116. zk., 2011ko ekainaren 20a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
3196
AGINDUA, 2011ko martxoaren 2koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko erlezaintzarako 2011ko ekitaldirako dirulaguntzetarako deialdia egiten duena.
Eztiaren ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko neurriei buruzkoa da Kontseiluaren apirilaren 26ko 797/2004 (EE) Erregelamenduaren ondoriozkoak dira laguntzok. Aplikazio xedapenak Batzordearen apirilaren 29ko 917/2004 (EE) Erregelamenduan ezartzen dira. Kontseiluaren (EE) 797/2004 Erregelamendua indargabeturik eta Nekazaritza-merkatuen antolaketa komun bat sortu eta nekazaritza-produktu jakin batzuentzat xedapen espezifikoak ezartzeko, Kontseiluaren 2007ko urriaren 22ko 1234/2007 (EE) Erregelamendura (erregelamendu bakarra MABentzat) batu da.
Erregelamendu horietan, hiru urteko aldi baterako estatu mailako programak prestatzea aurreikusten da, «erlezaintza-programak» deritzanak. Programa horiek Batzordeak onartuko ditu, eta laguntza hori jaso ahal izateko neurri batzuk jaso beharko dituzte, eta Erkidegoak kofinantziatuko du, erlezaintzarako laguntza-neurrien urteko programan aurreikusitako egintzek sortutako gastuen % 50era arte. Batzordearen 2010-09-14ko Erabakiaren bidez, Espainiar Estatuarentzako azken erlezaintza programa onartu da 2011., 2012. eta 2013. urteetarako.
Euskal Autonomia Erkidegoan, goragoko guztia garatu eta aplikatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan erlezaintzarako laguntzak emateko otsailaren 15eko 30/2005 Dekretua argitaratu zen, eta urtarrilaren 15eko 9/2008 Dekretuaren bidez aldarazi zen. Arau horren 2.2 artikuluaren arabera: «Erakunde Ordaintzailearen bitartez EAEko Administrazio Orokorrak ordainduko ditu laguntza hauek. Bestalde, laguntza horiek, batetik, Europako Erkidegoak kofinantzatuko ditu, zehazki, programan aurreikusitako egintzek sortutako gastuen % 50era arte, eta, bestetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek.»
Baina foru aldundiak dira laguntzen deialdia egiten dutenak eta kudeatzen dituztenak, otsailaren 15eko 30/2005 Dekretuaren 6.3 artikuluan jarri bezala: «Urtero, Nekazaritza eta Arrantza Agindu batez (EHAAn argitaratuko denaz) emango da argitara deialdi bakoitzari esleitutako urteko zenbatekoa.» Agindu honen helburua xedapen hori betetzea da. Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.- Laguntzen zenbatekoa, guztira.
2011. urterako, Euskal Autonomia Erkidegoan, NBEUFren kargura eta otsailaren 15eko 30/2005 Dekretuan xedatutako erlezaintzarako laguntzen gehieneko zenbatekoa 57.658,34 euro da.
Bigarrena.- Errekurtsoak.
Agindu honen -administrazio bidea amaitzen duena- aurka berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epearen barruan. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da kontatzen epea.
Hirugarrena.- Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 2a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza,
Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.