40. zk., 2011ko otsailaren 28a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Herrizaingo Saila
1019
AGINDUA, 2011ko otsailaren 28koa, Herrizaingoko sailburuarena, 2010eko otsailaren 8ko Agindua aldatzen duena. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Bingo-jokoaren modalitateei aplikatu beharreko kentze-ehunekoak zehazten dira.
Hiru lurralde historikoetan jokoaren gaineko zerga arautzen duten Foru Arauak aldatu dira, bingo-jokoaren fiskalitateari dagokionez, eta zerga-tasa % 18,40ra jaitsi da.
Beste alde batetik, urriaren 16ko 6/1992 Legeak arautzen duen bingo-jokoaren gaineko Zerga apirilaren 11ko 1/1995 Legeak aldatu egin du. Gainera, berriki Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legeak ere aldatu du eta zerga % 3,60ra jaitsi da.
Horregatik guztiagatik, Herrizaingoko sailburuaren 2010eko otsailaren 8ko Aginduak orain arte zehazten zituen sarietarako ehunekoen banaketa egokitu beharra dago eta, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Bingo-jokoaren Erregelamendua hirugarrenez aldatzen duen abenduaren 15eko 620/2009 Dekretua garatzen du.
Aipatutako Bingo-jokoaren Araudi horren 29.4, 31., 33., 37. eta 41. artikuluek, baita otsailaren 10eko 31/2004 Dekretuaren Lehenengo Azken Xedapenak bere d) idatz-zatian ere, Herrizaingoko sailburuari ahalmena ematen diote bingo-jokoaren modalitate bakoitzaren sariak banatzeko ehunekoak zehazteari buruzko beharrezko xedapenak egiteko.
Horregatik guztiagatik, honako hau
XEDATU DUT:
1. artikulua.- Sarien banaketa bingo tradizionalean.
Bingo tradizionalaren partida bakoitzean banatuko den saria hauxe izango da: partidan saldu diren txartelen ageriko balioaren % 66; % 10 lerroarentzat eta % 56 bingoarentzat.
2. artikulua.- Bingo pilatuaren sariak banatzea.
1.- Bingo pilatuaren saria txartelaren ageriko balioaren % 2 izango da. Zenbateko hori partida bakoitzean deskontatuko da bingorako sariaren ehunekotik, eta bingo pilatuaren saria lortuko den partidara arte pilatzen joango da.
2.- Bingo pilatuaren sarirako metatzen joan den zenbatekotik % 15 deskontatuko da saria ematen denean. Zenbateko hori, erreserba-bingo moduan, bingo pilatuaren hasierako kopurua izango da eta hurrengo partidan lortutakoari gehituko zaio. % 85 irabazleari edo irabazleei emango zaio/zaie.
3. artikulua.- Interkonektatutako bingo pilatuaren sariak banatzea.
1.- Partida bakoitzean banatuko den saria hauxe izango da: partidan saldu diren txartelen ageriko balioaren % 64; % 10 lerroarentzat eta % 54 bingoarentzat modalitate guztietan.
2.- Interkonektatutako bingo pilatuaren sariaren zenbatekoa izango da joko modalitate hori duten bingo-jokoko lokaletan jokatutako txartelen guztizkoaren % 0,20 pilatzetik lortzen dena.
4. artikulua.- Sari berezia.
Sari bereziaren zenbatekoa izango da joko-modalitate hori egiten duen joko-lokal bakoitzean jokatutako txartel guztien ageriko balioaren % 3 metatzetik ateratzen dena.
Horrenbestez, bingoaren sariari, interkonektatutako bingo pilatuaren modalitatean, saldutako kartoien zenbatekoaren % 50,80 dagokio.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Foru Aldundiek sarien banaketari buruzko informazioarekin batera kartoiak ematen dituzten bitartean, informazio hori Agindu honetan xedatutakora moldatuta baitago, bingo-aretoek sarreran eta joko-lokalen barruan informazio eguneratua duten informazio-kartelak jarri beharko dituzte.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau 2011ko martxoaren 1ean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko otsailaren 28a.
Herrizaingoko sailburua,
RODOLFO ARES TABOADA.