40. zk., 2011ko otsailaren 28a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
1033
EBAZPENA, 2011ko otsailaren 3koa, HABEko zuzendari nagusiarena, HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetako ikasleen euskara-mailak Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren arabera egiaztatzeko 2011. urteko ohiko gaitasun-proben deialdiak egiten dituena.
Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduak zehazten du Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOK) ezarritako euskararen gaitasun-mailak egiaztatzeko prozedura, oinarri hartuz Kulturako sailburuaren 2000ko urtarrilaren 24ko Agindua, HEOK onartu eta lehen hiru mailak zehazten dituena, eta Kulturako sailburuaren 2006ko martxoaren 13ko Agindua, HEOKaren laugarren mailari dagozkion eduki eta ebaluazio-irizpideak onartzen dituena.
Halaber, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak helburu du euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien baliokidetza finkatu eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratura (EEMB) egokitzea.
Ildo beretik, Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 11. artikuluak xedatzen du, ikaslearen gaitasun komunikatiboa mailaz maila ziurtagiri batez aitortua izateko, ezinbestekoa izango duela azterketariak maila bakoitzari dagokion gaitasun-proba gainditzea.
Horrela, egiaztatze-proba bakoitzak neurtuko ditu Dekretu eta Agindu horietan gaitasun-maila bakoitza zedarritzeko finkatutako helburuak eta edukiak (linguistikoak, testualak, estrategikoak...) trebetasunez trebetasun, betiere, HEOK-en, Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduan eta Ebazpen honetan finkaturiko ebaluazio-irizpideei jarraiki.
Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 12. artikuluak, ziurtagiri hauek lortzeko gaitasun-probon ezaugarri orokorrak ematen dituenak, eskumena ematen dio HABEren zuzendari nagusiari, Ebazpenez gaitasun-proben ohiko deialdia egin eta azterketaldion beharrezko xehetasunak arautzeko.
Zehaztasunez aztertu da nola gauzatu diren 2010ean antolatutako gaitasun-probak bi deialdietan: erabilitako frogen ezaugarriak, izaniko ikasle-kopurua mailaka, antolaketa-modua, azterketarien banaketa lurraldez lurralde, aztertzaile eta tutoreek aplikatutako ebaluazio-irizpideak, ondorioak eta azterketariek izandako emaitzak, erreklamazio-autuak zein gora jotzeko eduki eta auzigaiak. HABEn egin gogoeta-aldi horren ondorioz, eragile ezberdinek proposatutako hobekuntzak biltzen dira 2011rako Ebazpen honetara, egiaztatze-prozesuaren eta gaitasun-proben hobekuntza izaki helburu nagusia.
Hori dela eta,
EBAZTEN DUT:
OINARRIZKO ANTOLAKETA
1. artikulua.- Xedea.
Ebazpen honen xedea da HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetako euskara-ikasleen komunikazio-gaitasunen mailak egiaztatzeko, 2011. urteko ohiko azterketa-deialdiak egin eta prozedurak zehaztea.
2. artikulua.- Jardunbide-arauak.
2.1.- Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratua dira azterketariaren hizkuntz gaitasunaren neurketaren oinarri.
Deialdiok HABEko HEOKen zedarritutako lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren mailak egiaztatzeko egiten dira.
Ebazpen honi atxikirik doan I. eranskinera bilduta daude gaitasun-proba hauen ezaugarriak, antolamendu-modua, ebaluazio-irizpideak eta atalez ataleko kalifikazioa. Maila horiek egiaztatu nahi dituen azterketariak HEOKean maila bakoitzarentzat xedatutako gutxienekoak trebetasun bakoitzean gainditu beharko ditu, ahoz zein idatziz.
2.2.- Gaitasun-probok azterketari bakoitzaren euskarazko gaitasun komunikatiboa neurtzeko dira.
3. artikulua.- Deialdion burutzeaz.
Deialdion antolaketa burutzea, Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 19. artikuluari jarraiki, HABEren Hizkuntza Didaktika-zerbitzuko Ebaluazio zein Programa Berezietarako atalei dagokie.
4. artikulua.- Informazioa eta tramitazioa on-line.
Ebazpen honetan aurreikusitako prozeduren ondoriozko argitaratze eta jakinarazpenak www.habe.euskadi.net atariaren bidez egingo dira, administrazioarekiko errekurtsoen ebazpenei dagozkienak izan ezik.
Era berean, ikaslegoak www.habe.euskadi.net erabiliz gauzatuko ditu Ebazpen honetan horrela xedatutako izapideak.
5. artikulua.- Erreklamazioak eta gora jotzeak.
Azterketariek onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenden aurka egiteko edota proba idatzi edo ahozkoan izan emaitzen aurka egiteko, erreklamazioa aurkez lezakete. Erreklamazioak, lehenengo aukeran lurralde-batzordeari zuzenduko zaizkio, zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bi egun naturaleko epean; eta bigarrenean, emaitzen aurka denetan, dagokion epaimahaiari, zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bost egun naturaleko epean, horretarako www.habe.euskadi.net atarian berariaz emandako erreklamazio-inprimakia betez.
Posta elektronikoz igorriko zaio erreklamaziogileari, berak emandako helbidera, aurkeztutako erreklamazioari buruzko erabakia oinarritzen duen irizpen arrazoitua.
Azterketariak bere espedientea ikusi nahi badu, deialdiko behin betiko zerrendak argitaratu eta hamar eguneko epea izango du HABEren Azterketa-batzordearen buruari eskaera egiteko. Idatziak zuzentzeko helbidea HABEren Donostiako egoitzarena da: Vitoria-Gasteiz kalea, 3-6.a. 20018 Donostia-San Sebastián.
Azterketariek onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenden aurka zein emandako behin betiko emaitzen aurka, HABEren zuzendari nagusiaren aurrean gora jotzeko errekurtsoa egin dezakete idatziz, zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean. Bi aukerotan, HABEren zuzendari nagusiak, horrela badagokio, irizpena eskatuko dio HABEren Azterketa-batzordeko buruari, hamar eguneko epean dagokion irizpena eman beharko duelarik.
Egiaztatze-deialdiotako gora jotzeko errekurtsoen idatziak zuzentzeko helbidea HABEren Donostiako Erregistro Nagusiarena da: Vitoria-Gasteiz kalea, 3-6.a. 20018 Donostia-San Sebastián.
Halere, egiaztatze-deialdi hauetako gora jotzeko errekurtsoek ez dituzte etengo Ebazpen honetan jasotako ohiko prozedurak.
6. artikulua.- Deialdi hauetara aurkezteko azterketariak bete beharreko gutxienekoak.
6.1.- Euskaltegian edo autoikaskuntza-zentro homologatuan matrikulatuta egon izana.
Azterketariak HABEren Erregistroan inskribatuta dauden euskaltegi edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuetan matrikulatuta egon behar du 2010eko martxoaren 23tik 2011ko martxoaren 24ra bitartean, lehenengo, bigarren eta hirugarren mailetako lehen deialdirako, eta 2010eko maiatzaren 13tik 2011ko apirilaren 18ra bitartean laugarren mailako lehen deialdirako; eta 2011ko irailaren 7ra bitartean bigarren deialdirako.
6.2.- Maila aitortua.
Egiaztatze-deialdiotara aurkezteko, ezinbestekoa izango du azterketariak matrikulatu nahi dueneko maila gainditua izatea euskaltegian aurreko atalean aipatutako datetarako.
Euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan matrikulatuta egon eta, behar den datarako, ikasten ari den maila euskaltegian gainditu ez duen azterketariak beheragoko mailan aurkezteko aukera izango du, nahiz eta maila horretan euskaltegian matrikulatuta izan ez. Ondorio horietarako, HABEk kontuan hartuko ditu 2000-2001 ikasturtetik aurrera euskaltegiak ikasle honi Q87n emandako emaitzak bi deialdietarako.
Edozein kasutan, maila batera baino gehiagora aurkeztu ahal izateko, ezinbestekoa izango da maila horiek euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan gaindituak izatea artikulu honen lehen atalean emandako datetarako.
7. artikulua.- Euskaltegi edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologatu bakoitzaren egitekoez.
Egiaztatze-deialdi bakoitzeko, euskaltegiak edo euskararen autoikaskuntza-zentro homologatuak, HABEren berariazko aplikazio informatikoaren prozedurei jarraiki, matrikulaturik dituen ikasleon datuak eta gaitasun-mailen gutxienekoak egoki ziurtatuko dizkio HABEri, 6. artikuluan adierazitako egunetarako, Q87 aplikazio informatikoaren mailaz mailako kodeetan:
- Lehen maila: 106 kodea.
- Bigarren maila: 109 edo 201 kodeak.
- Hirugarren maila: 112 edo 202 kodeak.
- Laugarren maila: 401 eta 411 kodeak.
DEIALDION XEHETASUNAK
8. artikulua.- 2011rako deialdiak.
Ohiko bi deialdi izango dira 2011. urtean.
9. artikulua.- Deialdion egutegia.
HABEk www.habe.euskadi.net atarian emango du jakitera bi deialdiok egituratzeko antolatu den egutegia: matrikula-epea; onartuen behin-behineko zerrendak eta behin betiko zerrendak argitaratzeko egunak; proba idatziaren data; proba idatziaren emaitzak argitaratzeko eguna; ahozko probaren data; ahozko probaren emaitzak argitaratzeko eguna eta emaitza orokorrak jakinarazteko data.
HABEk egutegian azalduko diren egunak alda ditzake deialdiotako prozeduretan gerta litezkeen gorabeheren arabera, azterketaldirako matrikula-epeak izan ezik.
10. artikulua.- Matrikula-ordaina.
Matrikula 18 eurokoa izango da maila bakoitzeko, kopuru hori ezartzen baitu Kulturako sailburuaren 2010eko irailaren 23ko berariazko Aginduak, 5. artikuluan, HABEk eskaini eta betetzen dituen jardueren prezio publikoetarako.
Maila batera baino gehiagora aurkeztu nahi duen azterketariak zenbat matrikula, hainbat matrikula-ordain egin beharko ditu. Matrikula bakoitza deialdi baterako izango da.
11. artikulua.- Matrikula bideratzeko era.
Gaitasun-proba egiteko izena ematea internet bidez bideratuko da, www.habe.euskadi.net atarian matrikula-inprimakia betez.
Matrikularen ordainketa ere internet bidez egin ahal izango da edo, bestela, bide hori eskaintzen duten aurrezki-kutxa edo banketxeetan, izena ematean eskuratu den matrikula-inprimakia erabiliz eta bertan esaten den epearen barruan. Arrazoiak arrazoi, behin matrikula-eskubideak ordainduz gero, ez dira bueltatuko; oker bat izan, eta maila bereko matrikula birritan ordaindu izana salbuetsiz.
HABEk azterketariaren matrikularen ordainketa ziurtatutakoan emango du gauzatutzat eta osatutzat matrikulatze-prozesua.
12. artikulua.- Onartuen zerrendak.
Matrikula egiteko epea amaitu ondoren, gaitasun-probetan parte hartzeko onartuen behin-behineko zerrendak osatuko ditu HABEk eta www.habe.euskadi.net atarian argitaratuko.
Erreklamazio-epea amaitu ondoren, behin betiko zerrendak argitaratuko dira.
13. artikulua.- Azterketaldion noiz-nongoak.
Ebazpen hau indarrean jarri eta hamar eguneko epean jarriko ditu HABEk, www.habe.euskadi.net atarian, 2011. urteko azterketa-deialdiotarako aurreikusitako datak eta lekuak.
14. artikulua.- Berariazko egoerak.
Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 22. artikuluan xedatutakoari jarraiki, behar jakinak izan eta ziurtagiria lortu nahi duen ikaslearen kasuan, berdintasun-neurriak hartuko ditu HABEk azterketari horren aukerak bermatzeko. Gaitasun-proba berariazko behar horietara egokitu ahal izateko, eskaera egin beharko dio azterketariak HABEren lurralde-arduradunari azterketaldirako matrikula egiteko garaian, bertan elbarritasuna agiri ofizialez zurituz eta zer egokitzapen eskatzen duen azalduz (aulki, mahai edo ordenagailu berezia, entzungailuak, braille-sistema...).
Eskari hauen aurrean, HABEk denbora nahiz baliabideak egokituko dizkio behar bereziak dituen azterketariari, betiere 2006ko ekainaren 9ko Orden/PRE/1822/2006 Aginduari edota gaitasun-probok izan egunean indarrean egon daitekeen arautegiari jarraiki.
15. artikulua.- Gaitasun-proben ezaugarriak, antolamendu-modua, ebaluazio-irizpideak eta atalez ataleko kalifikazioak.
HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumari jarraiki, Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuko Ebaluazio-atalak ahozko zein idatzizko probak diseinatuko ditu, mailaz mailako ebaluazio-irizpideak oinarri izaki.
Gaitasun-maila bakoitza neurtzeko prestatutako probek azterketari bakoitzaren euskarazko gaitasun komunikatiboaren zenbatekoa eta nolakoa neurtuko dute: azterketariak euskaraz entzundakoa ulertzeko eta irakurritakoa bereganatzeko duen gaitasuna, batetik; eta euskaraz aditzera eman nahi dituen diskurtsoak ahoz zein idatziz egiteko duena, bestetik.
Gaitasun-probok lau mailetan egingo dira, Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 7. artikuluaren eta Ebazpen honen I. eranskinera bildutako ebaluazio-irizpideen arabera.
Ahozko probara aurkeztu ahal izateko, ezinbestekoa izango da proba idatzia gainditua izatea.
Gaitasun-proba gainditutzat emateko, lau trebetasunetan gainditu beharko ditu azterketariak I. eranskinean zehaztutako gutxienekoak. Maila bakoitzean gaitasun-probak 100 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 50 puntu lortu beharko ditu azterketariak.
Laugarren mailako proiektua euskaltegiak ontzat eman (Q87n, 411 kodearekin) ondoren, hurrengo lau deialdi jarraietan baliatu ahal izango du azterketariak, laugarren maila egiaztatu ahal izateko. Deialdi horien ondoren, iraungi egingo zaio proiektuari euskaltegiak aitortutako balioa, eta, ondorioz, HABEk ofizioz baja emango dio Q87n, horren berri emanez azterketariari eta dagokion euskaltegiari.
16. artikulua.- Gaitasun-probaren zuzenketa-prozesua.
1.- Idazmena. Gaitasun-proba idatzi bakoitza bi aztertzailek zuzenduko dute eta irizpen arrazoitua emango fitxa banatan.
- Gaitasun-proba idatziaren bi aztertzaileen zuzenketek gutxienekoak ematen dituztenen kasuan, epaimahaiari proposatuko zaion emaitza bi kalifikazioen arteko batez besteko aritmetikoa izango da.
- Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz, hirugarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Horrelakoetan, ofizioz ebaluatuko ditu tutoreak gaitasun-probak eta irizpen arrazoitu propioa proposatuko dio epaimahaiari.
- Gaitasun-proba idatziaren bi aztertzaileen zuzenketak gutxienekoak ematen ez dituztenen kasuan, epaimahaiari proposatuko zaion emaitza bi kalifikazioen arteko batez besteko aritmetikoa izango da.
2.- Mintzamena. Ahozko gaitasun-proba bina aztertzailek egin eta zuzenduko dute eta azkerketa-fitxa bakarrean emango dute irizpen arrazoitua. Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz, bigarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Horrelakoetan, ofizioz ebaluatuko ditu tutoreak gaitasun-probak eta irizpen arrazoitu propioa proposatuko dio epaimahaiari.
Ahozko gaitasun-proba guztiak grabatu egingo dira.
3.- Irakurmena. Gaitasun-probaren atal hau zuzendu ondoren, kalifikazioa proposatuko zaio epaimahaiari.
4.- Entzumena. Gaitasun-probaren atal hau zuzendu ondoren, kalifikazioa proposatuko zaio epaimahaiari.
Behin aztertzaileek emandako irizpenen egokiera-maila aztertu, eta artikulu honetan xedatzen denari jarraiki, behar denetan tutoreak irizpen propioa eman eta gero, mailaz mailako epaimahaiari aurkeztuko dio tutoreak emaitzen proposamena, epaimahaiak kalifika ditzan, akta idatzi eta, ondoren, horren berri eman Azterketa-batzordeari, dagozkion ondorioak izan ditzan.
17. artikulua.- Azterketen emaitzen aktak.
Idatzizko zein ahozko proben kalifikazio-aktak egingo dira. Ondorioz, bi akta-eredu izango dira: proba idatziarena eta ahozko probarena, aldian aldiko epaimahai bakoitzeko kideek izenpetuko dituztenak.
18. artikulua.- Gaitasun-proben emaitzak.
Gaitasun-proben idatzizko eta ahozko emaitzak, eta behin betiko emaitzak argitaratuko dira www.habe.euskadi.net atarian, mailaz maila, trebetasunez trebetasun. Eta egiaztagiriak luzatzeari begira, HABEren zuzendari nagusiari jakinaraziko zaizkio, ondoren erregistroan alta emanak izan daitezen.
19. artikulua.- Datu pertsonalen babesa.
Gaitasun-probon kudeaketan, parte hartu duen azterketariaren datu pertsonalak erabili eta argitara ematen dira deialdiaren aldian aldiko urratsetan (matrikulatzean, onartuen eta baztertuen zerrendak argitaratzean, azterketen emaitzak jakinaraztean...). Hori dela eta, datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoa eta ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuz indarrean jarritakoa kontuan hartuz, datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurriak bete ahal izateko, deialdi hauetan parte hartzen duen azterketariak baimena ematen dio HABEri bere datu pertsonalak Ebazpen honetan aurreikusitako prozeduretan erabili eta argitaratzeko.
Datu eta informazio hau guztia izaera pertsonala duen fitxategi batean egongo da jasota. Datuok ezagutzeko, zuzentzeko, ezabatzeko edota datuon aurka egiteko azterketariak dituen eskubidez baliatu nahi izanez gero, HABEren Erregistro Nagusira jo behar du.
DEIALDION ONDORENGOAK
20. artikulua.- Ziurtagiriak.
2010eko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen 36. artikuluak zehaztutakoaren arabera, 2011 urtean, 19,25 euroko tasa ordaindu beharko da lehen, bigarren, hirugarren edo laugarren mailako agiria eskuratzeko, eta 1,79 euro agiriaren duplikatua eskuratzeko. Hurrengo urteetan, agiria eskatuko balitz, eskari-unean indarrean legokeen tasa ordaindu beharko litzateke.
HABEren Hizkuntzaren Didaktika zerbitzuak eskabidean eman helbidera igorriko dio dagokion ziurtagiria edo duplikatua, eskatu eta gaitasun-proba gainditu duen azterketariari, behin honek eskatu eta, aurrezki-kutxa edo banku bidez edo internet erabiliz, dagokion tasa ordaindua duela frogatu ondoren.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Ebazpen honen 16. artikulua ez da erabilgarri izango 2011ko lehen deialdian jarriko diren gaitasun-probetan.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita jarriko da indarrean.
Bigarrena.- Ebazpen honen euskal eta erdal idazkien arteko edozein interpretazio-auziren aurrean, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskal idazkiari dagokion irakurketak izango du lehentasuna.
Hirugarrena.- Ebazpen honen aurka, ez baitu bide administratiboa agortzen, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete HABEren presidentearen aurrean, hilabeteko epearen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.
Donostia-San Sebastián, 2011ko otsailaren 3a.
HABEko zuzendari nagusia,
JOSEBA IÑAKI URIBE BURGOA.
I. ERANSKINA
2011. URTEKO LEHEN, BIGARREN, HIRUGARREN ETA LAUGARREN MAILAK EGIAZTATZEKO AZTERKETAK: EZAUGARRIAK, ANTOLAMENDU-MODUA, EBALUAZIO-IRIZPIDEAK ETA ATALEZ ATALEKO KALIFIKAZIOAK
1. MAILA
Irakurmena:
Emandako testua edo testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra, xehea edota testutik informazioa ateratzea eskatuko zaio azterketariari. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko. Zati honek 20 puntu izango ditu denera eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena 35 minutu ingurukoa izango da.
Idazmena:
Azterketariari egoera bat emango zaio testuinguru jakin batean, eta gutxienez 140 hitzeko testu bat ala 100 inguruko bi testu idatzi beharko ditu. Testuak inprimakiak, oharrak, jakinarazpenak, gutun informalak, kontakizun laburrak... izan daitezke. Idatzien ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia eta kohesioa; eta 3) hizkuntz baliabideen zuzentasuna eta aberastasuna. Zati honek, gehienez, 30 puntu izango ditu eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena 60 minutu ingurukoa izango da.
Bi proba horiek batera ordubete eta hogeita hamabost minutuko iraupena izango dute gehienez.
Entzumena:
Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko hainbat testu grabatuta entzungo ditu. Testu horien ulermena frogatzeko, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Entzungaia testu bakarra izan liteke edo zenbait testu labur. Grabazioak behin edo bitan entzungo dira, entzungai-motaren arabera, eta azterketariak denbora jakin bat izango du grabazioa entzun aurretik, galderak irakurtzeko. Testuko ideia nagusia jasotzen jakin beharko du, informazio garrantzitsua bereizten edota xehetasun batzuk nabarmentzen. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira. Proba honen iraupena 25 minutukoa izango da, gehienez.
Mintzamena:
Azterketariak elkarrizketa bat izango du aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Probak hiru atal izango ditu: a) aztertzaileen galderak, sarrera gisa, b) aurrez prestatutako gai baten azalpena eta c) gai batekin lotutako elkarrizketa, argazkiak oinarri hartuta. Proba neurtzeko irizpideak hauek izango dira: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia, jarioduna eta ongi ahoskatua den; eta 3) hizkuntz baliabideetan zuzentasuna eta aberastasuna adierazi duen. Gehienez 30 puntu izango ditu atal honek eta gainditzeko 15 puntu beharko dira. Azterketariak 10 minutu izango ditu gaia prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.
Antolaketa:
Lau trebetasunak neurtzeko proba hauek bi egunetan egingo dira: batean, irakurmena eta idazmena; eta bestean, entzumena eta mintzamena.
Kalifikazioak:
1. mailako ahozko eta idatzizko azterketen kalifikazioak horrela emango dira:
a) Azterketaren atalak eta kalifikazioak:
Kalifikazioa Guztira Gutxienez
A multzoan
Irakurmena 20 10
Idazmena 30 15
Guztira A multzoa 50 25
B multzoan
Entzumena 20 10
Mintzamena 30 15
Guztira B multzoa 50 25
Guztira 100 50
b) Ponderazioa:
Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 10; koherentzia, % 25; kohesioa, % 15; aberastasuna, % 20 eta zuzentasuna, % 30.
c) Emaitza:
A multzoan: Gai/Ez gai.
B multzoan: Gai/Ez gai.
Guztira: Gai/Ez gai.
2. MAILA
Irakurmena:
Emandako testua edo testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra, xehea edota testutik informazioa ateratzea eskatuko zaio azterketariari. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko. Zati honek 20 puntu izango ditu denera eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena 45 minutu ingurukoa izango da.
Idazmena:
Azterketariari egoera bat emango zaio testuinguru jakin batean, eta gutxienez 140 hitzeko testu bat ala 100 inguruko bi testu idatzi beharko ditu. Testuak inprimakiak, oharrak, jakinarazpenak, gutun informalak, kontakizun laburrak... izan daitezke. Idatzien ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia eta kohesioa; eta 3) hizkuntz baliabideen zuzentasuna eta aberastasuna. Zati honek, gehienez, 30 puntu izango ditu eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena 60 minutu ingurukoa izango da.
Bi proba horiek batera ordubete eta berrogeita bost minutuko iraupena izango dute gehienez.
Entzumena:
Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko hainbat testu grabatuta entzungo ditu. Testu horien ulermena frogatzeko, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Entzungaia testu bakarra izan liteke edo zenbait testu labur. Grabazioak behin edo bitan entzungo dira, entzungai-motaren arabera, eta azterketariak denbora jakin bat izango du, grabazioa entzun aurretik, galderak irakurtzeko. Testuko ideia nagusia jasotzen jakin beharko du, informazio garrantzitsua bereizten edota xehetasun batzuk nabarmentzen. Jakin ere jakin beharko du hizlariaren jarrera eta informazioa bereizten eta testuari dagozkion ondorioak ateratzen. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira. Proba honen iraupena 25 minutu ingurukoa izango da.
Mintzamena:
Azterketariak elkarrizketa bat izango du aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Probak hiru atal izango ditu: a) aztertzaileen galderak, sarrera gisa, b) azterketariak aurrez prestatutako gai baten azalpena, eta c) gai batekin lotutako elkarrizketa, argazkiak oinarri hartuta. Proba neurtzeko irizpideak hauek izango dira: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia, jarioduna eta ongi ahoskatua den; eta 3) hizkuntz baliabideetan zuzentasuna eta aberastasuna adierazi duen. Gehienez 30 puntu izango ditu atal honek, eta gainditzeko 15 puntu beharko dira. Azterketariak 10 minutu izango ditu gaia prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.
Antolaketa:
Lau trebetasunak neurtzeko proba hauek bi egunetan egingo dira: batean, irakurmena eta idazmena; eta bestean, entzumena eta mintzamena.
Kalifikazioak:
2. mailako ahozko eta idatzizko azterketen kalifikazioak horrela emango dira:
a) Azterketaren atalak eta kalifikazioak:
Kalifikazioa Guztira Gutxienez
A multzoa
Irakurmena 20 10
Idazmena 30 15
Guztira A multzoa 50 25
B multzoa
Entzumena 20 10
Mintzamena 30 15
Guztira B multzoa 50 25
Guztira 100 50
b) Ponderazioa:
Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 13; koherentzia, % 24; kohesioa, % 17; aberastasuna, % 20 eta zuzentasuna, % 26.
c) Emaitza:
A multzoan: Gai/Ez gai.
B multzoan: Gai/Ez gai.
Guztira: Gai/Ez gai.
3. MAILA
Irakurmena:
Emandako testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu.
Alde batetik, azterketariak frogatuko du ulertzen duela testuen esanahi orokorra, ideia nagusiak nahiz bigarren mailakoak edo xehetasunak, edota espresuki testuan adierazten ez diren ideiak, hala nola, komunikazio-xedea, idazlearen jarrera, ikuspuntua edo iritzia, besteak beste. Ariketak honelakoak izan daitezke: aukera anitzeko galderak, erantzun laburrekoak, egia/gezurra erakoak, testu zatiei dagozkien ideiak aukeratu, lotura egokiak egin, testua ordenatu, laburtu, ideiak edota paragrafoak lotu.
Bestalde, zenbait testu azterketariaren sintaxiaren eta lexikoaren erabilera neurtzeko izango dira. Horretarako, hainbat ariketa-modu jarriko da: azpimarratutako hitzen sinonimoak jarri emandako testuan, aukera anitzekoen bidez lexikoa aukeratu, hitz eratorri eta elkartuak erabiliz testuak berridatzi, aukera anitzen bidez egitura sintaktikoak osatu, proposatutako esaldien esaldi baliokideak eman edota egitura koherenteak sortu testua osatzeko.
Guztira 20 puntu izango dira eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena ordubetekoa izango da.
Idazmena:
Azterketariak gutxienez 300 hitzeko testu bat edo 180 hitzeko bi testu idatzi beharko ditu. Hainbat idatzi-mota gauza ditzake: iritzi-artikulua, gutuna, txostena, proposamena, laburpena, eskaera, informazio-orria... Eskatuko zaion egitekoaren egoera, gaia, testu-generoa, erabilera-esparrua, enuntziatzailearen eta hartzailearen rola eta xede komunikatiboa zehaztuko zaizkio. Idazlanaren ebaluaziorako kontuan hartuko da: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia eta kohesioa; eta 3) hizkuntz baliabideen zuzentasuna eta aberastasuna. Zati honek, gehienez, 30 puntu izango ditu eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena ordu eta erdikoa izango da.
Azterketa idatziak 2 ordu eta 30 minutu iraungo du.
Entzumena:
Azterketariak kultura orokorreko gaien inguruan grabatuta entzungo dituen testuen ulermena frogatu beharko du, egingo zaizkion zenbait galderari erantzunez. Entzungaia testu bakarra izan liteke edo zenbait testu labur. Grabazioak behin edo bitan entzungo dira entzungai motaren arabera eta azterketariak denbora jakin bat izango du grabazioa entzun aurretik galderak irakurtzeko. Testuko ideia nagusia, informazio garrantzitsua edota xehetasunak ulertu beharko ditu. Era berean, informazioa eta iritzia bereizi edo ondorioak ere atera beharko ditu. Hainbat egiteko mota erabil daiteke: aukera anitzekoak, egia/gezurra erakoak, erantzun laburrekoak, esaldiak osatzekoak, taulak osatzekoak edo loturak egitekoak. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira. Proba honen iraupena 25 minutu ingurukoa izango da.
Mintzamena:
Azterketariak elkarrizketa bat izango du aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Atal honek bi ariketa izango ditu:
- Azterketariak aurrez prestatutako egiteko bat gauzatzea. Aztertzaileek gai bat eskainiko diote azterketariari presta dezan. Horretarako, testu-aipamenak, elementu grafikoak edo irudiak eman dakizkioke azterketariari egitekoa prestatzeko. Azterketariak 20 minutu izango ditu azaldu beharreko gaia prestatzeko, eta 5 minutuz hitz egitea eskatuko zaio aztertzaileen aurrean. Epaimahaiaren aurrean gaia garatzeko gidoiaz balia daiteke, baina ez da onartuko aldez aurretik prestatutako testurik irakurtzea. Tarteka, aztertzaileek gaiaren inguruan egin ditzaketen galderei ere erantzun beharko die azterketariak.
- Argazki edo beste elementu grafikoez baliatuz, bat-bateko elkarrizketa aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Bat-bateko elkarrizketak 10 minutu inguru iraungo ditu (azterketari bakoitzak 5 minutu).
Bi ariketen kalifikazioak gehienez 30 puntu izango ditu eta gainditzeko 15 puntu beharko ditu.
Mintzamenaren ebaluaziorako kontuan hartuko da: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia, jarioduna eta ongi ahoskatua den; eta 3) hizkuntz baliabideetan zuzentasuna eta aberastasuna adierazi duen.
Antolaketa:
Lau trebetasunak neurtzeko proba hauek bi egunetan egingo dira: batean, irakurmena eta idazmena; eta bestean, entzumena eta mintzamena.
Kalifikazioak:
3. mailako ahozko eta idatzizko azterketen kalifikazioak horrela emango dira:
a) Azterketaren atalak eta kalifikazioak:
Kalifikazioa Guztira Gutxienez
A multzoa
Irakurmena 20 10
Idazmena 30 15
Guztira A multzoa 50 25
B multzoa
Entzumena 20 10
Mintzamena 30 15
Guztira B multzoa 50 25
Guztira 100 50
b) Ponderazioa:
Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, %20; koherentzia, %20; kohesioa, %20; aberastasuna, %20 eta zuzentasuna, %20.
c) Emaitza:
A multzoan: Gai/Ez gai.
B multzoan: Gai/Ez gai.
Guztira: Gai/Ez gai.
4. MAILA
Irakurmena:
Emandako testu bat irakurriko du azterketariak. Ondoren, 50-70 hitzetan laburbilduko du irakurritakoa, aldagai nagusiak adieraziz: zer esaten duen nork, zertarako, norentzat... Irakurmenaren proba ebaluatzerakoan, kontuan izango da a) zer neurritan egin duen azterketariak agindu zaiona eta b) zuzen eta egoki egin duen. Guztira 20 puntu izango dira eta gainditzeko 10 puntu lortu behar dira.
Idazmena:
Azterketariak gutxienez 350 hitzeko testu bat idatziko du, ekintza komunikatibo jakin bat gauzatuz. Probaren enuntziatuak argi azalduko ditu ekintza komunikatiboaren zer-nolakoak: testu-generoa, erabilera-esparrua, enuntziatzailearen rola, hartzailearen rola eta xede edo asmo komunikatiboa. Idazmenaren proba ebaluatzerakoan kontuan hartuko da: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia eta kohesioa; eta 3) hizkuntz baliabideen zuzentasuna eta aberastasuna. Zati honek, gehienez, 30 puntu izango ditu eta gainditzeko 15 puntu lortu behar dira. Proba idatziaren iraupena 3 ordukoa izango da gehienera.
Entzumena:
Testu bat grabatuta entzungo du azterketariak, eta 50-70 hitzetan laburbilduko du entzundakoa, aldagai nagusiak adieraziz: zer esaten duen nork, zertarako, norentzat... Entzumenaren proba ebaluatzerakoan, kontuan izango da a) zer neurritan egin duen azterketariak agindu zaiona eta b) zuzen eta egoki egin duen. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira.
Mintzamena:
Idazmena neurtzeko proban jorratutako gaia izango du hizpide azterketariak, ordu erdi lehenago adieraziko zaion ekintza komunikatiboa gauzatzeko aztertzaileen aurrean. Ebaluatzerakoan kontuan hartuko da: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia, jarioduna eta ongi ahoskatua den; eta 3) hizkuntz baliabideetan zuzentasuna eta aberastasuna adierazi duen. Ariketak berak 10 minutu inguru iraungo du. Ariketaren kalifikazioak, gehienez, 30 puntu izango ditu, eta gainditzeko 15 puntu beharko ditu.
Antolaketa:
Lau trebetasunak neurtzeko proba hauek bi egunetan egingo dira: batean, entzumena, irakurmena eta idazmena, eta bestean, mintzamena.
Kalifikazioak:
4. mailako ahozko eta idatzizko azterketen kalifikazioak horrela emango dira:
a) Azterketaren atalak eta kalifikazioak:
Kalifikazioa Guztira Gutxienez
A multzoan
Irakurmena 20 10
Idazmena 30 15
Guztira A multzoa 50 25
B multzoan
Entzumena 20 10
Mintzamena 30 15
Guztira B multzoa 50 25
Guztira 100 50
b) Ponderazioa:
Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 20; koherentzia, % 20; kohesioa, % 20; aberastasuna, % 20 eta zuzentasuna, % 20.
c) Emaitza:
A multzoan: Gai/Ez gai.
B multzoan: Gai/Ez gai.
Guztira: Gai/Ez gai.