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak aldatzeko araubidea.
Legearen V. tituluko lehenbiziko kapitulua Aurrekontu orokorrak aldatzeko araubidearen sarrerako xedapenei eta xedapen orokorrei buruzkoa da.
Lehenik eta behin, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren egitura juridikoarekin nola uztartu ezartzen da. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu orokorren legeak ekitaldi bakoitzerako jasotzen dituen baimen eta xedapenak, era guztietakoak, aldatzeko aukera izango dela xedatzen du, betiere titulu horretako arauen eta aurrekontu orokorren legean bertan jasotakoen arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauen gainean indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren II. tituluak ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz. Bigarrenez, honako aldakuntza hauen arteko bereizketa egiten da:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu orokorrak osatzen dituzten aurrekontuetako bakoitzaren diru-sarreren eta gastuen egoera-orriei eragiten dietenak.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu orokorren legeak ekitaldi bakoitzerako jasotzen dituen gainontzeko baimenei eragiten dietenak; kasu bakoitzerako legez jarritako araubide bereziei egokituko zaizkie.
Ikuspegi orokor horren barruan, hurrengo kapituluek aldakuntza-araubide berezi horiek arautzen dituzte (kreditu-transferentzia; kredituak gaitzea; kredituak eranstea; kredituak birjartzea; kreditu gehigarriak; eta merkataritzako organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen eta sozietate publikoen aurrekontuetako aldakuntzak). Euskal Autonomia Erkidegoaren egungo egoera dela eta, beste kapitulu bat ere bada Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eta/edo zerbitzuen mailan izaten diren aldaketen ondoriozko aldakuntzei buruzkoa, betiere, aldakuntza horietan, Estatuarekiko harremanak eta lurralde historikoekiko harremanak bereiziz.
Azkenenik, bederatzigarren kapituluan, gizarte- eta ekonomia-egoerarekin lotuta dauden eta dagozkien gastuen egoera-orriei eragiten dieten neurri batzuk arautzen dira.
7.- Hitzarmenen araubidea.
Legearen VI. tituluan, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoak, bere eskumena erabiliz, Estatuarekin, beste autonomia-erkidego batzuekin, lurralde historikoekin eta toki-erakundeekin egiten dituen hitzarmenek aurrekontuetan izango duten eragina arautzen da, hitzarmen horiek egiteko arauetan sartu gabe, 108. artikuluak Autonomia Estatutuan eta ekainaren 30eko 7/1981 Legearen gain (Jaurlaritzaren Legea) uzten baitu berariaz hitzarmen horiek egiteari dagokion arauketa.
8.- Aurrekontuak gauzatzea.
Legearen VII. tituluak, «Aurrekontuak gauzatzea» izenekoak, bi kapitulu ditu, aurrekontuak gauzatzearen gaiak alderdiak hainbat: hain zuzen ere, diru-sarrera gauzatzea eta gastua gauzatzea.
Gastuari dagokionez, nabarmentzekoa da gauzatze-prozesuak honako aldi hauek dituela, bigarren kapituluaren lehenbiziko sekzioan xedatutakoaren arabera: gastua baimentzea, gastua xedatzea, obligazioa aitortzea eta gastua agintzea, eta guztiak definitzen dira bertan. Gauzatzea arautzen duten printzipioei dagokienez, hurrenez hurrengo administrazio-kontrola, dokumentu bidezko justifikazioa eta idatziz jasoaraztea aurreikusten dira. Eskumenei buruzko alderdi batzuk arautu ondoren, kontrolerako garrantzitsua den arau bat dator, kontu-hartzailetzako kontrolaren eta kontabilitatearen eginkizunak zerbitzu bereiziek garatu behar dituztela xedatzen duena, elkarrengandik eta ordainketak agintzeko zerbitzutik bereizitako zerbitzu banak, alegia. Bigarren sekzioan, gastua gauzatzeko aldietako bat arautzen da: ordainketa-agindua, hain zuzen. Izan ere, lege honetan ezarritako berariazko araudi juridikoak sortu eta taxutua baita aldi hori. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontuaren kontura emandako ordainketa-aginduak direla-eta, finantza-plan bat eta euskarri gisako dokumentazioa eduki beharra ezartzen da.
Era berean, behin behingo ordainketak ere arautzen dira, aurrekontuen gauzatze eta kontrolaren garrantzia dela eta; azkenik, erregelamendu-arauen gain uzten da ordainketa-bitartekoak zehaztea.
Kapitulu honen azken sekzioa, hirugarrena, kredituak deuseztatzeari buruz ari da, eta ordainketa-kredituak eta konpromiso-kredituak bereizten ditu, lege honek ezarritako aurrekontu-sistemari jarraituz.
9.- Aurrekontuen likidazioa.
Legearen VIII. titulua aurrekontuen likidazioaren alderdi nagusiez ari da, hala nola kontuak ixteko eguna, behar diren agiriak, aurrekontuen likidazioa prestatu eta onestea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen likidazioari buruzko agiriak taxutzen dira. Agiri-sorta hori, kontrolerako garrantzizko lanabesa denez gero, Legebiltzarrak onartu beharko du; horretarako, Jaurlaritzak lege-proiektua bidaliko dio, eta ez da horregatik Herri Kontuen Euskal Epaitegiak esku hartzea eragotziko, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari buruzko otsailaren 5eko 1/1988 Legean zehaztutakoaren arabera. Gainera, argibidetarako ez bestetarako, agiri horiek aurrekontu orokorren lege-proiektuari erantsiko zaizkio.
10.- Luzapenen araubidea.
Legearen IX. tituluak aurreikusten duenez, gerta liteke ekitaldi baten hasieran ekitaldi horretarako aurrekontuak onartu gabe egotea eta aurreko ekitaldiko aurrekontu orokorren legearen indarraldia ekitaldi horretarako luzatzea; indarraldia luzatze hori, nolanahi ere, luzapena orokorrean arautzen duen araudiari jarraituz egingo da beti.
Legearen titulu honen xedea da aurrekontu orokorren luzapenaren arauketa orokorra ezartzea, egoera horrek ekar litzakeen arazoak saihestuz.
11.- Beste xedapen batzuk.
Esandako arau horiez gainera, Legeak lau xedapen gehigarri ditu, zergatikoak hainbat direla.
Xedapen gehigarrietako lehenaren zergatikoa da Autonomia Estatutuak autonomia-erkidegoari gizarte-segurantzaren arloan esleitzen dion eskumena.
Bigarren xedapen gehigarriak araubide berezia jasotzen du Jaurlaritzak sozietate publikoen aurrekontuak onartu behar dituenerako, sozietate horiek ekitaldi bakoitzeko aurrekontu-legeak indarrean sartu ostean sortzen direlarik.
Azkenik, xedapen gehigarrietako hirugarrenak jasotzen duenez, lege-aurreproiektu orok edo administrazio-xedapenen proiektu orok, aplikatzean gastuak gehitzea edo diru-sarrera publikoak gutxitzea ekarriz gero, memoria ekonomikoa eraman behar du berekin.
Azkenik, laugarren xedapen gehigarriak xedatzen du badagoela aukera aurrekontuen diru-sarreren edo gastuen egoera-orrietan egokitze teknikoak egiteko, administrazio-berrantolaketen, eskumenen eskualdaketen edo lege mailako arauak onartzearen ondorioz hala behar denean.
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.- Lege honen xedea.
Lege honen xedea da Euskadiko Aurrekontu orokorrak arautzea, bereziki, edukia, egitura, aurrekontuak prestatzeko prozedura, aurrekontuen kudeaketa eta gauzatzea, likidazioa eta, hala badagokio, luzatzeko araubidea.
2. artikulua.- Zerrenda.
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeetako bakoitzari dagozkion aurrekontuek eta baita bermeak emateko eta zorpetzeko aplikatzekoak zaizkien gehieneko mugek osatzen dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak.
2.- Hauek dira aurreko paragrafoan aipatu eta aurrekontu orokorrak osatzen dituzten aurrekontuak:
a) Autonomia-erkidegoko Administrazioren aurrekontua.
b) Organismo autonomoen aurrekontuak.
c) Zuzenbide pribatuko ente publikoen aurrekontuak.
d) Sozietate publikoen aurrekontuak.
e) Autonomia-erkidegoko sektore publikoko fundazioen aurrekontuak.
f) Autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontuak.
3. artikulua.- Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa.
Gizarte Segurantza autonomia-erkidegoko sektore publikoan integratuko da, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 18. artikuluan eta aldi baterako xedapenetatik bosgarrenean ezarritako moduan, eta, agindu hauetan zehaztutakoa eragotzi gabe, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzean, lege honetan xedatutakoa eta autonomia-erkidegoaren aurrekontu-araubideari aplikatzekoak zaizkion gainontzeko arauetan xedatutakoa beteko da.
4. artikulua.- Indarraldia.
1.- Aurrekontu orokorren indarraldia urtebeteko ekonomia-ekitaldi batekoa izango da. Nolanahi ere, baliteke aurrekontuak luzatzea.
2.- Ekonomia- edo aurrekontu-ekitaldia bat etorriko da egutegiko urtearekin.
5. artikulua.- Zerga-onurak.
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu orokorrek, hala badagokio, beren tributuei eragiten dieten zerga-onuren zenbatekoa jasoko dute.
2.- Autonomia-erkidegoko Administrazioaren aurrekontu orokorrek halaber jasoko dute Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak Jaurlaritzari emandako informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuko gastuetan laguntzeko foru-aldundiek egindako ekarpenei dagozkien zerga-onurei buruz.
6. artikulua.- Unibertsaltasun-printzipioa.
1.- Aurrekontu orokorrek kasu bakoitzean likidatzea aurreikusten diren eta kontuan hartu behar diren eskubide eta obligazio guztiak hartuko dituzte, inolako salbuespenik gabe.
2.- Izaera ekonomikoko eskubideak edo obligazioak sorrarazten dituen eragiketa oro dagokion aurrekontuan islatu beharko da. Aurreikusi gabeko eragiketak aurrekontuak gauzatu ahala erregistratuko dira, kasuan-kasuan aplikatzekoak diren arauen arabera.
7. artikulua.- Finantza-oreka.
Lege honen 2. artikuluaren 2. paragrafoan aipatutako aurrekontuak, finantza-oreka irizpide dela prestatuko dira, aurrekontu bakoitzean diru-sarreren guztizkoak gastuena berdintzeko moduan.
II. TITULUA
AURREKONTUEN EDUKIA
8. artikulua.- Zehaztapena.
1.- Autonomia-erkidegoko Administrazioren, administrazio-organismo autonomoen eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontuetan honako hauek jaso beharko dira, kasu bakoitzerako ezarritako zehaztasun-maila eta egiturarekin:
a) Ekitaldian likidatu beharreko eskubide ekonomikoak jasotzen dituen diru-sarreren egoera-orria.
b) Ordainketa-obligazioei eta konpromisozko obligazioei erantzuteko behar diren kredituen egoera-orria.
2.- Autonomia-erkidegoko merkataritza-organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen eta sektore publikoko fundazioen aurrekontuek ekitaldiko gastuen eta diru-sarreren zuzkidurak, inbertsioen eta finantziazioaren zuzkidurak, bai eta gerorako konpromisoen egoera-orria ere jasoko dituzte.
I. KAPITULUA
DIRU-SARREREN EGOERA-ORRIAK
9. artikulua.- Edukia.
Lege honen helburu diren aurrekontuetako diru-sarreren egoera-orrietan, aurrekontu horiei dagozkien erakundeek aurrekontu-ekitaldian kontzeptu guztiengatik likidatzekoak dituzten finantza-baliabideen zenbatekoa jasoko da, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko indarreko lege-xedapenenen Testu Bateginean eta kapitulu honetan xedatutakoarekin bat etorriz.
10. artikulua.- Gutxi gorabeherako edo behin betiko balioa.
Diru-sarreren egoera-orrietan sartutako diru-sarrerak gutxi gorabeherakoak izango dira, egoera-orri horietan bertan edo aurrekontu orokorren legean ez beste legeren batean berariaz kalifikatuta behin-betiko balioa ematen zaienean izan ezik.
11. artikulua.- Lurralde historikoen ekarpenak.
Foru-aldundiek autonomia-erkidegoari aurrekontu-gastuetarako lurralde historikoen kontribuzio gisa egindako ekarpenak autonomia-erkidegoko Administrazioaren aurrekontuko diru-sarreren egoera-orrian sartuko dira.
12. artikulua.- Zergak eta gainordainak.
Zerga propioak eta, hala badagokio, autonomia-erkidegoak ezar ditzakeen zergen gaineko gainordainak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko kasuan kasuko erakundearen aurrekontuetako sarreren egoera-orrian jasoko dira.
13. artikulua.- Estatuaren eta bestelako ente publikoen esleipenak.
1.- Autonomia-erkidegoak Estatuko Aurrekontu orokorren kontura hartutako esleipenak erakunde jasotzailearen aurrekontuetako diru-sarreren egoera-orrian sartuko dira, eta, hala badagokio, haren araubide bereziari lotuko zaizkio.
2.- Berdin jokatuko da beste ente publiko batzuetatik hartutako esleipenekin ere.
14. artikulua.- Zorpetze bidezko diru-sarrerak.
Ente bakoitzak zorpetuz lortzea aurreikusten dituen diru-sarrerak aurrekontuen diru-sarreren egoera-orrietan jasoko dira, arlo horretan indarrean dauden arauekin bat etorriz.
15. artikulua.- Autonomia-erkidegoko merkataritza-organismo autonomo, zuzenbide pribatuko ente publiko, sozietate publiko eta sektore publikoko fundazioentzako transferentziak.
1.- Autonomia-erkidegoko merkataritza-organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko ente publikoek, sozietate publikoek eta sektore publikoko fundazioek edozein erakunde edo pertsonarengandik hartutako transferentzia eta diru-laguntza arruntak kasuan kasuko erakundeen jardunaren adierazpen diren diru-sarreren egoera-orrian sartuko dira.
2.- Erakunde horiek hartutako kapitaleko transferentziak eta diru-laguntzak, kapital-eragiketak edo finantza-eragiketak finantzatzeko diru-baliabide dira, salbu eta hartutako funtsak beste pertsona edo erakunde batzuei kapital-laguntza emateko edo kapitala eskuratzeko izan badira.
16. artikulua.- Gastuen itzulketak eta diruzaintzako gerakinak.
1.- Autonomia-erkidegoko Administrazioaren, administrazio-organismo autonomoen eta Erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontuen likidaziotik datozen diruzaintzako gerakinen erabilera Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusia arautzen duen legeak zehaztutako prozeduraren araberakoa izango da, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko indarreko lege-xedapenenen Testu Bateginaren 1. artikuluko 2. paragrafoko e) idatzi-zatian ezarritakoari jarraituz.
2.- Aurreko epigrafean aipatutako aurrekontuetan lortutako gastu-itzulketen ondoriozko diru-sarreren erabilera lege honetako 92. artikuluan arautzen den birjarpenen araubidearen araberakoa izango da.
17. artikulua.- Kudeaketako diru-sarrerak.
Autonomia-erkidegoaren eskumenekoak ez diren gastu-proiektuak gauzatzeko beste ente publiko batzuetatik hartutako funtsak ere dagozkien aurrekontuetako diru-sarreren egoera-orrietan jasoko dira, behar bezala zehaztuta eta bereizita.
II. KAPITULUA
GASTUEN EGOERA-ORRIAK
18. artikulua.- Edukia.
Aurrekontuetako gastuen egoera-orriek honako hauek jasoko dituzte, lege honek kasu bakoitzerako zehaztutakoarekin bat etorriz:
a) Aurrez hartutako eta sorrarazitako obligazioak betez aurrekontu-ekitaldiaren kontura agindu edo ordaindutako gastuei erantzuteko beharrezkoak diren ordainketa-kredituak.
b) Konpromiso-kredituak, kredituok onartu diren aurrekontu-ekitaldiaren ondorengoetan gauzatu beharreko egintzak finantzatzeko hartu beharreko obligazio juridikoei aurre egiteko direnak, horretarako dagokion ordainketa-kreditua egina dagoela; hori guztia, lege honetan ezarri bezala.
1. ATALA
ORDAINKETA-KREDITUAK
19. artikulua.- Autonomia-erkidegoko Administrazioa, administrazio-organismo autonomoak eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoak.
Autonomia-erkidegoko Administrazioaren, administrazio-organismo autonomoen eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontuen diru-sarreren egoera-orrietan jasotako ordainketa-kredituak:
a) Aurrekontu orokorren legeek eta lege honen arabera egindako aldaketek baimendutako helburuak betetzeko erabiliko dira.
b) Mugadunak dira, hau da, ezin izango da kredituaren zenbatekoa gainditzen duen gasturik konprometitu edo ordaindu. Kredituaren zenbatekotzat hartuko da kreditu horretarako hasieran onartu zen zenbatekoa edo, hala badagokio, lege honetan jasotako arauen arabera aldatutako zenbatekoa. Hala ere, ordainketa-kredituak konpromiso-kreditu baten xede ere badiren obligazioei dagozkienean, bi kredituon zuzkiduren baturaren adinako zenbatekoa konprometitu ahal izango da.
20. artikulua.- Kreditu orokorra.
1.- Autonomia-erkidegoko Administrazioaren, administrazio-organismo autonomoen eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontuaren gastuen egoera-orrian ordainketa-kreditu orokor bat sartu ahal izango da, beste ordainketa-kreditu batzuen eskasiei erantzuteko edo zuzkidurarik ez duten behar berriei aurre egiteko, edota zabalgarritzat jotako kredituak finantzatzeko.
2.- Hasierako zuzkidurak nahiz gerora egin daitezkeen gehikuntzek, bai edozein aurrekontu-kreditutatik datozen soberakinen konturakoek, bai diruzaintzako gerakinen konturakoek, ezin izango dute gainditu autonomia-erkidegoko Administrazioaren, administrazio-organismo autonomoen eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontuetako ordainketa-kredituen guztirako zenbatekoaren % 5, hurrenez hurren, ekitaldiko edozein unetan.
3.- Aurrekontu-gaietan eskumena duen sailburua kreditu orokorraz baliatu ahal izango da ukitutako sailak, organismo autonomoek edo autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoek hala proposatzen badute, baldin eta erabilera edozein aurrekontu-kreditutako soberakinak berriz esleitzeari badagokio. Beste kasuetan, baliatzea Jaurlaritzaren eskumenekoa izango da, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak hala proposatuta.
4.- Ezingo da zuzenean kreditu orokorraren kontura gasturik baimendu.
21. artikulua.- Merkataritza-organismo autonomoak, zuzenbide pribatuko ente publikoak, sozietate publikoak eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko fundazioak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontuetan sartuta dauden ordainketa-kredituek, betiere, merkataritza-organismo autonomoentzako, zuzenbide pribatuko ente publikoentzako, sozietate publikoentzako eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko fundazioentzako transferentzia arruntei badagozkie, diru-laguntza izaera izango dute hartzaileentzat, ezarritako mugen barruan, eta haien galerak finantzatzeko izango dira. Artikulu honek aipatzen dituen funtsak soberan jasotzearen ondorioz, erakundeek irabaziak izan badituzte, ekitaldia ixten denean, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiote, eta, hala, finkatuta geratuko da diru-laguntzaren behin betiko zenbatekoa.
22. artikulua.- Langile-gastuetarako ordainketa-kredituak.
Dagozkien aurrekontuetako gastuen egoera-orrietan jasotako langile-gastuetarako ordainketa-kredituak honako era hauetakoak izango dira:
a) Autonomia-erkidegoko Administrazioaren, administrazio-organismo autonomoen eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoen kasuan, mugadunak izango dira bai kredituaren zenbatekoari dagokionez bai plantillari dagokionez.
b) Autonomia-erkidegoko merkataritza-organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen eta sektore publikoko fundazioen kasuetan, mugadunak izango dira kredituaren zenbatekoari dagokionez, salbu eta funtzionario diren langileen gastuetarako ordainketa-kredituak badira; horiei aurreko idatzi-zatian ezarritakoa aplikatuko baitzaie.
23. artikulua.- Zor publikoaren amortizazioa eta interesak kitatzeko ordainketa-kredituak.
Autonomia-erkidegoko Administrazioaren, administrazio-organismo autonomoen eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoen zor publikoaren amortizaziorako eta interesak kitatzeko ordainketa-kredituak, aurrekontuetako gastuen egoera-orrian sartutzat joko dira beti, eta Jaurlaritzak aldatu egin ahal izango ditu, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailaren proposamenez. Era berean, Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari adieraziko zaio, emandako jaulkipen-arauei edo indarrean dagoen araudiaren araberako bihurketa-baldintzei egokitzeko.
2. ATALA
KREDITU ZABALGARRIAK
24. artikulua.- Kalifikazioa.
1.- Ordainketa-kredituak zabalgarritzat joko dira, baldin eta hasiera batean mugadunak izan arren haien zenbatekoa handitu badaiteke, ezarrita dauden edo ezarriko diren arauzko formalitateak bete ondoren, honako hauek kontuan hartuta:
a) Indarrean dauden xedapenen arabera, kasuan kasuko kredituari edo kredituei zuzenean lotutako diru-sarrerak benetan jaso izana.
b) Dagokion ekitaldiko berariazko obligazioen aitorpena, lege-mailako xedapenen arabera.
c) Ekitaldi bakoitzerako aurrekontu orokorren legeek ezarritako mugak eta baldintzak.
d) Dagokion aurrekontu orokorren legea indarrean jartzean eratu gabe zeuden autonomia-erkidegoko sektore publikoko enteen aurrekontuen onarpena, lege honetan xedatutakoaren arabera.
2.- Zabalgarritzat jotako ordainketa-kredituak berariaz agertuko dira zabalgarri gisa aurrekontuetako gastuen egoera-orrian.
3.- Zabalgarritzat jotzea artikulu honetako 1. paragrafoaren c) idatzi-zatian ezarritakotik bakarrik eratortzen bada, gastuen egoera-orrietan kredituak zenbateraino gehitu daitezkeen adieraziko da. Horrelakoetan, Jaurlaritzak erabakiko du zabaltze hori nola egin, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailaren proposamenez.
4.- Artikulu honetako 1. paragrafoaren d) idatzi-zatian adierazitako kasuan, ente horiei transferitu beharreko ordainketa-kredituak dagokien aurrekontua onartutakoan bertan ezarritako mugaraino zabaldu ahal izango dira.
25. artikulua.- Izaeraz zabalgarri diren kredituak.
Aurreko artikuluan ezarritakoa gorabehera, honako hauek zabalgarritzat joko dira, dagozkien aurrekontuetako gastuen egoera-orrietan zabalgarri direla berariaz agertu beharrik gabe:
a) Langileen nahitaezko gizarte-aurreikuspeneko araubideari dagozkion kotizazioetarako ordainketa-kredituak, kontribuzio-araubidean izandako aldaketen ondorioz kasuan-kasuan aplikatzekoak diren xedapenen arabera aitortu eta likidatutako obligazioei dagokien zenbatekoan.
b) Ondoren zehaztutako zuzkidurak, merkataritza-organismo autonomoei bakarrik dagozkienak:
- Organismoarentzat indarrean dauden arauen arabera egindako irabazi-banaketei buruzkoak.
- Aurreikuspen- eta amortizazio-funtsak zuzkitzekoak direnak.
- Merkataritza-organismo autonomoek parte hartzen duten zuzenbide pribatuko ente publikoei eta sozietate publikoei transferentziak egiteko direnak.
c) Diru-laguntza arruntetarako zuzkidurak, aurrez ezarrita dagoenean egindako diru-sarreren arabera zehaztu behar direla.
26. artikulua.- Diru-bilketagatik zabaltzea.
Ordainketa-kredituen zenbatekoa aldatu egingo da erregelamendu bidez ezarritako arauen arabera, baldin eta kredituei lotu zaizkien diru-sarreren benetako bilketa dela-eta zabalgarritzat jotzen badira.
3. ATALA
BESTE ORDAINKETA-KREDITU BATZUK
27. artikulua.- Kreditu aldakorrak.
1.- Kreditu aldakorrak autonomia-erkidegoko Administrazioaren aurrekontuko gastuen egoera-orrian jasotako ordainketa-kredituak dira, eta behin betiko zenbatekoa kreditu hori erabakitzeko kontuan hartu behar diren moduluen balioaren arabera finkatzen da.
2.- Kreditu aldakorrak berariaz agertuko dira izen horrekin gastuen egoera-orrian eta hasierako aurreikuspenei erantzuteko besteko zenbatekoa izango dute.
28. artikulua.- Kudeaketa-kredituak.
1.- Aurrekontu bakoitzeko gastuen egoera-orrietan, autonomia-erkidegoaren eskumenekoak ez diren zenbait arlotako proiektuak gauzatzeko beste ente publiko batzuetatik funtsak jasotzearen ondorioz sortutako obligazioei erantzuteko ordainketa-kredituak jasoko dira.
2.- Aurreko paragrafoan aipatutako egoerei erantzuteko diren ordainketa-kredituak, gorabehera hori adieraziz agertuko dira gastuen egoera-orrietan, eta arlo horretan indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira.
29. artikulua.- Etendako kredituak.
Aurrekontu orokorraren zati diren aurrekontuetako gastuen egoera-orriaren barruan, aurrekontu orokorren legea onartzen denean sortu gabe dauden autonomia-erkidegoko sektore publikoko beste ente batzuei funtsak transferitzeko ordainketa-kredituak ez dira ez finkotzat ez behin betikotzat joko. Etenda geratuko dira, harik eta erakunde berria eratu eta haren aurrekontua lege honetako xedapenen arabera ontzat eman ondoren, erakunde horren benetako beharrak dagokion aurrekontuaren arabera zehazten diren arte.
4. ATALA
KONPROMISO-KREDITUAK
30. artikulua.- Definizioa.
1.- Konpromiso-kredituen egoera-orria ekitaldian konprometitu daitezkeen urte anitzeko gastu guztiek osatzen dute.
2.- Konpromiso-kredituen egoera-orriak, horietako bakoitzerako, zenbateko osoa eta gauzatzeko aurreikusitako ekitaldiak adieraziko ditu.
3.- Konpromiso-kredituen egoera-orria onartzeak ezarritako baldintzetan formalizatzeko baimena emango du. Gastuaren beharrak hala eskatzen badu, ordainketa-kreditua kaltetzen ez bada eta konpromiso-kreditu osoa gainditzen ez bada, baimendutako konpromiso-kredituak aldatu eta urtekotan bana ditzake Jaurlaritzak.
4.- Aurrekontuetan ezin izango da jaso ekitaldian bertan gauzatzen hasiko ez den konpromiso-krediturik, eta horretarako zuzkidura egon beharko da dagozkion ordainketa-kredituetan.
31. artikulua.- Autonomia-erkidegoko Administrazio, administrazio-organismo autonomoak eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoak.
1.- Jaurlaritzak, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailaren proposamenez, konpromiso-kredituen egoera-orria zabal dezake, kreditu berriak onartuz edo baimendutakoen zenbatekoa handituz, eta handitu ere, autonomia-erkidegoko Administrazioaren, administrazio-organismo autonomoen eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontuko ordainketa-kredituen zenbateko osoaren % 5era arte handitu ahal izango ditu. Muga hori ez da aplikatuko kredituak Administrazioaren ohiko funtzionamendurako beharrezkoak diren ondasunak edo zerbitzuak eskuratzeko ohiko erosketetarako badira.
2.- Aurreko paragrafoan adierazitako prozedurari jarraituz eta adierazitako muga bete beharrik gabe, gauzatu ahal izateko hasierako aurrekontu-ekitaldia baino gehiago behar dituzten konpromisoak hartu ahal izango dira, konpromiso-krediturik esleituta eduki ez arren, baldin eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik, aurreikusitako helburua ezin bada hasierako ekitaldi horretan burutu. Kreditu-soberakinak berriz erabili ahal izango dira aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak erabakitako moduan.
3.- 82. artikuluko 2. paragrafoaren a) idatzi-zatian aipatzen diren ekarpenen edo ekarpen-konpromiso irmoen kasuan, horien eragina hurrengo ekitaldietara hedatzen bada, Jaurlaritzak, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak proposatuta, dagozkion konpromiso-kredituak sortzeko baimena eman dezake.
32. artikulua.- Baimenik gabeko konpromisoak.
1.- Hurrengo ekitaldietara luzatuko diren gastuetarako konpromisoa hartzeko ez da onarpenik ez baimenik beharko, gastu horiek indarrean dauden xedapenekin bat etorriz egindako zorpetzetik datozen finantza-kargei eta amortizazioei badagozkie.
2.- Gainera, 31. artikuluan aipatutako erakundeei dagokienez, ondasun higiezinak alokatzeari dagozkion konpromisoetarako ere ez da onarpenik ez baimenik beharko.
33. artikulua.- Zabaltzea.
Konpromiso-kredituen egoera-orrian jasotako partiden artean, partidetako batzuen ordainketa-kreditua zabalgarritzat jo bada, dagokion aurrekontuan adierazi egin beharko da, hala badagokio, kreditua benetan zabaltzen denean, nola aldatuko duen horrek dagokion konpromisoa.
III. TITULUA
AURREKONTUEN EGITURA
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
34. artikulua.- Egitura-arauak.
Aurrekontu orokorra osatzen duten aurrekontu guztietako diru-sarreren eta gastuen egoera-orriak titulu honetan jasotako egitura-arauekin eta horiek garatzeko gainontzeko xedapenekin bat etorriz prestatuko dira.
35. artikulua.- Eskumena.
1.- Aurrekontu-gaietan eskumenak dituen sailari dagokio aurrekontuen egitura lege honetan xedatzen denaren arabera zehaztea. Horretarako, aurrekontu horietako bakoitzaren ezaugarri bereziak kontuan izan beharko dira, baita autonomia-erkidegoko sektore publikoa osatzen duten sailek eta enteek egindako proposamenak eta emandako aholkuak ere.
2.- Sail bakoitzari dagokio bere agintepean dauden autonomia-erkidegoko organismo autonomo eta sektore publikoko partzuergoen aurrekontuen egitura garatzea.
3.- Autonomia-erkidegoko sozietate publiko bakoitzak edo zuzenbide pribatuko ente publiko bakoitzak edo autonomia-erkidegoko sektore publikoko fundazio bakoitzak, bere berezitasunei egokituz, bere aurrekontuen oinarrizko egitura -aurrekontu-gaietan aginpidea duen sailak ezarria- garatu ahal izango du.
36. artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa bateratzea.
Foru-aldundiek eta toki-erakundeek, bai eta horien menpeko entitate eta organismoek ere, autonomia-erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanak arautzen dituen azaroaren 25eko 27/1983 Legean adierazitako moduan, lege honetan jasotakoekin bateragarriak diren irizpideak erabiliko dituzte beren aurrekontuen egituraketan, euskal sektore publikoa osatzen duten aurrekontu guztiak batean bildu ahal izateko.
II. KAPITULUA
KONTABILITATE-EGITURA
1. ATALA
AUTONOMIA-ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOA, ADMINISTRAZIO-ORGANISMO AUTONOMOAK ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOKO PARTZUERGOAK
37. artikulua.- Izaera ekonomikoa.
Atal honetan aipatutako entitateen aurrekontuetan sartutako diru-sarreren eta gastuen egoera-orriak aurrekontuen ekonomia-izaera oinarri hartuta zehaztutako kontabilitate-egituraren arabera aurkeztuko dira.
38. artikulua.- Kreditu-motak.
1.- Aurreko artikuluan aipatutako gastuen egoera-orrien kontabilitate-egituran, gastu arruntetarako eta kapital-eragiketetarako kredituak bereizi egingo dira.
2.- Gastu arruntetarako kredituetan, honako hauek bereiziko dira:
a) Langile-gastuak.
b) Jarduera-gastuak.
c) Finantza-gastuak.
d) Gastu arruntetarako transferentziak eta dirulaguntzak.
3.- Kapital-eragiketetarako kredituetan, inbertsioetarako kredituak eta finantza-eragiketetarako kredituak ere sartuko dira, honako xehetasun hauekin:
a) Inbertsio errealak.
b) Inbertsio errealetarako edo finantza-eragiketetarako transferentziak eta diru-laguntzak.
c) Finantza-aktiboen gehikuntza.
d) Finantza-pasiboen murrizketa.
4.- Lege honen ondorioetarako, transferentziatzat hartuko da funtsak entregatzea, onuradunengandik kontrapartidarik jaso gabe, onuradunak autonomia-erkidegoko sektore publikoko enteak direnean; dirulaguntzak ere transferentziatzat hartuko dira, funtsen onuradun beste edozein entitate edo pertsona denean.
2. ATALA
AUTONOMIA-ERKIDEGOKO MERKATARITZA-ORGANISMO AUTONOMOAK, ZUZENBIDE PRIBATUKO ENTE PUBLIKOAK, SOZIETATE PUBLIKOAK ETA SEKTORE PUBLIKOKO FUNDAZIOAK
39. artikulua.- Zehaztapena.
1.- Artikulu honetan aipatutako entitateen ustiapen- eta kapital-aurrekontuen egitura aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak zehaztuko du.
2.- Hala ere, autonomia-erkidegoko sozietate publikoek eta sektore publikoko fundazioek beren kontabilitatea Kontabilitate Plan Orokorrera egokituko dute, beharrezkoa bada aldaketak eginda.
III. KAPITULUA
PROGRAMAKAKO SAILKAPENA
40. artikulua.- Edukia.
1.- Autonomia-erkidegoko, administrazio-organismo autonomoetako eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontua osatzen duten ordainketa-kredituak programaka sailkatuta aurkeztuko dira.
2.- Programa bakoitzak, berriz, lortu nahi dituen helburuei, ekitaldian beharko diren giza eta finantza-baliabideei, jardunei eta horien arduradunei buruzko argibideak bilduko ditu.
3.- Programa bakoitzaren helburuak, zenbakiz neurtzeko eta jarraipena egin ahal izateko moduan zehaztuko dira. Helburuak zenbakiz neurtu ezinekoak direnean, horiek zenbateraino bete diren kontrolatzeko egokien diren zenbaki-indizeak edo adierazleak aukeratuko dira.
4.- Programa bakoitzean, hala badagokio, hori burutzetik ustez sortuko diren eta dagokion aurrekontuko diru-sarreren egoera-orrian jaso diren diru-sarrerak sartuko dira.
41. artikulua.- Konpromiso-kredituak.
Autonomia-erkidegoko, administrazio-organismo autonomoetako eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontuko konpromiso-kredituak dagozkien ordainketa-kredituei erreferentzia eginda aurkeztuko dira ordainketa-kredituok barne hartzen dituzten programetan, eta lege honetako 37. eta 38. artikuluetan aipatzen den kontabilitate-egituraren arabera sailkatuko dira.
42. artikulua.- Aurkezteko era.
1.- Autonomia-erkidegoko Administrazioaren aurrekontuaren baitan, programak une bakoitzean indarrean dagoen antolaketaren arabera aurkeztuko dira.
2.- Sail bati baino gehiagori dagozkion programak Jaurlaritzak, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailaren proposamenez, ezarritako moduan aurkeztuko dira.
43. artikulua.- Egitura-gastuetarako programak.
1.- Hainbat programak komun dituzten eta programa horiei egotz ezin dakizkiekeen gastuak biltzen dituzten egitura-gastuen programak aurkeztu ahal izango dira.
2.- Egitura-gastuen programetan sartutako kredituetan, zein programatarakoak diren adierazi beharko da.
44. artikulua.- Kreditu orokorretarako eta interesetarako programak.
Programa independenteak izango dira honako hauetarako zuzkidurak:
a) Lege honetako 20. artikuluan aipatutako kreditu orokorra eratzekoak.
b) Zorpetze-eragiketen ondoriozko interes eta amortizazioak ordaintzekoak.
45. artikulua.- Kudeaketa-programak.
1.- Lege honetako 28. artikuluan aipatutako kudeaketa-kredituak besterik jasotzen ez dituzten programei, kudeaketa-programa deituko zaie.
2.- Programa horiek, lege honen 17. artikuluan aipatzen diren eta horiei dagozkien kudeaketa-sarrerei buruzko argibide egokiak jasoko dituzte, 40. artikuluko 4. paragrafoan ezartzen denaren arabera.
46. artikulua.- Enteei egindako transferentziak.
1.- Programa batek, bere helburuak betetzeari begira, autonomia-erkidegoko sektore publikoa osatzen duten beste ente batzuei transferentziak egiteko ordainketetarako kredituak barne izatea gertatuz gero, programa horrek, edo dirua hartzen duen entearen aurrekontuko dagokion programa edo egoera-orriak, funts horien azken xedeari buruzko behar adinako argibide izango du, lege honen 40. eta 51. artikuluetan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.
2.- Aurreko paragrafoan aipatutako ente horiek aurrekontu orokorraren legea ontzat eman zenean artean sortu gabe bazeuden, horiei dagozkien programei erakundeentzat aurreikusitako aurrekontua -lege honetako arauen arabera prestatutakoa- erantsi beharko zaie.
47. artikulua.- Langile-gastuak.
Langile-gastuak ordaintzeko kredituek, programa bakoitzean, programa horri atxikitako langile-zerrendak zehaztuko dituzte, aurreikusten diren langile berriak, entearekin duten harreman juridikoa, lanbide-maila eta ordainsari bereziak adierazita.
IV. KAPITULUA
SAILKAPEN ORGANIKO ETA FUNTZIONALAK
48. artikulua.- Eremua.
Autonomia-erkidegoko Administrazioko, administrazio-organismo autonomoetako eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako aurrekontuetako gastuen egoera-orrien sailkapen organiko eta funtzionala egingo da, programakako sailkapenaz gain.
49. artikulua.- Sailkapen organikoa.
Sailkapen organikoak lege honen 37. eta 38. artikuluetan aipatutako kontabilitate-egituraren arabera bilduta aurkeztuko ditu ordainketa- eta konpromiso-kredituak, ezarritako antolaketa-zehaztasunarekin.
50. artikulua.- Sailkapen funtzionala.
Sailkapen funtzionalak zehazten den antolakuntza-unitate bakoitzak burutu beharreko jardueraren izaeraren arabera bilduko ditu ordainketa- eta konpromiso-kredituak.
V. KAPITULUA
AURREKONTUAK ETA AURREIKUSITAKO URTEKO KONTUAK
51. artikulua.- Zerrenda.
1.- Autonomia-erkidegoko merkataritza-organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko ente publikoek, sozietate publikoek eta sektore publikoko fundazioek burututako edozein jarduera jasota geratuko da entitate horien ustiapen- eta kapital-aurrekontuetan. Horrekin batera, gerorako konpromisoen egoera-orria ere jasoko da, lege honetako 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.- Era berean, entitate bakoitzaren jarduera orokorrak, gauzatutako egintza nagusiak eta lortu beharreko helburu orokorrak eta horien zenbatekoa jasotzen dituen memoria ere gehitu beharko da; ekitaldian zehar izango diren gastu eta inbertsioak ere aurkeztu beharko dira, lurraldeka sailkatuta. Aipatutako memoriak, gainera, bateratutakoa izan beharko du, merkataritzako legeriak kontuak eta kudeaketa-txostenak bateratuta aurkeztu behar direla xedatzen duen kasuetan.
3.- Informazio gehigarri moduan, aurreikusitako urteko kontuak erantsiko dira. Horiek prestatzeko, Kontabilitate Plan Orokorraren kontabilitate-irizpideak hartuko dira kontuan.
1. ATALA
USTIAPEN- ETA KAPITAL-AURREKONTUA
52. artikulua.- Ustiapen-aurrekontua.
Ustiapen-aurrekontuan aurrekontuaren ekitaldian zehar entitate bakoitzaren jarduerari dagozkion gastu eta sarrera guztiak jasoko dira, kontzeptuka zehaztuta. Autonomia-erkidegoko Herri-administraziotik jasotako sarrerak xehatuta adieraziko dira.
53. artikulua.- Kapital-aurrekontua.
Kapital-aurrekontuan, aurrekontuaren ekitaldian egingo diren inbertsioak eta horien finantzazioa jasoko dira, kontzeptuka zehaztuta. Inbertsioetan, gutxienez, inbertsio errealak eta finantza-inbertsioak xehatuko dira. Finantzabideak adierazterakoan, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ekarpenak nahiz kapitalean edo gizarte-funtsean parte hartzen duen beste edozein entitateren ekarpenak eta zorpetzea bereiztuko dira.
54. artikulua.- Zuzkiduren izaera.
1.- Ustiapen-aurrekontuko nahiz kapital-aurrekontuko zuzkidurak, hurrengo paragrafoan ezarritako salbuespenekin, gutxi gorabeherakoak izango dira, eta kasuan kasuko entitateak aurrekontuaren ekitaldian bere jarduerari buruz egindako aurreikuspenak jasoko ditu.
2.- Jarraian aipatzen diren kontzeptuak mugadunak izango dira beti: finantza-inbertsioak, langile-gastuak, besteren baliabideak, transferentzien eta eman beharreko diru-laguntza arrunten eta kapitaleko dirulaguntzen batura eta ibilgetu material eta ukiezinean egindako inbertsioen batura.
3.- Aldaketak lege honetako V. tituluko zortzigarren kapituluan ezarritakoaren arabera egin beharko dira. Ondorio horietarako, lehen aipatutako kontzeptu bakoitzerako entitate bakoitzean aurrekontuan jarritako guztizko zenbatekoa joko da mugaduntzat.
55. artikulua.- Gerorako konpromisoak.
Gerorako konpromisoen egoera-orrian, egitekoak diren baina aurrekontuaren ekitaldiaren amaieran sorrarazi ez diren eta aldizkakoak ez diren inbertsio eta gastuak jasoko dira. Inbertsio eta gastu horiei dagozkien zuzkidurak lege honetako V. tituluaren zortzigarren kapituluan ezarritakoaren arabera aldatuko dira.
2. ATALA
AURREIKUSITAKO EGOERA-ORRI FINANTZARIOAK
56. artikulua.- Definizioak eta edukia.
1.- Aurreikusitako balantzean, entitateak ekonomia-ekitaldiaren azken egunean izango duen ondare- eta diru-egoeraren aurreikuspena jasoko da.
2.- Aurreikusitako galeren eta irabazien kontuan, kasuan kasuko entitateak ekonomia-ekitaldian zehar izango dituen gastu eta sarrera guztien aurreikuspenak jasoko dira, eta, halaber, gutxi gorabeherako kontabilitate-emaitza.
3.- Aurreikusitako finantzaketa-koadroan, zein baliabide eskuratzeko asmoa dagoen, nondik eskuratuko diren eta zertan erabiliko diren -ibilgetuan edo zirkulatzailean- zehaztuko da. Helburua ekonomia-ekitaldian zehar entitate bakoitzaren ondare- edo finantza-egoeran izan daitezkeen aldaketak ezagutzea da.
VI. KAPITULUA
LURRALDEKATZEA
57. artikulua.- Lurraldekatzea.
1.- Programen egiturak sarreren eta ordainketa- eta konpromiso-kredituen lurraldekako sailkapena bilduko du, kontzeptuen izaerak eta programak burutzeko gorabeherak horretarako aukera ematen badute, erregelamenduan ezarritako arauen arabera.
2.- Edonola ere, kapital-eragiketak lurraldeka sailkatuko dira.
3.- Aurreko ataletan jasotako gastu eta sarreren sailkapena lurralde historikoen arabera egingo da eta, hala badagokio, komenigarri iritzitako bestelako lurralde-barrutien arabera.
IV. TITULUA
AURREKONTU OROKORRAK PRESTATZEKO PROZEDURA
58. artikulua.- Gidalerroak.
1.- Ekaineko lehenengo astean, Jaurlaritzak, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailaren proposamenez, hurrengo ekitaldirako aurrekontua prestatzeko ekonomia-jarraibideak onartu eta sailetako titularrei jakinaraziko dizkie, eta horiek, halaber, menpeko ente guztiei jakinaraziko dizkiete.
2.- Aurreko paragrafoan aipatutako ekonomia-jarraibideekin batera, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak lege honetan ezarritakoaren arabera prestatutako jarraibide teknikoak ere bidaliko dizkie Jaurlaritzak.
59. artikulua.- Aurreproiektuak.
1.- Aurreko artikuluan aipatutako jarraibideak betez, autonomia-erkidegoko Administrazioa osatzen duten sailek eta beste antolakuntza-erakunde batzuetako arduradunek prestatu eta aurrekontu-gaietan eskumena duen sailari bidaliko dizkiote honako hauek:
a) Sailaren beraren sarreren eta gastuen egoera-orrien aurreproiektuak, baita bere mende dauden administrazio-organismo autonomoei eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoei dagozkienak ere.
b) Autonomia-erkidegoko bere mende dauden merkataritza-organismo autonomo, zuzenbide pribatuko ente publiko, sozietate publiko eta sektore publikoko fundazio bakoitzari dagozkion ustiapen- eta kapital-aurrekontuen aurreproiektuak.
c) Aurrekontu bakoitzak indarrean dagoenarekin dauzkan desberdintasun nabarmenenak eta hura prestatzeko erabilitako irizpideak azaltzeko txostena.
d) Autonomia-erkidegoko zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen eta sektore publikoko fundazioen aurreko ekitaldiko aurrekontuen likidazioa.
e) Jaurlaritzak komenigarri iritzi eta aurreko artikuluaren 1. paragrafoan adierazitakoaren arabera eskatutako beste edozein argibide.
2.- Aurreko paragrafoko a) eta b) idatzi-zatietan aipatutako aurreproiektuak egiteko Jaurlaritzak emandako jarraibideak beteko dira, baita indarrean dauden eta kasu bakoitzean ezar daitezkeen xedapen eta arauak ere. Dagokion sail edo entitateak esleituta dauzkan egitekoen ondorioz egin beharreko ekintza, eragiketa eta zerbitzu guztiak jasoko dituzte aurreproiektu horiek.
3.- Autonomia-erkidegoko merkataritza-organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen eta sektore publikoko fundazioen kasuan, ustiapen-aurrekontuaren aurreproiektuak autonomia-erkidegoaren administraziotik eta sektore publikoko beste entitate batzuetatik hartu beharreko transferentzia arrunten zenbatekoa adieraziko du. Transferentzia arrunt horiek, hala badagokio, beharrezkoak dira aurrekontuen aurreproiektua finantza-alderditik orekatzeko. Aurrekontuen arabera inori transferitu beharreko eta hartu beharreko zenbatekoek berdinak izan beharko dute, eta ekitaldiko finantza-beharrei egokituak. Berdinak izango dira, halaber, dagozkien aurrekontuetako kapital-transferentzietarako zenbatekoak.
60. artikulua.- Jaurlaritzari bidaltzea.
1.- Aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak honako hauek bidaliko dizkio Jaurlaritzari, erabakiak har ditzan:
a) Autonomia-erkidegoko Administrazioaren aurrekontuaren aurreproiektua.
b) Autonomia-erkidegoko sektore publikoa osatzen duten gainerako enteen aurrekontuen aurreproiektua.
c) Hala badagokio, autonomia-erkidegoko Administrazioaren, organismo autonomoen eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko gainerako entitateen tributu propioei eragiten dieten zerga-onuren aurrekontuaren aurreproiektua.
d) Aurrekontu orokorraren legearen aurreproiektua.
2.- Aurreko paragrafoan aipatzen diren aurreproiektuak aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak egingo ditu bi oinarri kontuan hartuta, batetik, lege honen 59. artikuluan aipatzen diren argibideak eta, bestetik, beren aurrekontua Euskadiko Aurrekontu orokorren barruan duten sailen eta enteen berezko jarduerei loturik ez dauden sarreren aurreikuspenak.
61. artikulua.- Erantsi beharreko agiriak.
Aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak agiri hauek prestatu eta bidaliko dizkio Jaurlaritzari, aurreko artikuluaren 1. paragrafoan aipatutakoei erantsita:
a) Euskadiko ekonomiaren egoerari buruzko txostena.
b) Aurrekontu orokorraren azalpen-memoriak indarrean dagoen aurrekontuarekiko aldaketak jaso eta zehatuzko ditu, aldaketarik adierazgarrienak azpimarratuz. Era berean, aurrekontu bakoitzaren eta aurrekontu orokorraren lege-proiektuko gainerako neurrien edukia jasoko du.
c) Autonomia-erkidegoko sektore publikoko aurrekontu bateratua.
d) Indarrean dauden aurrekontuak zenbateraino gauzatu diren adierazten duen txostena, den eguneratuena, eta behin ere ez ekainaren 30a baino lehenagokoa. Txostenak bereziki zehaztu beharko ditu hurrengo urtean gauzatzen jarraituko diren programak eta ekitaldiaren azkenean zer neurritan gauzatuta egongo diren aztertzen duen aurreikuspena, bertan lege honetako 72. artikuluan arautzen diren eta gauzatu gabe dauden programen aipamena egingo dela.
e) Aurreko urteko aurrekontu orokorraren likidazioa eta, horrekin batera, aurrekontu hori zenbateraino gauzatu den adierazten duen memoria. Memoria horretan, ekitaldi horretan burututako programen azterketa berezia egingo da.
f) Jaurlaritzak egoki iritzitako beste edozein argibide.
62. artikulua.- Legebiltzarrari aurkeztea.
Jaurlaritzak aurrekontu orokorraren lege-proiektua eta lege honetako 60. eta 61. artikuluan zehaztutako agiriak aurkeztuko dizkio Legebiltzarrari, aipatutako proiektuaren ekitaldiaren aurreko azaroaren 1a baino lehen.
V. TITULUA
AURREKONTU OROKORRAK ALDATZEKO ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
63. artikulua.- Aplikatu beharreko Araudia.
1.- Aurrekontu orokorraren legeak ekitaldi bakoitzerako dituen nolanahiko baimenak eta xedapenak titulu honetako arauetan eta lege honetan zehaztutakoaren arabera aldatu ahal izango dira.
2.- Titulu honek dakarren aldaketa-araubidea honako hauetarako da:
a) Aurrekontu orokorra osatzen duten aurrekontuetako sarreren eta gastuen egoera-orrietarako.
b) Lege honetan eta ezar daitezkeen beste batzuetan xedatutakoaren arabera aurrekontu orokorraren legeak ekitaldi bakoitzerako dituen gainerako baimenetarako.
64. artikulua.- Diru-sarreren eta gastuen egoera-orrien aldaketak.
Aurrekontu orokorreko diru-sarreren eta gastuen egoera-orrien aldaketak honako mota hauetakoak izan daitezke:
a) Aurrekontu orokorraren legean onartu zirenen gastuen egoera-orriek zuten zenbateko osoa aldatzen ez dutenak. Aldaketak honako araubide hauei egokituko zaizkie: lege honen 66. artikulutik 74.era araututako kredituak transferitzeko araubideari, 101. artikuluak aipatutako kredituak ezin baliatzeko araubideari, eta 97. artikulutik 99.era araututako kredituak aldatzeko araubideei.
b) Dagokien egoera-orrien guztizko zenbatekoak aldatzen direnean, honako araubide hauek izango dituzte:
- Lege honen 75. artikulutik 81.era araututako eskumenen edota zerbitzuen maila aldatzeko araubidea.
- 82. artikulutik 85.era araututako kredituak gaitzeko araubidea.
- 86. artikulutik 91.era araututako kredituak eransteko araubidea.
- 92. artikuluan araututako kredituak birjartzeko araubidea.
- 93. artikulutik 96.era araututako kreditu gehigarrietako araubidea.
- 100. artikuluan araututako inbertsio berezietako programa.
- VI. tituluan araututako hitzarmen-araubidea.
65. artikulua.- Bestelako aldaketak.
Aurrekontu orokorraren legean aipatzen den baina lege honetan arautzen ez den beste edozein baimen kasu bakoitzean legez ezarritako berariazko araubidearen arabera aldatuko da.
II. KAPITULUA
KREDITUAK TRANSFERITZEKO ARAUBIDEA
66. artikulua.- Definizioak.
1.- Ordainketa-kredituen transferentzia da autonomia-erkidegoko Administrazioaren, administrazio-organo autonomoen edo autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontuetako gastuen egoera-orrietan egindako aldaketa, betiere, aldaketa horrek, kopuru osoa aldatu gabe, zenbateko batzuk aldatzen baditu, lotura-maila desberdineko kredituen artean.
2.- Aurreko paragrafoari dagokionez, ekonomia, organo eta programen araberako sailkapenak, gutxieneko bereizketa-mailetan, osotasunean erakutsiko dituen kredituen egituraketa izango da lotura, horrela kredituen mugapenak ezarriko direlarik. Transferitu beharrik ez izateak ez du esan nahi gastua zuzen egotzi beharko ez denik.
3.- Lotura-mailak, orokorrean, jarraian datozenak izango dira:
a) Langile-gastuei dagokienean, artikulua eta atala.
b) Jarduera-gastu, finantza-gastu, inbertsio erreal eta finantza-aktibo nahiz -pasiboen aldaketei dagokienean, artikulua, atala eta programa.
c) Eragiketa arrunt eta kapital-eragiketarako diren transferentzia eta diru-laguntzei dagokienean, kontzeptua, atala eta programa.
4.- Dena dela, lotesleak izango dira isilpeko gastuetarako kredituak, zabaltzeko modukoak izan daitezkeenak, autonomia-erkidegoko sektore publikoko beste ente batzuei egin beharreko transferentziak ordaintzeko kredituak edo urteroko aurrekontuen legeetan izaera, eragin edo xede berezikotzat hartutakoak, gastuen egoera-orrietan erakusten duten bereizketa-mailarekin.
5.- Aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak bereziki lotutako kredituak ezarri ahal izango ditu aurrekontuaren jarraipena eta kontrola egiteko beharrezko denean.
6.- Era berean, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak, bere kabuz edo kasuan kasuko sailaren, organismo autonomoaren edo autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoaren ekimenez, ordainketa- eta konpromiso-kredituak birbanatu ahal izango ditu, aurrekontuaren jarraipena eta kudeaketa egiteko beharrezko denean. Ondorio horietarako, birbanatzea izango da lotura-maila berbera duten kredituen artean zenbatekoak aldatzea. Birbanatzea ez da kreditu-transferentziatzat hartuko.
67. artikulua.- Kredituak transferitzeko araubidea.
1.- Hurrengo artikuluan baimena emateko ezartzen diren eskumenen baitan, kreditu-transferentziak egin ahal izango dira, ondorengo baldintzak betetzen badituzte:
a) Transferitzekoak diren zenbatekoak kreditu-soberakinetakoak izatea eta, edonondik datozela ere, helburu berria kapital-eragiketak edo kreditu zabalgarriak finantzatzea izatea.
b) Eskumena duen organo kontu-hartzaileak txostena emanda egotea.
c) Lege honetako 69. artikuluan ezarritako mugapen orokorretatik kanpo ez egotea.
2.- Eragiketa arruntak finantzatzeko kreditu-transferentziek izaera bereko eragiketetarako beste kreditu batzuk izan beharko dituzte sorburu, kredituak hasierako baimena jaso zueneko xede berezia gordetzen denean salbu.
3.- Aurrekontuen urteroko legeek kreditu-transferentziak egitea mugatu ahal izango dute, kasuan kasuko ekitaldirako lortu nahi diren ekonomia-politikako helburuen arabera.
68. artikulua.- Eskumenak.
1.- Sailburuen eta administrazio-organismo autonomoetako edo autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako zuzendari nagusien edo lehendakarien egitekoa izango da, eskumena duen organo kontu-hartzaileak aldeko irizpena eman ondoren, kapitulu bereko eta sail, administrazio-organismo autonomo edo autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergo bereko programa berbereko kredituen arteko transferentziak baimentzea, betiere, horrek kasuan kasuko programaren helburuak aldatzen ez baditu.
2.- Aurrekontu-gaietan eskumena duen sailburuari dagokio, sailek, administrazio-organismo autonomoek edo autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoek proposatuta, aurreko paragrafoan jasotzen ez diren kreditu-transferentziak baimentzea, eragindako programaren edo programen helburuetan aldaketak sortzen direnean izan ezik, kasu horretan baimentzeko eskumena Jaurlaritzarena izango baita, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailaren proposamenez. Dena dela, aipatutako sailburuari dagokio lege honetako 69.2 artikulua aurretiaz ezartzearen ondorioz sortutako transferentziak baimentzea.
3.- Helburuetan izandako aldaketek programari osotasunean edo programaren zuzkidura guztiei eragiten badiete, gauzatu gabeko programei buruz 72. artikuluan ezarritakoa beteko da.
69. artikulua.- Mugapen orokorrak.
1.- Edonolako kreditu-transferentziek honako mugapen hauek izango dituzte:
a) Ezin izango dute kredituak transferitzeko araubideen arabera edo kreditu gehigarrien bidez gehitutako ordainketa-kreditua gutxitu, ezta konpromiso-kredituak lege honen 31. artikuluan xedatutakoaren arabera gehituta dituen ordainketa-krediturik ere.
b) Ez dute beste transferentzia batzuen bidez lehen gutxitutako krediturik gehituko.
c) Zabalgarri gisa kalifikatutako kredituak zabalgarri izatetik kenduta gutxitu ahal izango dituzte, eta horiek, beraz, ezin izango dira gero gehitu.
2.- Goian aipatutako mugapenak ezin izango dira ezarri kreditu-aldaketak honako helburu hauek baditu: kontabilitatea behar bezalakoa izatea eta administrazioko berrantolaketei aurre egitea. Kreditu orokorrean baliabideak jartzen dituzten kredituekin eta hartaz baliatzean gauza bera gertatuko da, lege honetako 20. artikuluaren arabera.
70. artikulua.- Sor litezkeen kreditu eta programa berriak.
1.- Lege honetako eta urteroko aurrekontuen legeetako arauak beteaz egindako kreditu-transferentziek kreditu berriak zuzkitzeko aukera emango dute. Kreditu horiek ezin izango dira zabalgarri gisa kalifikatu, ezta lege honetan ezarritako kredituak transferitzeko araubideen arabera gehitu edo gutxitu ere.
2.- Era berean, Jaurlaritzak, kredituak transferitzeko araubideaz baliatuz, gastuen egoera-orrietan sartu gabeko programa berriak zuzkitzeko baimena eman ahal izango du.
71. artikulua.- Programak biltzea.
1.- Programa bateko edo gehiagotako diru-sarrera eta gastuak lehendik dagoen beste programa batera eramatea da programak biltzea, betiere gastuaren hasiera bateko xedeari eutsita. Ordainketa- eta konpromiso-kreditu guztiei eragingo die.
2.- Jaurlaritzak aurrekontu-gaietan eskumena duen sailaren proposamenez eta eragindako sailaren, administrazio-organismo autonomoaren edo autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoaren ekimenez baimendu ahal izango du programak biltzea, betiere administrazioa berrantolatzeko edo gastua modu eraginkorragoan gauzatzeko edo kontrolatzeko beharrezkoa bada.
72. artikulua.- Gauzatu gabeko programak.
1.- Ezin izango dira programa bateko ordainketa-kredituak transferitu, kreditu horiek baimendutako ekitaldian hasi ez bada programa, dena delakoa izanda ere arrazoia.
2.- Aurreko paragrafoan esandakoaren arabera erabilgarri dauden funtsak bete gabeko programarena ez den beste helbururen baterako erabili ahal izateko, legea beharko da.
3.- Ekitaldia bukatutakoan, aurreko paragrafoan esandako funtsak erabili ez badira, lege honetako 122. artikuluan jasotzen den deuseztapenen araubidearen menpe geratuko da.
73. artikulua.- Konpromiso-kredituak.
1.- Kreditu-transferentziak konpromiso-kredituei dagozkien ordainketa-kredituen zenbatekoa gutxitzea edo handitzea badakar, izandako gutxitze edo handitze hori lege honetako 31. artikuluan aipatzen diren baimen-mugak neurtzeko hartuko da kontuan.
2.- Aurreko paragrafoan esandako gutxitze-transferentziek ordainketa-kredituren baten zenbateko osoari eragiten badiote, ordainketa-kreditu horrek osatzen zuen konpromiso-kreditua deuseztatu egingo da.
3.- Aurreko paragrafoan erabakitakoa hala bada ere, konpromiso-kredituei dagozkien ordainketa-kredituen transferentziak, indarrean dagoen legeekin bat etorrita baimendu badira, kasuan kasuko konpromiso-kreditua gutxitzea edo handitzea ekarri ahal izango du, bai jatorrian bai helburuan.
74. artikulua.- Legebiltzarrari jakinaraztea.
1.- Aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak, hiru hilabetez behin, Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari kapitulu honetan araututako kredituak transferitzeko araubidean oinarrituta egindako aldaketen egoera-orria bidali beharko dio, denbora-tarte horretan izandako programa-biltzeak barne hartuta. Era berean, prozedura hori erabiliko da 20. artikuluaren arabera izandako xedapenen eta berresleipenen berri emateko, bai eta lege honetako 30.3 eta 31. artikuluetako baimenen kasuan ere.
2.- Programen arteko kreditu-transferentziak, programa berrien sorrera eta programen biltzea behar besteko zehaztasunez jakinaraziko dizkio aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari.
3.- Barne-kontrol ekonomikoaren eta kontabilitatearen arloan eskumena duen sailak hilero jakinaraziko dio Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorraren, eta organismo autonomoen eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontuak zenbateraino gauzatu diren.
III. KAPITULUA
ALDAKETAK ESKUMENEN ETA/EDO ZERBITZUEN MAILAN
1. ATALA
ESTATUARI DAGOKIONEZ
75. artikulua.- Kredituak eranstea.
1.- Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen eta/edo zerbitzu berriak eskuratzen baditu Estatutik, eskumen-aldaketaren ondorioz sortutako obligazioak eta likidatuko diren ekonomia-eskubideak betetzeko behar diren kredituak erantsi beharko dira aurrekontu orokorretan, ondorengo paragrafoetan xedatutakoaren arabera.
2.- Transferentzietarako Bitariko Batzordearen erabakia azkeneko aldiz argitaratu ondoren, «Estatuko Aldizkari Ofizialean» eta «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian», eta data horretatik hogei egun baliodun igaro baino lehen, Jaurlaritzak eskumen eta/edo zerbitzu berriari dagozkion gastuen eta sarreren egoera-orria onartuko du eskumenaren eta/edo zerbitzuaren transferentzia gauzatu den ekonomia-ekitaldia amaitu arte gelditzen den aldirako.
3.- Aurreko paragrafoko onarpena eskumen eta/edo zerbitzu berrirako berariazko aurrekontuaren proiektuan oinarrituta egingo du Jaurlaritzak, eta proiektu hori lege honetako arauen arabera egingo da.
76. artikulua.- Onartzeko prozedura.
1.- Transferentzietarako Bitariko Batzordearen erabaki bakoitzaren gai diren eskumenei eta/edo zerbitzuei dagokien gastuen egoera-orrian sartuta dauden ordainketa-kredituen zenbatekoak % 5ean gainditzen badu Euskal Autonomia Erkidegoak onartutako Aurrekontuaren gastuen egoera-orrian sartutako ordainketa-kredituen zenbatekoa, edo % 40an gainditzen badu eskumen eta zerbitzu horiek txertatuko diren programaren gastuen egoera-orriaren zenbatekoa, eta eskualdaketa ekitaldiko azaroaren bata baino geroago egiten bada eraginkor, orduan, Jaurlaritzak eskumen eta/edo zerbitzu horiei dagokien aurrekontuari buruzko lege-proiektu bat bidaliko du Legebiltzarrera, onar dezan. Horretarako epea hogei egun baliodunekoa izango da, gastuen eta sarreren egoera-orriak aurreko artikuluaren arabera onartzen diren egunetik kontatzen hasita.
2.- Aurreko paragrafoan aurreikusi gabeko gainerako kasuetan, aurretik onartutako aurrekontu-kredituak eta -sarrerak erantsiko die Jaurlaritzak kasuan kasuko programei. Eransteko dekretua «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian» argitaratuko da.
77. artikulua.- Bihurtzea.
Aurrekontu orokorretan zuzkidura duten eskumenak eta/edo zerbitzuak berriro ere Estatura bihurtzen badira, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak kredituak transferitzeko espedienteak bideratuko ditu.
2. ATALA
LURRALDE HISTORIKOEI DAGOKIENEZ
78. artikulua.- Kredituak eranstea.
Autonomia-erkidegoak lurralde historikoen eskumenak eta/edo zerbitzuak eskuratzen baditu, lege honetako 75. eta 76. artikuluetan araututako prozedura berbera erabiliko da.
79. artikulua.- Transferentziak lurralde historikoei.
1.- Eskumenak eta/edo zerbitzuak autonomia-erkidegotik lurralde historikoetara, edo horietakoren batera, transferitzen badira eta transferentzia hori egitea gauzatuko den ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartu ondoren erabaki bada, gastuen egoera-orria gutxitu egingo da, hain zuzen ere, kendu egingo zaizkio dena delako lurraldeari esleitutako eta transferentzia eraginkor bihurtzen denean xedatu gabeko ordainketa-kredituen zenbatekoa eta transferitutako eskumena eta/edo zerbitzua ematearen ondorioz egun horretan aurrekontuetan sartuta baina jaso gabe dauden tasen eta gainerako sarreren zenbatekoa.
2.- Gastua zein lurraldetan egingo den zehaztu gabe duten ordainketa-kredituen kasuan, foru-aldundi bakoitzaren partaidetza zehazteko, transferitutako zerbitzua mantentzen zein egozpen-indizerekin lagundu duen hartuko da kontuan, horretan oinarrituta kalkulatuko baita.
80. artikulua.- Lanpostu hutsak.
Aurreko artikuluan aipatutako transferentziak zerbitzu pertsonalei badagozkie eta tartean aurrekontu-zuzkidura duten edozein eratako lanpostu hutsak badaude -hala Estatuak autonomia-erkidegoari transferitutako langileenak, nola autonomia-erkidegoak berak hautatutakoenak-, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak lanpostu huts horiek gastuen egoera-orrian dituzten zuzkiduren transferentziak egingo ditu, eta plantilla murriztuko du dagokion heinean. Transferentzia horien kontura, lurralde historikoek beren langileekin edo berariaz hautatutakoekin bete ahal izango dituzte lanpostu huts horiek.
81. artikulua.- Bihurtzea.
Xedapen honetako 78. eta 79. artikuluetan aipatzen diren eskumenak eta/edo zerbitzuak berriro ere bihurtzen badira, artikulu horietan bertan kontrako kasuetarako ezarritako prozedurak erabiliko dira hurrenez hurren. Era berean, 80. artikuluan xedatutakoa ere aplikatuko da.
IV. KAPITULUA
KREDITUAK GAITZEA
82. artikulua.- Gaitu daitezkeen diru-sarrerak.
1.- Ekitaldian lortutako diru-sarrerek ordainketa-kreditua sortu ahal izango dute dagokion gastuen egoera-orrian baldin eta autonomia-erkidegoko Administrazioaren, administrazio-organismo autonomoen edo autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontuetako sarrera-egoeran aurreikusita ez badaude edo aurreikusitako zenbatekoa gainditzen badute.
2.- Ordainketa-kreditu edo programa berriak gaitzea edota daudenak handiagotzea eragin dezaketen diru-sarreratzat joko dira honako eragiketa hauek:
a) Pertsona fisiko edo juridikoek egindako ekarpenak edo ekarpen-konpromiso irmoak baldin eta, horien bitartez, autonomia-erkidegoko Administrazioarekin, haren administrazio-organismo autonomoren batekin edo autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoren batekin batera finantzatu nahi badira erakunde horiek berez dituzten xede eta helburuen barruan dauden gastuak.
b) Ondare-ondasunen besterentzeak.
c) Zerbitzuak ematea.
d) Maileguak itzultzea, hala badagokio.
e) Hala egokituz gero, Estatuaren edo bestelako ente publikoen aurrekontu orokorren kontura edo pertsona edo erakunde pribatuetatik jasotzen diren ekarpenak.
f) Bestelako diru-sarrerak, baita berezko tributuenak ere, baldin eta autonomia-erkidegoko Administrazioaren, administrazio-organismo autonomoen edo autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontuetako sarreren egoera-orrietan jasotako kopuruak gainditzen badituzte.
3.- Aurreko paragrafoko a) eta e) idatzi-zatietan aipatutako eragiketen bidez gaitutako kredituak, hala badagokio, hitzartutako proiektu zehatzak egikaritzeko erabili beharko dira.
83. artikulua.- Prozedura.
1.- Aurreko artikuluan araututako kreditu-gaikuntza Jaurlaritzaren dekretuz egingo da, aurrekontu-gaietan eskumenak dituen sailak, eta, hala badagokio, eragindako sailek proposatuta, baldin eta gaikuntza foru-aldundien aurrekontuetan izandako gorabeheren ondoriozko sarrerei lotuta badago eta kreditu berrien zenbatekoa dagokion aurrekontuko gastuen egoera-orrian dauden ordainketa-kreditu guztien % 5etik gorakoa ez bada.
2.- Gainerako kasuetan, Jaurlaritzak kredituak gaitzeko lege-proiektua aurkeztuko du Legebiltzarrean, erregelamenduz ezarritako prozedura bete ondoren.
84. artikulua.- Legebiltzarrak izapidetzea.
Aurreko artikuluan azaldutako kasuan, dagozkion lege-proiektuak Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduko 102. artikuluan, urgentziazko prozedurako izapideei buruzkoan, ezarritako moduan izapidetzeko eskatuko dio Jaurlaritzak Legebiltzarrari.
85. artikulua.- Denbora-eskakizunak.
Ekonomia-ekitaldiko azken egunean gaikuntzako prozeduraren bitartez erabili ez diren funtsak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira pasatuko dira.
V. KAPITULUA
KREDITUAK ERANSTEA
86. artikulua.- Aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak eranstea.
Aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak ordainketa-kredituak erantsi ahal izango ditu autonomia-erkidegoko Administrazioak, administrazio-organismo autonomoek eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoek kasuan kasuko ekitaldian indarrean dituzten aurrekontuetan, baldin eta aurreko ekitaldiko dagokion aurrekontuko gastuen egoera-orrian sartuta badaude, dagoeneko aitortutako obligazioak betetzeari atxikita ez badaude eta mota hauetakoak badira:
a) Organo eskudunaren baimenarekin transferitutako kredituak eta emandako kreditu gehigarriak, biak ekitaldiko azken hiruhilekoan.
b) Abenduaren 1a baino lehen hartu ziren eta justifikatutako arrazoiengatik egikaritu ezin izan diren konpromisoei erantzuteko gastuei dagozkien kredituak.
c) Eragindako eskubideak benetan bildu izanaren ondorioz baimendutako kredituak.
d) Lege honen 82. artikuluan aipatzen diren eragiketen bidez gaitutako kredituak.
87. artikulua.- Jaurlaritzak eranstea.
Aurreko artikuluaren lehenengo lerrokadan ezarritako baldintzak beteta, artikulu horretan ematen den zerrendan sartu gabe dauden kredituei dagokienez, Jaurlaritzak, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailaren proposamenez, autonomia-erkidegoko Administrazioaren, administrazio-organismo autonomoen eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoen hurrengo ekitaldiko aurrekontuetan erantsi ahal izango ditu kredituok.
88. artikulua.- Aurrekontuari erantsitako kredituak aplikatzea.
1.- Aurreko 86. artikuluko a) eta b) idatzi-zatien arabera erantsitako kredituak nahitaez erabili beharko dira transferentzia edo kreditu gehigarria baimentzeko edo konpromisoa hartzeko arrazoi izan ziren gastuetarako.
2.- Aurreko artikuluaren arabera erantsitako kredituak kapital-eragiketetarako erabili beharko dira.
89. artikulua.- Kredituak eransteko era.
1.- Aurreko 86. eta 87. artikuluetan aipatzen diren kredituak hurrengo ekitaldiko aurrekontuen gastuen egoera-orrian sartuta dauden programetan sartuko dira; zehazki, eransten diren kredituak halako programatan bazeuden, gauzatzeko orduan horien jarraipena direnetan.
2.- Kredituak hurrengo ekitaldiko aurrekontuetako programa berberetan aurreko lerrokadan esandako moduan eranstea ezinezkoa denean, dagozkien programa horiek bukatuta daudelako edo beste edozergatik, eransketa hori lege honetan kredituak transferitzeko ezarritako araubidea betez egingo da.
90. artikulua.- Denbora-eskakizunak.
1.- Aurrekontuei erantsitako kredituak erantsi diren ekitaldiaren barruan burutu beharko dira, eta urte horretako abenduaren 31n xedatu gabeko zatiari dagozkion funtsak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusian sartuko dira.
2.- Aurrekontuetan erants daitezkeen kredituak deuseztatuta geldituko dira eta horietako funtsak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusian sartuko dira baldin eta hurrengo ekitaldiko ekainaren 30ean lege honek dakartzan arauen arabera dagozkien aurrekontuetan erantsi gabe badaude.
91. artikulua.- Konpromiso-kredituak.
Ekitaldi baterako onartu eta ekitaldi horretan konprometitu ez diren ordainketa-kredituen kasuan, konpromiso-kredituei badagozkie, ordainketa-kredituak aurrekontuetan sartzeaz bat, konpromiso-kredituak ere automatikoki sartuko dira.
VI. KAPITULUA
KREDITUAK BIRJARTZEA
92. artikulua.- Noiz birjarriko diren.
1.- Aurrekontu-kredituen kontura oker egindako ordainketak itzuli izanagatik lortutako diru-sarrerarik izanez gero, sarrera horrek kredituak berriz ere ordainketak egin ziren unean zeuden bezalaxe jartzea ekarriko du, bai ordainketak, eta bai diru-sarrerak, aurrekontu-ekitaldi berekoak badira.
2.- Diru-sarrera lehenagoko aurrekontuetan jasotako kreditu bati badagokio, Jaurlaritzak, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailaren proposamenez, birjarpen hori indarrean dauden aurrekontuetako zein kredituri dagokion zehaztuko du.
VII. KAPITULUA
KREDITU GEHIGARRIAK
1. ATALA
ORDAINKETA-KREDITU GEHIGARRIAK
93. artikulua.- Noiz emango diren.
Ordainketa-krediturik esleituta ez duen gasturen bat edo nahikoa ez den eta handitu ezin daitekeen ordainketa-kreditua esleituta duen gasturen bat egin behar bada eta egin ezin bada lege honetan araututako aldaketa-araubidearen arabera, kreditu gehigarria emateko izapideei ekingo zaie, datozen artikuluetan zehaztutako arauei jarraituz.
94. artikulua.- Lege-proiektua.
1.- Aurreko artikuluan aipatutako gastua autonomia-erkidegoko Aurrekontuaren kontura egitekoa bada, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak eskea egingo dio Jaurlaritzaren Kontseiluari kreditu gehigarri bat emateko lege-proiektua bidal diezaion Legebiltzarrari. Lege-proiektu horretan, gastu publikoa gehitzeko finantza-bitartekoak zehaztuko dira.
2.- Halaber, aurreko paragrafoan adierazitakoa egingo da baldin eta gastua autonomia-erkidegoko administrazio-organismo autonomo baten edo autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergo baten aurrekontuen kontura egin beharrekoa bada eta hurrengo artikuluko 1. paragrafoan jartzen diren ehunekoak gainditzen baditu.
95. artikulua.- Administrazio-baimena.
1.- Kreditu gehigarriaren beharra administrazio-organismo autonomo batean edo autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoren batean gertatu bada eta horren zenbatekoak autonomia-erkidegoko Administrazioaren aurrekontuetako kredituak gehitzerik ez badakar, baimena ematea aurrekontu-gaietan aginpidea duen sailari dagokio baldin eta zenbatekoa dagokion erakundearen gastuen egoera-orrian sartutako ordainketa-kredituen guztizkoaren % 3 baino gehiago ez bada, eta Jaurlaritzari, aurrekontu-gaietan aginpidea duen sailaren proposamenez, baldin eta % 3 baino gehiago bai, baina % 5 baino gehiago ez bada.
2.- Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean, aurreko lerrokadan esandako ehuneko horiek metatuz erabiliko dira.
3.- Autonomia-erkidegoko sektore publikoko organismoa edo partzuergoa zein saili atxikita dagoen edo aldaketak zein sailetako aurrekontuari eragiten dion, sail horren irizpena beharko da aurrekontua aldatzeko espedientea izapidetzeko. Espedientean:
a) Gastua beharrezkoa eta presakoa dela egiaztatuko da.
b) Proposatutako gehikuntza finantzatuko duen baliabidea zehaztuko da.
c) Gehitu beharreko aurrekontu-partida adieraziko da, behar bezala zehaztuta.
4.- Jaurlaritzak, hiru hilabetez behin, artikulu honetaz baliaturik baimendutako kredituen berri emango dio Legebiltzarrari.
2. ATALA
KONPROMISO-KREDITU GEHIGARRIAK
96. artikulua.- Araubidea.
Konpromiso-kredituei onartzeko orduan jarritako baldintzak lege honen 31. artikuluan ezarritako mugetatik gora aldatu ahal izateko, aurreko 94. artikuluan xedatutakoaren arabera egindako lege bat onartu beharko da.
VIII. KAPITULUA
MERKATARITZA-ORGANISMO AUTONOMOEN, ZUZENBIDE PRIBATUKO ENTE PUBLIKOEN, SOZIETATE PUBLIKOEN ETA AUTONOMIA-ERKIDEGOKO SEKTORE PUBLIKOKO FUNDAZIOEN AURREKONTUETAKO ALDAKETAK
97. artikulua.- Orotarikoa.
1.- Kapitulu honen eraginpeko erakundeen ustiapen- edo kapital-aurrekontuetako aurrekontu-aldaketatzat joko dira Lege honetako 54. artikuluaren arabera mugadun diren kontzeptuen zenbatekoetan egindako aldaketa guztiak.
2.- Kapitulu honetan aipatzen diren erakundeen aurrekontu-aldaketak aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak baimendu beharko ditu, eragindako sailak proposatuta, salbu eta egin beharreko aldaketak erakundearen helburuetan ere aldaketak ekartzen dituenean, kasu horretan Jaurlaritzak onartu beharko baititu, aurrekontu gaietan eskumena duen sailak proposatu ondoren.
Dena dela, aurrekontu gaietan eskumena duen sailak baimenduko ditu aurrekontu-aldaketak, baldin eta administrazio-berrantolaketak edo sozietate-berrantolaketak badira aldaketon iturburu, eta berrantolaketok kapitulu honetan aipatzen diren erakundeak, eta beraz, dagozkien aurrekontuak ukitzen badituzte.
3.- Jaurlaritzak, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailaren eta, hala badagokio, kapitulu honetan aipatzen diren erakundeen organo arduradunen proposamenez, gerorako konpromisoen egoera-orria handitu dezake, konpromiso berriak onartuz edo baimendutakoen zenbatekoa handituz, erakunde guztientzat hasieran baimendutako konpromisoen zenbateko globalaren % 15era arte. Hiru hilez behin, baimen horien berri emango zaio Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari.
4.- Aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak, aurrekontuen jarraipena eta kudeaketa egiteko beharrezko denean, egokitzapen teknikoak egin ahal izango ditu aldaketak ustiapen- eta kapital-aurrekontuetan sartzeko baldin eta, 1. paragrafoaren arabera, aldaketa horiek aurrekontuak aldatzea ez badakarte.
98. artikulua.- Kasu zehatzak.
1.- Kapitulu honetan aipatzen diren erakundeek izandako diru-sarrerak eta finantzaketa, beren jardueren ondorioz lortu ez badira eta ustiapen- eta kapital-aurrekontuetako aurreikuspenetakoak baino handiagoak badira, edozein eragiketa egiteko erabili ahal izango dira, erakundearen urteko helburuen barruan ageri ez arren, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailaren baimenaz, diru-sarrera horiek hasieran aurreikusitakoekin alderatuta gehienez ere % 10ekoak badira. Diru-sarrerak hasieran aurreikusitakoak baino % 30 gehiago izatera iritsi ez badira, Jaurlaritzaren ardura izango da baimena ematea. Bestelakoetan, Parlamentuak eman beharko du baimena, Jaurlaritzak, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak proposatuta, horretarako aurkeztutako lege-proiektua onartuz.
2.- Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren aurrekontu orokorretan zuzkidurarik ez duen gastu edo inbertsioren bat egin behar izanez gero kapitulu honek aipatzen dituen erakundeen urteroko helburuetan aipatzen ez diren jardueretan, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak erabaki dezake erakunde horien aurrekontuak gehitzea, betiere gehikuntzak dagokion entearen aurrekontuen % 10 gainditzen ez badu, sail horrek aipatutakoaren arabera kuantifikaturik eta sailak berak ezarritako prozedura betez. Aurrekontuak lehen aipatutako ehuneko horretatik gora gehitzeko baimena Jaurlaritzari dagokio, baldin eta ez badu hasierako aurrekontuen % 30 gainditzen, edo Legebiltzarrari, ehuneko hori gainditzen badu. Sail horrek proposatuta Jaurlaritzak aurkeztuko duen lege-proiektuari buruzko iritzia eman beharko du organo horrek.
99. artikulua.- Funtsen soberakinak.
1.- Jaurlaritzak, ekitaldirako jarritako helburuak zenbateraino gauzatu diren ikusita, hasiera batean autonomia-erkidegoko merkataritza-organismo autonomoei, zuzenbide pribatuko ente publikoei, sozietate publikoei eta sektore publikoko fundazioei emateko pentsatuta zegoen dirua soberakintzat jo ahal izango du, egoki irizten dion neurrian eta aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak proposatuta. Soberakin horiek, beren izaeraren arabera, eragiketa arrunt nahiz kapital-eragiketetarako erabili ahal izango dira, lege honetan kredituak transferitzeko ezartzen den araubidea betez.
2.- Autonomia-erkidegoko merkataritza-organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko ente publikoek, sozietate publikoek eta sektore publikoko fundazioek izandako soberakinak, finantzatzekoak ziren helburuak bete ez direlako edo gauzatzeko orduan atzerapenak izan direlako sortu badira, kontuan hartuko dira hurrengo ekitaldirako aurrekontuen finantziazioa zehazteko.
IX. KAPITULUA
UNEAN UNEKO NEURRIAK
100. artikulua.- Aparteko inbertsiorako programa.
1.- Aurreko artikuluan esandako arrazoiengatik, autonomia-erkidegoaren aurrekontuko gastuen egoera-orriak aparteko inbertsiorako programa bat izan ahal izango du barne, Jaurlaritzak ekonomia-egoeraren arabera egin ditzakeen kapital-eragiketei lotutako programak, behar bezala zehaztuak, jasoko dituena.
2.- Programa horren zenbatekoa ez da autonomia-erkidegoko Administrazioaren aurrekontuan sartutako kapital-eragiketa guztien ordainketa-kredituen % 10 baino txikiagoa izango, programari berari dagozkionak bazter utzirik.
3.- Programak, gainera, hartzen dituen proiektuak finantzatzeko erabiliko diren diru-baliabideak zehaztuko ditu.
4.- Aparteko inbertsiorako programan sartutako kredituak ezin izango dira beste programa batzuetara transferitu.
5.- Programa hori edo bertan sartutako proiektuak gauzatzeko, Jaurlaritzaren baimena beharko da, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak proposatuta eta Ekonomia Batzordeak aldez aurretik onartuta. Gainera, Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari eman beharko zaio horren berri hiru hilabeterik behin.
101. artikulua.- Proiektuak ez egitea.
1.- Uneko ekonomia- eta gizarte-egoera kontuan hartuta, Jaurlaritzak erabaki dezake, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak proposatuta, kapital-eragiketei lotutako programak ez egitea, gehienez ere aurrekontu orokorrak osatzen dituzten aurrekontuetako gastu-egoeretan eragiketa horietarako ageri diren ordainketa-kredituen % 10eko zenbatekora arte.
2.- Erabakiak programa bereziak osatzen dituzten kapital-eragiketa guztiak egin gabe uztea ekarriko balu, lege-bidezko baimena beharko litzateke.
3.- Aurreko bi paragrafoen arabera erabilgarri geratzen diren funtsak ekitaldiaren barnean erabili ahal izateko, lege-bidezko baimena beharko da; nolanahi ere, ez da baimen hori beharko funts horiek, aurreko 1. paragrafoan aurreikusitako kasuan, eragindako kredituak zertarako baimendu ziren, eta horrexetarako erabili behar badira.
VI. TITULUA
HITZARMEN-ARAUBIDEA
102. artikulua.- Hitzarmenak Estatuarekin.
Autonomia-erkidegoak Estatuarekin egindako hitzarmenen ondorioz funts gehigarriak lortzen badira aurrekontu orokorrak osatzen dituzten gastu-egoeretan aurreikusitakoak osatzeko, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak kasuan kasuko programetan edo berariaz sortzen direnetan erantsiko ditu dagozkion ordainketa-kredituak.
103. artikulua.- Kudeaketako diru-sarrera eta kredituak.
Aurreko artikuluan aipatutako funts gehigarriak autonomia-erkidegoaren eskumen ez diren proiektuetarako badira, baina proiektu horiek gauzatzeko zeregina autonomia-erkidegoari eman bazaio eskuordetzan, kredituak aurreko artikuluan aipatu bezala aurrekontuetan eransteko, bai kredituok eta bai programak, hala badagokio, lege honen 28. eta 45. artikuluetan jasotako moduan zehaztu beharko dira eta, era berean, diru-sarrerak 17. artikuluak dioenaren arabera.
104. artikulua.- Hitzarmenak autonomia-erkidegoekin, lurralde historikoekin eta toki-erakundeekin.
Euskal Autonomia Erkidegoak funts gehigarriak eskuratzen baditu aurrekontu orokorra osatzen duten aurrekontuetakoren batean, beste erkidego batzuekin, lurralde historikoekin eta toki-erakundeekin bere egitekoak hobeki betetzeko egindako hitzarmenen ondorioz, lege honen 102. eta 103. artikuluetan esandakoa egingo da.
105. artikulua.- Hitzarmenen finantzaketa.
1.- Lege honen 102. artikuluan adierazitako hitzarmenen ondorioz autonomia-erkidegoko Administrazioak edo sektore publikoa osatzen duten enteek jarri behar dituzten finantza-baliabide guztiak edo horietako batzuk Estatuak edo beste erakunde publiko batzuek egindako transferentzia eta esleipenetatik eskuratutakoak izan daitezke eta, nolanahi ere, behar bezala zehaztuta agertu beharko dute eragindako kredituei dagozkien programetan.
2.- Behin hitzarmena egitea onartu, eta sinatutakoan, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak behar diren baliabideen transferentzia egingo du, kasuan kasuko hitzarmenean ezarritako moduan.
106. artikulua.- Konpromiso-kredituak.
1.- Aurreko 102. eta 104. artikuluetan aipatutako hitzarmenek hurrengo ekitaldietarako konpromisoak hartzea badakar eta konpromiso horiek finantzatzeko beharrezkoa bada dagokion entearen aurrekontuetan sartutako ordainketa-kreditu guztien % 5 baino gehiago, hitzarmen hori egiteko, lege-bidezko baimena beharko da.
2.- Behin aurreko paragrafo horretan aipatzen den baimena lortutakoan, eta gerorako konpromisoak hartzeko lege-bidezko baimenik behar ez den kasuetan, aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak kasuan kasuko programa eta egoera-orrietan sartuko ditu dagozkien konpromiso-kredituak.
107. artikulua.- Ekonomia Ituna.
Lege honen 102. artikuluan aipatutako Estatuarekiko hitzarmenak egitea Ekonomia Itunaren laugarren xedapen gehigarriak dioenaz bestekotzat jo behar da. Hala ere, xedapen horren araberako hitzarmenak egin izanak autonomia-erkidegoari, aurreko artikuluetan esandako moduan, funts gehigarriak, gerorako konpromisoak edo finantza-beharrak badakarzkio, artikulu horiek diotena egingo da.
108. artikulua.- Araudia.
Lege honen 104. artikuluan aipatutako hitzarmenak Autonomia Estatutuak eta Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legeak agintzen dutenaren arabera egingo dira.
VII. TITULUA
AURREKONTUAK GAUZATZEA
I. KAPITULUA
DIRU-SARRERAK GAUZATZEA
109. artikulua.- Kobratzeko bideak.
Aurrekontuko diru-sarrerak autonomia-erkidegoko Administrazioaren, bere organismo autonomoen edo sektore publikoko partzuergoen aldeko tributu-zorrak eta tributuenak ez diren zorrak diren heinean, erregelamendu bidez zehaztuko diren baliabideak erabiliz gauzatuko dira.
110. artikulua.- Xedetik jaregitea.
Dagokien aurrekontua itxi ondoren egindako diru-sarrerak, zegokiekeen berariazko xedetik jareginda geratuko dira, baina aukera egongo da berriz ontzat eman eta indarrean den ekitaldiko aurrekontuetan berriz xedea jarri ahal izateko.
II. KAPITULUA
GASTUA GAUZATZEA
1. ATALA
ARAU OROKORRAK
111. artikulua.- Gauzatzearen faseak.
1.- Gastu-aurrekontua gauzatzea arautzeak autonomia-erkidegoko Administrazioaren, organismo autonomoen eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontuan ageri diren kredituak zuzen erabiltzeko eragiketa guztiei eragiten die.
2.- Aurreko paragrafoan aipatutako eragiketak honako hauek dira:
a) Gastua egiteko baimena.
b) Gastuaren xedapena.
c) Ordainketa egin beharra.
d) Ordaintzeko agindua.
3.- Jakineko edo gutxi gorabeherako zenbatekoko gastua ordainketa-kreditu jakin baten kontura -diru guztia edo kopuru-zati bat horretarako bereiziz- egiteko erabakiari esaten zaio «Gastua egiteko baimena».
4.- Dagozkion lege-izapideak bete ondoren -eta behar direnak ordaintzeko kredituaren zenbatekoa eta baldintzak erabat zehaztuta-, lan jakin batzuk egiteko eta ondasun edo zerbitzuak jartzeko eta betetzeko formalizazioari esaten zaio «Gastuaren xedapena».
5.- «Xedapenaren» gai den zerbitzua jaso izanaren edo horri buruz erabakitako edo jarritako baldintzak behar bezala egiaztatu izanaren ondorioz eskatzeko modukoak diren kredituak kontuetan jasotzeari esaten zaio «Ordainketa egin beharra». Diru-laguntzen gastuei dagokienez, diru-laguntzak emateko uneak edo kasuan kasuko diru-laguntzek baldintzatuko dute ordainketa egin beharra. Ordainketa egin beharraren eskakizuna diru-laguntzak emateko kasu bakoitzean ezarriko diren arauen araberakoa izango da. Ildo horretan, bete behar diren ordainketak gauzatzeko egokienak diren ordainketa- edo konpromiso-kredituak jarraibide gisa joko dira ezarri behar zaien aurrekontu-araubidea aukeratzeko. Halaber, hautatzen den aurrekontu-araubideak, batetik, lagundu behar du diru-laguntzen baldintzak bene-benetan bete daitezen, eta, bestetik, aurrekontu-gaietan aginpidea duen sailak, lege honen 58.2 artikulua aplikatuz, aurrekontuak egiteko eman dituen irizpide teknikoei jarraitu behar die.
6.- Arduradunak, hartutako obligazio bat dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren kontura ordaintzeko agindua emateari esaten zaio «agindutako ordainketa».
112. artikulua.- Printzipioak.
Aurrekontuetako gastuen arloa arautzeko printzipioak hauek dira:
a) Etengabeko administrazio-kontrolaren printzipioa. Hori dela eta, prozedurako urrats bakoitza aurrekoa behar bezala egin dela egiaztatu ondoren egingo da.
b) Prozedurako urrats guztiak, justifikatu beharreko ordainketak barne, agiri bidez egiaztatzea eskatzen duen printzipioa.
c) Arduradunek urrats guztiak bete direla idatziz jasotzea eskatzen duen printzipioa.
113. artikulua.- Eskumenak.
1.- Lege honetako 111. artikuluko 2. paragrafoko a), b) eta c) idatzi-zatietan zehaztutako eragiketak sailburu bakoitzaren eskumenekoak dira. Hala ere, gastua egiteko baimena ematea Jaurlaritzarentzat gordetzen da, gastuaren izaera eta zenbatekoa direla eta, kontratazio-arauek eta lege mailako beste batzuek hori agintzen dutenean.
2.- Dena dela, Jaurlaritzak, sailen egitura organikoa garatuko duten dekretuen bidez, kasuan kasuko saileko beste organo batzuen esku utzi ahal izango ditu, aurreko paragrafoarekin bat, sailburuarenak diren aginpideak.
3.- Autonomia-erkidegoko Administrazioaren aurrekontuaren arloan, ordainketa-aginduak emateko eginkizuna finantzen arloko eskumenak dituen sailari dagokio.
4.- Autonomia-erkidegoko sektore publikoko organismo autonomoen eta partzuergoen eremuan, 111. artikuluaren 2. paragrafoan aipatzen diren eragiketak lehendakariei edo zuzendariei dagozkie, organismo autonomo horiek edo partzuergo horiek sortzeko legeetan ezarritakoaren arabera.
5.- Autonomia-erkidegoko sektore publikoko organismo autonomoen eta partzuergoen egitura organikoa eta jarduera-sistema garatzen duten dekretuek beste organo batzuei esleitu ahal izango dizkiete aurreko paragrafoan aipatutako eginkizunak.
114. artikulua.- Bateraezintasunak.
Kontu-hartzailetzako eta kontabilitateko eginkizunak barne-kontrol ekonomikoaren eta kontabilitatearen arloan aginpidea duen sailari dagozkio, eta elkarrengandik eta ordainketak agintzeko eginkizuna duen zerbitzutik bereizita dauden zerbitzuek eramango dituzte aurrera.
2. ATALA
ORDAINTZEKO AGINDUA
115. artikulua.- Finantza-plana.
Autonomia-erkidegoko Administrazioren aurrekontuaren kontura egindako ordainketa-aginduek bat etorri behar dute Jaurlaritzak ezarritako finantza-planarekin, funtsak xedatzeari buruz finantzen arloko eskumenak dituen sailak egindako proposamenari jarraituz.
116. artikulua.- Euskarri den dokumentazioa.
1.- Autonomia-erkidegoko Administrazioaren, organismo autonomoen eta sektore publikoko partzuergoen aurrekontuen kontura emandako ordainketa-aginduekin batera joan behar dute hartzekodunak prestazioa burutu izana edo dirua jasotzeko eskubidea duela egiaztatzen duten agiriek, betiere bat etorriz gastua baimendu eta konprometitu zeneko kontratu, akordio edo xedapenekin.
2.- Legebiltzarrerako aurrekontu-zuzkidurak aldika ordainduko dira Legebiltzarraren izenean, horrek eskatu ahala, eta ez zaio Jaurlaritzari horien justifikaziorik eman beharko.
117. artikulua.- Behin-behineko ordainketak.
1.- Aurreko artikuluan esandako agiriei ezin bazaie erantsi dagokien ordainketa-agindua, horiei buruzko ordainketa behin-behinekoa izango da, eta kontu horretaz araudi bidez emandako arauek diotena beteko da.
2.- Behin-behineko ordainketak egiteko aginduak eman daitezke, pertsonei eta dagokion administrazioaren bulegoei gastu-aurrerakinak emateko, horrek administrazioaren eraginkortasunari laguntzen badio.
3.- Behin-behineko ordainketa-aginduari hori eskatzen duenak idatzitako agiria erantsi behar zaio, kasu guztietan. Bertan, dagoen beharra justifikatuko du, eta kopurua dagokion ordainketa-kredituari egotziko zaio.
118. artikulua.- Behin-behineko ordainketak justifikatzea.
Behin-behineko ordain-aginduen ondorioz hartutako funtsak zertan erabili diren, hartzaileak eskuratzen dituenetik hasi eta hilabeteko epearen barruan justifikatu beharko du. Epe hori luzatu egin ahal izango du barne-kontrol ekonomikoaren eta kontabilitatearen arloan aginpidea duen sailburuak eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko organismo autonomoetako lehendakariek edo zuzendariek, kasuan kasuko egoeraren arabera. Hiru hilabete baino gehiago luzatzekotan, sailburu horren onarpena beharko da, kasu guztietan.
119. artikulua.- Behin-behineko kredituak.
1.- Artikulu honen 3. paragrafoan aipatzen diren kasuetan, Jaurlaritzak, aurrekontuen arloan aginpidea duen sailak proposatuta, autonomia-erkidegoko Administrazioaren, bere administrazio-organismo autonomoen edo sektore publikoko partzuergoen aurrekontuen gastuen egoera-orrian behin-behineko ordainketa-kredituak sartzeko baimena eman ahal izango du, gehienez ere dena delako entearen gastuen egoera-orrian baimendutako ordainketa-kredituen % 5 ekitaldi osorako.
2.- Behin-behineko ordainketa-kredituak sartze horrek horien konturako ordainketa-agiriak egin ahal izatea ekarriko du.
3.- Artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatutako kasuak honako hauek dira:
a) Kreditu gehigarri baten lege-proiektua Legebiltzarrean aurkeztu den unetik hasita. Hori gertatzen denean, kreditua zertarako den jasotzean zenbatekoak ezingo du lege-proiektuan eskatutakotik gora jo.
b) Lege bat indarrean jarri denetik hasita, lege hori betetzeko kreditu gehigarri bat egitea beharrezkoa bada.
4.- Artikulu honetan aipatzen diren behin-behineko kredituak horrelakoak direla adierazten duen programa berezi batean sartuko dira, eta gero, dagokion kreditu gehigarria ontzat ematen denean, behin-betiko programara aldatuko dira.
120. artikulua.- Behin-behineko kredituak ezereztea.
Aurreko artikuluan aipatzen den kreditu gehigarrirako lege-proiektua onartu ezean, edo artikulu horretan jasotzen den baimena dela-eta benetan egindako gastuetatik beherako zenbateko baterako onartzen bada, gastu horien zenbatekoa ezereztu egingo da, Jaurlaritzak, aurrekontuen arloan aginpidea duen sailak proposatuta, zehaztutako aurrekontu-partiden kontura.
121. artikulua.- Ordaintzeko bideak.
Autonomia-erkidegoko Administrazioari eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko organismo autonomoei eta partzuergoei beren aurrekontuak gauzatzen dituztenean eskatu ahal zaizkien ordainketa-betebeharrak erregelamenduz ezarritako ordainketa-baliabideen bitartez bideratuko dira.
3. ATALA
KREDITUAK DEUSEZTATZEA
122. artikulua.- Deuseztatze-araubidea.
1.- Aurrekontu-ekitaldiko azken egunean, autonomia-erkidegoko Administrazioren, bere organismo autonomo administratiboen eta autonomia-erkidegoko sektore publikoko partzuergoen aurrekontuetan sartutako ordainketa-kredituak, ez baldin badaude aurrekontu-urtean zehar hartutako obligazioak betetzeko izendaturik, bete-betean deuseztaturik geratuko dira, non eta ez diren hurrengo urteko dena delako aurrekontura biltzen, lege honen 86.etik 90.era bitarteko artikuluetan ezarritako baldintzak beteta.
2.- Era berean, ekitaldiko azken egunean erabili gabe gelditutako konpromiso-kredituak ere deuseztatuta geratuko dira, lege honen 91. artikuluan agintzen dena salbu.
VIII. TITULUA
AURREKONTUEN LIKIDAZIOA
123. artikulua.- Ixteko eguna.
Ekitaldiko aurrekontu orokorra urte bakoitzeko abenduaren 31n itxiko da, egun horretara arte likidatutako eskubideei eta hartutako obligazioei dagokienean.
124. artikulua.- Agiriak.
1.- Aurrekontu orokorraren likidaziorako agiriak, behar bezala sistematizatuta, gutxienez hauek izango dira:
A) Ekitaldiaren emaitzak, honako egitura dutela:
- Aurrekontu arruntaren superabita edo defizita.
- Aurreko ekitaldietako eragiketen superabita edo defizita.
B) Aurrekontu-ekitaldiko diruzaintza-kontuak, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren urteko eragiketak barne daramatzala, indarrean dauden aurrekontuei eta lehenagokoei dagozkienak bereizten dituztela, eta aurrekontu-ekitaldiaren amaieran Diruzaintza Nagusia zer egoeratan aurkitzen den adierazten dutela.
C) Autonomia-erkidegoko Administrazioren aurrekontu-ekitaldiko likidazio-kontua, honako hauek barne dituela:
a) Ordainketa-kredituak erakusten dituen taula, honakoak zehaztuz:
- Hasieran baimena zuten ordainketa-kredituak eta horien aldaketak; azken kasu horretan, oinarri duten legeak, xedapenak eta akordioak zein diren adierazi beharko da.
- Guztira baimendutako kredituen kontura hartutako obligazioak.
- Ekitaldian egindako ordainketak.
- Ordainketa-kredituetako geldikinak.
b) Konpromiso-kredituak erakusten dituzten taulak; hasieran baimena zutenak zein ziren, izan duten aldaketa eta zenbateraino erabili diren adieraziko da.
c) Diru-sarreren egoera-orria erakusten duten taulak; ondorengoak jasoko dituzte:
- Aurreikusitako diru-sarrerak.
- Aitortutako eta likidatutako eskubideak.
- Ekitaldian izandako diru-sarrerak.
Aurreko hiru lerroaldeetan jasoko da zenbateraino bete diren programak, eta kontzeptua azalduko da.
D) Autonomia-erkidegoko administrazio-organismo autonomoen eta sektore publikoko partzuergoen aurrekontu-ekitaldiko likidazio-kontua; aurreko C) idatzi-zatian esandako modu berean aurkeztuko da.
E) Autonomia-erkidegoko merkataritza-organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen eta sektore publikoko fundazioen aurrekontu-ekitaldiko likidazio-kontua, honela banatuta:
a) Ustiapen- eta kapital-aurrekontuen likidazioa, gerorako konpromisoen eta horien gauzatze-mailaren egoera adierazita.
b) Autonomia-erkidegoko merkataritza-organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen eta sektore publikoko fundazioen urteko kontuak, baita erakunde multzoen bateratutako eta ikuskatutako urteko kontuak ere, dagozkien auditoretza-txostenekin batera.
F) Gizarte Segurantzaren kontuak, gai hori arautzen duten xedapen bereziek diotenaz bat eginda.
2.- C, D, E eta F idatzi-zatietan esandako agiri-sortari aurreikusitako helburuak zenbateraino gauzatu diren jasotzen duen memoria erantsiko zaio, eta aurreikusitako helburuetatik zein lortu diren adieraziko da.
125. artikulua.- Agirigintza.
1.- Aurrekontu orokorren likidazioari dagozkion agiriak barneko kontrol ekonomikoaren eta kontabilitatearen arloan aginpidea duen saileko zerbitzuek, dagokienek, egingo dituzte, hurrengo ekitaldiko maiatzaren 31 baino lehen.
2.- Aurreko paragrafoko egun hori dena delakoa izanik ere, sozietate publikoei ezargarri zaien araudian jarritako epeak kontuan izan beharko dira.
3.- Aurreko 1. paragrafoan aipatzen den agiri-sorta aurrekontu orokorraren lege-proiektuari erantsiko zaio, argibideetarako eta ez beste ezertarako, lege honen 61. artikuluak zehaztutakoaren arabera.
126. artikulua.- Onartzea.
1.- Jaurlaritzak bi hilabeteko epea izango du, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak ekitaldiaren fiskalizazio-txostena eman ondoren, Legebiltzarrari bidaltzeko aurrekontu orokorren likidazioari buruzko dokumentazioa, kasuan kasu eskatuko den autonomia-erkidegoko finantzazko eta ondarezko egoeraren gaineko alderdiei buruzko informazioarekin batera, lege-proiektu baten bidez eztabaidatzeko eta onartzeko.
2.- Herri Kontuen Euskal Epaitegiak aurreko paragrafoan aipatzen den prozedura horretan esku hartuko du, otsailaren 5eko 1/1988 Legean ezarritakoaren arabera.
IX. TITULUA
LUZAPEN-ARAUBIDEA
127. artikulua.- Indarraldia.
Ekitaldi baterako aurrekontu orokorraren legearen indarraldia hurrengo urterako luzatzea gertatuz gero, indarraldia luzatu zaien aurrekontu orokorren araubidea titulu honetan zehaztutakoa izango da.
128. artikulua.- Baimenak luzatzea.
Ulertuko da luzapenak irauten duen bitartean ere indarrean daudela aurreko ekitaldiko aurrekontu orokorretan jasota zeuden baimenak, honela:
a) Plantillako mugak: langileak hartzeko orduan, luzatu den aurrekontuan onarturik zegoen mugaraino iritsi ahal izango da.
b) Ordainketa-kredituak eta konpromiso-kredituak: finantzatzen dituzten programak edo jarduerak ez baldin baziren ekitaldi luzatu horretan amaitzekoak, aurreko ekitaldirako jasota zeuden kopuru berberak luzatuko dira.
c) Kreditu zabalgarriak: luzatu den aurrekontuan zabalgarriak ziren kredituak luzapenak irauten duen bitartean ere zabalgarriak izango dira, han zehaztuta zeuden mugen barruan.
d) Bermeak ematea: luzapenak irauten duen bitartean ere eman daiteke bermerik, baina baldintzak eta gehienezko kopuruak izango dira luzatu diren aurrekontu orokorretan baimenduta zeudenak.
e) Zorpetzea eta kreditu-eragiketak: luzatu diren aurrekontu orokorretan zehazturik zeuden mugak bete beharko dira luzapenak irauten duen bitartean ere.
129. artikulua.- Langileen lansariak.
Aurreko artikuluan jarritako araubidea horrela dela ere, Jaurlaritzak, ekitaldi berriaren lehenengo egunetik, bere zerbitzurako langileen lansariak handitu ahal izango ditu. Igoera horiek aurrekontu orokorraren azkeneko legean horretarako baimendutako ehunekoa izango du gehienez, behin-behinekoa izango da eta langile bakoitzari emango zaio.
130. artikulua.- Eskumen berriak hartzea.
1.- Autonomia-erkidegoak luzapen-aldian Estatutik datozen aginte eta/edo zerbitzu berriak hartzen baditu, Jaurlaritzak baimena izango du horien ondoriozko obligazioei erantzuteko gastuak egiteko, lege honen 75., 76. eta 77. artikuluetan esandako zenbatekoan eta moduan, hurrengo paragrafoetan zehazten diren aldaketak soilik eginda.
2.- Ordainketa-kredituak honako gastu hauei erantzuteko baino ez dira egingo:
a) Langile-gastuak eta gastu orokorrak, hau da, transferentziaren gai izandako giza baliabide eta baliabide materialetara mugatuak, eta aginpide eta/edo zerbitzu horiek luzapen-aldian garatzeko ezinbestekoa den gutxienekoan baino ez dira handituko.
b) Transferentzia eta diru-laguntza arruntak eta kapitalari dagozkionak, lege honen 128. artikuluan zehazturiko moduan.
c) Estatua burutzen ari den inbertsio errealak; horiek ekitaldi berrian bukatzekoak badira, horretarako beharrezkoa den zenbatekoan, edo bestela, ekitaldi horretan egiten jarraitzeko behar den zenbatekoan.
d) Aurreko idatzi-zatietan zehaztu gabeko beste gastu batzuk, autonomia-erkidegoak eskumenak eta/edo zerbitzuak bereganatu izanaren ondoriozko betebeharrei dagokien neurrian.
3.- Aurreko idatzi-zatiek diotenaren indarrez aurrekontuetan jasotako ordainketa-kredituak ezin izango dira luzapen-aldiak dirauen bitartean transferitu.
131. artikulua.- Kredituak transferitzeko, gaitzeko, eransteko eta birjartzeko araubidea.
1.- Luzapen-aldiak dirauen bitartean, kredituak transferitzeko, gaitzeko eta berrezartzeko araubideek lege honek eta luzatu diren aurrekontuak onartu zituen legeak zehaztutako araudia bete beharko dute.
2.- Era berean, luzatutako kasuan kasuko aurrekontuei lege honetako 86. eta 87. artikuluetan aipatzen diren kredituak erantsi ahal izango zaizkie.
132. artikulua.- Luzatutako kredituen zenbatekoa.
Titulu honetan ezarritako arauen arabera luzatutako kredituen zenbatekoak bukatu den ekitaldi ekonomikoko azken egunean ontzat emanda zeudenak direla ulertuko da, hots, ekitaldi horretan baimendutako transferentzia, gehitze eta gainontzeko aldaketak zenbatu ondoren zeudenak.
133. artikulua.- Finantzazioa.
1.- Aurrekontu orokorraren luzapen-aldian, foru-aldundiek Euskadiko Ogasun Nagusira egin beharreko ekarpenen araubidea azaroaren 25eko 27/1983 Legean, EAEko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako Foru-erakundeen arteko Harremanei buruzkoan, 29.5 artikuluan jasotakoa izango da. Dena den, lege horren 22. artikuluko 8. paragrafoan aipatzen den legea onartuta balego, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak urte horretarako erabakitako ekarpena egin beharko litzateke.
2.- Gorago aipatutako ekarpen horiek Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak kasuan kasuko urterako erabakitako ehunekoaren arabera banatuko dira lurralde historikoen artean.
3.- Artikulu honen lehenengo paragrafoan agindutakoaren arabera zehaztutako ekarpenak aurreko 130. artikulua beteaz egindako kredituen zehaztapenaren arabera gehituko dira. Aurreko ekitaldiko aurrekontu orokorraren legean aginpide eta/edo zerbitzu berriak bereganatzea finantzatzeko araututako moduan egingo dute gehitutako horren ordainketa foru-aldundiek.
4.- Lurralde historikoek artikulu honek dioena betez egingo dituzten ekarpenak ekitaldi berrirako aurrekontu orokorraren legeak agindutakoaren konturakotzat joko dira, eta horri buruzko kontu-likidazioa, lege horrek agintzen duena betez, ordainkizunaren lehenengo aldia ordaindutakoan egingo da.
134. artikulua.- Bat etortzeko arauak.
1.- Titulu honetan araututako luzapen-araubidea ekitaldi berrirako onartuko den aurrekontu orokorren legeak xedatutakoa kontuan izanda ulertuko da.
2.- Ekitaldi berrirako aurrekontu orokorraren legean luzapen-araubidearen araberako baimena duten kredituetako bat falta bada edo zenbateko txikiagoarekin badago, dagokion zenbatekoa doakion programaren kontura kitatuko da; eta hori ezinezkoa izanez gero, atal bereko beste kreditu batzuen kontura. Bestela, aurrekontuen arloan aginpidea duen sailak erabakiko du ezerezte hori nola egin.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.- Gizarte Segurantza.
Gizarte Segurantzaren arloko diru-sarrerak, hala badagokio egingo diren hitzarmenen ondoriozkoak, edo onartzen diren beste legezko bitarteko batzuen ondoriozkoak, Gizarte Segurantzaren finantziazio bereziari atxikita geldituko dira, eta arlo horretako eskumenak eman zaizkion entearen aurrekontuetako gastuen egoera-orrian sartuko dira.
Bigarrena.- Sozietate publikoen aurrekontuak.
Aurrekontuen urteko legeak indarrean sartu ondoren sortutako sozietate publikoen kasuan, horien helburuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu orokorretan sartutako programetan jasota baldin badaude eta jardueraren lehen lau urteak gutxienez hartzen baditu, Jaurlaritzak onartu egin ahal izango ditu sozietate horien aurrekontuak, aurrekontuen arloan aginpidea duen sailak proposatuta, eta kasu horretan, barne-kontrol ekonomikoan eta kontabilitatean aginpidea duen sailak Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari onartutako aurrekontuak bidaliko dizkio.
Sortze-arauek xedatzen dutenaren aurka joan gabe, aurreko lerrokadan xedatutakoa ekitaldian zehar jarduerari ekiten dioten Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei ere aplikatuko zaie.
Hirugarrena.- Prebentzio-neurriak.
Lege-aurreproiektuak edo administrazio-xedapenen proiektuak ezartzeak herri-administrazioen gastuen gehitzea edo diru-sarrerak murriztea ekar dezake, uneko ekitaldietan edo hurrengoetan. Hori dela eta, proposamena egin duen sailak egindako ekonomia arloko memoria izan beharko dute proiektu horiek, aurrekarien eta aurretiazko ikerketen artean. Memoria horretan, proiektu horiek burutzeak aurrekontuan izan ditzakeen ondorioak behar bezala neurtu eta ezagutzeko zehaztasun guztiak jasoko dira.
Laugarrena.- Aurrekontuetako egokitzapen teknikoak.
1.- Aurrekontuen arloko eskumenak dituen sailak aukera izango du aurrekontuen diru-sarreren edo gastuen egoera-orrietan eta horiei dagozkien eranskinetan, egokitze teknikoak egiteko, administrazio-berrantolaketen, eskumenen eskualdaketen edo lege mailako arauak onartzearen ondorioz hala behar denean.
2.- Aurreko paragrafoan xedaturikoa betetzearen ondorioz, sailkapen organiko, ekonomiko nahiz funtzionaletan edo programen araberakoetan dagoen edozein osagai ireki, aldatu edo ezabatzeko aukera egongo da, baina horrek ez du ekarriko aurrekontuko kreditu orokorretan igoerarik izatea, non eta ez dagoen finantziazio-iturri bat.
Beraz, legegintzako dekretu honi men egiteko eta eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 20a.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.