251. zk., 2010eko abenduaren 31, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
6538
EBAZPENA, 2010eko abenduaren 3koa, Laneko zuzendariarena, Euskal Herriko Unibertsitateko lan kontratudun irakasle eta ikertzaileen II. hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailatu eta argitaratzea xedatzen duena (Hitzarmenaren kodea: 86002345012004).
AURREKARIAK
Lehenengoa.- Negoziazio-mahaiko ordezkariek zuzendaritza honetan 2010eko martxoaren 15ean aurkeztu zuten aipatutako hitzarmenari buruzko derrigorrezko dokumentazioa.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.- Langileen Estatutu Legearen 90.2 artikuluak, martxoaren 24ko 1/1995 Errege Dekretu Legegilea (1995-03-29ko BOE) aurreikusten duen eskuduntza lan agintaritza honi dagokio, urriaren 6ko 538/2009 Dekretuko 16.f) artikuluak -Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena (2009-10-13ko EHAA)- dionarekin bat etorriz eta martxoaren 2ko 39/1981 Dekretuarekin (1981-04-02ko EHAA) eta maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuarekin (1981-06-06ko BOE) -hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzkoak- lotuta.
Bigarrena.- Sinatutako hitzarmen kolektiboak Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.
Honen ondorioz,
EBATZI DUT:
Lehenengoa.- Hitzarmena Euskadiko Hitzarmen Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailatzeko agintzea, eta aldeei jakinaraztea.
Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 3a.
Laneko zuzendaria,
KATRIN BEGOÑA ITURRATE ZAMARRIPA.
UPV/EHUko LAN KONTRATUDUN IRAKASLE ETA IKERTZAILEEN II. HITZARMEN KOLEKTIBOA
ATARIKO TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.- Eragindako langileak.
Hitzarmen hau Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko lan kontratudun irakasle edo/eta ikertzaile guztiei ezarriko zaie.
2. artikulua.- Indarraldia.
1.- Hitzarmen hau indarrean sartuko da UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu ondoren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen den egunean, eta indarrean egongo da 2011ko abenduaren 31 arte, berariaz bestelako eperik ezarri ezean. Epe berriak ezartzen badira, horien indarraldia, iraupena eta baldintzak izango dira kasuan kasuko aginduetan adierazitakoak.
2.- Indarraldia behin bukatuta, hitzarmena berez luzatuko da urtero, 2012ko urtarrilaren 1ean hasita, baldin eta aldeetariko batek berariaz adierazten ez badu bertan behera utzi nahi duela.
3. artikulua.- Izaera.
Hitzarmen honek gutxienekoak jasotzen ditu, eta zatiezina da ondorio guztietarako. Bertan adostutako baldintza guztiek batasun organiko bakarra osatzen dute, eta aplikatu ere globaltasunean eta osotasunari lotuta aplikatuko dira. Ezin izango dira, beraz, testuingurutik kanpo berriro negoziatu; halaber, ezingo dira atal batzuk aplikatu eta beste batzuk baztertu. Aitzitik, hitzarmena osotasunean aplikatu eta beteko da.
4. artikulua.- Interpretazio sistematiko eta integratzailea.
Hitzarmen honetan jasotako baldintzak hitzarmenaren osotasuna kontuan hartuta ulertu eta ezarri behar dira, eta idatzian aipatu gabe utzitakoak, hutsuneak edo pasarte ilun eta zalantzakoak ez dira hitzartutakoaren esangura zuzenerako kaltegarri izan behar.
5. artikulua.- Ezarpena.
1.- Zuzena. Hitzarmenaren sinatzaileek konpromisoa hartzen dute hitzarmena zuzenean ezartzeko, eta hitzartutako baldintzetan aldaketarik ez eragiteko.
2.- Lehentasunezkoa. Hitzarmen honetako artikulu eta xedapenek lehentasuna izango dute beste edozeinen gainetik, eta bertan zehaztuta ez dauden gaietarako indarreko arautegia ezarriko da, bereziki lan arlokoa eta unibertsitatekoa.
6. artikulua.- Batzorde Parekidea eta arazoak konpontzeko jardunbidea.
1.- Helburua Batzorde Parekidea eratzea erabaki da, hitzarmen honen interpretazio, iraunaldi edo ezarpenak sor ditzaketen arazoak aztertu eta konpontzeko, bai eta hitzarmen honen eraginpeko langileek izan ditzaketen lan arazoak aztertu eta konpontzeko ere.
2.- Osaera. Batzorde Parekideko kide izango dira hitzarmena sinatu duten sindikatuetako ordezkari bana eta administrazioko beste horrenbeste kide. Batzorde Parekidearen bileretara aholkulariak joan ahal izango dira, sindikatu bakoitzetik bat eta administrazioko bat.
3.- Bileretara joatea. Batzorde Parekideko kideek eta aholkulariek bileretara joateko eskubidea izango dute, eginkizunak behar bezala betetzeko behar beste denbora hartuta. Lizentzia hori ordaindua izango da, eta ezin izango da hartu beste lizentzia mota, baimen edo sindikatuko ordu kreditu baten kargura.
4.- Bileren maiztasuna. Batzorde Parekideak bi hilerik behin egingo ditu ohiko bilerak. Ezohiko bilera egingo du alderdietako batek eskatzen duen bakoitzean. Mota horretako deiak idatziz egin beharko dira gutxienez 10 egun lehenago, baina bi alderdien ustez gaia oso premiazkoa bada, laburtu egin daiteke epe hori.
5.- Bilera deia eta aztergai zerrenda. Batzorde Parekidea biltzeko deiak zehatz-mehatz jaso beharko du aztergaien zerrenda, bai eta bilera zein egun eta ordutan eta zein tokitan egingo den ere. Bilera egin ahal izateko, alderdi biak bertaratu beharko dira. Aztergaien zerrendan administrazioak zein sindikatuek proposaturiko gaiak zehaztuko dira, eta proposamena egin duen alderdiak dokumentazioa bidali beharko du bilera baino gutxienez hiru egun lehenago. Bileran astirik ez badago aztergaien zerrenda osoa aztertzeko, beste egun, ordu eta leku bat zehaztuko da bilerarekin aurrera egiteko eta zerrenda guztia aztertzeko.
6.- Erabakiak hartzea. Erabakiak baliodunak izan daitezen, administrazioaz gain sindikatuetako ordezkaririk gehienak egon beharko dira bileran. Erabakia hartzeko bi alderdien gehiengoa beharko da, kontuan izanda sindikatuetako ordezkarien botoa haztatu egingo dela azken hauteskundeetan lortutako emaitzen arabera.
7.- Idazkaria. Administrazioak idazkari bat izendatuko du, aktak idatzi eta zainduko dituena, bai eta ziurtagiriak egin ere. Era berean, Batzordearen funtzionamenduari dagozkion gaietan bi alderdien arteko harremana bideratuko du.
8.- Aktak. Bileretako aktak Batzorde Parekideak onartu beharko ditu, gehienez bi hilabeteko epean.
9.- Erabakiak betetzea eta argitaratzea. Batzorde Parekidean hartutako erabakiak lotesleak izango dira bi alderdientzat, eta erabakia hartu eta 20 egun naturalen buruan bete beharko dira, erabakian bertan bestelakorik adierazi ezean. Erabakiek pertsona jakin batzuei baino eragiten ez dietenean, erabaki horiek eragindakoei bakarrik jakinaraziko zaizkie, baina eragin orokorrekoak direnean, behar bezala argitaratuko dira.
10.- Beste funtzionamendu arau batzuk. Batzorde Parekideari berari dagokio funtzionamendurako arauak zehaztea hitzarmen honetan jasota ez dagoen guztirako.
11.- Arazoak konpontzeko prozedura. Hitzarmenaren interpretazioa, iraunaldia edo ezarpena dela-eta arazorik badago, Batzorde Parekideari jakinaraziko zaio, eta hark horren inguruko erabakia hartu beharko du. Bi alderdiek elkarrizketaren bidea agortzeko konpromisoa hartzen dute. Batzorde Parekidean adostasunik lortu ezean, bi alderdiek, presio edo gatazka neurririk hartu aurretik, Lan Gatazkak Konpontzeko Prozedurei buruzko Lanbide Arteko Akordioari (Preco) jarraitu ahal izango diote.
12.- Arauen aldakortasunari buruzko klausula. Batzorde Parekideari dagokio hitzarmen honen testua bere edukiari eragiten dioten arau aldaketetara egokitu ahal izateko negoziatzea.
13.- Baldintza onuragarriagoak. Hitzarmen honek ordezkatu egiten ditu orain arte aldeen arteko lan harremanak arautu dituzten itun eta bestelako xedapenak. Beraz, bertan behera geratuko dira eta ez dute izango inolako ondoriorik, hitzarmen honetan jasotakoek bereganatu eta berdinduko dituztelako.
Izaera globalez eta urteko zenbaketan hitzarmen honetan jasotakoa gainditzen duten baldintza partikularrak errespetatu egingo dira, baina «ad personam» besterik ez dira mantenduko. Gainera, baldintza horiek lehenagoko arau estatalen batetik edo kolektiboki hitzartutakoren batetik eratorriak izan behar dute.
I. TITULUA
IRAKASLE KONTRATATUEN EGOKITZEA, FINKATZEA ETA KARRERA
I. KAPITULUA
IRAKASLE KONTRATATUEN KATEGORIAK. KONTRATAZIOAREN OINARRIZKO EZAUGARRIAK
7. artikulua.- Kontratazio irudiak.
1.- Kontratu iraunkorrak. Kontratu iraunkorrak egin ahal izango dira irakasle osoak eta irakasle agregatuak kontratatzeko, bai eta, salbuespen gisa, irakasle lankideak kontratatzeko ere, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen bigarren xedapen iragankorrari jarraiki.
2.- Aldi baterako kontratuak. Aldi baterako kontratuak egin ahal izango dira irakasleak eta, egoki izanez gero, ikertzaileak kontratatzeko, eta kontratu horiek honako irakasle irudiei egin ahal izango zaizkie: irakasle laguntzaileei, irakasle atxikiei, irakasle lankideei, irakasle elkartuei, irakasle bisitariei, irakasle emerituei eta bitarteko irakasle kontratatuei.
8. artikulua.- Irakasle osoak.
1.- Irakasle osoak irakaskuntzaren eta ikerketaren arloko eginkizunak betetzeko kontratatuko dira, baina, batez ere, ikerketaren arlokoak betetzeko. Irakaskuntzako jarduerak beren jakintza arloan beteko dituzte, titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketetarako zehaztutako ikasketa planean jasotako gaietan, hain zuzen ere.
2.- Kontratatuak izateko baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Egiaztatzea unibertsitate mailako irakaskuntzan eta ikerketan gutxien dela hiru urtez aritu izana irakasle agregatu kategorian edo doktore titulua izatea ezinbesteko duen unibertsitateko irakasleen beste kidegoren batean. Hori guztia kalterik egin gabe irakasle kontratatu iraunkorrak hautatu eta kontratatzeko prozedurari buruzko arautegiko xedapen gehigarri bakarrean xedatutakoari (Erabakia, 2008ko ekainaren 23koa, Irakasleen errektoreordearena, 2008ko uztailaren 15eko EHAA, 34. zk.).
b) Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak edo indarreko legeriak ezarritako antzeko erakunderen batek aldez aurretik beren irakaskuntza eta ikerketa jardueraren aldeko ebaluazioa egina izatea.
3.- Kontratuak mugagabeak izango dira, eta arduraldi osokoak.
9. artikulua.- Irakasle agregatuak.
1.- Irakasle agregatuak irakaskuntzaren eta ikerketaren arloko eginkizunak betetzeko kontratatuko dira, baina, batez ere, ikerketaren arlokoak betetzeko. Irakaskuntzako jarduerak beren jakintza arloan beteko dituzte, titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketetarako zehaztutako ikasketa planean jasotako gaietan, hain zuzen ere.
2.- Kontratatuak izateko baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Doktore titulua izatea.
b) Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak edo indarreko legeriak ezarritako antzeko erakunderen batek aldez aurretik beren irakaskuntza eta ikerketa jardueraren aldeko ebaluazioa egina izatea.
3.- Kontratuak mugagabeak izango dira, eta arduraldi osokoak.
10. artikulua.- Irakasle lankideak.
1.- Zenbait titulazio espezifikotan kontratatuko dira, salbuespen kasuetan eta horretarako arrazoirik badagoenean, ekainaren 13ko 989/2008 EDn ezarritakoari jarraituz. Titulazio horiek, beren ezaugarriak eta edukiak direla eta, diplomatu, ingeniari tekniko edo arkitekto teknikoek eman ahal izango dituzte. Bestalde, aipaturiko kontratazioak egingo dira irakaskuntza behar bereziak estaltzeko, behar horiei ezin erantzun zaienean unibertsitateko lan kontratazioaren modalitate espezifikoen bitartez.
2.- Kontratatuak izateko baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Unibertsitate diplomatua, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa edo parekoa izatea.
b) Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak edo indarreko legeriak ezarritako antzeko erakunderen batek aldez aurretik beren irakaskuntza eta ikerketa jardueraren aldeko ebaluazioa egina izatea.
3.- Aldi baterako kontratuak izango dira, gehienez 3 urtekoak, eta arduraldi osokoak.
11. artikulua.- Irakasle laguntzaileak.
1.- Irakasle laguntzaileak batez ere ikerketa arloko prestakuntza osatzeko kontratatuko dira. Era berean, irakaskuntza lanean ere aritu ahal izango dira, unibertsitateko gobernu organoek zehaztutako irizpideei jarraituz, eta langileen ordezkariei entzun ondoren.
Sailak unibertsitateko irakasle funtzionario doktoreen artetik edo irakasle kontratatu doktoreen artetik irakasle bat izendatu beharko du laguntzailearen tutore izateko, eta haren prestakuntzaren jarraipena egiteko.
2.- Kontratatuak izateko bete beharreko baldintza da doktorego ikasketak egiteko onartua egotea edo onartua izateko baldintzak betetzea.
3.- Kontratuek gutxienez urte bat eta gehienez bost urte iraungo dute; arduraldia, berriz, lanaldi osokoa izango da. Kontratuak dirauen bitartean aldi baterako ezintasunagatik bajan egonez gero edo amatasunagatik eta umeak adoptatu edo hartzeagatik baimena izanez gero, denboraldi hori ez da kontuan hartuko kontratuaren iraupenaren ondorioetarako.
12. artikulua.- Irakasle atxikiak.
1.- Irakaskuntzaren eta ikerketaren arloko lanak egiteko kontratatuko dira.
2.- Kontratatuak izateko baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Doktore titulua izatea.
b) Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak edo indarreko legeriak ezarritako antzeko erakunderen batek aldez aurretik beren irakaskuntza eta ikerketa jardueraren aldeko ebaluazioa egina izatea.
c) Lanpostua atxikita duen sailaren aldeko txostena izatea, irakaskuntzarako eta ikerketarako gaitasunari dagokionez.
3.- Kontratuek gehienez bost urte iraungo dute. Edonola ere, gehienez zortzi urtez jardun ahal izango dute irakasle atxiki eta laguntzaile legez, bai unibertsitate honetan, bai beste unibertsitateren batean. Arduraldia osoa izango da. Kontratuak dirauen bitartean aldi baterako ezintasunagatik bajan egonez gero edo amatasunagatik eta umeak adoptatu edo hartzeagatik baimena izanez gero, denboraldi hori ez da kontuan hartuko kontratuaren iraupenaren ondorioetarako.
13. artikulua.- Irakasle elkartuak.
1.- Irakaskuntza zehatzetan irakaskuntza lanak egiteko baino ez dira kontratatuko, beren lanbide jarduera unibertsitatetik kanpo betetzen dutela egiaztatzen duten gaitasun ezagutuko espezialisten artean hautatuta.
2.- Kontratatuak izateko baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak edo indarreko legeriak ezarritako antzeko erakunderen batek aldez aurretik beren irakaskuntza eta ikerketa jardueraren aldeko ebaluazioa egina izatea.
b) Unibertsitateko irakaskuntzatik kanpoko jarduera profesionala justifikatzea, unibertsitatean irakasteko gaitzen duen titulu akademikoari dagozkion lanbideetako batean jarduera ordainduak burutu izana ziurtatzen duen agiriaren bidez.
3.- Kontratuaren iraupena, gehienez ere, 3 urtekoa izango da, nahiz eta kontratua amaitu ondoren, lanposturako deialdia egiten denean, lehiakideak beste kontratu bat lortu ahal izango duen irakasle elkartu moduan, lanpostu horretan bertan zein besteren batean. Ez dago mugarik bata bestearen atzetik kontratuak egiteko. Arduraldi partziala izango dute, astean sei, bost, lau edo hiru eskola ordukoa, eta astean beste horrenbeste ordu izango dituzte tutoretza lana egiteko edo ikasleei laguntza emateko.
14. artikulua.- Irakasle bisitariak.
1.- Irakaskuntzaren eta ikerketaren arloko eginkizunak egiteko kontratatuko dira.
2.- Irakasle bisitariak beste unibertsitate edo ikerketa zentro batzuetan (pribatuetan zein publikoetan) diharduten ospe handiko irakasle ikertzaileen artetik kontratatuko dira.
3.- Kontratua gutxienez 6 hilabeterako eta gehienez 3 urterako izango da, nahiz eta hura bukatzean beste kontratu bat egin ahal izango zaien. Arduraldia, ahal dela, osoa izango da.
15. artikulua.- Irakasle emerituak.
1.- Unibertsitateak irakasle emerituak kontratatu ahal izango ditu unibertsitatean kultura, zientzia edo lan arloan nazioarte mailako zerbitzu nabarmen aipagarriak egin dituzten irakasle erretiratuen artean, hala funtzionarioak nola kontratatuak. Irakasle horiek irakaskuntzari, ikerketari eta iraupenari dagokionez izango dituzten betebeharrak ez dira zertan izan gainontzeko irakasleen parekoak, eta beren lana mintegiak eta doktoregoko ikastaroak ematea izango da batez ere.
2.- Kontratuak Euskal Herriko Unibertsitatean edo beste batean zerbitzu nabarmen aipagarriak egin dituzten irakasle erretiratuen artean egingo dira. Irakasle horiek funtzionario nahiz kontratatuak izango dira, eta hirurogeita hamabost urtetik beherakoak.
3.- Kontratuon iraupena hiru urtekoa izango da gehienez, nahiz eta kontratua amaitzean beste kontratu bat izenpetu ahal izango den. Nolanahi ere, irakasle emerituen kontratuak irakasleek hirurogeita hamabost urte betetzen dituztenean amaituko dira.
16. artikulua.- Bitarteko irakasle kontratatuak.
1.- Beren eginkizunak irakaskuntzaren arlokoak izango dira batez ere, eta kasu hauetan kontratatuko dira: Irakasleak, bere eskubideei jarraituz, lanpostua uzten duenean lanpostua gordeta izateko eskubidea izanda (gaixotasun baja edo lizentzia, amatasun edo aitatasun baja edo lizentzia, zerbitzu betekizunak, zerbitzu bereziak, lizentzia sabatikoak, liberazio sindikalak, lana eta familia bateragarri egiteko legean jasotako eszedentziak, lanaldi murrizketak eta abar tartean direnean), edo irakaslea irakats betebeharrak murriztuta izatea edo betebehar horietatik salbuetsita egotea dakarten kargu akademikoak betetzen dagoenean. Hori horrela izango da edozein izanda ere irakasleak unibertsitatearekin daukan lotura profesionala, funtzionarioena barne.
2.- Salbuespen moduan kontratatu ahal izango dira irakasle funtzionario edo lan kontratudun baten plaza huts bateko irakaskuntza lana egiteko, plaza hori aurrekontuz hornituta badago. Mota horretako plazak aldi baterako beteko dira, arauei jarraituz behin betiko bete arte.
3.- Eskatuko zaien titulazioa izango da: lizentziatua, ingeniaria, arkitektoa edo parekoa; edo, egoki izanez gero, diplomatua, ingeniari teknikoa, arkitekto teknikoa edo parekoa.
4.- Kontratua ordezkatua itzuli bitartean edo lanpostua arauei jarraituz bete bitartean luzatuko da; arduraldia, ahal dela, osoa izango da. Arduraldi osoko irakasle baten ordezkoa egiteko ez dira sekula kontratatuko arduraldi partzialeko bitarteko irakasle kontratatu bi.
5.- Sail berean ordezkapenak egiteko arduraldi partzialeko bi kontratu badaude, eta behar berriak sortzen badira plantillako lanpostuak betetzen dituzten pertsonak arduraldi partzialean ordezkatzeko, arduraldi osoko kontratuak egingo dira. Kasu horietan uneoro bermatuko da lan poltsen ordenari jarraituko zaiola langileei ordezkapenetarako dei egitean, eta bete egiten dela ordezkapenetarako lan poltsen gestiorako arautegiak ezartzen duena.
II. KAPITULUA
IRAKASLE KONTRATATUEN EGOKITZEA, FINKATZEA ETA KARRERA
17. artikulua.- Arduraldi osoko kontratuen egokitzapena.
Aldi baterako kontratuak indarreko arautegira egokitu eta iraunkor bilakatuko dira, lan kontratudunen negoziazio kolektiboko mahaiaren eta funtzionarioen mahai sektorialaren erabakietan ezarrita dagoen moduan (2009ko uztailaren 10eko eta 2010eko otsailaren 18ko erabakiak). Unibertsitateak onuradunen behin betiko zerrenda egin eta onartuko du, eta kontratuak berritzen hasiko da Eusko Jaurlaritzak dagokion arautegia prestatu eta arautegi hori argitaratzen den egunetik bi hilabeteren barruan.
18. artikulua.- Plantilla, promozioa eta karrera akademikoa.
1.- Sail bakoitzeko lanpostuen zerrenda zehazterakoan, oro har, arduraldi osoko kontratazio irudiak erabiliko dira. Hitzarmena indarrean egon bitartean, Irakasle eta Ikertzaileen Plan Gidarian jasotakoak beteko dira arduraldi partzialeko kontratazioak murrizteari dagokionean, aldez aurretik Plangintza Batzordearekin negoziatu ondoren.
2.- Irakasle elkartuaren irudia sortuko da irakaskuntzakoak baino ez diren eginkizunak betetzeko unibertsitatetik kanpoko jarduera profesionalarekin lotura berezia duten irakaskuntza zehatzetan.
3.- Irakasle lankidearen irudia sortuko da zenbait titulazio espezifikotan irakaskuntza behar bereziei erantzuteko. Titulazio horiek, beren ezaugarriak eta edukiak direla eta, diplomatu, ingeniari tekniko edo arkitekto teknikoek eman ahal izango dituzte. Irakasle lankidearen karrerari irakasle atxikiaren irudiarekin emango zaio jarraipena.
4.- Oro har, irakasle laguntzailearen eta irakasle atxikiaren irudiak erabiliko dira karrera akademikoa hasteko, eta plazek saileko lanpostuen zerrendan jarraituko dutela bermatuko da, horiek finkatuz kontratazio irudi iraunkorren bidez edo unibertsitatean sartzeko ezarrita dauden unibertsitateko irakasleen kidegoko plazen bidez; hau da, irakasle agregatuen kategoriako edo unibertsitateko irakasle titularren kidegoko plazak sortuz.
5.- Irakasle atxikiaren plaza finkatzeak ekarriko du irakasle agregatuaren kategoriako plaza bat edo unibertsitateko irakasle titularren kidegoko plaza bat sortzea, eta berori dagokion lehiaketa publikoaren bidez betetzea. Aztertu egingo da 10 urte baino gehiago arduraldi osoan egonda irakasle agregatuaren edo unibertsitateko irakasle titularraren plaza bat betetzeko baldintzak betetzen dituzten bitarteko irakasle kontratatuen egoera. Interesatuak aldez aurretik eskatuta eta Plangintza Batzordean negoziatu ondoren, plaza iraunkor bat sortu ahal izango da interesatu horrek zerbitzuak ematen dituen sailaren edo kideko sail baten lanpostuen zerrendan, gradu berrien ezarpenaren ondorioz sortutako beharren arabera.
6.- Irakasle osoaren irudia erabiliko da irakasle agregatuaren promoziorako, irakasle osoen plaza berriak betetzeari dagokionez Irakasleen Gestiorako Arautegiak ezarritakoari jarraiki.
7.- Irakasle lankide edo atxikien kategorietako irakasle kontratatuek, arduraldi osoko lan kontratua badute eta goragoko irudi batera jotzeko legezko baldintzak betetzen badituzte, eskubidea izango dute (aldez aurretik eskaera eginda) lanpostuen zerrendan goragoko irudi horretara promozionatzeko aukera emango dien plaza bat betetzeko, Irakasleen Gestiorako Arautegiak ezarritakoari jarraiki.
Plazak betetzeko lehiaketetan amortizatu egingo da eskatzaileak edo proposaturiko pertsonak betetzen zuen plaza, kasuan kasuko lehiaketa ebatzi eta proposaturiko hautagaia lanpostuaz jabetu bezain laster. Lan kontratu iraunkorra dutenek eskatzen badute beste plaza iraunkor baterako aldaketa, lan kontratu iraunkorreko irakasle plaza horiek ez dira amortizatuko eskatzaileak hautaketa prozesua gainditzen ez badu, betiere aldaketa hori eskatzen duen lehen aldia bada. Amortizatu egingo da deialdia egiten duen sailean sortzen den lehenengo plaza hutsa.
8.- Gutxienez urtean behin egingo da promoziorako plazak betetzeko deialdia, aldez aurretik sindikatuekin negoziatu ondoren. Unibertsitateak dagozkion plazak beteko ditu, aldi baterako kontratazio irudien kasuan, gehienez ere azken kontratu urtean; irudi iraunkorren kasuan, aldiz, eskaera egiten denetik urtebeteko epean. Hori guztia Irakasleen Gestiorako Arautegiak ezarritakoarekin bat.
9.- Irakasle laguntzailetik irakasle atxikirako promozioa egingo da kontratua egokituz, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 19. artikuluak ezarritakoari jarraiki, eta arau horretan aipatutako merezimendu eta gaitasun printzipioak bermatuz. Horretarako, aldez aurretik interesatuak eskaera egin beharko du, eta irakasle atxiki edo/eta irakasle laguntzaile doktore izateko akreditazioa lortu.
19. artikulua.- Hutsik dauden plaza iraunkor berriak betetzen dituzten arduraldi osoko bitarteko irakasle kontratatuak.
1.- Artikulu hau aplikatuko zaie hitzarmen hau indarrean sartzen den egunetik 2011 urte amaiera bitartean hutsik dauden plaza iraunkor berriak betetzeko kontrataturiko irakasleei. Beraz, ez zaie aplikatuko titularrak lanpostua uzteagatik hutsik geratutako plazak betetzen dituzten irakasleei.
2.- Aldez aurretik sindikatuekin negoziatu ondoren, 2010-11 ikasturtean unibertsitateak sailarekin eta kontrataturiko pertsonarekin plaza hutsa betetzea adostuko du, plaza betetzeko lehiaketan parte hartu ahal izateko epe zehatzetan bete beharreko baldintzei dagokienean alde bakoitzaren (sailaren eta interesatuaren) konpromisoak jasoz, eta baldintza horiek betetzeko sailak emango dizkion tresna eta aurrerabideak zehaztuz. Lortutako adostasunen eta egon daitezkeen gorabeheren berri emango da Plangintza Batzordean.
3.- Irakasleek doktoregoa errazago lortu ahal izan dezaten, Unibertsitateak lau hilabetean behin deialdia egingo du ikasketa baimenak emateko, horrela 2. puntuan jasotako konpromisoei erantzuna emanez.
4.- Plaza lehiaketa publikoan betetzeko deialdia egingo da hitzarmen hau argitaratzen denetik gehienez 3 urteko epean. Halaber, sailak proposamena egin eta interesatuak oniritzia ematen badu, irakasle atxikiaren irudiarekin betetzeko deia egin ahal izango da, alde aurretik dagokion lanpostuen zerrendan aldaketa egin ondoren.
5.- Hitzarmena indarrean egon bitartean plaza iraunkor huts guztien egoera aztertuko da, eta aldez aurretik sindikatuekin negoziatu ondoren, titularrak lanpostua uzteagatik hutsik geratutako plazak betetzen dituzten irakasleei 2. puntua aplikatzeko aukera balioetsiko da.
20. artikulua.- Egonkortasuna.
1.- Ezarpen eremua:
a) Artikulu hau aplikatuko zaie hitzarmen hau indarrean sartzen den egunetik 2011 urte amaiera bitartean hutsik dauden plaza iraunkor berriak betetzeko kontrataturiko irakasleei. Irakasle horiek UPV/EHUn bost zerbitzu urte (egonkortasunari buruzko 2005eko erabakiaren arabera zenbatuak) izan beharko dituzte emanak. Beraz, ez zaie aplikatuko titularrak lanpostua uzteagatik hutsik geratutako plazak betetzen dituzten irakasleei.
b) Halaber, artikulu hau aplikatuko zaie behin beren plaza finkatu ondoren irakasle agregatuaren kategoriako edo unibertsitateko irakasle titularren kidegoko plaza betetzeko lehiaketa publikora aurkeztutako irakasle atxikiei. Irakasle horiek UPV/EHUn bost zerbitzu urte (egonkortasunari buruzko 2005eko erabakiaren arabera zenbatuak) izan beharko dituzte emanak.
2.- Aldi baterako plazak iraunkor bihurtzeko prozesuan, betiere kasuan kasuko aurrekontu kredituak hornitzen badira, artikulu honen lehenengo puntuan adierazitako kasuan, irakasle agregatuen edo unibertsitateko irakasle titularren kidegoko plaza lortzen duen pertsona ez bada plaza hori lehendik aldi baterako betetzen ari zena edo irakasle atxiki moduan kontrataturik zegoena, plaza lortu ez duen pertsona horri kontratazio berria eskainiko zaio baina behin bakarrik, eta plaza betetzeko lehiaketan parte hartzeko bete beharreko baldintzak (doktoregoa eta Uniqual/Aneca akreditazioa) betetzen baditu. Bestalde, pertsona hori zein sailetara atxikitzen den, sail horretan amortizatuko da hutsik geratutako lehenengo plaza. Kontratazio berri hori kideko sail batean egin ahal izango da, graduko titulazio berrien ezarpenak sortutako beharren arabera.
II. TITULUA
IKERTZAILEAK
21. artikulua.- Kontratazio irudiak.
1.- Kontratu iraunkorrak. Kontratu iraunkorrak egingo dira ikerketa irakasleak eta doktore ikertzaileak kontratatzeko.
2.- Aldi baterako kontratuak. Aldi baterako kontratuak egingo dira ikerketa zerbitzuak emateko lan edo zerbitzu jakin baterako kontratatuekin edo praktiketako kontratuekin.
22. artikulua.- Ikerketa irakasleak.
1.- Ikerketa lanak egiteko kontratatuko dira. Alabaina, irakaskuntza lanak ere egin ahal izango dituzte, eta beren sail, ikastegi edo unitatearen gestio eta administrazio beharrei erantzun.
2.- Kontratatuak izateko baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Gutxien dela hiru urtez lotura iraunkorra eduki izana eta doktorea izatea. Salbuespen moduan, aipatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak kontratatu ahal izango dira, baldin eta Uniqualen aldeko txostena badute.
b) Irakaskuntza eta ikerketako jarduerei (batez ere doktorego osteko ikerketa jarduerei) buruzko aldeko txostena izatea, Kalitatea Ebaluatzeko Euskal Agentziak, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziak edo Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak onartutako antzeko erakunderen batek emandakoa.
3.- Kontratuak mugagabeak izango dira, eta arduraldi osokoak.
23. artikulua.- Doktore ikertzaileak.
1.- Ikerketa lanak egiteko kontratatuko dira. Alabaina, irakaskuntza lanak ere egin ahal izango dituzte, eta beren sail, ikastegi edo unitatearen gestio eta administrazio beharrei erantzun.
2.- Kontratatuak izateko baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Doktore titulua izatea.
b) Irakaskuntza eta ikerketako jarduerei (batez ere doktorego osteko ikerketa jarduerei) buruzko aldeko txostena izatea, Kalitatea Ebaluatzeko Euskal Agentziak, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziak edo Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak onartutako antzeko erakunderen batek emandakoa.
c) Doktoregoa egin ondoren irakaskuntzan edo/eta ikerketan gutxienez hiru urtean aritu izana egiaztatzea.
3.- Kontratuak mugagabeak izango dira, eta arduraldi osokoak.
24. artikulua.- Kanpoko finantziazioarekin kontratatutako ikertzaileak.
1.- UPV/EHUk aldi baterako ikertzaileak kontratatu ahal izango ditu lan edo zerbitzu zehatzerako kontratu bidez, zientziaren eta teknikaren arloko ikerketa proiektuak garatzeko, 1/1995 Errege Dekretu Legegileak 15.1.a) artikuluan zehaztutakoaren babesean (lege horren bidez Langileen Estatutuaren testu bateratua onartu zen). Kontratuaren bidez beteko diren ikerketa eta garapen teknologikoko jarduerak diru laguntza publikoa daukan ikerketa plan batekoak badira, ikertzaileak egindako jarduera urtero ebaluatuko da eta kontratua bertan behera utzi ahal izango da, baldin eta ikertzaileak ez badu ebaluazioa gainditzen. Hori guztia 13/1986 Legeak, Zientziaren eta Teknologiaren arloko Ikerlana Bultzatu eta Koordinatzekoak, 17.1.a) artikuluan zehaztutakoaren babesean.
2.- Artikulu honetan adierazitako kontratu motetan behar bezala adieraziko da zein den egingo den lan edo zerbitzua, eta horrek bat etorri beharko du proiektuan zehaztutakoarekin. Ikertzaile berak ezin izango du, inolaz ere, aldi berean mota honetako kontratu bat baino gehiago izan, ez eta kontratu berean ikerketa proiektu bat baino gehiago pilatu ere.
3.- Kanpoko finantziazioarekin kontratatutako ikertzaileek, ahal dela, arduraldi osoa izango dute. UPV/EHUk ez ditu egingo hiru hilabeteko kontratuak baino laburragoak diren hasiera bateko kontratuak, ez eta % 50eko arduraldia baino txikiagoa dutenak ere.
4.- Kanpoko finantziazioarekin kontratatutako ikertzaileek beren lana bateragarri egin dezakete gehienez astean lau orduko arduraldi partzialeko irakasle kontratuarekin.
5.- Nahikoa finantziazio daukaten hainbat urtetarako ikerketa ildo finkatuetan, arduraldi osorako ikertzaileen kontratazioa bultzatzeko, unibertsitateak:
1) Arduraldi osoko aldi baterako kontratuak (urtebetekoak baino luzeagoak) egingo ditu, aplika daitekeen araubideak ezarritako mugara heldu arte.
2) Arduraldi osoko mugagabeko kontratazioa eskaintzeko aukera aztertuko du.
25. artikulua.- Aldi baterako ikertzaileak kontratatzea Langileen Estatutuko 11.1 artikuluaren babesean.
1.- UPV/EHUk aldi baterako ikertzaileak kontratatu ahal izango ditu praktiketako lan kontratuarekin (1/1995 Errege Dekretu Legegileak, Langileen Estatutuaren testu bateratua onartzeko denak, 11.1 artikuluan zehaztutako lan kontratua) ondoko kasuetan:
a) Ikertzaileak Espainiako zientzia eta teknologia sisteman sartzeko kontratuak, apirilaren 14ko 13/1986 Legeak, Zientziaren eta Teknologiaren arloko Ikerlana Bultzatu eta Koordinatzekoak, 17.1.a) artikuluan zehaztutakoaren babesean egindakoak.
b) Prestakuntza bidean dauden ikertzaileen kontratuak, baldin eta prestakuntzarako eta zientziaren eta teknikaren arloko espezializaziorako jarduerak garatzeko laguntza programen onuradun badira, eta kontratuok urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuak, Prestakuntza Bidean dauden Ikertzaileen Estatutua Onartzeko denak, zehaztutakoaren babesean egiten badira.
2.- Artikulu honetan jasotako egoeretan, ez da lehiaketarik egingo eta zuzenean egingo zaio kontratua laguntza programa edo diru laguntza publikoaren onuradunari.
3.- Artikulu honen a) puntuan jasotako kontratuek Langileen Estatutuko 11.1 artikuluan zehaztutakoari jarraituko diote, betiere, ondoko berezitasunak kontuan hartuta:
- Doktore titulua dutenei baino ezin izango zaie egin mota honetako kontraturik, eta ez da kontuan hartuko aipatutako aginduan zehaztutako lau urteko muga.
- Egin beharreko lanen xedea kontratatuari bere esperientzia zientifikoa zabaldu, hobetu edo osatzeko aukera emango dioten jarduera, programa edo ikerketa proiektuak egitea izango da.
- Ikertzaileek egindako jarduera gutxien dela bi urterik behin ebaluatuko da, eta kontratua bertan behera utzi ahal izango da, baldin eta ikertzaileak ez badu ebaluazioa gainditzen.
- Kontratuaren iraupena gutxienez urtebetekoa eta gehienez bost urtekoa izango da. Kontratuaren iraupena bost urte baino gutxiagokoa denean, kontratua luzatzeko aukera egongo da, baina luzapenak gutxienez urtebetekoak izan behar dira. Kontratuak dirauen bitartean aldi baterako ezintasunagatik bajan egonez gero edo amatasunagatik eta umeak adoptatu edo hartzeagatik baimena izanez gero, denboraldi hori ez da kontuan hartuko kontratuaren iraupenaren ondorioetarako.
- Mota honetako kontratuaren bidez ezin izango da ikertzailerik kontratatu bost urte baino gehiagorako, ez erakunde berean ez beste batean.
4.- Unibertsitateak berari atxikitako prestakuntza bidean dauden ikertzaileei lan egiteko leku fisiko bat emango die, beren eginkizunak modu egokian bete ditzaten.
5.- Unibertsitateak, Irakasle eta Ikertzaileen Plan Gidarian jasotakoaren arabera irakasle berriak kontratatu behar dituzten sailetan, bertako beharrei erantzuteko edo Ikerketaren Plan Gidarian zehaztutako ikerketa helburuak betetzeko, doktorego ondoko kontratuak eskainiko ditu, gehienez sei hilabeterako izango direnak, prestakuntza bidean dauden ikertzaileei (doktorego aurreko prestakuntza aldia amaitu dutenei) irakasle edo ikertzaileen irudietara igarotzeko bidea errazteko.
III. TITULUA
LANALDIA, ORDUTEGIA ETA OPORRAK
26. artikulua.- Urteko lanaldia.
1.- Arduraldi osoko irakasleen eta ikertzaileen lanaldia Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak ezarrita daukana izango da.
Lanaldia eta lanaldi hori urteko lan egutegiarekin moldatzeko modua UPV/EHUko sindikatuetako ordezkariekin negoziatuko da; bestalde, aipatutako egutegia lantokietako iragarki oholetan jarriko da.
Lanaldian irakasteko, ikertzeko eta ezagutza transferitzeko lanak egin beharko dira, bai eta saileko, ikastegiko eta unibertsitateko gestio eta administrazio lanerako beharrezkoak diren zereginak eta UPV/EHUko Estatutuetan jasotako gainerakoak ere.
Arduraldi osoko unibertsitateko irakasleek arduraldi hori honela banatuko dute beren urteko lanaldian:
- % 80 irakasteko, ikertzeko eta ezagutza transferitzeko jardueretarako, Gobernu Kontseiluak ezarritako irizpide orokorrei jarraiki, eta aldez aurretik sindikatuetako ordezkariekin negoziatu ondoren. Ehuneko hori murriztu ahal izango da zuzendaritzarekin eta gestioarekin lotutako jarduerak direla eta, eskumena duten unibertsitateko organoek onarturiko baldintzetan.
- Urteko lanaldiaren % 20 gordeko da etengabeko irakaskuntza eta ikerketa prestakuntzarekin zerikusirik duten jardueretarako. Jarduera horiek bereziki irakasle bakoitzaren jakintza arloarekin loturiko gaien ingurukoak izango dira, eta irakasleen eginkizunak erraztuko dituzten jarduerak izateaz gain, mesedegarriak izango dira eginkizun horietarako.
27. artikulua.- Asteko lanaldia.
Asteko lanaldiak 35 ordu izango ditu, eta lanaldi horretan irakasteko, ikertzeko eta ezagutza transferitzeko lanak egin beharko dira, bai eta saileko, ikastegiko eta unibertsitateko gestio eta administrazio lanerako beharrezkoak diren zereginak eta UPV/EHUko Estatutuetan jasotako gainerakoak ere.
1.- Irakasle oso eta agregatuak.
Aurreko artikuluan adierazitako lanaldiaren barruan, lanaldi osoan kontratatutako irakasle oso eta agregatuek astean gehienez 8 eskola ordu izango dituzte (urtean 24 kreditu) eta tutoretzarako edo ikasleei laguntzeko sei ordu. UPV/EHUren eta Osakidetzaren arteko osasun itunean ezarritakoaren arabera unibertsitateari loturiko langile sanitarioek hitzartutako ospitalean bertan bete ahal izango dute lanaldi hori. Edozein kasutan, gutxienez asteko lanaldiaren herena ikerketa lanetarako gordeko da.
2.- Ikerketa irakasleak eta doktore ikertzaileak.
Ikerketa irakasleen eta doktore ikertzaileen lanaldi akademikoa batez ere ikertzeko eta ezagutza transferitzeko izango da. Alabaina, irakaskuntzako betebeharrak esleitu ahal izango zaizkie (urtean gehienez 12 kreditu). Betebehar horien helburua izango da, batez ere, proposaturiko ikerketa jarduerarekin zerikusirik duten irakaskuntzako eginkizunak (ahal dela hirugarren ziklokoak) betetzeko laguntza osagarria ematea.
3.- Irakasle lankideak eta bitarteko irakasle kontratatuak.
Arduraldi osoan kontratatutako irakasle lankide eta bitarteko irakasle kontratatuek, gehienez ere, astean hamar eskola ordu eta tutoretzarako edo ikasleei laguntzeko 6 ordu izango dituzte (hau da, urtean 30 kreditu eskola ordutan).
Unibertsitate eskolako irakasleen kasuan, egina badute doktoregoko ikastaroa eta doktorego tesia egiten ari direla egiaztatzen badute, 2011-2012 ikasturtetik aurrera bi ikasturtetan (ez gehiagotan) astean gehienez zortzi eskola ordu izango dituzte eta tutoretzarako edo ikasleei laguntza emateko sei ordu (urtero 24 kreditu eskola ordutan). Horretarako eskaria egin beharko dute aldez aurretik. Ondoren doktorego tesia egiteko bi urteko baimena eskuratzeko lehentasuna izango dute. Horretarako, aldez aurretik tesia amaitzeko aurreikusitako epeei buruzko txostena eskatuko zaio sailari. Epe horiek betetzen ez badira horretarako inolako arrazoirik egon gabe, kasu bakoitza banan-banan aztertu ondoren, neurri honen onuradunari eskatuko zaio bere gain 12 kreditu gehiago hartzeko, gehienez bi ikasturtez.
Oro har, doktore titulua lortu duten irakasleen betebeharrak edozein kasutan 24 kreditu izango ditu gehienez (zortzi eskola ordu), eta tutoretzarako edo ikasleei laguntza emateko 6 ordu; bestalde, gutxienez lanaldi osoaren herena ikertzeko eta ezagutza transferitzeko zereginetan erabili beharko da.
Ordezkoak egiteko kontratuarekin arduraldi osoan ari diren irakasle lankide eta bitarteko irakasle kontratatuen asteko betebeharrak, edozein kasutan, ordezkatzen ari diren irakasleak zituen berberak izango dira.
Hitzarmen hau indarrean dagoen denboran beharrezko neurriak hartuko dira, aurretik sindikatuekin negoziatu ondoren, talde hauen jarduera akademikoa homogeneoa izan dadin urteko lanaldiaren esparruan, bai unibertsitate eskoletan bai fakultateetan, kontuan hartuta irakaskuntza, ikerketa zein gestio lanak.
4.- Irakasle atxikiak.
Irakasle atxikien irakaskuntza zereginak (eskola orduak eta tutoretzakoak edo ikasleei laguntza ematekoak) honakoak izango dira: astean gehienez zortzi eskola ordu eta tutoretzarako edo ikasleei laguntza emateko sei ordu (urtean 24 kreditu eskola ordutan). Sailak irakaslana esleitzeko proposamenean kontuan hartuko du prestatzen ari diren irakasleak direla; hortaz, esleipen hori irakaskuntza eta ikerketa prestakuntzarako egokia izatea zainduko du. Edonola ere, irakaskuntzaren banaketa proportzionala egingo du, eta kontratuaren helburua (hau da, prestakuntza) bermatuko du.
5.- Irakasle laguntzaileak.
Urtean gehienez 60 irakaskuntza ordu eman ahal izango dituzte, eta irakaskuntza hori baimendua eta praktikoa izango da. Sailak irakaslana esleitzeko proposamenean kontuan hartuko du prestatzen ari diren irakasleak direla; hortaz, esleipen hori irakaskuntza eta ikerketa prestakuntzarako egokia izatea zainduko du. Edonola ere, irakaskuntzaren banaketa proportzionala egingo du, eta kontratuaren helburua (hau da, prestakuntza) bermatuko du.
6.- Prestakuntzako praktiketako ikertzaileak.
Urtean gehienez 60 irakaskuntza ordu eman ahal izango dituzte. Irakaskuntza hori baimendua eta praktikoa izango da, eta behar bezala aitortuko da. Sailak irakats betebeharrak esleitzeko proposamenean kontuan hartuko du prestatzen ari diren irakasleak direla; hortaz, esleipen hori irakaskuntza eta ikerketa prestakuntzarako egokia izatea zainduko du. Edonola ere, irakaskuntzaren banaketa proportzionala egingo du, eta kontratuaren helburua (hau da, prestakuntza) bermatuko du, tesi zuzendariaren aldez aurretiko txostena kontuan hartuta.
7.- Irakasle elkartuak.
Denbora partzialeko arduraldia duten irakasle elkartuek beren irakaskuntza zein tutoretza betebeharretatik eta ikasleei laguntza emateko lanetatik ondorioztaturiko lanaldia izango dute, baina gehienez sei ordu eta gutxienez hiru ordu izango dituzte eskolak emateko, eta beste horrenbeste tutoretzarako edo ikasleei laguntza emateko, unibertsitatearen irakaskuntza premien arabera.
28. artikulua.- Lanaldiarekin lotutako beste gai batzuk.
1.- UPV/EHUko lanpostuen zerrenda teorikoa diseinatzeko irizpide orokorretan kontutan izango dira karrera amaierako proiektuak zuzentzeko orduak, bai eta ikasketa planetan enborrekotzat jotzen diren practicumak ere; izan ere, horiek ere eskola ordu gisa zenbatuko dira, eta zenbaketa hori egindako lanarekiko proportzionala izango da.
2.- Lanaldia, edozelan ere, bateragarria izango da zientzia, teknika edo arte proiektuak egitearekin, abenduaren 21eko 6/2001 Legeak, Unibertsitateenak, 83. artikuluan zehaztutakoari jarraituz, eta kasuan-kasuan ezar daitezkeen bateragarritasunari buruzko araudien babesean.
29. artikulua.- Irakaskuntzari eskainitako denbora zenbatzea.
1.- Irakaskuntzari eskainitako denbora urteka neurtu ahal izango da, betiere zerbitzuko premiek horretarako aukerarik ematen badute. Sailek, hala ere, ikasketa planen lauhileko egitura berriak eragindako arazoak konpondu beharko dituzte, eta sor daitezkeen egoera berezietako irakaskuntza bermatu, ikasleen eskolez arduratuz beti, ahal den neurrian.
2.- Edonola ere, irakaskuntza arduraldiaren banaketa desberdina, ikasketa planei eta ikerkuntza beharrei lotutako irizpideetan oinarritu beharko dena, ikasturte osoan indarrean egongo diren kontratuei baino ez zaie aplikatuko.
3.- Irakaslan osoa seihileko bakar batean pilatuta duten irakasleen kasuan, eta batez ere bigarren seihilekoan dutenen kasuan, sailak hartu beharko du bere gain gehiegizko zama irakaslea ordezkatua izan behar baldin bada. Izan ere, kasuan kasuko seihilekoari dagokion irakaslana baino ezingo luke hartu bere gain ordezkoak (inola ere ez ikasturte osoari dagokiona).
4.- Irakasleak eman beharreko gutxieneko eskola ordu eta tutoretza orduez gain, Unibertsitateak lanaldiaren barruan beste zeregin batzuk betetzea agin dezake. Horrelakoetan, Estatutuetan zehaztutakoari jarraitu beharko zaio, eta aldez aurretik onespena eman beharko du Batzorde Parekideak.
5.- Sailek irakasleei oro har ezingo diete esleitu 27. artikuluan ezarritakoaren arabera dagokien irakats betebeharra baino betebehar gehiago.
Alabaina, salbuespen egoerei (adibidez, ustekabeko bajei) aurre egiteko, sailek aipatutako irakats betebeharra baino handiagoa esleitu ahal izango dute, irakaskuntzaren hainbat urtetarako plangintza eginda, Gobernu Kontseiluak ezarri bezala eta aurretik sindikatuekin negoziatu ondoren.
30. artikulua.- Ordutegiak argitaratu eta aldatzea.
1.- Ikasturte bakoitzaren hasieran ikastegi, sail edo institutu bakoitzaren egutegia jakinaraziko da, eskola teoriko eta praktikoetarako, tutoretza eta mintegietarako edo ikasleei laguntza emateko asteko ordutegi pertsonalizatua zehaztuta eta jarduera horietarako lekua aipatuta.
2.- Ikasturtean zehar aldaketarik egin behar izanez gero ordezkaritza, gobernu kargu edo sindikatuko ordezkaritza dela eta, behar bezala eman beharko da aldaketaren berri.
31. artikulua.- Oporrak.
1.- Akademi egutegian udako oporraldia ere jasoko da: hilabetekoa izango da eta, edozelan ere, eskolalditik kanpokoa.
2.- Ikertzaileek ikerketa proiektuko arduradunekin erabakiko dute udako oporrak noiz hartu, proiektuari ahalik eta kalte gutxien eraginda.
3.- Langile batek aldi berean baditu oporraldia eta amatasun edo aitatasunagatiko baimena, baimen hori amaitu eta berehala hartu ahal izango ditu oporrak, eskola aldian izanda ere. Familia unitatea hitzarmen honi lotutako bi pertsonak osatzen badute, batera hartu ahal izango dituzte oporrak.
IV. TITULUA
ORDAINSARIAK
32. artikulua.- Ordainsarien erregimena.
1.- Hitzarmen honi lotutako irakasle eta ikertzaileen ordainsariak honela egituratuko dira, Eusko Jaurlaritzaren 41/2008 Dekretuan ezarritakoaren arabera:
1.1.- Oinarrizko ordainsariak:
- Oinarrizko soldata
- Aparteko ordainsariak
- Antzinatasuna
1.2.- Ordainsari osagarriak, kontuan hartuta zein irakasle eta ikertzaile mota den eta zein arduraldi duen:
- Kargu akademikoetan jarduteagatik
- Irakaskuntza merezimenduengatik
- Ikerketa merezimenduengatik
- Ordainsari osagarri gehigarriak
- Doktore izateagatiko osagarria
2.- Unibertsitateen 6/2001 Lege Organikoan zehaztutakoaren arabera aldi baterako kontratatutako ikertzaileen ordainsariak unibertsitate eskolako irakasle titularrei (doktore ordainsaririk gabekoei) edo unibertsitateko irakasle titularrei dagokiena izango da hurrenez hurren, kontratazioan eskatutako titulazioaren arabera (hau da, doktoregoa eskatzen den edo ez kontuan izanda), baina ez dute irakaskuntza edo ikerketako merezimenduengatik ordainsari osagarririk eskuratuko, eta lanaldi osoa ez dutenean, dagokien ehuneko proportzionala kenduko zaie lanaldi osoko ordainsariak oinarri hartuta.
3.- Ikerketa Zientifiko eta Teknikoa Sustatu eta Koordinatzeko apirilaren 14ko 13/1986 Legeko 17.b) artikuluan jasotakoari jarraituz eta zientziaren eta teknologiaren arloan prestakuntza emateko xedez praktiketako kontratuarekin hartutako ikerlariek deialdian zehaztutako ordainsaria hartuko dute.
4.- Prestakuntza bidean dauden ikertzaileei dagokienez, ikerketarako laguntza eman zitzaienetik hirugarren eta laugarren urteetan daudenen ordainsariak kasuan kasuko deialdian ezarritakoak izango dira. UPV/EHUk egiten dituen mota horretako laguntzen deialdien kasuan, hirugarren eta laugarren urteei dagozkien ordainsariak izango dira Eusko Jaurlaritzak prestakuntza bidean dauden ikertzaileentzat ezarritako ordainsarien parekoak.
5.- Plangintza Batzordeak Irakasle eta Ikertzaileen Plan Gidariaren eranskinean jasotakoari helduko dio, eta indarreko legeriaren barruan arduraldi partzialeko beste kontratazio irudi batzuk erabiliko ditu, irakasle elkartuen baldintzek mugatzen ez dituztenak; hala, arduraldi osoko plaza bati dagokion ordainsariaren % 50 esleitu ahalko zaio astean sei orduko arduraldi bati.
33. artikulua.- Oinarrizko soldata eta aparteko ordainsariak.
1.- Oinarrizko soldata kategoriaren eta arduraldiaren arabera hilero hartzen den zenbatekoa da. Zenbateko hori 41/2008 Dekretuan ezarritakoa izango da, eta urtero eguneratuko da.
2.- Aparteko ordainsariak: urtean bi daude, ekainean eta abenduan irabazten direnak. Aparteko ordainsarien zenbatekoak 41/2008 Dekretuan ezarritakoak izango dira, eta urtero eguneratuko dira.
3.- Arduraldi osoko irakasle eta ikertzaileek UPV/EHUn irakaskuntza eta ikerketa zerbitzuak ematen badituzte aldi berean sektore publikoan beste lanpostu bat izanda, edo Administrazio honetan aldi berean bi lanpostu badituzte, jasoko duten ordainsaria izango da jarduera nagusitzat hartu dutenari dagokiona.
34. artikulua.- Antzinatasuna.
1.- Kontratatutako irakasle eta ikertzaileek 41/2008 Dekretuan ezarritako zenbatekoak (urteroko eguneraketak eginda) jasoko dituzte antzinatasunagatik, UPV/EHUn irakaskuntza eta ikerketaren arloan emandako hiru zerbitzu urteko aldi bakoitzagatik. UPV/EHUk ofizioz aitortu eta ordainduko du ordainsaria, 14 ordainketatan.
2.- Antzinatasuna zenbatzean kontuan hartuko dira beste edozein herri administraziotan betetako zerbitzuak, prestakuntzako kontratu aldiak barne, eta berdin izango dio karrerako edo bitarteko funtzionario legez edo lan edo administrazioko kontratudun legez bete izana zerbitzuok. Aurretik emandako zerbitzuak antzinatasunerako aitortuko dira interesdunek eskaera egiten badute, eta eskariarekin batera zerbitzu horiek justifikatzeko agiriak aurkezten badituzte. Ondorio ekonomikoak eskaria aurkeztu eta hurrengo hileko lehenengo egunean hasiko dira, eskaera hilaren 1ean bertan aurkeztu ezean.
3.- Arduraldi osoko irakasle eta ikertzaileek UPV/EHUn irakaskuntza eta ikerketa zerbitzuak ematen badituzte aldi berean sektore publikoan beste lanpostu bat izanda, edo Administrazio honetan aldi berean bi lanpostu badituzte, jasoko duten antzinatasunagatiko osagarria izango da jarduera nagusitzat hartu dutenari dagokiona.
35. artikulua.- Kargu akademikoetan jarduteagatiko osagarria.
1.- Lanaldi osoan kontratatutako irakasleek eta ikertzaileek kargu akademikoetan jarduteagatiko zenbateko osagarriak jasotzeko eskubidea izango dute. Zenbateko horiek izango dira 41/2008 Dekretuan jasotakoak, eta urtero eguneratuko dira.
2.- UPV/EHUk bere Estatutuetan edo horiek garatzeko arautegian ezarri dituen gainerako kargu akademiko espezifikoei ordaindu beharreko osagarriak ere bere gain hartuko ditu Unibertsitateak. Osagarri horiek izango dira aipatutako 41/2008 dekretuan jasotakoak, eta urtero eguneratuko dira.
36. artikulua.- Irakaskuntza merezimenduengatiko osagarria.
1.- Irakasle eta ikertzaile kontratatu iraunkorrek, lanaldi osoko arduraldian jardun badute, bost urteko epean burututako irakaskuntza jarduerari buruzko ebaluazio txosten bat eskatu ahal izango diote beren Saileko Kontseiluari (edo bestela, lanaldi partzialeko arduraldian jardun badute, epe baliokidean burututako irakaskuntza jarduerari buruzkoa), UPV/EHUko irakasleen eta ikertzaileen ordainsariei buruzko martxoaren 4ko 41/2008 Dekretuan jasota dagoen moduan (martxoaren 17ko EHAA).
2.- Irakasle eta ikertzaileek eskubidea izango dute aitortu zaizkien irakaskuntza merezimenduengatiko osagarri atal bakoitzagatik dagozkien zenbatekoak jasotzeko. Zenbateko horiek izango dira 41/2008 Dekretuan jasotakoak, eta urtero eguneratuko dira.
37. artikulua.- Ikerketa merezimenduengatiko osagarria.
1.- Arduraldi osoko irakasle eta ikertzaile kontratatu iraunkorrek sei urteko epean (eta arduraldi partzialean egon direnek epe baliokidean) burututako ikerketa jarduera ebaluatzea eska dezakete, UPV/EHUko irakasleen eta ikertzaileen ordainsariei buruzko martxoaren 4ko 41/2008 Dekretuan jasota dagoen moduan (martxoaren 17ko EHAA); hala, ebaluazio horrek epe horretan egin duten ikerketa lanaren etekina neurtuko du.
2.- Irakasle eta ikertzaileek eskubidea izango dute aitortu zaizkien ikerketa merezimenduengatiko osagarri atal bakoitzagatik dagozkien zenbatekoak jasotzeko. Zenbateko horiek izango dira 41/2008 Dekretuan jasotakoak, eta urtero eguneratuko dira.
38. artikulua.- Ordainsari osagarri gehigarriak.
1.- Zerbitzuak Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean ematen dituzten irakasle eta ikertzaile kontratatuek ordainsari osagarri gehigarriak jaso ahal izango dituzte, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen ordainsari osagarri gehigarriei buruzko urriaren 17ko 209/2006 Dekretuan edo beraren ordezko arauan ezarritako baldintzetan.
2.- Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluari dagokio ordainsari osagarri gehigarriak modu berezian eta indibidualean esleitzea, unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren proposamenari jarraiki, eta Uniqualek, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak, ordainsari horien oinarri diren merezimenduen gainean aldez aurretik balorazio eta ebaluazio positiboa egin ostean.
39. artikulua.- Doktore izateagatiko osagarria.
1.- Irakasle lankideek, bitarteko irakasle kontratatuek eta irakasle elkartuek doktore titulua lortzean eskuratuko dute osagarri hau.
2.- Osagarri hori irabazteko interesatuek eskaera egin beharko dute, eta eskariarekin batera dagozkien frogagiriak aurkeztu. Ondorio ekonomikoak eskari hori aurkeztu eta hurrengo hileko lehenengo egunean hasiko dira, eskaera hilaren 1ean bertan aurkeztu ezean.
V. TITULUA
ERRETIROA, PLANTILLAK BERRITZEA ETA ENPLEGUA SUSTATZEA
40. artikulua.- Nahitaezko erretiroa.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek 65 urte betetzean hartuko dute erretiroa. Alabaina, jardunean jarraitzeko eskaera egin ahalko da erretiro pentsiorako eskubidea izateko gabealdia osatu nahi denean. Kasu horretan nahitaezko erretiroa hartuko da aipatutako gabealdi hori osatzean, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorraren arabera. Bi kasuetan erretiroa kasuan kasuko ikasturtea amaitzean hartu ahal izango da.
41. artikulua.- Erretiroak bultzatzeko, plantillak berritzeko eta enplegua sustatzeko neurriak.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileei honako akordio hau eta bertako aplikazio eremu nahiz oinarri eta xedapen orokorrak aplikatuko zaizkio: Akordioa, 2010eko uztailaren 15ekoa, UPV/EHUko erretiroen eta erretiro egoerara iragateari lotutako bestelako neurrien xedez osatutako Batzorde Teknikoarena. Ondorengo artikuluek lan kontratuko irakasle eta ikertzaileei (baita irakasle eta ikertzaile iraunkorrei ere) eragiten dieten aipaturiko akordioaren xedapenak jasotzen dituzte.
Erretiroa sustatu, plantillak berritu eta enplegua bultzatzeko 2010eko uztailaren 15eko Akordioak jasotzen dituen neurrien indarraldia amaitu ostean, akordio horren ordez beste akordiorik ez badago, indarrean sartuko da UPV/EHUko Lan Kontratudun Irakasle eta Ikertzaileen I. Hitzarmen Kolektiboaren 65. Artikulua (2005eko uztailaren 22ko EHAA).
42. artikulua.- Irakasle eta ikertzaileen borondatezko erretiro pizgarriduna.
1.- Baldintzak Hitzarmen honen eraginpeko langileek, neurri honi heltzeko, baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Irakasle kategorietakoren batekoa izatea eta behin betiko lanpostu bat betetzen egotea zerbitzu aktiboko administrazio egoeran edo lanpostua gordetzea dakarren beste edozeinetan, edo egonkortasuna aitortua izatea.
b) UPV/EHUn zerbitzuak eman izana gutxienez azken hamar urteetan.
c) Interesatua borondatezko erretiroa eskatzeko egoeran egotea indarreko legediak ezarritako baldintzak betetzen dituelako.
d) 60 eta 64 urte bitartean izatea.
2.- Kalte ordaina. Kalte ordainaren zenbatekoa eskala honen araberakoa izango da:
Adina Hileko ordainsari kopurua
60 urte 21 hileko ordainsari
61 urte 17 hileko ordainsari
62 urte 13 hileko ordainsari
63 urte 9 hileko ordainsari
64 urte 6 hileko ordainsari
Hileko ordainsaritzat hartuko da borondatezko erretiroa eskatzean edozein kontzeptugatik urteko ordainsari gordinaren hamabirenari dagokion kopurua (kargu akademikoetan jarduteagatiko osagarria eta masterretako edo bestelako ikastaroetako proiektuetan parte hartzeagatik edo haietan eskolak emateagatik eratorritakoak kanpo).
- Kalte ordainaren muga: kalte ordainaren zenbatekoa ezingo da inola ere 100.000 eurotik gorakoa izan.
- Interesatuak eskaria egin ahalko du kalte ordaina bi zati berdinetan eskuratzeko, eta horrelakoetan bigarren zatia hurrengo ekitaldian ordainduko da.
3.- Bateraezintasunak: borondatezko erretiroagatiko kalte ordainaren ordainketak berarekin dakar interesatuak UPV/EHUko eginkizunak uzten dituenetik aurrera beste inolako ordaindutako jarduerarik ez egiteko konpromisoa.
4.- Kalte ordaina ezintasun iraunkor osoagatik, erabateko ezintasun iraunkorragatik eta baliaezintasun handiagatik.
Artikulu honetan adierazitako kalte ordaina ezarriko da ezintasun iragankor osoa, erabateko ezintasun iragankorra edo baliaezintasun handiak eraginda lan harremana bertan behera gelditzen denean. Egoera hori suertatzen denean langileak 60 urte bete gabe baditu, kasuan kasuko adinari dagokion kalte ordaina hartuko du. Aldi baterako kontratatutako langileek ere izango dute kalte ordain hau hartzeko eskubidea.
Ezintasun iraunkorra dela-eta lan kontratua bertan behera utzi ondoren langilea lanera bueltatzeko moduan jarriz gero, -hau da, langileak lanerako gaitasuna berreskuratuz gero-, langileak lehentasun osoa izango du sortzen den lehenengo lanpostu hutsean sartzeko, baldin eta bere gaitasunerako egokia bada. Langileak hilabeteko epea izango du lanera bueltatzeko asmoa duela jakinarazteko, lanerako gai dela adierazten zaionetik kontatzen hasita.
Langileak uko egiten badio eskainitako lanpostuari -kategoria berekoari edo gaitasun osoa errekuperatu ez badu, gutxiagokoari-, galdu egingo du lanera bueltatzeko eskubidea, betiere, eskainitako lanpostuak bizilekua aldatzea eragiten ez badu.
43. artikulua.- Erretiro partziala eta txanda kontratua.
1.- Baldintzak: Hitzarmen honen eraginpeko langileek, neurri honi heltzeko, baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Irakasle eta ikertzaileen irakasle kategorietakoren bateko lan kontratudun finkoa izatea eta UPV/EHUn behin betiko lanpostu bat betetzen egotea zerbitzu aktiboko administrazio egoeran edo lanpostua gordetzea dakarren beste edozeinetan, edo egonkortasuna aitortua izatea.
b) Langileak 61 urte beteta izatea.
c) Gutxienez erretiro partziala hartzen den egunaren aurreko 6 urteetan UPV/EHUn lan eginagatiko antzinatasuna egiaztatzea.
d) Aurretiko 30 urteko kotizazio aldia egiaztatzea.
e) Erretiro partziala lanaldi partzialeko lan kontratu batekin batera egingo da eta txanda kontratu bati lotuta egongo da.
2.- Lanaldia.
- Lanaldia % 75 murriztuko da lanaldi osoarekiko.
- Aldi berean lanaldi partzialeko kontratu bat egingo da % 25eko lanaldi efektiboarekin eta metatzeko aukera egongo da.
- Metaketa honako irizpide hauen arabera egingo da: langileak 61 edo 62 urte baditu, eman beharreko zerbitzuak erretiro partziala eskatu ondorengo bi lauhilekoetan metatuko dira eta langileak 63 edo 64 urte baditu, erretiro partziala eskatu ondorengo lauhilekoan.
3.- Ordainsariak: erretiro partziala hartu ondoren lanaldi partzialeko kontratua duen erretirodunak lanaldi osoan balego kontzeptu guztiengatik jaso beharko lituzkeen urteko ordainsari gordinen % 25 jasoko du.
4.- Kalte ordaina.
- Erretiro partziala 61 urterekin hartzen duen langileak 4 hileko ordainsari jasoko ditu kalte ordainetan. Hileko ordainsaritzat hartuko da erretiro partziala eskatzean edozein kontzepturengatik urteko ordainsari gordinaren hamabirenari dagokion kopurua (kargu akademikoetan jarduteagatiko osagarria eta masterretako edo bestelako ikastaroetako proiektuetan parte hartzeagatik edo haietan eskolak emateagatik eratorritakoak).
- Salbuespen moduan, eta behin bakarrik, 2010eko azken hiruhilekoan deialdi bat egingo da 2011n 62 edo 63 urte betetzen dituzten langileek erretiro partziala eskatu ahal dezaten eta horrek 2 hileko ordainsariko kalte ordaina jasotzeko eskubidea emango die (horren kalkulua aurreko puntuan jasotako moduan egingo da).
5.- Lanaldi partzialeko kontratua.
Langileak urteko lanaldia betetzeko baldintzak onartu ondoren, lanaldi partzialeko lan kontratu bat izenpetuko du geratzen den lanaldiarekin eta kontratu hori langileak hirurogeita bost urte betetzen dituen unean bukatuko da inolako salbuespenik gabe.
6.- Txanda kontratua.
- Txanda kontratua kasuan kasuko lan poltsan dauden pertsonei eskainiko zaie eta horiek erretiroa hartzen duenaren lanpostua edo antzerako bat bete ahalko dute. Antzerako lanpostua izango da txandakatutako langilearen kolektiboko talde edo kategoria profesional berari dagozkion zeregin eta eginkizunak dituena.
- Txanda kontratuaren iraupena txandakatutako langileari erretiro adinera (hirurogeita bost urte) iristeko falta zaion denboraren bestekoa izango da baina langileak aurretiazko erretiroa hartzea erabakitzen duen unean eten ahalko da. Txandakatutako langileak erabateko erretiroa hartzen duenean txanda kontratua iraungi egingo da eta, hala dagokionean, arauekin bat datozen mekanismoen bitartez beteko da lanpostua.
- Txanda kontratua izenpetzen duen langileak lanaldi osoa izango du.
44. artikulua.- Erretiro berezia 64 urterekin.
1.- Baldintzak: Hitzarmen honen eraginpeko langileek, neurri honi heltzeko, baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Irakasle eta ikertzaileen irakasle kategorietakoren bateko lan kontratudun finkoa izatea eta UPV/EHUn behin betiko lanpostu bat betetzen egotea zerbitzu aktiboko administrazio egoeran edo lanpostua gordetzea dakarren beste edozeinetan, edo egonkortasuna aitortua izatea.
b) Langileak 64 urteko benetako adina izatea.
c) Langileak ohiko erretiroa hartzeko eskubidea izateko eskatzen diren baldintzak betetzea: alta egoeran edo parekoan egotea kasuan kasuko erregimenean eta gutxieneko kotizazio aldia egiaztatzea.
d) Erretiroa hartzen duen langilea aldi berean beste langile batek ordezkatuko du urtebeteko gutxieneko iraupena izango duen aldi baterako kontratu baten bidez.
2.- Aurreratze kasu berezia:
- Erretiro berezia 64 urterekin hartu nahi duen langileak norberaren kontuetarako urte 1eko baimen berezia eskatu ahalko du 63 urte betetzen dituenean.
- Baimen horren bukaera 64 urterekin hartutako erretiroarekin lotuko da etenik gabe eta aurreko atalean adierazitako baldintzak bete beharko dira.
- Baimen hori hartu duten langileek eskubidea izango dute 5 hileko ordainsari kalte ordainetan jasotzeko. Hileko ordainsaritzat hartuko da erretiro berezia eskatzean edozein kontzepturengatik urteko ordainsari gordinaren hamabirenari dagokion kopurua.
- Baimenak irauten duen urtean zehar UPV/EHUk hartuko du bere gain Gizarte Segurantzako kotizazioak mantentzeak sor dezakeen kostu ekonomikoa.
45. artikulua.- Irakats betebeharren murrizketa.
1.- Baldintzak: Hitzarmen honen eraginpeko langileek, neurri honi heltzeko, baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Irakasle eta ikertzaileen irakasle kategorietakoren bateko lan kontratudun finkoa izatea eta UPV/EHUn behin betiko lanpostu bat betetzen egotea zerbitzu aktiboko administrazio egoeran edo lanpostua gordetzea dakarren beste edozeinetan, edo egonkortasuna aitortua izatea.
b) 60 urtetik aurrera irakats betebeharrak murriztu ahal izango dira, ordainsarien % 100 jasoz, eskala honen arabera:
Adina Murrizketa
60 urte 2 kreditu
61 urte 4 kreditu
62 urte 6 kreditu
63 urte 8 kreditu
64 urte 10 kreditu
Irakats betebeharrak murrizteko neurri honi heltzen dioten irakasle eta ikertzaileek konpromisoa hartzen dute 65 urte betetzean erretiroa hartzeko.
VI. TITULUA
IRAKASKUNTZAREN ETA IKERKETAREN PLANGINTZA
46. artikulua.- Planifikazio Batzordearen partaidetza irakaskuntzaren planifikaziorako proposamena egitean.
1.- Planifikazio Batzordea eratuko da, eta sindikatuekiko negoziazio eta kontsulta organoa izango da. Batzorde honi dagokio lan kontratuko langileak hartzearen eta lanpostuak betetzearen inguruan nahiz lanpostuen zerrenden eta lan baldintzei eragiten dieten gainerako gaien inguruan UPV/EHUk egindako arautegi proiektuei eta horiek ezartzeko irizpideei buruz sindikatuek egindako txostenak aztertzea.
2.- Proposamenak unibertsitateko gobernu organoetara bidali aurretik, Planifikazio Batzordean negoziatuko dira, betiere, proposamenak honako gaiei buruzkoak badira:
a) UPV/EHUko lan kontratudun irakasle eta ikertzaileen plantilla eta lanpostuen zerrenda osatzea.
b) Sail bakoitzeko irakasle eta ikertzaileen plantillaren Plan Gidaria garatzea, batez ere 19.2 artikuluan ezarritakoa.
c) Unibertsitatean lehen aldiz arituko diren irakasleak kontratatzeko prozedura finkatzea.
d) Lan kontratudun irakasle eta ikertzaileak kontratatzeko lan poltsak eratzea, irakasleen plazak aldi baterako betetzeko.
47. artikulua.- Irakaslana esleitzea.
1.- Irakaslana banatzeko organo eskuduna Saileko Kontseilua da. Irakaslea ados ez badago emandako irakaslanarekin, auzibidera joateko aukera izango du, aldez aurretik gora jotzeko errekurtsoa jarrita irakasleen arloko eskumena duen errektoreordeari. Hala ere, bete egin beharko du emandako irakaslana, harik eta administrazioarekiko auzietarako epaitegiak erabakia hartu arte.
Sailetan irakaslana esleituko da kontuan hartuz organo eskudunek, aldez aurretik Plangintza Batzordearekin negoziatu ondoren, honako hauei buruz ezarritako arauak: irakasle bakoitzari esleitutako irakasgai kopurua, irakasgai horien arteko kidetasuna, ordutegia, kontratatukoaren araberako gaitasunaren eta benetako zamaren arteko proportzioa, irakasgaiak emateko hizkuntza, hartutako ikasle kopurua eta irakaskuntza lana egoki burutzeko orduan eragina duten gainerako gaiak. Bestalde, saileko irakasleen artean bereizkeriarik ez egotea zainduko da.
2.- Sailak irakaslana esleitzeko proposamenean kontuan hartuko ditu prestakuntzako kontratuak dituzten irakasleak (irakasle laguntzaileak, irakasle atxikiak eta prestakuntza bidean dauden ikertzaileak); hala, esleipen hori irakaskuntza eta ikerketa prestakuntzarako egokia izatea zainduko du. Edonola ere, irakaskuntzaren banaketa proportzionala egingo du, eta kontratuaren helburua (hau da, prestakuntza) bermatuko du.
3.- Tesi, urte sabatiko, ikasketa, norberaren kontu eta abarrengatiko baimenak emateagatik sailak irakaslana esleitzeko eginiko proposamenari aldaketak egin behar zaizkionean, lehentasuna emango zaie doktorego tesia egiteko eskatutako baimenei eta, oro har, irudi iraunkorretara heltzeko eskatzen diren baldintzak lortzeko plan espezifikoei; hori guztia Irakasle eta Ikertzaileen Plan Gidarian ezarritakoa aplikatuz finkatutako konpromisoen barruan.
48. artikulua.- Kontratazioak.
1.- Irakasle eta Ikertzaileen Zerbitzuak dokumentazio hau eskuratzeko erraztasunak emango ditu:
a) Lan poltsak ireki, handitu eta eguneratzeko deialdiak.
b) Irakasle eta ikertzaileen hainbat kategoriatako aldi baterako kontratuen deialdiak.
c) Ebaluazio Batzordearen eraketari, balioespen baremo orokor eta espezifikoen onarpenari eta hautagai bakoitzaren puntuazioari buruzko aktak.
d) Egindako kontratuak.
e) Prestakuntza bidean dauden ikertzaileen irakats betebeharrak.
f) Irakasle eta ikertzaileei buruzko sailekiko akordioak.
g) Plangintza Batzordean erabaki daitezkeen beste batzuk.
2.- Unibertsitatek 2011 urtea hasterako egokituko ditu aldi baterako irakasle eta ikertzaileen kontratu ereduak, berariaz aipatuz hitzarmen honekiko lotura eta beren eskubide eta betebeharrak.
VII. TITULUA
PRESTAKUNTZA ETA EUSKALDUNTZEA
49. artikulua.- Irakasleen Hobekuntza eta Euskalduntze Batzordea.
Irakasleen Hobekuntza eta Euskalduntze Batzordea eratuko da.
50. artikulua.- Etengabeko Prestakuntza.
1.- Unibertsitateak irakasle eta ikertzaileen eta lan araubideko ikertzaileen prestakuntza sustatuko du, beren gaitasuna eta ezagutza hobetzeaz gain, beren garapen profesionala bultzatzeko hala irakaskuntza eta ikerketaren arloan nola ezagutzaren transferentziaren arloan.
2.- Lan kontratudun irakasle eta ikertzaileek gainontzeko irakasleen aukera berberak izango dituzte Irakasleen Hobekuntzarako Planean jasotako laguntzak hartzeko.
Laguntzetarako aurrekontu saila izango da bai irakasle funtzionarioentzat, bai lan kontratudun eta administrazio kontratudun irakasleentzat.
Aurrekontu hori eragindako guztien artean banatuko da, aldez aurretik sindikatuekin negoziatuta.
3.- Hitzarmen hau indarrean egon bitartean irakasle eta/edo ikertzaileentzat Hainbat Urtetarako Prestakuntza Plan berri bat prestatu eta abian jartzea negoziatuko da. Plan hori desberdina izango da aldi baterako pertsonalarentzat, prestakuntza bidean dagoenarentzat eta finkatuarentzat. Plan horretan jasoko dira, besteak beste, irakasle eta ikertzaile finkatuen eta prestakuntza bidean daudenen mugikortasuna errazteko neurriak (egonaldi laburrak, ikastaro eta kongresuetara joateko aukerak, arloko lanak, eta abar), eta plaza iraunkorrak eskuratzeko baldintzak lortzeko plan espezifikoak.
51. artikulua.- Euskalduntzea.
1.- Irakasleen Hobekuntza eta Euskalduntze Batzordea Euskararen Plan Gidarian eta hitzarmen honetan jasotako konpromisoak betetzen direla zainduko duen eragile aktiboa izango da.
Hitzarmen hau indarrean egon bitartean, unibertsitateak irakasle doktore elebidunak falta dituzten arloetan doktorego tesiak euskaraz egiteko laguntzen deialdia finantzatzeko aurrekontu saila handituko du, 2009-2010 ikasturtean emandako laguntza berriak bikoizteko moduan.
2.- Irakasleen Hobekuntza eta Euskalduntze Batzordeak aztertuko ditu irakasleen euskalduntzerako emango diren euskara ikastaroen proposamenak (UPV/EHUk egindakoak), eta euskara ikasteko liberazioetarako irizpideak zehaztuko.
Batzordea gai hori aztertzeko biltzen bada, Euskarako errektoreordea bertan egon beharko da.
52. artikulua.- Prestakuntza eta mugikortasunerako baimenak ematea.
1.- Gobernu Kontseiluak arautuko ditu irakasle eta ikertzaileek hobetzeko, prestakuntza osatzeko edo beste unibertsitate edo erakunde akademiko edo zientifiko batzuekin lankidetzan aritzeko behar dituzten lizentziak eta baimenak.
2.- Gobernu Kontseiluak, sindikatuekin negoziatuta, baimenak arautuko ditu irakasle eta ikertzaile kontratatuek irakaskuntza eta ikerketa arloko programak edo jarduerak gara ditzaten beste unibertsitate batzuetan edo erakunde publiko edo pribatu batzuetan (erakunde horiek izan daitezke UPV/EHUk berak sortuak edo UPV/EHU partaide dutenak, zuzenean edo beste erakunde batzuen bitartez, edo unibertsitatearekin lankidetza hitzarmenak dauzkatenak).
3.- Irakasle eta ikertzaileek eskubidea izango dute irakaskuntza edo ikerketarekin loturiko gaiak UPV/EHUtik kanpora eta ordainsarien % 100 jasoz garatu ahal izateko baimena lortzeko, betiere baimenak iraun bitartean beren betebeharrek langile berriak kontratu beharra ekartzen ez badute, eta garatu beharreko jarduerak UPV/EHUren jarduera estrategikoen barrukoak badira.
4.- Ikasketetarako edo ikerketarako egonaldi laburretarako baimenak eskatu ahal izango dira (egonaldi horiek ez dute hilabete bat baino gehiago iraungo). Ikerketarako gehienez lauhileko bateko egonaldirako baimenak eskatu ahal izango dira, betiere horretarako azken baimena hartu zenetik 3 urte baino gehiago igaro badira.
5.- Hitzarmen honen eraginpeko irakasleek eskubidea izango dute gehienez ere urte bateko baimena hartzeko irakaskuntza eta ikerketa arloko gaiak eguneratzeko, baldin eta zerbitzu bereziak betetzen egon izanagatik, liberazio sindikalagatik, zerbitzu betekizunengatik edo gaixotasun edo istripuagatik 3 urtez irakaskuntza eta ikerketa jarduerarik egin gabe egon badira. Baimen mota hori duten bitartean irakasleek ordainsari osoa hartuko dute.
6.- Hitzarmen honen eraginpeko irakasleek eskubidea izango dute gehienez ere 3 hilabeteko lizentzia hartzeko irakaskuntza eta ikerketa arloko gaiak eguneratzeko, baldin eta zerbitzu bereziak betetzen egon izanagatik, zerbitzu betekizunengatik edo gaixotasun edo istripuagatik hamazortzi hilabetetan irakaskuntza eta ikerketa jarduerarik egin gabe egon badira. Lizentzia mota hori duten bitartean irakasleek ordainsari osoa hartuko dute.
7.- Era berean, unibertsitatean gutxienez hamazortzi hilabetez kargu akademikoren bat izan dutenek baina Estatutuetan ezarritako hiru urteak betetzen ez dituztenek, hori bukatzean, aukera izango dute kargua betetzen zuten artean irakaskuntzan eskola gutxiago emateko zeukaten salbuespen beraz gozatzeko, gehienez ere hiru hilabetez, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloko gaiak eguneratzeko.
8.- Era berean, unibertsitatean gutxienez 3 urtez kargu akademikoren bat izan duten irakasleek, hori bukatzean eta kasuan kasurako Estatutuetan jasotako aldian, aukera izango dute kargua betetzen zuten artean irakaskuntzan eskola gutxiago emateko zeukaten salbuespen beraz gozatzeko irakaskuntzaren eta ikerketaren arloko gaiak eguneratzeko.
53. artikulua.- Urte sabatikoa.
Irakasle iraunkorrek urte sabatikoa eskatu ahal izango dute sei urte eraman ondoren lanean UPV/EHUn arduraldi osoan eta kategoria horretan. Hori guztia Gobernu Kontseiluak onarturiko Irakasleen Gestiorako Arautegiari jarraituz.
VIII. TITULUA
GIZARTE EKINTZA
54. artikulua.- Aurrerakinak.
Langileek nomina aurrerakina eskatu eta eskuratzeko eskubidea izango dute interesik ordaindu gabe. Hileko ordainsari likidoaren % 100 arte eskatu ahal izango da eta eskaera egin deneko hileko soldatan emango da. Hori horrela izango da, betiere, aurrekontu nahikoa badago eta eskatzaileari ez bazaio hilabete horretan bertan bukatzen kontratua.
Eskatzaileak ordainsarian atxikipenik badu, aurrerakinaren kopurua atxikipena behin kenduta geratzen den ordainsari likidoaren % 100 izango da.
55. artikulua.- Nomina aurrerapenak.
1.- Nomina aurrerapena da jasotzeke dauden ordainsarien kargura aldez aurretik ordainketak egitea, ordainketa horiei dagozkien kopuruak itzultzeko behar den denbora baino luzeagoa den kontratua dagoenean.
2.- Kreditu bizien gehienezko saldoa UPV/EHUko enplegatu publiko guztien soldata masaren % 3 izango da. Ondorio hauetarako, soldata masa osatuko dute ordainsari finkoek eta aldizkakoek, gizarte aseguruen, ordezkapenen eta osagarri pertsonalen kostuak kontuan hartu gabe.
3.- Nomina aurrerapena jaso ahal izateko, egoera hauetakoren bat eman beharko da:
a) Eskatzailea ezkontzea edo bikotekidearekin bizikidetza egonkorra hastea, ziurtagiri bidez egiaztatuta.
b) Eskatzailea dibortziatzea, banatzea edo bere ezkontza baliogabetzea.
c) Ezkontidea edo seme-alabaren bat hiltzea.
d) Seme-alabaren bat jaiotzea, umeak adoptatzea edo hartzea.
e) Eskatzaileak, bere ezkontideak, bikoteak, seme-alabek edo hartuta dituen adingabeek gaixotasun larriren bat izatea edo haiei ebakuntza kirurgiko larriren bat egin behar izatea.
f) Ohiko etxebizitza erostea, eta ohiko etxebizitza erosteko hartutako bankuko kredituak amortizatzea. Horrelakoetan, itzultzeko epea 48 hilabetekoa izango da.
g) Ohiko etxebizitza zaintzeko beharrezko eta ezinbesteko obrak egitea.
h) Lantokia dagoen herrira bizitzera joatea.
i) Ohiko etxebizitzarako altzariak erostea.
j) Ikastetxe ofizialetan ikasketak egiteko eskatzaileak, bere ezkontideak, bikoteak, seme-alabek edo hartuta dituen adingabeek matrikula gastuak izatea.
k) Ibilgailua erostea. Ibilgailua lanean ere erabiltzeko erosten bada, horren beharra Gerentziak aldez aurretik justifikatuta, itzultzeko gehienezko epea 36 hilabetekoa izango da.
l) Antzeko beste egoera batzuk.
4.- Aipatutako egoera guztietarako nomina aurrerapenen gehienezko zenbatekoa 6.000 eurokoa izango da. Dena dela, gehienezko zenbateko horren barruan, e), f), g), h), i), j), k) eta l) ataletako egoeretarako emango den zenbatekoa aurkeztu beharreko gastuen egiaztagirien araberakoa izango da. Egiaztagiri horiek eskatzaileak aurkeztu behar ditu eskaerarekin batera, aurrerapena premiazkoa dela frogatzeko.
5.- Itzultzeko gehienezko epea 42 hilabetekoa izango da. Aurrerapen horiek ez dute inolako interesik sortuko, eta gehienezko epea amaitu baino lehen itzuli ahalko dira.
6.- Ezin izango da beste nomina aurrerapenik eman harik eta lehenagotik hartutako antzeko konpromisoak kitatu arte. Halaber, sei hilabete igaro behar dira gutxienez nomina aurrerapen bat kitatzen denetik beste bat eskatu arte. Nomina aurrerapenen onuradunen administrazio egoeran egon daitezkeen aldaketak direla eta, onuradunok hiru hilabetetik gora nominan bajan egongo badira, eman zaien nomina aurrerapena oso-osorik itzuli beharko dute egoera horretara heldu aurretik.
7.- Izapideak. Nomina aurrerapena eskatzeko bi hilabete egongo dira gehienez, aurrerapena eskatzeko arrazoia gertatu orduko edo ondoren. Eskaerak Pertsonaleko Gerenteordetzari aurkeztuko zaizkio.
56. artikulua.- Bizitza eta istripu asegurua.
1.- UPV/EHUk hitzarmen honen ezarpen eremuko langileentzako aseguru poliza eguneratuko du, hitzarmenaren indarraldian heriotza eta ezgaitasun iraunkor absolutua estaltzeko.
- Heriotza: 33.000 euro.
- Ezgaitasun iraunkor absolutua: 33.000 euro.
Era berean, eguneratu egingo da istripuen ondorio diren ezgaitasun iraunkorra eta heriotza estaltzen dituen aseguru poliza, aurrekoarekin bateragarria dena, honakoaren arabera:
- Heriotza: 33.000 euro.
- Ezgaitasun iraunkor absolutua: 33.000 euro.
- Ezgaitasun iraunkor osoa: 33.000 euro.
- Ezgaitasun iraunkor partziala: gehienez 33.000 euro, baremoaren arabera.
Artikulu honetan aseguru polizetarako zehaztutako kopuruak automatikoki doituko dira hurrengo ekitaldietan, Euskal Autonomia Erkidegoko eta bere erakunde autonomoetako langileen lan baldintzak arautzeko hitzarmenean jasotakoaren arabera.
2.- Langileek beste campus batzuetara joan beharra badaukate beren lanpostuari dagozkion zereginak betetzeko edo unibertsitateko gobernu organoren bateko edo gizarte partaidetzako organoren bateko kide direlako, istripuek eragindako kalte pertsonalak estaltzen dituen aseguru poliza bat izango dute, unibertsitateko errektorego taldeko kideek dutenaren parekoa. Horiek Batzorde Parekideak zehaztuko ditu. Bi hilabeteko epean onuradunak nortzuk diren zehaztuko da eta onuradunoi horren berri emango zaie.
3.- Poliza eguneratu aurretik edo artikulu honetan zehaztutako baldintzak eta kopuruak unibertsitateak oraindik sinatu gabe dituela aipatutako egoeraren bat gertatu eta aipatutako polizak erabili beharra suertatuz gero, UPV/EHUk bere gain hartuko du, subsidiarioki, kopuruetan eta estalduran dagoen aldea.
57. artikulua.- Erantzukizun zibila.
Hitzarmen honen eraginpeko lan kontratudun langileentzat, UPV/EHUk erantzukizun zibileko poliza hitzartuko du langile horiek beren zereginak betetzean hirugarrenei egin diezazkieketen kalteetarako. Poliza horren baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoko eta bere erakunde autonomoetako langileen lan baldintzak arautzeko hitzarmenean jasotakoak izango dira. Poliza hori, gehienez ere, 3.005.060,50 eurokoa izango da, eta bakarra UPV/EHUko langile guztientzat.
58. artikulua.- Bidaiengatiko kalte ordaina.
Zerbitzu arrazoiengatik baimena duten langileek eskubidea izango dute kalte ordaina jasotzeko dieta, garraio edo partaidetzagatik. Ordainketok unibertsitatearen aurrekontuaren kargura egingo dira Gobernu Kontseiluan onartutako zehaztapenen arabera.
59. artikulua.- Unibertsitateko matrikula.
Jardunean dauden lan kontratudun irakasle eta/edo ikertzaileek UPV/EHUko ikastegietan, edo, UPV/EHUn eskaintzen ez diren graduen kasuan, estatuko unibertsitate publikoetan graduko ikasketak egiteko matrikula ordaintzeko beharrezko zenbatekoa jasoko dute eta onura hori beren seme-alabek ere izango dute, aipatutako ikastegietan ikasketak egiten badituzte.
60. artikulua.- Gizarte Funtsa.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek UPV/EHUko irakasle eta/edo ikertzaile guztientzat eta administrazio eta zerbitzuetako langileentzat sortutako Gizarte Funtsa erabili ahalko dute, horientzat guztientzat ezarritako baldintza, arrazoi eta xede berberekin. 2010erako 96.000 euro egongo dira eta 2011rako zenbateko hori 105.000 eurora igoko da.
Gizarte Ekintzako Batzordeari dagokio funts horien kontzeptuak eta zenbatekoak eta funtsak emateko betebeharrak, baldintzak eta irizpideak zehaztea, urteroko deialdian jasotakoaren arabera.
61. artikulua.- Gizarte aurreikuspena.
UPV/EHUk, borondatezko gizarte aurreikuspeneko Itzarri-EPSV erakundearen bazkide babesleetako bat den aldetik, konpromisoa hartzen du, egoki diren aurrekontuen bitartez, ekarpenak, ordainsarien egiturako elementu diren neurrian, etengabe eguneratzeko. Eguneraketa horiek ekitaldi ekonomiko bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko langileekin egingo direnen baldintza eta zenbateko berberak izango dituzte.
IX. TITULUA
GIZON ETA EMAKUMEEN ARTEKO TRATU BERDINTASUNA. LAN ETA SEXU JAZARPENAREN ETA GENERO INDARKERIAREN AURKAKO NEURRIAK
62. artikulua.- Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Plana.
UPV/EHUk, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 4/2005 Legea betez, I. Berdintasun Plana onartu zuen 2010-2013 aldirako. Unibertsitateak bere langileen lan baldintzetan, prestakuntzan eta promozioan inolako diskriminaziorik, ez zuzenekorik, ez zeharkakorik, ez dagoela zaindu behar du; horregatik, helburuetako bat izango da gizonen eta emakumeen bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa bateragarri egiteko politikak ezartzea, zaintza ardurek ibilbide profesionalean duten eragina murrizteko.
II. hitzarmen kolektibo honen Batzorde Parekideak planaren ekintzen emaitzak jasoko ditu eta II. planerako beharrezkotzat jotzen dituen ekintzetarako proposamenak egin beharko ditu bere eskumenen esparruan, baita planaren jarraipena ere.
63. artikulua.- Lan eta sexu jazarpena gertatzen den kasuetarako neurriak.
UPV/EHUk lan eta sexu jazarpena saihesten dituzten lan baldintzak bultzatuko ditu. Jazarpena prebenitzeari eta jazarpen kexak konpontzeari buruzko UPV/EHUren eta sindikatuen arteko indarreko akordioa berrikusi eta hobetu ahal izango da langileen legezko ordezkariekin negoziatu eta adostu ondoren.
64. artikulua.- Genero indarkeria gertatzen den kasuetarako neurriak.
Genero indarkeriaren biktima diren irakasle eta/edo ikertzaileek honako eskubide hauek izango dituzte benetan babestuak egoteko:
a) Epaileak emandako babes agindua, Ministerio Fiskalaren txostena edo, hala badagokio, kondena epaian ezarri diren neurriak indarrean dauden bitartean lanaldia murrizteko eskubidea, ordainsaria ere dagokion heinean murriztuta.
b) Ordutegia egokituz, ordutegi malgutasuna aplikatuz edo ezar daitezkeen bestelako sistema batzuk erabiliz lanaldia berrantolatzeko eskubidea.
c) Genero indarkeriaren biktima direnean lanera ez joateko eskubidea; hutsegite horiek, egun osokoak nahiz partzialak izan, justifikatuta egongo dira.
d) Lantokiz aldatzeko eskubidea, horretarako aukerarik dagoen neurrian.
e) Eszedentzia hartzeko eskubidea, aurretiazko gutxieneko zerbitzu aldia bete beharrik izan gabe eta eszedentzian egoteko ezarritako epeak aplikatu gabe. Lehenengo sei hilabeteetan gorde egingo zaie betetzen zuten lanpostua, eta aldi hori kontuan hartuko zaie mailaz igotzeko eta hirurtekoen eta eskubide pasiboen ondorioetarako. Jardun judizialek hala eskatzen dutenean, aldi hori hiru hilabetez luzatu ahalko da, eta gehienez hemezortzi hilabetez, lehen aipatutako ondorio berberekin, biktimak babesturik egoteko duen eskubidea benetan bermatzeko.
Eszedentzia horren lehenengo bi hilabeteetan langileak eskubidea izango du ordainsariak osorik jasotzeko eta, hala dagokionean, bere ardurapeko seme edo alabarengatiko familia laguntzak eskuratzeko.
f) Mugikortasun espezifikoa izateko eskubidea, genero indarkeriaren biktima den langileak zerbitzuak bete izan dituen lanpostua dagoen herria utzi behar badu babesa edo gizarte laguntza integrala jasotzeko; kasu horretan kategoria eta jakintza arlo berdineko lanpostu batera aldatzeko eskubidea izango du, nahitaez bete beharreko lanpostu hutsa izan beharrik gabe, eta gainera, interesatuak berariaz eskatutako herrietan kokatutako lanpostu hutsen berri emango zaio.
Lantoki aldaketa sei hilabeterako egingo da hasiera baten eta hilabete horietan lehen betetzen zuen lanpostua gordeko zaio interesatuari. Aldi hori bukatutakoan, langileak aukera izango du lehengo lanpostura itzultzeko edo lanpostu berrian jarraitzeko; bigarren aukera hartuz gero, ez zaio lanpostua gorde beharko.
Genero indarkeriarekin lotutako ekintza eta prozeduretan biktimen intimitatea gordeko da, bereziki, beren datu pertsonalak, beren ondorengoenak eta beren zaintza eta babespean dagoen beste edozein pertsonarenak.
X. TITULUA
BATERAGARRITASUN BAIMENAK ETA NEURRIAK. EGOERAK ETA ESZEDENTZIAK
65. artikulua.- Baimenak.
1.- Hitzarmen honen eraginpean dauden langileek ordaindutako baimena hartzeko eskubidea izango dute ondoren zehazten diren arrazoiengatik, bertan zehazten diren denbora aldietarako:
a) Gaixotasuna edo istripua.
b) Haurdunaldia, erditzea eta bularra ematea.
c) Aita izatea.
d) Adopzioa edo harrera.
e) Norberaren edo senideen ezkontza.
f) Senideen gaixotasun larria edo heriotza.
g) Lehen mailako senideen gaixotasun larriagatiko lanaldi murrizketa.
h) Utziezineko zeregin publiko edo pertsonalak burutu beharra.
i) Ohiko etxebizitzaz aldatzea.
j) Sindikatuen edo langileen ordezkari lanak.
2.- Halaber, ondoren zehazten diren baimenak eman ahalko dira, bakoitzean ezartzen diren arauen arabera:
a) Lanpostuarekin lotura zuzenik ez daukaten ikasketetako azterketak egitekoa.
b) Adingabeak, ezinduak edo gaixotasun larriren bat duten senideak zaintzekoa.
c) Gaixotasun kronikoa edo mugikortasun arazoak dituzten senideak zaintzekoa.
d) Medikuaren kontsultara, tratamendura edo azterketara joatekoa.
e) Ekitaldi edo bilera zientifiko, tekniko edo profesionaletara edo sindikatuen ekitaldi edo bileretara joatekoa.
f) Kargu hautetsiari dagozkion eginkizunak betetzekoa.
g) Norberaren kontuetarakoa.
3.- Titulu honetan ezkontideari buruz adierazitako guztia langilearekin bikote egonkor moduan bizi den pertsonari ere badagokio, betiere, horrela bizi direla egiaztatzen bada. Bizikidetza egonkorreko bikoteei ezkontza ahaidetasuneko loturak aitortuko zaizkie bikote ezkonduei bezalaxe.
4.- Titulu honetan arautzen diren baimenei dagozkien egunak gertaerak jazotzen direnean hartu beharko dira nahitaez, berariaz beste aukerarik ematen ez bada.
5.- Titulu honetan jasotako baimenen iraupenak ez du kontratua bukatzen den eguna gaindituko aldi baterako langileen kasuan.
6.- Ezin izango da batera hartu artikulu honetan aipatutako baimen mota bat baino gehiago. Salbuespenak izango dira bularra ematea eta lanaldi murrizketa dakarten baimenak; horiek bateragarriak izango dira gainerakoekin. Oporraldiarekin batera ezin izango da baimen ordaindurik eduki.
7.- Hitzarmen honetako 76. artikulutik 82. artikulura bitartean araututako baimenak hartu ahal izateko, dagokion organoak eman beharko du onespena.
66. artikulua.- Gaixotasuna edo istripua.
1.- Langileek, gaixotasuna edo istripua dela eta, beren lana ezin badute behar bezala egin, eta hala jasota badago osasun zerbitzuek emandako bajan, baimena izango dute, alta jaso artean, baina ezingo da, inola ere, kontratazioaren gehienezko epea gainditu.
2.- Aldi baterako ezgaitasun kasu horietan dagokion aurreikuspeneko erregimenaren kargura jasotzen diren laguntzak osatuko ditu administrazioak, langileak ordainsarien % 100 jaso dezan gehienez hemezortzi hilabete iraun dezakeen baja aldian, betiere kontratuak indarrean jarraitzen baldin badu.
Administrazioak, Prebentzio Zerbitzuko Osasun Arloaren esku egongo den azterketaren bitartez, langilearen gaixotasunaren edo istripuaren egoeraren jarraipena egin eta egoera hori egiaztatu ahalko du, egoera hori ezagutzeko eta langileari behar duen laguntza eskaini eta hobeto eta azkarrago sendatzen laguntzeko. Langileak ez badu halako azterketarik egin nahi, lehen aipatutako ordainsari osagarriak galdu ahalko ditu, idatzizko entzunaldia egin ondoren.
3.- Aipatutako hemezortzi hilabeteak igarota, langileak epe horretan ezgaitasun iraunkorreko graduren bat aitortzea eskatu badu, eskubidea izango du aurreko atalean adierazitako ordainak jasotzeko, harik eta alta agiria jaso arte (ezgaitasuna aitortu zein ez aitortu). Ezgaitasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia aitortzen zaionean, langileak ordain horiek jasotzeko eskubidea izango du Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak emandako erabakian ondorio ekonomikoetarako aipatzen den egunaren bezperatik hasita. Data horrek atzerako eraginak dituenean, hortik aurrera ordaindutako osagarrien zenbatekoa kendu egingo zaio 42. artikuluaren arabera jaso beharreko kalte ordainari.
4.- Aldi baterako ezgaitasun egoeran hemezortzi hilabete baino gehiago emanda, langilea sendatzeko aukerarik ikusiko balitz -hau da, ezgaitasun iraunkorraren aitorpena eskatzeko arrazoirik egon ez arren, langileak aldi baterako ezgaitasuna balu bere zereginak ohi bezala betetzeko- langileari prestazioen osagarria eta Gizarte Segurantzako kotizazioa ordaintzen jarraituko du unibertsitateak, hark alta jaso arte. Batzorde Parekideari horren berri eman beharko zaio.
5.- Gaixotasun edo istripuagatiko baimenarekin dagoen artean langileak bere kontura edo beste inoren kontura lan egiten badu, 2. atalean zehaztutako zenbatekoa jasotzeko eskubidea galduko du eta behar ez bezala jasotako diru kopurua itzuli beharko dio administrazioari, egindakoaren ondorioz izan dezakeen diziplina erantzukizuna alde batera utzi gabe.
6.- Gaixotasun edo istripu egoera borondatez eta justifikaziorik gabe luzatzen dutenek, bestelako erantzukizunez gain, diziplina erantzukizuna izango dute eta artikulu honetako 2. atalean zehaztutako zenbatekoa jasotzeko eskubidea galduko dute.
67. artikulua.- Haurdunaldiagatiko, erditzeagatiko eta bularra emateagatiko baimena.
1.- UPV/EHUko emakumezko langileek haurdunaldi eta erditzeagatik etenik gabeko hemezortzi asteko baimena izango dute, eta baimen hori bi astez luzatu ahalko da jaiotako umeak desgaitasunen bat badauka; halaber, erditzean ume bat baino gehiago jaioz gero, bigarrenetik aurrerako bakoitzagatik bi aste gehiago hartu ahalko dituzte. Baimen hau interesatuak berak antolatu ahalko du baina, betiere, sei aste erditu eta jarraian hartu beharko ditu. Ama hilez gero, aitak baimen osoa edo, hala dagokionean, geratzen den zatia hartu ahalko du.
1.1.- Hala ere, amak erditu eta jarraian nahitaez hartu beharreko sei asteko atsedenaldia gora behera, guraso biek lan egiten badute eta amatasunagatiko atsedenaldia hastean amak hala erabakitzen badu, aitak atsedenaldi horren zati bat hartu ahal izango du, betiere, etenik gabe. Amak berea hartu ostean edo amarekin batera hartu ahal izango du, lanera itzultzeak amaren osasuna arriskuan jartzen ez badu, betiere. Atsedenaldiak batera hartuz gero, bien arteko baturak ezin izango ditu aurreikusitako hemezortzi asteak gainditu, edo, jaiotako umeak desgaitasunen bat badauka edo ume bat baino gehiagoko erditzea izan bada, horren arabera dagozkionak.
1.2.- Baimenaren iraupen osoa agortutakoan langileak bere lanera itzuli eta behar bezala lan egitea eragozten dion osasun arazorik badu, aldi baterako ezgaitasun egoerara pasatuko da. Horretarako, beharrezko izapideak egin beharko ditu.
1.3.- Aurreko ataletan araututakoaren arabera aitak gutxienez lau asteko baimena hartzen badu, beste aste bi gehiago hartzeko eskubidea ere izango du.
2.- Era berean, langileak eskubidea izango du lanean ordubeteko etenaldia egiteko hamabi hilabetetik beherako ume bakoitzeko; denbora hori bi zatitan banatu ahalko du bularra edo biberoia emateko bada. Erditze berean ume bat baino gehiago jaioz gero, etenaldia ordu bikoa izango da, eta hori ere zati bitan banatu ahal izango da. Etenaldia egin beharrean, amak eguneko lanaldia laburtu ahalko du, neurri berean eta helburu horretarako.
2.1.- Umeari biberoia emanez gero, etenaldia hartzeko edo lanaldia laburtzeko eskubidea aitak erabili ahal izango du, aurretik behar bezala eskatu eta justifikatuz gero. Eskaera egitean aitak egiaztatu egin beharko du ama lanean dagoela eta uko egin diola baimena hartzeari, edo ezin duela hartu.
2.2.- Langileak aukera izango du 2. atal honetan jasotako baimena erabiltzeko edo baimen horri dagokion denbora erditzeagatiko baimenari gehitzeko. Gogoan izan behar da, nolanahi ere, bakarrik hartuko direla kontuan langileak zerbitzuan benetan emango lituzkeen egunetako orduak. Hori dela eta, eskaera egitean langileak adierazi beharko du ea umeari hamabigarren hilabetea betetzeko geratzen zaion denboran baimen, opor edo eszedentziarik hartuko duen, hartara epe horiek kontuan ez hartzeko. Langileak, bestalde, aukera izango du lanaldi osoa etenik gabe betetzeko, betiere saileko zuzendariak baimena ematen badu.
3.- Langileek, halaber, erditu aurreko gimnasia egiteko egunean bi orduko baimena hartzeko eskubidea izango dute, gehien dela bi hilabetez eta betiere, medikuak hala agindu badu. Epe hori soilik kasu berezietan luzatu ahalko da, medikuak hala gomendatuz gero.
4.- Langileak oporrak gehitu ahal izango dizkio ama izateagatik dagokion atsedenaldiari eta umeari bularra edo biberoia emateko baimenari, nahiz eta oporraldiari dagokion urte naturala amaituta egon. Kasu horretan emakumearen ordezkoa egiten ari den langileari kontratua luzatuko zaio hura itzuli arte. Oporrak gehitu nahi izanez gero, jarraian hartu beharko dira, atsedenaldiaren ostean edo umeari bularra edo biberoia emateko baimenaren ostean, langilea bere lanpostura itzuli barik.
5.- Administrazioak zenbateko bat ordainduko dio emakumezko langileari, edo, hala dagokionean gizonezkoari, GSINek onartutako prestazio ekonomikoaren osagarri modura, artikulu honetan jasotako baimenak dirauen artean ordainsarien % 100 jaso dezan.
68. artikulua.- Aita izateagatiko baimena.
1.- Aitak etenik gabeko hilabeteko baimena hartzeko eskubidea izango du seme-alabaren bat jaio edo umeak adoptatu edo hartzeagatik. Baimen hori umea jaiotzen denetik, umea hartzeko administrazio erabakia edo epailearen erabakia ematen denetik edo adopzioa gauzatzeko epailearen erabakia ematen denetik aurrera hasiko da kontatzen.
2.- Administrazioak zenbateko bat ordainduko dio langileari, GSINek onartutako prestazio ekonomikoaren osagarri modura, baimen honek dirauen artean ordainsarien % 100 jaso dezan.
69. artikulua.- Umeak adoptatu edo hartzeagatiko baimena.
1.- Langileak etenik gabeko hemezortzi asteko baimena hartzeko eskubidea izango du sei urtetik beherako umeak adoptatzeagatik edo hartzeagatik (adoptatu aurreko harrera izan nahiz behin betiko harrera izan). Baimen hori bi astez luzatu ahalko da adoptatutako edo hartutako umeak desgaitasunen bat badauka; halaber, ume bat baino gehiago aldi berean adoptatu edo hartuz gero, bigarrenetik aurrerako bakoitzagatik bi aste gehiago hartu ahalko ditu. Langileak erabakiko du epea kontatzen noiz hasiko den: umea hartzeko administrazio erabakia edo epailearen erabakia ematen denetik aurrera edo adopzioa gauzatzeko epailearen erabakia ematen denetik aurrera. Sei urtetik gorako adingabea adoptatu edo hartzeagatik hartu ahal izango den baimena, halaber, hemezortzi astekoa izango da adingabeok desgaitasun edo minusbaliotasunen bat dutenean edo, egoera eta esperientzia pertsonal bereziengatik edo atzerritarrak izateagatik, aparteko oztopoak dauzkatenean gizartean edo familian txertatzeko, gizarte zerbitzuek hori behar bezala egiaztatzen badute.
Gurasoak lanean egonez gero, baimena eurek nahi duten moduan banatuko dute. Aldi berean edo batak bestearen atzetik hartu ahal izango dute, baina dena jarraian, etenik egin gabe. Atsedenaldiak batera hartuz gero, bien arteko baturak ezin izango ditu aurreikusitako hemezortzi asteak gainditu, edo, ume bat baino gehiago adoptatu edo hartu badute aldi berean, horren arabera dagozkionak.
2.- Atzerriko umeak adoptatuz gero, aita eta ama umearen herrira joan behar direnean adopzioaren aurretik, artikulu honetan aurreikusitako baimena adopzioa aitortzen duen erabakia baino gehienez lau aste lehenago hasi ahal izango da.
3.- Aurreko ataletan araututakoaren arabera aitak gutxienez lau asteko baimena hartzen badu, beste aste bi gehiago hartzeko eskubidea ere izango du.
4.- Langileak oporrak gehitu ahal izango dizkio baimen honek irauten duen aldiari. Kasu horretan langilearen ordezkoa egiten ari den langileari kontratua luzatuko zaio hura itzuli arte.
70. artikulua.- Norbera edo senideak ezkontzeagatiko baimena.
1.- Langilea ezkonduz gero, hogei egun naturaleko baimena hartzeko eskubidea izango du. Ezkondu aurretik edo ostean hartu ahal izango du, baina betiere ezkontza eguna tartean hartuta. Langileak baimen hau oporrei gehitu ahal izango die, baina gutxienez hamabost egun lehenago jakinarazi beharko dio asmo hori dagokion organoari.
2.- Halaber, baimen hori hartzeko eskubidea izango dute izatezko bikoteak arautzen dituen maiatzaren 3ko 2/2003 Legean jasotako baldintzetan izatezko bikotea osatzen duten langileek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroak edo, bikotekideetako batek berak ere autonomia erkidegoan bizilekua ez badauka, antzerako erregistro batek emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatzen bada. Erregistrorik ez badago, nahikoa izango da interesatuak erroldatuta dauden herriko udalak emandako bizikidetza ziurtagiria.
Baimen hau soilik hartu ahalko dute bizikidetza egonkorra hitzarmen hau indarrean sartu ondoren hasten dutenek. Bizikidetza hasten denetik eta baimena hartzen denera ezingo da hilabete natural bat baino gehiago igaro.
3.- Ezingo da ezkontza edo bizikidetzako beste baimenik hartu harik eta sei urte igaro arte, baina ez inolaz ere bikotekideak berberak baldin badira.
4.- Ezkontzen direnak langilearen guraso, aita-amaginarreba, neba-arreba, suhi-errain, seme-alaba, iloba edo aitona-amonak direnean, langileak ezkontza eguna izango du libre, baina ospakizuna langilearen bizilekutik 150 kilometro baino urrunago egiten bada, baimena hiru egun naturalekoa izango da.
71. artikulua.- Senideen istripu, gaixotasun larri edo heriotzagatiko baimena.
1.- Lan kontratudun langileek arrazoi honegatik har dezaketen baimenaren iraupen aldiak honako hauek dira:
a) Bost lanegun ezkontidearen, bikotekidearen edo seme-alaben istripu edo gaixotasun larri egiaztatuagatik edo, urrunagoko mailakoak izan arren, langilearekin bizi diren senideen istripu edo gaixotasun larri egiaztatuagatik.
b) Hiru lanegun, 2. mailarainoko odolkidetasuna edo ezkontza ahaidetasuna daukan senideren baten heriotzagatik, edo, urrunagoko mailakoa izan arren, langilearekin bizi den senidearen heriotzagatik.
c) Bi lanegun, 2. mailarainoko odolkidetasuna edo ezkontza ahaidetasuna daukan senideren baten gaixotasun larri egiaztatuagatik, edo, urrunagoko mailakoa izan arren, langilearekin bizi den senidearen gaixotasun larri egiaztatuagatik.
Aipatutako baimen aldiei bi egun natural gehituko zaizkie gertaerak langilearen ohiko bizilekutik 150 km baino urrunago izan badira. Aurreko paragrafoetan adierazitakoa argitzeko, honako hauek joko dira gaixotasun larritzat:
- Osasun zentro batean ingresatuta egotea (ingresuak dirauen bitartean).
- Anestesia osoarekin egindako ebakuntza.
- UPV/EHUko Osasun Zerbitzuak larritzat jotzen dituen gaixotasunak.
- Ospitalizazioa behar izan duen ebakuntzaren ostean gaixoak etxean sendatzen eman beharreko aldia, baldin eta UPV/EHUko Osasun Zerbitzuak uste badu senideak lagunduta egon behar duela, ebakuntzaren ezaugarriak kontuan hartuta.
2.- Bigarren mailarainoko odolkidetasuna edo ezkontza ahaidetasuna daukan senideren batek justifikatutako gaixotasun larriren bat badauka, langileak, baimena amaitu eta 30 egun igaro ostean, berriro hartu ahalko du baimen hau, epealdi berdinerako, baina oraingo honetan ez du egun gehiago hartzerik izango ohiko bizilekutik dagoen distantzia dela eta. Hala ere, gaixotasun terminalen kasuan bigarren baimena automatikoki hartu ahal izango da: nahikoa izango da langileak ahoz edo telefonoz bere lantokian jakinaraztea, eta ez da beharrezkoa izango lehenengo baimena amaitzen denetik 30 egun igarotzea.
3.- Artikulu honetan arautzen diren baimenei dagozkien egunak gertaerak jazotzen direnean hartu beharko dira nahitaez.
72. artikulua.- Lehen mailako senideen gaixotasun larriagatik lanaldia murrizteko baimena.
Lehen mailako senide bat zaintzeko, edo, urrunagoko mailakoa izan arren, langilearekin bizi den senide bat zaintzeko, baldin eta oso larria den gaixotasunen bat badauka, hitzarmen honen eraginpeko langileek lanaldia % 50eraino murrizteko eskubidea izango dute, lansari osoa jasota, hilabetez gehienez. Baimen hau eskatu ahal izateko gaixotasunak aipatutako larritasuna duela egiaztatu beharko da dagokion organoaren aurrean.
73. artikulua.- Utziezineko zeregin publiko edo pribatuak betetzeko baimena.
1.- Utziezineko zeregin publiko edo pribatuak betetzeko, lan kontratudun langileek eskubidea izango dute ordaindutako baimena hartzeko horiek burutzeko beharrezkoa den denboran, baldin eta ezinezkoa bada zereginok lan orduetatik kanpo betetzea.
2.- Edozelan ere, honako hauek joko dira utziezineko zeregin publiko edo pertsonaltzat:
a) Epaitegietara, auzitegietara, polizia-etxeetara eta antzeko organoetara joateko deiak.
b) Pasaportea, NANa, ziurtagiriak eta erregistroko izapideak erakunde ofizialetan.
c) Errekerimendu eta izapide notarialak.
d) Erakunde ofizialetan egin beharreko izapideak.
e) Gidabaimena eskuratzeko azterketa edo hura berritzeko izapideak.
f) Seme-alaben irakasle edo tutoreekin bilera egitea. Baimen hau gehienez urtean lau ordukoa izango da.
g) Desgaitasun psikiko edo fisikoren bat duten 2. mailarainoko odolkidetasuna edo ezkontza ahaidetasuna daukaten senideei, beren egoera dela eta laguntza behar izanez gero, a) eta b) ataletan zehaztutako izapideak egiten laguntzea.
h) Gobernu organoen eta haien menpeko batzordeen bileratara joatea, langilea horietako kargudun hautetsia bada, adibidez zinegotzia, diputatua, batzarkidea, legebiltzarkidea, administrazio batzarretako kidea edo auzo alkatea.
3.- Baimen hau hartzen bada, hura hartzeko arrazoiak bete direla egiaztatu beharko da.
74. artikulua.- Ohiko etxebizitza aldatzeko baimena.
Ohiko etxebizitza aldatzea errazteko, hitzarmen honen eraginpeko lan kontratudun langileek bi egun naturaleko baimena hartzeko eskubidea izango dute, baldin eta etxebizitza berria udalerri berean badago eta, aldiz, hiru egunekoa, beste udalerri batean badago. Edonola ere, hori justifikatzeko erroldatze ziurtagiria aurkeztu beharko da.
75. artikulua.- Sindikatuen edo langileen ordezkari lanak egiteko baimena.
Sindikatuen edo langileen ordezkari lanak egiten dituztenek eskubidea izango dute horretarako baimena hartzeko, indarreko legerian ezarritako egoera, epe, baldintza eta preskripzioen eta hitzarmen honetan jasotako xedapenen arabera.
76. artikulua.- Langileak betetzen duen zeregin edo lanpostuarekin lotura zuzenik ez duten ikasketei dagozkien azterketak egiteko baimena.
Baimen honen gehienezko iraupena egun natural batekoa izango da eta gutxienekoa, aldiz, azterketara joan eta azterketa egiteko beharrezko denbora, gehi ordubete. Baimen hori ordaindua izango da.
77. artikulua.- Langilearekin bizi diren adingabeak, ezindu fisiko, psikiko edo sentsorialak, ezkontidea edo bigarren mailarainoko odolkidetasuna daukaten senideak zaintzeko baimena, baldin eta gaixotasun larria edo drogamenpekotasuna badute, eta menpekotasuna izanez gero, hori sendatzeko bidean daudela frogatzen badute.
Langileak lanaldia (eskola orduak, tutoretza orduak eta gainerako betebeharrei dagozkienak) murrizteko baimena eskatu ahal izango du honako kasu hauetan: zaintza legala izateagatik langileak zuzenean jagon behar duenean hamabi urtetik beherako adingaberen bat, aparteko arreta behar duen adinekoa, lan ordaindurik egiten ez duen ezindu fisiko, psikiko edo sentsoriala, edota gaixotasun larri eta luzea edo drogamenpekotasuna duen eta sendatzeko bidean dagoela frogatzen duen ezkontidea (edo izatezko bikotea) edo 2. mailarainoko odolkidetasuna edo ezkontza ahaidetasuna daukan senidea, edo urrunagoko maila izan arren, langilearekin bizi dena. Lanaldia bosten bat, heren bat edo erdiraino murriztu ahal izango du, eta ordainsaria ere horren arabera gutxituko zaio kontzeptu guztietan.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera,
% 65eko edo hortik gorako desgaitasuna duen seme-alabarik izanez gero, langileak ohiko lanaldia heren bat murriztea eskatu ahal izango du. Hala eginez gero, ordainsaria seiren bat gutxituko zaio kontzeptu guztietan.
78. artikulua.- Gaixotasun kronikoa edo mugikortasun arazoak dituzten senideak zaintzeko baimena.
Langileak zaindu egin behar dituenean mugikortasun arazoak edo gaixotasun larri luzea duten bigarren mailarainoko odolkidetasuneko edo ezkontza ahaidetasuneko senideak, edo urrunagoko mailakoak, langilearekin biziz gero, edo horien ardura hartu behar duenean, eskubidea izango du urtean 50 ordurainoko baimen ordaindua hartzeko. Horretarako, medikuaren ziurtagiri bidez egiaztatu beharko da senidearen egoera.
Oro har, baimen horrekin langileak egunean bi ordu hartu ahal izango ditu gehienez ere, eta hori kontuan hartuko da irakaskuntza ordutegiak egiterakoan, baina ez du ekarriko eskola edo tutoretza orduak gutxitzerik.
79. artikulua.- Kontsulta, tratamendu edo azterketa medikoetara joateko baimena.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek eskubidea izango dute kontsulta, tratamendu edo azterketa medikoak egitera joateko lanorduetan, bai eurek joan behar dutenean, bai hamasei urtetik beherako seme-alabei edota, langilearekin bizi badira (edo batera bizi ezta ere, behar besteko arrazoiak badaude), ezinduak diren edo 65 urtetik gorakoak diren gurasoei lagundu behar dietenean. Langileak dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, eta bete beharreko baldintza izango da osasun zentro horiek lan orduetatik kanpo kontsulta ordurik ez izatea.
Baimen honen iraupena, oro har, lau ordukoa izango da gehienez, behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik eta betiere, ordaindua izango da.
80. artikulua.- Ekitaldi edo bilera zientifiko, tekniko edo profesionaletara, kirol ekitaldietara edo kidego, elkarte edo sindikatuen ekitaldi edo bileretara joateko baimena.
1.- Langileak baimena eskatu ahal izango du joateko biltzar, ikastaro, mintegi, sinposio, topaketa, lehiaketa, solasaldi, hitzaldi, bilera, jardunaldi edo goi mailako kirol lehiaketetara eta bestelako ekitaldi zientifiko, tekniko edo profesionaletara nahiz kidego, elkarte edo sindikatuenetara, betiere zerbitzuaren premien arabera, eta errektoreak, gerenteak edo organo eskudunak aurretik baimena emanda.
2.- Langileak baimena eskatu arren horrek ez dio eskubiderik emango inongo ordainik jasotzeko ezein kontzepturengatik, ezta dietak, bidaia, egonaldia edo izen ematea ordaintzekorik ere. Horiek langilearen kontu joango dira.
3.- Aurreko paragrafoan adierazitakoak kenduta, artikulu honetan araututako baimena ordaindua izango da.
4.- Baimen hau gehienez ere 14 egunekoa izango da urtean.
81. artikulua.- Kargu hautetsia izateagatiko zereginak betetzeko baimena.
1.- Erakundeetan kargu hautetsia duten lan kontratudun langileek eskubidea izango dute kargu horiek izateagatik dituzten zereginak betetzeko [73.2.h) artikuluan aipatzen diren egoeretan ez badaude] baimena hartzeko, zeregin horiek betetzeko behar den denboran, baina guztira gehienez ere urteko lanaldiaren % 10 hartuta.
2.- Baimen hori ez da ordaindua izango, eta langileek errekuperatu egin beharko dituzte ordu horiek. Aurrekoa gora behera, langileok euren eskola eta tutoretza orduak bete beharko dituzte.
3.- Egoera horretan dauden langileek, baimen horren ordez, ohiko lanaldiaren murrizketa eskatu ahal izango dute. Lanaldia bosten bat, heren bat edo erdi bat murriztu ahal izango dute, eta ordainsaria ere horren arabera gutxituko zaie kontzeptu guztietan.
82. artikulua.- Norberaren kontuetarako baimena.
1.- Tartean oso arrazoi sendoak egon ezean, norberaren kontuetarako baimena langilea jardunean hasi edo jardunera itzuli eta urtebetera baino ezingo da eskatu.
Norberaren kontuetarako baimena ez da ordainduko. Gehienez hiru hilabete hartu ahal izango dira bi urterik behin, eta oporrak kalkulatzean baimen aldi hori ez da kontuan hartuko. Bi urteak baimenaren lehenengo egunetik hasiko dira kontatzen; beraz, langileak hiru hilabete hartzen baditu jarraian, ezin izango du halako beste baimenik eskatu egun horretatik bi urte igaro arte. Aldi laburragorako baimena hartzen denean ere baimenaren lehen egunetik hasiko da epea kontatzen, baina bi urteko epearen barruan norberaren kontuetarako beste baimen batzuk eman ahalko dira, hiru hilabeteak osatu arte.
Baimena ikasketa ofizialak egiteko eskatzen denean, lau hilabete hartu ahalko dira jarraian eta urtean behin.
Hala zehazten den kasuetan, ikasketa ofizialak egiteak lanaldia gehienez heren bat murrizteko eskubidea ekar dezake. Horrelakoetan, ordainsariak ere hein berean murriztuko dira.
2.- Baimena emango da administrazio eta erakunde publikoetako lan eskaintzako deialdiei dagozkien azterketak egiteko. Baimen horren iraupena azterketetara joateko adinakoa izango da.
Atal honetan aipatutako baimenak ez dira ordainduak izango, eta gerta liteke orduak errekuperatu egin behar izatea, saileko zuzendariak zerbitzuaren premiak direla eta hala aginduz gero. Aurrekoa gora behera, langileek euren eskola eta tutoretza orduak bete beharko dituzte.
3.- Kontratu iraunkorra daukan langileak lanaldia murriztea eskatu ahal izango du, erdia edo heren bat, ordainsaria ere hein berean gutxiturik, hirurtekoak barne. Lanaldia murrizten bazaio, langileak ezin izango du murriztutako ordutegian bestelako lanik egin, ordaindua izan zein ez.
Murrizketa gutxienez urtebetekoa izango da. Baimen aldia behin pasatutakoan, ezin izango da halako beste baimenik eskatu harik eta hiru urte igaro arte aurrekoa amaitu zenetik. Baimen hau eskatu ahal izateko, gutxienez bi urte igarota egon beharko dira langilea jardunean hasi edo jardunera itzuli zenetik.
4.- Bestalde, unibertsitate honetan bost urtetik gorako antzinatasuna duten langileek sei hilabetetik urte beterako baimen ordaindu gabea eskatu ahal izango dute. Baimen hau bateraezina da beste edozein jarduera ordaindurekin. Ezingo da berriro eskatu zerbitzuan beste bost urteko antzinatasuna lortu arte, aurreko baimena amaitzen denetik kontatzen hasita.
5.- Halaber, askatasuna kentzeko zigorrak betetzen ari diren bigarren mailara arteko odolkidetasuna daukaten senideei bisita egiteko baimena emango da, horretarako behar den beste denborarako, betiere, bisitak lan orduetatik kanpo egin ezin badira.
6.- Lan kontratudun finkoek lanaldia murriztea eskatu ahal izango dute, erdia, heren bat, bosten bat edo zortziren bat, ordainsariak ere hein berean gutxiturik, hirurtekoak barne. Lanaldia murrizten bazaie, langileek ezin izango dute murriztutako ordutegian bestelako lanik egin, ordaindua izan zein ez.
Murrizketa gutxienez urtebetekoa izango da. Baimen aldia behin bukatutakoan, ezin izango da halako beste baimenik eskatu harik eta hiru urte igaro arte aurrekoa amaitu zenetik. Baimen hau eskatu ahal izateko, gutxienez bi urte igarota egon beharko dira langilea jardunean hasi edo jardunera itzuli zenetik.
7.- Baimen hau ematea edo ez ematea zerbitzuaren premien menpe egongo da beti.
83. artikulua.- Ordutegia malgutzea familiako bizitza eta laneko bizitza bateragarri egiteko.
1.- Langileak zaindu egin behar dituenean mugikortasun arazoak edo gaixotasun larri luzea duten bigarren mailarainoko odolkidetasuneko edo ezkontza ahaidetasuneko senideak, edo urrunagoko mailakoak, langilearekin biziz gero, edo horien ardura hartu behar duenean, eskubidea izango du malgutasuna izateko. Malgutasun hori kontuan hartuko da irakaskuntza ordutegiak egiterakoan, baina ez du ekarriko eskola edo tutoretza orduak gutxitzerik eta eskatu ahal izateko, medikuaren ziurtagiri bidez egiaztatu beharko da senidearen egoera.
2.- Hamabi urtetik beherako seme-alabak dituzten langileek ikasturteak dirauen artean ordu erdi gehiagoko malgutasuna izango dute. Malgutasun hori ere kontuan hartuko da irakaskuntza ordutegiak egiterakoan, baina ez du ekarriko eskola edo tutoretza orduak gutxitzerik.
3.- Ordutegi malgutasunak ikastegiak zehaztutako irakaskuntza ordutegia aldatzea dakarrenean, irakaslanari buruz sailen oinarrizko arautegiak xedatutakoaren barruan, sailak interesatuarekin adostuko du ordutegi malgutasuna eta sailak esleitutako irakats betebeharrak nola bateratuko diren.
84. artikulua.- Langileari askatasuna kentzeagatik lan harremana etetea.
Askatasuna kenduta izateagatik zerbitzu harremana aldi baterako etenda daukan langileak lanpostua gordeta edukitzeko eskubidea izango du, kondena epairik ematen ez den bitartean. Egoera horretan, langileak ordainsaria jasotzeko eskubidea izango du kartzelaratzeko agindua eman arte.
85. artikulua.- Ezgaitasun iraunkorra aitortzea, lanpostua gordeta.
Langileari ezgaitasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia aitortzen bazaio, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak emandako erabakian beren-beregi adierazten bada langileak etorkizunean hobera egin dezakeela, eta, beraz, lanpostura itzultzeko moduan egon daitekeela, lan harremanak etenda jarraituko du langileari lanpostua gordeta bi urtez. Kasu horretan, langileak 30 eguneko epea izango du lanpostura itzultzeko GSINek langilearen osasun egoera aldatu egin dela dioen erabakiaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik kontatzen hasita.
Kasu honetan ez dira ordainduko hitzarmen honetako 42. artikuluan jasotako kalte ordainak. Salbuespen bakarra izango da goian adierazitako epea bukatu ondoren langilearen ezgaitasun egoera ez aldatzea, eta, beraz, langilea lanpostura itzuli ezin izatea. Une horretatik aurrera eskubidea izango du lehenengo aldiz aitortu zitzaion ezgaitasunaren araberako kalte ordainak jasotzeko.
86. artikulua.- Eszedentziak.
1.- Eszedentzian dagoen artean langileak ez du ordainsaririk jasoko, eta aldi hori ez da kontuan hartuko antzinatasunerako, 2.1. eta 2.4. ataletan araututako eszedentzien kasuan izan ezik.
Eszedentzia emateko arrazoia desagertutakoan, edo eszedentzia aldia bukatutakoan, lanera itzultzeko eskaera egin beharko da 30 eguneko gehienezko epean. Halakorik egin ezean, 2.1, 2.3 eta 2.4 ataletan araututako kasuetan langilea borondatezko eszedentzia egoerara pasatuko da, betiere horretarako eskatutako baldintzak betetzen baditu.
Artikulu honetako 2.1 eta 2.4 ataletan araututako eszedentziak ematen direnean, lanpostua gorde egingo da. Gainerako kasuetan, lanera bueltatu ahal izateko, langilearen jakintza arloan eta kategorian lanpostu hutsak egon beharko dira.
Eszedentzian dagoen langileak lanpostua gordeta izateko eskubidea izan arren, galdu egingo du eskubide hori, baldin eta eszedentzia jarduera baterako eskatu eta beste jarduera ordaindu bat egiten aritu bada.
2.- UPV/EHUn lan kontratu finkoa duten langileek ondoren zehaztutako eszedentzia motak eskatu ahal izango dituzte, jarraian adierazitako baldintzetan:
2.1.- Nahitaezko eszedentzia.
Kargu publiko bat edo sindikatuko zereginak betetzeko aukeratua edo izendatua izan eta betekizun horiek probintzian edo probintziatik kanpo bete behar izanagatik lanera etortzea ezinezkoa denean emango da eszedentzia mota hau. Langileak lanpostua gordeta izateko eskubidea izango du eta eszedentzia aldia kontuan hartuko zaio antzinatasunerako. Eszedentzia mota hau hartu ahal izango da utziezineko zeregin publiko eta pribatuak bete behar izateagatik hiru hilabetetan lan orduen % 20 baino gehiago bete ezin denean.
Eszedentzia hau aldi baterako kontratua duten langileek ere hartu ahal izango dute kontratuak indarrean dirauen artean.
2.2.- Borondatezko eszedentzia.
Unibertsitatean gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten langileek borondatezko eszedentzia hartzeko eskubidea dute. Eszedentziak bi urtekoa izan behar du gutxienez eta ez du epe mugarik izango. Mota horretako beste eszedentzia bat hartu ahal izateko lau urte igaro beharko dira aurrekoa bukatu zen egunetik kontatzen hasita.
2.3.- Eszedentzia administrazio publikoan zerbitzuak betetzen hasteagatik, funtzionario legez zein lan kontratudun legez.
Langilea egoera honetan egon ahal izango da eszedentzia eragin duen zerbitzu harremanak dirauen bitartean.
2.4.- Ardurapeko seme-alabak zaintzeko baimena.
Langileek gehienez hiru urteko eszedentzia eskatzeko eskubidea izango dute seme edo alaba bakoitza zaintzeko, berezkoa izan zein adoptatua izan. Horrelakoetan umea jaio den egunetik hasiko da epea kontatzen eta eszedentzia aldiak dirauen artean langileek eskubidea izango dute lanpostua gordeta izateko eta prestakuntza ikastaroetara joateko.
Seme-alaba gehiago izanez gero, langileek eskubidea izango dute beste eszedentzia bat hartzeko baina horrek, dagokionean, unekoa amaitzea ekarriko du. Aita eta ama biak lanean badaude, bietako batek baino ez du eskubide hori izango.
Eszedentzia hau aldi baterako kontratua duten langileek ere hartu ahal izango dute kontratuak indarrean dirauen artean.
2.5.- Era berean, langileek eskubidea izango dute gehienez ere urtebeteko eszedentzia hartzeko adinagatik, istripuren batengatik edo gaixotasunagatik beren kabuz moldatu ezin duten senideak zaintzeko, 2. mailarainoko odolkidetasun edo ezkontza ahaidetasuna badaukate. Eszedentzia hau aldi baterako kontratua duten langileek ere hartu ahal izango dute kontratuak indarrean dirauen artean.
2.6.- Langileak eszedentzia egoeran ematen duen denbora, 2.4 eta 2.5 ataletan jasotako eszedentzien kasuan, kontuan hartuko da antzinatasunerako.
XI. TITULUA
LANEKO SEGURTASUNA ETA OSASUNA
87. artikulua.- Prebentzio Zerbitzua.
UPV/EHUk berezko Prebentzio Zerbitzu bat dauka, errektorearen 2003ko apirilaren 7ko erabaki bidez sortua, eta hari dagokio prebentzioaren arloko beharrezko jarduerak egitea, horien bidez unibertsitateko kideei babesa emateko segurtasun eta osasunaren arloan. Zeregin horiei jarraituz, aholku eta laguntza emango die administrazioari, langileei, horien ordezkariei eta campusetako eta campus arteko laneko segurtasun eta osasun batzordeei.
88. artikulua.- Prebentzioko ordezkariak.
1.- Prebentzioko ordezkariak langileen ordezkariak dira, laneko arriskuen prebentzioaren arloan eginkizun espezifikoak dauzkatenak. Prebentzioko ordezkari izan ahalko dira, langileen edo sindikatuen ordezkari izan ez arren, Enpresa Batzordean ordezkariak dauzkaten sindikatuek izendatutako langileak.
2.- Prebentzioko ordezkariek laneko arriskuen prebentzioaren arloko eginkizunak betetzen emandako denbora ordezkari lanetan emandako denboratzat hartuko da aplikatu beharreko legerian eta Eskubide Sindikalei buruzko Oinarrizko Akordioa hilabete bakoitzerako zehaztuta dauden ordu ordainduak kontatzerakoan. Dena den, jarraian aipatzen diren zereginetan emandako denbora lanean emandako denboratzat joko da eta, beraz, ez da aipatutako orduetatik kenduko: a) Segurtasun eta Osasun Batzordearen bileretan edo administrazioak arriskuen prebentzioaren inguruan antolatutako beste edozeinetan emandakoa; b) Prebentzio Zerbitzuko kideei arriskuen ebaluazioetan laguntzen emandakoa eta Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzakoekin eta Osalanekoekin lantokiak ikusi eta aztertzen emandakoa; c) lan istripuak ikertzen emandakoa, lan orduetatik kanpo ere gertaeren tokira zer gertatu den ikustera joateko eskubidea izango dutelarik.
Enpresa Batzordeko kide edo sindikatuen ordezkari ez diren prebentzioko ordezkariek pilatu ezingo diren hamar ordu izango dituzte hilabetean lan baldintzen egoera zaindu eta kontrolatzeko, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak xedatutakoaren arabera. Ordu horiek hartu ahal izatea zerbitzuaren premien menpe egongo da.
UPV/EHUko laneko segurtasun eta osasun batzordeek antolatutako jardueren barruan, jarduera horietan zehaztutako eginkizunak betetzeko orduak esleitu ahalko zaizkie prebentzioko ordezkariei.
3.- Administrazioak prebentzioaren arloko beharrezko baliabideak eta prestakuntza eman beharko dizkie prebentzioko ordezkariei beren lana egin ahal dezaten. UPV/EHUk aurrekontu sail espezifiko bat izango du horretarako. Prestakuntzan emandako denbora lanean emandako denboratzat hartuko da ondorio guztietarako.
89. artikulua.- Campuseko eta campus arteko laneko segurtasun eta osasun batzordeak.
Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordea kide anitzeko organo parekidea da, UPV/EHUko arriskuen prebentzioari buruzko plan, programa eta ebaluazioaren inguruan aldiro-aldiro proposamenak eta kontsultak egiteko batetik, eta segurtasun eta osasun politika egokia antolatu, zaindu eta hobetzeko bestetik.
1.- Batzordea hemezortzi kidek osatzen dute; horietatik bederatzi administrazioak izendatzen ditu eta beste bederatzi erakunde sindikalek. Administrazioak izendatzen dituen bederatzi horietatik bat batzordeko burua izango da eta beste bat idazkaria; horien artean izango dira, era berean, campusetako segurtasun eta osasun batzordeetako buruak. Sindikatuek izendaturiko kideei dagokienez, sindikatu bakoitzak ordezkari bat izango du, gutxienez; gainerako hirurak sindikatuek duten ordezkaritzaren arabera proportzionalki banatuko dira, eta guzti horietatik sei, gutxienez, campuseko segurtasun eta osasun batzordeetakoren bateko kide izango dira, dagozkien eskumenekin. Batzordeak hiru lurralde historikoetako campusetan izango du eskumena.
2.- Campus bakoitzeko segurtasun eta osasun batzordeak hamabi kidek osatuko dituzte. Horietako sei administrazioak izendatuko ditu, eta bat batzordeko burua izango da eta beste bat idazkaria; beste seiak sindikatuek izendatutako prebentzioko ordezkariak izango dira (sindikatu bakoitzeko ordezkari bat).
Batzordeon aginpidea bakoitzaren campusean dauden ikastegi eta gune komun guztietara zabalduko da.
90. artikulua.- Batzordearen eginkizunak eta helburuak.
Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordeak honako eginkizun eta helburu hauek izango ditu:
1.- Ikerketa lana. Lan istripu eta gaixotasun profesionalen inguruko ikerketa lana egin beharko dute.
Lan hori honako emaitza hauek lortzera bideratuko da:
- Arriskuen iturri nagusiak identifikatu eta kokatzea (lan istripuekin edo gaixotasun profesionalekin maizenik erlazionatzen diren material, makina, tresna eta egoerak zehaztuz, eta halako gorabeherak errazen sortzen dituzten zereginak deskribatuz).
- Ikastegi eta zerbitzuetan arriskuak nolakoak eta zenbaterainokoak diren ikertzea, zereginen arabera.
- Tresneria eta materialak aztertu behar direnean halaxe ohartaraztea.
- Plangintza txarragatik edo metodo zaharkituak erabiltzeagatik arriskuak sortzen dituzten prozesu eta operazioetan dauden hutsuneak antzematea.
- Langileak hezi beharra adierazten duten ohitura arriskutsuak antzematea.
- Arrisku horiek izan ditzaketen langileak kontuan hartzea.
2.- Arriskuen prebentziorako plan eta programak egin, abian jarri eta ebaluatzea: ekintza guzti horien helburua izango da lanpostu bakoitzean dauden segurtasun arriskuak, higienearekin lotutakoak, psikosozialak eta ergonomikoak ezabatzea eta prebentziorako beharrezkoak diren babeserako neurriak hartzea, arriskuak desagerrarazi ezin diren kasuetan.
3.- Erabakiak hartu eta arauak emateko lana. Batzordeek eurek antzemandako egoeren aurrean, edota edozein langilek egindako salaketa edo erreklamazioak aintzat izanda, batzordeek txosten teknikoak egingo dituzte eta, ondoren, proposamenak aurkeztuko dizkiote Errektoregoari instalazio edo lokalak erreformatzeko, tresneria aldatu edo berria erosteko, edo egoki deritzen beste edozein neurri hartzeko.
Arlo honetan Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordeari dagokio lan istripuetako mutuarekin hitzartutako kontratazio baldintzen aldaketak onartzea, edota kontratatuta dagoen mutuaren ordez beste bat kontratatzeari onespena ematea.
4.- Eguneratze lana. Batzordeek segurtasun eta higieneari buruz argitaratzen diren arau, teknika eta neurriei buruzko informazioa jaso beharko dute aldiro-aldiro eta horiek UPV/EHUn aplikatzen direla zaindu beharko dute.
Zehazkiago, honako hauek egin beharko dituzte:
4.1.- Administrazioaren aldizkako txostenak aztertu eta horiei jaramon egitea eta segurtasunaren eta higienearen arloan eskumena duten organoen gomendioak betetzen direla zaintzea.
4.2.- UPV/EHUko langileek izandako istripu eta gaixotasunei buruzko estatistika eta indizeak ezagutarazten lagunduko duten aldizkako informazio sistema eta aldizkarien sorrera bultzatzea.
5.- Informazio lana. Batzordeak edo prebentzioko teknikariek proposatu eta garatuko dituzten ondoko jarduera hauen bitartez burutuko da: zabalkunde bilerak; segurtasunaren sustapena; kartelak; arreta programa baten jartzeko balio duten kanpainak; ikastaroak eta erakustaldiak.
91. artikulua.- Prebentziorako azterketa medikoak.
Ondoko ataletan zehazten den bezala egingo dira:
1.- Sarrerako azterketa: UPV/EHUn sartu ondoren egingo da edo osasunerako arrisku berriak ekar ditzaketen zeregin espezifikoak esleitu ostean. Gaixotasun profesionalak sortzeko arriskuak dituzten lanpostuak bete behar direnean, eta soilik orduan, lanpostuok bete behar dituzten langileei azterketa egingo zaie onartu aurretik.
2.- Urteroko ohiko azterketa: UPV/EHUk bere langileen osasun egoera aldiro zainduko dela bermatuko du, lanak dituen arriskuen arabera. Azterketa borondatezkoa izango da.
Azterketaren nondik norakoak eta aldizkakotasuna Segurtasun eta Osasun Batzordeak onartuko ditu Prebentzio Zerbitzuko Osasun Arloaren proposamenari jarraiki.
3.- Azterketa espezifikoak: protokoloak.
Arriskuen ebaluazioa egin ondoren arrisku faktoreen eraginpean dauden pertsonei azterketa mediko espezifikoak egingo zaizkie egun indarrean dauden protokolo medikoen arabera.
Halako azterketak interesatuek eurek ere eskatu ahal izango dituzte, baina Prebentzio Zerbitzuak hartuko du eskaera horiek onartu ala ez onartzeko erabakia.
4.- Lanera itzuli ondorengo azterketa.
Aldi baterako ezgaitasun egoeran 90 egun (hiru hilabete) baino gehiago eman dituzten langileak Prebentzio Zerbitzuko Osasun Arloarekin harremanetan jarri beharko dute lanera itzuli ondorengo azterketa egiteko.
5.- Arau orokorrak.
- Ohiko azterketak borondatezkoak izango dira, legeria orokorra aplikatzeari utzi gabe. Halako kasuetan Segurtasun eta Osasun Batzordea jakinaren gainean jarriko da aldez aurretik.
- Probak egin aurretik horien berri emango zaie interesatuei.
Emaitzak interesatuari berari emango zaizkio eta isilpekoak izango dira, hau da, Prebentzio Zerbitzuko Osasun Arloak eta interesatuak baino ez dituzte ezagutuko. Datuok ezingo dira erabili inor diskriminatzeko, ezta langilearen kalterako ere, eta ezingo zaizkio ez administrazioari, ez beste inori eman langilearen baimenik gabe.
92. artikulua.- Egoera arriskutsuak, nekosoak eta toxikoak.
1.- Egoerak desagerraraztea. Unibertsitateak beharrezko neurriak hartu beharko ditu UPV/EHUko lanpostuetako egoera arriskutsu, nekoso eta toxikoak desager edo murritz daitezen.
2.- Edozein langilek prebentzioko ordezkari bat bere lantokira joan dadila eskatu ahal izango du, lan baldintzen egoera aztertu eta kontrolatzeko.
3.- Berehalako arriskua dakarten egoerak. Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 21. artikulua aplikatuko da. Langileei iruditzen zaienean beren lanagatik berehalako arrisku larri bat etorri ahal zaiela, egin beharreko lanaren idatzizko deskribapena eskatu ahalko dute.
93. artikulua.- Lan jazarpena eta arrisku psikosozialak. Arbitraje Batzordea.
1.- UPV/EHUk jazarpen mota guztiei buruzko kexak prebenitu eta azkar konpon daitezela zainduko du etengabe, behar besteko bermeekin, prozedura inpartzialekin eta justizia naturalarekin eta honako hauek kontuan hartuz: pertsonaren duintasuna, berezkoak dituen ezin bortxatuzko eskubideak, pertsonalitatearen garapen librea eta legearekiko eta besteen eskubideekiko errespetua; guzti hori, jazarpena prebenitzeari eta jazarpen kexak konpontzeari buruz UPV/EHUk eta sindikatuek 2003ko urriaren 6an izenpetutako akordioari jarraiki.
Prebentzio politika antolatzeko, oinarrizko elementuetako bat da prebentzioa UPV/EHUko maila hierarkiko guztietan integratzea eta maila hierarkiko horiek politika hori garatzen eta ezartzen laguntzea. Asmo horrekin adostu zen lehen aipatutako akordioa, erakunde osoan zehar zabaldu zena, eta lan eremu osasungarri bat izatea bermatzeko UPV/EHUko sektore guztiek duten konpromisoa eta borondatearen erakusgarri dena.
2.- Arbitraje Batzordea organo parekidea da, jazarpen kexak aztertu behar dituena. Arbitraje Batzordearen prozeduran demandatzailearen eta demandatuaren arteko desadostasun gaiaren inguruko gertakariak eta/edo argudioak oso-osorik aztertuko dira, jazarpen kexak kontuz ibili beharreko gaiak direla aintzat hartuta. Prozedura bukatzeko, batzordeak ekintza proposamen bat aurkeztuko dio UPV/EHUko errektoreari. Arbitraje Batzorde honek, 2004ko azaroaren 24an sortutakoak, bera arautzen duen arautegian zehaztutako eginkizunak betetzen ditu.
94. artikulua.- Amatasuna babestea.
1.- Haurdunaldian zehar ama eta fetua euren osasunerako kaltegarriak diren baldintzetatik babestuta daudela bermatzeko, laneko baldintzak, denbora edo txanda egokitzeko edo, hala dagokionean, lanpostua bera edo eginkizunak aldi baterako aldatzeko eskubidea izango dute langileek, Prebentzio Zerbitzuaren aldez aurretiko txosten edo gomendioarekin. Haurdun dagoen emakumeak bere haurdunaldiaren egoeraren berri eman beharko dio Prebentzio Zerbitzuko Osasun Arloari ahalik eta lasterren.
2.- Aurreko atalean zehaztutakoa umeari bularra ematen zaion aldian ere aplikatuko da, lan baldintzek emakumearen edo umearen osasunean eragin kaltegarria izan badezakete eta Prebentzio Zerbitzuak horretarako txostena edo gomendioak ematen baditu.
3.- Aurreko guztia Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 26. artikuluan zehaztutakoa betez egingo da, bertan jasotako bermeekin.
95. artikulua.- Laneko arropa eta babes indibidualerako ekipoak.
1.- Unibertsitateak, bere sail edo zerbitzuen bitartez, langile bakoitzari laneko arropa edo babes indibidualerako ekipoak emango dizkio, bere segurtasun eta osasunerako baldintza egokietan lan egin dezan.
2.- Segurtasun eta osasun arrazoiengatik erabili beharreko arropak eta babes indibidualerako ekipoak nolakoak izango diren eta noizero emango diren batzordeak erabakiko du, lanpostu bakoitzaren baldintzen arabera.
3.- Langileek nahitaez erabili beharko dituzte ematen zaizkien laneko arropak eta babeserako ekipoak, eta betebehar hori ez betetzea hutsegitetzat hartuko da.
4.- Prebentzio Zerbitzuaren iritziz laborategietan erabiltzen diren arropak garbitu eta mantentzea osasunerako arriskutsu gerta daitekeenean, unibertsitateak hartuko du bere gain lan horiek egitea.
96. artikulua.- Osasun arrazoiak direla eta lanpostua aldatzea.
Prebentzio Zerbitzuak administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langileei aplikatzen zaien protokoloa egokitu eta lan kontratudun irakasle eta ikertzaileei aplikatuko die, osasun arrazoiak direla eta irakaskuntza lanak behar bezala bete ezin dituztenean. Irakats betebeharretan esku hartu ahalko du, ordutegi eta talde aldaketak proposatuz.
97. artikulua.- Lanerako ezgaitasunagatiko mugikortasun funtzionala.
1.- Langile bati lanerako ezgaitasun iraunkor osoa aitortzen bazaio, administrazioak lanpostua aldatuko dio, langileak hala eskatu badu, eta bere egoerarako egokiagoa den beste bat emango dio. Guzti hori Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 25. artikuluan zehaztutakoa betez egingo da, bertan jasotako bermeekin. Halako aldaketek kontratua berritzea ekarriko dute eta horien berri langileen ordezkariei eman beharko zaie.
2.- Halakoetan, aitortutako ezgaitasunagatiko pentsioa eta lanpostu berriaren ordainsaria batuta jasotzen den ordainsaria eta langileak lehen betetzen zuen lanpostuari dagokion ordainsaria berdinak izan daitezela zainduko da.
3.- Langileak ez badu eskubide hau erabiltzeko dagokion eskaera egiten GSINek ezgaitasun iraunkor osoa aitortzen dion erabakiaren jakinarazpena jaso eta bi hilabeteko epean, lan harremana eten egingo zaio, Langileen Estatutuaren 48.2 artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.
XII. TITULUA
SINDIKATUEN LANA ETA ESKU HARTZEA
98. artikulua.- Sindikatuen lana.
1.- Hitzarmen honen eragin esparruan, sindikatuen lana indarreko legeriaren arabera burutuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazioko eskubide sindikalei eta sindikatuen lana burutzeari buruzko oinarrizko akordioan jasotakoaren arabera. Administrazioaren antolatzeko ahalmenak bermatu eta errespetatu egingo du negoziazio kolektiboa, sindikatuen esku hartzea eta, azken finean, gizarte elkarrizketa, aldeen bat etortzearen adierazlerik gorenena. Horretarako, borondaterik onena erakutsiko du gatazkei heldu eta horiek konpontzeko, baita zerbitzu publikoa eraginkorragoa izan dadin eta etengabe hobetzen joan dadin laguntzeko.
2.- Behar bezala eraturiko atal sindikalek izendatutako ordezkari sindikalek, Enpresa Batzordeko kide ez badira, batzorde horretako kideentzat onartuta dauden berme berberak izango dituzte.
99. artikulua.- Ordu sindikalak.
1.- Indarreko legerian Enpresa Batzordeko kideentzat eta sindikatuetako ordezkarientzat ezarritako orduez gain, hitzarmen hau sinatu duten Enpresa Batzordeko eta sindikatuetako ordezkariek beste 40 ordu izango dituzte sindikatuko lanak egiteko, hitzarmenaren ondorioz sortutako batzordeetan lan egiteko denbora gehiago beharko dutelako.
2.- Premia handiko edo ezinbesteko arrazoi justifikatuak daudenean izan ezik, Enpresa Batzordeko kideek eta sindikatuetako ordezkariek 24 ordu lehenago jakinarazi beharko dute dagozkien orduak erabiliko dituztela, baldin eta liberazio osoa ez badaukate edota euren orduak aurrez ezarritako egutegi batean antolatu ez badituzte.
100. artikulua.- Sindikatuen lanerako funtsak.
1.- UPV/EHUk 8.000 euro emango ditu sindikatuek hitzarmen honen esparruko lanak egin ditzaten, eta zenbateko hori hitzarmena sinatu duten sindikatuen artean banatuko da, bakoitzak daukan ordezkaritzaren arabera. Funts hori 10.000 eurora igoko da 2011n eta konpromisoa hartuko da, hitzarmenaren indarraldian sindikatuen lanetarako funtsen finantziazioa orekatua izan dadin, sindikatuok langileen artean duten ordezkaritzaren arabera.
2.- Aurrekontu ekitaldi bakoitza bukatu eta hurrengo hilabetean sindikatuek ekitaldi horretan aipatutako funtsaren kargura egindako jardueren memoria aurkeztu beharko dute.
101. artikulua.- Iragarki oholak.
Unibertsitateak iragarki oholak jarriko ditu sindikatuen eskura, beren ardurapean egokitzat jotzen dituzten ohar eta mezuak jar ditzaten, legeak ezartzen dituen mugen barruan. Zenbat egongo diren, non egongo diren eta nolakoak izango diren Batzorde Parekideak erabakiko du.
102. artikulua.- Liberatu sindikalak.
Liberatu sindikalek hitzarmen honen eraginpeko langileen tratamendu bera izango dute. Egoera normal baten irakasle eta/edo ikertzaile lanak egiten jarraitu eta finkatzea lortuko zuketen langileen ordainsariei kalterik ez egitea zainduko da bereziki.
103. artikulua.- Eguneratze akademikoa.
Zeregin sindikaletan gutxienez hemezortzi hilabete eman dituzten liberatu sindikalek eskubidea izango dute irakaskuntza eta ikerketa maila hobetzeko jarduerak egiteko gehienez hiru hilabeteko baimena hartzeko. Baimen aldi horretan arduraldi osoan jardunez gero jasoko luketen ordainsari bera jasoko dute. Zeregin sindikaletan emandako gutxieneko denbora hiru urtetik gorakoa bada, baimena urtebeterako izango da gehienez.
104. artikulua.- Bilerak egiteko orduak.
UPV/EHUn legez eratutako atal sindikal bakoitzak urtean hogei ordu izango ditu lanorduetan bere kideen arteko bilerak egiteko. Bilera horien berri Gerentziari eman beharko zaio gutxienez 48 ordu lehenago.
105. artikulua.- Atal sindikalen eskubideak.
1.- Atal sindikalek Enpresa Batzordeari aitortutako informazio eskubide berak izango dituzte. Era berean, Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoan zehaztutako gainontzeko eskubideak ere izango dituzte.
2.- Unibertsitateak, hamabostean behin, egindako lan kontratu guztien kopia emango die atal sindikalei.
3.- Unibertsitateko organoek argitaratutako testuen ale bana emango die unibertsitateak erakunde sindikalei, testu horien edukiak hitzarmen honi lotutako langileei eragiten dienean. Edozelan ere, Gobernu Kontseiluaren bileretako akten eta horien eranskinen kopiak ere bidaliko dizkie, hitzarmen honetako langileei eragiten dien lan baldintzei buruzkoak badira.
4.- Hitzarmenari atxikitzea. Sindikaturen bat hitzarmenari atxikitzen bazaio hura formalki sinatu eta gero, administrazioak horren berri eman beharko die hitzarmena hasiera baten sinatu zuten sindikatuei eta atxikipen hori Batzorde Parekideak egiten duen lehenengo bileraren aktan jasoko da.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.- Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko langileak.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko langile kontratatu iraunkor doktore eta ez doktoreak hitzarmen kolektibo honi loturik egongo dira. Alabaina, lehenagotik izan ditzaketen baldintzarik onuragarrienei eutsiko zaie, integrazioari buruzko dekretuan ezarritakoari jarraituz. Horretarako, beren ordainsariak eta Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legean zehaztutako irakasleen kategoria baliokideen ordainsariak parekatu egingo dira pixkanaka.
Hala ere, langile horiek hitzarmen honetan jasotako kasuan kasuko irakasle irudi akademikoetan integratu ahal izango dira; edo, bestela, «desagertzear» dagoen egoeran jarraitu ahal izango dute, irakasteko edo/eta ikertzeko gaitasun osoarekin.
Aldi baterako langile kontratatuek lehentasuna izango dute irakasle irudi iraunkorretara iragateko beharrezkoak diren baldintza akademikoak lortu ahal izateko Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak ezarriko dituen programa espezifikoetan parte hartzeko (doktorego tesiak amaitzeko baimenak, ikerketa bultzatu eta artikuluak argitaratzeko neurriak,...).
Bigarrena.- Lektoreak.
Universidad del País vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean lektoreen eginkizunak burutzeko unibertsitatearen eta nazioarteko beste erakunde batzuen arteko aldebiko hitzarmenak egokitu egingo dira, lan baldintzei dagokienez, Gobernu Kontseiluak 2006ko ekainaren 15ean onarturiko lektoreei buruzko oinarrizko hitzarmenean ezarritakora.
Hirugarrena.- UPV/EHUko langile bat bere lan betebeharren garapen normala baldintzatzen duen edozein indarkeria motaren biktima bada, unibertsitateko administrazioak hitzarmen honen 64. artikuluan jasotako neurriak egokituko ditu, beharrezko laguntza pertsonalizatua emanez edo irakasle eta ikertzaileen araubidean beharrezkoak diren laguntza eta egokitzapenak xedatuz.