Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

116. zk., 2011ko ekainaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Arbitraje Batzordea
3185

1/2011 ERABAKIA, 2011ko maiatzaren 13koa, Euskadiko ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntza emateko lege-proposamenaren gainean Arabako,Gipuzkoako eta Bizkaiko foru-aldundiek planteatutako eskumen-arazoei buruzkoa

Vitoria-Gasteizen, 2011ko maiatzaren 13an, Ebazpen Batzordearen bilkura izan da. Juan Luis Ibarra Robles lehendakaria eta Emilio Guevara Saleta jauna, Alberto López Basaguren jauna, Eduardo Vírgala Foruria jauna, Juan Ramón Guevara Saleta jauna, Andrés Urrutia Badiola jauna eta José Manuel Castells Arteche jauna bildu dira, eta ondoko erabakia hartu dute.

ERABAKIA

Euskadiko ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntza emateko lege-proposameneko hainbat artikuluren gainean Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru-aldundiek planteatutako eskumen-arazoei dagokienez. Esandako lege-proposamena Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zen eta Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak aintzat hartzea erabaki zuen 2010eko azaroaren 25ean egindako bilkuran (Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofiziala, 90. zk., 2010-12-17koa).

Arabako Foru Aldundiak Euskadiko ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntza emateko lege-proposamenaren 9, 10, 12, 15 eta 16. artikuluen gainean aurkeztu du eskumen-arazoa (1/2011 zk.).

Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskadiko ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntza emateko lege-proposamenaren 12.3.a) eta 16.1 artikuluen gainean aurkeztu du eskumen-arazoa (2/2011 zk.).

Bizkaiko Foru Aldundiak Euskadiko ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntza emateko lege-proposamenaren 12.3.a) eta 16.1 artikuluen gainean aurkeztu du eskumen-arazoa (3/2011 zk.).

Txosten-emailea Alberto López Basaguren jauna izan da, eta Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkuraren iritzia azaldu du.

AURREKARIAK

Lehenengoa.- Esandako eskumen-arazoak zegokion epean abiarazi zituzten Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru-aldundiek, hurrenez hurren, eta, ondoren, erakunde zilegituetara bideratu ziren ekainaren 30eko 13/1994 Legearen, Ebazpen Batzordea arautzen duenaren (aurrerantzean lege arautzailea), 30. artikuluan xedatutakoa betez, hala balegokio, zegozkion alegazioak aurkez zitzaten.

Bestalde, lege arautzailearen 50.2 artikuluan ezarritakoa betez, hasiarazteko idazkia bidali zitzaion Eusko Legebiltzarreko Euskal Legebiltzar Talde Popularrari lege-proposamenaren egilea zen aldetik, hala bazegokion, egoki jotako alegazioak aurkez zitzan.

Bigarrena.- Eusko Legebiltzarrak, 2011ko urtarrilaren 11n Mahaiak hala erabakita, eten egin zuen Euskadiko ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntza emateko lege-proposamenaren tramitazioa (Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofiziala, 94. zk. 2011-01-14koa).

Hirugarrena.- Ebazpen Batzordeak, 2011ko urtarrilaren 13an egindako osoko bilkuran, hiru eskumen-arazoak batzea proposatu zuen, lege arautzailearen 31. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta prozeduran agertu ziren erakunde guztiei eman zien horren berri, hala bazegokion, egoki jotako alegazioak aurkez zitzaten.

Laugarrena.- Ebazpen Batzordeak, 2011ko otsailaren 16an egindako bilkuran, eta prozeduran pertsonatutako alderdietako bakar batek eragozpenik jarri gabe, adierazitako eskumen-arazoak prozedura bakarrean biltzeko behin betiko erabakia hartu zuen.

Bosgarrena.- Batzordearen Osoko Bilkurak erabaki hau maiatzaren 13an eztabaidatu eta onetsiko zela erabaki zuen.

ZUZENBIDE OINARRIAK

Lehenengoa.- Lege arautzailearen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera, eskumen-arazoei buruzko prozeduretan Ebazpen Batzordeari lege baten edo foru-arau baten proposamen edo proiektu bati dagokionez eztabaidagarriak diren eskumen autonomikoen edo foru-eskumenen titulartasunari buruzko erabakia hartzea dagokio. Ebazpen Batzordeak, lege arautzailearen 54. artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektua edo proposamena erakunde komunen eta foru-erakundeen arteko eskumen-banaketari buruz Autonomia Estatutuan (1. paragrafoa) ezarritakoarekin bat datorren erabakiko du, eta proiektuak edo proposamenak indarrean dagoen legeriaren arabera (2. paragrafoa) ezarritako eskumen-sistema edo erakunde komunen eta foru-erakundeen arteko eskumen-banaketa aldatzen duen, edo eraginik duen, adieraziko du.

Bigarrena.- Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek inpugnatu egin dute Ebazpen Batzordearen aurrean Euskadiko ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntza emateko lege-proposameneko hainbat artikulutan jasotako arauketa. Inpugnazioetako zati batzuk bat datoz helburuan. Hiru foru-aldundien ustez, Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko eskumen-banaketa, indarrean dagoena, urratu egiten dute inpugnatutako lege-proposameneko 12.3.a) eta 16.1 artikuluetan jasotako aurreikuspenek.

Gainera, Arabako Foru Aldundiaren ustez, indarrean dagoen eskumen-banaketa urratu egiten du aipatutako lege-proposameneko 9, 10 eta 15. artikuluetan aurreikusten denak.

Prozedura-arrazoi logikoak direla-eta, lehenbizi hiru foru-aldundiek inpugnatu nahi dituzten aurreikuspenen inpugnazioa aztertuko da eta, ondoren, Arabako Foru Aldundiak bakarrik inpugnatutako xedapenak aztertuko dira.

Hirugarrena.- Inpugnatutako lege-proposamenaren 12.3.a) artikulua testuan «Ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko plana» deritzonari buruzkoa da, eta esandako artikulu horretan ezartzen da plan horrek, besteak beste, honako helburu hau bete behar duela: «Zerga-alorreko neurrien bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan enpresak sortzen lagunduko duen esparru ekonomiko bat sustatzea».

12.3.a) artikuluan aurreikusitakoarekin zuzenean lotuta, inpugnatutako lege-proposamenaren 16.1 artikuluan hau ezartzen da: «Zergak Koordinatzeko Organoak ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko planaren helburuak betetzera bideratutako laguntza fiskalei buruzko proposamena igorriko dio Ekintzaileei eta Enpresa Txikiari Laguntzeko Euskal Kontseiluari».

Laugarrena.- Arabako Foru Aldundiak, Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko eskumen-banaketari buruzko hainbat kontsiderazio orokor egin ostean, bai orokorrak bai zerga-esparrukoak, adierazi du inpugnatu nahi den aurreikuspenean Eusko Jaurlaritzari esleitzen zaiola enpresa txikiari laguntza emateko zerga-alorreko neurriak jasoko dituen plana egitea. Zerga-alorreko neurriak proposatzea, inpugnatutako lege-proposamenaren 12.3.a) artikuluan eta 16.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Zergak Koordinatzeko Organoari dagokio -organoa Zergapideen Elkar Egokitasun, Erakidetasun eta Lankidetasunari buruzko maiatzaren 30eko 3/1989 Legearenaren bidez sortu eta arautu zen-, ondoren, behin Eusko Jaurlaritzak ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko planean sartzen dituenean, Eusko Legebiltzarrera igor daitezen bertan eztabaidatu eta onesteko. Arabako Foru Aldundiaren ustez, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuko (aurrerantzean, Estatutua) 41. artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde historikoei dagokien zerga-alorreko eskumena gauzatzen duen aurreikuspen bat da. Bestalde, Arabako Foru Aldundiak lege-proposamenaren 16. artikulua inpugnatu du, nahiz eta alegazioak esandako artikuluaren 1. paragrafoari bakarrik egin dizkion, eta, prozedurari dagokionez, Ebazpen Batzorde honek inpugnazioa 16. artikuluaren paragrafo zehatz horretara mugatuta aztertuko du. Paragrafo horri dagokionez -ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko laguntza fiskalak Zergak Koordinatzeko Organoak proposatzeari dagokionez-, Arabako Foru Aldundiak uste du eginkizun hori ez dagokiola koordinazio-organo horri, bere lana kontsultarako hainbat eratako txostenak egitea eta koordinazioa sustatzea den aldetik, eta zerga-alorreko eskumena lurralde historikoena dela aurresuposatzen denez, horien eskumenetan sartuko litzateke.

Bizkaiko Foru Aldundiak egindako alegazio-idazkiaren hasieran ere erakunde komunen eta lurralde historikoen arteko eskumen-banaketari buruzko hainbat kontsiderazio orokor egiten dira, eta zerga-esparruari berariazko aipamena egiten zaio. Inpugnatutako artikuluei dagokienez, idazkian adierazten da ekintzaileentzat eta enpresa txikientzat «laguntza fiskalak» ezartzeko aurreikuspena zerga-alorreko eskumenak gauzatzea dela eta eskumen hori, bere ustez, lurralde historikoena dela. Bizkaiko Foru Aldundiaren ustez, Autonomia Estatutuko 41. artikuluan lurralde historikoetako foru-organoen esku uzten da erabat zerga-alorra, Autonomia Estatutuak egindako eskubide historikoen eguneratzearen ondorioz. Horrek esan nahi du, beraz, Autonomia Erkidegoko erakunde komunek ez dutela inolako eskumenik zerga-alorrean eta «Eusko Legebiltzarrak zerga arloan harmonizazio, koordinazio eta lankidetzako xedapenak ezartzeko ahalmena baino ez du»; azkena aipatutako eskumen horretan «ez luke tokirik izango egin nahi den arauketak». Ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko planean sartzeko zerga-alorreko neurriak Zergak Koordinatzeko Organoak proposatzeari dagokionez, adierazi du esandako organo hori eta bere eginkizunak Estatutuaren 41.2.a) artikuluan Autonomia Erkidegoko erakunde komunei koordinaziorako, zerga-harmonizaziorako eta Estauarekiko lankidetzarako aitortzen zaien eskumen-esparrukoak direla eta zerga-alorreko neurriak proposatzeko eginkizuna gauzatzean gainditu egingo lukeela bere esparrua eta hori lurralde historikoen eskumen esklusiboa dela.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestalde, ildo beretik, uste du inpugnatutako lege-proposamenaren 12.3.a) artikulua, ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko planaren helburuak betetzeko -proiektua Jaurlaritzak Legebiltzarrera igorri behar du bertan onets dadin- «laguntza fiskalak» ezartzea aurreikusten duena, ez datorrela bat Estatutuaren 41.2.a) artikuluarekin, bertan jartzen baitu lurralde historikoek «zerga-araubidea mantendu, ezarri eta arautu ahal izango dutela bere lurraldean» Ekonomia Itunaren sistemaren baitan. Inpugnatutako lege-proposamenaren 16.1 artikuluan aurreikusitakoari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, batetik, agerikoa da aurreikuspen horren eta lege-proposamen bereko 12.3.a) artikuluan jasotakoaren arteko lotura, eta, ondorioz, Estatutuaren 41.2.a) artikuluan xedatutakoa urratzen da berriz ere. Beste alde batetik, ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko zerga-alorreko neurriak proposatzeko ahalmena Zergak Koordinatzeko Organoari ematea, adierazten du, esandako organoaren izatearen aurkakoa da eta, horrenbestez, onetsi nahi den legearen bidez ezingo litzaioke halako eginkizunik izendatu bere izaera aldatu gabe.

Eusko Jaurlaritzak, bestalde, bere idazkian jasotako alegazioetan adierazten du ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko planean enpresak sortzen lagunduko duten zerga-alorreko neurriak jasotzeko aurreikuspena Autonomia Erkidegoan zerga-alorrean ezarritako eskumen-banaketaren aurkakoa dela; izan ere, Estatutuko 41. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, lurraldean zerga-araubidea mantendu, ezarri eta arautzeko eskumena lurralde historikoena da. Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien iritziz, horrek esan nahi du aitortu behar dela «lurralde historiko bakoitzeko erakunde eskudunek zerga-esparrua arautzeko eta kudeatzeko ahalmen osoa dutela, fase guztietan eta zerga-alorreko harmonizazio, koordinazio eta lankidetzari buruzko arauak errespetatuz». Alde horretatik, Eusko Legebiltzarrari zerga-alorreko neurriak jasoko dituen plana onesteko eskumena izendatzeak urratu egingo luke, bere ustez, lurralde historikoek zerga-alorrean duten eskumena. Arrazoi horiengatik, Jaurlaritzaren ordezkariek ondorioztatu dute inpugnatutako lege-proposamenaren 16.1 artikuluaren aurreikuspenak urratu egiten duela zerga-alorreko eskumen-banaketa, berez lurralde historikoena den eskumen bat Autonomia Erkidegoko erakunde komunek gauzatzea aurreikusten duen aldetik.

Azkenik, Euskal Talde Popularrak, prozedura honetan Ebazpen Batzordeak erabaki behar dituen inpugnazioak jaso dituen lege-proposamenaren egilea den aldetik, uste du eskumen-arazoak ezetsi egin behar direla lege-proposamenaren bidez ez denez eskumen-arazoak aurkeztu dituzten foru-aldundiek adierazitako helburuetako bakar bat ere lortu nahi. Euskal Talde Popularrak, alde horretatik, bere alegazio-idazkian adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoan zerga-alorreko araudia onestea foru-aldundiei dagokiela. Adierazten duenez, lege-proposamenaren 12.3.a) artikuluan «ez du jartzen Jaurlaritzak edo Eusko Legebiltzarrak zerga-alorreko neurriak onetsi behar dituztenik», baizik eta bertan Jaurlaritzari eskatzen zaio «susta ditzala hartarako eratutako organismoa, Zergak Koordinatzeko Organoa, erabiliz». Bere ustez, Jaurlaritzak proposatu edo sustatu ditzake lurralde historikoetako batzar nagusiek, dagokien eskumena gauzatuz, ezartzeko zerga-alorreko neurriak. Eta, hori egiaztatzeko, Zergak Koordinatzeko Organoaren baitan Jaurlaritzari jarrera jakin bat hartzeko edo jarrera jakin batzuk aldezteko eskatuz Eusko Legebiltzarrean hartutako hainbat ekimen eta akordio aipatu ditu, guztiak ere Jaurlaritzaren ekintza bultzatu eta kontrolatzeko esparruan egindako legegintzakoak ez diren legebiltzar-ekimenak izanik. Euskal Talde Popularrak adierazi du inpugnatutako lege-proposamenaren bidez ez dela lurralde historikoen lekua hartu nahi zerga-alorreko arauak egitean -«inork ez du hori planteatzen, inork ez du halakorik nahi»-. Hala ere, uste du erakunde komunek badutela zergak ezartzeko ahalmena, eta halaxe egin izan dutela behin baino gehiagotan, eta Uraren Legea eta Etxebizitza Plana aipatu ditu. Nolanahi ere, Euskal Talde Popularraren ustez, inpugnatutako lege-proposamenean Zergak Koordinatzeko Organoari izendatzen zaion eginkizuna foru-aldundien arteko lankidetza eta koordinazioa sustatzeko eskumenaren esparruan sartzen da (Zergapideen Elkar Egokitasun, Erakidetasun eta Lankidetasunari buruzko maiatzaren 30eko 3/1989 Legearen 17.a artikulua), bai eta erakunde komunek eskatzen dioten edo Zergapideen Elkar Egokitasun, Erakidetasun eta Lankidetasunari buruzko Legean bertan edo beste lege batzuetan ere ezartzen diren txostenak egiteko eskumenaren esparruan ere. Horregatik guztiagatik, Euskal Talde Popularrak uste du inpugnatutako lege-proposamenaren 12.3.a) artikuluak, 16.1 artikuluari dagokionez, errespetatzen duela Autonomia Estatutuan eta legeetan ezarritako eskumen-banaketa.

Bosgarrena.- Eskumen-arazo hau bideratzeko elementu adierazgarria, lehenik eta behin, inpugnatutako lege-proposamenaren 12.3.a) artikuluan aurreikusten dena da, hau da, ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko planean «zerga-alorreko neurriak» jasotzea «Euskal Autonomia Erkidegoan enpresak sortzen lagunduko duen esparru ekonomiko bat sustatzeko»; plan hori onestea Autonomia Erkidegoko erakunde komunei egokituko litzaieke (Jaurlaritzaren proiektua, Legebiltzarraren onespena eta, horrenbestez, lege-forma).

Bigarrenez, aurreikuspen horrek lotura zuzena du lege-proposamen bereko 16.1 artikuluan jasotakoarekin, bertan ezartzen baita Zergak Koordinatzeko Organoak «ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko planaren helburuak betetzera bideratutako laguntza fiskalei buruzko proposamena» Ekintzaileei eta Enpresa Txikiari Laguntzeko Euskal Kontseiluari igorriko diola -kontseiluaren sorrera eta eginkizunak lege-proposamen bereko 12. artikuluan daude araututa-.

Hortaz, Ebazpen Batzordeak erabaki behar du ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko planean zerga-alorreko neurriak jasotzeko aurreikuspena, plana onestea Autonomia Erkidegoko erakunde komunei dagokien aldetik (zehatzago esanda, Eusko Legebiltzarrari), Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko eskumen-banaketaren aurkakoa den. Eta lurralde historikoei dagokien eskumen bat izango balitz, ea Autonomia Erkidego barruko eskumen-banaketaren aurkakoa den ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko planean jasoko liratekeen laguntza fiskalak proposatzeko eginkizuna Zergak Koordinatzeko Organoari izendatzea.

Seigarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko finantza- eta zerga-sistemaren arauketa, hemen interesatzen zaigunari dagokionez, Estatutuaren 41. artikuluan dago jasota, eta bertan ezartzen da Estatuaren eta Euskal Herriaren arteko zerga-alorreko harremanak, tradiziozko foruetako ekonomia-itun edo hitzarmenen bidez bideratuko direla (1. paragrafoa). Eta, jarraian, Estatuarekin zerga-alorrean izango den harreman-sistema arautuko duten hainbat printzipio eta oinarri aipatzen dira, eta, besteak beste, hala ezartzen da: «Lurralde historikoetako erakunde eskumendunek zerga-araubidea mantendu, ezarri eta arautu ahal izango dute beren lurraldean», eta «Estatuko zerga-egitura orokorrari, koordinaziorako, zerga-harmonizaziorako eta Estatuarekiko lankidetzarako ekonomia-itunak berak jaso ditzan arauei eta Autonomia Erkidegoaren baitan helburu horiexetarako Eusko Legebiltzarrak eman ditzanei loturik» [41.2.a) artikulua]. Era berean, Estatutuan ezartzen da «Foru-aldundi bakoitzak ordainaraziko, kudeatuko, kitatuko, bilduko eta ikuskatuko ditu zerga guztiak nork bere lurralde historikoaren barruan, muga-zergari dagozkionak eta gaur egun zerga-monopolioen bidez biltzen direnak ezik, beti ere Estatuarekiko lankidetzari eta bere goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe» [41.2.b) artikulua].

Estatutuaren arauketa hori zehatz-mehatz dago jasota une honetan indarrean dagoen Ekonomia Itunaren, maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak onetsitakoaren, 1. artikulua osatzen duten bi paragrafoetan.

Zerga-alorrean eskumena lurralde historikoei dagokiela berriz dago jasota Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzko Legearen 7.a.6) artikuluan (azaroaren 25eko 27/1983 Legea, Lurralde Historikoen Legea izenez ezagutzen dena), eta bertan jartzen du «Autonomia Estatutuaren 41. artikuluak esaten dituenak eta, orohar, Ekonomia Ituna onartzen duen Legeak edo zergalaritza alorreko beste arau edo manuren batzuk emanda izan ditzaten guztiak» lurralde historikoen eskumen esklusiboak direla.

Transkribatutako estatutu-arauketatik eta lege-arauketatik ondorioztatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldearen barruan zergak ezartzeko eta arautzeko eskumena lurralde historikoena dela Ekonomia Ituna onartzen duen Legeak ezarritako esparruan eta, hala badagokio, Ekonomia Ituna onartzen duen Legean Estatuak ezarritako edo Eusko Legebiltzarrak emandako koordinazio, zerga-harmonizazio eta lankidetzako arauek ezarritako mugen barruan.

Zazpigarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-sistema, nolanahi ere, ez dago ezinbestez Ekonomia Itunaren sistemara mugatuta, eta bere esparruan, ikusi den bezala, zergak arautzeko eta kudeatzeko ahalmena lurralde historikoei dagokie sistema osatzen duten zergetako bakoitzari dagokionez Ekonomia Ituna onartzen duen Legeak ezarritako mugen barruan. Autonomia Erkidegoak zerga propioak ezartzeko ahalmena du. Suposamendu honetan, Autonomia Estatutuko 42.b) artikuluak Autonomia Erkidegoko erakunde komunei izendatzen die zergak ezartzeko eta arautzeko eskumena. Horrek esan nahi du Autonomia Erkidego barruko sistemak ez duela eragozten, ez behintzat erabat, Autonomia Erkidegoko erakunde komunek zerga-alorreko eskumenak gauzatzea. Baina suposamendu horrek ez du garrantzirik aztergai dugun gai honetan; izan ere, agerikoa da inpugnatutako lege-proposamenean aipatzen diren «zerga-alorreko neurriak» inola ere ez direla bideratzen, ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko planaren bidez, zerga berriak ezartzera Autonomia Erkidegoaren zerga propio gisa. Bestalde, Autonomia Erkidegoak ez du ezarri aztergai dugun esparruan garrantzia duen zerga propiorik. Horregatik, eta hemen axola duenaren ikuspegitik, Ekonomia Itunaren sistemaren barruan gabiltza eta sistema horretan lurralde historikoena da arautzeko eta kudeatzeko eskumena.

Zortzigarrena.- Egiazki, lurralde historikoek Ekonomia Itunaren sistemaren baitan zergak ezarri, arautu eta kudeatzeko duten eskumenak bere mugak ditu. Lehenik eta behin, Estatutuan jartzen du lurralde bakoitzean zerga-araubidea «Estatuko zerga-egitura orokorrari» loturik ezarri eta arautuko dela [41.2.a) artikulua]. Horrek esan nahi du Ekonomia Ituna onartzen duen Legeak ezartzen dituela Estatuaren zerga-sistema osatzen duten eta «itunduak» diren zergak, eta horien artean «araudi autonomoari lotuta» daudenak eta «Estatuaren araudiari lotua» daudenak bereizten dira.

Bestalde, lehen adierazi den bezala, zergak arautzeko ahalmena Estatuak, Ekonomia Ituna onartzen duen Legean bertan, eta Eusko Legebiltzarrak berak koordinaziorako, zerga-harmonizaziorako eta lankidetzarako arauak ezartzeko duten ahalmenak mugatzen du.

Bederatzigarrena.- Zehaztasun horietatik abiatuta, kontua da erabakitzea ea inpugnatutako 12.3.a) artikuluaren aurreikuspena, ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko planean jasotako «zerga-alorreko neurrien» bidez enpresak sortzen lagunduko duen esparru ekonomiko bat sustatzekoa, alegia, zerga-araubidea osatzen duen elementu bat ezartzea edo arautzea den, adierazitakoaren arabera eskumen hori lurralde historikoena baita.

Alde horretatik, lehenbizi zehaztu behar da ea inpugnatutako lege-proposamenaren 12.3.a) artikuluaren aurreikuspenak benetan dakarren zuzenean ezartzea «zerga-alorreko neurriak» erakunde komunek onestekoa den tresna batean, hain zuzen ere eragina izateko, ala, Euskal Talde Popularrak adierazten duen bezala, foru-organo eskumendunen aurrean «sustatu» baino ez den egin nahi, zerga-araudia onesteari begira, neurri jakin batzuk hartzea; kasu horretan neurri horiek gauzatzea azken horien borondatearen esku geratuko litzateke, askatasun osoa izaten jarraituko luketen aldetik zergak ezarri eta arautzeko eskumena gauzatzeko. Eta, Jaurlaritzak esandako neurriak hartzea «susta» dezan, Zergak Koordinatzeko Organora jotzen da horren ustez egokienak diren neurriak proposa ditzan.

Inpugnatutako lege-proposameneko 12.3.a) artikuluan jartzen du «ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko plana» onetsiko dela «Euskal Autonomia Erkidegoan enpresak sortzen lagunduko duen esparru ekonomiko bat sustatzea» helburu dela. Helburu hori «zerga-alorreko neurrien bidez» lortuko da, eta neurri horiek Eusko Legebiltzarrak onetsiko duen plan batean jasoko dira. Horrek esan nahi du planak ezarriko dituela bertan finkatutako helburuak lortzen lagunduko duten «zerga-alorreko neurriak». Ez du, beraz, zerikusirik Euskal Talde Popularrak egiten duen interpretazioarekin, Eusko Jaurlaritzak lurralde historikoetako foru-organoen aurrean sustatutako proposamenak baino ez direla esaten duen aldetik. Eusko Legebiltzarrak onetsitako plan batean jasota dauden neurriak ezin dira hartu Jaurlaritzak lurralde historikoetako batzar nagusiei -egoki iruditzen bazaie-, zerga ezberdinen esparruan subjektu jakin batzuen zerga-harremana arautzeko xedapenak har ditzaten, egindako proposamentzat.

Gainerakoan, Zergak Koordinatzeko Organoak esku hartzeari buruz Euskal Talde Popularrak esandakoak ez du zerikusi handirik lege-proposamenean aurreikusten denarekin, ez eta bere interpretazioa funtsatzeko aipatzen dituen aurrekariekin ere. Alegazioen idazkian aipatzen diren suposamenduak, guztiak, legebiltzar-sistema bateko berezko harremanaren adibideak dira eta Legebiltzarrak Jaurlaritzaren ekintza kontrolatu eta bultzatzearekin dute zerikusia. Aipatutako kasu horietan Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio jarrera jakin bat hartzeko edo proposamen jakin bat sustatzeko Jaurlaritzako kideak dituen organo jakin batean -Zergak Koordinatzeko Organoan, alegia-. Inpugnatutako lege-proposamenaren kasuan oso bestelako esparruan gabiltza, bertan ezartzen baita Zergak Koordinatzeko Organoak -Euskal Talde Popularrak egiten duen argumentazio jarraituz- organo gisa -hau da, foru-diputazioak ordezkatzen dituzten kideak barne direla- lurralde historikoetako foru-organoen aurrean Jaurlaritzak sustatu beharko lituzkeen neurriak Jaurlaritzari proposatuko dizkiola; eta Legebiltzarraren lege baten bidez egingo luke.

Zergak Koordinatzeko Organoa ez da erakunde komunen organo bat, erakunde arteko koordinaziorako eta lankidetzarako organo bat baizik. Eta ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko plana, inpugnatutako lege-proposamenean diseinatuta dagoen moduan, erakunde komunen tresna bat da, eta hori ez du gezurtatzen Ekintzaileei eta Enpresa Txikiari Laguntzeko Euskal Kontseilua bezalako kontsulta-organo batean foru-aldundietako ordezkariek parte hartzeko aurreikuspenak. Bere edukiari dagokionez, inpugnatutako lege-proposamenean aipatuta dauden «zerga-alorreko neurriek», ezinbestez, enpresa-jarduera sortzeari eta bere funtzionamenduari eragiten dioten zergen arauketarekin dute zerikusia, lege-proposamenean bertan jartzen duen bezala, enpresak sortzen laguntzeko. Aurreikuspen hori nahitaez, bere jarduera ekonomikoa dela-eta, ekintzaileei eta enpresa txikiari eragiten dieten zerga-betebeharren alorreko elementu zehatzen arauketari dagokio. Eta, nahitaez, Autonomia Erkidegoko zerga-sistemaren terminoetan zerga itunduei buruzko elementuak aztertu beharko lirateke, eta horiek kudeatzea eta, gainera, arautzea -araudi autonomikoari lotutako zergak badira- lurralde historikoei dagokie. Euskal Autonomia Erkidegoan, beraz, egungo egoeran, lege-proposamenean aipatzen diren zerga-alorreko neurriak lurralde historikoetako foru-organoek bakarrik onets ditzakete. Dena dela, Euskal Talde Popularra, lege-proposamenaren egilea, ados dago interpretazio horrekin.

Kontuan izan behar da lege-proposamenaren 12.3.a) artikuluaren aurreikuspena foru-ogasunen zerga «orokorrak» deitu ditzakegunekin ez ezik, eta oso bereziki, toki-ogasunen hainbat zerga propiorekin ere lot daitekeela. Planteatu behar da, beraz, ea esparru horretan Autonomia Erkidegoko erakunde komunek baduten enpresak sortzea sustatzearekin zerikusia izan dezaketen toki-zergen arauketan eragiteko ahalmenik.

Ekonomia Ituna onartzen duen Legeak, alde horretatik, toki-zergak Ekonomia Itunaren sisteman bertan sartzen ditu, eta bere hedapen osoan jasotzen ditu -«beste toki-zerga batzuk» ezartzeko aukera barne dela- lurralde historikoei arautzea dagokien «araudi autonomoari lotutako» zerga gisa (Ekonomia Ituna onartzen duen Legearen 39. artikulua eta hurrengoak). Ondorioz, inpugnatutako lege-proposamenaren 12.3.a) artikuluan aipatzen diren «zerga-alorreko neurriek» edozein eratako zergetan eragiten dutela ere, eskumena lurralde historikoei dagokie, esparru horretan Autonomia Erkidegoaren zerga propioren bat ezarri ezean; eta une honetan ez dago halakorik.

Azkenik, argitu beharko litzateke inpugnatutako lege-proposamenaren 12.3.a) artikuluan jasotako aurreikuspena Eusko Legebiltzarrak zerga-alorrean koordinaziorako, zerga-harmonizaziorako eta Estatuarekiko lankidetzarako arauak ezartzeko duen ahalmenaz Autonomia Estatutuan egiten den aurreikuspenaren adierazpena den, lurralde historikoek zerga-alorrean duten ahalmen arautzailea mugatzea den aldetik.

Garrantzi kualitatibo handia du Eusko Legebiltzarrari koordinaziorako, zerga-harmonizaziorako eta lankidetzarako arauak emateko ahalmena aitortzeak, eta inondik inora ezin da gutxietsi, Estatutuaren arabera lurralde historikoei dagokien eskumen baten esparruan izan dezakeen eragina dela-eta. Euskal Talde Popularrak, hain zuzen ere, inpugnatutako lege-proposamenaren 12.3.a) artikuluan jasotako xedapena -16.1 artikuluari dagokionez- Autonomia Estatutuaren arabera erakunde komunek bere gain har dezaketen koordinazio-eginkizunaren adierazpen bat dela interpretatzen du.

Zerga-alorreko neurrien bidez enpresak sortzea sustatzea planteatzen duen arau baten aurreikuspena denez, agerikoa da ezin dela Eusko Legebiltzarrak koordinaziorako eta lankidetzarako arauak emateko duen ahalmenaz aritu; izan ere, aztergai dugun kasuan, Autonomia Estatutuak erakunde komunei izendatzen dien koordinazio-eginkizuna arlo bereko beste eskumen batzuen -orokorren edo lehentasunezkoen- titulartasunetik bereizitako eginkizuna da. Sartu den testuinguruan eskumenaren titulartasuna lurralde historikoena da, eta eurena bakarrik.

Autonomia Estatutuaren 41.2.a) artikuluan ezarritakoaren arabera erakunde komunei dagokien koordinazio- eta lankidetza-eginkizunaren mugak argiago gera daitezke baldin eta Konstituzioaren 156. artikuluan ezarritakoekin alderatzen baditugu -artikulu horretan jartzen du autonomia-erkidegoek finantza-autonomia izango dutela eta Estatuaren Ogasunarekin koordinatuta gauzatu ahal izango dutela-. Azken suposamendu honetan koordinazio-eginkizuna zerga-sistema orokorra ezartzeko eskumen orokor eta lehentasunezko baten titulartasunari lotuta dago -Konstituzioaren 149.1.14 artikuluaren arabera Estatuarena den Ogasun Orokorraren eskumenarenari-, eta autonomia-erkidegoek ezar ditzaketen zergek bateragarriak izan behar dute. Ondorio horietarako, Estatuak autonomia-erkidegoen finantza-autonomia baldintzatzen duten koordinazio-eskakizun jakin batzuk ezar ditzake (ikus 104/1988 KAE, ekainaren 8koa, 4.OJ; 14/2004 KAE, otsailaren 12koa, 7.OJ; 13/2007 KAE, urtarrilaren 18koa, 8.OJ; eta, orain dela gutxiko 31/2010 KAE, ekainaren 28koa, 130.OJ).

Kasu horretan ez dago Ekonomia Itunaren araubidearen esparruan Autonomia Erkidegoko erakunde komunei dagokien koordinazio-eginkizuna, horiek ez baitute beste eskumenik -koordinatzeko, lankidetzan jarduteko eta harmonizatzekoaz gainera-. Gure kasuan, osotasunean beste erakunde batzuei (lurralde historikoei) dagozkien eskumenak -hemen horrek du garrantzia- gauzatzea koordinatzeko da koordinazio-eginkizuna. Eta berez hiru lurralde historikoetako zerga-sistemen homogeneizazio estrukturala eta teknikoa lortu nahi da, hain zuzen ere, zergen arauketan aldeak egon arren, Euskal Autonomia Erkidego osoan zerga-sistema koherente eta homogeneoa dagoela esan ahal izateko, sistema horren baitan alderdiak elkarren artean komunikatu eta erlazionatu ahal izan daitezen. Horregatik ulertu behar da Konstituzio Auzitegiak ezarritako zentzuan, eta orokorrean, erakunde bakoitzak bere eskumenak gauzatzean «elkarrekiko informazioa, alderdi jakin batzuetan homogeneotasun teknikoa eta baterako ekintza ahalbidetuko duten harreman-sistemak eta bitartekoak finkatzea» bezala, hain zuzen ere, sistema osoaren integrazioa ahalbidetzeko (ikus 32/1983 KAE, apirilaren 28koa, 2.OJ).

Subjektuak enpresa txikiak edo ekintzaile indibidualak direnean zerga-harremanean berezitasunak ezarriko lituzketen zerga-alorreko neurriak jasotzen dituen lege bat aurreikustea, Ekonomia Itunaren sistema osatzen duten zergen esparruan, ezin da subsumitu Autonomia Estatutuak zerga-esparruan erakunde komunei izendatzen dien koordinazio-eginkizuna gauzatzean, koordinazioaren berezko esparrua gainditzen duen aldetik.

Zerga bateko elementuen arauketan sartzen den xedapen batek, hipotetikoki, kasu bakar batean izan lezake tokia: zerga-harmonizaziorako arauak ezartzeko ahalmena gauzatzean.

Euskal Talde Popularrak, agerikoa den bezala, ukatu egiten du aztergai den xedapena harmonizazio-arauak emateko ahalmena gauzatzeko suposamendu bat denik. Baina, nolanahi ere, zehaztu behar da ea inpugnatutako xedapenaren interpretazioa, bere literaltasuna eta sistematikoki txertatzea kontuan hartuta, bat datorren proposamen-egileak adierazitakoarekin.

Alde horretatik, lehenbizi zehaztu behar da, Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaritzak bere alegazio-idazkian egoki asko adierazten duen bezala, Autonomia Estatutuaren 41. artikuluan Eusko Legebiltzarrari izendatzen zaion zerga-harmonizaziorako eskumenak, arrazoizko oinarri gisa, zerga-eskumenaren titulartasuna lurralde historikoei aitortzea eskatzen duela. Harmonizazio-eskumen bat erakunde jakin bati izendatzeak kasu bakar batean du zentzua: eskumena, printzipio gisa, erakunde-multzo bati edo hainbat erakunderi dagokienean, eskumen hori gauzatzeak interes orokorrari kalte egin diezaiokeen neurrian, eta, esan bezala, kasu horretan du zentzua harmonizazio-eskumena gauzatzeak, hain zuzen ere, eskumenaren titularrak diren erakundeek eskumena ezberdin gauzatu izanaren ondorioz kaltetutako interes orokorra babesteko.

Prozesu Autonomikoa Harmonizatzeko Oinarrizko Lege Proiektuari buruzko Epaian (76/1983 KAE, abuztuaren 5ekoa) Konstituzio Auzitegiak adierazi zuen bezala harmonizazio-arauek osatu baino ezin dituzte egin, ez ordezkatu, eskumen-banaketari buruzko gainerako aurreikuspenak. Harmonizazio-eskumena ez da eskumen arrunta, aparteko eskumena baizik; izan ere, beste erakunde batzuk titular dituzten eskumenen esparruan eragiteko modu bat da. Horrek esan nahi du harmonizazio-eskumena berariaz gauzatu behar dela, beste era batera esanda, berariaz adierazi behar dela harmonizazio-eskumen bat gauzatzen dela; eta, gainera, eskumen hori zergatik gauzatzen den azaldu behar da interes orokorra ziurtatzeko, eta hautemate horretan, zalantzarik gabe, badago hautemate politikorako tarte bat. Autonomia Erkidegoak, alde horretatik, jadanik eman du «oinarrizkoa» esan dezakegun Harmonizazio Lege bat -3/1989 Legea, maiatzaren 30ekoa, Zergapideen elkar-egokitasun, erakidetasun eta lankidetasunari buruzkoa, martxoaren 6ko 4/1998 Legeak aldatu zuena-, eta bertan ezartzen dira hainbat zergatan harmonizagai izan daitezkeen elementuak lurralde historikoetako araudiak ez ditzan distortsioak edo irizpide-aldaketak eragin bitartekoak Autonomia Erkidegoko erakundeen artean esleitzean.

Inpugnatutako lege-proposamenaren 12.3.a) artikuluan egiten den aurreikuspenean ez da baldintza horietako bakar bat ere aldi berean gertatzen, eta ezin da, beraz -eta ez dirudi horixe denik adierazitako aurreikuspenaren helburua ere-, Estatutuaren 41.2.a) artikuluak zerga-alorrean harmonizazio-arauak emateko Eusko Legebiltzarrari aitortzen dion ahalmena gauzatzeko suposamendutzat hartu.

Ondorioz, Eusko Legebiltzarrak ez du enpresa sortzea sustatzeko «zerga-alorreko neurriak» ezartzeko eskumenik, Ekonomia Itunaren sistema osatzen duten zergak mantendu, ezarri eta arautzeko eskumenari eragiten dion aldetik, eta zerga horien titularrak, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 41.2.a) artikuluan xedatutakoaren arabera eta, horrekin bat etorriz, Ekonomia Itunaren 1. artikuluaren eta Lurralde Historikoen Legearen 7.a.6 artikuluaren arabera, lurralde historikoak dira. Horrek, bestalde, esan nahi du Eusko Legebiltzarrak ez duela eskumenik «zerga-alorreko neurriak» jaso beharko lituzkeen planifikazio-tresna bat, kasu honetan ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko plana, aurreikusteko; izan ere, Legebiltzarraren lege bat izanik Autonomia Erkidegoko erakunde komunak zerga-esparruko eskumen bat gauzatzen ariko lirateke eta eskumen horren titularrak berez lurralde historikoak dira.

Horregatik guztiagatik, Euskadiko ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntza emateko lege-proposamenaren 12.3.a) artikuluan aurreikusten dena ez dator bat Autonomia Estatutuan erakunde komunen eta foru-erakundeen artean eskumenak banatzeko ezarritako sistemarekin.

Hamargarrena.- Inpugnatutako lege-proposamenaren 16.1 artikuluan aurreikusten da jadanik aztertu dugun 12.3.a) artikuluan aipatzen diren zerga-alorreko neurriak Zergak Koordinatzeko Organoak proposatu behar dituela, eta honek sortu egingo den organo bati, Ekintzaileei eta Enpresa Txikiari Laguntzeko Kontseiluari helaraziko dizkiola; Kontseiluaren sorrera, osaketa eta eginkizunak inpugnatutako lege-proposamenaren 21. artikuluan eta ondorengoetan daude araututa. Lege-proposameneko 12. artikuluan aipatzen den Plana egitea Eusko Jaurlaritzari egokituko litzaioke, eta honek Eusko Legebiltzarrera igorriko luke bertan eztabaidatu eta onesteko (12.2 artikulua).

Inpugnatutako lege-proposamenean ez da zehazten zein den Zergak Koordinatzeko Organoak egin beharko lukeen proposamenaren, Ekintzaileei eta Enpresa Txikiari Laguntzeko Euskal Kontseiluaren eginkizunaren -kontsulta-erakunde gisa eratzen da- eta Eusko Jaurlaritzak ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko plan-proposamena egitearen arteko zerikusia.

Nolanahi ere, eta eskumen-arazo honi dagokionez, Ebazpen Batzordeari honako hau erabakitzea dagokio: inpugnatutako lege-proposamenaren 16.1 artikuluan, ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko planaren helburuak betetzeko zerga-alorreko laguntzak proposatzeko eginkizuna Zergak Koordinatzeko Organoari izendatzen dion artikuluan, jasotako aurreikuspena bat datorren Estatutuan ezarritako erakunde komunen eta foru-erakundeen arteko eskumen-banaketarekin ala aldatu egiten duen -edo eragina duen- indarrean dagoen legerian erakunde komunen eta foru-erakundeen artean eskumenak banatzeko ezarritako sistema, Lege arautzailearen 54. artikuluan ezartzen den bezala. Horrek esan nahi du ez dagokiola Ebazpen Batzorde honi beste gai batzuk ebaztea, hala nola, egokia den Koordinazio Organo batek proposamenak egiteko eginkizuna bere gain hartzea edo prozedura honetan pertsonatutako alderdien ordezkari juridikoek adierazitako beste batzuk.

Alde horretatik, eta eskumenen titulartasunari dagokionez, adierazi behar da, aldez aurretik, hemen egin den bezala, argi utzita erakunde komunek ez dutela eskumenik inpugnatutako lege-proposamenaren 12.3.a) artikuluan aurreikusitako Planeko «zerga-alorreko neurriak» ezartzeko Estatutuak lurralde historikoei izendatutako eskumena den aldetik, erakunde komunek ez dutela ahalmenik Zergak Koordinatzeko Organoari esandako Plan horretan -erakunde komunek egitekoa- jasoko diren «zerga-alorreko laguntzak» proposatzeko eginkizuna izendatzeko, eginkizun hori zuzenean lurralde historikoen eskumen batean inkardinatzen den aldetik. Ondorio hori saihestezina da; izan ere, ostera, erakunde komunek inolako titulartasunik ez duten eskumen batean sartuko lukete Zergak Koordinatzeko Organoa.

Arrazoi horiengatik, inpugnatutako lege-proposamenaren 16.1 artikuluan aurreikusitako xedapena, Zergak Koordinatzeko Organoak ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko planaren helburuak betetzeko zerga-alorreko laguntzak proposatzekoa, alegia, ez dator bat Autonomia Estatutuan ezarritako erakunde komunen eta foru-erakundeen arteko eskumen-banaketarekin.

Hamaikagarrena.- Gainera, Arabako foru-aldundiak, bakarka, Euskadiko ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko lege-proposamenak jasotzen dituen beste aurreikuspen batzuk inpugnatu ditu. Lehenik eta behin, 9. artikuluan jasotako aurreikuspena inpugnatu du, barne-merkatuko zerbitzuei buruzko Europako direktibaren aplikazioari buruzkoa eta Eusko Jaurlaritzak «barne-merkatuko zerbitzuei buruzko Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Direktiba Euskadin era berean aplikatu dadin bultzatu eta koordinatuko du, bereziki lizentziak eta baimenak eskatzeko eta toki-eremuan administrazio elektronikoa erabiltzeko orduan» xedatzen duena.

Arabako foru-aldundiaren aburuz, Euskadin aipatutako direktiba aplikatzeko orduan xede den koordinazioak ezin du alde batera utzi lurralde historikoek «hainbat gaietan» tipologia desberdineko eskumenak dituztela; horiek inpugnatutako lege-proposamenaren 9. artikuluak berariaz aipatzen duen esparrura zuzentzen dira (lizentziak eta baimenak eskatzea eta toki-eremuan administrazio elektronikoa erabiltzea).

Gaur egun, Eusko Legebiltzarrean hainbat lege aldatzeko lege-proiektua izapidetzen ari dela kontuan hartu du Euskal Talde Popularrak, hain zuzen ere, inpugnatutako lege-proposamenaren 9. artikuluak aipatutako direktibara egokitu daitezen; hala ere, ebazpen batzordearen aurrean ez da inolako arazorik planteatu, eta horrek zalantzan jarri den aurreikuspenaren bete-beteko egokitasuna berretsiko lukeela uste du.

Horren haritik, lehenik eta behin adierazi behar da foru-aldundietako batek ere Euskal Talde Popularrak aipatutako lege-proiektuaren aurrean eskumen-arazorik ez planteatu izanaren aurrean, ezin dela bere horretan ulertu Arabako foru-aldundiak aurkeztutako inpugnazioa ezesten denik, esanguratsua izan daitekeen arren. Ebazpen batzorde honek inpugnazioa aztertu behar du.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak adierazi bezala, Arabako foru-aldundiak aurkeztutako inpugnazioak forma-arazo bat planteatzen du, eta ebazpen batzorde honen aburuz, arazo saihestezina da: foru-eskumenak babesteko beharra modu orokorrean baieztatzea, lege-proposamenean aurreikusitako xedapenak zehazki urratuko lituzkeen eskumenak zehaztu gabe.

Arabako foru-aldundiak aurkeztutako inpugnazioari dagokionez, zehaztu beharra dago Lege arautzailearen 26.1 artikuluak ebazpen batzordearen aurreko prozedurek «ustez dagoen eskumen-urraketa zehaztasunez eta argitasunez» adierazi beharko dutela xedatzen duela. Arabako foru-aldundiaren lege-ordezkaritzak ez du inolako argibiderik ematen eskumen zehatz horien inguruan. Estatutu- edo lege-xedapenaren ondorioz (lehenik eta behin, Lurralde Historikoen Legea) lurralde historikoen esku egongo lirateke, eta inpugnatutako lege-proposamenaren 9. artikuluak aurreikusitako xedapenak urratuko lituzke.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak adierazi bezala, 9. artikuluak aipatutako esparru materialak, hala badagokio, Lurralde Historikoen Legearen 7.c.6 artikuluan xedatutako foru-eskumenarekin harremana izan dezake soilik, jarduera gogaikarri, kaltegarri, osasungaitz eta arriskutsuei buruzkoa, eta horien kasuan, lurralde historikoen eskumena «erakunde komunen legeria bere lurraldean betetzera» mugatzen da. Horren arabera, arlo honetan, Europako direktiba aplikatzeko orduan erakunde komunen ahalmen legegilearen erabilera euren eskumen-eremuaren baitan egongo litzateke.

Nolanahi ere, Konstituzio Auzitegiaren doktrina finkatuak berresten duen moduan -abenduaren 20ko 252/1988 KAE epaiarekin hasten dena-, gogora ekarri behar da Europar Batasunaren Zuzenbidea barne-antolaketa juridikoan sartzeak autonomia duten lurralde-erakunde desberdinen arteko eskumenen banaketari buruzko irizpideak errespetatu behar dituela. Horrenbestez, «barne-zuzenbidearen arauen arabera berez eskumena duenari dagokio erkidegoko zuzenbidea betearaztea», erkidegoko zuzenbidea betearazteko berariazko eskumenik ez dagoelako (apirilaren 22ko 141/1993 KAE). Horren ondorioz, azkenean inpugnatutako xedapenaren antzeko bat sartuz onetsiko balitz, Legebiltzarrari buruzko Legeak ezingo luke inolaz ere Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta bere lurralde historikoen foru-organoen arteko eskumenen banaketa aldatu, aipatutako Zerbitzuei buruzko Direktibaren betearazpena dela kausa.

Ondorioz, dena dela, Arabako foru-aldundiak inpugnatutako lege-proposamenaren 9. artikuluaren kasuan, antzeko inpugnazio baten aurrean Lege arautzaileak eskatzen dituen prozesu-baldintzak batera gertatzen ez direla adierazi behar da, xedapen horrek eragingo lukeen foru-eskumena zehazten ez delako. Beraz, xede hori guztiz ezetsi behar dela ondorioztatu du ebazpen batzorde honek.

Hamabigarrena.- Era berean, Arabako foru-aldundiak ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko lege-proposamenaren 10. artikulua inpugnatu du, lege-proposamenak berak xedatutako hainbat balizko kasutan enpresaren lehia eta askatasunaren gaineko eraginaren txosten bati buruzkoa, hori ematea Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiari dagokiolarik. 10. artikuluaren 2. paragrafoak aurreikusitakoaren arabera, aipatu txostenak «aurretiazko izaera, aginduzkoa eta loteslea izango luke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoarentzat eta Sektore Publikoarentzat».

Aurreikuspen honi lotuta, Arabako foru-aldundiaren ordezkaritzaren ustez, «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari eta Sektore Publikoari» aipamena egiteak adierazten du ekimen legegilearen xedea Autonomia Erkidegoko Administrazio Publiko guztiak eta Sektore Publikoa adierazitako prozeduraren eraginpean jartzea dela, eta ez soilik Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta horren mende dagoen Sektore Publikoa. Xede horren bidez foru-erakundeen autonomia urratuko litzateke. Foru-aldundiaren ordezkaritzak modu baketsuan onartu ditu Lehiaren Defentsarako Autonomia Erkidegoaren organoaren «a posteriori» aholkularitza eta ikuskaritza funtzioak. Eragozpena aurretiazko esku-hartzearen izaera loteslean oinarritzen da, organoaren izaera kontuan hartuta, soilik kontsultarako izan daiteke eta.

Laburbilduz, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak iritzi horrekin bat egiten du, inpugnatutako lege-proposamenaren 10. artikuluan aurreikusitako txostenari izaera loteslea emateak lurralde historikoen eskumenetan bidegabe sartzea adieraziko lukeelako.

Euskal Talde Popularrak, bere aldetik, Autonomia Erkidegoan indarrean den lege-sistemaren baitan «Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari eta Sektore Publikoari» aipamena egiterakoan soil-soilik Autonomia Erkidegoko erakunde komunen mende daudenei buruz ari dela defendatu du. Beraz, ez lituzke barne hartuko beste erakunde batzuen mendeko Administrazioak eta Sektore Publikoa, besteak beste, eta bereziki, lurralde historikoenak.

Egiaz, Euskal Talde Popularrak arrazoia du. Erakunde komunen mendeko administrazio-erakunde eta titulartasun publikoko erakunde guztiak aipatzeko modu mugatuan «Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra» esamoldea eta horren mendeko Sektore Publikoa erabili den arren, Autonomia Erkidegoko legerian espresuki «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa» esamoldea erabiltzen da, Gobernu Legeari (53. artikulua) buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen goiburuko arautik hasita. Aitzitik, administrazio publikoen osotasuna, foralak barne, aipatu nahi denean, horien aipamen zehatza egiten da, Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen kasuan bezala, edo bestela, pluralean «Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioak» erabiltzen da, Euskadiko Aholkularitza Batzorde Juridikoaren azaroaren 24ko 9/2004 Legean egiten den moduan. Inpugnatutako lege-proposamenaren edukiak eta sistematikak agerian uzten dute erakunde komunen esku-hartze tresna dela, bederatzigarren oinarri juridikoan adierazi den bezala. Hori dela-eta, «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoa eta Sektore Publikoa» esamoldea Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuaren mendeko administrazio-egiturari eta sektore publikoari buruz ari da. Gainerakoan, gainerako bi foru-aldundiek modu horretan interpretatu dutela dirudi, ez baitute lege-proposamenaren 10. artikuluan jasotako xedapena inpugnatu.

Bestelako kontua da txostenaren izaera lotesleari dagokiona, izan ere, horren arabera, Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiak aginduz eta aurretiaz eman beharko luke.

Lehiaren Defentsarako Legeari buruz Konstituzio Auzitegiaren Epaiak xedatutakoaren arabera (azaroaren 11ko 208/1999 KAE), barne-merkataritzaren inguruan eskumenak dituzten Autonomia Erkidegoei betearazteko hainbat eskumen dagozkie lehia askeari lotutako gaietan esku-hartze, baimen edo zigorrei dagokienez, erkidegoen barruan garatutako edo Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuari dagokion merkatura mugatutako jardunak direnean. Eskumen horiek baliatzeko, Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia sortzeko eta hari lotutako beste gai batzuetarako apirilaren 12ko 81/2005 Dekretua eman zuen Eusko Jaurlaritzak. Horrenbestez, Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiaren eskumenak, aipatu dekretuaren 2. artikuluan zehazten direnak, bat datoz arestian adierazitakoarekin. Eremu zorrotz horretatik kanpo aipatu auzitegiari bestelako eskumenak esleitzeak hainbat arazo sor ditzake; edonola ere, arazo horiek ez dira ebazpen batzorde honen eskumenekoak, eta beraz, ez dugu horien inguruko iritzirik emango.

Horren haritik, txostenari izaera loteslea ematea, zeinaren igorpena inpugnatutako lege-proposamenaren 10. artikuluaren bidez Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiari esleitu nahi zaion, desegokia dela dirudi, goian adierazitakoari dagokionez, Lehiaren Defentsarako legeriak jasotzen dituen aurreikuspenak betearazteko arloan dagozkion eskumenak gainditzen dituela kontuan hartuta. Baina, edonola ere, ebazpen batzorde honen eskumenetik kanpo dagoen afera da, Autonomia Estatutuak edo indarrean den Autonomia Erkidegoko legeriak xedatutako erakunde komunen eta lurralde historikoen foru-organoen arteko eskumenen banaketari eragiten ez dion heinean.

Horren ondorioz, Arabako foru-aldundiaren xedea ezetsi egin behar da, inpugnatutako lege-proposamenaren 10. artikuluan jasotako aurreikuspenak Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta bere lurralde historikoen foru-organoen eskumenen banaketari eragiten diolako. Izan ere, «Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoa eta Sektore Publikoari» egindako aipamena Autonomia Erkidegoko Gobernuaren mendeko Administrazioari eta Sektore Publikoari buruz mugatzen zaiola ulertu behar da.

Hamahirugarrena.- Azkenik, Arabako foru-aldundiak ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntza emateko lege-proposamenaren 15. artikulua inpugnatu du. Aurreikuspen honi dagokionez, hainbat hausnarketa egin ditu enpresa mota zehatz batek (pertsona fisikoak eta mikroenpresak) enpresa-jarduera abiatzerakoan, toki-tasak konpentsatzeko aurreikusitako laguntza-ildoaren «legaltasun zalantzagarriari» buruz. Nolanahi ere, ebazpen batzordearen aurrean egindako inpugnazioa aipatu artikuluaren 4. paragrafoan, a) eta b) letretan, Toki Ogasunak Arautzeko Legeari buruz egiten den aipamenean ustez egindako okerrean oinarritzen da, Euskadin toki ogasunen arloan lurralde historikoetako Batzar Nagusiek onetsitako araudia aplikatu beharko litzatekeelako.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak bat egiten du Arabako foru-aldundiak egindako hausnarketarekin, eta Toki Ogasunak Arautzeko Legea aipatu ordez lurralde historikoek emandako Toki Ogasunen Foru-arauak aipatu beharko liratekeela uste du, horiek baitira Euskadiko udalerrietan aplikagarriak.

Egiaz, martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Toki Ogasunak Arautzeko Legearen Testu Bateratuaren zortzigarren xedapen gehigarriak xedatutakoaren arabera, Euskadiko lurralde historikoek «udalerriei dagozkien gaietarako araubide berezia mantentzen jarraituko dute, Ekonomia Ituna onartzen duen Legearen arabera araubide ekonomiko-finantzarioari eragiten dionari dagokionean». Eta aurretik adierazi da Ekonomia Itunak toki ogasunaren barruko toki-zergak arautzeko eskumena ematen diela lurralde historikoei. Horrenbestez, horren haritik, zalantzarik gabe lurralde historikoen foru-arauek arautuko dituzte toki-zergei buruzko elementuak, Ekonomia Ituna onartzen duen Legeak jasotako baldintzei jarraikiz.

Inpugnatutako lege-proposamenaren 15. artikuluak aipatzen duen Toki Ogasunak Arautzeko Legearen 20. artikuluak toki-tasak aipatzen ditu, eta hala ere, Ekonomia Ituna onartzen duen Legeak ez ditu espresuki jasotzen toki ogasunei buruzko atalean. Baina Ekonomia Ituna onartzen duen Legeak klausula ireki bat du lurralde historikoek «bestelako toki-zergak» ezartzeko aukerari buruz. Esku artean dugun gaiari dagokionez, «erregimen komuneko toki-zerga erregimenari begira ezarritako egitura orokorrari arreta jartzeko» baldintza bete beharko da (Ekonomia Ituna onartzen duen Legearen 42. artikulua). Zergei buruzko Lege Orokorrak (abenduaren 17ko 58/2003 Legea) aurreikusitakoari jarraituz, tasak zerga-sistema orokorraren baitako zerga mota bat da, eta toki-erakundeen diru-sarrerei lotuta, oso eragin handia dute toki-eremuan. Eta lurralde historikoen toki ogasunei buruzko foru-arauek inpugnatutako lege-proposamenak aipatutako tasak arautzen dituzte, Toki Ogasunen Legearen antzeko zehaztasunez. Horrela, agerikoa da Euskadiko Autonomia Erkidegoko toki-tasen arloari dagokionez indarrean den araudia lurralde historiko bakoitzaren foru-arauetan jasotzen dena dela.

Edonola ere, araudiaren inguruko koherentzia arazo bat da, Autonomia Erkidegoan aplikagarria ez den araudi bat aipatzen duen heinean. Baina ebazpen batzorde honen eskumenetatik kanpo dagoen afera da, ez baita Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta bere lurralde historikoen foru-organoen arteko eskumenen banaketaren inguruko eztabaida, eta bere Lege arautzaileari jarraikiz, soilik horien inguruko iritzia azal dezake. Hori dela-eta, ebazpen batzorde honek Arabako foru-aldundiak egindako inpugnazioan jasotzen den xedea guztiz ezesten du, dagokion Lege arautzaileari jarraikiz horren inguruko iritzia emateko eskumenik ez duelako.

ERABAKIA

Azaldutakoari jarraikiz, ebazpen batzordeko osoko bilkurak

ERABAKI DU:

Lehenengoa.- Ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko lege-proposamenaren 12.3.a) artikuluak jasotzen duen aurreikuspenari lotuta, enpresak sortzen lagunduko duen esparru ekonomiko bat sustatzera bideratutako zerga-alorreko neurriak ezartzeari buruzko eskumena ez zaiola Autonomia Estatutuak xedatutako erakunde komunen eta foru-erakundeen arteko eskumenen banaketari egokitzen, lurralde historikoetako foru-organoei dagozkien eskumena delako.

Bigarrena.- Ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko lege-proposamenaren 16.1 artikuluak jasotzen duen aurreikuspenari lotuta, Zerga Koordinaziorako Organoari xede horretarako ezarri beharreko laguntza fiskalak proposatzeko ahalmena esleitzen dion eskumena ez zaiola Autonomia Estatutuak xedatutako erakunde komunen eta foru-erakundeen arteko eskumenen banaketari egokitzen, lurralde historikoetako foru-organoei dagozkien eskumena delako.

Hirugarrena.- Ez dela onartzen ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko lege-proposamenaren 9. artikuluaren inguruko xedea, hain zuzen ere, barne-merkatuko zerbitzuei buruzko Europako direktiba era berean aplikatu dadin bultzatu eta koordinatzeko Eusko Jaurlaritzak duen eskumenari buruzkoa, hamaikagarren oinarri juridikoan azaldutako arrazoiengatik.

Laugarrena.- Ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko lege-proposamenaren 10. artikuluak jasotzen duen aurreikuspenak «Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoa eta Sektore Publikoa» aipatzen duenean, modu mugatuan, Eusko Jaurlaritzaren mendeko administrazioaz eta sektore publikoaz ari dela ulertu behar dela, lurralde historikoen mendekoak barne hartu gabe. Horrenbestez, hori aintzat hartuta, ez dio Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta bere lurralde historikoen foru-organoen arteko eskumenen banaketari eragiten, hamabigarren oinarri juridikoan azaldutako arrazoiengatik.

Bosgarrena.- Ekintzaileei eta enpresa txikiari laguntzeko lege-proposamenaren 15. artikuluari buruzko xedea guztiz ezestea egokia dela, udal-tasa zehatz batzuei lotuta aipatzen den zerga-araudiari dagokionean, hamahirugarren oinarri juridikoan azaldutako arrazoiengatik.

Erabaki hau aldeei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Lurralde Historikoetako Aldizkari Ofizialetan argitaratuko da. Horrela adostu dute eta sinatu dute Batzordeko kideek, eta nik, idazkariak, horren fede ematen dut.


Azterketa dokumentala