Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2010eko abenduaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
6541

AGINDUA, 2010eko abenduaren 15ekoa, Kulturako sailburuarena, gazteria eta gizarte-ekintzaren esparruan egitarau eta jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Kultura Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko gazteria eta gizarte-ekintzaren esparruan jarduerak suspertzeko lanetan dihardu beste zenbait erakunderekin batera. Helburu hori lortu nahian, xedapen honetan ezarritako arloren bateko jarduerak burutzen dituzten pertsona juridiko publiko zein pribatuei laguntzak eskaintzeko bideak ezartzen dira agindu honen bitartez.

Era berean, agindu honekin Euskal Autonomia Erkidegoan gazteria eta gizarte-ekintzaren esparrua garatzea eta indartzea lortu nahi da eta, horrenbestez, gazteak eta beste zenbait sektore berezi gizartean integra daitezen laguntzeko xedez banatuko ditu Kultura Sailak laguntzok bitarteko modura. Laguntza horien bitartez, Autonomia Erkidegoko erakundeei, beren kabuz egindako diseinuaren arabera, gazteria eta gizarte-ekintzarako egitarauak burutzeko aukera emango zaie eta, aldi berean, ez zaie muga estuegirik ezarriko, arlo horretan lanean diharduten agenteen ekimen berritzaileak ez oztopatzeko.

Hori horrela izanik, aldez aurretiko izapideen araubidearen mendean dagoen deialdi honen bitartez, bi helburu lortu nahi dira batez ere: alde batetik, diru-laguntzen deialdi guztietan izan behar diren objektibotasun, lehia eta publizitate printzipioak bermatzeko oinarri legalak ezartzea eta, bestetik, Kultura Sailak diru publikoak era egokian erabiltzen direla jakin ahal izateko bideak finkatzea.

Adierazitako guztia aintzat hartuta, gazteria eta gizarte-ekintzan diharduten erakundeentzako laguntza esparrua finkatu da; hain zuzen ere, jarduera edo urteko egitarau bat, zorroztasunez, edozein ikuspuntutatik burutu nahi duten erakunde guztiak diru-laguntzez baliatu ahal izateko moduko esparru zabala. Muga bakarra, Euskal Autonomia Erkidegoak jardunaldi bakoitzerako dituen aurrekontuetan arlo honetara zuzendutako diru-kopurua bera izango da.

Horiek denak aintzat izanik, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Gazteria eta gizarte-ekintzaren esparruan, 2011. urtean egiten diren urteko egitarauak eta jarduera zehatzak burutzeko diru-laguntzak banatzeko modua arautzea da agindu honen xedea, betiere ondorengo baldintza eta betebeharrak aintzakotzat izanik.

2. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluan aipatutako helburua betetzera zuzenduko diren baliabide ekonomikoak xede horretarako aurrekontuetan ezarritako kredituetatik etorriko dira, haien osoko zenbatekoa 550.000 eurokoa izango delarik. Zenbateko hori, ordea, handitu ahal izango da, lehenengo Xedapen Gehigarrian ezarritakoari jarraituz.

3. artikulua.- Onuradunak.

1.- Agindu honetan ezartzen diren diru-laguntzak jaso ditzaketenak hauexek dira: Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako pertsona juridikoak, publikoak zein pribatuak, irabazi asmorik gabekoak eta hurrengo artikuluan ezarriko diren alorretan suspertze eta zabaltze jarduerak burutzen dituztenak.

2.- Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona fisiko zein juridikoek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik, sexu-bereizkeriaren ziozko zigor administratibo edo penalak barne hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

4. artikulua.- Diru-laguntza izan dezaketen arloak.

1.- Ondoko arloetan garatzen diren urteko egitarau eta jarduera zehatzek jaso dezakete diru-laguntza bat. Arlo bakoitzari 2. artikuluan aipatutako diru baliabideetatik jarraian zehazten direnak eskainiko zaizkio:

a) Betiere jarduera esparrua lurraldez gaindikoa delarik, gazte elkarteek edo erakundeek bultzaturiko gazteen inguruko helburu hauek dituzten urteko jarduera-programak: gazteria sustatzea, integratzea eta gizarteratzea, gazteen garapen pertsonala eta bizi-kalitatea hobetzea, edo gazteriari bideratutako politikak antolatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteei zuzenduta: 320.000 euro.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan aintzatetsita dauden animazio soziokulturalerako eskolek antolatzen dituzten dinamizatzaile soziokulturalentzako ikastaroak, eta Euskadiko Autonomia Erkidegoan aintzatetsita dauden eta haur eta gazteentzako aisialdirako hezitzaileak trebatzeko eskolek garatzen dituzten kualifikazio profesionalen sistema berrira egokitzeko proiektuak, 50.000 euro. Dinamizatzaileentzako ikastaroen kasuan, gehienez ere 420 euro ikasle bakoitzeko ezarriko dira.

c) Lurraldez gaindiko gizarte-ekintzako jarduerak: 30.000 euro.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek egindako urteko programaziotik kanpoko jarduerak, honako helburua dutenak: gazteria sustatzea, integratzea eta gizarteratzea edo Euskadiko gazteen garapen pertsonala eta bizi-kalitatea hobetzea. Jarduera horien guztien helburu eta edukiak berritzaileak izango dira edo gizartean eragina izango dute: 150.000 euro.

2.- Deialdi honi dagokionez, sustapen soziokulturalaren arloan biztanleria talde jakinak hartu eta beren integrazioa eta partaidetza lortu nahi dituzten jarduerak hartuko dira gizarte-ekintzatzat, salbu eta beste politika sektorialetan jasotzen direnak.

3.- Deialdi honen ondorioetarako, lurraldez gaindikotzat joko dira argi eta garbi lurralde historiko bateko baino gehiagoko destinatzaileak dituztenak. Gorabehera hori jardueraren fase guztietan adierazi beharko da: bai planifikazioan eta prestakuntzan, inplementazioan eta, azkenik, ebaluazioan eta jarraipenean. Ustekabe hutsez lurralde bateko baina gehiagoko parte hartzaileak egoteak berak ez du esan nahi jarduerak lurraldez gaindikotzat har daitezkeenik.

4.- Eskabide batean jarduera bat baino gehiago sartzen bada, eta horiek izaera ezberdinetakoak badira, banaka azaldu behar da jarduera bakoitzari dagokionez zein helburu, hartzaile eta diru-sarrera eta gastu izango dituen. Hori dela eta, izaera ezberdinak direla ulertuko da, helburu edo hartzaile ezberdinak dituztenez gainera, finantza-bide propio eta bereizi bat edo gehiago dituztenak.

5.- Artikulu honen arabera diruz lagun daitezkeen arloetako batean edo batzuetan diru guztia banatzen ez bada, Epaimahai Kalifikatzailearen proposamenean soberakina hurrengo multzoaren aurrekontuari gehituko zaio, eta horrela hurrenez hurren.

5. artikulua.- Diruz lagun daitezkeen gastuak eta aurrekontua.

1.- Ondorengoak joko dira agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz laguntzeko moduko gastutzat: erakunde eskatzaileak aurkeztutako jardueraren gaineko aurrekontu banakatu eta xehatuan agertzen diren gastuak, baldin eta ezbairik gabe jarduera garatzearekin lotura badute. Diruz laguntzeko moduko gastuak bi multzotan banatzen dira: zuzenak eta zeharkakoak.

2.- Diruz lagundutako gastu zuzenak. Diruz lagundutako gastu zuzenak dira, aurreko baldintzak aintzat hartuta, dena delako programa edo jarduera gauzatzearekin zuzenki loturiko kostu berariazkoak eta, beraz, programa edo jarduerari zuzenean kargatu dakizkiokeenak. Gastu zuzenen barruan, jarduera zabaltzeko gastuen diru-kopuruak ez du gaindituko, programa edo jarduerari emango zaion diru-laguntza zehazterakoan, programa edo jardueraren aurrekontuaren % 20.

3.- Diruz lagundutako zeharkako gastuak. Diruz lagundutako zeharkako gastuen barruan programa edo jardueraren aurrekontuaren % 10eraino kopurua sartu ahal izango da, betiere onuradunaren kostu administratibo orokorren zati bat, behar bezala justifikatuta, programari edo jarduerari eslei dakiokeenean.

4.- Inbertsio-gastuak ez dira inola ere diruz lagunduko. Zergei loturiko diru-zenbatekoak laguntzeko modukotzat joko dira, eskatzaileak berak benetan ordaintzen dituenean. Ez da laguntzarik emango zeharkako zergen ondoriozko gastuetarako, berreskuratu edo konpentsatu ahal badira.

5.- Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek agertzen badira erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, edota laguntzeko modukoak izanik ere ezarritako muga gainditzen badute, Epaimahai Kalifikatzaileak ezabatu edo araztu egingo ditu gastuok, diru-laguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.

6. artikulua.- Baztertutako jarduerak.

Agindu honen aplikazio-esparrutik kanpo gelditzen dira jarduera hauek:

a) Izaera edo helburua kontuan hartuta, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzaren jarduera-esparruekin zuzeneko zerikusirik ez dutenak.

b) Interneteko webguneak edo atariak diseinatzea, garatzea, hobetzea, aldatzea edo mantentzea soilik helburu dutenak; bai eta datu-baseak mantentzera edo ustiatzera bideratutakoak ere, eta aldizkari edo egunkarien edizio digitalizatuak sortzeko eta on-line kontsultatzeko moduko produktuak egiteko direnak ere.

c) Patrimonializa daitezkeen elementuetan inbertsioak edo gastuak egitea xede bakarra duten jarduerak.

d) Autofinantziazioa kostu osoaren % 30 baino txikiagoa denean, hau da, erakunde eskatzaileak jarduerara bideratuko dituen diru-sarrera propioak jarduera horren aurrekontu osoaren % 30 baino txikiagoa denean. Diru-sarrera propiotzat hartuko dira kapitalean administrazio publikoen partaidetzarik ez duten diru-sarrerak, erakunde pribatuek egindakoak.

e) Hartzaileak nortzuk diren argi eta garbi identifikaturik ez dutenak.

f) Eskabide batean jarduera bat baino gehiago sartu eta horiek izaera ezberdinetakoak diren kasuetan, ez bada banaka azaltzen jarduera bakoitzari zein helburu, hartzaile eta diru-sarrera eta gastu dagokion.

g) Lurralde historiko bakar bateko hartzaileei zuzendutako jarduerak, dirulaguntza izan dezaketenak eta 4. artikuluko 1. ataleko a) eta c) arloetan jasota daudenak.

h) Toki erakundeak egindako jarduerak, lurraldez gaindikoak ez direnak.

i) Eskola-programen jarduera osagarriak.

j) Baldin eta gainfinantzaketa deuseztatzeko asmoz eskatutako kopuruaren gainean egindako zuzenketaren ondorioz diru kopurua hutseraino murrizten bada. Hona gainfinantzaketatzat zer ulertzen den: aurreikusitako gastuak gainditzen dituzten aurreikusitako diru-sarrerak (eskatutako diru-laguntza guztiak barne).

7. artikulua.- Epaimahai Kalifikatzailea.

1.- Aurkeztutako eskariak aztertu eta balioesteko, epaimahai kalifikatzaile bat osatuko da. Hona hemen horren kideak:

- Lehendakaria: Nestor Arana Arabaolaza, Gazteria eta Gizarte-Ekintza arduraduna.

Ordezkoa: Arantza Urizar, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzako teknikaria.

- Bokala: Leire Azkona Murua, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzako teknikaria.

Ordezkoa: F. Javier Gutierrez, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzako teknikaria.

- Bokala: Arantza Elgarresta Urzelai, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-lanak ere egingo ditu.

Ordezkoa: Josu Gerediaga, Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzako teknikaria.

2.- Eskarien azterketa eta ebazpen-proposamena: 9. artikuluan aipatzen diren balorazio- eta esleipen-irizpideak kontuan hartuta, Epaimahai Kalifikatzaileak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariari.

8. artikulua.- Laguntzak banatzeko modua.

1.- Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da eta, beraz, arlo bakoitzean aurkeztutako eskabideak aztertu eta alderatu egingo dira diru-laguntzak ematerakoan. Eskabideak lehentasunen arabera sailkatu eta ordenan jartzeko orduan, segidan ezarritako hautaketa- eta balorazio-irizpideak hartuko dira aintzakotzat. Nolanahi ere, laguntza jasotzeko beharrezkoa izango da 40 puntu baino gehiago jasotzea. Kasu bakoitzean eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, eskatutako diru-kopuruaren gaineko ehunekoa esleitzea proposatuko du Epaimahai Kalifikatzaileak, hain zuzen, ezarritako irizpideak aplikatzearen ondorioz lortzen den ehunekoa. Horretarako, honako formula hau erabiliko da:

100 x (puntuazioa-40)

30

Puntuazioa 70 edo hortik gorakoa bada, eskatutako diru-kopuru osoa esleitzea proposatuko da. Kasu guztietan, 10. artikuluan diru-laguntzen zenbatekoa eta mugei buruz ezarritakoa bete beharko da.

2.- Aurreko puntuan adierazitakoa aplikatu, eta diru-laguntza guztiek batera gainditzen badute arloan-arloan jarritako diru-baliabideak, proportzionalki murriztuko dira laguntzen kopuru horiek.

3.- Epaimahai kalifikatzaileak ebazpen-proposamenean zehaztu egingo du zein jarduerak jasoko duen laguntza eta zeinek ez. Berdin egingo du Epaimahai Kalifikatzaileak eskabide berean izaera ezberdinetako jarduerak badaude eta denak laguntzen ez badira edo denak baztertzen ez badira, hots, epaimahai kalifikatzaileak ebazpen-proposamenean zehaztu egingo du zein jarduerak jasoko duen laguntza eta zeinek ez.

9. artikulua.- Balorazio-irizpideak.

Aurkeztu diren eskabideei emango zaien puntuazioa, 8.1 artikuluan aipatzen dena, honako irizpide hauek aplikatu ondoren lortzen duten araberakoa izango da:

a) Erakunde eskatzaileari dagokionez:

a.1.- Erakunde eskatzaileak jarduerara bideratuko dituen diru-sarrera propioen eta jarduera horren aurrekontu osoaren arteko proportzioa. Erakundeak berak jarritako baliabideen portzentajea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta puntu gehiago; gehienez 10 puntu. Horren ondorioetarako, diru sarrera propiotzat hartuko da herri-administrazioen partaidetzarik ez duten erakunde pribatuek emandako dirua.

a.2.- Eskabidea egin duen erakundearen jarraitutasuna, egonkortasuna eta kaudimena, proposaturiko jarduera edo egitaraua garatuko den arloari dagokionez. Arlo honek, gehienez, 10 puntu har ditzake balorazioan.

b) Proposaturiko egitarau edo jarduerari dagokionez:

b.1.- Proposatutako egitarau edo jarduerak hartzen duen hedapen esparrua. Lehentasuna izango dute hedapena Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan duten jarduerek. Gehienez 15 puntu.

b.2.- Urteko egitarauak gazteria eta gizarte-ekintzaren alorra sustatzen laguntzea edo jarduerak gizartean duen eragina: gehienez 15 puntu.

b.3.- Jarduera edo egitaraua garatzerakoan bai giza-baliabideei dagokienez bai baliabide materialei dagokienez, euskara erabiltzea. Gehienez 12,5 puntu.

b.4.- Genero-ikuspegia, emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan aintzat hartzea proiektua garatzerakoan eta, horretarako, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduera zehatzak txertatzea. Gehienez 12,5 puntu.

b.5.- Urteko egitarauak proiektuaren arabera jorratu beharreko alorrean duen originaltasuna eta burutuko den inguruan antzeko besterik ez egotea edo jarduerak duen eduki berritzailea: gehienez 12,5 puntu.

b.6.- Jardueraren edo egitarauaren eraginez, ustez, onuradun izan daitezkeen pertsonen kopurua. Gehienez 12,5 puntu.

10. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoa eta mugak.

1.- Agindu honen bidez ezartzen diren diru-laguntzek gehienezko muga bat izango dute, hain zuzen ere, dagokion laguntza-eskabidean aurkeztutako aurrekontuaren ehuneko hirurogeita hamarra. Gauzatutako aurrekontua aztertuta, emandako diru-laguntzak gastuen ehuneko hirurogeita hamarra gainditzen badu, emandako diru-laguntza murriztu egingo da kopuru horretara heldu arte.

2.- Dena dela, erakunde onuradun bakoitzak ezin izango du jaso 180.000 euro baino gehiago.

11. artikulua.- Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honetan adierazitako diru-laguntzak beste erakunde eta enpresa publiko zein pribatuek helburu berberaz emandako beste laguntza batzuekin bateragarriak izango dira, betiere 6. artikuluko d) atalean adierazitako autofinantziazio-muga errespetatuz eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketa gertatuz gero, eman beharreko diru-laguntzatik murriztu egingo da dagokion kopurua, gehienezko mugara iritsi arte.

12. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

1.- Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu honek eragina duen egunetik aurrera.

2.- Eskabideak Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariari zuzenduko zaizkio eta lurralde historikoetako Kulturako lurralde-zerbitzuetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia-San Sebastián) zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik. Eskabideak ondoren aipatzen den dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko dira:

a) Eskabide-inprimakia (I. eranskineko ereduaren arabera). Bertan, entitate eskatzailearen datuak agertuko dira, zein arlotan eskatzen duen laguntza, legezko ordezkariaren datuak, zinpeko edo erantzukizunpeko aitorpena, proiektuaren azalpena, egitarau edo jardueraren aurrekontua, eskatutako beste laguntza edo diru-laguntzak eta ordainketak agintzeko dokumentazioa ere. Inprimakia, behar bezala beteta, entitate eskatzailearen legezko ordezkaria den pertsonak sinatu beharko du.

b) Erakundeari dagokion dokumentazioa (erakunde batek dirulaguntza eskaera bat baino gehiago egiten baditu, egiten dituen eskabideetako bati erantsi beharko dizkio erakundeari dagozkion dokumentuak).

b.1.- Estatutuen fotokopia (pertsona juridikoaren izaera dela-eta estatutuak edukitzea beharrezkoa bada indarreko legeriaren arabera) edo, erakundearen izaeraren arabera eratze-eskriturarena.

b.2.- Pertsona juridikoaren legezko ordezkari den pertsona fisikoaren NANren fotokopia, baita ordezkari horrek eskaera egiten duen egunean duen boterearen kreditazioa ere, bai ahalordearen eskrituraren kopiaren bidez bai, hala badagokio, dagokion organoak emandako ziurtagiriaren bidez.

b.3.- Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartelaren fotokopia.

b.4.- Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duen agiri eguneratua. Organo eskudunak igorri beharko du. Agiriak balioa izateko, igortzen den egunetik eskabidea aurkezten den eguna arte ezin izango dira sei hilabete baino gehiago igaro. Hala ere, erakunde onuradunak gai honen inguruan eskatzen zaizkion egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko ditu, prozeduraren fase guztiak garatzen diren bitartean. Erakunde eskatzaileak lurralde batean baino gehiagotan jarduten badu, zerga-betebeharren konplimendua jarduten duen lurralde guztietako organo eskudunek emandako ziurtagirien bidez egiaztatu beharko du.

c) Toki erakundeen kasuan:

c.1.- Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren NANren fotokopia, baita ordezkari horrek duen boterearen kreditazioa ere.

c.2.- IFZren fotokopia.

c.3.- Udalez gaineko erakundeen kasuan eta toki erakundeen menpeko edo haiei loturiko zuzenbide publikoko erakundeen kasuan, gainera, erakundearen estatutuak eta erakundeak dagozkion Erregistro Publikoetan izena emana duelako kreditazioa ere.

d) Aukeran, erakunde eskatzaileak proiektua edo jarduera hobeto baloratzeko egoki ikusten duen edozein dokumentazio aurkeztu ahal izango da.

3.- Nolanahi ere, adierazitako dokumentazioaz gainera, Epaimahai Kalifikatzaileak egokitzat iritzitako beste argibide edo dokumentazio oro ere eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, aurkeztutako jardueraren balorazio zuzena egin ahal izateko.

13. artikulua.- Kudeaketa-organoa.

Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetako diru-laguntzak.

14. artikulua.- Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak ikusten badu eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez.

15. artikulua.- Ebazpena.

1.- Epaimahai Kalifikatzailearen proposamena ikusita, Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariak deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik.

2.- Ebazpen hori erakunde interesdun guztiei jakinaraziko zaie. Era berean, emandako diru-laguntzen eta erakunde onuradunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.

3.- Hiru hilabeteko epe hori amaituta erakunde interesdunak jakinarazpenik jaso ez badu, eskatutako diru-laguntza ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

4.- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek erakunde onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru-laguntzaren esleipena eta ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatua egongo da.

16. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, pertsona/erakunde onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.

d) Agindu honetan adierazitako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek berariaz aipatuko dute Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzaren laguntza izan dutela, diru-laguntza emateko ebazpenaren berri dutenetik hasita, diruz lagundutako jarduera edo egitaraua dela-eta argitaratzen dituzten egitarau, iragarki-kartel, argazki eta idatzizko zein entzunezko gainerako material guztietan. Material horiek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan argitaratu beharko dira. Gainera, diruz lagundutako jardueraren ondorioz sortzen diren liburu, liburuxka edo kartelen ale bat aurkeztu behar dute beren kontura edo, bestela, horien kopia euskarri fisiko edo magnetikoan, materialaren izaera edo euskarriaren egokitasunaren arabera. Konpromiso honetatik salbuetsita egongo dira behin jarduera bukatuta eskabidea aurkeztu eta diru-laguntza jasotzen duten erakundeak, baita diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien komunikazioa behin jarduera bukatuta jasotzen duten erakundeak ere.

e) Diruz lagundutako jarduerak edo programak ordaindu behar den zerbitzu edo produkturen bat eskaintzen badu, erakunde onuradunak abantailak eskainiko dizkie, batez ere ekonomikoak, gazte-txartela dutenei.

f) Diruz lagundutako jardueran edo egitarauan gorabeheraren bat gertatuz gero, organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio. Organoak, hala dagokionean, behar diren egokitzapenak egingo ditu, indarrean dagoen araubidearen arabera.

17. artikulua.- Diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntzaren ordainketa bi zatitan egingo da: lehen zatian, diru-laguntzaren kopurutik ehuneko berrogeita hamar ordainduko da Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariaren onespen-ebazpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean eta, bigarrenean, gainerako kopurua, hurrengo artikuluan ezartzen den bezala egitaraua eta ekintzaren justifikazioa egindakoan.

Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, burututa dauden jardueren diru-laguntzak ordainketa bakar batez gauzatu ahal izango dira, bi hilabeteko epean, 15. artikuluan aipatutako Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariaren onespen-ebazpena hartzen denetik hasita, betiere eskabidearekin batera jarduera burutu dela erakusten duen dokumentazioa aurkeztu eta agindu honen 18. artikuluan adierazitako moduan justifikatu ondoren.

18. artikulua.- Diru-laguntza justifikatzea.

Behin lagundutako jarduerak bukatu eta gero eta betiere hurrengo urtealdiko martxoaren 1a baino lehen, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute diru-laguntza jasotzen duten entitateek:

a) Buruturiko jarduera edo egitarauari buruzko txosten zehatza, diru-sarreren eta gastuen gauzatutako aurrekontua barne (II. eranskineko ereduaren arabera).

b) Diruz lagundutako jarduerak sortu dituen gastuak justifikatzen dituen dokumentazioa. Diru-laguntza osoa justifikatzen duten jatorrizko agiriak aurkeztu behar dira edo, bestela, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak edo kasuan kasuko lurralde historikoko kulturako lurralde zerbitzuak konpultsatutako fotokopiak.

Hala ere, erakunde onuradunek aurkeztu duten gastuen aurrekontu osoa justifikatzen duten gainerako fakturak aurkeztuko dizkiote kudeaketa-organoari, hala eskatzen badu, hiru hilabeteko epean, aurkezteko epea amaitzen denetik kontatzen hasita.

Toki-erakundeen kasuan, dirulaguntza izan duten jarduerak sortu dituen gastuak justifikatzen dituen dokumentazioa organo eskudunak emandako ziurtagiria baino ez da izango. Ziurtagiri horretan idazkariak edo kontu-hartzaileak dirulaguntzaren xedea eta helburua beteta daudela adieraziko du eta horretarako erabili diren zenbatekoak zehaztuko ditu, bereizita adieraziz zein izan diren erakunde eskatzailearen ekarpenei dagozkionak eta zein diren beste edozein pertsona fisiko edo juridiko publiko zein pribaturen ekarpenei dagozkionak.

c) Toki-erakundeek ez beste erakunde guztiek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duen agiri eguneratua aurkeztu beharko dute. Agiri hori organo eskudunak eman beharko du. Agiriak balioa izateko, ematen den egunetik justifikazioa aurkezten den eguna arte ezin izango dira sei hilabete baino gehiago igaro. Erakunde eskatzaileak lurralde batean baino gehiagotan jarduten badu, jarduten duen lurralde guztietako organo eskudunek emandako ziurtagirien bidez egiaztatu beharko du zerga-betebeharrak egunean dituela.

d) Jardueraren egitarau, iragarki-kartel, argazki eta material idatzizko, entzunezko eta grafikoaren zenbait ale, erabilitako hizkuntza guztietakoak. Horietan guztietan Kultura Sailaren babesaren berri eman beharko da.

e) Eskabidea aurkezteko momentuan hartuko zutenik ez jakiteagatik adierazi gabe geratu eta ondoren xede berberaz jasotako gainerako laguntza guztien aipamena.

19. artikulua.- Likidazio-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira -betiere diru-laguntzaren xedea bete bada- edo beste entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Gazteria eta Gizarte Ekintzako zuzendariak bidezko likidazio-ebazpena emango du esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura erabiliz (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

20. artikulua.- Ez-betetzeak.

1.- Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.- Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Eskatutako diru-laguntzaren zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko globala aldatu ahal izango da, baldin eta Kultura Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Kopuru gehigarri hori laguntza jaso dezaketen eremuen artean banatuko da, 4. artikuluan ezartzen den hasierako proportzioaren arabera. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendariaren ebazpen baten bitartez emango zaio publizitatea horri.

Bigarrena.- Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratiboa kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatzeeskubideak erabiltzeko Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute, deialdi honen xede berdinetarako bakarrik eta, Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzari baimena ematen diote beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- EAEko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen dituen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako laguntzak emateko nahitaezko baldintza da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko aurrekontu orokorretan kreditu egokiak eta nahikoak egotea.

Bigarrena.- Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Bere aurka interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 15a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.


Azterketa dokumentala