251. zk., 2010eko abenduaren 31, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
6540
AGINDUA, 2010eko abenduaren 15ekoa, Kulturako sailburuarena, 2011. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko eta Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetako gazte-taldeen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskadiko Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du gazte-politikaren alorrean. Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuaren 13. artikuluak Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzari esleitu zizkion gazteriarekin lotuta dauden funtzioak.
Kultura Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko gazteria eta gizarte-ekintzaren esparruan jarduerak suspertzeko lanetan dihardu beste zenbait erakunderekin batera. Helburu hori lortu nahian, xedapen honetan zehazten diren eremuetako batean sartzen den jarduera bat garatzea helburu duten pertsona juridiko, publiko edo pribatuei beren xedea gauzatzen laguntzeko bideak ezartzen dira agindu horren bitartez.
Aginduak bilatzen duen gazteen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jarduerak garatzeko laguntza, Kultura Sailaren iritziz, gazteak eta beste sektore bereziak gizartean integratzeko beste tresna bat da, horrela Euskadiko Autonomia Erkidegoko entitateei aukera emanez beraiek askatasunez hautatutako diseinuaren araberako gazte-mugikortasun eta -elkartrukerako jarduerak egin ditzaten, alegia, sorkuntzarako ekimena murriztu lezaketen muga estu zorrotzetatik urrun.
Hori horrela izanik, aurretiko izapidetzearen araubidearen mendean dagoen deialdi honen bitartez bi helburu lortu nahi dira batez ere: alde batetik, diru-laguntzen deialdi guztietan izan behar diren objektibotasun, partaidetza eta publizitate printzipioak bermatzeko gutxieneko oinarri legalak ezartzea eta, bestetik, Kultura Sailak diru publikoak era egokian erabiltzen direla jakin ahal izateko bideak finkatzea.
Adierazitako guztia aintzat hartuta, gazte-taldeen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jarduera bat garatu nahi duten entitateak diru-laguntzez baliatu ahal izateko moduko esparru zabala diseinatu nahi dugu. Muga bakarra, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan arlo honetara zuzendutako diru-kopurua bera izango da.
Hori dena kontuan izanik, honakoa,
EBATZI DUT:
1. artikulua.- Xedea.
2011ko urtealdian gazte arteko mugikortasun eta elkartrukerako jarduerak garatzeko diru-laguntzak banatzeko modua arautzea da agindu honen xedea, betiere ondorengo baldintza eta betebeharrak aintzakotzat izanik.
2. artikulua.- Diru-kopuruak.
Aurreko artikuluan xedatutako helburuari begira bideratuko diren diru-kopuruak horretarako berariaz ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira, eta 200.000 euro egingo dute. Horietatik, 150.000 euro lehenengo epean aurkezten diren eskaeratara bideratuko dira, eta 50.000 euro eskaerak aurkezteko bigarren epean aurkezten direnetara.
Hasieran aurreikusitako 200.000 euroko diru-kopuru hori, ordea, handitu ahal izango da, lehenengo Xedapen Gehigarrian ezarritakoari jarraituz.
3. artikulua.- Onuradunak.
1.- Agindu honetako diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte Euskadiko Autonomia Erkidegoan egoitza duten eta datorren artikuluan zehazten diren eremuetan sustapen eta difusio jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoek, publikoek zein pribatuek.
2.- Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.
4. artikulua.- Diruz lagunduko diren programak edo jarduerak.
1.- Honako eremu hauetan egiten diren jarduera zehatzak eta urteko programak lagundu ahal izango dira:
a) Europar Batasuneko beste eskualde edo estatu batzuetako elkarte edo entitateekin elkarlanean egin beharreko gazte arteko mugikortasun eta elkartrukerako jarduerak.
b) Gazteen arteko mugikortasun eta elkartrukearekin loturiko lurraldez gaindiko sustapen, difusio edo prestakuntza jarduerak.
2.- Deialdi honen ondorioetarako, lurraldez gaindikotzat joko dira argi eta garbi lurralde historiko bateko baino gehiagoko destinatzaileak dituztenak. Hori dela eta, ustekabe hutsez lurralde bateko baina gehiagoko parte hartzaileak egoteak berak ez du esan nahi jarduerak lurraldez gaindikotzat har daitezkeenik.
3.- Eskaera batean berez izaera aldetik ezberdinak diren jarduera bat baino gehiago sartzen badira, banaka-banaka adierazi beharko da zeintzuk diren jarduera bakoitzaren helburuak, destinatzaileak eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontua. Horretarako, izaera aldetik ezberdintzat joko dira, xede edo destinatzaile ezberdinak dituzten jarduerak ez ezik, finantzabide propio eta bereizi bat edo gehiago dituztenak ere.
5. artikulua.- Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta aurrekontua.
1.- Ondorengoak joko dira agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz laguntzeko moduko gastutzat: erakunde eskatzaileak aurkeztutako jardueraren gaineko aurrekontu banakatu eta xehatuan agertzen direnak, baldin eta zuzenean jarduera garatzearekin lotura badute.
2.- Gazteen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jardueretan, honako gastu hauek baino ez dira diruz lagunduko:
a) EAEko gazte-talde bat kanpora bidaltzeko laguntza eskatzen denean edo Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetako gazteak hartzeko laguntza eskatzen denean, diruz laguntzeko modukotzat joko dira bai EAEko gazte-taldea bidaltzeko bidaia-gastuak bai Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetako gazteak Euskadin hartzeko gastuak, alegia, haientzako jarduerak prestatzeko eta gauzatzeko gastuak, eta ostatu eta mantenu gastuak ere.
b) Eskaera egiten bada bakarrik gazteak Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetara bidaltzeko, diruz laguntzeko modukotzat joko dira bidaia-gastuak, jarduerak prestatzeko eta egitekoak, eta proiektua gauzatzen den tokiko ostatu eta mantenu gastuak.
c) Aurreko bi kasuotan, honako muga hauek hartuko dira kontuan:
c.1.- Bidaia-gastuak direla eta, jatorrizko herrialdetik jarduerak egiten diren tokirainoko joan-etorriko bidaia hartuko da aintzat, eta bitarte eta tarifa merkeenak erabiliko dira.
c.2.- Jarduera prestatzeko eta egiteko gastuak direla eta, 3.000 euroko gehienezko muga jarriko da, eta 30 euro parte-hartzaileko eta gauko gehituko zaio jarduerak dirauen bitartean.
c.3.- Ostatu eta mantenu gastuak direla eta, 60 euroko gehienezko muga jarriko da parte-hartzaileko eta gauko, jarduerak dirauen bitartean.
4.- Zergei loturiko diru-zenbatekoak laguntzeko modukotzat joko dira, eskatzaileak berak benetan ordaintzen dituenean. Ez da laguntzarik emango zeharkako zergen ondoriozko gastuetarako, berreskuratu edo konpentsatu ahal badira.
5.- Ez da laguntzarik emango entitate eskatzailearen zeharkako gastuetarako edo egitura-gastuetarako.
6.- Halaber, ez da laguntzarik emango inbertsio-gastuekin lotutako diru-kopuruak ordaintzeko.
7.- Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek agertzen badira erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, edota laguntzeko modukoak izanik ere ezarritako muga gainditzen badute, Balorazio Batzordeak ezabatu edo araztu egingo ditu gastuok, dirulaguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.
6. artikulua.- Bazterketak.
Agindu honen aplikazio-esparrutik kanpo gelditzen dira jarduera hauek:
a) Ikasketa akademikoetarako bidaiak.
b) Etekin ekonomikoa bilatzen duten elkartrukaketa-jarduerak.
c) Turismotzat jo daitezkeen elkartrukaketa-jarduerak.
d) Jaialdietan parte hartzea edo bertaratzea.
e) Opor-bidaiak.
f) Hizkuntza-ikastaroak.
g) Ikuskizun-birak.
h) Eskola-trukaketak.
i) Kirol-lehiaketak.
j) Erakundeen arauzko bilerak.
k) Bilera politikoak.
l) Auzolandegiak.
m) Autofinantziazioa kostu osoaren % 30 baino txikiagoa denean, hau da, erakunde eskatzaileak jarduerara bideratuko dituen diru-sarrera propioak jarduera horren aurrekontu osoaren % 30 baino txikiagoa denean. Diru-sarrera propiotzat hartuko da administrazio publikoak partaide ez dituzten entitate pribatuek emandako diru-ekarpenak.
n) Gainfinantzaketa ezabatze aldera eskatutako diru-kopurua zuzentzearen ondorioz kopuru hori erabat desagertzen denean. Gainfinantzaketatzat hartuko da aurreikusitako gastuak gainditzen duen aurreikusitako diru-sarreren zatia (eskatutako diru-laguntza guztiak barne).
o) Destinatzaileak nortzuk diren argi eta garbi identifikaturik ez dutenak.
p) Eskabide batean jarduera bat baino gehiago sartu eta horiek izaera ezberdinetakoak diren kasuetan, ez bada banaka azaltzen jarduera bakoitzari zein helburu, destinatzaile eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontu dagokion.
q) Lurralde historiko bakar bateko destinatzaileak dituzten jarduerak, 4. artikuluko 1 idatz-zatiko b) eremuan.
7. artikulua.- Eskabideak aurkezteko era eta epea
1.- Eskabideak agindu honetako I. eranskinean ezarritako ereduari zehatz-mehatz jarraituta beteko dira, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte Ekintzako zuzendariari zuzendu zaizkio, datorren artikuluan adierazitako dokumentazioarekin batera. Eskabideak Eusko Kultura Saileko dagokion lurralde zerbitzuan aurkeztuko dira zuzenean (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz; kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia-San Sebastián) edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
2.- Eskabideak aurkezteko epeak hauek izango dira:
- 2011ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean (biak barne) hasten diren proiektuak. Aurkezteko azken eguna: 2011ko otsailaren 1a.
- 2011ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean (biak barne) hasten diren proiektuak. Aurkezteko azken eguna: 2011ko apirilaren 1a.
8. artikulua.- Aurkeztu beharreko agiriak.
1.- Hauek dira erakunde eskatzaileek aurkeztu behar dituzten agiriak:
a) Eskabide-inprimakia (I. eranskineko ereduaren arabera). Bertan, entitate eskatzailearen datuak agertuko dira, zein arlotan eskatzen duen laguntza, legezko ordezkariaren datuak, zinpeko edo erantzukizunpeko aitorpena, proiektuaren azalpena, egitarau edo jardueraren aurrekontua, eskatutako beste laguntza edo diru-laguntzak eta ordainketak agintzeko dokumentazioa ere. Inprimakia, behar bezala beteta, entitate eskatzailearen legezko ordezkaria den pertsonak sinatu beharko du.
b) Erakundeari dagokion dokumentazioa (erakunde batek dirulaguntza eskaera bat baino gehiago egiten baditu, egiten dituen eskabideetako bati erantsi beharko dizkio erakundeari dagozkion dokumentuak.)
b.1.- Estatutuen fotokopia (pertsona juridikoaren izaera dela-eta estatutuak edukitzea beharrezkoa bada indarreko legeriaren arabera) edo, erakundearen izaeraren arabera eratze-eskriturarena.
b.2.- Pertsona juridikoaren legezko ordezkari den pertsona fisikoaren NANaren fotokopia, baita ordezkari horrek eskaera egiten duen egunean duen boterearen kreditazioa ere, bai ahalordearen eskrituraren kopiaren bidez bai, hala badagokio, dagokion organoak emandako ziurtagiriaren bidez.
b.3.- Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartelaren fotokopia.
b.4.- Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duen agiri eguneratua. Organo eskudunak igorri beharko du. Agiriak balioa izateko, igortzen den egunetik eskabidea aurkezten den eguna arte ezin izango dira sei hilabete baino gehiago igaro. Hala ere, erakunde onuradunak gai honen inguruan eskatzen zaizkion egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko ditu, prozeduraren fase guztiak garatzen diren bitartean. Erakunde eskatzaileak lurralde batean baino gehiagotan jarduten badu, zerga-betebeharren konplimendua jarduten duen lurralde guztietako organo eskudunek emandako ziurtagirien bidez egiaztatu beharko du.
c) Toki-entitateen kasuan:
c.1.- Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren NANaren fotokopia, baita ordezkari horrek duen boterearen kreditazioa ere.
c.2.- IFZren fotokopia.
c.3.- Udalez gaineko entitateen kasuan eta toki erakundeen menpeko edo haiei loturiko zuzenbide publikoko erakundeen kasuan, gainera, erakundearen estatutuak eta erakundeak dagozkion Erregistro Publikoetan izena emana duelako kreditazioa ere.
d) Aukeran, erakunde eskatzaileak proiektua edo jarduera hobeto baloratzeko egoki ikusten duen edozein dokumentazio aurkeztu ahal izango da.
2.- Edozein kasutan ere, aurretik adierazitako dokumentazioaz gainera, erakunde eskatzaileak aurkeztu duen jarduera egokiro baloratzeko beharrezkoa irizten duen informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango dio Balorazio Batzordeak.
9. artikulua.- Diru-laguntzak emateko eta kuantifikatzeko prozedura.
1.- Deialdi honi lehiaketa bidez emango zaio ebazpena eta lehiaketa irekia izango da, zeren eta aurrekontu-ekitaldi batean dirulaguntza-lerro berean hainbat hautaketa-prozedura batera erabakitzen baitira. Deialdi irekiko lehenengo prozeduraren ebazpena amaitu eta bidezko diru-laguntzak eman ondoren oraindik eman daitekeen diru-kopuru guztia bukatu ez bada, erabili gabeko kopurua hurrengo ebazpenari erantsiko zaio.
2.- Diru-laguntzak emateko, ezarritako epearen barruan aurkeztu diren eskaera guztiak alderatu egingo dira eta lehentasun-hurrenkera baten arabera sailkatuko dira, segidan ezarritako hautaketa- eta balorazio-irizpideei jarraituz. Nolanahi ere, laguntza jasotzeko beharrezkoa izango da 40 puntutik gora jasotzea. Kasu bakoitzean eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, Balorazio Batzordeak eskatutako zenbatekoaren ehuneko jakin bat ematea proposatuko du; hain zuzen, ezarritako irizpideak aplikatu ostean lortzen diren puntuen araberakoa izango da ehuneko hori. Ehunekoa lortzeko formula hau aplikatuko da:
100 x (puntu kopurua-40) 20
Lortutako puntu-kopurua 60 baino gehiago denean, eskatutako zenbateko osoa ematea proposatuko da. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoaz eta mugaz 12. artikuluak xedatutakoa errespetatuko da.
3.- Aurreko puntuan ezarritakoari jarraiki zehazten diren diru-laguntzen zenbatekoak batuta deialdi honetarako esleitutako baliabide ekonomikoak gainditzen badira, diru-laguntzen zenbatekoak proportzionalki murriztuko dira, guztizko kopurua muga horretara doitu arte.
4.- Diru-laguntzak emateko egiten duen proposamenean, Balorazio Batzordeak laguntzeko jarduerak eta baztertzekoak aipatuko ditu banaturik. Eskabide berean izaera ezberdinetako jarduerak badaude eta denak laguntzen ez badira edo denak baztertzen ez badira, hots, Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamenean zehaztu egingo du zein jarduerak jasoko duen laguntza eta zeinek ez.
10. artikulua.- Balorazio Batzordea.
1.- Ezarritako epearen barruan aurkeztu diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:
- Batzordeburua: Nestor Arana Arabaolaza, Gazteria eta Gizarte Ekintzako arduraduna. Ordezkoa: Arantza Urizar Sarasua, Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzako teknikaria.
- Bokala: Leire Azkona Murua, Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa: Fco. Javier Gutiérrez Páramo, Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzako teknikaria.
- Bokala: Arantza Elgarresta Urzelai, Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzako teknikaria; idazkari moduan jardungo du. Ordezkoa: Josu Gerediaga Egurrola, Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzako teknikaria.
2.- Eskarien azterketa eta ebazpen-proposamena: Ezarritako epearen barruan aurkeztu diren eskaerak 11. artikuluan aipatzen diren balorazio- eta esleipen-irizpideen arabera aztertu eta gero, Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Gazteria eta Gizarte Ekintzako zuzendariari.
11. artikulua.- Balorazio-irizpideak.
Eskabideek lortzen duten puntuazioa, 9.2 artikuluan aipatua, jarraian adierazten diren irizpideak aplikatzearen ondorioz eskuratutakoa izango da:
a) Entitate eskatzailean:
a.1.- Entitate eskatzaileak jarduera horretarako dituen sarreren eta jarduerarako aurrekontu osoaren arteko proportzioa, diru-sarrera propioen ehunekorik handiena baloratuz: 10 puntu gehienez. Diru-sarrera propiotzat hartuko da administrazio publikoak partaide ez dituzten entitate pribatuek emandako diru-ekarpenak.
a.2.- Entitate eskatzailearen jarraitasuna, egonkortasuna eta kaudimena jarduera edo programaren eremuan: 10 puntu gehienez.
b) Proposatutako programan edo jardueran:
b.1.- Proiektuaren kalitatea eta proposatutako metodoak: 30 puntu gehienez.
b.2.- Aurreikusitako pertsona onuradunen eta programan parte hartzen dutenen kopurua eta profila: gehienez 25 puntu.
b.3.- Generoaren ikuspegia, hots, proiektuaren garapenean sistematikoki aintzat hartzea emakumeen eta gizonen egoera, baldintza eta beharrizan ezberdinak, ezberdintasunak ezabatzera eta berdintasuna sustatzera zuzendutako helburu eta jarduketa zehatzak txertatuz: gehienez 12,5 puntu.
b.4.- Euskararen erabilera programa edo jarduera garatzean, bai giza-baliabideen alorrean bai baliabide materialen alorrean: gehienez 12,5 puntu.
12. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.- Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak aurkezten den proiektu bakoitzaren aurrekontu onartuaren %70eraino irits daitezke. Emandako kopuruak exekutatutako aurrekontuan gastu guztien % 70etik gora egiten badu, muga horretaraino murriztuko da eman beharreko laguntza.
2.- Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, deialdi honen babesean entitate eskatzaile bakoitzari emandako dirulaguntzen guztizkoa ezingo da izan 50.000 eurotik gorakoa.
13. artikulua.- Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabili daitezke helburu berbererako, betiere horrek 6.m) artikuluan aurreikusitako autofinantzaketa errespetatuz eta gainfinantzatzea ez badakar. Horrelakorik gertatuz gero, gehienez murritz dakiokeen kopurua murriztuko zaio emandako diru-laguntzaren zenbatekoari.
14. artikulua.- Kudeaketa organoa.
Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.
15. artikulua.- Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak ikusten badu eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez.
16. artikulua.- Ebazpena.
1.- Gazteria eta Gizarte Ekintzako zuzendariak, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera sei hilabete baino lehen, deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusi eta gero.
2.- Ebazpen hori entitate interesdun guztiei jakinaraziko zaie. Horrekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da emandako diru-laguntzen zerrenda, jende guztiak horren berri izan dezan.
3.- Ebazteko epea amaituta, erakunde interesdunari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.
4.- Erakunde onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte.
17. artikulua.- Diru-laguntza jasotzen duten entitateen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.
b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.
c) Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.
d) Agindu honetako diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonek edo entitateek konpromisoa hartuko dute Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzaren babesa berariaz eta argi aipatzeko, diruz lagundutako jarduera dela-eta diru-laguntza jaso dutela jakinarazten dien ebazpena jasotzen dutenetik aurrera egiten dituzten programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen dituzten gainerako material grafiko zein soinudunetan, zeintzuk Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan editatuak izan beharko baitute. Gainera, diruz lagundutako jardueraren ondorioz sortzen diren liburu, liburuxka edo kartelen ale bat aurkeztu behar dute beren kontura edo, bestela, horien kopia euskarri fisiko edo magnetikoan, materialaren izaera edo euskarriaren egokitasunaren arabera. Konpromiso honetatik salbuetsita egongo dira behin jarduera bukatuta eskabidea aurkeztu eta diru-laguntza jasotzen duten erakundeak, baita diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien komunikazioa behin jarduera bukatuta jasotzen duten erakundeak ere.
e) Diruz lagundutako jarduerak edo programak ordaindu behar den zerbitzu edo produkturen bat eskaintzen badu, erakunde onuradunak abantailak eskainiko dizkie, batez ere ekonomikoak, gazte-txartela dutenei.
f) Diruz lagundutako jarduketa, programa edo zerbitzuetan gorabeheraren bat gertatuz gero, organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio. Organoak, hala dagokionean, behar diren egokitzapenak egingo ditu, indarrean dagoen araubidearen arabera.
18. artikulua.- Diru-laguntza ordaintzea.
Diru-laguntzaren ordainketa bi zatitan egingo da: lehen zatian, diru-laguntzaren kopurutik ehuneko berrogeita hamar ordainduko da, diru-laguntza aitortzen duen Gazteria eta Gizarte Ekintzako zuzendariaren ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera zenbatzen hasita bi hilabeteren barruan; bigarrenean, gainerako kopurua ordainduko da, egindako programa edo jarduera hurrengo artikuluan ezarritakoari jarraituz justifikatu ondoren.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, diru-laguntza ordainketa bakar batean ere eman ahal izango da, 16. artikuluan aipaturiko Gazteria eta Gizarte Ekintzako zuzendariaren ebazpenaren ondoko bi hilabeteetan, betiere eskabidearekin batera aurkezten bada jardueraren aurrekontuaren exekuzioa egiaztatzen duen dokumentazioa, agindu honen 19. artikuluan xedatutako eran justifikatuta.
19. artikulua.- Diru-laguntzaren justifikazioa.
Behin diruz lagundutako jarduerak bukatu eta gero, eta betiere martxoaren 1a baino lehen, diru-laguntzen entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Buruturiko programa edo jarduerari buruzko txosten zehatza, exekutatutako diru-sarreren eta gastuen aurrekontua barne (II. eranskineko ereduaren arabera).
b) Diruz lagundutako jardueren gastuak justifikatzen dituzten agiriak. Horretarako, emandako diru-laguntzaren adinako gastuen jatorrizko justifikagiriak aurkeztu behar dira edo, haren ordez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak edo lurraldean lurraldeko Kulturako ordezkaritzak konpultsatutako kopia.
Nolanahi ere, Kultura Saileko organo eskudunak hala eskatzen duenean, eta hiru hilabeteko epearen barruan, aurkezpen-epetik hasita, onuradunek aurkeztutako gastuen aurrekontuaren zenbateko osoa justifikatzen duten gainerako fakturak edo dokumentuak haren esku jartzeko konpromisoa hartuko dute.
Toki-entitateen kasuan, lagundutako jarduerak egiteko gastuen dokumentazio justifikagarria organo eskudunak emandako ziurtagiri bat izango da, zeinean idazkariak edo kontu-hartzaileak egiaztatuko duen laguntzaren helburua bete dela, eta horretarako erabilitako diru-kopuruak zehaztuko dituen, espresuki eta banatuta azalduta zein kopuru dagokion entitate eskatzailearen ekarpenari, eta zein kopuru dagokion beste pertsona fisiko edo juridiko publiko edo pribatuetatik jasotakoari.
c) Toki-entitateek izan ezik, gainerako entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituztela egiaztatzen duen ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko dute. Organo eskudunak emana izan beharko du ziurtagiria eta, balioa izateko, ematen den egunetik eskabidea aurkezten den eguna arte ezin izango dira sei hilabete baino gehiago igaro. Erakunde eskatzaileak lurralde batean baino gehiagotan jarduten badu, zerga-betebeharren konplimendua jarduten duen lurralde guztietako organo eskudunek emandako ziurtagirien bidez egiaztatu beharko du.
d) Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko, idatzizko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Kultura Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.
e) Helburu berbererako beste diru-laguntzaren bat jaso bada eta deialdi honetarako eskaera aurkezteko unean horren berri ez bazuen, horien zerrenda.
20. artikulua.- Likidazio-ebazpena.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira -betiere diru-laguntzaren xedea bete bada- edo beste entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Gazteria eta Gizarte Ekintzako zuzendariak bidezko likidazio-ebazpena emango du esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura erabiliz (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).
21. artikulua.- Ez betetzeak.
1.- Hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.
c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).
d) Beste xedapenen batek izaera orokorrez ezarritako beste edozein obligazio betetzen ez denean.
2.- Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.- 2. artikuluan jaso den guztirako zenbateko osoa aldatu egin ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontutan harturik, Kultura Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Kopuru gehigarri hori laguntza jaso dezaketen hautaketa-prozedura bien artean banatuko da, 2. artikuluan ezartzen den hasierako proportzioaren arabera. Lehenengo prozedura ebatzita baldin badago, kopuru gehigarri hori bigarrenerako izango da. Aipatutakoaren berri eman beharko da Gazteria eta Gizarte Ekintzako zuzendariaren ebazpen baten bitartez.
Bigarrena.- Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraituz eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoaren arabera, deialdi honen izapidetzan jasotako datu pertsonalak -parte hartzaileek baimena emango dute datuok tratatzeko eta argitaratzeko- fitxategi batean sartuko dira, deialdi hau eta berarekin loturiko beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzeko helburuz, bai eta bertan parte hartzen dutenei deialdiaren garapenaren berri emateko ere. Kultura Sustatzeko Zuzendaritza izango da fitxategiaren arduraduna. Hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da, horretarako Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzari idatzi bat bidaliz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek, halaber, beren onespena ematen dute fitxategiko datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publikoei lagatzeko, deialdiaren helburuekin bat datozen xedeetarako baldin bada, eta baimena ematen diote Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzari beste erakunde batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuen egiazkotasuna.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Agindu honetako diru-laguntzak eman ahal izateko, nahitaezko baldintza da horretarako kreditu nahikoa eta egokia egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorretan, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ekonomia eta Herriogasuneko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak 5.3 artikuluan.
Bigarrena.- Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 15a.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.